Euskal nazioa 2025ean


2007ko otsailaren 21an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Nazioari buruzko eztabaida pil-pilean dagoenean, ez da ariketa makala 2025ean euskal nazioa zertan izango den irudikatzea. Baina ahalegina egin nahi izan dugu, euskal nazioaren garapena ardatz duten indar politikoetako ordezkariak bildu eta prospekzio politikoa egin dezatela eskatu diegu. Etengabe garatu eta moldatzen den kontzeptua da nazioarena, eta bere osotasunean jorratzeko entziklopedia bat beharko balitz ere, klabeak eskatu dizkiegu txostengileei. Non gaude gaur egun? Zeintzuk dira nazio ikuspegiaren erronka nagusiak? Zein lehentasun ditu Euskal Herriak datozen hogei urteetan? Eta nola, zer bide edo estrategia proposatzen du bakoitzak? Klabe ugari aurkituko ditu irakurleak, eta nazio eraikuntzan buru belarri murgiltzeko, gatazka politikoa gainditu beharra ere argi islatu da. Une politiko beroan egin dute hausnarketa egileek eta, agidanez, elkarrizketa giroak sortzen duen ilusio eta esperantza begi bistakoa da idatzi guztietan.

Begoña Errazti (EAko lehendakaria): «Helburua: erabakitze eskubidea gauzatzea»
I. Ikuspegi historikoa

1.1. 25 urte: 1979-2004
a) 1979tik 1996ra

Diktaduratik "demokrazia"ra pasatzerakoan, zuhurtasuna eta pragmatismoa izan ziren aldaketa guztien oinarri. Fase berriaren ahultasuna somatzen zen, erakundeen inertziak, ejerzitoaren botereak... atzerapausoaren arriskua agerian uzten zuten (horren adibide argia 1981ean eman zen "Estatu kolpe" saiakera), beraz, eta sistema berria sustraitu zedin, 40 urte luzetan ezarritako errejimenaren printzipioekin erabateko haustura ez zen egon.

Espainiar Konstituzioaren negoziaketan, eskubide indibidualak oraindik kinka larrian zeuden. Ondorioz, Hego Euskal Herria eta herri eskubideak bigarren eremu batera pasa ziren, baina ateak irekiak utzi ziren etorkizunean zegokien garapena eman zedin, une horretan, oinarrizko eskubide indibidualak finkatzearen garrantziaz arduratua.

Testu horrek eskubide historikoen aipamena berreskuratzen du, euren berregokitzea akordio bidez egin behar dela zehaztuz. Eskubide historiko horiek amankomunak dira Nafarroa zein Erkidegoarentzat, eta hala geratu zen aipatuta Konstituzioan.

Nahiz eta saiatu, hasiera batean PSEren adostasunarekin, azkenean Nafarroa eta Erkidegoaren artean ezinezko egin zen Estatutu bakar bat osatzea. Iparraldeari dagokionez, beste Estatu batean (frantsesa, alegia) egonik, esparru "arrotz" gisa geratzen zen espainiarren begietan.

Gaur egun ere Frantziar estatuko "zati" gisa dago kontsideratua juridikoki eta nazio aldarrikapenak oso urrutiko geratzen dira, Departamenduaren ezagutza ere ematen ez duen Frantziar estatuaren aurrean.

Euskal Erkidegoan Gernikako Estatutua onartu zen, hainbat eta hainbat arlotan (ekonomia, euskara, enplegua, industria eta abar oso maila baxu eta kezkagarrian zegoen lurraldea martxan jarri ahal izateko tresna politiko beharrezkoa. Estatutu honek Erkidegoaren jendetzaren gehiengo zabalaren babesa izan zuen. Nafarroan aldiz "Amejoramendua" negoziatu zen, baina jatorrizko eskubideen berreskuratze zuzena zela aitzaki, ez zen eta ez da inoiz bozkatua izan.

Urte haietatik hona, Erkidegoko egoerak hobera egin du orokorrean kultura, ekonomia, hizkuntza eta azpiegiturei dagokienez. Hala ere, Estatutuak, une haietan gure herriaren garapen ez baino bizi-iraupena bermatuko zuen tresnatzat ulertu eta honela defendatua izanik ere, ez zuen herri honen desio eta azken helburua betetzen, eta hori argi geratu da mende laurden baino gehiago pasa denean.

Eman duena baino ahalmen askoz handiagoa zuen testu hau ez da bete Espainiar estatuaren aldetik, eta alderantziz, bere gaitasunak mugatuz joan dira, xede horretarako bide ezberdinak erabiliaz: oinarrizko legeen onarpena (LOAPA, adibidez), Auzitegi Konstituzionalaren sententziak, Europako legediaren interpretazio eta egikaritzean eskuduntzak Estatuaren alde berreskuratu dira eta abar.

"Maniobra" guzti horiek, gainera, frankismoaren garaian abertzaleekin batera "autodeterminazioaren" aldeko pankartarekin lurraldetasuna defendatzen zuen Alderdi Sozialista gobernuan zegoela eman ziren, 1982tik 1996ra bitartean. Baina lehenago eta ondoren ere, beste zeinuetako alderdiek bide beretik egin dute.

Nafarroaren kasuan, esperimentu txiki batzuez gain, indar eskuindar eta zentralisten gailentzearekin herri ikuspegi berezituaren perfilak atzerapauso itzela jasan zuen, eta egun ere egoerak horretan dirau. Hasiera batean antolakuntza bakarra zuen PSE bitan banatu eta PSN jaio zen, Erkidegoaren eta Nafarroaren esparru ezberdinak azpimarratuz. Eskuina, aldiz, UPN-PPren akordioaren bitartez batu egin zen eta sozialistekin batera, Nafarroaren izaera "berezia"ren argudioarekin, gainontzeko euskaldunekiko bereizketa bultzatu izan dute urte guzti hauetan.

b) 1996tik 2004ra

1996an Alderdi Popularrak Espainiako Gobernua hartu zuen, Aznar jauna buru. Lehen legealdian, gehiengo absoluturik gabe, elkarrizketa eta negoziazioa erabili behar izan zituen legeak eta bere politikak aurrera ateratzeko. Bigarren legealdian, aldiz, 2000ko hauteskundeen ostean, gehiengo absolutua lortu zuten eta euskal abertzaleentzat eta sistema demokratikoarentzat hor hasi zen azken mende laurden honetako garairik beltzenetakoa. Indarkeriari aurre egiteko argudioarekin, eskubide eta askatasun indibidualetan atzerakada izugarria eman zen legealdi horretan.

Euskal Herriari dagokionez, gatazkaren existentziaren adierazle guztiek bere horretan jarraitu bazuten ere, garai horretan muturreko jarrerak areagotu ziren. Frentismoa eta bloke mugiezinen politika sustatu ziren, elkarrizketaren balioa hutsaren hurrengo bihurtuz.

Eskuin ultrakontserbadorearen benetako aurpegia azaldu zen, eta inongo konplexurik gabe diktadura garaiko antzeko neurriak ezartzeari ekin zion PPko Gobernuak, Estatuaren maila demokratikoa gero eta gehiago murriztuz. Amnistia Internazionalak berak salatzen duen inkomunikazio epearen luzatzea; zigorrak gogortzeko kode penala aldatzea; bergizarteratze irizpideak jarraitu beharrean mendekuan oinarritutako neurriak eta aldaketak sartu ziren.

Adierazpen askatasuna ere murriztu zen, komunikabide batzuen aurkako eraso zuzenak eraginez (Egin-en itxiera, Egunkaria-ren itxiera). Atzerapauso guzti hauek bat egin zuten nazioarte mailan irailaren 11n dorre bikien atentatua dela eta eragindako politikarekin, gerra prebentiboen alde (Irak), indarkeriaren aitzakiarekin oinarrizko eskubide eta askatasunen aurka hartutako hainbat neurriekin (gure herriari dagokionez, Alderdien Legea, batez ere) eta abar.

Ekintza guzti hauek sistemaren osasun demokratikoa ahuldu dute. Baina jarrera honek beste ondorio larri bat ere izan zuen politika munduan: elkarrizketa, elkar ulertzeko bide guztiak apurtzen hasi ziren. Bestearen ideiekiko errespetu faltaz gain, iraina izan zen garai horretako eguneroko jarrera batzuen aldetik, eta komunikabideen kontrol zurrunaz baliaturik, abertzaletasun eta bortxakeriaren arteko nahasketa egin zen, abertzale izatea eta bortxakeria defendatzea bailitzan.

Giro honek sorrarazi izan duen alderdien arteko inkomunikazioa oso kaltegarria izan da, eta iraun dezake, denbora luze emanen baitigu elkarren arteko konfiantza sareak berreskuratzea. Blokeo estrategia horretatik, gauzak txuri-beltz aurkezteko jarrera horretatik, ñabarduren jarrerara itzuli behar dugu, aniztasunaren aberastasuna onartu arte. Hau baita demokrazia beraren oinarrizko balioetako bat.

2004ko martxoan, Madrilen eraso bortitza gertatu zen eta hiru egun beranduago, Alderdi Popularrak gobernua galdu zuen. Ordutik aurrera Rodriguez Zapatero jaunak hartu zuen Gobernu espainolaren erantzukizuna. Gobernu buru berriak beste aldarte bat erakutsi izan du, baina egia da ere gure herriarekiko PPk ezarritako politikak mantendu dituela funtsean.

Bitartean ETAk bere bortxaketa estrategiarekin jarraitu izan du, eta honek gizartean eragin duen liskarraz eta minaz gain, ondorio politiko garrantzitsua izan du. Estatuko indarrei gure nazio eskubideen aurkako estrategian tresna guztiak erabil dezaten aitzakia eman die.


1.2. Gaur egun
Azken bi urtetan Espainiako gobernuan formetan aldaketa eman da. Bestalde, ETAk ez du inor hil bi urtetan. Bi pauso hauek behin betiko ez badira ere oraingoz, oso bestelako egoera markatzen dute.

Baina Euskal Herriko gatazkaren konponbiderako orain hitzetatik ekintzetara pasatzea falta da. Gure ustez oso une garrantzitsu batean gaude. Gizartearen nahia inoiz baino argiagoa da konponbide elkarrizketatu baten alde, giza eskubideak errespetatuz, gure herrian hainbeste urtetan konpontzeke dagoen auziari amaiera emateko.

Asko izan dira gure herrian konponbide bat lortu nahian egindako saiakerak, baina oraingoan, aukera paregabea daukago. Bakegintza lantzeko sortu diren edo sor daitezkeen foro eta eztabaida guneez gain, badugu momentuz legebiltzarraren gehiengoaren babesa jaso zuen proposamena, iragan abenduan onartutakoa.

Eta proposamen honek duela 25 urte konpontzeke geratu ziren gure herriaren bi gakori heltzen die: lurraldetasunari eta herri bezala erabakitzeko dugun eskubideari. Hauek dira gatazkaren klabeak, honi eutsiz eta euskal gizartearen gehiengoak errespetatuz gero, gatazka konponduko litzateke.

Gure herritik kanpo, baina Europan bertan, IRAk armak uzteko hartutako erabakiak garrantzi handia izan du baita ere. Gure herrian Irlandaren kasua beti eredu izan da, eta momentu honetan IRAk bide politikoak huts hutsean erabiliko dituela adierazi du.

Gauzak horrela, oraindik gogor ekin behar diogu gure herrian bai bakegintza bai normalizazio politikoa lortzeko. Gatazkak jatorri politikoa du, eta hau onartzen ez baldin bada orain, urte askotarako atzeratuko dugu konponbidea. Oinarria gure herriaren erabakitze eskubidea da. Downing Street testuak adierazten duen bezala, Irlandaren kasuan ere hala izan da.

Gure egoera politikoa ezberdina bada ere, agente politikoak eta abar, funtsean eskubide hori onartzea ezinbestekoa da, gatazkaren muina politikoa baita. Hortik aurrera, prozedura eta metodologia finkatzen joan behar dugu.

