Bartzelonan euskara modan dago

  • Hizkuntz Eskolako irakasleak, Aduna Olaizolak esan digu euskara modan dagoela Bartzelonan, gero eta ikasle gazte gehiago omen dituzte. Zenbakiak begiratu besterik ez dago. Iaz Universitat de Barcelonak, Universitat Autonoma de Barcelonak, Euskal Etxeak eta Hizkuntz Eskolak, bakoitzak 100 ikasle inguru izan zituen, lauren artean 400dik gora.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Universitat de Barcelonan, Filologia Fakultatean, irakasten du euskara Itziar Aduriz irakasle bakarrak. 1999az geroztik da irakasle UBn, Ibon Sarasolak utzi zuenetik. 20ko eta 30eko hamarkadetan irakatsi izan omen zuten euskara tarteka-marteka, baina modu iraunkorrean, Sarasolaren eskutik duela hogeita bost urte ingurutik aritu dira 1999a arte. Itziar Adurizek hiru ikasgai eskaintzen ditu bi ikasturtetan banatuta. Hiru ikasgaiak eta mintegia kontuan hartuta 80 ikasle izan zituen iaz. Filologiak ez daude modan eta ikasle kopuruan igarri badute ere, euskara hautazko ikasketa moduan aukeratzen duten ikasleak asko dira.


Ikasle «zientifikoak» eta ez hain «zientifikoak»

Katalanek euskara zergatik aukeratzen duten galdetu diogu Adurizi eta segituan egin digu ikasleen «katalogoa». Multzo handienean daude euskarak grazia egiten diotenak eta hauek euskara ez dute interes oso zientifikoagatik aukeratzen. Euskaldunekiko jakin-mina dute: «Katalanek euskalzaletasun handia daukate eta alderantziz ez da gertatzen. Hizkuntza bera eta «euskal» guztia dute gustuko. Hainbat ikasgairen artean euskara ikusten dute eta hartu egiten dute». Bigarren multzoa txikiagoa da, zientifikoagoa. Filologiaren bat edo hizkuntzalaritza ikasten ari direnak dira. Sinpatiagatik baino, hizkuntza interesatzen zaielako hartu dute ikasgaia. Hizkuntza erromanikoak ezagutzen dituzte eta euskara berriz, ez-indoeuroparra da. Beraz, beste hizkuntzekin alderatzeko aukera dute eta gainera, oso gertu daukate. Hirugarren multzoan euskal jatorrikoak direnak bildu ditu Adurizek. Laugarren taldean daude hizkuntzarekin «engantxatzen» direnak. Adurizek dio «engantxatu» hauek «ia perfekto» hitz egiten dutela, ikasgelan, barnetegian eta beren kasa ikasi baitute, ikasgelan bakarrik ez baita hitz egiteko trebeziarik lortzen.

Itziar Aduriz euskara irakasle bakarra da UBko Filologia Fakultatean eta Universitat Autónoma de Barcelonako (UAB) Jon Elordi irakaslearekin batera irakasle bana lortzeko eskaera egina diote Eusko Jaurlaritzari. Badirudi, hainbat arazo tekniko gainditzea lortzen badute behintzat, bi irakasle horiek abian jarriko direla aurten. Behar asko eta baliabide gutxi dituztela azpimarratu digu Adurizek: «Orain hasi gara gure artean »bi unibertsitateak, Euskal Etxea eta Hizkuntz Eskola» harremanak estutzen, orain arte ezer gutxi zegoen, diru asko ere ez dugu... Posible al da egoera hau hainbeste ikasle izanda? Bartzelonako jendearentzat euskararen erreferentzia gu gara. Hau dena horren ezkutuan eramatea... Diru gehiago behar dugu gauza gehiago egiteko edo egindakoa hobeto ordaindua izan dadin».


