Net Hurbil: Txori bat pausatzen da eta gripea dakarkigu


2021eko uztailaren 19an
1918ko gripea ezagutu zutenak oso gutxi dira gure artean. Gaztetan hartaz zerbait entzundakoak gehixeago. Baina telebistak berriro aipatu duen arte nor gogoratzen zen «gripe espainiar» hartaz? Ez zen, bada, ahazteko modukoa: mundu osoan zehar batzuen ustez 40 milioi pertsona hil zituen, eta beste batzuenean 50 milioi.

Gripe espainiarra epidemia baino gehiago pandemia izan zen. Horrelako beste baten aurrean jarri ote gaitu azken hilabeteotan puztu eta hedatzen ari den hegazti gripeak? Gertatu arte ezin jakin. Baina udaberrian lasai egoteko esaten ziguten agintariek berek orain dioskute arriskua egiazkoa dela. Zientzialari pesimistenek berriz, denbora kontua dela uste dute gripe hori hegaztitik pertsonetara pasa eta hauen artean abiada betean zabaltzen hastea.

Irakurleak burua neka dezake A, B eta C motatako gripe birusak daudela jakitetik hasi eta rock star bat baino famatuagoa egin den H5N1 birusaren bizitza eta bitxikeriak ikasteraino. Bukaeran ohartuko da esplikazioa benetan xinplea dela. Hegazti batzuen gaitz bat da, 1918ko gripe hura sortu zuen birusaren tankerako beste batek eragina. Oraingoz hegaztiak hil ditu eta horiekin kutsatutako gizaki bakan batzuk ere bai. Oraindik ez da pasatu gizakitik gizakira. Aldiz, birusak lortzen badu gizakitik gizakira pasatzeko urratsa ematea, orduan esan ahal izango dugu benetan arazo larria daukala munduak.

2004ko urtarrilaren 15ean Osasunaren Munduko Erakundeak hegazti-gripeaz plazaratu zuen oharra irakur daiteke. Lehen lerrotik ematen zuen abisua: «Hegazti-gripea eta horrekin gizakia kutsatzeak duen garrantzia». Bertan dio gripe hau ez dela batere berria: Italian ezagutu zuten estreinako aldiz duela 100 urte, eta badakigu mundu osoan barreiatuta dagoela.

Ez da kasualitatea izango birus hau (15 mota daude) normaltasunean bizitzea uretako hegazti migratzaile basatien artean, ahateetan batez ere. Hegazti horiek naturaren erdian ondo egiten diote aurre gripeari. Aldiz, gripe hau kutsatzen bazaie kaiolaratutako etxeko hegaztiei, oilasko eta indioilarrei batez ere, hiltzeraino gaixotzen ditu.

Hegazti basatien artean birus nahiko «onberak» direnak, oilategietan zirkulatzean mutatu eta oso hilkor bihur daitezkeela askotan ikusi da. 1983-84an Estatu Batuetan hala gertatu zen eta 17 milioi hegazti akabatu behar izan zituzten: hasieran gripe arin bat ematen zuen birusa oilo haztegietan mutatzen joan zen eta sei hilabete pasa zirenean, kutsatutako oiloen %90a hiltzen zuen. Antzeratsu gertatu zen Italian 1999-2001ean; hemen bederatzi hilabetetan «gaiztotu» zen birusa, eta 13 milioi hegazti hil behar izan zituzten.

Hau gertatzen omen da mota honetako birus ezberdinak gai direlako beren artean geneak trukatzeko, eta mutazio horietatik sortutako birus berriak ezberdinak direnez, abereek ez daukatelako beren inmunitate sistema prestatua horiei aurre egiteko. Aire libreko bizi basatian eboluzioak eta hautaketa naturalak beren erritmoan egiten dute lan, baina oilo haztegi handiak diren laborategi erraldoietan gauzek bestela funtzionatzen dute.

Nola irits daiteke (edo iritsiko da) hegaztien gripe hau gizakietara? Zerriak egiten du hor bitartekari lana. Urdeak harrapatzen ditu bai gizakion birusak eta bai hegaztienak, eta adituen beldurra zera da: zerriak izango ote diren hegaztien eta gizakien hainbat birusen geneak nahastuz birus mota berriak sortuko dituzten laborategi biziak.

