Abandonatutako fabrikak biziberritzeko ahaleginetan


2021eko uztailaren 19an

Erdi Aroko burdinoletara atzera eginez gero, mendeetako tradizioa du industriak Euskal Herrian. Gainera, XIX. mendeko industri iraultza inflexio-puntu erabakigarria izan zen eta lantegi eta hirigune berriak sorrarazi zituen. Urtetako bizimodua fabriketakoa izan ostean, industri eraikin handien gainbehera duela gutxi hasi zen, 70eko eta 80ko hamarkadetan. Industri eredu berriek fabrika handiak ixtea ekarri zuten eta instalazio hutsak utzi zizkiguten, azalera handikoak, garaiak, kalitate onekoak, askotan erdigunean edo hirian integratuta eta denboraren poderioz lortutako xarma bereziak ukituta.

Iñaki Uriarte arkitektoaren ustez, helburu horrekin jaio ez bazen ere, ondare horrek duen balio estetikoa handia da eta eraikin mota sinple eta funtzionalaren eredu arkitektonikoa da. «Ingurunearekin bat egiten jakin duten eraikinak dira, paisaian leku propioa lortu duten funtsezko elementuak». Beraien balore sinbolikoa ere ukaezina da: gizarte baten nortasuna ulertzeko erreferentzia dira, definitzen gaituen ondarea, bizimodu jakin baten isla. Hain zuzen ere, Euskal Herriak herri industriala izaten jarraitzen duela argi du Jose Eugenio Villarrek, Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteko (IOHLEE) presidenteak. Elkarte horrek industri ondarearen kontserbazioaren alde lan egitea du helburu. «Askotan badirudi baserritik ordenadorerako saltoa bortxatu nahi dela, industriarekin dugun lotura ahaztuz», dio Villarrek.

Izan ere, Administrazioa hemengo industri ondare oparoarekin bukatzen ari dela kritikatu dute gaian aditu direnek. Eusko Jaurlaritzak Industri Hondakinen Plana atera zuen 2000. urtean, produktiboak ez diren eraikinak botatzeko. Lege horren babesarekin, balio sinboliko handiko fabrika ederrak bota direla eta «benetako hondamendiak» egin dituztela adierazi digu Iñaki Uriartek. «Administrazioak ez du eraikin horiei erabilera berriak ematearen aldeko apusturik egin; planaren arabera, produktiboa ez den eraikina zaborra da». Ondare garrantzitsua deuseztatzeaz gain, lantegiak botatzeak ondorio txarrak dituela azaldu du Uriartek; hala nola, botatzerakoan kontsumitutako energiak, hondakinak garraiatzeak ematen duen lana edo beste zerbait eraikitzeko berriro ere material berriak erabili beharra. Villarren hitzetan ere, industri ondareak utzitako lurrak aprobetxatuz espekulazio ekintza tamalgarriak egin dira behin baino gehiagotan: «Udalak dira okerrenak eta arriskutsuenak, herriko lurrekin espekulatzen lehenengoak direlako eta horrelako eraikinak babesteko arauak beraien interesen arabera aldatzen dituztelako». Jaurlaritzaren jarrerarekin ere kritikoa da Villar, beste proiektu batzuetan interes handiagoa jartzen duela baitio.

Baina Jaurlaritzako Kultura Saila ez da iritzi berekoa. Bertatik esan digutenez, ez EAEn eta ez beste edozein lurraldetan ezin da dena museo bilakatu: «Industri ondarea oso zabalduta dago eta ondare horretan maila oso desberdineko gauzak daude. Azkenean, horrek bere alde onak eta txarrak ditu. Batetik, eraikin horiek dituzten ezaugarriengatik beste zerbaitetarako berriz erabili daitezke, baina bestetik, eraikin asko dira eta den-dena ezin da gorde. Gainera -diote Kultura Sailekoek- gutxieneko maila daukana gorde behar da». Jaurlaritzaren lana monumentu mailara iristen direnak babestea eta horretarako inbentarioa egitea dela adierazi digute Sailetik. Azken finean, Euskal Industri Ondarearen Inbentarioa daudenen artean osatuenetakoa da. Aldiro eraikinak babesten dituztela, baina gehienetan horiek mantentzea jabearen edo -askotan jaberik ez dagoenez- Aldundien ardura dela ere azpimarratu nahi izan dute.

