Magoak: ilusio sortzaileak


2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Magoak artistak dira, edo aktoreak, edo psikologoak edo hirurak aldi berean; pertsona magikoak dira hein batean: ezinezkoa »dirudiena, akaso», harrigarriena errealitate bihurtzeko abilezia dute, eskuekin, aurpegiarekin, hitzekin. Berbekin sorginduta utzi gaituzte, txundituta; harri eta zur geratu baikara telefono bidezko solasaldien ondoren, aurrean ez edukita ere, batek daki nola, hurkoa aho zabalik uzteko modua bilatzen baitute.

Marsel magoak -Aitor Marcilla "azti abitua" kentzen duenean- urteak daramatza ilusioa sortzen: "12 urterekin hasi nintzen; baina saioekin, profesional modura, 15 urterekin. Orain 30 ditut, pentsa". Eta hori nabaritu egiten da: "Telefono bidez magia egin ote daitekeen? Noski! Orain hori azaltzen duen liburu bat dut eskuartean", esan digu. "Edozein gauzarekin egin daiteke magia, baita elementu sinpleenarekin ere", azpimarratu digu.

Edozeinekin ez ezik, edonoiz murgildu gaitezke magiaren munduan. Hala dio behintzat Txispi magoak (Miren Lazkoz). Irakaslea da lanbidez eta magia zaletasun izaki, eskolan ere abilezia berezi hau erabiltzen duela aitortu digu. "Trikimailuak egiten dizkiet ikasleei; ez egunero, batzuetan. Trukuak bakarrik ez, ahotsa modu berezian erabiltzen dut, antzerki pixka bat egin...", kontatu du irriño batekin.

Txan magoak (Xanti Antero) ez du apenas aurkezpenik behar, oholtza gainean aurrena, telebistan gero eta ume eta heldu askoren bihotzean izan den eta dagoen donostiarra da. Interpretazioa maite zuela konturatu zen, artean gaztea zelarik ,eta geroxeago sartu zitzaion magiaren harra: "Interpretazioa betidanik gustatu zait asko. Halako baten ikusi nuen magiak eta interpretazioak bat egiten zutela nirekin eta horrela hasi nintzen".


Ehundik gora mago

Hirurekin mintzatu gara, baina dozenaka genituen aukeran. Izan ere, zaletasuna handitzen joan den heinean -tradizio txikiko jarduera da magia gure herrian-, gero eta mago gehiago dago Euskal Herrian. Gehienak herrialde bakoitzean dauden elkarteetara biltzen dira; Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ilusionismo elkarte bana baitago. Ipar Euskal Herrian, ordea, ez dago halakorik, ez behintzat modu antolatuan. Bizkaikoa da guztietan beteranoena, 70eko hamarkadan sortu baitzen, eta gerora sortu ziren gainerakoak. Magoak astean behin biltzen dira euren ezagutza elkar trukatzeko, trikimailuak entseatzeko edota ikastaroak eta jardunaldiak antolatzeko. Horren adibide, orain urte batzuk Espainiako Estatuko magia topaketak antolatu zituen Xixka Gipuzkoako ilusionismo elkarteak Kursaal aretoan. "Oso arrakastatsuak izan ziren, baina orain dela hilabete pare bat bukatu genuen pufoa ordaintzen. Oso laguntza gutxi jaso genuen eta Kursaala alokatzeko dirua gure poltsikotik jarri dugu!", azaldu digu Txan magoak.



Diruarekin ezin magiarik egin

Hori da, hain zuzen ere, mago gehienen patua: sosak izan beharrean, zorrak edukitzea. Bada, halere, lanbidea ikuspuntu erromantikotik begiratzen duenik ere. Horietakoa dugu Marsel magoa: "Nik beti esaten dut lan honetan diruaren kontua alde batera utzi behar dela. Gustatzen bazaizu, azkenean moldatu egiten zara. Bizimodu ezberdina da, dudarik gabe, ez duzu nominarik, ez soldata finkorik; hilabete batean saio asko duzu eta beste batean hortxe-hortxe ibiltzen zara".

Are kritikoagoa ageri zaigu Txan magoa, edo kasu honetan Xanti Antero langilea. "Ni bai ni "autonomazo"! Autonomoa naiz orain dela urte mordotik. Magook ez daukagu inolako laguntzarik, negozioa ondo joango balitz ulertuko nuke, baina ikusita nola ibiltzen garen... Penagarria da! Agintariek pentsatzen dute magia umeen kontua dela eta bost axola! Magoak ere langileak gara eta kultura mugitzen dugu, baina halere, oso utzita gaude. Kanpora, Espainia aldera, joatekoa naiz, hemen ez dago lanik-eta", esan digu haserre.