Beste beldur bat ere badute adituek, beti ere Osasunaren Munduko Erakundearen hitz zuhurrak aipatuz: hegaztien gripe honek jadanik erakutsi duenez gizakia hil dezakeela, eritu diren pertsona horiek izango ote diren birus mota berri eta oraingoz kontrolaezinak sortuko dituzten laborategi hankadunak.



Egunero 30 kilometro aurrera

2003an SARS neumonia atipikoa mundu osoan zabaldu zenean, askok esan zuen mundu globalaren gaitz berrien adierazlea zela. Harekin piztu zen zalaparta deusetan gera daiteke hegazti-gripeak gizakietara jauzi egiten badu lehertuko denaren aldean. Hau ere SARS hura bezala airetik ari da barreiatzen, baina ez hegazkinez, hegaztiz baizik. Oilategietan mutatu den birusa berriro naturara atera da, eta orain hegazti migrariek daramate munduan barrena.

Gaitzaren banaketa zentro bat Txinan aurkitu dute adituek. Qinghai lakua Tibeten dago, itsasoaren mailatik 3.000 metrotara, eta bere 5.700 km koadroetara milaka hegazti erakartzen du: kaio, kurrilo, antzara, ubarroi, beltxarga edo zisne, eta beste asko. Bertako biztanleen harrotasuna da migrazio garaian aintzira gaineko ortzia estaltzen dutela txoriek. Science eta Nature aldizkarietako erredaktoreek uste dute Qinghain mutatu ahal izan dela basatien artean, aurretik oilategietan barreiatutako H5N1 birus hilgarria.

Qinghain akabatu diren 5.000 hegaztiak gutxi dira Asiako Ekialdean birus honek hil dituen 63 pertsonen eta hilarazi dituen 120 milioi oiloen ondoan, baina mundu osoarentzako estrategikoa den gune batean gertatu dira: Qinghain pausatu diren hegazti batzuk hil izanak esan nahi du beren gaitza jadanik Errusia eta Indiara iritsia izan behar duela, eta Europa eta Amerikarako bidean dela.

Zientzialariek Qinghai aintziran ikusi zutenaren berri eman zutenean, agintari txinatarrek debekatu egin zuten paraje hartara joatea. Inguru haietako 20.000 oilo ere hilarazi zituzten; nekazariei kalte-ordainik eman gabe, noski. Osasunaren Munduko Erakundeko funtzionarioak kexu ziren Txinak ez zuelako nahikoa informazio eman Qinghain gertatzen ari zenaz. Hori uda hasieran zen.

Gero, udan barrena entzun genuen ez zegoela hegazti migrarien beldurrik, Asiakoak Asian geratzen direla. Abuztuko opor garaian jakin zen birusak Ural mendiak gainditu zituela, eta Herbehereetan kanpoan hazten diren oilo guztiak oilategietara sartzeko agindua eman dutela. Lanera itzuli garenean, herritarroi otorduan jaki bikoitza mahairatu digute: batetik petrolioaren prezioaren igoera historikoa eta bestetik pandemia baten beldurra. Pentsatzekoa da ondoko asteetan tokatuko dela: gripe horren kontrako botika onenak, osasun estrategia txukunenak, aholku praktikoak, «gaur gripea honaino iritsi da» grafikoak, eta abar.

Mende bakoitzean hiru bat pandemia izaten omen da. Hegazti gripea izan daiteke XXI.go lehena. Eta bestela, epidemia bat gehiago izango da. Bada mediku inmunologo frantses bat, Norbert Gualde, historian errepikatu diren epidemiak oso ondo esplikatu dituena bere liburuetan. Gualdek elkarri estu lotuta ikusten ditu Erdi Arotik hasita ezagutu diren hainbat epidemia: izurri beltza, gripea, elgorria, Ebola, Hiesa, Creutzfeldt-Jakob, legionarioen gaitza, SARS...

Interneten Gualdek dauzkan informazioen artean, hona Jean Delumeau-ri (La peur en Occident, Beldurra Mendebaldean) hartzen dizkion hitzak: «Kutsatzeko arriskua azaltzen denean, ez ikusia egiteko joera dago lehenbizi. Izurriteei buruzko kroniketan azaltzen da agintariek sarritan axolagabe jokatu zutela gainera zetorren arriskuaren aurrean».


www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude