Praktika kulturalak eta nortasun kolektiboak Euskal Herrian" izeneko inkestaren emaitzak aurkeztu berri ditu Euskal Kultur Erakundeak. Horrelako inkestekin gertatu ohi den bezala egoeraren argazki interesgarria agertzearekin batera, galde eta eztabaida franko pizten dira, baita geroari buruzko politikak definitzeko pista batzuk irekitzen ere. Euskararen alorrean ari diren herri mugimenduek nahiz erakunde publikoek atzemanen dituzte emaitza hauetan beren jarduera definitu eta bideratzeko ildoak.
Hala nola, eta datu bakar batzuk aipatzearren, haurrek eskolan euskara ikas dezaten gehiengoaren nahia baieztatzen da. Gisa berean euskara ikasi nahi luketen ehunekoak helduen irakaskuntza indartu eta garatzeko premia erakusten du. Euskarazko toponomia atxiki eta agertzearen alde adostasun zabala nabaritzen da, duela zenbait urte borrokaren bitartez lortu eta oraindik hainbat leku publikotan kalapita iturri gelditzen den euskal izenen presentzia erabat onartu dela frogatuz. Horra hor Iparraldean lanean hasi den Euskararen Erakunde publikoarentzat ausarta izateko arrazoiak. Halere, beste datu batzuek egoeraren larria azpimarratzen dute. Adibidez, hizkuntzaren ezagupen ezak eta presentzia sozial eskasak euskara ikasteko asmorik ez dutenen proportzio handian islatzen dira. Espero dezagun emaitza hauek ez direla goiko apalean egonen.
Izan ere, publikoki agertzen den borondate politikotik errealitatera alde handiegia gelditzen da oraindik. Azken urteetan gertatu bezala, eskola sartzeak tirabirak ekarri ditu berriz ere. Sare guztietako gurasoak, dela publiko, pribatu ala ikastoletakoak mobilizatu dira han-hemenka irakasle postuak atxiki edo irekitzeko, euskarazko irakaskuntza segurtatzeko asmoz. Erakunde publikoak 2006ko sartzea prestatzen ari dela dio, baina gurasoen artean optimistak gutxi dira, Frantziako Hezkunde Nazionalak izan duen orain arteko jokaera ikusita. Bitartean Baionako geltokia berritzeko lanak bukatzen ari dira eta hainbeste ekintzen bitartez aldarrikatua izan zen seinalitika elebidunetik haratago joateko asmoa dute SNCFeko arduradunek. Iragarkiak hiru hizkuntzatan ezarriko omen dituzte: frantsesa, espainola eta ingelesa. Hiru urtez mobilizatu diren euskaltzaleentzat probokazio hutsa, iritzi publikoari mesprezu lotsagabea eta Erakunde publikoari zaflako ederra.
Dena den Iparraldean hizkuntza politikaren gorabeherak parametro soziolinguistikoetan baino, egoera politikoan irakurri behar dira. 90etik hona euskal kultura lehenik eta ondotik hizkuntzaren alorrean gertatu aurrerapenak euskaltzaleen lan eta borrokaz gain beste alorretan ematen diren ukapenen zeharkako ondorio baikorrak ere izan dira. Horrela gertatuko ote da ondoko hilabeteetan? Geroak erranen, baina ezin uka hizkuntza politikak izanen duen bilakaera neurri batean beste faktore batzuek baldintzatzen dutela.
2006an amaituko da Euskal Herriko Hitzarmen berezia, zeinaren bitartez 96/97ko Antolakuntza Eskemako hainbat proiektu diruz lagundu eta bideratu baitziren. Nehork ez daki antzeko dispositiborik izanen denez. Momentu berean, 2007/2013 tarteko Estatu-Akitaniaren Plan hitzarmena finkatzeko negoziazioak hasiko dira, Estatuaren partetik xahutzeen murrizketa joera nabarmena delarik. Kontestu honetan abiatu da joan den uztailean lurralde proiektuari buruzko bigarren fasea. Hemendik ekaina arte jendarteko sektore eta eragile desberdinek gogoetak eramanen dituzte Ipar Euskal Herriko etorkizunari begira eta bereziki ekonomia, osasuna, sozial arloa, garraio bideak eta goiko irakaskuntzari buruz. Helburua argi da: erakundeen arteko negoziazio fase garrantzitsuaren atarian Euskal Herriak bere proiektuak mahai gainean ezartzea.
Gogoeta kudeatzen duen talde eragileak eztabaidak zeharkatuko dituzten hiru dimentsio nagusiak definitu ditu: kostalde/barnealde arteko elkartasuna, mugaz gaindiko harremanak eta garapen jasangarria. Uztaileko ekitaldi publikoan ahots kritiko franko altxatu ziren orain arteko bilanari buruz. Hala nola, lehen fasean indar biziz agertu zen Ipar Euskal Herriarentzat instituzio baten beharra behin eta berriz ukatzeak proiektu konkretuak bideratzeko momentuan zailtasun eta oztopoak biderkatzeaz gain, eragile askoren aldetik etsipena eta desmobilizazioa sortzen ditu. Laburki errateko: "Gure iritzia ez baduzue kontutan hartzen, zergatik denbora galdu gogoetak egiten?".
Ekaina arte bilduko diren lan taldeetan lehen aipatu hiru dimentsioez gain laugarrena agertuko da dudarik gabe, hots, instituzio baten premia proiektua horiek guztiak behar bezala aurrera eramateko. Are gehiago, ondoko asteetan euskal departamenduari buruzko erreferendumaren eskaerak oldar berri bat ezagutuko du. 2003ko deszentralizazio legeak eskaini aukera baliatuz departamenduaren aldeko hautetsiek herritarren artean izen bilketa egin nahi dute, Kontseilu Orokorrari erreferenduma galdegiteko. Lehen urrats gisa eta ekimenari legitimitatea emateko, auzapezen biltzarrak Ipar Euskal Herriko auzapezei galdea sostengatzen dutenez jakiteko kontsulta antolatuko du. Denbora berean hor dugu laborantza mundua, non polarizatzen den gaur egun status quo eta aldaketaren aldeko sektoreen arteko gatazka bizia. Laborantza Ganbara sortu denetik mehatxu, presio eta jukutriak ez dira gelditu Estatuko ordezkarien aldetik. Ageri da afera guztia laborantzako arazoak gaindituz, Estatu arazo politikoa bilakatu dela.
2007/08ko hauteskunde urte garrantzitsuak baino lehen eta tentsioz nahiz erronkaz beteriko panorama horretan Batera plataforma sortu zuten sektoreek nahiko indar izanen ote dute egoeran eragiteko? Argi da, martxan emanen den hizkuntza politika ez da bakarrik aterako Erakunde publikoko aholkularitza batzordetik.