IRAk emandako urratsak eta "islamiar terrorismoak" gizartean sortu dituen kontsiderazio berriek, asko zailtzen diote ETAri indarkeria estrategiarekin jarraitzea. Gaur egun ETA baita Europako talde biolento bakarra.


II. BAKEGINTZA ETA NORMALIZAZIO POLITIKOA

Bakegintza eta normalizazio politikoa lotuta badaude ere, beti ezberdintzen ditugu, gatazka ez baita konponduko normalizazioa lortzen ez badugu. Bortxakeria inondik inora onartezina den metodoa izanik, konponbidea, erro politikoa duen gatazka konpontzearen ondorioz etorriko da soilik, bestela ez gara egoera normalizatu batean egongo. Ez bakarrik bortxa adierazpenak birsortzeko aitzakia gisa erabil daitekeelako gatazka, baizik eta gehiengoaren nahia errespetatzen ez delako.

Herri honetako bortxa adierazpenak alde askotarikoak izanik, giza eskubide guztien errespetua gure ekintza politikoaren irizpide dugunontzat, justifikaezinak dira guztiak.

Baina, benetan, berriro itxiera faltsurik nahi ez badugu, eta amaitu gabeko trantsizio horri bukaera demokratikoa eman nahi baldin badiogu, erro politikora jo beharko dugu.

Herri normalizatu bat izan behar dugu. Eta horretarako elkarrizketa eta ideia guztien errespetua da bidea, ahalik eta adostasun handienarekin aurrerapausoak emateko. Bazterketarik gabe, talde politiko guztiek gure proposamenak askatasunez, presiorik gabe, azal eta defenda ditzagun, eta politikaz kanpoko inolako presiorik eta mehatxurik gabe. Hala bakarrik hel gaitezke benetazko akordio politiko batera.

Ariketa horretarako, bakoitza bere azken egitasmoraino joan ezin daitekeela onartu behar dugu, guztien artean konponbide bat topatu behar dugula, noski, euskal gizartearen errealitatea kontuan hartuz, eta gehiengoaren nahia eta erabakia onartuz.

Horrek ez du esan nahi norberaren azken helburuak zokoratuak geratuko direnik. Akordioa eta aurrerapausoaren mesedetan egin beharreko bidearen atal bat besterik ez da, oinarrizko printzipioak finkatzea lehenik, horren arabera egoera normalizatuan norberak bere egitasmoa defenda dezan, baina demokrazia, politika eta parte hartze baketsuaren ildotik, beti ere kontuan harturik gizartearen borondateak finkatu behar duela norabidea.

Garrantzitsuena akordio bat lortzeko asmo argia izatea da, eta 1979an zintzilik geratu ziren bi zutabe garrantzitsuren inguruan oinarrizko adostasuna erdiestea. Kontutan izan behar da, diktadura ostean, eskubide indibidual lortu berriak galtzeko arriskua zela eta, herri eskubideen bizkar, behar horri lehentasuna eman zitzaiola. Jada, ia 30 urte geroago, iritsi da garaia eskubide hauek ere erabat aldarrikatzeko.

Egungo egoera, ongizate maila batez ere, ez litzateke hain positiboa izanen orduko larritasunei aurre egiteko lortu ziren autogobernu tresnak gabe, eta bereziki Gernikako Estatuturik gabe. Kontzertua eta Nafarroan Konbenio Ekonomikoa tresna oso baliogarriak izan dira, baina gogoratu behar dugu 25 urte eta gero Gernikako Estatutuaren 48 eskuduntza eman gabe daudela.


Egungo marko juridiko honi eusten dioten horiek Espainiako Gobernuan izan diren bitartean ez dute Estatutua bete, eta aldiz, bere momentuan zuhurtasunez jokatu genuenean, haren aurka erabiltzen dute orduan adostutakoa. Espainiako estatuan aldatu da egoera, eta heldu da garaia zintzilik geratu ziren gako horiei irtenbidea emateko eta herri honen auzi politikoari erantzun demokratikoa emateko.


iii. ONDORIOA: ELKARRIZKETA ETA AKORDIOA

Iragan legealdi amaieran Gasteizko Legebiltzarrean proposamen bat aurkeztu zen, eta gehiengo absolutuaren babesa jaso zuen. Proposamen hura Euskal Erkidegoan mamitua izan bada ere, Euskal Herriko gainontzeko herrialdeei ere luzatzen zaie, nafarrek eta Iparraldeko gizarteak hala erabakiz gero, bertan parte hartzeko.

Proposamenak bide luzea egin zuen Gasteizko Legebiltzarrera iritsi arte. Gizarte osora zabaldu zen iradokizun eta ekarpenak jasotzeko asmoz. Gero ponentzian jorratua izan zen, eta azkenik, Legebiltzarraren prozeduren bitartez osoko bilkuran onartu zen.

Zoritxarrez, PSOEk eta PPk ez zuten agertu akordiorik bilatzeko asmorik, eta larriago dena, eztabaida bera ere ukatu nahi izan zuten, epaitegiek ere elkarrizketa ematearen alde ebatzi behar izan zutelarik, eta ukatze hori demokrazian eta legebiltzar batean ulertezina dela adierazi.

Proposamenak aurrera egin zuen eta Madrilgo Kongresuan, bertako bozka kopuruak kontuan izanda, atzera bota zuten, inongo akordio borondaterik agertu gabe. ERC, CiU, BNG eta NA-BAI izan ziren jarrera ohotetsua agertu zuten bakarrak.

Proposamen horrek jasotzen dituen edukiek -hori Eusko Alkartasunaren azken helmuga ez bada ere (independentzia defendatzen baitugu)- gatazkaren oinarriak planteatzen dituzte eta elkarrizketarako parada eman. Baina PP eta PSOEk ez zuten bideratu ere nahi izan.

Politikan, batzuk dira helburu estrategikoak eta besteak posibleak momentu jakin batean. Baina ezin gara nahastu, egitasmo taktikoak direla eta gure helburu nagusienetako batzuri uko eginez. Ezin da taktikoki hartutako erabaki bat azken jomuga bailitzan hartu. Mota guztietako argudioak erabiltzen dira gure eskubide nazionalak ukatzeko, burujabetza gaur egun xede anakronikoa dela esanez eta Europako Batasuna eredutzat hartuz. Ez da estatu bat ere Europan izateari uko egin diona. Alderantziz, estatu gehiago sortu izan dira azken urteetan, eta momentuz, Europako Batasunaren eredua bera estatuen boterearen alde sortu izan da, ez baitu herrien nortasuna aitortzen, ezta ukatzen ere. Soilik estatuak hartzen ditu kontuan.

Eta bide guztiak jorratu behar direla uste dugunez, Eztabaidagunean ere parte hartu izan dugu nola Elkarrik antolaturiko mahai eta ekintzetan, eta batean eta bestean gure alderdiaren ekarpenak egin ditugu.

Bi atal bereiztu ditugu. Lehena bakegintzarena da, non Estatuak eta ETAk pausu garrantzitsuena eman behar duten, batak indarkeria erabat alde batera utziz, eta besteak, prozesua erraztuz eta presoen egoera zuzenduz. Bigarrena normalizazio politikoa da, eta alor honetan herri honen nahiari erantzun politikoa eta demokratikoa eman beharko zaio.

Bigarren honetarako alderdien arteko adostasuna bilatu behar dugu eratu beharreko mahai horretan. Eztabaida serio eta sakon baterako gunea topatu behar dugu, gatazkaren onarrizko klabeak aztertu eta horien inguruan akordio batera heltzeko. Euskal gizarteak bere erabakitze eskubidea gauzatzea da helburua, Euskal Herriari bere etorkizuna erabakitzea dagokiola kontuan hartuz.

Eta gizartearen erabaki hau ordezkari politikoek errespetatu beharreko hitza izan beharko da. Hauek dira Eusko Alkartasunak beti defendatu izan dituen planteamenduak, eta ildo horretatik jarraituko dugu gure ekimen eta ahalegin politikoetan. Herri honek, gizarteak, konponbidea nahi eta merezi du.

Mertxe Colina (ABko bozeramailea): «Zer egin?»

Horixe galdetzen zion bere buruari Leninek hogeigarren mendearen hasieran, zetozen urteak errusiar sozial-demokraziarentzako erabakigarriak izango zirela asmatuz eta hautu garrantzitsuak egin behar zirela iragarriz. Era berean, galdera hori egiten dugu abertzaleok gaur egun, mende berri honen hasieran gure herriaren etorkizuna dela-eta. Ez da inorentzat sekretua datozen hogei urteak erabakigarriak izango direla Euskal Herriarentzat.

Begira dezagun atzera, 1985era. Euskal gizartea asko aldatu da hogei urte hauetan. Gure industria zaharrari agur esan diogu, lehenagoko langunerik handienak basamortu industrialak bilakatu direla, ideologiek eztabaidetan zuten toki zabala galdu dute neurri batean, internet eta telefono mugikorrak gure eguneroko bizitzan sartu dira… Eta gatazka politikoak bere horretan badarrai ere forma berriak hartu ditu: IK eskenatokitik atera da, AB sortu, Lizarra-Garazi, Udalbiltza…

Eta gaur egun, gatazka politikoa fase berri batean sartzear dagoela dirudi, bere izaera armatua atzean utziz. Horretan gaude beraz egun. Euskal Herritarren geroak bihurgune zail bat gainditu behar du, hil ala bizikoa: Euskal Nazioa eraiki edo erremediorik gabe gure nortasun nazionala galdu menperatzen gaituzten estatuetan disolbatuz.

Abertzale guztion nahia gauzatzeko, subiranotasuna eskuratzeko alegia, zer egin? Bistan dago ez dugula hemen errezetarik proposatzen, baina baditugu zenbat ildo jorratzeko erantzun honen bila gabiltzala. Dena den, argi izan bedi neurri handi batean Euskal Herriaren geroa gure esku dagoela, eta hemendik hogei urtera bilakatuko dena gure ahalegin eta lanaren araberako emaitza izanen dela. Abertzale eta oro har euskal herritarren borondateak aldarazi lezake zenbait tendentzia negatibo, euskararen etorkizuna adibidez.


Politika

Subiranotasunerantz, orain ala inoiz ez, martxan jarri beharreko prozesua:

Euskal Herriak benetan bere buruaren jabe izan nahi badu, ezin dugu abagune politiko hau alferrik galdu, Lizarra-Garazirekin gertatu zen bezala. Datozen hogei urteetan gertatuko dena gaur hartuko diren erabakien ondorioak izanen dira. Ez dezagun pentsa historiak nahi bezainbat aukera eskainiko digunik. Lizarra Garazirekin huts egin genuen, oraingo honetan ezin dugu hutsik egin. Estatu espainiar eta frantziarrek bidean oztopo ugari jarriko badigute ere, abertzale eta demokraten (hots, euskal herritarren erabakitzeko eskubidea onartzen duten guztiak) arteko akordiotik abiatu behar da eta aurrerapausoak eman gure etorkizuna gure esku izan dadin, instituzio nazionalak berriro eraikiz eta botere gune berriak pixkanaka okupatuz. Ez da bakarrik indar politikoen lana, baizik eta euskal gizarte osoarena: sindikatuak, eragile sozialak… Prozesu honetan abiatuta, hainbat erronka agertuko dira: Udalbiltza berraktibatzea eta egonkortzea, presoen kaleratze eta parte hartzea prozesuan, bakea edukiz betetzea subiranotasun prozesua bilaka dadin.

Abertzaleak eta besteen arteko harremanak: menperatzen gaituzten estatuen logika abertzale eta ez abertzaleen arteko harremanak usteltzean datza. Aldiz, abertzaleok gure proiektu politikoarekin bat egiten ez dutenak gu bezain euskaldunak direla eta elkarrekin herri bakarra osatzen dugula ongi dakigu. Subiranotasuneko bide honetan gurekin bat egiten ez badute ere etorkizunerako dugun proiektuan beraientzako lekua badela erakutsi behar dugu etengabe, elkarren arteko konfiantza sendotzeko.

