Dusko Ivanovic: «Saskibaloian dirua irabazteko ari denak nire taldean ez du jokatuko»


2021eko uztailaren 12an
Jugoslavia ohian saskibaloia zen kalean haurrek gehien estimatzen zuten kiroletako bat. Zuk ere kalean arnastu al zenuen saskibaloirako pasioa?
Bai, saskibaloia kalean ezagutu nuen. Liga ere irekirik jokatzen zen, asfalto gainean. Eta gu, anaiarekin eta lagunekin, kalean ibiltzen ginen jolasten. Euri pixka bat ari zuenean ere jokatzen genuen, zaparrada ari zuenean ez baina. Neguan, jokatu ahal izateko zelaitik elurra kentzen ibiltzen ginen. Baina hori dena inongo pentsamendurik gabe noizbait saskibaloia ogibide izango nuenik, niretzat plazerra besterik ez zen, gustatzen zitzaidan jokatzea, eta beste pretentsiorik gabe aritzen nintzen. Ni abokatua naiz ofizioz eta abokatu bezala lan egitetik bizitzea pentsatzen nuen. Baina azkenean bizitzak bide batzuk hartzen ditu, eta nik haiei segi.

Zergatik ez zen, Jugoslavia komunista hartan, kirola amesgai? Eliteak ogirik ez zuen ematen, heziketa kontua zen...
Jugoslavian, garai hartan, goi mailara iritsiz gero ere saskibaloia ezin zen ogibide izan, eta denek ikasketa ildo bat zuten buruan, jende guztiaren lehentasuna ikasketak ziren. Beraz, esan izan balidate ere: "Zu goi mailako saskibaloi jokalaria izango zara", nik nire unibertsitateko karrera egiten segituko nuen. Eta orain nire semeari ere berdin esaten diot. Berak saskibaloian jokatu nahi du, badu talentua, beraz, "bai joka zenezake, baina lehenik zure ikasketak bukatu behar dituzu, inoiz ez baitakizu nora hel zaitezkeen, eta gainera, saskibaloi karrera bukatzean zer egingo duzu?", esaten diot.

"Baina aita saskibaloi jokalari profesionala naiz Friburgon, egunero entrenatzen gara, nekatuta iristen naiz etxera, asteburu oro dugu partida, hara eta hona bidaiatzen dugu, ez daukat denborarik ikasteko..." erantzungo dizu berak.
Hori pertsona bakoitzaren denboraren antolamenduaren eta borondatearen baitan dago. Profesional batek denbora libre asko du, beraz egunero unibertsitatean sartuta egotera behartzen ez zaituen karrera bat aurkitzea baino ez duzu. Lanean aritzea ez, orain ezinezkoa da, baina zure jokalari karrera bukatzen duzunean egin beharko duzu lana. Hori izan behar litzateke saskibaloi jokalari bakoitzaren helburua.

Zuk biak uztartu zenituen, kirol profesionala eta lana. Lehen hiru urteetan, Ligako saskiratzaile onena izateaz gainera Podgoricako Udalean abokatua zinen. Semeak, eta edozeinek galdetuko lizuke: Profesionala izanik lana egin? Zertarako?
Gustatzen zitzaidalako. Zuzenbideko ikasketak ere gustuko nituelako egin nituen. Eta lana ere ilusio handiz egiten nuen. Goizeko zazpietatik eguerdiko ordu bietara jarduten nintzen lanean, tartean atseden bat hartzen nuen taldearekin entrenatzeko, eta gero lanera itzultzen nintzen.

Buducnost taldearekin jaitsieratik justu-justu salbatzen zineten beti. Baina egun batean Jugoplastika handi hartako entrenatzailea etorri zitzaizun, Malijkovic, eta esan zizun: "Zu zara falta zaidan pieza".
Egia da istorio hori, Malijkovicen hitzak hala izan ziren. Hogeita bederatzi urterekin etorri zitzaidan ni Splitera eramateko asmoz. Banuen Olimpia Ljubljanaren eskaintza bat ere, Splitek baino askoz ere diru gehiago eskaintzen zidana. Baina Malijkovicekin hitz egin nuen, talentu handiko taldea zuela ikusi nuen, eta Jugoplastikara joateko erabakia hartu nuen. Ongi atera zitzaidan, uste dut hura Europan inoiz ikusi den talde onena izan zela.

