Multimedia artista al da Xabier Erkizia?
Behin baino gehiagotan definitu dute horrela nire lana. Baina niri ez zait gustatzen multimedia bezala definitzea, izan ere, gaur egun multimedia hitzak nire lanarekin bat ez datozen konnotazio artistiko mordo bat baitauka. Nire ibilbidean bideoarekin, audioarekin eta irudiarekin egin dut lan. Beraz, hitza literalki hartuz gero, baietz esan daiteke. Baina gaur egun nahiko artista eredu markatu bat definitzen du eta ez dator bat nirekin.
Zer da zehazki Artelekuko Audiolaben egiten duzuena?
Audiolab urteetako lanaren ondorioa da. Urteetako lan hori Beran hasi genuen Ertzekoek. Bertan zenbait urtez kolektibo bezala lan egin genuen eta gero Bertze Musiken Jaialdia sortu. Eta horren ondorioz sortu zen Artelekukoa. Ertzek Azkoitiko Matadeixekin eta beste hainbat kolektiborekin lan egin du eta azkenean Artelekuk denok ditugun helburu amankomunak aurrera eramateko aukera eskaini digu. Alegia, ekonomikoki beste toki batzuetan lortu ezin diren gauzak egin daitezke hemen, azpiegituran eta abar. Artelekun tailerrak, hitzaldiak... egiten dira. Beran lehengo urtean munduko punta banatik ekarri genituen lau artista tailer bat emateko eta hori normalean ezinezkoa da. Aldiz, Artelekuk horretarako baliabideak eskaintzen ditu. Audiolab soinuaren analisia eta ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko topagunea da. Estudio gisa erabil badaiteke ere, ez da hori bere helburua eta batez ere laborategia da.
Zer da soinuaren ikerketarekin bilatzen duzuena?
Norberak bere interesak ditu. Nik uste dut garrantzitsuena historikoan eta tradizioan eman den soinuaren estandarizazioa gainditzea dela: notazioen aldetik, partituren aldetik, konposizioaren aldetik, egituren aldetik, soinuaren pertzepzioaren aldetik, entzumenaren aldetik, komunikazioaren aldetik... Badaude atal pila bat soinuak berezkoak dituenak eta orain arte musikaren historian oso modu isilean landu direnak. Soinua egitearen ardura ere oso garrantzitsua iruditzen zait, alegia, zein ardura dugun musikariok taula gainera igo eta publikoa soinu zehatz bat entzutera behartzen dugunean. Ez da bakarrik jendeari gustatzea edo ez, baizik eta gure buruarekin ere ondraduak izatea eta proposatzen dugunarekin eta egiten dugunarekin koherente izatea.
Zertan datza ondradutasun horrek?
Norberak bere ideiak defendatzean. Berdin du zein estilo den, musikari bat taula gainera igotzen denean, bat-batean eszenatokian egoteko aurretik ezarrita dauden zenbait jarrera onartzen ditu. Ni taula gainera igotzen naizenean ordenagailu eramangarriarekin igotzen naiz. Beraz, ez dago ikuskizunik. Nik ez dut behar argirik, nik ez dut behar eszenatokirik. Eta jendeari hori ikustea kostatu egiten zaio, jendeak pertsona bat taula gainean ordenagailu batekin ikusten duenean zera esaten du: "Baina zer ikustera etorri gara gu!". Gainera, badaude zenbait aurreiritzi eta tradizio historiko nahiko erranguratsuak: gu kontzertu batetara joaten garenean kontzertu bat ikustera joaten gara, eta ez entzutera. Beraz, hizkuntzak berak ere tranpa horretan jausarazten gaitu. Beraz, egiten ari zaren soinuarengatik eta bizitzen ari den egoerarengatik jendea pentsatzen jartzea eta hausnarketan murgilaraztea da musikariaren arduretako bat. Alegia, publikoari jakinaraztea zer ikusten ari den eta zergatik, baita musikari horrek zergatik egiten duen egiten ari dena ere. Industriak musikagintza ikuskizunaren eta aisialdiaren mundura eraman du eta beraz hausnarketa hauek guztiak baztertu dira. Beste alor artistiko batzuetan, ordea, oraindik badira hausnarketa horiek. Musika hain mugikorra eta mutagarria denez, kanta berdinak toki eta egoera ezberdinetan dimentsio oso ezberdina eta esanahi ezberdina har dezake, bai musikariarentzat eta bai entzulearentzat ere. Esanahi horrekin jokatzea ere bada ardura bat. Ez du agian esanahi hori zertan ulertarazi, baina bai egoeraren kontziente izan.
Eta Xabier Erkiziak nola helarazten dio entzuleari bere ondradutasuna?
Taula gainera ordenagailu batekin igotzean jendeak zera galdetzen dizu: "Non da ikuskizuna?". Ez dago ikuskizunik. Nik hartu dezaket ordenagailua eta dantzan jarri. Hori ez zait ez gaizki eta ez ongi iruditzen, baina desegokia iruditzen zait. Ordenagailuarekin jotzen duen jende askorekin zera gertatzen da: kasu batzuetan irudiak gehitzen dira, anitzetan modu gratuitoan nolabait ikuskizun hori osatzeko. Batzuk zutik jotzen dute, ordenagailuarekin jotzen duen %90ak etxean jarrita jotzen duen bitartean. Badirudi zutik jartzeak egoerari beste mugimendu bat ematen diola. Batzuetan tontakeriak diruditen xehetasunak dira, baina pentsatuz gero, sakonean horretara bultzatzen duten arrazoiak pixka bat zabalagoak dira. Eta beharbada atal horiek dira interesgarriak azaltzeko eta aztertzeko. Ni adibidez ahalik eta erosoen egoten saiatzen naiz, aulkian eserita eta, besterik gabe, daukadana botatzen dut. Ez da saiatu behar ez dagoen zerbait ematen. Ondradutasuna norbera zer den onartzea eta norbera bere inguruarekin onartzea dela uste dut.
Hemen, Euskal Herrian, adibidez, jazzarekin gauza oso bitxia gertatzen da udan. Urteko kontzertu guztiak batuz gero, zenbakia ez da heltzen udako hil batean dagoen kontzertu kopurura. Non daude udako jaialdietan egoten diren milaka entzule horiek urte guztian? Zer ulertzen du jende horrek jazzaz? Kontua da azkenean jazza udako ikuskizuna bihurtzen dela. Jazzaren sorkuntza guztiz deskontestualizatzen da eta club txikietatik Kursaalera ateratzen da. Eta hor oinarrizko informazioa galtzen da, alegia, musikari horrek zein baldintzetan egin duen bere musika.
Musikan dena sortua dela esaten da. Ertzek salbuespenak badirela erakusten du, ezta?
Musika esperimentalaren barruan zaudenean ere gauza bera esaten duzu. Nik uste berritasuna musika hori aurkezten den inguruarekiko ematen dela. Ertzen berezitasuna zera da: ustez abangoardian dauden musikei buruzko jaialdi bat egitea mendiz inguratutako Bera bezalako herri txiki batean. Abangoardia hitza nahiko hitz irristakorra bada ere, musikari gehienentzat ere egoera hori bitxia da, beraiek Berlin edo beste edozein hiritako museoetan jotzera ohituak daudelako. Eta beraz, egoera berri horretan sortzen ahal dira beste balio batzuk. Egoera berri horiek sortzea da beraz Ertzen helburuetako bat.
Zein da Entresol lan berriaren muina? Hiru track biltzen dira bertan.
Nik beti alde kontzeptualerako joera daukat. Ez naiz hainbeste zentratzen melodietan, egituretan... Zerbaiti erantzuten dion zerbait egiten saiatzen naiz. Disko hau soinuan zentratu nahi izan dudanez, azkenean antikontzeptuan erori naiz. "Entresol" hitzak katalanez gazteleraz «entresuelo" hitzaz ezagutzen dena esan nahi du, alegia, pisu baxuaren eta lehen pisuaren arteko zerbait. Bestalde, erdarazko hitzak beste adiera bat ere badu: eguzki artekoa-edo. Diskoan entzuten den %90a soinu bihurtutako argia da. Sentsore batzuk erabili ditut, eguzki plaka batzuk, eta plaka hauek audio kableetara loturik daudenez argia soinu bihurtzen da. Alegia, argi frekuentzia bakoitzak soinu frekuentzia ezberdina du. Entresol lan honekin ez dut inolako progresiorik bilatu nahi izan. Tartekoari garrantzia eman nahi izan diot. Lehenengo pieza, adibidez, Entresol, mixer batekin sortu dut, alegia, mixer bat baina input-ik gabe. Horretarako, soinu mahaian fader-ak eta ganantziak igo ditut, eta horren bidez mahaiko soinu zikinkeri guztiak entzuten dira. Modu honetara tarteko soinuei eta hutsuneei balioa eman nahi izan diet. Beraz, ordenagailua bezala, soinu mahaia bera ere instrumentu bat da niretzat. Entresol II (argi soinuak) eta Entresol III piezak argi soinuekin eginak dira. Bestalde, hirugarren kantak badu tarteko hutsuneari egindako beste erreferentzia bat. Gasteizko eliza batean grabatutako soinu bat. Elizako organoaren hauspoa, hain zuzen ere. Organistak jotzeari utzi zionean hauspoa husten hasi eta hain zaharra zenez, hauspoko zulotxoetatik irteten zen haizearen soinuak harrituta utzi ninduen. Berehala grabatzeari ekin nion.
Diskoan ez da kanten azalpenik egiten. Zaila da ezer jakin gabe diskoa entzun eta kontatzen ari zarenaz konturatzea.
Dudarik gabe. Kontua da diskoetxeari ez zaizkiola gehiegi gustatzen testu luzeak sartzea diskoetan. Antifrosteko lanak hartzen badituzu, denek dute lan kontzeptual bat. Bestalde, zigiluaren erabakia da lan horri garrantzia ematea edo ez. Beharbada, nahiago dute jendeak entzutea eta haserre edo harriduraren poderioz ikerketa edo galdeketa bultzatzea. Horixe da musika esperimentalaren gauzarik ederrenetako bat, entzulearen eta musikariaren arteko komunikazioa bultzatzen duela.
Urte hauetan makina bat kolaborazio egin dituzu. Zer du Xabier Erkiziak hainbeste jendek beregana jotzeko?
Batez ere, gogoa eta interesa. Gainera, adikzio bat da niretzat. Ez dakit ezetz esaten. Nik uste dut bilaketa bat dela, batzuetan ongi irteten da eta beste batzuetan gaizki. Baina horrek badu beste puntu interesgarri bat, arriskua. Talde batekin nire burua arriskuan ikusten ez badut, interesa galtzen dut. Norbaitek esan dezake ea zein arrisku duen Lisabörekin kolaboratzeak. Beno, niretzat bere garaian bazuen, hamar urte gitarra hartu gabe eta horrelako zerbait egin gabe bainengoen. Arriskua gehiagotan hartu beharko luke kontuan musikak.
Hitzaldiak ere eskaintzen dituzu. Zertan oinarritzen dira?
Hitz egiten ari garen kontzeptu hauen guztien inguruan aritzen naiz. Herrialde ezberdinetan aritu izan naiz hitzaldiak ematen. Herrialde horretara heltzen naizenean ahalegintzen naiz bertako ideia musikal gehienekin bustitzen, gero hitzaldira etorriko den jendeari nire ideiak hobeto ulertarazteko. Ez da berdina Berlinen edo Brasilen hitzaldi bat eskaintzea. Brasilen erreferentzia musikala batez ere erritmoan oinarritzen da. Beraz, herri zehatz horretara hitzaldia eskaini baino bi egun lehenago joan eta edozein erreferentzia sonoro bilatzen dut gero aplikatzeko.