Kazetariak grina handiena dutenak

Universitat Autónoma de Barcelonako euskara ikasgaiek ez dute UBkoek adinako iraganik, ezta gutxiagorik ere. 2000ko otsailean hasi zen klaseak ematen Jon Elordi. EHUk eta UBk elkartrukea egin zuten, batean euskara eta bestean katalana irakasteko, eta horrela, urtero-urtero euskarako ikasgaiak eman ditu Letretako Fakultatean. Elordi zerotik hasi zen eta bere kasa, bere erara prestatu zituen ikasgaiak. 14 ikasle izan zituen 2000ko lauhilabeteko hartan. Joan den urtean lehenengo lauhilekoan 109 ikasle izan zituen eta bigarrengoan 90. Euskara I eta II, Euskararen historia eta Euskal literatura ematen ditu. AUB Bartzelonako periferian dago eta besteak beste Sabadell, Terrassa eta Manresa inguruko ikasleak joaten zaizkio. Gehienak katalanak dira, baina baditu euskaldun batzuk ere. Unibertsitateko edonork ikas ditzake ikasgaiok hautazkoak baitira, baina Elordik uste zuen letretakoak izango zirela ikasleak. Gehienak Kazetaritzakoak dira, beste batzuk itzultzaileak edo filologoak, baina zientzietakoak, zientzia gogorretakoak -Elordik dioen moduan- ere baditu. Elordik dioenez: «Negu Gorriak edo Kortaturen kamiseta janzten dutenetakoak etorriko zitzaizkidala uste nuen, baina nola esan, pijoak ere badatoz, jende oso-oso diferentea». Euskal Herrian lagunak dituztenak, hara denboraldi baterako joan nahi dutenak, besterik gabe jakin-mina dutenak ditu ikasgelan. Batzuk, unibertsitatean ikasitakoarekin asetzen ez direnak, Euskal Etxera edo Hizkuntz Eskolara doaz gehiago ikastera.

Buru-belarri ikasteaz gain hitzaldiak izan dituzte unibertsitatean eta baita Euskal Herrira egindako ihesalditxoak ere. Durangoko Azokan izan dira hiru bat aldiz eta baita Hernaniko sagardotegietan ere. Euskaldunon Egunkaria itxi zuten garaian hamahiru hizlari igaro ziren unibertsitatetik.


Hizkuntz eskolan ikasleak gero eta gazteagoak

Ainhoa Aranburuk eman zituen 1993-1994an euskara eskolak lehen aldiz Hizkuntz Eskolan. 59 ikasle izan zituen. Gaur egun, bi dira irakasleak, Amaia Artola eta Aduna Olaizola eta iaz 153 ikasle izan zituzten. Aduna Olaizolak Bartzelonan euskara modan dagoela dio: «Jatorria Euskal Herrian dutenak, jubilatuak... izaten ditugu, baina azken boladan gazteak datozkigu, 25-35 urte bitartekoak, unibertsitarioak izandakoak. Egia da euskaldun askok ere hemengo unibertsitateetan ikasten duela eta harreman horien ondorio izan daiteke. Euskaldunon Egunkariarena gertatu zenean, pentsatu genuen jendea izutuko zela, baina kontrakoa gertatu zen. Internet bidez ere informazio asko eskatzen dute, askotan Google bilatzailean ‘Bartzelona-euskara’ hitzak sartuta iristen dira gugana». Adunak aitortu digu bost urteko ikasketak ez direla errazak, nahiz eta ilusio handiarekin hasten diren ikasleak. Eta bost urteak egiten dituztenean nola mantendu edo hobetu ikasitakoa? Ez dago aukera handirik. Adunak dioenez: «Gure helburua ikasleak bigarren hizkuntzarekin ondo moldatzea da eta askotan euskaldundu Euskal Herrian egiten dira. Hemen, astero, euskaldun zaharrak eta berriak elkartzen dira, lehenak naturaltasuna eta jarioa transmititzen dio bigarrenari eta bigarrenak berriz, askotan gramatika zuzena». Euskaraz aritzeko izaten duten beste aukera polita urtero Zestoan (Gipuzkoa) antolatzen duten barnetegia da.


