Tabako salmentari esker administrazioak lortzen dituen mozkinak ez dira nahikoa hark eragindako gastu guztiei aurre egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Saileko iturrien arabera. "Gutxi gorabehera", azaldu digu saileko teknikari batek, "zergen bitartez jasotzen den diruaz tabakoak zuzenean eragindako gaitzen tratamenduak ordaindu ahal dira, baina horrez gain erretzeak zeharka eragiten dituen kalteak izan behar ditugu kontuan. Alegia, tabakoaren ondorio zuzena izan gabe ere, erretzeagatik larriago bihurtzen diren gaitzak". Tabakoa ez da errentagarria estatuarentzat, askotan aurkakoa uste dugun arren.
Zenbakiak ikaragarriak dira. Ez dugu eskuratu administrazioak tabakoa dela-eta gastatu behar duenaren kopuru zehatzik, baina jakin badakigu aurtengo lehen zazpi hilabeteetan, Hego Euskal Herrian, 475 milioi euro baino gehiago xahutu ditugula tabakotan. Aurreko paragrafoan esandakoa guztiz zehatza bada, egin kontu. Tabakoarenganako adikzioa osasun publiko arazo larria da, eta halaxe adierazten dute azken urteotan haren aurka hartutako neurri guztiek.
Gogorrenak -erretzaileen ikuspegitik, batez ere- etortzeke daude oraindik. Edo etortzear, esan beharko. Espainiako Estatua hainbat lekutan erretzea debekatuko duen legea prestatzen ari da eta, oraingoz ezer zehatzik ezin esan badaiteke ere »oraintsu amaitu da alegazio-epea», iragarritako neurri batzuek ika-mika ugari sortu dute dagoeneko.
Erretzaileentzako gune bereziak
Laburbilduz, lege berriak ardatz nagusi bat izango du, EAEko Osasun Sailetik dioskuenez: "Ezin izango da lantokietan erre, langileek kea arnastea eragotzi gura delako". Horrek berez ekarriko du polemika oraindik tabakoarekiko tolerantzia handia daukan jendartean, baina eztabaidak bereziki latz bihurtu dira ostalaritzari dagokionez. Lege-aurreproiektuak dioenez, 100 metro koadro edo gehiagoko azalera duten jatetxe, taberna eta abarrek gune bat izan beharko dute erretzaileentzat. Gune horrek ezin izango du bete areto osoaren %30 baino gehiago, eta gainerakotik guztiz banatuta egon beharko du. Hitz samurragoz esateko, hormak egin beharko dira.
Esan gabe doa ezin izango dela erre erretzaile-gune berezi horietatik kanpo, eta lege-aurreproiektuak tabernariaren arau-hauste larritzat jotzen du norbaitek hala egitea. Ostalariak honen aurka azaldu dira dagoeneko, beste norbaiten arau-haustea -erretzen duenaren kasuan, arina baino ez da- eurei leporatu ezin zaiela argudiatuz. Taberna eta jatetxe jabeek, bestalde, euren haserrea adierazi dute orain pare bat aste EAJk lege-aurreproiektuari egindako aldaketa-proposamena dela eta. Hain zuzen ere, 100 metro koadrotik beherako aretoetan ere erretzaileentzako gune bereziak egotea eskatu dute jeltzaleek -momentuz, legeak ugazabaren esku uzten du bere tabernan erretzen uztea ala ez-. EAJren proposamenak aurrera eginez gero, polemika latza izango dugu ezbairik gabe, taberna txiki askok ez baitute modurik »ez eta lekurik, askotan» gune berezia atontzeko. Eta gehienen ustez, erretzea debekatzeak hondamendia ekarriko lieke euren bizibideei.
Urtarrilerako ote?