Bide batez jaitsiera postuetako agoniatik tituluak irabazteko borrokara pasa zinen. Ba al dago alderik beheko eta goiko presioen artean?
Oso ezberdinak dira. Presioa hamar aldiz handiagoa da jaistekotan zaudenean titulua irabaztekotan zaudenean baino. Nik hamaika urtean jokatu nuen Buducnosten, eta urtero sekulako borroka izaten genuen ez jaisteko. Saskiratzaile onena nintzen, eta partida oro hogeita bost edo hogeita hamar puntu sartu behar nituen taldea salbatuko bazen. Beraz Buducnosteko esperientzia hark izugarri lagundu zidan gero tituluen lehian lasaiago jokatzeko.

Hamar urte egingo dugu aurrera, Ivanovic entrenatzailea den garaira. Limogeseko entrenatzaile bezala miraria lortu zenuen: taldea krisi sakonean zegoen, batez ere ekonomikoki, eta hala ere, urte betean, liga, kopa eta Korac kopa irabazi zenituzten, dena. Nola bihurtzen da ikatza urre?
Limogesen dena ez zen ikatza. Aitortu behar da taldeak jokalari onak zituela, Harper Williams, Marcus Brown, Bonato... Europako talde handietako bat zen, bazuen izena, eta ni joan nintzenean goian ibiltzeko helburua genuen. Hiru tituluak irabaztekoa ez, baina bai gora begirakoa. Zoritxarrez, ezustean finantza arazoa atera zen. Jakin nuen momentutik garbi nuen egoera oso gogor hari probetxua atera behar geniola, zulo ekonomikoa kirol errendimendurako tranpolin bihurtu behar genuen. Askok gure soldata jaitsi genuen, eta dirua galdu. Uste dut bi amerikarrek ez beste denek soldata normala kobratzeari uko egin geniola. Horrela, arazoa, eta arazoaren soluzioa beren bizkar gainean zeramatela sentiarazi nahi nien jokalariei, eta horren bidez taldea gehiago lotu, lan gehiago egin, eta borrokarako grina handitu. Prentsak ere lagundu zigun, eta ongi atera zitzaigun.

Nahi izatea ahal izatea da?
Nahi izatea eta nola lortu jakitea da ahal izatea. Zorte pixka bat ere beti behar da, noski, baina zerbait nahi baduzu, nola lortu baldin badakizu, eta lanerako jarraikortasuna baldin duzu, lortuko duzu. Gaur iristen ez bada bihar iritsiko da.

Entrenatzaile oso gogorra zarela esaten dute, zenbait jokalariren ustez, gogorregia. Zenbat eska dakioke jokalariari?
Nik dudan filosofia da entrenamendu bakoitzean jokalari bakoitzak bere mugak gainditu egin behar dituela, bai muga mentalak, eta bai muga fisikoak. Bestela beti maila berean egongo da. Eta beti maila berean dagoenak, besteek aurrera egiten duten heinean, oharkabean atzera egingo du. Beraz egunetik egunera hobetu nahi duen jokalariak kontziente izan behar du entrenamendu bakoitzean duen onena eman behar duela.

Baina zuk eskutan dauzkazun pertsonek milioiak irabazten dituzte, izar batzuk dira, bizitza ia konpondua dute. Nola konbentzitu egunero-egunero sufri dezaten?
Saskibaloian jokatzen duen batentzat, nire begirako, lehen helburua ezin da izan dirua irabaztea, hori gero etortzen da. Jokalariaren lehen helburua izan behar da tituluak irabaztea, partida irabaztea, edo entrenamenduan lehia bat irabaztea. Ez badu anbizio hori diru asko irabaziko du agian, baina ez du sekula titulurik irabaziko. Aldiz, anbizio mugagabea badu, eta borrokarako filosofia hori, askoz errazagoa izango zaio bere mugak gainditzea. Saskibaloian dirua irabazteko ari denak, egon ziur, nire taldean ez duela jokatuko.

