Bittor Kapanaga: «Singularra defendatzeari eman nahi diot geratzen zaizkidan urteak»


2021eko uztailaren 12an

Azken urteotan omenaldiz omenaldi zabiltza, Bittor.

Omenaldiak ez zaizkit asko gustatzen baina...


Sonatuena Mendebalde Kultur Alkarteak 2000. urtean egindakoa izan zen.

Bai, gutxi gorabehera neuk sortu nuen eta!


Ez nekien hori. Zeuk sortu zenuen?

Ni Eibarren nengoela, "bizkaiera" hitza ezin zen erabili ere egin. Batetik, Bizkaia kondenatuta zegoelako, eta, bestetik, euskaraz ezin zelako normaltasunez egin. Orduan, nik proposatu nuen "bizkaiera" hitzaren partez "mendebalde" indartu behar zela. Baina orain Mendebalde Kultur Alkartekoei ere esan diet "mendebalde" alde batera utzi eta "sartalde" erabiltzen hasi behar dela.


A, ulertu dizut elkartea zeuk sortu zenuela!

Ez, ez: ideia eta korrontea Eibarren sortu zen, baina Mendebalde Kultur Alkartean ez nintzen sartu. Esan zidaten baina...
 


Eibarrera ikastera joan zinen, ezta?

Bai. Hango iraultza geuk sortu genuen: Juan San Martin, Imanol Laspiur, Serafin Basauri... Zazpi bat lagun ginen, baina Laspiur eta neu ginen ardatza. Ni nintzen kanpoko bakarra. Euskara zela eta, jende guztia zegoen beldurrez, ezin zen ezertxo ere egin, eta gu euskararen alde lanean hasi ginen, euskal eskolak sortuz-eta. Baina ni autodidakta naiz e!


Ez duzu inongo titulurik, egia da. Baina hori harro egoteko motiboa al da?

Ni harro nago neu izateaz. Dena ikasi dut korrontearen kontra. Hamar urte nituenean, dena zen inperiala, eta guk dena ulertu behar genuen geure erara. Euskalduntasunaren inguruan galduta nengoen, ez neukan horri buruz berba egiteko lagunik. Formazio makala geneukan horretan, baina hamahiru urterekin esnatu egin nintzen: hamahiru urterekin gaur beste nekien. Baina norekin hitz egin? Azkenean, neure buruarekin: guztiari ematen nizkion bueltak, eta horrela deskubritu nuen...


Euskal kontzientzia?

Bai.


Eta zelan deskubritzen du hamahiru urteko ume batek euskal kontzientzia?

Hori da, bada! 1939an, udako oporren ostean, irailaren 1ean, erabaki nuen ez nintzela gehiago joango eskolara. Lotsatia nintzen, baina buruan gauza bat sartzen zitzaidanean... Nik ez nuen inperio baten parte izan nahi, eta liburuak hartu eta behiak zaintzera joan nintzen. Horrela ikasi nuen munduko berri: etniak, hizkuntzak... Eta, irailaren 3an, behiak errekara eraman nituenean, zahar bat ikusi nuen han jarrita, La Gaceta del Norte eskuetan, ikusmena galduta: Otxandioko alkatea izandakoa zen. Esan zidan ea irakurriko nion egunkaria, eta halaxe egin eta konturatu nintzen albiste guztiak zirela II. Mundu Gerrari buruzkoak, orduantxe hasi baitzen. Zaharrak, orduan, diskurtsoa bota zidan: "Gerra hau luzea izango da. Denek uste dute alemaniarrek erraz irabaziko dutela, baina gutxienez bost urte iraungo ditu Gerrak, eta azkenean Ingalaterraren bandoak irabaziko du. Eta Jaungoikoak nahi dezala gure aberria askatzeko unea ere hauxe izatea... Badakizu zein den gure aberria?", galdetu zidan, eta ni ahoa zabalik. Esan zidan: "Zazpi probintzia dira: hiru Frantzian eta lau Espainian, baina gure aberria ez da ez Frantzia ez Espainia". Orduan bai konturatu nintzela zer zen hemen gertatzen zena! Nire barruan iraultza izan zen hori. Munduari beste dimentsio bat hartu nion.


Eta gero Eibarrera...