Euskal Etxean Santo Tomasak ere bai

Lau irakasle ari dira eskolak ematen: Jon Ansa, Goretti Altzuri, Ahinitz Gerrikagoitia eta Ander Elortza. Euskara hizkuntza moduan irakasten dute, baina Ahinitz Gerrikagoitiak aitortu digunez, «euskal kulturarekin, Euskal Herriarekin oso lotuta». Sei maila dituzte, mintza praktikarako taldea eta Boga programa. Iaz, 120 ikasle izan zituzten. Euskal jatorrikoak datoz ikastera, baina baita bikotea euskalduna dutenak ere. Hauek trukea egiten omen dute; euskaldunak katalana ikasten du eta katalanak euskara. Beste batzuk ingelesa, alemana edo frantsesa alboratu eta euskara baino ikasi nahi ez dutenak dira.

Liburu artean burua murgiltzeaz gain, Euskal Herrira, euskal kulturara hurbiltzeko modua badute ekitaldi askoren bidez: Euskal Herria Sona izeneko musika ekitaldia egiten dute urtero, Santo Tomasak ospatzen dituzte, Haurren Txokora Olentzero heltzen da, Sagardo Egunik ez dute falta eta ezta inauteririk ere. Iaz Bartzelonako kaleetan Korrika ospatu zuten eta Iturenera ere etorri ziren 13 ikasle, barnetegira.

Bi unibertsitateen eta Hizkuntz Eskolaren moduan, baliabideak urri eta lan asko dute eta Gerrikagoitiak esan digunez diru-laguntzek behera egin dute: «Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza kopuruak ez du behera egin, baina munduan zehar euskal etxe gehiago zabaldu dira eta gehiagoren artean banatu behar da».

Urritasunak urri, iraila heldu da eta UABko, UBko, Euskal Etxeko eta Hizkuntz Eskolako irakasleak ikasturte berrirako prest dira. 400dik gora katalan izango dituzte ikasgeletan euskara ikasteko gogoz.

Jon Mikel Ortiz. Bilbotik Bartzelonara
Jon Mikel Bilbon jaio zen, baina hiria ezagutzeko astirik gabe gurasoak, arreba eta laurak Bartzelonara joan ziren bizitzera. Sei hilabete eta erdi zituen Bartzelonara eraman zutenean. Gurasoek eta arrebak ez dute inoiz euskaraz egin eta aiton-amonetako batzuek baino ez dakite euskara. Oporretan ordea, Bilbora joaten hasi zen Jon Mikel eta han entzuten zuen euskara. Hango lagunekin euskaraz egin nahi izaten zuen eta horretarako ikasi egin behar. Duela hogei bat urte Bartzelonan saiatu zen, baina segida handiko ikasketarik ez zuen aurkitu. Bartzelonan ezin eta Bilbon ere gutxi. Duela hamar bat urte hasi zen serioago euskara ikasten, Hizkuntz Eskolan. Ondo ikasteko aukera ikusi zuen eta poliki-poliki hasi zen. Laugarren mailara heldu zen, baina azpimarratu digu berarentzat gramatika kontuek-eta ez dutela hainbesteko garrantziarik. Jon Mikelek ulertu, hitz egin eta irakurri egin nahi du; Euskal Herrira joandakoan harremana euskaraz mantendu nahi du. Urtero dator Euskal Herrira, batik bat Bizkaia eta Arabara eta hango lagunekin praktikatzen du.
Aurten Hizkuntz Eskolan matrikulatzeko asmoa dauka eta Euskal Etxeak eskaintzen duen Boga zerbitzuaz baliatzeko asmoa ere bai. Ikasten jarraitu nahi du, «poliki-poliki, agian polikiegi »dio barrez» baina segi egingo diot». Nekatuta egoten da lanean ere aritzen delako, baina bere ustez euskarak duen zailenari ere heldu nahi dio, alegia, idazketari, «euskaraz ondo idaztea zaila baita!».

Sílvia Amela. Universitat Autónoma de Barcelonako ikaslea
Sílvia Amela Castelló ondoko Vinarós herrikoa da. Valentziarra da beraz: «Valentziarra, valentziarra... mugan bizi naiz eta familia erdia Katalunian bizi da. Muga administratiboak dira eta ez dute garrantzia handirik». Badaramatza sei urte Bartzelonan bizitzen. Ikasketak katalanez egin nahi zituen eta Valentziar Herrian oso aukera gutxi zituen horretarako. Beraz, Kataluniara joatea erabaki zuen. 24 urteko Sílviak ia bukatu ditu Geologia ikasketak. Hautazko ikasgaiak hartzeko ordua heldu zitzaion karrerako bigarren urtean kredituak osatzeko eta euskararekin akordatu zen. Zientzia gaiekin lepotik gora eginda zegoen eta zerbait diferentea probatu nahi zuen. Berak eta baita zenbait ikaskidek ere, euskara aukeratu zuten. Sílvia Amelak lehenengo lauhilekoan Euskararen historia izeneko ikasgaia izan zuen eta bigarren lauhilekoan Euskara I. Hizkuntza nolakoa zen ezagutu nahi zuen, baina aurrez egokia iruditu zitzaion historia pixka bat ikastea, sarrera moduan. Asko gustatu zitzaizkion euskararen historiari buruz jasotako eskolak. Ondoren hasi zen hizkuntza bera ikasten.
Zergatik ikasi nahi izan du Sílviak euskara? Lagunak ditu Gipuzkoan eta Nafarroan. Euskarari buruz, euskal kulturari buruz hitz egin diote, Euskal Herrira behin baino gehiagotan etorri da... eta gogoa sartu zitzaion. Ingelesa piperrik ere ez dakiela dio, baina ingelesa ikasteko gogorik ez du. Zerbait ikasteko gogoa izateari garrantzia handia eman dio. Bere ustez, "badirudi hizkuntzak probetxuzko zerbaitetarako ikasi behar direla, produktiboa izan behar duela ikasitako hizkuntzak. Ezin al du izan etekin horrek etekin emozionala? Nik euskara, gustatzen zaidalako ikasiko dut, oso gertukoa egiten zaidalako, euskara hizkuntza gutxitua da katalana bezala, antzeko egoerak bizi dituzte. Gainera, kontua ez da hizkuntza bera baino ez ikastea, kultura ere bada, Euskal Herriko kultura". Geologia ikasketetan euskara ikasteko aukera guztiak xahutu dituenez, Hizkuntz Eskolan aurtengo ordutegiei buruz galdezka aritu da. Lan bila dabil eta lan ordutegiarekin ondo badatorkio euskara ikasten jarraituko du Hizkuntz Eskolan. Euskara oso diferentea dela dio: "dena ikasi behar da, hiztegia oso diferentea da... baina gustuko lekuan aldaparik ez".