Zuk zeuk esan duzu, zu, Olimpia Ljubljanaren eskaintza ona izan, eta diru gutxiago kobratuz Splitera joan zinela. Hori ohikoa al da saskibaloi jokalarien artean?
Lehen ikusten zen, orain ez. Azken aldian denak joaten dira diru gehien irabazten duten taldera. Diruari ere begiratu behar zaio, noski, adinak badu garrantzia, baina niri iruditzen zait batez ere kirol ikuspegitik aztertu behar dela eskaintza bakoitza, hori garrantzitsuagoa izan beharko litzateke. Ni ez naiz inoiz diruaren atzetik joan.

Dirua dabil, orain, kirolaren atzetik. Hor dago Akasvayu Gironaren kasua, etxegintza enpresak sekulako dirutza inbertitu du saskibaloi taldean, eta merkatu guztia astindu du. Hori ez al da finantza dopina?
Mundu guztiak bilatzen du bere burua gero eta gehiago indartzeko modua. Norbait diruz beteta etortzen bada, eta futbolean Chelsean bezala, edo saskibaloian Gironan bezala, bere enpresari marketinga egin nahi badio, zergatik ez? Baina diruak ez du beti irabazten. Kantxara ateratzen zarenean diruak indartsuago egingo zaitu, baina irabazi ez du berak egingo.

Irabazteko lehia espiritua behar dela diozu. Espiritu hori bizitzako arlo guztietara eraman beharko al litzateke? Hezkuntzan landu behar lukete?
Norberak berekin ekartzen du hori, baina uste dut berezkoaz gain ume-umetatik landu daitekeen dohaina dela. Edozein lanetan da beharrezkoa. Nagusiak langilea hartzen badu, eta langile horri lanak ez badio inporta, ongi egiteko eta egunero hobetzen joateko ilusiorik ez badu langile horrek ez du balio. Nik uste bizitza normaleko edozein arlotan ongi datorren ezaugarria dela lehia espiritua, ona dela, baina muturrera eraman gabe. Lehiakorra izan behar da beti ere besteak errespetatuz, eta norbere lekua bilatuz.

Zu ere, entrenatzaile lanean, egunero-egunero ariko zara hobetu nahian. Nondik ikasten duzu?
Asko ikasten dut, bai jokalari batzuengandik, berdin partida batetik, ikuslearengandik, eta baita zale batek kalean gurutzatu eta zerbait interesgarria esan didalako ere. Entrenatzaileak beti joan behar du aldatzen.

Real Madrilen aurka esku-eskutan zenuten liga, eta azken unean alde egin zizuen. Zoritxarreko berrogei segundo haietatik zer ikasi zenuen?
Ez dakit ikasi ote nuen, nik bai bainekien hori aurretik. Banekien, eta beti esan izan diet nire jokalariei, partida hasten duzunean, edozeinen aurka izanik ere, kontziente izan behar duzula irabaz edo gal zenezakeela, eta saskibaloi partidak berrogei minutu irauten dituela. Edozein despiste, edozein kontzentrazio falta garesti ordaintzen duzu. Horregatik saiatu behar da entrenamendu oro gauzak ahalik eta zuzenen egiten, inoiz lan itxurak egin gabe, partidako azken minutuan, edo berdin azken segundoan, larrutik ordainduko baituzu bestela. Azken berrogei segundo horiek hori erakutsi zuten. Entrenamenduetan izan ditugu zenbait arinkeria eta Real Madrilen aurkako azken minutuan horiek atera ziren.

Esaten dute galtzen ere jakin behar dela. Zer da galtzen jakitea?
Galtzen jakitea da, jokoa hasi aurretik, gal zenezakeela jakitea, eta beraz prestatua egotea horretarako ere. Horrek ez du kentzen oso zaila eta gogorra denik. Hogeita hamar urte daramatzat kirol honetan, eta oraindik ere galtzen dudan bakoitzean asko kostatzen zait gainditzea. Baina uste dut bai jokalariarentzat eta bai entrenatzailearentzat, edozein kirolarirentzat, oso garrantzitsua dela porrotaz kontziente izatea. Ez du axola nondik eta nola datorren, onartzeko gai izan behar duzu, hainbeste min eman arren, onartu, eta aurkariari eskua eman.