Zer estatusa proposatu besteei? Euskal Nazioaren zatia izan nahi ez duten euskal herritarrek beren lekua beharko dute, beren eskubideak errespetatuak izanen direla segurtatu behar zaie. Gure mezuak argi izan behar du: Euskal Herri berri horretan denentzako lekua izanen da.

Iparraldearen ezagupen politikoa: ez da inolako keinurik ikusten ahal frantziar estatutik. Ezerk ez digu pentsarazten bere logika jakobinotik aterako denik; hor ere, abertzale eta euskal herritarren nahia errespetatua izatea nahi bada botere-gune txikiak okupatu beharko dira pixkanaka, eguneroko lanaren bidez.


Ekonomia

Arlo honetan ere erronka handiak ditugu datozen hogei urteotan: langabezia estrukturala murriztea, teknologia berrien sektoreen garapena bultzatzea, adinen arteko oreka mantentzea, babes soziala eta zerbitzu publikoak defendatu eta indartzea. Horrek esan nahi du gaur egun nagusi diren joera neoliberalen aurka joan behar dugula. Eta horrez gain, gero eta handiagoa izanen den globalizazioak inposatzen digun ingurumen ekonomikoarekin jokatu beharko da.

Zerbitzu publikoen defentsa izanen da hogei urte hauetako gakoa: osasungintza, hezkuntza, garraio publikoak interes pribatuen menpe buka ez daitezen mobilizazio orokorra beharko da instituzio eta gizarte eragileen aldetik. Badakigu sektore hauen pribatizazioa mundu mailan indarrean diren politika neoliberalen helburua bilakatu dela. Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo ere sektore publiko hauen inguruan borroka handia emanen da datozen hogei urteetan. Pixkanaka sortuz doan bestelako mundializazioaren defendatzaileak izanen ditugu lagun borroka honetan

Gure lehentasunak teknologia berrien sektorearen garapena izan behar du. Horretarako argi izan behar dugu industria zaharren fasea atzean utzi dugula eta bestelako ekonomia eraiki behar dugula, puntako teknologietan oinarritutakoa. Eta teknologia berriek ezagupen maila handia eskatzen dutenez, formazioa izanen da giltza.

Zer da gaur egun gure aberastasun handiena? Gure industriguneak? Ez. Gure ekonomiaren giltza euskaldunen ezagupen, konpetentzia eta formazio mailan kokatzen da inolako zalantzarik gabe. 2025eko euskal ekonomia osasuntsua izan dadin, aldez aurretik hainbat eta hainbat ahalegin beharko dira gure gizarte eragileetatik eta botere publikoetatik herri honetako biztanleen konpetentzia eta formazio mailak indartzeko, teknologia berriei egokituz. Langileen trebetasuna da gakoa, giza kapitala da gure aberastasunik handiena, botere publikoek babestu eta handitu behar dutena.

Langabezia estrukturalaren aurkako borroka luzea izanen da: hor ere formazio eta konpetentzia ugaltzea dugu ildo nagusia.

Eta laborantza? Kalitatean oinarritutako laborantza izanen da gure lema, horretan bakarrik baita euskal laborantzaren abantaila konparatiboa. Laguntza publikoak behar badira, laborantza bide honetara eramateko izanen da. Gure esku dago laborarien kopurua dagoen honetan mantentzea eta gure herri eta baserrien bizitasuna salbatzea. Ahalegin bereziak beharko dira horretarako, oraindik ere laborarien kopurua apaltzen ari baita, zenbait zonalde desertifikatzen ari direla.

Turismoa: zergatik ez? Nahiz eta masa turismo politikak ondorio kaltegarriak eragin ditzakeen gure izaera kulturalarengan, kontrolpeko turismoak gure ekonomia indartzen lagun lezake, bere lekutik ateratzen ez bada eta beste produkzio aktibitateen kalte egiten ez bada. Gure lur, mendi, itsaso, edo besta giroak erakartzen segituko dute datozen hogei urtetan, jakin dezagun abantaila hau baliatzen.

Berezko kontsumo eredua sortu: bistan dago ez dugula autarziarik bultzatuko hogeita batgarren mende honen hasieran. Hala ere, Euskal Herriko produktuen kontsumoan oinarritutako eredua indartu behar da independentzia eta subiranotasuna kontzeptu hutsak bilaka ez daitezen.

Etxebizitza politika: erreforma eta hautu handiak behar dira maila honetan, orain arte hartutako bidetik bazterketa soziala handituko baita. Lurra eta etxebizitza, ura eta haizea bezala, produktuak baino gehiago dira, eta merkatuak ezin lezake honen kudeaketa bermatu.

Euskal hiriaren bilakaera: Baionatik Donostiara doan hirigune hau


Gizartea

Sare soziala babestu behar da, gaur egun mendebaldeko gizarteetan zabaltzen den desegitura sozialaren aurka borrokatzeko; ez dezagun pentsa Euskal Herrian gerta ezin litekeen gauza denik. Hiri handietan dagoeneko gero eta nabarmenagoa da gizartetik erabat baztertutako pertsonak ugalduz doazela. Frantziar estatuan adibidez gertatzen den fenomenoa (etxerik gabeko pertsonen multzo handia, bazterketa sozialaren azkartzea...) ekidin nahi badugu, politika boluntarista eraman beharko da sare sozialaren hariak biderkatzeko eta elkartasuna gure nazio berri honen funtsezko balioa izan dadin.

Babes soziala indartu, kohesio soziala gauzatu, bazterketa sozialaren aurka borrokatu: kohesio handiko gizarte batek garapen ekonomikoaren eragilea izan daiteke. Horretarako elkartasuna da giltza.

Biztanlegoa datozen 20 urteetan 3 milioi inguru horretan finkatuko da dirudienez. Zenbait tendentzia kezkagarri agertzen dira etorkizunari begira; Adibidez, jaiotze tasa eskasa, 2025eko Euskal Herriko biztanle gazteak behar adina izanen ote diren galdera pausarazten diguna. Izan ere adinen arteko desorekak arazo larriak eragin ditzake geroko ekonomian. Eta segur aski irtenbidea kanpotik etorritako langileen erakartzea izanen da.

Honek esan nahi du euskal herritar berrien harrera ona bermatzea izanen dela ere gure kezka : Euskal Herriko biztanlegoa gero eta anitzagoa izanen baita. Frantziar eta Espainiar estatuetako etorkinak euskal gizarteko zatia bilakatu diren bezalaxe, beste herri askotatik, Europa zein kanpotik, etorritako gizon eta emakumeak bilakatuko dira herri honetako biztanleak. Euskal Herria kultura, erlijio, eta azal kolore ezberdinez osatutako kaleidoskopioa bilakatuko da. Hor ere eragile sozialen lana garrantzitsua izanen da prozesua hau harmoniaz egin dadin.

Emazteen lekua gizartean: nahiz eta mende honetan zehar anitz aldatu eta hobetu den, emazteek badute oraindik diskriminatuak sentitzeko zenbait arrazoi: lanean ez da oraindik berdintasunik ematen aukerei eta soldatei dagokienez, konpetentzia maila berdinarekin ere. Eta beren etxeetan bortizkeria pairatzen dutenen kopurua oraindik ere handia da. Instituzioak eta gizarte eragileen arteko elkar lanetik soilik emanen dira beharrezko aurrerapausoak berdintasunean eta justizian oinarritutako egoera izan dadin.

Euskal Herrien arteko loturak indartu beharko dira euskal nazioa eraikitzeko. Hauxe izanen da beraz gure garraio politikaren gakoa. Euskal Herriko bertebrazioa indartuko duten garraio azpiegiturak funtsezkoak dira. Lan erraldoia izanen da. Pentsa dezagun: Zer egin behar da gaur egun Tuteratik Baionara joateko? Zenbat denbora trenez ? Eta Gasteiztik Donibane Garazira? Argi da Euskal Herria ezin dela gaur egun, garraio egiturei dagokienez, gune integratu bat bezala kontsideratu, nahiz eta kostaldetik ibiltzen garelarik irudi hori eman zezakeen. Bestalde, kutsadura gutxien eragiten duten garraiobideak bultzatu beharko dira eta gaur egun ematen den autoaren kulturarekin bukatu.

Ingurugiroari dagokionez, aurreko garapen ereduak utzitako orbainak desagerrarazteko lan handia dugu (ibai kutsatuak, kontrolik gabeko zabortegiak…), belaunaldi berriei lekukoa eman aurretik.


Euskara

Euskal nazioa eraiki nahi badugu, euskara politika izanen da gakoa, gure hizkuntza baita gure izaera nazionalaren ezaugarri nagusia. Ikusiz oraindik Ipar Euskal Herrian euskaldunen kopurua jeisten dela urtez urte, ez da inolako euskal naziorik sortuko politika boluntarista indartsu bat ez bada martxan jartzen.

Euskal Herria eta mundua: bi ildo nagusi jorratzeko, Euskal Herriak bere lekua har dezan nazioartean:

Hirugarren Mundua: beste harreman mota bultzatu behar dira gure herri aberatsetatik Hirugarren Munduaren herriei begira, pobrezia eta bere ondorio sozialen aurka borrokatzeko.

Gure herriaren ezagupena bultzatu beste herriekiko harremanen ugaltzearen bidez.

Bukatzeko, argi da datozen 20 urte hauetan gure izaera aldatuz joanen dela, mendeetan zehar aldatu eta inguruari egokitu zaion bezala: Euskal Herria ez da gauza tinko eta zurrun bat, urteetan zehar asmatzen eta aldatzen den zerbait baizik.

Jone Goirizelaia (Batasuneko kidea): «Herri gisa dagozkigun eskubideak eraikiz»

Nazio eraikuntza eta eraldaketa soziala gure herriak historikoki jorratutako eremua eta herri estrategia izan da. Zorionez hamarkada luzeak daramatza herri honek bi estatuen ukazio eta zapalkuntzaren gainetik herri hau eraiki eta gure bizitza politikoa, soziala, kulturala edota linguistikoa, oztopoak oztopo, antolatu nahirik.

Nazio eraikuntzaren alorrean egindako lan erraldoiari esker posible izan da inposatutako markoen agortzea agerian uztea eta marko berri baten aldeko premia herriratzea. Egun marko ezberdinen topeak agerian daude, marko politiko berriaren aldarrikapen ez da jada ezker abertzalearen eskaera soila eta gure herria antolatuta dagoen eremu ezberdinetatik datorkigu marko berriaren premia eta beharra.

Marko politiko berriaren beharra gehiengo sozial baten eskaera da egun eta autodeterminazio eta lurraldetasunaren onarpenak eztabaida politikoaren erdian kokatuta daude. Baina hori gutxi balitz, marko agortuen topeak edo ezinak esparru askotan dira ikusgai. Naziotasunaren dinamika ezberdinetan, ofizialtasunaren aldarrikapenean, hezkuntza propio baten aldeko borrokan edota euskal esparru sozio ekonomiko baten premian ere agerian da marko berriaren beharra, eta horrek, kontuan hartu beharko dituen eremu edota eskubideen bermea

Egun esan dezakegu, beraz, lortu dugula nazio eraikuntzaren bidez helburu nagusienetako bat, alegia, marko zaharrak agortu eta marko politiko berriaren nahia hedatzea, herri hau aldaketa politikoaren atarian jarriz.

Aurrera begira, zein izan behar du datozen urteetarako nazio eraikuntza eta eraldaketa sozialaren helburua? Bat, nagusiki: egun gure herriari bizirauteko dagozkion eta ukatzen zaizkion oinarrizko eskubideen defentsan eta garapenean lan eginez marko berria osatzea.