Eibarrera joan nintzen eta jendeak galdetzen zidan ea non estudiatu nuen, eta nik: "Soroan, behiak zaintzen. Liburu bat hartu eta...". Jendeak ez zidan sinisten, eurak señoritoak baitziren, kolejioetan ikasitakoak.


Garai horretan ezagutu zenuen Joxe Migel Barandiaran?

Barandiaranek asko estimatzen ninduen. Juan San Martini esker ezagutu genuen elkar: euskara gainbehera zihoala-eta, Club Deportivon euskara eskolak jarri behar genituela pentsatu genuen, lehendik esperantoa ere irakasten baitzen han. Eta, egun batean, banekienez Barandiaran etortzekoa zela, eskolak lehenago amaitu eta kalera joan nintzen. Hantxe zegoen, Eibarko ilustre guztiekin batera: herriko alkatea, parrokoa... eta bera erdian. Ikusi ninduenean, keinu egin zidan beragana joateko: "Zerbait daukat zuri esateko", bota zidan, eta urrundu egin ginen. Baina ez zeukan ezer esatekorik! Berak nahi zuena zen jende harengandik apartatzea!


Harreman ona izan zenuen berarekin, hortaz?

Oso ona. Harekin badut anekdotatan! Eta gauza guztietan animatzen ninduen: gairen bat planteatzen banion, esate baterako erlijioari buruz, adi entzuten zidan, eta ikertzen jarraitzera bultzatzen ninduen. Baina, batez ere, euskarari buruz aritzen ginen, orduan ere euskarak bazituen-eta bere arriskuak...


Gaur bezala, atzo ere bai.

Gauza batzuk beti egon dira arriskuan, baina batzuk gaur bereziki daude arriskuan: singularra. Ez duzu nabaritzen?


Esate baterako?

Orduan ere gaurko arazo berberak zeuden: nik, sasoi hartan, Zeruko Argian idazten nuen, eta norbaitek mugagabea deskubritu zuen. Bada, jartzen banuen "25 urteko mutil bat", agertuko zen "25 urtetako mutil bat"; hurrengoan "25 urtedun" idazten nuen, eta "25 urtetako" jartzen zuten berriro. Ez zegoen salbaziorik. Eta hori oraindik ere ikusten da. Orain, estropadekin, zer esanik ez: "Donibane 7 segundora heldu da" esan beharrean, Manu Maritxalarrek beti esango du "7 segundoetara". Gaitz hori idazle eta erredakzio askotan dago sartuta, eta horrek asko hondatzen du euskara. Singularra defendatzeari eman nahi diot geratzen zaizkidan urteak, zeren, euskarak singularra galtzen badu, zentzu guztia galtzen du euskarak. Singularra arriskuan dago, eta horren bultzatzailerik gogorrenak ETB eta Euskadi Irratia dira.


Asko erabiltzen da, bai.

Eta euskarak beste arazo larri bat ere izan du: euskaran, a hizkia singularra da beti, eta e hizkia, berriz, plurala. Forma zaharrak "zare", "gare" eta "dire" ziren, baina euskal lurralde bakoitzak bere erara jokatu zuen: Bizkaian "dire" mantendu da, eta Araban ere hor nonbait. Zuberoan denak singularizatu ziren, "zira", "gira" eta "dira" sortuz; Nafarroa Beherean eta Lapurdin, aldiz, "zare", "gare" eta "dire". Baina Gipuzkoakoa negargarria izan zen: "zera" erabili zen, eta metatesi hori katastrofe bat da. Eta "zera" horrek e hizkia behar zuenez plurala egiteko, "zerate" sortu zen, eta batuak hortik hartu zuen "zarete". Eta "zarete" sortu bazuten, zergatik ez "garete"? Baionako batzar batean, "gare" proposatu nuen baturako aditz forma gisa. Gabriel Arestik eta nik baiezko botoa eman genuen, baina beste guztiek ezezkoa. Badakizu: gipuzkera zen Jainkoaren hizkuntza, eta Jainkoaren hizkuntza beti da sakratua.


Jainkoaren hizkuntza?

Jainkoak sortu egiten dira, eta, sortzen ez badira, sortu egiten ditugu. Hemen ere egon dira Jainko faltsuak, eta bat, argi esateko, Mitxelena izan zen. Euskara ez zuen ondo ezagutzen: latina maite eta latina bizi zuen.