Porrot guztiak berdinak dira, edo badira batzuk besteak baino hobeak?
Porrot bat edo beste izan liteke, bai, on egiten dizuna. Porrotetatik ikasten dela ere esaten da, baina nik beti erantzuten dut askoz hobea dela garaipen batetik ikastea. Askoz hobe da irabazten duzunean ohartzea zure hutsuneez. Nik ahal banu porrota ekidin, eta beti irabazi ahal izango banu, beti irabaziko nuke.

Tituluen gosea ez al da inoiz asetzen?
Ez. Bukatzen zaidan egunean saskibaloitik alde egingo dut. Oso garrantzitsua da tituluak irabaztea, eta ez baduzu antsia hori sentitzen, hobe duzu utzi eta gose hori sentituko duzun beste lan bat bilatu.

Zuri antsia hori aurpegian eta jarreran irakurtzen zaizu. Partidan zehar, abokatu sena, epaileekin asko eta gogor hitz egiten duzu?
Partida eta gero ez dut sekula hitz egiten epaileei buruz, baina egia da partidan zehar asko hitz egiten dudala beraiekin, beti ere errespetuz, inoiz hitz larririk esan gabe. Madrilen kanporatu nindutenean ere ez nien besterik esan: "Ez zarete zuzen arbitratzen ari, ezin duzue modu horretan jardun". Niri iruditzen zait entrenatzaile guztien lana dela epaileak bere papera ahalik eta ongien bete dezan laguntzea. Ez dut inoiz inork lagundu diezadanik galdetu, bakar-bakarrik zuzen egin dezan bere lana. Gaur niri laguntzen baldin badit, bihar beste bati lagunduko baitio, eta orduan haserretu egingo bainaiz. Beraz, epaileari esaten diodan bakarra da "zuk artez zuzendu ezazu partida, ez baldin badut irabazteko kalitaterik ez dut irabaziko, eta lan gehiago egingo dut. Baina eman iezadazu aukera gutxienez, lana eginez, egun batean irabazi ahal dezadan".

Futbolean entrenatzaileren batek aitortu izan du partidaren prezioa zuzenean ezagutua duela. Saskibaloian ere gertatzen al da?
Nik ez dut inoiz epaileak partida zuzenean saltzeko korrupzio kasurik ezagutu. Baina badira zurrumurruak, ez Espainian, baina Espainiatik kanpo badira zurrumurruak.

Beste zurrumurru batek dio operara maiz joaten zarela...
Bai, artea gustatzen zait.

Kirolarien estereotipoan ez da sartzen artezalea izatea, edo interes kulturalak edukitzea. Jendeak kirolarien irudi faltsua al du?
Ez dakit, baina saskibaloian behintzat badago interes kulturalak dituen jendea. Eta nire ustez edozein kirolarik izan behar du heziketa onekoa, maila kultural handikoa. Ez horrek jokalari bezala hobea egiten zaituelako bakarrik, baizik eta gizartearentzat ereduak direlako. Ni beti ahalegintzen naiz nire jokalariei buruan sartzen "jendeak errespeta zaitzala ez bakarrik saskibaloi jokalari ona zarelako, pertsona ona zarelako baizik". Eta jokatu, beti ezin da ongi egin, baina jarrera oneko pertsona beti izan zaitezke.

Beraz, entrenatzaileak, lan intelektuala, eta lan kulturala ere egin beharko luke taldearekin?
Maila profesional honetan oso zaila dela uste dut, baina ahalegina egin liteke, saiatu gutxienez. Nik aukera izan dudan bakoitzean eraman dut nire taldea museoren bat bisitatzera. Askoz hobe da denbora gisa horretan pasatzea Nintendoarekin jolastuz pasatzea baino. Museo batera iritsi eta ikusi ditut oso erreakzio ezberdinak, batzuk paso, eta beste batzuk oso gustura. Bateon batek agian zer edo zer aurkituko du han, eta egunez-egun batetik eta bestetik edanez hala joango da hobetzen.

Saskibaloia ere artea al da?
Niretzat bai, baina ezin dut hori maila orokorrean esan. Zerbait artea izan dadin lehenik sentitu egin behar da, eta nik badut saskibaloirako pasioa.