Egungo lehentasuna: justizia eta demokrazian oinarritutako konponbidea

Egungo status politikoaren gabeziak agerian daudenean eta aldaketa politikoa ezinbestekoa bihurtu denean, une politiko garrantzitsu hau gatazka politiko eta armatuari justizian eta demokrazian oinarritutako konponbide bat ematea da lehentasunezko lana.
Horretarako Batasunak bi mahaiz osatutako prozesu politikoa eta metodologia proposatu du, bata Euskal Herriko eragileen artean osatu beharrekoa eta bestea ETA erakundea eta bi estatuen artean osatu beharrekoa. Mahai horietatik abiatu daitekeen elkarrizketa prozesu eta ondoreneko akordioa Euskal Herri osoko herritar guztiek berretsi behar dute, herri galdeketaren bitartez.

Zorionez ez da gutxi azken urte honetan aurreratutakoa: Marko politikoan eztabaida hedatzen joan da Euskal Herri osora, geroz eta gehiago markoaren aldaketa eta konponbide baten beharra uztartu egiten da, honen inguruan ugaritu egin dira irakurketak eta posizio politikoak eta azkenik gatazka konpontzeko irtenbide politikoa emango dion mahaien aldeko jarrerak atxikimendu handia izaten ari dira, herritarren eta arduradun politikoen baitan ere.

Aipamen berezia merezi du pasa den Aberri Egunean Nazio Eztabaida Gunetik bultzatutako dinamikaren ondorioz, berrogeita hamar eragile politiko eta sozialek sinatutako Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoak. Hitzarmen honek, balizko prozesu politiko baten oinarri nagusia definitzeaz gain ( "Euskal Herriari bere geroari buruz galdetu egin behar zaio modu adostuan"), aurrera begirako urratsak eta konpromisoak ere definitu ditu, gaur gaurkoz hurrengo kurtsoari begira Konponbiderako Mahaia osatzea izanik bere helburu nagusia.


Nazio eraikuntzaren bitartez eskubide guztiak Euskal Herri osoan herritar guztiontzat

Orain arteko egoera ez demokratikotik esparru demokratiko batera joateko aukera dugun unera iritsiak gara, beraz. Gauzak honela, nazio eraikuntzaren estrategiaren zeregina ibilbide hau herri gisa bizirauteko estrategikoak zaizkigun ataletan eta eskubideetan urrats itzulezinak emanez osatzea litzateke.

Gure herria eraikitzea helburu dugunontzat ezinbestekoa da herri eta herritar gisa dagozkigun eskubide politiko, linguistiko, kultural, ekonomiko eta sozialen aitortza eta bermea eskuratzea: herritarren eskubide guztien errespetua Euskal Herri osoan.

Gauzak honela, ondoren azalduko ditugun eskubideen zerrenda nazio eraikuntza eta eraldaketa sozialaren oinarri berri batetarako abiapuntua eta lehentasunezko borroka eremuak eta lan egitasmoak izatea nahi luke Batasunak.


Naziotasun eskubidea

Bi estatuen aldetik Euskal Herria herri ukatua den neurrian, herri honetan lan egin eta bizi garen herritarrei euskal naziotasuna ukatu egiten zaigu. Naziotasun eskubidea aldiz, herri baten oinarri nagusia da, nazio baten partaide sentitzen direnen aldarrikapen kolektiboa eta pertsonala.

Gure lurralde osoan lan egin eta bizi diren herritar ororen naziotasun eskubidea aldarrikatzen dugu, Euskal Herrian, Frantzian, Espainian, Afrikan edota Amerikan jaio, baina gure herriaren partaide sentitzen diren guztiontzat eta gure geroa libreki arautzeko eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugun guztiontzat. Horiek guztiak nahi ditugu elkarrekin nazio askapen prozesuan urrats berriak emateko eta Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko.


Eskubide linguistikoak

Euskal Herria euskararen herria da. Milaka urte dituen gure hizkuntzak era guztietako kolonizazio eta ukazioen gainetik gaur arte bizirik mantentzeko lan eta borroka handia egin behar izan du gure herriak. Alta, estatu frantziarraren eredu jakobino eta ukatzailean zein estatu espainolean buruturiko erreformaren ondorioz sortutako marko autonomikoan ez du bermerik lortzen gure hizkuntzak.

Ugariak dira eremu honetan azken urteetan jasotako erasoak, baina baita ere herri mugimenduak eta euskararen aldeko sektore herritar zabalak lorturiko aurre urratsak. Horra hor Euskararen Kontseiluaren eta honen eratorria den Akordio Sozio Politikoaren garrantzia, euskararen normalkuntza prozesuari bultzada eta garapena eman asmoz.

Euskaldunon eskubide linguistikoak lehenbailehen errespetatzeko eta gure hizkuntzak behar duen lehentasunezko ofizialtasuna eskuratzeko egin beharreko borroka eta lanak garrantzia berezia hartu behar dute ezinbestean nazio eraikuntzaren alorreko lan ildo eta egitasmoetan. Euskal Herria euskalduna da gure azken helburua, baina horretarako eskubideen errespetuan oinarritu eta burutu beharreko inflexio puntua jarri behar da, ofizialtasunaren lege berria indarrean jarriz.



Irakaskuntza eskubideak

Herri ukatua eta zatitua izateak ondorio larriak ekartzen ditu hezkuntza ereduan. Egun Paris eta Madrilgo Gobernuak dira, azken kasuan Gobernu autonomikoen kudeatzearekin batera, gure seme alabentzat herri honen nortasun, historia, hizkuntza edota behar sozio-ekonomikoen arabera gure hezkuntza sistema propioa antolatzeko eskubidea ukatzen digutenak.

Hori gutxi balitz, herri honetan eta herri eraikuntzaren bitartez jaiotako ekimen herritarrek, adibidez ikastolen aldeko mugimenduek, etengabeko eraso edota ofizialtasun eza jasotzen dute administrazio ezberdinetatik. Eskola publikoa deitutakoa aldiz, urruti dago nahiko genukeen euskal eskola publiko eta euskaldunetik.

Hezkuntza sistema propioa antolatzea herri honen eskubidea da beraz eta etorkizuneko euskal herritarrak hezteko tresna den neurrian, garrantzi politiko eta sozial handiko gaia da beraz Batasunarentzat.


Eskubide sozialak

Munduko eskubideen karta guztietan adierazi moduan, edozein herritarrek du bizitza duina izateko eskubidea. Mundu osoa bat dator soldata unibertsala edota oinarrizko errenta eta etxebizitza eskubidea direla atal honetan funtsezkoak, hain zuzen ere, pertsonaren oinarrizko duintasuna bermatzeko.

Askotan goraipatuak diren datu potoloen gainetik, ahaztu egiten da zenbat milaka pertsona bizi diren gure herrian pobrezia tasaren azpitik, zenbat herritarrek inongo sarrera ekonomikorik gabe aurre egin behar dion egunerokoari. Horregatik Batasunak oinarrizko errenta duinaren aldeko apustua egin eta egungo zein etorkizuneko instituzioek oinarrizko eskubide honen bermea burutu dezaten lana egingo du.

Bestalde, Europako etxebizitza preziorik altuena eta, hein berean, etxebizitza huts gehien dugun herri honetan, ezinbestekoa da etxebizitza eskubidea aldarrikatzea, egun luxuzko ondasuna dena, lehenbailehen herritar ororen eskubidea berma dadin.


Erabakitzeko eta antolatzeko eskubideak: instituzioak eta atal sozioekonomikoa


Euskal herritarrek bere herria politikoki, maila instituzionalean eta administratiboan antolatzeko eskubidea dute eta hori behar du zalantzarik gabe atal honetan ere gure oinarri nagusia. Euskal Herriari azken hamarkadetan ukatu egin zaio bere burua atal hauetan ere antolatzeko eskubidea, eta ondorioz, Parisek departamendua bera bi mendeetan ukatu duen bitartean, Estatu espainolak lurralde zatiketan oinarritutako marko autonomikoa eta bere instituzioak inposatu dizkigu.

Nazio instituzioen garapenak eta Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherearen instituzionalizazioaren aldeko apustuak garrantzi berezia hartzen dute bizi dugun une politikoan eta, ondorioz, lurralde batasuna osatzeko aukera erreala eman dezaketen egituratze instituzional eta nazionalaren aldeko apustua biderkatu behar dugu hurrengo urteetan.

Atal sozio ekonomikoari dagokionez, gure etorkizun ekonomikoa eta soziala antolatzeko ezinbestekoak zaizkigun tresna eta baliabideak ere ukatuak zaizkigu. Ez dago Euskal Herria osoaren beharren araberako politika ekonomikoa egiterik, ez dago politika sozial propioa garatzeko aukerarik eta ez dago gure herriaren baliabide naturalak edota lurralde antolaketa propioa egiteko eskubide edo aukerarik.

Hala eta guztiz ere, eta modu apalean bada ere, hainbat urrats eman ditugu azken urteotan atal honetan: sindikatuen alorretik jorratutako esparru sozioekonomikoari begirako proposamena eta egitasmoa, berriki sortutako Behatokia edota laborarien beharrei aurre egiteko Nekazal Ganbara. Batasunak, beraz, bide honetatik jarraitu eta herri honek euskal esparru sozio ekonomikoa eta laborala antolatzeko eskubidea aldarrikatu eta borrokatuko du, baita gure herriaren baliabide naturalak kontuan hartuz lurralde antolaketa orekatua eta integrala osatzeko eskubidea ere.

Nazio eraikuntza ardura konpartitua da
Laburbilduz, eraikuntza nazionala ez da gure (inoren) proiektua, herri estrategia baizik, XXI. mendean herri gisa bizirauteko oinarrizkoak zaizkigun zutoinak eraikitzeko estrategia. Orain artean herri hau ezabatzeko pentsatua zegoen marko juridiko eta politikoaren agortzea zuen xede nagusia; orain, behin betiko konponbidea saiatzen ari garenean, herri gisa eskubide osoz aurrera egiteko oinarrizko bitartekoak osatzea.

Batasuna nazio eraikuntzan hainbat eragilerekin aritzeko eta lan egiteko prest agertzen da, orain artean bezala. Euskal Herriaren eraikuntza ardura konpartitua baita, dudarik gabe, horretan sinesten dugun guztion zeregina.


Independentzia eta sozialismoa

Bukatzeko, Euskal Herria oinarri demokratikoetan eraikitzearekin batera, Batasunak badu bere proiektua, independentzia eta sozialismoa, gaurdanik landu nahi duguna, 'e' egunaren zain geratu gabe.

Demokrazia eta justizian eraiki nahi dugun Euskal Herriarentzat etorkizun hoberena horixe dela uste dugu: independentea eta sozialista izatea. Hori, baina, herritarrek erabakiko dute. Gu ziur gaude Euskal Herrian gehiengo batentzat proiekturik onena dela, eta hala diogu, zintzoki eta konpromezu osoz.

Uxue Barkos (Nafarroa Bai-ko diputatua Madrilgo Kongresuan): «Erronka berriak gainditzeko epea»

Sarrera

ARGIAk egin digun proposamena bereziki esanguratsua da une politiko honetan, Euskadin indarkeria amaitzeari buruzko etengabeko zurrumurruak euskal gizartearen nahiarekin guztiz bat datozen honetan, hain zuzen.

"Euskal Herria 2005-2025: nora eta nola?"

Lehenengo galderaren erantzuna erraza bezain konplexua da: gizarteak nahi duen aldera. Hain zuzen ere, esakunea da konplexua, gizartearen borondatea nekez adieraz daitekeelako politikoki askatasunaren eremu osoa harturik.

Horren adierazgarri argia da esakune horren -borondatea askatasunez erabiltzea- aplikazioa Euskal Herrian.

Betidanik defendatu dut "larrialdi" estatus bat dagoela indarkeriarik gabeko eszenatoki politikoa lortze aldera, eztabaida politikoa askatasunez egiteko lehen urrats gisa. Hala eta guztiz ere, horixe izan arren gaur egun askatasunaren baldintzarik premiazkoena, ezin dugu geure burua engainatu: ez da baldintza bakarra, ezta baldintza garrantzitsu bakarra ere.

Hori dela-eta -natorren orain egindako bigarren galdera erantzutera-, NOLA hori da funtsezkoa gizarteak (edozein gizartek baina, honako honetan, euskal gizarteak) egin nahi duen bidea ireki eta zabaltzeko orduan.