Manel Rodríguez. Universitat de Barcelonako ikaslea
Manel Rodríguez Bartzelonakoa da eta Enpresa ikasketak egin zituen hiru urtez Universitat de Barcelonan. Lehen ziklo hori amaituta, bigarren zikloan Linguistika ikastea erabaki zuen. Jada urtebete egin du eta urtebete horretan euskara ikasten hasia da. Bigarren hizkuntza moduan ikasi du eta hizkuntzaz gain literaturari buruzko kontuak landu dituzte Itziar Aduriz irakaslearekin. Hastear den ikasturtean euskara gehiago ezagutzeko astia izango du Manelek.
Urtebeteren ondoren, Manel oso gustura dago ikasitakoarekin, ikasturtea oso ondo gainditu du eta gustatu zaio ikasketek duten ikuspegia. Aduriz hizkuntzalaria da eta ikuspegi horretatik irakatsi die euskara. Manelek dioenez, «hizkuntzaren sistema zein den ezagutzen duzu, oinarrizko ezagutzak dira eta niri ikuspegi hori interesatzen zait, aurrera egiten ari zaren bezala askoz ere hobeto ulertzen duzulako». Hizkuntza guztiak ditu gustuko, noski, baina euskara ikasteko gogoa beti izan du. Unibertsitateko aukera aprobetxatu du, baina Manelek nahiko lukeena da euskara jario errazean erabiltzera heltzea. Berak badaki gauza bat dela hizkuntzaren egitura ezagutzea eta beste bat hizkuntza hori ondo hitz egitera heltzea. Manelen ustez, «kontua ez da hizkuntza zaila dela, kontua da hizkuntza horrekin harremanik izatea zaila dela. Hesiak asko dira; adibidez, zergatik ezin ditugu hemen ikusi Euskal Herriko hedabide publikoak? Euskara ikasi, ikas daiteke hemen, baina telebista digitala edo satelitekoa ez badaukazu behintzat, hizkuntzarekiko kontaktua ezin duzu mantendu hedabideen bitartez, ezin duzu euskara eguneroko bihurtu».
Hedabiderik ezean, Euskal Herrira bidaiatu beharko du sarri-sarri Manelek, bertan dituen lagunak bisitatu eta halako batean euskaraz jario errazean aritzeko. Bartzelonako Hizkuntz Eskolaren berri ere badu eta ahal badu, ikasketak bukatzen dituenean, hara joateko asmoa du.


ASTEKARIA
2005eko irailaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak, dantzak, bertso-saioak... M8ko ekitaldi kulturalen bilduma

Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]


2025-03-07 | Uriola.eus
Iker Egiraun, Etxebarrieta Memoria Elkartea
“Bizi dugun testuingurua urteetan emandako borroken ondorioa dela sinbolizatu nahi dugu”

Bilbo Hari Gorria dinamikarekin ekarriko ditu gurera azken 150 urteetako Bilboko efemerideak Etxebarrieta Memoria Elkarteak. Iker Egiraun kideak xehetasunak eskaini dizkigu.


2025-03-07 | Aiaraldea
Ferosca I zentral eolikoaren kontrako alegazioak zabaldu ditu Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak

Laudion, Aiaran eta Okondon izango du eragina energia azpiegiturak eta plataformaren aburuz, proiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterketak gabezia garrantzitsuak dituzte.


2025-03-07 | Euskal Irratiak
Donibane Lohizuneko Begiraleak kultur elkarteak bere 90 urteak ospatuko ditu

"Entseatzen gira arnas gune bat sortzen Donibane Lohizunen, hain turistikoa den herri honetan". 250 kiderekin Donibane Lohizuneko Begiraleak kultur elkarteak 90 urte bete ditu aurten. Lau emaztek sortu zuten talde hauetan eramaile izan zen Madeleine de Jauregiberri... [+]


“Topaketa antiinperialistak” egingo ditu Askapenak martxoaren 15 eta 16an Bilbon

Karmela espazio autogestionastuan egingo ditu, eta Euskal Herriko zein nazioarteko gonbidatuak egongo dira bertan. "Koiuntura analisi orokorretik abiatu eta Euskal Herriko borroka internazionalistaren gakoetarainoko bidea" egingo dutela adierazi du Askapenak... [+]


Legebiltzarrak 1936ko biktimen legea aldatu du, Erorien Monumentua birmoldatzeko

33/2013 Foru Legeari Xedapen gehigarri bat gehitu zaio datozen aldaketak gauzatu ahal izateko, eta horren bidez ahalbidetzen da “erregimen frankistaren garaipenaren gorespenezkoak gertatzen diren zati sinbolikoak erretiratzea eta kupularen barnealdeko margolanak... [+]


Bi eskumen berri bere gain hartu ditu Jaurlaritzak: atzerritarren lan-baimena eta meteorologia-zerbitzua

2025 amaitu baino lehen Gernikako Estatutuan jasotzen diren eskumen guztiak izatea espero du Jaurlaritzak. Oraindik 25 eskumen falta dira. Transferentzia Batzordea aurreko astean biltzekoa zen baina "agenda arazoak" zirela eta atzeratu zuten. 