Artea jaurtiketa izan liteke adibidez, eskumutur baten zehaztasuna. Baina Europan gero eta eskumutur fin gutxiago dago. Alderdi fisikoa gailentzen ari den honetan saskibaloiaren arte puntu hori ez al da galtzen ari?
Bai, ez dago lehengo eskurik. Baina lehen errazagoa ere bazen jokatzea, fisikoki jokoa ez zenez hain indartsua jaurtiketa bat egitea askoz errazagoa zen.

Gorputzak gero eta zabalagoak izaki saski inguruan gero eta espazio gutxiago dago, dena tinkoagoa, zailagoa da. Hiruko marra atzeratuko balitz ez al luke jokoak arnasa hartuko, eta bide batez arteak irabaziko?
Ziur nago denbora gutxi barru aldaketa hori gertatuko dela, hiruko marra atzeratuko dute espazioa zabaltzeko.

Zuk aspaldi esan zenuen ez zegoela hainbeste diferentzia Europako saskibaloiaren eta NBAren artean. Badirudi denbora arrazoia ematen ari zaizula...
Kirolean egunero erakutsi behar duzu onena zarela, eta orain esaten bada "NBA munduko ligarik onena da", ez nago ados, azken munduko txapelketak eta azken Olinpiar Jokoek ez dute hori erakutsi. Lehen alderdi fisikoan zegoen aldea, orain asko indartu da Europako saskibaloia, eta uste dut ikuspegi batzuetatik Europako saskibaloia hobea dela NBA baino. Europan lauzpabost talde badira amerikarrekin lehiatu daitezkeenak. Gainera akordio batzuk ere badira dagoeneko, eta esango nuke etorkizunean liga bateratua jokatuko dela Europako eta NBAko taldeen artean. Batez ere ikusirik NBA krisi handian murgilduta dagoela, bai joko aldetik eta bai finantza aldetik.

Krisian ez dagoena TAU Baskonia da. Zuk gailurrera eramatea lortu duzu, Europako talde onenetakoa bihurtzea. Ohartzen gara euskaldunak zein saskibaloi talde dugun?
Uste dut baietz. Ez dut pentsatzen euskaldunak futbol zaleagoak edo pilota zaleagoak direnik saskibaloi zaleak baino. Nik uste Gasteizen gehiago maite dutela saskibaloia futbola baino. Gogoan dut Alaves UEFAko finalera iritsi zen urtea, gutxi gorabehera ordu bertsutan izaten genituen partidak, eta hala ere beti edukitzen genuen gure ikuslegoa, 9.000 lagun. Gainera Gasteizko saskibaloi zalea tradizio handikoa da, saskibaloia ongi ezagutzen duena. Badira beste talde batzuk ere oso publiko ona dutenak, baina Gasteizkoa publikorik onenetakoa da. Eta taldearentzat laguntza izugarria da hori.

Baina TAU atzerritarrez jositako taldea da, ez du euskaldunik kantxan. Euskaldunak ez al dira saskibaloi jokalari onak?
Egia da nahiz eta hemezortzi urtera bitarte askok jokatu Euskal Herrian ez dela jokalari askorik atera. Ez dakit zer gertatzen den, izan daiteke altueragatik, ez dagoelako garaiera izugarriko euskaldunik, baina bestalde ez da nahitaezko baldintza oso handia izatea saskibaloi jokalaria izateko, begiratu Pablo Lasori. Ez dakit zer gertatzen den, espero dezagun etorkizunean jokalari onak ateratzea Euskal Herrian. Euskal Herriarentzat ona litzateke hori.

TAUk berdin errendituko al du Ivanovic gabe?
Berdin, edo hobeto. TAU entrenatzaile baten edo jokalari baten gainetik dagoen kluba da. Joan dira jokalariak, joan dira entrenatzaileak eta TAUk beti gora egin du. Oso antolaketa ona du, oso finantzaketa ona, eta presidenteak ideiak garbi izateaz gain lana oso ongi egiten du. Uste dut TAU dela talde bakarra azken hamar urteetan urte oro beti koska bat gorago egin duena.

Tamalez koskarik gorenera igotzea falta izan zaio, Euroliga irabaztea. Tel Aviveko Maccabiren aurka galdu zenuten finala. Hain justu, zer iruditzen zaizu israeldarrek Euroliga jokatzea?
Hogeita hamar urte badira Maccabik Europako Ligan jokatzen duela, beraz ia normala da. Eta gainera ezin dugu orain pentsatu "bai baina Tel Avivek ez balu jokatu izan txapeldun ginatekeen... ez, Tel Avivi irabazi egin behar genion!".