Finean, "nola" da (azken batean, gizarte eredua edo, asmo handiagoak izanez gero, estatus berria eratzeko erabiliko diren bitartekoak) estamentu politikoak landu eta proposatu behar duen kapitulua.

Azkenik, zerbaitekin bat ez etortzekotan, ARGIAk proposatutako datekin ez nator bat. Izan ere, 20 urte (2005-2025) ez dira, ezin dira mugarri izan euskal abertzaleok aurrean dugun erronka, horren asmo handikoa, eraikitzeko... Alta, funtsezkoak dira edozein eraikuntzaren oinarriak finkatzeko orduan. Baina ez dut uste gizarteari denbora mugak, denbora helburuak planteatzea zuzena denik gizartearen borondate askea erabiltzeko beharrezkoak diren bitartekoak proposatzeko orduan.

Bestalde, ez dut aparteko interesik gure gizarteak 20 urte barru izango duenari edo gure gizartea 20 urte barru izango denari buruzko aurreikuspenik egiteko. Askoz ere interesgarriagoa iruditzen zait beharrezko bitartekoen diseinuan lan egitea guk geuk nahi dugun bidean aurrera egiteko, 20 urtetan eta behar adina urtetan.

Nola, beraz? Berriro ere esango dut: askatasunez.



I. Nondik

Nondik hau jorratzeko, beharrezkoa da iraganik hurbilenean (azken 25 urteotan) gertatu zaiguna aztertzea, gaingiroki besterik ez bada ere.

Gizarteak aurrera egin du nabarmen ekonomia eta gizarte arloan -horrek ez du zertan esan nahi gizartearen bilakaera bidezkoagoa izan denik-, eta bi mugarri nagusi izan dira prozesu horretan: batetik, Euskal Herriari dagokionez, euskara indartu egin da gizartean, eta bestetik, gure ingurune osoari dagokionez, bizi itxaropenak nabarmen egin du gora eta, ondorioz, beharrezkoa da gizarte babeserako eredua lehenbailehen berraztertzea.

Duela 25 urte hasitako murrizketa demografikoa, beste herrialde batzuetako pertsonak etorri izanari esker gainditu da. Horren ondorioz, erronka berriei egin behar diegu aurre ekonomia eta gizarte arloetan eta, aldi berean, erronka berriei egin behar diegu aurre berez politikoak diren proposamenak egiteko orduan.

Halaber, erantsi behar da bitarteko politikoen ibilbideak berak eskatzen digula -laburbiltzearren, Espainiako Estatuan jarriko dut arreta-, urte hauetan euskal abertzaletasuna oinarritu duten mezu askoren birplanteatzea:

Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarreko gehiengoak Estatutua berritzeko asmo handiko ahalegina egin zuen orain gutxi, Gorteek tinko atzera bota zutena. Gertatutakoaren azaleko azterketaz gaindi, harrigarriak dira erreformari ezezkoa emateko argudiatutako arrazoiak. Izan ere, arrazoi horiek 1970eko hamarkadaren azken urteetan hainbatek autonomien estatua eraikitzen hasteari uko egiteko erabili zituzten berberak dira.

Hausnarketarako paradoxa: 1979. urtean Gernikako Estatutuaren aurkari nagusiak zirenak babeslerik handienak dira gaur egun. Haren alde egin eta eratu zutenek, ordea, eskas jotzen dute egun. Beraz, nora? Gizarteak nahi duen aldera…

Eta zer esan nezake 1982ko Nafarroako Foru Hobekuntzaz? Nafarroako gizartearen zati handi bat bazter utzi zuten hura eratzeko eszenatokian, abertzaleak hain zuzen ere. Arau hori garatzeari dagokionez, ahalik eta errespetu handienaz bete dutela (dugula) esatea besterik ez dago; hori bai, aldi berean, nafarren oinarrizko araua sakonki erreformatzea eskatu dugu.

Datu horretatik ondorioztatzen da mezua berriro ere finkatu beharra dagoela: Ez da egoera bera, eszenatoki bera Euskal Autonomia Erkidegokoa eta Nafarroako Foru Komunitatekoa eta, horrenbestez, ezin daitezke bitarteko berberak izan…

Baina urte hauetan Euskal Herrian eta haren inguruan egindako bideak NONDIK hori analizatzeko beste elementu bat eman digu: garapen iraunkorrean oinarritutako irtenbideak behar ditu munduak eta norabide horretan energia lasterketa goria bizi da.

Nabarmen bilakatzen ari den gizartearen beharrak energia forma berriak bilatzean dautza. Energia behar dugu, baina eredu tradizionalek ez diote erantzuten garapen iraunkorrerako egokiak diren aterabideak aurkitzeko erronka argiari. Bestalde, arazoan sakontzeko, finantza munduak energia poltsetara negozio bila jo izanak behartzen du auzia tokian tokiko defentsa parametroetatik aztertzera.

Oinarrizko aldaketa horiek guztiek, beraz, euskal politikak tresna berriak behar dituela adierazten dute; aldaketok, halaber, ez dakartzate subjektu berriak, baina bai euren artean arras desberdinak diren subjektuak.


II. Nork

Gizartearen borondateak finkatu behar du helmuga, politika arloan jo nahi duen norabidea.

Bada, estatutuak garatu diren urte hauetan -aipatu dugu jadanik ezberdintasunak izan direla Espainiako Estatuko bilakaeran- alde politiko handiak izan dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizartearen eta Nafarroako gizartearen artean.

Arlo politikoko aldeek baino gehiago -zalantzarik gabe, hainbatek sinestarazi nahi diguna baino askoz ere azalekoagoak dira-, gizarte arloko aldeek (batez ere, industria politikaren, ingurumenaren eta hezkuntzaren alorrekoek) kezkatzen naute. Nolanahi ere, biak ala biak nabarmen azaleratzen dira Nafarroako abertzaleak kudeaketa eragingarriarekin lotutako orotatik kanpo uztearen aldeko joera zabaltzen denean. Izan ere, folklorearen eta kulturaren muinaren bermatzailetzat hartzen dira, eta alde batera uzten da gizarte arloko erronkei aurre egiteko duten ahalmena.

Eszenatoki honetan, beraz, bada subjektu berezitu bat (Nafarroako gizartea) -laburbiltzearren Espainiako Estatuko egoeraz ari naiz-, baldintza berdinetan edo askatasunez erabakitzeko eragozpen argiak dituena.

Eta horra hor paradoxa: bakea elkarrizketaren bidez lortu nahi duen Nafarroaren afera. Alde horretatik, Nafarroa Bai-k bere posizioa argi azaldu du Diputatuen Kongresuan: balizko bake prozesuan lurraldetasunari buruzko eztabaida erabateko leialtasunaz miratu arren, Nafarroako herritarren borondatea errespetatzeko eskatzen dutenak ordezkatzen ditugu. Jakina, borondate hori alderdien manipulazio orotatik kanpo adierazi behar da, bestela, bera ere ez delako baliozkoa.


III. NORA ETA NOLA?

Azkenik, non?

Euskal gizarteak erabakitzen duen lekuan. Nire ustez, ordea, gaur egun, 2005. urtean ez dago euskal gizarte guztiaren gehiengoa bilduko duen gunerik.

Luzapenetan ibili gabe, 2005-2025eko tartean, euskal gizarteak bere borondatea askatasun osoz adieraztea lortu behar du, mehatxu larrienetatik aske eta, hain larriak izan ez arren, larriak bezain eragingarriak diren mehatxuetatik aske.

Nola lortuko dugu halakorik?

Euskal abertzalea naizen aldetik, oinarri asko eta asko berriro ere finkatu behar direla nabarmendu nahi dut.

Euskara indartzea ezin da lerratu euskara berreskuratzera; aitzitik, beste (sarritan, hirugarren) hizkuntza batez jabetzeko gogo handirik ez duten kulturekin bat egiteko moduak landu behar dira.

Biztanleriaren zahartzea da egungo gizarteak duen arazo larrienetakoa eta nagusienen zaintze lana batez ere emakumezkoen ardurapean uzten da. Ongizatea tokian tokiko kudeaketaren bitartez lortu nahiak ezin du albo batera utzi gizartearen erronka funtsezkoetakoa dena, hori «etxeko» arazoa den aitzakipean.

Politikoak baino ez diren proposamenek etorkinen beharrekin bat egin behar dute: ezin dugu besterik gabe itxaron sektore horiek harrera eman dieten herrialdeetara era aldebakarrean hurbil daitezen.

Estatutuen garapenari dagokionez, Nafarroari buruzko hausnarketa da honako hau: Foru Hobekuntza ahalik eta hobekien erreformatzeko, egungo Foru Gobernua aldatu behar da lehenbailehen.

Garapen jasangarriari dagokionez, berriz, abertzaleen proposamenen erantzukizuna argia da: norbere lurraldea, norbere ingurumena babestu beharra garbi izanez gero baino ez gara herritarrok gai jasangarria ez den garapena geldiarazteko kostu ekonomikoei aurre egiteko.

Bide batez, hausnarketa hauek beste eztabaida bat pizteko balio didate, ezkerraren baitan oraingoan: Euskal Herria 2005-2025, nora eta nola egitasmoa gauzatzeko, ezkerraren oinarriak ere finkatu behar dira berriro eta, horretarako, lasai-lasai aplika daitezke artikulu honetan aipatutakoak.

Azken batean, unibertsaltasunerantz zuzentasunez eta elkartasunez egiteko, tokian tokikoa onartzea eta aldarrikatzea izan daiteke abiapuntu sendo bakarra.

Aintzane Ezenarro (Aralarreko parlamentaria Eusko Legebiltzarrean): «Naziotasun ikuspegia ireki eta independentziaz bermatu

SARRERA

ARGIAren 2.000. zenbakia ospatzeko -benetan merezi du!- ariketa erakargarri bezain labana proposatu digute euskarazko aldizkariko lagunek: 2025ean zelako Euskal Herria izango dugun proiektatzea... paperaren gainean. Ariketa erakargarria da, herri baten etorkizun desiratua planteatzeko aukera ematen duelako, nahiak eta errealitatea nahasteko arriskuarekin. Labana ere bai, berriz: nork daki hogei urte barru mundua bera zertan izango den?! Horregatik, ariketatik asko duen artikulu hau bere gaira lotu aurretik, atzera pauso bat egitea komeni zaigu: azter dezagun »gain-gainetik eta arin-arin» mundua 1985ean nola zegoen... artean Berlinen horma zegoen! Hau da, bloke bi zeuden eta mundua bloke bi horien arteko botere-borrokaren arabera zatitzen zen (Nikaraguan sandinistak zeuden agintean). Europako Batasuna askoz txikiagoa zen (Espainiako hiritarrek, esate baterako, ez zuten beste estatuetan lan egiteko baimen automatikorik) eta diru bakarra amets izatera ere justu-justu ailegatzen zen. Euskal Herrian, Guardia Zibilak Mikel Zabaltza torturatu eta hil egin zuen; ondorioz, protesta ekintza ugari gertatu zen, Hego Euskal Herri osoan zehar. Azkeneko hogei urteetako bilakaera handia izan da maila guztietan, baita egunerokoan ere: ordenadoreak, sakelakoak, pertsonen mugikortasuna, harreman homosexualen legezko onarpena... Alegia, ez dagoela hogei urte barruko euskal herritarrak zelakoak izango diren jakiterik, ezta zelako egituratze administratiboa izango duten zehazterik ere. Erabakia eurena izatea baino ez daiteke espero.


Euskal Herriaren zatiketa administratiboa eta antolaketa politikoa. Zer nahi dugu eta zer izan gaitezke

Euskal herritarrek euren etorkizuna erabakiko dutela diogunean, horren zehaztapena, hots, erabakiguneak egungo hiru esparru juridiko-administratiboak izan behar dute, halabeharrez. Abertzale gehienok onartzen dugu dagoeneko, errealitateak hala erakusten digulako, Iparraldeak bere etorkizuna erabakiko duela, Nafarroak berea eta Euskal Autonomia Erkidegoak berea. Eta bide horretatik, bakoitzaren erabaki-esparruak errespetatuz, lortuko dugu elkarrengana hurbiltzea, eta zergatik ez, egitura komunean parte hartzea. Egitura komun horrek zenbaterainoko batasuna izango duten, hori herritarrek beraiek erabakiko dute.

