Juan Carlos Perez: «Itoiz-en lehenengo letrak barregarriak dira»

  • Itoiz esan eta esana dago dena. Ederra, gezurra ez balitz. Orain hogei urteko kontuak dira. Kantuak egiten, jendea gozarazten, arrakastaren formula ikasi zuten. Gero... errepikatu besterik ez zuten, ur gaineko bitsetan bizi. Ordea, Juan Carlos Perezi ez zitzaion errepikatzea interesatzen. Ez lehen, ez orain. Bide berri bila abiatu zen orduan, eta bide berri bila ari da oraindik, askatasunez. Rock eta pop doinuek oihartzun ezberdinak dituzte artistaren baitan gaur egun. "Kultuagoak", nahi izanez gero. Kontuan hartu beharreko bide jenialak betiere.

2021eko uztailaren 28an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Elkarrizketa egiteko oztoporik ez duzu izan, baina izan duzu. Alegia, letra idatziaren testuinguruaren falta...
Edadearen kontuak izango dira. Nork bere burua gordetzeko gero eta gogo handiagoa. Ez dakit. Alde batetik, hori. Bestetik, idaztea ez da hitz egitea. Idatzia ez da benetako elkarrizketa. Elkarrizketan testuingurua, keinuak eta dena ditugu. Idatzian ez. Alde horretatik, idatzia ez da benetakoa... Baina grabazioa -musikarenaz, ari naiz-, ezta ere! Ez dira benetakoak, ez dira naturalak: tranpak egiten dira, eta tranpak egin behar ditugu geuk ere. Benetakoa, orain egiten ari garena da, hitz egin. Gero, idatziz agertuko dena… titular bat, edo zernahi. Nire problema da elkarrizketa bat edo dena delakoa argitaratu, hurrena kalera irten ogitara eta pentsatzen dudala: "Txo! Atzo zer esan zenuen?". Horixe. Horregatik, gero eta gehiago zaintzen dut medioetan azaltzea. Alfergura ere bada. Igoal, garai batekoa gehiegizkoa izan zelako. Horregatik ere bai…

Elkarrizketa hau prestatzen zure Atlantic River ibili dizut automobilean aspaldian. Musika horrek antolatu dit, gutxi gorabehera, elkarrizketa. Baina ez dakit zuk zein musika jarriko zenukeen elkarrizketa honen atzean?
Nire barruan, oraintxe, soinurik gabekoa da musika. Aspaldi buru-belarri sartuta ari naiz musika lanetan, baina ez nahitaez soinuari loturik. Sekula baino gehiago ikertzen dut musika, baina gutxi kontsumitzen. Musika egiten ari naiz etengabe, baina oso gutxitan entzuten dut disko bat, adibidez. Gehienez ere, Bob Dylan, autoan noanean, eta kristoren plazera da niretzat. Baina besterik ez. Elkarrizketa honen azpian? Ez dut musika bat jartzen asmatuko. Ez dut irudikatzen. Behar ere ez dut. Horregatik dauzkat problemak orain egiten dudan musikarekin: ez doaz eta plaza batera, plano espekulatiboan geratzen dira.

Zuk esana da musika ulertzeko modu bat bera dagoela zure lehen garai bateko lanetan, eta gaur egungo konposizioetan...
"Lehengo musika" Itoiz da, jakina. Baina Itoizen bertan, bi talde dira: Indar Trabes » Itoiz, hau da, Ezekiel disko artekoa», eta geroko Itoiz, pop, rock, eta hori dena. Orain lehenengo Itoiz hartara noa: musika dago bertan, ez kantu-jeneroa. »Kantuak egiten gero ikasi genuen. Horrek egin gintuen ezagunak». Baina lehenengo Itoiz hura askoz ere gehiago zen Arty eta, horri dagokionez, prisma berdinetik ikusten dut musika gaur egun ere. Hamazazpi-hemezortzi urterekin nuen espiritu berdinarekin hurbiltzen naiz musikara. Garai hartan egiten genituen entseguak, Ondarroako portuan egiten genituenak, arteari buruzko eztabaidak ziren: dena zen oso freskoa, musika egitea zen helburu, ez besterik. Bigarren Itoiz geroago etorri zen: baliabideak zein ziren ikasi genuen, zerk balio zuen eta zerk ez… Musika modu hark funtzionatzen zuen, ondo funtzionatu ere, baina ez zen aurrekoa bezain zintzoa. Ni, musika egiteko aurreko espiritu harekin ari naiz lanean: Indar Trabes-Itoiz.