Mago euskaldunek erdaldunek baino lan eskaintza gehiago dutela esan daiteke, kopuruz gutxiago dira, gainera. Euskarazko magia egiten aitzindarietako bat izan zen bere garaian Txan magoa. Hizkuntzaren alorrean dena zegoen asmatzeke: nola esan gazteleraz hain ezagunak diren abracadabra edo varita? "Batzuetan nik asmatzen nuen terminoa eta beste batzuetan, ba... hanka sartzen nuen, askotan saioa bukatzean, norbait hurbiltzen zitzaidan eta esaten zidan: hau horrela ez da esaten, beste erara esaten da", kontatu digu Txanek. Termino jakin batzuk sortzeaz gain, umorea egiteko erdarara jo behar izate horren kontra egin behar izan dute mago euskaldunek.


Magia potagia jokoa baino haratago

Oztopoak oztopo, aurrera egin dute gure magoek, ikasten jo eta su ibili ondoren, batez ere. Bistan denez, saio bikaina egiteko luze entseatu behar dute ilusionistek eta horretan, ikasten, harrapatu dugu Marsel magoa: "Opor gutxi hartzen dut nik, esan nahi dut saio batean ez nagoenean trikimailuak egiten edo entseatzen ari naizela. Bizitzeko modua da niretzat, beti nabil ideia berriak pentsatzen, ikasten eta ikertzen; azkenean bizitza osoa ematen dut magia buruan", esan digu.

Gehienek liburuak izan dituzte ikasketa lagun: "Mila liburu baino gehiago ditut etxeko liburutegian; ez dira diruditen bezain hotzak. Izan ere, liburuan teknika agertzen da baina gero zuk hori interpretatu behar duzu; eleberri batean oinarrituta, filma egitea bezala da; askotan testu bera bi zinemagilek hartuta, oso pelikula diferentea ateratzen da, bada magian berdin", arrazoitu du Marselek. Gainerakoan, bideoak, jardunaldiak eta, batez ere, beste mago batzuk izan dituzte hobetzeko tresna. "Nire ustez azken horrek garrantzi handia du: taldean bazaude, ideia berriak sortzen dira, errazagoa da, gehiago motibatzen zara eta guztion artean landu daitezke teknikak", nabarmendu du Marselek.

Eta teknika aipatuta, galdera etorri zaigu burura. Magoen lanbidean zerk du garrantzi gehien trikimailua edo horri dagokion interpretazioa, aurkezpena? "Nik adibidez landuagoa dut showman aldea, gazte-gaztetatik koadrilako bufoia izan naiz, horrek asko izorratu nau ikastolako garaietan, baina gero asko lagundu dit oholtza gainera igotzeko", azaldu digu Txan magoak irribarrea ezpainetan.

Honakoa gaineratu du Marselek: "Teknika inportantea da, azken batean horretan datzalako trukua baina magiaren atzean gauza asko daude, teknika psikologikoak esaterako".


Helduen neurrira egindakoa

Magiaren gakoetako batekin egin dugu topo: psikologia. Magoak psikologoak dira hein batean; izan ere magia psikologian oinarrituta dago. Ezinezkoa den zer edo zer egiteko kapaz dira aztiak, logikaren kontrako jarduerak egiten dituzte eta horrek barne-gatazka sortzen du helduaren buruarengan. Hala azaltzen du Marsel magoak: "Normalean saio bat ikusten dugunean, beti bilatzen dugu esplikazio bat. Txanpon bat nire eskuan jarri eta desagerrarazten badut, ikusleak esango du: ‘nola da posible?’ eta gatazka emozionala delakoa sortuko da".

Umeekin, berriz, ez da halakorik gertatzen. Haurrak aurreiritzi gabekoak dira, magian sinesten dute. "Umeei planteamendu magiko bat egitean, 'ba noski, zu magoa zara!' esango dute, baina heldu bati sinestezina egingo zaio, bere eskema guztiak apurtuko dituzu eta orduan txalo bikain bat eskainiko dizu", esplikatu digu Txanek.

Hortaz, uste denaren kontrara, magia helduentzat egina dago. Merkatuak, baina, haurrak ditu oinarri eta mago askok, Txanek berak tarteko, bestelakoa aldarrikatzen dute. "Nik umeei asko zor diet, saioen %80 umeentzat egiten baitut, baina saiatzen ari naiz irudi hori aldatzen; umeentzako magia baztertu gabe, helduei pixka bat gehiago hurbiltzen", azaldu digu. Zeregin hori magoei beraiei dagokie, Txanen iritzian: "Magook eman behar diogu prestigioa magiari; uste dut oso desprestigiatuta dagoela, helduek pentsatzen baitute magia umeen kontua dela, txorakeria dela. Askotan helduren bat etorri zait saioa amaitzean esanez: 'Aizu, niri ez zitzaidan magia gustatzen eta hunkitu egin naiz!'. 'Hori da magia', erantzun diot nik".