Abertzaleon nahia euskal zazpi herrialdeek Europaren baitan estatu independente bat osatzea da, jakina; baina hori horrela izango da, baldin eta herritarren gehiengoak hala erabakitzen badu. Eta hortan egin behar dugu lan, konbentzimenduaren bidetik, euren burua abertzaletzat ez dutenak ere proiektu honetara erakarriz. XXI. mendeko Europan, prozesu politikoak demokratikoki eta gehiengoak batuz bakarrik burutu daitezkeelako. Kontrakoa ere esan daiteke: zaila izango dute egungo estatuek bide demokratiko soiletatik garatutako prozesu politikoak geldiaraztea. Hor dago indarra eta etorkizuneko aukera: indar metaketa demokratikoan.

Argi dago egun -eta hemendik 20 urtera ere hala izango dela dirudi-, abertzaleen edo/eta euskal erabaki esparrua onartzen dutenen indar metaketa handiena Euskal Autonomia Erkidegoan dagoela. Eta beraz, seguruenik erabaki-esparru bakoitzean gizarteak berak ezarriko dituen erritmoak desberdinak izango dira. Eta seguraski gure herriak egituratze politiko eta administratibo bat baino gehiago izango ditu. Gerta daiteke Euskal Autonomia Erkidegoaren gehiengoak burujabetzan urrats handiagoak egitea, eta zergatik ez, Europako interdependentziaren baitan estatu independente izatea erabakitzea (gogoratu behar da, populazio txikiagoa, BPG txikiagoa, hedadura txikiagoa eta hiztun gutxiago dituzten estatuak izan badirela Europako Batasunean).

Euskal Herriaren zati bat estatu izateak, abertzaleon nahiekin osotasunean bat egiten ez badu ere, Europako Batasuneko estatu-kide izateak abantaila ugari ekarriko lituzke. Estatuak -teoriko askok diotenaren aurka- oraindik izugarrizko pisua izaten jarraituko baitute. Europako Batasuna Estatuek osatzen dute eta hauek dira erabakiak hartzen dituztenak Ministro kontseiluen bidez, eta ez Europako Parlamentua, eta are gutxiago herritarrak. Beraz, Europako Batasuneko parte izateko eta erabakietan zuzenean parte hartzeko antolaketa-eredu onena horixe da: estatu izatea. Ez bakarrik, abertzaletasunetik betidanik eman diren arrazoi klasikoengatik, hala nola, herri batek bere estatua izan behar duela, historia, hizkuntza… baizik eta baita ere euskal hiritarren interesak erabakiguneetan zuzenean defendatu ahal izateko -eta ez, orain arte legez, Espainiako edo Frantziako gobernuen iragazkitik igarota-; gizarte honek sortzen dituen bitartekoak berak dituen premietan erabili ahal izateko; ez nahi ez behar ez ditugun instituzioak ordaintzen ez jarraitzeko; hizkuntz normalizazioari berme handiagoz ekiteko, izan ere, Europako Batasunean hizkuntza ofiziala izateko estatu-kide izan behar baita. Horixe da herri honen etorkizuna hoberen bermatuko lukeen antolakuntza-eredua: estatu independentearena.

Eta gainera, honek egitura independentean ez dauden euskal herrialdeekin hartu-emana izatea erraztuko luke: Nafarroa eta Iparraldeko herrialdeekin elkarlana areagotzeko aukerak emango lituzke, eta honek bertako gizartean ere gehiengoak biltzeko bidea zabal lezake. Eta batez ere, gure hizkuntzaren aldeko politika orokorrak egitea erraztuko liguke.

Nafarroari dagokionez, erronka Nafarroaren subjektu izaera onartzen dutenek lidergo politikoa eskuratzea, edo gutxienez lehia horretan pareko izatea izan beharko luke. Nafarroa Baik sortu duen ilusioak eta indarrak nafarrek aldaketa inoiz baino eskuragarriagoa somatzea eragin du. Beraz, oso posible da Nafarroaren subjektu izaera aldarrikatzen dutenak hartzea Nafarroaren aitzindaritza eta EAEkiko harremanak hestutzen joatea, bi aldeek erabakitzen duten elkarlanerako esparruetan sakonduz.

Iparraldean berriz, departamendua lortzea izango da erronka, eta bide horretara abertzale ez direnak erakartzea. Badirudi, hortik abiatuak direla, eta beraz, pentsa dezakegu hemendik 20 urtera errealitate izan daitekeela. Departamendua izatean, ezer ez izatetik existitzera pasatuko lirateke, eta hortik abiatuta nortasun propioa garatzeko baliabideak izango lituzkete eta gainontzeko euskal herrialdeekin harremanak estutzea ekarriko luke.

Gerta daiteke ere, gure herriaren zati bakar bat ere ez izatea estatu. Alegia, EAEn ez biltzea behar adinako indar metaketa hori lortzeko. Burujabetzan urratsak bai, baina estatu izaera lortzeraino ez. Prozesu honetan eragin zuzena izango du, Hego Euskal Herriari dagokionean, Espainiako Estatuan pil-pilean dagoen estatu-ereduari buruzko eztabaidak nora garamatzan ikusteak.

Abertzaleon gehiengoak fede gutxi badugu ere, gerta daiteke Espainiako Estatuak onartzea, behingoan, estatu nazio-anitza dela. Eta autonomiaz osaturiko estatu batetik estatu nazio-anitzerako jauzia egitea: honek berarekin ekarri beharko lituzke nazio bakoitzak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidearen onarpena; Estatuan dauden hizkuntza guztien koofizialtasuna; botere judizial propioa; baliabide ekonomiko guztien gaineko eskuduntza, tartean gizarte segurantzarena, gizarte zerbitzuena eta lan harremanetarako euskal esparrua, eta orohar, erakunde propioen indartzea. Ikustear dago prozesu honek zenbateraino emango duen. Gehienok mesfidati begiratzen diogu, izan ere, mendeetan errotutako Espainiaren ikuspegia aldatzea eskatuko luke, eta esperientziak erakutsi digu norabide horretan urrats handirik egiteko gogorik ez duela elite zentralistak. Hala ere, ikustear dago. Zentzu horretan, Kataluniako prozesua oso argigarria izan daiteke: batetik, ikusteko zer-nolako jauzia adosteko gai diren bertakoen artean, eta bestetik, Kongresuak, Katalunian erabakitzen dena erabakitzen dela, onartuko duen ala ez.

Argi dago abertzaleok nahiago dugula lehenengo aukera, independentziarena alegia. Baina hori indar-metaketen araberakoa izango da. Dena den, garbi dagoena da burujabetzaren bidean aurrera egingo dela hiru esparruetan, eta herritarrek erabakitzen dutena, zailtasunak zailtasun, gauzatzen joango dela.

Argi dago ere, eszenatokia dena delakoa izan, euskal erabaki esparruen arteko harremana sendotu egingo dela. Batetik, aurrerago genion bezala, behar bezala jokatuz gero, indar soberanistek aurrera egiteko aukera handiak izango dituztelako eta beraz herritarrek hala eskatuko dutelako. Eta bestetik, errealitateak berak eta beharrak horretara eramango gaituztelako. Batzuk ukatzen saiatu arren, egunerokoan ere lotura ugari ditugulako. Bi adibide soil: batetik, hizkuntzak eta hizkuntzaren aldeko lanak batzen gaitu, zalantzarik gabe. Beste adibide bat: Nafarroa eta EAEren kasuan, biak duten ahalmen fiskal bereziak ere batzen gaitu. Europako erakundeen aurrean ahalmen berezi honi eusteko elkarrekin lan egitera behartuak egongo gara, indarrak batzera behartuak egongo gara, egun Nafarroan agintean daudenek nahi ez badute ere. Politikoki ukatu nahi dena, batzuetan errealitateak berak ezartzen du, halabeharrez.


Estrategiak. Eta hori, nola?

Horrek bete-betean garamatza bide hori zelan egin aztertzera. Argi dago herri honek bere egituraketa aldatu gura izanez gero, gehiengoen bitartez egin beharko duena. Indarrak metatzetik baino ez da etorriko estatus aldaketa. Konbentzimenduak biltzera jo behar dugu. Herritarrek ikusi egin behar dute euren intereseko dela egituratze administratiboa aldatzea. Hobeto biziko direla, alegia. Horregatik, gizarte justuagoa eraikitzeko balio duten ekimen guztiak mesedegarriak dira nazio ikuspegitik ere. Euskal gizartearen bizi kalitatea eta barruko kohesioa indartuz egin behar da aurrera, aurrerakoitasunetik baino ez. Estatus aldaketa gizartearen eta norbanakoaren onerako dela erakutsi beharko da, baldin eta horretara ailegatu nahi badugu.

Konbentzimenduaren bidea jorratuz gehiengoak lortzea baldin bada helburua, horrek berarekin bi gogoeta dakartza:

Batetik, kontuan hartu behar dugu zer-nolako gizarteari eskaini behar diogun gure gizarte-proiektua: gero eta gizarte askotarikoagoa izango dugu. Euskal Herrian biziko direnak munduko leku desberdin askotatik etorriak, edo etorritakoen ondorengoak izango dira. Eta beraz, Euskal Herriaren independentziaren alde gehiengoaren atxikimendua bildu nahi dugunok, ezin dugu abertzaletasunaren argudio klasikoetara mugatzen jarraitu. Naziotasuna definitzerakoan, historia, kultura, hizkuntza eta abar, argudio garrantzitsuak dira, baina horiekin batera bestelako argudio batzuk ere landu egin behar ditugu, baldin eta sektore desberdinak erakartzea lortu nahi badugu. Naziotasunaren ikuspegi irekiagoa landu behar da »agian teorikoki egiten dute batzuek, baino bide horretan oraindik asko dugu egiteko» eta naziokide izatea borondateari lotu batez ere, bestelako ezaugarri objektiboen gainetik. Eta horrez gain, independentziaren aldeko argudio klasikoei, bestelako arrazoitze oportunista eta pragmatikoagoak gehitu behar zaizkio: gure gizartea hurbiletik kudeatzeak dituen abantailak guztiontzat, edota Europan erabaki-guneetan egoteak dakartzan onurak, argudio ekonomikoak…

Bestetik, indarrak biltze horrek borroka molde zehatz batzuk hartzera eta beste molde batzuk uztera behartzen gaitu. XXI. mendeko Europan gizartearen eskariz eta haren onespenarekin baino ez daitezke aldatu egituratze administratiboak. Beraz, bide demokratiko eta politiko soiletik abiatu behar da, halabeharrez, erabat bazterrean utziz gizarteari berari min egin izan dioten bideak, eta indarrak biltzea baino uxatzea eragin dutenak.

Bukatzeko, tinkotasuna izan behar dugu erabaki demokratikoak defendatzerakoan. Benetan sinesten badugu nahi duguna izango garela eta XXI. mendean inork ezin diola herri/nazio/gizarte bati nahi duena izatea ukatu, ondoren, bide horretan izaten diren oztopoen aurrean tinkotasuna adierazi behar da. Hots, erabaki demokratikoak gauzatzeko orduan Estatuek oztopoak jartzen badituzte, konfrontazio demokratikoaren eta desobedientziaren bidetik jo behar da. Eta beharrezkoa izanez gero, nazioarteko komunitateari laguntza eskatu. Horrela bakarrik erakutsiko dugu erabaki demokratikoak geldiezinak direla.

Beraz, eta laburbilduz: helburu erakargarriak gizarte sektore zabal eta desberdinentzat. Bide ez erasokorrak eta sinpatia sortzaileak helburu horiek lortzerakoan. Tinkotasuna erabaki demokratikoak defendatzerakoan.