Jendeak ez du jakingo Bagare (Araban bagare...) kantua zeuk idatzitakoa dela. Giro horren barruan idatziko zenuen, beraz.

Araban nahiko bizirik geratu zen forma hori, baina euskara azkenetan zegoen. Kantua idatzi nuen arabarrei indar apur bat emateko, zeren, gainera, Otxandion arabarrez egiten dugu. Badakizu zer gertatzen den? Bada, zuk etxean pertsona piloa baduzu eta bat gaixorik badago, batez ere gaixorik dagoen horri egin behar diozula kasu. Eta Araba gaixorik zegoen. Gorka Knörrek Araba, zazpigarren alaba kantatzen zuen, baina behin esan nion: "Araba, zazpigarren alaba ez: Araba, euskararen semerik zaharrena da, baina elbarria".


Bistan da oso hurbiletik jarraitzen dituzula euskalkiak. Zelan elikatu behar dute elkar euskalkiek eta batuak?

Oso zaila da. Batuaren sorreran astakeria asko egin zen, eta orain kitatu nahian dabiltza. Euskarak baditu zenbait zutabe; bada, horietako dozena bat batuz gero, on itzela egin diezaiokegu euskara batuari... baina nork batu zutabeok? Hortxe dago koska. Telebista eta irratia garrantzitsuak izan daitezke prozesu horretan, gauzak ondo eginez gero: esate baterako, medio horietan bizkaiera darabilten pertsonak asko dira, baina ez da kontuan hartu Eibar, Elgoibar, Markina edo Mondragoe inguruko jendea. Horiek euskaldun onak dira, euskararen jenioa barrutik bizi dutenak.


1978an liburu bat ere argitaratu zenuen, Euskera erro eta gara.

Dudan egon nintzen euskaraz ala gaztelaniaz idatzi, eta erratu egin nintzen: euskaraz idatzi nuen.


Euskarazko hitz piloaren etimologia aztertu zenuen hor...

Liburu hori misterio bat da: ez du inork ere ulertzen. Badaukat beste liburutxo bat ere idatzita, Initza, baina argitaratu barik. Orain, Otxandioko gazte batzuek web orri bat egingo didate, eta bertan jarriko dugu testu hori. Baina bestea, Erro eta gara, hil baino lehen gaztelaniaz idatzi beharko nuke, esplikatzeko zer esan nahi nuen. Gaztelaniak eragin handia dauka gure "jakitunen" artean.


Errebeldea zara, gero!

Rebelde por rebelde ez: nik nire ideiak ditut eta ez naiz makurtzen. Beste batzuk zutitu ere ez dira egiten, baina ni ez naiz makurtzen.


Ez zaude nekatuta beti besteek onartzen ez dutena defendatzen, beti korrontearen kontra?

Ni ez noa kontra, eurak doaz! Kausa galduen aldeko sinpatia beti izan dut: baina, lehenengo eta behin, arrazoia non dagoen bilatu behar da, eta arrazoia baduzu, aurrera. Laguntza barik nabil arriskuei aurre egiten, bakar-bakarrik. Baina arriskuak harrizko arrisku bihurtu dira. Jendeak beldurra dio arriskuei aurre egiteari, eta, beldurraren beldurraz, Euskal Herriak ez du zirkinik egiten.


Zure beste borroketako bat Olentzaro hitza defendatzea izan da, Olentzeroren aurrean.

Gipuzkoan, -ero atzizkiak indar handia dauka, gaztelaniaren eraginez. "Albaitari" hitza ontzat ematen dut, nahiz eta, izatez, euskaraz "albaitera" izan; baina Gipuzkoan "albaitero" esaten dute! Hortik datoz, gero, "gezurtero" eta horrelakoak... Ez dira konturatzen gaztelania dena. Eta Olentzero hitza ere hortik sortu zen, baina Barandiaranek berak ere Olentzaro erabiltzen zuen. Hala ere, ez zekien hitz horrek festa-aro bat islatzen duela, eta orduan neuk aurkitu nuen "oles" hitza bertsoa dela, eta hortik datorrela "oleskari" ere. Oles egiteko aroa zen, beraz. Barandiarani horren berri eman nionean, orduan konturatu zen: baietz esan zidan, horixe zela.