Duplak egin du aurtengo Herri Urratseko abestia

Elgarrekin izena du Duplak egin duen aurtengo abestiak eta Senpereko lakuan grabatu zuten bideoklipa. Dantzari, guraso zein umeen artean azaldu ziren Pantxoa eta Peio ere. Bideoklipa laugarrengo saiakeran egin zen. 


2025-03-06 | Haizea Isasa
Kasu, ez gitxu lo!

“Kasu, ez gitxu lo!”. Gure denbora eta manerekin baina heldu gira.

Azaroaren 25ean Baionako elgarretaratzera joan ez joan eta autoak nola partekatu pentsatzetik (joan-jina bi oren), bat-batean Lartzabalen elgarretaratze bat antolatu genuen, eta 47 emazte bildu!... [+]


Eskuin muturrarekin lotura duen alemaniar batek egin zuen Manheim hiriko auto harrapaketa, ez etorkin batek

Alemaniako Poliziak asteleheneko gertakariaren arrazoiak "politikoak" zirela baztertu duen arren, 35 urteko Alexander Scheuermann Ring Bund talde neonaziko kide zen. Bi hildako eta hamar zauritu utzi dituen atentatuaren egileak sare sozialetan "gorroto mezuak"... [+]


2025-03-06 | Mara Altuna Díaz
Mary Kim Laragan-Uranga, AEB-etako euskalduna eta AEK-ko ikaslea
“Euskara ikasten dut AEBetara emigratu zuten nire aitona-amonen ahalegina eta sustraiak ohoratzeko”

“Bi pertsona mota daude munduan: euskaldunak, batetik, eta euskaldunak izan nahiko luketenak, bestetik”. Gaztea zela, Mary Kim Laragan-Urangak maiz entzuten omen zuen horrelako zerbait, Idahon (AEBak), hain zuzen. Ameriketan jaio, hazi, hezi eta bizi izandakoak 70... [+]


Feminismo antimilitarista: ezinbesteko borroka Martxoaren 8an eta beti

Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, munduan zehar milioika emakumeontzat berdintasuna, eskubideak eta justizia eskatzeko borroka eguna da. Hala ere, gerrek, gatazkek eta politika militaristen hazkundeak markatutako testuinguru global batean, inoiz baino premiazkoagoa da... [+]


Manu Ayerdiren kontrako auzia behin betiko artxibatu dute, instrukzioa epez kanpo luzatu zelako

Geroa Baiko lehendakari eta Nafarroako lehendakariorde izandakoa enpresa bati 2,6 milioi euroko diru-laguntzak ustez modu irregularrean emateagatik zegoen auzipetuta, Davalor auzia deiturikoan. Nafarroako Probintzia Auzitegiak erabaki du auzia behin betiko artxibatzea, legalki... [+]


Feminista sindikalista ala sindikalista feminista

Nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1977an nazioarteko egun bat bezala deklaratu zuen eta haren jatorriaren hipotesi ezberdinak diren, Martxoaren 8aren iturria berez emazte langileen mugimenduari lotua da.


Bilgune Feministak Iratxe Sorzabal babestu du
“Indarkeria matxistaren beste adierazpen bat da tortura, urtez luzez estatuek babestua”

Euskal Herriko Bilgune Feministak deituta elkarretaratzea egin dute Hernanin Iratxe Sorzabali elkartasuna adierazi eta "babes osoa" emateko. Inkomunikatuta egon zen uneak berriz ere epailearen aurrean kontatu behar izatea, "bizi izandakoak utzitako ondorioen... [+]


Eguneraketa berriak daude