Abertzale eta ez abertzaleen arteko harremana. Ezkerraren berregituraketa

Gure herrian, 2025ean, iraganeko bereizketa izan beharko luke abertzale eta ez abertzaleen artekoak. Edo gutxienez, proiektu politiko guztiek garatzeko eskubide berdina dutela onartu beharko lukete guztiek.

Ezkerrarena eta eskuinarena, berriz, ez da iraganeko bereizketa izango: Euskal Herrian, mundu osoan legez, gizartea antolatzeko ikuspegi ezberdinak izango dira. Gizarte solidarioa eraikitzeko lanetan, gainditu beharreko lehenengo proba norberaren etxea antolatzea izango da. Ezker eraginkorrak (eraginkortasun gabekorik ez dugu behar, ezta merezi ere) antolamendu demokratikoa izan beharko du: nekez aldatuko dira gizarteko botere-harremanak, norberaren egituran horrelakoak gainditzeko ahaleginik egiten ez bada. Kanporako eta barrurako planteamendu berberak ditu(zt)en ezkerreko antolakundea(k) beharko dira: berarentzat gura ez duenik beste inori eskatuko ez dio(te)n erakundea(k); berarentzat gura ez duenik beste inori egingo ez dio(te)na(k). Antolaketa modu horiek ez dira abangoardiekin uztargarriak eta, gainera, ez dago gaur esaterik hogei urte barru zelan antolatuko den, egunerokoan: gure arteko harremanek zer bilakaera izan duten ikusirik, batzarrak, gaur egun ulertzen ditugun eran, beharbada iraganeko kontuak izango dira. Ez, ostera, militantzia: gauzak aldatu gura dituenak, horretarako ahalegina egin beharra du, berez ezer ez baita aldatzen. Ezkerreko mugimenduetako kideek, bestetik, ahalegin zintzoa egin beharko genuke (orain, eta etorkizunean) elkartzen gaituenari banantzen gaituenarekiko lehentasuna emateko. Jarrera eraginkorragoa eta inteligenteagoa izango litzateke, zalantza barik.

Amaitzeko, ohar txiki bat: etorkizunerako burutazio hau idatzi, idatzi da; baina klima-aldaketari, ozono-geruzako zuloari, teknologiaren abiadura erotuari, garapen jasanezinari -hau da, iraunkorrari- gerra prebentiboei, nuklearrei eta zibilizazio-talkari- baimena eskatu gabe.

PS: Gauza bat segurua da: 2025ean, ez da «betiko» alarderik egongo. Ikuskizun dago, ostera, emakumeon eta gizonezkoen arteko eskubide berdintasuna oraindino ere borrokatu beharra egongo ala ez.

Josune Ariztondo (EAJko EBBko idazkaria): «Euskal nazio euskalduna eta integratzailea, herri borondatea duena oinarri»

Egungo egoeratik abiatu eta 2025. urtean helmuga jarriz Euskal Herria nora irits dadin nahiko genukeen eta horretarako proposatzen dugun bideaz galdetu zaigu; hots, helburua eta estrategia 20 urteko epea begien aurrean dugula. Eta horixe izango da nire ahalegina Europako politikari ospetsu batek dioen bezala, saiatu eta ez asmatzea baino askoz okerragoa da-eta ahaleginik ere ez egitea.

Hasteko, bi gogoramen. Esaera zaharra bata: "...atzeak erakutsiko dizu aurrea nola dantzatu", etorkizuna ongi asmatzeko gure aurrekoen esan-eginak duten balioa adierazten duena. Lizardiren gogoeta laburra bezain esanguratsua bigarrena, olerkari abertzale eta jeltzale honek ere etorkizuna baitzuen kezka eta erronka, euskararen etorkizuna zehazki. Hauxe zioen Lizardik duela 75 urte inguru: "...baina nik, hizkuntza larrekoa nahi haunat noranahikoa: jakite hegoek igoa; soina zahar, berri gogoa, azal horizta muin betirako". Aitortu beharra dago asmo eta helburuak ongi hausnartzeak eta argi adierazteak duen balioa, hain zuzen ere, ariketa honek berekin eramaten duelako ekintza-bide eraginkorrei aurre egiteko konpromisoa. Horra hor Lizardiren ikasgaia.

Esanak esan, euskara gaurko egoerara ailegatu arteko gorabeherak ez dira izan edozelakoak: Lizardik aldarrikapen hori egin eta hurrengo ia 50 urtetan zehar euskarak ia bereak bakarrik zituen jardun-esparruak galdu egin zituen eta gaztelaniarekin partekatu, ez zuen erabilera-eremu berririk irabazi eta hiztunak erruz galdu zituen ia desagertzeraino.

Duela 25 urtetik hona berriz, euskararen soin zaharra berritzen joan zaigu: hizkuntza larrekoa zena, noranahikoa bihurtzen doa; euskaldun guztiok elebidun gara (gutxienik) eta EAEko biztanleen ia erdia euskara-duna da; duela mendeak euskarak galduak zituen hainbat toki eta erabilera-eremu berreskuratu egin dira. Halere, dena ez da distira, ezta gutxiagorik ere; euskararen "zulo beltzetako" bat Iparraldeko egoera da eta berau, akaso, larriena: gaurko gazterik gehienen aitatxi-amatxiek apenas zekiten frantsesik; gurasoek hobeto menderatzen dute frantsesa euskara baino; eta seme-alabek eurek ia ez dakite euskaraz. EAEn bertan ere, oraindik lortzeko daukagu euskararen familia bidezko transmisioa.

Zergatik diot hau guztiau? Zergatik hartu hizpide euskararen egoera, ARGIAk eskatutako hausnarketa estrategikoak nazio-eraikuntza baitu hizpide? Bi arrazoi:

- Batetik, benetan uste dut euskararik barik ez dela ez Euskal Naziorik ezta nazio-eraikuntzarik ere. Euskal Herriaz eta euskaraz ari garenean da, inoiz bada, izenarekin batera izana.

- Bestetik, euskara berreskuratze eta biziberritze aldera azken 25 urteotan eginiko lana bide-erakusle da nazio-eraikuntzarako printzipio politikoak, helburuak, estrategiak eta jarduna antolatzeko orduan. Euskararen normalizaziorako giltzarrietako bat geure erakunde propioak berreskuratu edota sortu izana den bezalaxe, beste horrenbeste esan dezakegu euskal naziogintzan.

Ezin uka daitezke azken 25 urteotan Euskaleherrigintzan emandako aurrerapausuak: gaur egun Euskal Nazioago gara duela 25 urte baino; geure erakunde demokratikoak berreskuratu edota sortu izanak komunitate berezituaren kontzientzia areagotu egin digu EAEn eta, aldi berean, euskal gizarteak etengabe emandako babesak herri erakundeon zilegitasun demokratiko eta nazionala sendotu egin ditu. Gaur egun autogobernuaren indarberritzearen aldeko aldarrikapenak dituen osagaietako bi, euskal erakundeek duten sinesgarritasuna eta autogobernuaren ongizate-balioa dira. Euskal Herriko biztanlerik gehienentzat autogobernua da ongizatea, solidaritatea eta aurrerakoitasuna.

ARGIA astekariaren ekimenari dagokionez, pozgarria da benetan, eta eskertzekoa, Euskal Herriko sei talde abertzaleetako buruzagi euskaldun emakume konbidatu izana. Egia esan, ez dakit duela 25 urte igarle lanetan hasita inork asma zezakeen (Zeruko) ARGIAk 2005ean prospektiba politikorako saiakera burutu asmoz politikagintzan diharduten sei emakume euskaldun bertaratzerik izango zuenik.

Baina bada hutsunerik ere. Gure herriaren etorkizunerako hausnarketa estrategikoa burutzeko orduan gure ondoan gainontzeko alderdietako buruzagi emakumezkoak, edo gizonezkoak, egon ez izana kezkagarria da oso. Izan ere, euskara atzoko eta gaurko euskara-dunok soilik indarberritu ezin izango dugun bezalaxe, Euskal Nazioa ezin izango baitugu eraiki abertzaleok bakarrik. Gizarte osoaren ordezkaritza politikoak osatzen du herri-borondatea eta denek behar dute, denok behar dugu, plaza publikoan norbere tokia, gainontzekoen errespetuan. Inor ez da, bera bakarrik, nahiko eta denok gara beharrezko, duela hilabete batzuk gizarteak argi irakatsi berri dugun bezala.



1. Helburua: Nazio-proiektu euskalduna,aurrerakoia eta irekia.

EAJ-PNVren helburu politikoa hitz bakar batez adierazi behar izango banu, burujabetza erabiliko nuke. Eta mende hasieratik abiatuz datozen 20 urteei begira helburu honek har ditzakeen adierazpide edo formulazioen artean, honako hauxe lehenetsiko nuke: euskal gizartea aukera-berdintasunez eta biolentziarik barik bere etorkizun politikoaz kontsultatzeko eskubidea.

Konpromisoa argia da: Euskal Nazioa eraikitzen jardutea, egungo egoeratik abiatuz, askatasun osoz bere borondate politikoa adierazi dezan. Euskal Herriko hiru barruti politikoetako herritarrentzat erakargarri izango den nazio-proiektua behar dugu ezinbestean, demokrazian sinisten dugunak ondo baitakigu erakargarritasunak atxikimena dakarrela eta, honek, proiektuen sendotze iraunkorra. Aginpide demokratikoaren oinarria horixe baita.

Beraz, guk aldarrikatzen dugun Euskal Nazio proiektuak, berekin ditu oinarrizko zenbait balio, nazioa bera esplizituki egituratzen dutenak gainera. Izan ere, 2025.urteko Euskal Nazioa izango bada, berekin eramango ditu:

- Justizia eta berdintasuna, aukera-berdintasunaren alde eta bazterkerien aurka lan eginez etengabe indarberrituko den komunitate kontzientearen berme.

- Elkarbizitza, haustura sozialetik babesteko tresna baita.

- Kohesioa, euskal gatazka politikoa gainditzeko akordio demokratiko zabala lortzeko oinarrizko irizpidea.

- Euskara eta eleaniztasuna. Printzipio demokratikoen errespetuarekin bat eginez, elebitasunak eta hizkuntza eskubideen berdintasunak soilik berma ditzakete-eta gizarte-kohesioa eta aniztasuna, biak ezinbestekoak naziogintzan. Euskara jagon egin behar dugu azpijoko eta bazterkerietatik eta baita erasoetatik ere. Helburua da euskaraz bizi nahi dutenentzako aukera berdintasuna.
Hezkuntza eta prestakuntza, gizabanakoen askatasuna oinarri duen etorkizuneko naziogintza bidean tresna nagusietakoa.
Autogobernuaren kudeaketa aurrerakoia. Solidaritza, ongizatea, giza eskubideen aitortza eta babesa, egoera gutxituan dauden herritarren aldeko ekinbidea, lehiakortasuna, herri aginteetako arduradunen zuzentasuna eta zintzotasuna... denak batera Euskal Nazioaren garapenaren berme.


2. Estrategia: bakegintzarako eta normalizazio politikorako akordioa.

Helburua zehaztu ondoren, NOLA egin bidea da erronka. Horretarako, egoera sozio-politikoaren adierazle nagusiak identifikatzeaz gain, alderdi politiko bakoitzak nork bere aukerak ezagutu eta gizartean duen kokapen politikoaz jabetzea ezinbestekoa du. Beste era batera esanda, euskal gizartearen jarrerak, asmoak eta aldarrikapenak ongi hausnartu eta, horretaz gain, alderdi bakoitzak bere tokia eta eginkizuna asmatu behar ditu, estrategia zein jarduna arrakastatsuak izan daitezen.