Autodidakta zara, ez duzu titulurik, lehen ere esan dugu. Baina zer jarri beharko nuke zure izenaren alboan, zer zaren definitzeko?

Zer naizen? Euskaldun bat, orpotik bururaino, eta kontsekuentea. Lehen, askok eta askok agurrik ere ez zidaten egiten, euskararen defendatzailea nintzelako. Orain, eurak ilobekin ibiltzen dira, eta, jakina, ni albotik pasatzen naizenean, euskaraz di-da hasten dira umeekin, entzun diezaiedan.


Zelan nahiko zenuke jendeak gogora zaitzan?

Eskerrik asko galdetzeagatik baina... Ondo ezagutzen nautenek gogoratuko dute lar mantsoa, lar apala izan naizela. Dena dela, askok gogoratu ezta ere, ardurarik ez. Bien bitartean, ni saiatuko naiz euskararen arriskuen kontra egiten, jendeak beldur apur bat izan diezadan, kar-kar...


Eta zu, inoiz izan zara beldur?

Oso beldurtia izan naiz, izatez.


Euskarari buruzko batzarretan ere bai, Mitxelena aurrean zeneukanean?

Ez, orduan ez. Horrelakoetan, beldurra baino, adore falta izan dut. Orain, denboran atzera egingo banu, gogorrago egingo nuke. Baina orain beste batzuk sartu dira, eta erretiratzen ere jakin behar da.

Akelarrea
«Txitxiburduntzia akelarrea adierazteko eufemismo bat da, besterik ez. Txitxia okela da, eta burduntzia, berriz, okela sutara hurbiltzeko makila. Beraz, akelarre izan beharrean, okelarre da jatorrizko hitza. Izan ere, akerra ez zen hemengo elementua, Europatik sartutakoa baino. Europan deabrua akerra zen, baina hemengo txitxiburduntzian ez zegoen akerrik: bildots errea jaten zen».

Oteiza
«Oteiza bluff bat izan zen. Ez genuen elkar ezagutzen, baina, egun batean Otxandiora etorri zen Itziar emaztearekin. Bat-batean agertu zen, inongo azalpenik eman gabe, eta hiru egunez egon ginen hirurok etxean sartuta. Konturatu nintzen Oteiza nire deskubrimenduez jabetzera etorri zela, gero berak erabiltzeko. Baina ez nizkion eman: hiru arlori buruzko teoriak nituen, eta arlo bakarra azaldu nion. Horregatik, El euskera preindoeuropeo idatzi zuenean, lan hura herren irten zitzaion».

Bertsoa
Doinua: Hamalau heriotzena

Beti euskararekin,
beti gogoetan,
eta ikusi duzu
arazo bat bertan.
Singularra al dago
baldintza txarretan,
galtzeko arriskuan
forma okerretan?
Gizartearen antza
badauka horretan!

Nortasun agiria
Bittor Kapanaga Otxandion jaio zen 1925eko urriaren 15ean. Euskal kontzientzia hamahiru urterekin eskuratuta, Eibarrera joan zen industria-maisu ikasketak egitera, eta, bertan zela, 1952 inguruan, Eibarko gerraosteko euskal mugimendua sortu zuen beste zenbait euskaltzalerekin batera. 1953an Euzko Gogoa aldizkarian idazten hasi zen, eta, gero, Zeruko Argian eta beste hainbat argitalpenetan. 1978an Euskera erro eta gara liburua argitaratu zuen, gure hizkuntzaren erroen bila joanda.

Eukaltzaindia
«Ez naiz euskaltzaina, ez urgazlea ez ezer. Nahi ere ez. Gaur ezin da planteatu ere egin, 80 urterekin; baina lehenago bai proposatu zidaten, eta ez nuen nahi izan. Behin artikulu bat idatzi nuen Euskaltzaindiako izendapenak-eta zelan egiten diren azalduz, hango barruak ezagutzen nituen-eta. Horrek efektu txarra egin zuen eta puntu piloa galdu nuen hor, kar-kar... Baina euskaltzainekin-eta ondo konpontzen naiz. Andolin Eguzkitzaren heriotza kolpe handia izan zen niretzat».