Heldu zein ume, denok behar dugu magia, hori esan digu behintzat Txispi magoak: "Mundu honetan bizitzeko, magia ez dut esango, baina ilusioa behar duzu aurrera egiteko eta magia eta ilusioa oso hurbil daude".

Laguntzaile baino, protagonista
Txispi magoa da, afizioz edo adikzioz, txikitatik izan baitu magiarekiko grina. Trikimailuak egitea, publikoa bere egitea, ilusioa sortzea du zeregin taula gainera igotzen denean; batzuetan, baina, harridura sortzen du: Txispi emakumea da, Miren Lazkoz gipuzkoarrak haragitzen du. Magia munduan emakumeak partenaire, laguntzaile gisa agertu izan dira beti, magoak »gizonezkoak» kutxa barruan sartu eta erdibana mozten zituena edo ilusionistak lortutako abilezia txalotzen zuen lehena izaten zen. Lazkozi, baina, ez zaizkio halakoak gustatzen: "Nik neuk egin nahi dut magia, horretan murgilduta egotea gustatzen zait", esan digu. Mago lagun bati esker, Xixka Gipuzkoako Ilusionismo elkartera bildu zen orain sei urte eta gustura dago han: "Magia gizonen mundua dela esango du askok baina nik ez dut horrela hartzen, gizonak badaude egon daitezela, ez dut arazorik". Saioak lortzeko orduan, gainera, emakume izateak oztopatu baino, lagundu egiten omen dio. "Batzuetan berezia iruditzen zaienez, hartzen naute, 'Begira! Emakumea da, eta zergatik ez?' esaten dute eta kontratatzen naute. Hasieran, dena den, arraroa da, baina gero konturatzen dira emakumeok egin dezakegula".

Gasteiz, magiaren hiriburu
Hala izango da, behinik behin, irailaren 15etik 18ra. Egunotan Magialdia 2005 hartuko baitu Arabako hiriburuak, hau da, XII. nazioarteko magia jardunaldiak. Urteroko zitari jarraiki, magiari buruzko hitzaldiak, magia erakustaldiak, produktu magikoak aurkitzeko azoka berezia eta garrantzitsuena, nazioartean sona eta abilezia handien duten magoak ikusteko aukera. Munduko txoko guztietatik etorritako dira gonbidatuak, besteak beste, Lennart Green Suediatik, Vik & Fabrini Brasildik, David & Dania AEBetatik eta Jorgos-Katsaros Greziatik.


ASTEKARIA
2005eko irailaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Arkaitz Zarraga Azumendi
#2
#3
Ane Ablanedo Larrion
#4
Karmelo Landa
Azoka
Azkenak
Legebiltzarrak 1936ko biktimen legea aldatu du, Erorien Monumentu birmoldatzeko

33/2013 Foru Legeari Xedapen gehigarri bat gehitu zaio datozen aldaketak gauzatu ahal izateko, eta horren bidez ahalbidetzen da “erregimen frankistaren garaipenaren gorespenezkoak gertatzen diren zati sinbolikoak erretiratzea eta kupularen barnealdeko margolanak... [+]


Bi eskumen berri bere gain hartu ditu Jaurlaritzak: atzerritarren lan-baimena eta meteorologia-zerbitzua

2025 amaitu baino lehen Gernikako Estatutuan jasotzen diren eskumen guztiak izatea espero du Jaurlaritzak. Oraindik 25 eskumen falta dira. Transferentzia Batzordea aurreko astean biltzekoa zen baina "agenda arazoak" zirela eta atzeratu zuten. 


Duplak egin du aurtengo Herri Urratseko abestia

Azken dantza hau izena du Duplak egin duen aurtengo abestiak eta Senpereko lakuan grabatu zuten bideoklipa. Dantzari, guraso zein umeen artean azaldu ziren Pantxoa eta Peio ere. Bideoklipa laugarrengo saiakeran egin zen. 


2025-03-06 | Haizea Isasa
Kasu, ez gitxu lo!

“Kasu, ez gitxu lo!”. Gure denbora eta manerekin baina heldu gira.