Euskal gizartearen jarrerak eta aldarrikapen politikoak

Egungo egoeraren diagnostikoa egiten hasita "bidegurutzea" da politikagintzan dihardugunok gehien erabili dugun terminoa. Beste era batera esanda, jardunbide desberdinen artean aukeratu beharreko unea. Euskal gizartearen jarrerak eta aldarrikapen politikoen artean azpimarratzekoenak, hauexek:

- gizarte heldua, bere eskubide demokratikoen ezagutza kontzientea duena,

- garai eta koiuntura sozio-politiko bakoitzean bere xede eta asmo politikoak ozenki agertzen dakiena,

- ETAren indarkeriaren aurka eta soilik bide demokratikoen alde etengabe azaldu dena,

- sentsibilitate politiko guztien arteko elkarrizketaren bidea ontzat ematen duena,

- bere borondate politikoaren aitortza aldarrikatzen duena,

- behin gehiagotan adierazi duena sentimendu eta politiko guztien zilegitasuna eta beharra, irtenbide politiko emankorrak eta egonkorrak lortze aldera.

Horretaz, eraginkortasunez lan egitea, bake-bideak eta konponbideak bilatzea eta akordio politiko demokratiko sakonak lortzea da euskal gizarteak agintzen diguna euskal politikagintzan dihardugun eragileoi.

Laburbilduz:
a) helburua argi dugu (Euskal Nazioaren eraikuntza):
b) egoera politikoa (bakerik ez, normalizazio politikorik ez, zuzenbide-estatuaren ahulezia), euskal gizartearen eskaintza eta aldarrikapena (bakearen eta normalizazioaren aldeko konpromiso politikoa) eta erabakitzeko eskubidea oinarritzat hartuz;

- hurrengo 20 urtetarako balio izango digun akordio politiko zabala lortzea dugu erronka, konpromisoa eta jomuga (ez ariketa teoriko hutsa) eta herritarrek berretsi dezaten lortzea, denbora hori igarotakoan "2005ean baino euskal nazioago gara" izan dadin diagnostiko partekatua.



Normalizazio politikorako Akordio integratzailea.

Nola jardun akordioaren bila? Zein da prozedurarik egokiena? Argi dago, jarrera zurrunek eta lerro bakarreko bide estuek ez digutela lagunduko. Aldiz, egungo bidegurutze-egoera honetan akordio politiko zabala da bide emankor bakarra, Euskal Nazio kohesionatuaren zimentarria jarriko duena eta egungo euskal gizartearen nahia eta borondatea errespetatu eta bere etorkizun politikoa eraikitzeko benetako aukera emango diguna. Beraz, ardatz nagusia, herritarren gogoa eta areriorik gaiztoenak, inposizioa, dogmatismoa, mugiezintasuna eta irudimenik eza.

Esandakoaren haritik, neure egiten ditut Lehendakariaren hitzak, joan den ekainaren 22an Legebiltzarrean adierazitako printzipioak eta edukiak, akordio iraunkorraren eta integratzailearen alde eginiko ekarpenak, hain zuzen:

Printzipioak:

- Indarkeriarik eza eta giza eskubideak.
- Bazterkeriarik eza eta lurralde, giza eta politika alorreko sentiberatasun guztiak.
- Herri borondatea eta bere egikaritza.
- Proiektu politiko guztien berdintasuna.
- Aniztasunaren onarpena eta ez eragotzi/ez inposatu irizpide bikoitza.

Edukiak:
- Subjektu politikoa
- Erabaki eskubidea eta bere egikaritza
- Lurraldetasuna
- Estatu espainiarrarekin harremanetarako markoa
- Ituna, konpromiso gisa

Eta akordioaren nolabaiteko gailurra izan daitekeen konpromiso bikoitza, "erabakitzeko eskubidea/itunaren aldeko konpromisoa" adierazten dugu Lehendakariak azaldutako termino bertsuetan:

"Normalizazio politikorako eta elkarbizitzarako akordioa lortzen badugu, indarkeria eta bazterkeria desagertzean, euskal gizarteak kontsultatua izan dadin eskatuko diot baimena Eusko Legebiltzarrari. Baimen horrek berekin izango ditu, kontsultarekin lotuak izanik, aldez aurretik adostuko diren honako gaiak: biolentziarik eta bazterkeriarik ezaren adierazleak, emaitzen onarpenerako printzipio demokratikoak eta Estatuarekin negoziatzeko zein ordenamendu juridikoan jaso dadineko prozedura".

Akordio politikoa ez da erraza baina bai lorgarria, denok horretarako erabaki sendoa dugun neurrian. Eta akordioak berak ekarriko digu aukera 20 urteren buruan lortutakoa ebaluatzeko eta aurrera begirako bide berriak ere adosteko.

Esan gabe doa, orain arte adierazitako helburu eta lerro estrategikoek berdin balio dutela Euskal Herri osorako, eduki zehatzak eta jardun-lerroak lurralde bakoitzean bereziak badira ere. Alde horretatik:

- Gure apustua Nafarroan Na-Bai proiektua indartzea da, eta asmatzen ari garelakoan gaude, Nafarroako hainbat herritar euskaltzaleen eta abertzaleen nahiak eta asmoak bideratzen dituen segurantzan eta bide horretatik nahiko genuke joan Nafarroako gizarteak ulertu eta onartuko duen marko juridiko-politikoaren bila.

- Ipar Euskal Herrian, hiru jardunbide ditugu premiazkoenak: abertzaletasunaren onarpen-maila gizartean ugaldu dadin bideak urratzea; Euskal Departamenduaren aldeko jarrerak eta ekintza demokratikoak bultzatzea eta burutzea; aldi berean, euskara eta Ipar Euskal Herriaren identitatea sendotzeko eta trinkotzeko ahalegin guztiak uztarri berean jartzea.

Horrekin guztiorrekin batera, eguneroko "naziogintza" eta Herri Erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoak ditugu "izena"ren zain gauden bitartean "izana" indartzen eta sendotzen joan gaitezen.

Esku bete lan dugu begien bistan eta saiatzen bagara, gaur baino Euskal Nazioago izango gara 2025ean, gaur baino komunitate kontzienteago eta, aldi berean, euskaldunago, irekiago, integratzaileago eta aurrerakoiago. Eta lehiakor agertuko gara Europan zein munduan erronka estrategikoen lorpen mailan. Orduan ere ez da faltako nor ARGIAn hurrengo 20 urtekoari begira galdera egokiak luzatuko dituenik, egokitasun horretan baitoa erantzunen arrakastaren erdia, beste erdia jardunak ekartzen badu ere. Hala bedi.


Azkenak
Gazteak teknologiaren ikuspuntu kritiko eta arduratsuan hezteko proiektuaren alde bozkatzeko azken eguna

Gazteen artean teknologia libreen ezagutza zabaltzeko “Digitalizazio arduratsua” proiektua prestatzen ari dira Baionako Etxepare Lizeoa eta Iametza. Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Ideiak2024” aurrekontu parte-hartzaileetara aurkeztu dute egitasmoa. Gaur da [+]


Sanferminetako bederatzi sexu eraso ikertzen ari da Foruzaingoa, horietako hiru “intentsitate altukoak”

Sanferminetako lehen bi egunetan gutxienez bederatzi eraso sexista salatu dituzte, horietako hiru intentsitate handiko sexu erasoak, Mugimendu Feministak gaitzetsi duenez. Foruzaingoak erasoei lotutako gizonak atxilotu ditu, eta gertakariak ikertzen ari da. Erasoei erantzuteko... [+]


69 milioi bidaia ordaindu ziren iaz Gipuzkoako Mugi txartelaren bitartez

2022an baino 12 milioi ordainketa gehiago egin ziren, eta inoizko datu hoberenak lortu ditu 2023an. Gipuzkoan bizi diren emakumeak izan ziren Mugi sistema gehien erabili zutenak, eta gehienbat hiri-autobusen erabilera gailendu zen. Pasaiako txalupako eta Loiuko aireporturako... [+]


BBK Liven atarian protesta deitu dute lan-baldintzak salatzeko

Ostegunetik aitzina egingo da festibala Bilbon, Kobetamendin. Behin baino gehiagotan salatu da bertako langileek baldintza negargarrietan egiten dutela lan, eta ostegunerako protesta deitu du Laneko Autodefentsa Sareak, 19:00etan, EiTBren egoitzaren aurrean. Langileentzako gida... [+]


2024-07-09 | Mikel Aramendi
Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek badarabil plan zehatzen bat buruan

Europar Batasunaren txandakako presidentetza beretu eta astebeteren buruan Viktor Orban hungariar lehen ministroak egin duen ezusteko blitz-ak azalpen serioa eskatzen du. Gaiaren neurrikoa.


‘The Lancet’ aldizkariak Gazan Israelek hildakoak zenbat izan daitezkeen kalkulatu du: ia 200.000 pertsona

"Zaila da, baina beharrezkoa". Hala azaldu du The Lancet zientzia aldizkariak Gazako hildakoak kontatzeko hartu duen lanaren berri. Hildakoen kopurua, gaixotasunak eta bestelako zeharkako faktoreak kontuan hartuta, gutxienez 186.000 pertsona hil dituztela kalkulatu... [+]


Su-eten negoziaketak martxan dira berriz, Netanyahuk oztopo berriak jarrita

Netanyahuk baldintza bezala jarri du Israelek ofentsiba berrabiarazi ahal izatea “gerraren helburuak bete arte”. Iturri batzuen arabera, Hamasek onartu du su-eten iraunkorra negoziaketen lehen fasean adostea, aurrebaldintza izan beharrean.


Tsunami auzia artxibatu du Espainiako Auzitegi Gorenak ere

Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak astelehen arratsean esan du baliogabetu egin behar direla Tsunami auzi judizialaren ikerketako azken hiru urteak, "ilegalki" luzatu zelako. Erabaki hori behin betiko bihurtzean Carles Puigdemont eta Marta Rovira kasutik... [+]


2024-07-09 | Gedar
Uztailaren 20an mobilizatzera deitu dute Iturmendin, sare sozialetako mezuengatik auzipetutako bizilagunarekin elkartasunez

Otsailean atxilotu zuten Iturmendiko pertsona bat, eta bi urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatzen dute bere kontra, sare sozialetako zenbait mezu direla-eta. Uztailaren 16an epaituko du Espainiako Auzitegi Nazionalak.


2024-07-09 | Euskal Irratiak
Peio Dufau, Fronte Herritar Berria
“Orain badakigu gutaz anitz espero dela, badugu lan anitz egiteko”

Frente Herritarrak irabazi ditu hauteskunde legegileak Pirinio Atlantikoetako seigarren hautesbarrutian, Peio Dufau izanen delarik diputatu heldu diren urteetan. Bozen %36,28 bildurik, 27 117 bozekin, historiako lehen diputatu ezkertiar abertzalea izanen da. Haren gibeletik,... [+]


2024-07-09 | UEU
Katixa Dolhare Zaldunbide
“Literatura hezkuntzaren zimendua da”

Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara jardunaldia antolatu dute elkarlanean Seaskak eta UEUk Baionan, Udako Ikastaroen barruan, eta bertan parte hartuko du Katixa Dolhare Zaldunbidek. Ezpeletan sortu zen 1982an, Lapurdin, eta familiarekin Nafarroa Beherean... [+]


2024-07-09 | Sustatu
PDF eta ePubak euskaraz entzun mugikorrean audioliburuen gisa

Alex Gabilondo software librearen zaletuaren gida batetik probatu dugu, eta ibili dabil: PDF eta ePubak euskaraz entzun mugikorrean (edo Android gailuetan zehatzago) audioliburuen gisa. Software libreko doako tresnekin, gainera.


Jaioberriaren guraso ez direnek ere berau zaintzeko baimen ordaindua lortu dezakete Suedian

Seme-alaba jaioberria zaintzeko baimen ordainduaren zati bat aiton-amonei edota gertuko beste norbaiti eman diezaiekete gurasoek Suedian, uztail honetatik aurrera.


Krabelin gorriz jantzi dute German Rodriguezen hilarria

German Rodriguez eta Joseba Barandiaran omendu, eta langile mugimenduaren alde egindako lana txalotu dute Iruñean. Palestinari ere elkartasuna adierazi diote, sanferminetan urteroko zitan Iruñean.


Eguneraketa berriak daude