Neurriok urtarrilaren 1erako iragarrita daude, eta hala jaso dute komunikabide ugarik. EAEko Osasun Sailekoek, baina, zalantzak azaldu dizkigute: "Ez dago jakiterik legea noiz jarriko den indarrean, oraindik eztabaidatzen ari dira eta. Gainera, erretzaileentzako guneak ipintzera behartuko badute, pensatzekoa da epe bat utzi beharko dutela egin beharreko lanak egiteko. Ezin da horma bat egitera behartu egun batetik bestera. Eta ez nolanahiko horma gainera: erretzeko gunea hermetikoki banatuta egon beharko da gainerakotik, bertako aire guztia kalera joan beharko da zuzenean, eta presioak egokituta egon beharko du kanpotik datorren aireak barrukoa bota dezan".
Uzteko tratamenduak
Badaezpada ere, gero eta erretzaile gehiagok erabakitzen du uztea. Lan zaila da, ordea. Nikotinak menpekotasun handia sortzen du erretzaile gehienongan -%5-10 inguru baino ez da gai neke barik uzteko, osasungintzako profesional batek azaldu digunez-, eta borondate hutsa ez da nahikoa askotan. Horregatik, osasungintzak hainbat tratamendu garatu ditu azken urteotan, erabakia hartzen dutenei sufrikarioa arintzeko xedez. Argi eduki behar baita, adituek behin eta berriro gogorarazten dutenez, ezin zaiola sufritu gabe erretzeari utzi; tratamenduak makulu hutsa baino ez dira.
Osakidetza 1994an hasi zen mediku eta erizainei heziketa eskaintzen, haiek erretzeari uzteko tratamenduak eskain zitzaten. Zeregin horretan diharduen erizain batek esan digunez, "ikastaroak hartzea guztiz borondatezkoa da, eta hartu ondoren norberaren lantokian eskaintzea ere bai". Nolanahi ere, EAEko osasun zentro gehienek tratamendua eskaintzen dute. "Eta hala ez bada, erretzaileak Minbiziaren Aurkako Elkartera bidaltzen dira", dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, "haiek hitzarmena baitaukate gurekin. Inor ez da tratamendurik gabe gelditzen". Guztira, medikuntzako 1.500 profesionalek hartu dituzte ikastarook azken hamaika urteetan.
Tratamenduaren lehen urratsa erretzaileak tabakoa uzteko daukan gogoa zenbaterainokoa den jakitea da. Baita menpekotasuna neurtzea ere, bide batez. Horretarako, elkarrizketa batekin hasten da beti. Erretzaileari uzteko dauzkan zergatiez galdetzen zaio, eta testa egiten zaio nikotinari zenbateraino lotuta dagoen jakiteko. Behin hori eginda, mediku edo erizainak tratamendurik egokiena zein den erabakiko du, beti ere aholkuak eta elkarrizketak ardatz nagusia direla. Lan "psikologikoa", nolabait esatearren.
Bide bi: ordezko nikotina eta bupropioa
Gaur egun, tratamendu mota nagusi bi daude: nikotina bidezkoak eta bupropioa. Lehenbizikoak aski ezagunak dira aspaldidanik. Funtsean, erretzaileari nikotina ematen segitzean oinarritzen da -txikleak, adabakiak…-, gero eta dosi txikiagoetan eta guztiz utzi arte. Bupropioa, berriz, berriagoa da. Antidepresiboen taldeko sendagaia da, burmuinean nikotinaren antzera diharduena. Ez du erretzeko gogoa guztiz kentzen, baina dezente arintzen du.
Zaila da tratamenduon arrakasta neurtzea. Adituen ustez, norbait erretzaile ohia dela esateko urtebete eman behar du erre gabe. Baina tratamenduak laburragoak dira ia beti, eta zaila da kontsultategietara ez doazenen berri jakitea. Nolanahi ere, eta EAEko Osasun Sailak adierazi digunez, "%35ak lortzen du lehenengo ahaleginean urtebete erre gabe irautea". Oso portzentaje handia omen da hori. Ea orain, lege berrien akuiluak zirikatuta, handitzen den.