Azaroaren 25ean Baionako elgarretaratzera joan ez joan eta autoak nola partekatu pentsatzetik (joan-jina bi oren), bat-batean Lartzabalen elgarretaratze bat antolatu genuen, eta 47 emazte bildu!... [+]


Eskuin muturrarekin lotura duen alemaniar batek egin zuen Manheim hiriko auto harrapaketa, ez etorkin batek

Alemaniako Poliziak asteleheneko gertakariaren arrazoiak "politikoak" zirela baztertu duen arren, 35 urteko Alexander Scheuermann Ring Bund talde neonaziko kide zen. Bi hildako eta hamar zauritu utzi dituen atentatuaren egileak sare sozialetan "gorroto mezuak"... [+]


2025-03-06 | Mara Altuna Díaz
Mary Kim Laragan-Uranga, AEB-etako euskalduna eta AEK-ko ikaslea
“Euskara ikasten dut AEBetara emigratu zuten nire aitona-amonen ahalegina eta sustraiak ohoratzeko”

“Bi pertsona mota daude munduan: euskaldunak, batetik, eta euskaldunak izan nahiko luketenak, bestetik”. Gaztea zela, Mary Kim Laragan-Urangak maiz entzuten omen zuen horrelako zerbait, Idahon (AEBak), hain zuzen. Ameriketan jaio, hazi, hezi eta bizi izandakoak 70... [+]


Feminismo antimilitarista: ezinbesteko borroka Martxoaren 8an eta beti

Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, munduan zehar milioika emakumeontzat berdintasuna, eskubideak eta justizia eskatzeko borroka eguna da. Hala ere, gerrek, gatazkek eta politika militaristen hazkundeak markatutako testuinguru global batean, inoiz baino premiazkoagoa da... [+]


Manu Ayerdiren kontrako auzia behin betiko artxibatu dute, instrukzioa epez kanpo luzatu zelako

Geroa Baiko lehendakari eta Nafarroako lehendakariorde izandakoa enpresa bati 2,6 milioi euroko diru-laguntzak ustez modu irregularrean emateagatik zegoen auzipetuta, Davalor auzia deiturikoan. Nafarroako Probintzia Auzitegiak erabaki du auzia behin betiko artxibatzea, legalki... [+]


Feminista sindikalista ala sindikalista feminista

Nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1977an nazioarteko egun bat bezala deklaratu zuen eta haren jatorriaren hipotesi ezberdinak diren, Martxoaren 8aren iturria berez emazte langileen mugimenduari lotua da.


Bilgune Feministak Iratxe Sorzabal babestu du
“Indarkeria matxistaren beste adierazpen bat da tortura, urtez luzez estatuek babestua”

Euskal Herriko Bilgune Feministak deituta elkarretaratzea egin dute Hernanin Iratxe Sorzabali elkartasuna adierazi eta "babes osoa" emateko. Inkomunikatuta egon zen uneak berriz ere epailearen aurrean kontatu behar izatea, "bizi izandakoak utzitako ondorioen... [+]


Emakume bat lehen aldiz Lantzeko inauterietako Ziripot pertsonaia izan da

Lantzeko inauteri txikien kalejira ikusle guztien begietara urtero modukoa izan zen. Txatxoak, Zaldiko, Ziripot eta Miel Otxin herriko ostatuko ganbaratik jaitsi eta herritik barna bira egin zuten txistularien laguntzarekin. Askok, ordea, ez zekiten une historiko bat bizitzen... [+]


2025-03-06 | Gedar
Apirilaren 4an desalojatu nahi dute Bilboko Etxarri II Gaztetxea

Errekaldeko Gaztetxearen aurkako huste-agindua heldu da jadanik. Espazioa defendatzera deitu dute bertako kideek.


Vesubioren erupzioak garun bat kristalizatu zuela frogatu dute

79. urtean, Vesubio sumendiaren erupzioak errautsez eta arrokaz estali zituen Ponpeia eta Herkulano hiriak eta hango biztanleak. Aurkikuntza arkeologiko ugari egin dira hondakinetan; tartean, 2018an, gorpuzki batzuk aztertu zituzten berriro, eta ikusi zuten gizon baten garuna... [+]


Eskolak ematen hasi da berriz mezu arrazista eta transfoboengatik ikertutako EHUko irakaslea

Leporaturikoa ez onarturik, eta sare sozialetako kontuak "lapurtu" zizkiotela erranik, salaketa jarri zuen Arabako campuseko Farmazia Fakultateko irakasleak. Gernikako auzitegiak ondorioztatu du ez dagoela modurik frogatzeko mezu horiek berak idatzitakoak diren ala ez.


“Hitzarmen duin bat lortzeko” mobilizazioak iragarri dituzte ‘Diario de Noticias de Álava’ko langileek

Lan baldintzen "prekarietatea" salatzeko kontzentrazioa egin zuten asteartean egunkariaren egoitzaren aurrean. Abenduaren 2tik sindaura greban daude langileak eta mobizlizazioak "areagotzea" erabaki dute orain.
 

 


Eguneraketa berriak daude