Zein musika formazio zenuen orduan?
Herrietan ohi zena: oinarrizkoa. Solfeoa, eta musika-tresna. Txikitandik izan nuen nik afizioa eta, inori esan gabe, herriko akademiara joan nintzen. Solfeo ikasten eta lehenengo tresna jotzen hasten zinen han, herriko bandan jotzeko gero; hau da, klarinetea. Hamasei urterekin, beste lagun batzuekin elkartzen hasten zara, popa eta rocka azaltzen dira »artean, urrutiko fenomeno bezala», eta horrela, poliki-poliki. "Lagun batzuekin elkartzen" esan dut, baina herri bakoitzean lau-bost ziren, ez gehiago. Rockak, nork bere gauzak egiteko libertatea ematen dizu. Ikaskuntza arautu bat izanez gero, baliteke zazpi edo zortzi urtean musika ikastea, baina ezer ez sortzea. Rockak askatasuna eta lasaitasuna ematen dizkizu: zeure erara eratzen duzu taldea, eta zeure erako musika egiten duzu. Ikuspegi artistikotik oso interesantea da rock-a. Eta hor, intuizioa azaltzen hasten da. Bitala, intuizioa.

Urte asko pasa dira ordutik. Asko…
Hogeita hamar bat. Gu oso gazte hasi ginen.

… Eta urte hauetan erabat sakondu duzu musika ikasketetan. Jakin nahiko nuke gaur egun egiten duzun musikan ba ote duzun oraintxe aipatu didazun libertate hori, rockak ematen zizuna, alegia.
Interesgarria da gai hori. Are gehiago, horretan naiz egunero. Kontu horri bueltak ematen. Garai batean intuizioz egin genuen gure lana, gazteari dagokion ausardiaz batetik, eta hainbeste laguntasunekin bestetik. Orain dakidanarekin, gai hori aztertzen ari naiz; aztertzen, atzo, gaur eta bihar. Esate baterako, aurten zenbait pieza estreinatuko ditut: bata, "hiru haiku", flauta, biola eta kontrabaxuarentzat; bestea, txistu eta metal hirukotea (tronpeta, tronpa eta tronboia). Oraindik orain etxera etorri zitzaidan txistularia, Aitor Amilibia. Orain musika egiteko era beste bat da: nik musika egin eta bera etortzen da irakurtzera. Oso polita izaten da hori, gauza berria da. Sorpresa fenomenoa hor dago. Musika talde batean ez dago horrelakorik. Gu kantaldi bat egitera joaten ginenean bagenekien nondik eta nora ibiliko ginen, nola arnasa hartzen zuten kantek, zeren hainbeste entsegu eta gero! Eta, gainera, zeure kantak interpretatzen dituzu, ez besterenak. Sorpresarik ez dago. Orain, berriz, Amilibiarekin lan egiteko moduarekin, bai. Eta piezari ere izen horixe jarri diot: inprobisazioa: Forma, improntu edo inprobisazioa. Idatzita dago, eta ondo pentsatuta, baina, hala ere, zoriaren bila ari naiz: dadoak bota, eta elementu horiekin kontatzen dut denbora guztian. Hori da nik orain musika egiteko erabiltzen dudan sistema. Zer ari naizen horrekin bilatzen? Nik ez daukadana, harrituko nauen zer edo zer. Eta harritzen nauen zer edo zer aurkitzen dudanean, horrekin egiten dut aurrera, horixe lantzen dut.