Politikara lerratu garen honetan, Jugoslavia zena gerra lekua izan da aspaldion. Zuk kanpotik ikusi zenuen etxeko gerra. Nola bizi izan zenuen?
Oso gogorra izan zen. Ni hogeita hamabi urtez bizi izan nintzen Jugoslavian, herrialde ia perfektuan, herrialde zoragarrian. Ez zen ezberdintasunik ikusten erlijioen artean, musulmana izan, izan kroaziarra, izan serbiarra, izan esloveniarra, ez zegoen inolako diferentziarik, oso herrialde polita zen. Baina gerra lehertu zen, eta gerra guztietan bezala, errugabeek ordaindu dute. Gaur egunean hori egitea, hainbeste hildako ikustea, ez dut ulertzen, eta jende asko dago ulertu ezin duena zergatik gertatu zen hori guztia.

Gaur egun bost estatu dira lehen bakarra zena, Serbia eta Montenegro bereizten badira sei. Nola daude elkarren arteko harremanak?
Orain egoera nahiko ona da. Poliki-poliki harremanak berriz ere eraikitzen ari dira. Saskibaloia aitzindaria da horretan, Liga Adriatikoa osatu da, eta Jugoslavia ohiko taldeak elkarren aurka jokatzen ari dira. Harreman ekonomikoak ere ari dira lotzen. Nik uste dut beste bost edo hamar urte barru, nahiz eta herrialde ezberdinetan zatituta egon, jendea lehengo harremanetan biziko dela. Hizkuntza ere denek berdintsua hitz egiten dute.

Eta gurera itzuliz, Euskal Herritik bazoazen honetan, zer irudi daramazu hemendik?
Joaterako orduan, hemen bizi izandako une onak, txarrak, garaipenak, porrotak, irribarreak, malkoak, denak biltzen ditut zakura. Baina ziur egon Euskal Herria faltan botako dudala. Nik eta nire familiak bost urte zoragarri bizi izan ditugu, eta pixka bat gasteiztarra ere sentitzen naiz. Oso pozgarria izan da hemengo jendea ezagutzea, Euskal Herria herrialde ezezaguna baitzen niretzat. Urtebete pasa nuenerako ohartu nintzen, ordea, euskaldunek eta montenegroarrek badugula elkarren antza: nahiko burugogorrak gara, baina aldi berean ondraduak, zuzenak, eta borrokalariak.

Agurtu aurretik, eskerrik asko, Dusko, bost urteotan emandako ilusio eta poz guztiengatik.
Nik ere eskerrak eman nahi dizkiot, batez ere Baskoniako zalego osoari, eta baita Gasteizi ere, eman didan maitasun guztiagatik. Beti izango da plazer handi bat hona etortzea.

Agian izango duzu aukera berriz, egunen batean, hona lanera itzultzeko...
Ea hala den.

Drazen Petrovic zena
"Bi aldiz jokatu nuen bere aurka. Oso jokalari ona zen. NBAn ere oso garai zailean lortu zuen arrakasta. Orduan inongo entrenatzailek ez zuen bere taldean europarrik sartu nahi, baina Petrovic bai. Hark bai irabazle mentalitatea zuela".

Dopina
"Nik ezagutu ditudan taldeetan, bai jokalari bezala eta bai entrenatzaile bezala, ez dut dopinik ikusi, eta ez dut utziko gainera horrelakorik erabiltzen. Uste dut kirola egin behar dela, limiteak gainditu behar direla, baina jokalari bakoitza zaindu ere egin behar dela. Niri zuzena ez den garaipen batek ez dit balio. Ez dut uste Europan dopinik dagoenik, hainbeste kontrol egiten dira... Ez dakit NBAn nola ibiltzen diren, baina dakidana da Joko Olinpiarretara etortzeko NBAko jokalariek baldintza bat jartzen dutela: beraiei antidopin kontrolik ez egitea. Hori badakit. Eta ez dut komentariorik egingo».