Azkenak
Osakidetzan euskaldunak identifikatuta: arta euskaraz bermatzeko bidean pauso bat?

Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]


“Udalak onartu duen HAPOaren ondorioz, Kabia egoera ezegonkorrean dago”

Kabia gune okupatuaren 19. urteurrena ospatzeko jarduerak egingo dituzte gaurtik domekara bitartean, apirilaren 24tik 26ra. Bi hamarkada betetzear dagoen gune autogestionatu honek hainbat gorabehera izan ditu bere ibilbidean, eta, Udala bultzatzen ari den Hiria Antolatzeko Plan... [+]


Anestesia, Delirium Tremens, Zea Mays, Talco, Zetak eta Naxker Hatortxu Rockeko iragarpen berrien artean

24 talde berri iragarri ditu Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak. 63 talde iragarri dituzte dagoeneko eta guztira, 100 talde izango dira jaialdiko bost eszenatokietan.


Izaki Gardenak
Kantuak euria atertu zuenekoa

Izaki Gardenak
Noiz: apirilaren 20an.
Non: Iruñeko Gazteluko Plazan.

-----------------------------------------------

Ordu erdia baino ez da falta Iruñeko Gazteluko Plazan kontzertua hasteko; baina erdi hutsik da oraindik, euria ari baitu. Porlanezkoa nahiz ez den,... [+]


Trumpek gelditzeko eskatu dio Putini, eta Errusiak dio bake akordiorako ia prest dagoela

Zelenskiri Ukrainako gerra amaitu behar duen bake akordioa "arriskuan" jartzea leporatu ostean, Putini egin dio errieta Trumpek bere sare sozial Truth Socialen. Sergei Lavrov Atzerri Ministroak adierazi du bake akordioa adosteko prest dagoela Errusia. Kievek jakinarazi... [+]


Eguneko zentro publiko baten beharra aldarrikatu dute Uribe Kostako herritarrek

Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.


2025-04-25 | Enbata
Herriek (ere) asko egin dezakete euskararen alde

2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbata-k. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko. Hilabete honetan, Herriko Etxeek euskararen alde egin... [+]


2025-04-25 | Aiaraldea
Baso Erresilentea proiektua martxan, mendietako jasangarritasunaren mesedetan

Urduñako 2022-2042 Onura Publikoko Mendia Antolatzeko Planaren parte da ekintza, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren babesa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren laguntza jaso du.


Frantziako lehen ministroaren alabak ere salatu du “bortizki jipoitu” zutela Betharramgo ikastetxean

Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]


Analisia
Denok gaude katean

Urtarrilaren 29an, gaur egungo mundu berekoi honetan ohituta ez gauden zerbait gertatu zen Laudioko Guardian lantegiaren atarian. Zuzendaritzak hango labea itzaltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horri aurre egiteko, langileek atea blokeatu zuten pankarten bidez. Baina ez zeuden... [+]


Espainiako Gobernuak atzera egin du Israelgo balen erosketan

Israelgo IMI Systems enpresarekin Espainiako Barne Ministerioak egindako bala erosketa bertan behera uztea agindu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak. PSOEren eta Sumar-en arteko gobernu koalizioan zegoen apurketa arriskua baretu du erabakiak.


‘Elgarrekin’ lelopean ospatuko dute aurtengo Herri Urrats maiatzaren 11n

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.


Aurrekontu militarren handitzea salatzeko bizikleta martxa egingo dute Bilbon

Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]


Artzain Egun jendetsua, Ordizian

Aurten 1.500 ardi inguruk zeharkatu dute Kale Nagusia, bost artaldetan banatuta. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da, udaletxean. Garena Jatetxeko Julen Bazek eta Peli Perez de Anuzitak moztu dute gazta.


MADDI OIHENART
“Kantuen ikastez hasi nintzen euskara ikasten”

1997an plazaratu zuen Maddi Oihenartek (Barkoxe, 1956) lehen diska, Lurralde zilarra, Mixel Arotze eta Mixel Etxekoparrekin batera. Txiki-txikia zenetik barrenean dituen paisaiak, isiltasunak eta soinuak partekatzen dizkigu kantuan ari denean. Kantatzean aurreko ahotsen... [+]


Eguneraketa berriak daude