Bat-batekotasuna, bertsolarien modura?
Ez dakit. Aitorri esaten nion: "Fikzioa da, baina nahiko nuke nire konposizio hori bat-bateko berriketaldi bat bezalakoa izatea". Horregatik diot problemak ditudala kalera irten eta bat hasten bazait: "Aizu, eta Lau teilatu», zeren hain ezberdina da mundu hori eta orain egiten ari naizena! Hura ere autentikoa zen, baina ezberdina! Newtonen bizitzan bezala. Kalkulu diferentziala asmatu zuen bizitzaren lehenengo partean; bigarrenean, aldiz, filosofia-harria bilatzen eman zuen denbora, alferrik, eta horrekin batera, halako ikerketa moduko bat edo egin zuen Biblian agertzen diren emakume guztiei buruzkoa; hau da, denbora alferrik galtzen! Beste ikertzaile bat, matematikoa, George Cantor, zenbaki infinitoen teoria modernoa idatzi zuena, iraultzaile bat, matematika modernoenen aita... azkenean, Shakespeareren obra denak Francis Baconek idatzi zituela demostratu nahian jardun zuen! Eta niri hori primeran iruditzen zait: denbora alferrik galtzea! Hori da plazera! Zenbaki infinitoak asmatzea bezala, bata bestea baino handiago, oso lan polita… Horrelako kontuak dabilzkit buruan nik. Eta azaltzen da hori hedabideetan eta hurrena, kalean, batek: "Zer ari zara, ordea!". Orain ez dut disko baten promozioa egiten, beste zerbaitetan ari naiz.

(…)
Baina ez nago bakarrik. Ez naiz zoro bat. Joera bat da, kultura mota bat…

Kultura mota horren barruan ari zaretenontzat, ohikoa da musika ordenagailuz egitea?
Ez. Mundu klasikoari buruz ari naiz ni. Jakin nahiko nuke zenbat konpositore on ote dagoen Euskal Herrian, ezagunak ez direnak. Adibidez, Gasteizko bandako zuzendaria, Hilario Extremiana. Horiekin harreman handiagoa dut rock munduko jendearekin baino.

Hilario Extremiana, Ramon Lazkano, Zuriñe Gerenabarrena?
Hor nabil neu ere, aztertzen eta ikasten.

Zaila zait Indar Trabes hura, berbena taldea, Azpeitiko Berdura Plazan jotzen zuena...
Azpeitiko Verdury Hall…

... eta gaur egungo Juan Carlos Perezen arteko harremana ikustea...
Berbenetan jotzen hasi ginen, ekipoa erosteko dirua behar genuelako. Gazte ginen, eta hori ere egin genuen. Baina Itoizen lehenengo diskoa Indar Trabesena da. Batean eta bestean kontzertuak egiten ari ginen eta kontzertu haiexetako kantuak azaldu ziren Itoizen lehenengo diskoan. Gero, izena aldatu genuen, berbenak egiten zituen taldea, batetik, eta rock emanaldietakoa, bestetik, ez nahasteko.

Juan Carlos Perez, Indar Trabes. Juan Carlos, Itoiz; Juan Carlos, Laja soinujolearen diskoa ekoizten; Juan Carlos eta musika garaikidea… Test psikoteknikoan "Laja" aukera markatu genuke...
Lajarena? Deitu egin zidan. Azken finean, bera ere musikaria da, musikari ona gainera, intuizioa du formazioaren gainetik, eta musika gustatzen zaio. Bokazio handia du. Azkoitian bizi nintzela jakin zuenean, nik ere egin izan dudana egin zuen, elkartzera egin, bata bestea aberastera egin. Nik esan nion gutxi ezagutzen nuela bere mundua, alegia, kontsumitzaile izan naizela, erromeriaren batera joan eta gozatu dudala, asko ezagutu gabe ere, baina besterik ez.

Literaturarekin ere baduzu harremana. Edo, hobeto esan, liburuekin, irakurketarekin… Zuzenbidea ikasi zenuen.
Bai, abokatu ekonomista naiz. Literatura eta musika paraleloan doaz nire bizitzan. Gogoratzen naiz, txikitan, amari dirua eskatzen niola liburuak irakurtzeko: irakurtzeko gogoa nuen. Amak berak, Mikel Strogoff erosi zidan behin. Baina irakurtzeko gidarik ez nuen; informazioa, oso eskasa; eta neure kasa hasi nintzen irakurtzen. Zuzenbide ikasten ari nintzen garaian, bestalde, ipurdiarekin estudiatzen genuen: buruz ikasi eta buruz ikasi, ez zen besterik, eta ez nuen askorik irakurri. Hori bukatu eta Itoizen hasi ginenean, irakurtzen hasi nintzen atzera. Ordutik aurrera plazer handia da irakurtzea; niretzat, musika baino handiagoa, esango nuke. Musikari buruz ere asko irakurtzen dut, biografiak eta. Baita musikari buruzko saiakerak ere. Alde horretatik, asko irakurtzen dut. Fikzioa, nobelak-eta, gutxiago.

Matematikari buruzko liburuak ere ez dituzu aparte: Bidaia, jeinuen zehar, edo Matematiken unibertsoa, William Dunhan-enak aipatu izan dizkidazu…
Aspaldi interesatzen zaizkit matematikak, oinarrizko mailan bada ere. Musikarekin oso lotuta daude-eta. Nik uste informatika oso ondo etorri zaiola musikariari, zeren pentsatzeko era antzekoa dute bi arloek, pentsaera sekuentziala. Oso eroso gabiltza musikariak informatikan. Niretzat, erraztasuna handia izan da ordenagailua. Hizkuntza parekoak dira. Aldiz, literaturarekin beti izan ditut problemak, nahasteak. Itoizen lehenengo letrak barregarriak dira!
Letrak azkeneko kontua ziren gure taldean; azken orduan, euskaraz zekien baten bati eskatzen genizkion edo dena delakoa: "Honi letra jarri beharko zaio bada!".

"Jarri beharko zaio!"...
Bai, kantagintza beste terreno bat da: kantua, literatura-jeneroa da, ez musika-jeneroa. Kantuan, letrak du inportantzia. Hasten gara musikariak kantagintzan eta... gehiegi sartzen gara mundu horretan. Ni, Atlantic Riveren, gehiegi sartu nintzen mundu horretan. Esan izan dut fikzioa egiten dudala: lehenengo musika egiten dut, alde batetik eta aparte »hori da gehien interesatzen zaidana», eta gero hari istorio bat lotzen diot. Eta dauzkat nik beti problemak. Niretzat lasaitasun ikaragarria izaten da kanta bat egitea, letrarik ez dagoenean. Horixe da felizidadea! Mundua nire mende! Baina letra dagoenean…

Lanak!
Horixe, lanak! Soinu ona izan behar du, hau eta beste. Bi mundu diferente dira, oso diferente. Ni bietan nabil, baina aparte. Batean ari naizenean, batean nabil; bestean nabilenean, bestean. Aparte beti.

Aurreko aro bateko kantak berriz interpretatzeko asmoa azaldu zenuen udaberrian…
Bai. Ea! Hitza eman nuen, behintzat! Hasi naiz ni ere, beste hura bezala, agintzen, eta ez betetzen. Eta ez da ezer pasatzen. Lehengo batean aginduta neukan lehenengo kontzertua, eta suspenditu egin nuen, baina askoz lehenagotik. Ez dago gaizki! 2001ean grabatu nituen kanta batzuk atzera hartu eta interpretatu nahi ditut, zuzenean, grabatzeko. Denbora pasatu da eta kanta horietako batzuek pisua daukate. Diskoan grabatu berritan, kantak freskoegi daude eta ez dakizu zer etorriko den hortik. Kanta horiek nahiko errodatuta daude orain eta esfortzua egin nahi dut, berriz jo, zuzenean, eta diskoa grabatu. Baina lan horrek gero eta gutxiago erakartzen nau, zuzenekoak, alegia. Politikoki esanda, "gero eta gutxiago"; baina benetan, batere ez nau erakartzen! Jendearen aurrean jarri eta interpretatzea... eta gero, galdera egin behar hori: "Gustatu ote zaio jendeari? Ez ote zaio gustatu?". Eta ez nago horrela hasteko umorean. Hori esaterik ez dago baina. Hala ere, badakit, joaten zara, jotzen duzu, ondo ateratzen da eta "ze ondo! Único!". Bai, baina…

Behin esan zenidan ez duzula folklorikoak bezala egiteko asmorik: zahartu eta berriz biluztu, ezetz...
Hori beste ofizio bat da, eszenatokira igo eta jotzea. Garai batean gu geu ere musikariago ginen, kreazio mailan hobeak »musika egiten esan nahi dut» interpretazioan baino. Jendaurrean jotzea beste ofizio bat da. Batzuei gustatzen zaie, eta beste batzuei ez. Oteizak esaten zuena: "Eskulturgileak eskultura egiten du. Nik, berriz, eskultura egiten dut eskulturaren barruan ze eskultura dagoen jakiteko. Jakiten dudanean, ez dut eskultura gehiago egiten". Eskulturaren barruan dagoen eskultura ikustera heltzen zarenean, hurrena errepikatzea da, errepikatzea eta errepikatzea, eta hori niri ez zait interesatzen.

Zenbaitetan harritu egiten nau zure pentsatzeko erak, musikaren gainean eta sorkuntzari buruz dituzun ideiak, kontzepzioa...
Oraintxe ari nintzen pentsatzen galdetu egin behar nizula ea batere ulertzen duzun esaten ari naizena. Niretzat eguneroko ogia da esaten ari naizena...

Futbola
«Futbol zalea naiz, baina gero eta gutxiago. Futbol erregionala bai, ikusten dut. Txikitandik datorren tradizioa da. Hirugarren mailan zegoen orduan Mutrikuko ekipoa; sekulako taldea zuen, eta herriko futbolzelaira joateko afizioa genuen. Igande arratsaldeetako ikuskizun bakarra zen eta, bestalde, egundoko ikuskizuna. Gogoratzen naiz arratsaldeko 15:30ean izaten zirela partidak eta 15:00ak orduko musika jartzen zela herrian, Sousaren martxa, eta horrek sekulako festa sortzen zuen. Futbola zen, baina ez hori bakarrik. Eta afizioari eutsi diot. Gustatzen zait hemengo zelaietara joatea. Baina zelaira. Telebistan askoz ere irrealago da futbola».

Ruper
«Ruperrekin dudan harremana eternoa da, betikoa. Ruper oso hasieran azaldu zen gure bidean. Guk baino kultura handiagoa zeukan, baina ez genion kasu handirik egiten. Indar Trabesen jotzen genuenean, boladan zegoen, berbena taldea baino lehen, kantaldiak egitea. Guk askotan jo genuen Ruperren aurretik. Ezekiel atera eta niretzat oso lotsagarria izan zen, disko arraroa zen eta. Orduan egiten zen musika modutik oso aparte zegoen. Baina harritu egin nintzen, zeren Ruperrek aintzat hartu zuen Ezekiel. Eta ni ere gustura orduan, han zer edo zer bazegoela eta. Ruper-eta, ez dira anaia zaharrak bezala, baina bai asko lagundu didaten pertsonak. Baita Bernardo ere, nahiz eta geroago izan, bastante geroago…».

Bertsoa

Doinua: Lagundurikan danoi

Musikariak bere
lanean dihardu
horrenbeste esfortzu,
horrenbeste ordu…
Guztia daukanean
letra on bat salbu
agian ez du bere
esanahirik galdu
pentagraman duenak
hitzegiten badu.


Nortasun agiria
Juan Carlos Perez (Mutriku, 1958). Euskara kalean eta gailegoa etxean ikasi zituen. Zuzenbide ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean. Hamaika musika proiektutan ibilia da: Indar Trabes. Itoiz... "Lau teilatu", "Hegal egiten"... Juan Carlos Perez II: Bitacora Cahiera, Atlantic River, Hau berua, Ikaro... Juan Carlos Perez III: Quatuor-Arkadius String Quartet. Juan Carlos Perez IV: Hiru haiku, Zai, musika garaikidea... eta produkzio artistikoa, film eta telesailen soinu-bandak. Musika betiere. Lana. Musika lana eta liburuak plazer dituen musikari kameleoia. Matematikak, musikarien biografiak, entseguak zaletasun dituena. Abokatu ekonomista, artista harrigarria. Juan Carlos Perez V: ? Askatasuna eman zion garai batean rock musikak, askatasuna ematen dio gaur egun musika garaikideak.