Jugoplastika handi hura
"Gurekin inork ez zuen kontatzen, oso talde gaztea ginen. Baina orain begiratzen dituzu talde hartan egon ziren jokalarien izenak, eta ziur nago hura Europan inoiz ikusi den talderik onena zela. Naumoski taldeko hamaikagarren jokalaria zen eta orain Europako joko antolatzailerik onena da, Kukocek NBAn bukatu zuen, Tabac bera ere hamabigarren gizona zen... Talde gaztea zen, anbizio eta talentu handikoa. Eta taldearen ahalak aprobetxatzen asmatu zuen entrenatzaile bat egokitu zitzaigun".

Bertsoa

Doinua: mutil koxkor bat

Mundua ez da baloia baina
bueltaka ari da beti,
hartan barrena dabilen orok
ezagutzen du ederki.
Saskibaloiak nahiz eta ate
eta begiak ireki,
liburua noiz itxi behar den
askok ezin erabaki.
Azken puntua lortu duela
jokalariak noiz daki?

Destino berria: Bartzelona
«Badakit talde handi batetik beste handi batera noala. Tradizio handiko kluba da, eta espero dut irabazteko antsia hori izango duela. Dena irabazteko helburua, bai, Bartzelona bezalako talde batek eduki behar du, baina kirolean ezin da horrelakorik esan, "dena irabaziko dut", batik bat besteekiko errespetuz, beste batzuk ere oso indartsuak baitira eta nahi baitute irabazi. Beraz helburua ahalik eta lehiakorrenak izatea da».

Nortasun agiria
1957ko irailaren 1ean jaio zen Bijelo Poljen, Montenegron. Unibertsitatera bitarteko ikasketak sorterrian egin zituen, eta gero zuzenbidea ikasi zuen Podgorican. Abokatu ere jardun zuen lanean Podgorican jokalari zen bitartean. Handik Spliteko Jugoplastikara joan zen, eta bi Europako Kopa irabazi zituen. Gironan, Limogesen, eta Friburgon ere jokatu zuen. Entrenatzaile ibilbidea Friburgon hasi zuen 1993an, jokalari zen artean. Suitzako selekzioa ere zuzendu zuen, eta 1999-2000 denboraldian Limogesekin liga, kopa, eta Korac kopa irabazi zituen. Handik Gasteiza etorri zen, eta bost urtean izan da TAU Baskoniako entrenatzailea. Bost urtetan bi liga eta bi kopa irabazi ditu, eta TAU Euroligako finalean sartzea lortu du. Orain Bartzelonako entrenatzaile berria da. Ezkondua da, bi seme-alaba ditu, eta Bartzelonan bizi da.


ASTEKARIA
2005eko irailaren 11
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-12-21 | Iñaki Lasa Nuin
Pagadiak

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Gobernu berriaren aurrekontu neoliberal zaharrak

 Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.


Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


Siriako Arabiar Errepublikaren amaiera

Siriako Arabiar Errepublikaren amaierak harridura handia sortu du, gertatu den moduagatik: azkar eta ia erresistentziarik gabe. Halere, ez da hain arraroa herrialdea suntsituta, pobretuta eta zatitua zegoela kontutan hartzen badugu. Aspalditik siriar gehienen ardura ez zen nor... [+]


2024-12-20 | Sonia González
DSBEren ‘humilladeroa’

Betidanik begitandu zait esanguratsuagoa han-hemenka topa daitezkeen guruztokiei gazteleraz esaten zaien modua: humilladero. Ez al da guruztoki edo santutxo izen nahiko light, zuri edo haragoko konnotaziorik gabekoa? Azken batez, bertatik pasatzen zen oro umiliatu behar zen... [+]


2024-12-20 | Hiruki Larroxa
Irribarre egin, murtxikatu eta isildu

Askok, Gabonetan, ilusioa baino alferkeria handiagoa sentitzen dugu familia-otordu eta -topaketetan pentsatzean. Baina aurreratzen dizuegu ez dela otordua bera kolektiboki deseroso sentiarazten gaituena, familia tradizionala definitzen duen normatibitatea baizik. Are gehiago,... [+]


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

------------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


Kongo eta kobaltoa
Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?

Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]


2024-12-20 | Xalba Ramirez
Xabier Badiolaren gitarra: zaharra zena, berri

Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023

-------------------------------------------------

Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]


Eguneraketa berriak daude