Laja
«Nik kalean ikasitakoa dakit euskaraz. Zuka besterik ez dakit. Lajaren diskoaren produkzioa egin nuenean, hitz egitea tokatu zitzaigun, jakina. Bera niri hika; ni hari zuka... eta bera ez zegoen eroso. Halako batean galdetu zidan zergatik ez nion egiten hika, egiteko hika inporta ez bazitzaidan. Nik, trankil egoteko esan behar izan nion: 'Zu lasai, zuk egin hika, ni hika hasten banaiz igoal ez dugu elkar ulertuko-eta'».


Azkenak
Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


Ezkabako ihesaldia gogoratzeko, La Fuga mendi-martxa

Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.


Atzera bota dute Zaragoza eta Araba arteko goi tentsioko linearen proiektua

Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]


2025-03-28 | ARGIA
200.000 euro lortzeko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak

Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]


2025-03-28 | Irutxuloko Hitza
Metroaren lanetako gainkostua 33,3 milioi eurokoa dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.


AEBn ekoizten ez diren autoei %25eko muga-zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez. 


2025-03-27 | Arabako Alea
Greba mugagabea hasi dute Gasteizko lorezainek

%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.


Borrokak balio du: Israel Premier Tech, ez aurten, ez inoiz

Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]


Biharamunen lantegia
Zer ikertu herritarrek erabakitzen dute

Ikerketa parte-hartzailea eta gogoetatsua bultzatzen du Biharamunen Lantegia kooperatibak, eta zientzia eta ikerketa herriarengana hurbiltzeko lan egiten du. Duela urte eta erditik egoitza Bidarten dauka, eta Institut Curie-rekin elkarlanean Iker Herria ikerketa zentroa sortzeko... [+]


2025-03-27 | ARGIA
Euskal sagardo ekologikoaren bereizgarria, kupeletan jartzeko gertu

Txotx denboraldian eredu ekologikoan ekoiztutako Euskal Sagardoaren eskaintza izango da hainbat sagardotegitan, eta hura bistaratzeko, Jatorri Deiturak eta ENEEK-Ekolurrak kupeletan paratzeko euskarria aurkeztu dute.


2025-03-27 | Kontxita Beitia
Atzo bezain ozen! NATO pikutara soldaduskarik ez

Intsumituek denbora luzez egindako borroka gogorra eta mingarria izan zen, baina irabazi zuten, eta garaipen hura behin betikoa izango zela uste genuen, atzera bueltarik gabea. Baina badirudi, politikari batzuen ahotik aterata, eskalada militaristari gorazarre egin eta berriz... [+]


Etxarri Gaztetxearen aldeko zenbait gaztek Bilboko udaletxeko osoko bilkura eten dute

Amenabar enpresak Bilboko Udalaren eskutik apirilaren 4rako agindu duten desalojoaren kontra azaldu dira bilkuran. Poliziak indarrez kanporatu ditu. Ostiral honetan18.30ean, Errekaldeko Plazatik hasiko den manifestaziora batzeko deia luzatu dute gazteek, baita desalojoaren... [+]


Bruselaren kitak ezkutatzen duena: simulakroak eskolan, “kooperazioa” militarrekin...

Europako Batzordeak aurkeztu duen plana ustezko gerra edo hondamendi baten aurrean “bizirauteko” kit batetik harago doa: hogeita hamar neurri proposatu ditu eskoletan, enpresetan eta herritarren artean militarismoa eta beldurra sustatuko dutenak.


2025-03-27 | ARGIA
proiektuak 10 urte!
Lurrari begiratzen diogunok badugu aldizkari berezi eta berria: Bizi Baratzea Orria

Gaur, martxoak 27, ARGIA komunikabidearen egoitzan aurkeztu dugu Bizi Baratzea Orria, urtaro bakoitzean zabalduko den aldizkari berria. Horrekin batera ospatu dugu ARGIAren Bizi Baratzea proiektuak 10 urte betetzen dituela aurten. Bizi Baratzeako kolaboratzaileak eta ARGIAko... [+]


Eguneraketa berriak daude