Esanak esan, ez dirudi industri ondarea kontserbatzeko botere publikoen ahalegina handiegia denik. Baina jendea ere ez dago gai horrekin sentsibilizaturik. Are gehiago, Uriartek dio arkitektoen eta ingeniarien eskolek ere ez dutela industri ondarea kontserbatzeko presiorik egiten. «Kanpotik datorren jendea askotan penatu egiten da halako ondare aberatsa izanda ez garelako berau gehiago babesteko gauza izan, baina hemen, adibidez, Eibarko fabrika garrantzitsua bota zuten, horrek herrian duen balio sinboliko izugarriarekin, eta inork ez zuen ezer esan». Uriarteren iritziz, herritarrek ermita, eliza edo eraikin zibil bat ez botatzeko protestatuko dute, baina ez lantegiengatik, oraindik ere konnotazio negatiboak dituztelako, langileen opresio leku gisa ikusten dituztelako. Jendearentzat, «esklabotzaren, espazio kutsatu eta itsusiaren sinonimoa da industri ondarea», aitortu digu Villarrek, «ezjakintasun handia dagoelako». Uriarteren ustez, mentalitate aldaketa erradikala behar da, «jendeak ez baitu ez kulturatzat ez ezertzat hartzen industri ondarea».


Diskoteka bihurtuta

Ekoizpena eten dutenez, errentagarri ez izatea da mota honetako eraikinak mantentzeko oztopo edo aitzakia nagusietakoa. Horregatik, konponbideetako bat lantegiak errentagarri bihurtzea izan daiteke eta badugu halako adibiderik. Burdingintzak gure artean izan duen garrantzia aprobetxatuz, turismorako erakargarriak izan daitezkeen museoak egin dituzte, esaterako, Muskiz, Aia, Mirandaola edo Beasaingo burdinoletan. Baina turismotik eta museoetatik haratago, gure mugetatik kanpo erabilera original eta berritzaileak aurkitu dizkiete lantegiei. Rhurreko arroan (Alemania), antzinako prozesu siderurgikotik geratutako piezak funtzio didaktikoekin erabili dituzte eta bertako eraikinak antzerki, diskoteka, jatetxe eta aisialdirako gune bilakatu dituzte. Horri eskerrak, arroak Europako Paisaiaren Lehenengo Biurtekoa irabazi du. Ekonomia sortzailea delakoak bultzatuta, ondarearen berreskurapenarekin oso tolerantea den hirigintza sortu dute Europan zehar. Hala nola, Digital Hall teknologia berrien Europako apustu garrantzitsuenetakoa Guinness garagardo enpresaren fabrika zahar batean dago kokatua, Dublin inguruan. Gertuago, Bartzelonan adibide ugari aurki ditzakegu: kuartel zaharra egun unibertsitatea da, Casa Ramona fabrika zena berriz, La Caixaren egoitza; elektrizitate konpainiaren eraikina, ingeniaritza eskola eta abar. Gainera, tamaina txikiagoko enpresa berri ugari edo loft deituriko etxebizitzak egiteko aproposak dira fabrikak. Irudimena baliatzean dago gakoa.

Euskal Herrian, ordea, eraikina zaharberritzea baino orube horretan eraikuntza berriak bultzatzea gehiago estimatzen dela dio Villarrek: «Ondarea oztopo dela dirudi, balio erantsia edo garapenerako iturri izan beharrean». Pentsatzeko era hori aldatzea izango da gure ondare oparoa hondakin ez bihurtzeko bidea. Dena den, Bilboko Zorrotzaurre industri zonaldean hirigintza proiektu garrantzitsua aurreikusi dute eta Donostiako Tabacalera ohia Kultur Garaikideko Nazioarteko Zentro bilakatzeko ekimena ere martxan da jada. Beraz, etorkizunean zerbitzu sektoreak inposatutako estetika nagusituko bada ere, lekurik egongo da agian garai batean ahalguztidunak izan ziren egungo fabrika zahar, huts eta zokoratuentzat.

Museoa industriarentzat?

1905ean jada Euskal Herriko Industri Museoa sortzeko proiektuari buruz hitz egiten hasi ziren. Urte asko pasa dira ordutik, baina ez dira urrats gehiegi eman. Aurten, Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak (IOHLEE) mota horretako museoa egiteko ikerketa prestatu du, Eusko Jaurlaritzari proposatzeko asmoz. Elkarteko presidente Jose Eugenio Villarrek kontatu duenez, 1982tik museo horretarako materiala bildu dute eta fondoak badaudela ziurtatu digu. «Milaka makina ditugu jada, industri ondarea ez baita eraikinetara mugatzen; eta pieza gehiago jaso daitezke oraindik». Museoak efektu dinamizatzailea izatea gustatuko litzaieke elkarteko kideei, orain marjinala den auzo bat berreskuratzeko.
Horretarako, ordea, Jaurlaritzak onespena eman beharko dio proiektuari. Kultura Saileko ordezkariek esan digutenez, ikerketa aztertu ostean hartuko dute erabakia, baina beraien asmoak beste ildo batzuetatik doazela dirudi. «Gure lana -diote Jaurlaritzan- ez da izango hainbeste museo berri bat sustatzea, dauden gauzak sarean jartzea eta sare hori lanean ipintzea baizik. Sare horiek bultzatzen dituzten elkarteak (Legazpiko Lenbur Fundazioa esaterako) sustatzea da gure egitekoa, egiten duten lana zabaldu eta erakutsi dezaten».

Desagertutako altxorrak
Garai batean herri edo hirietako gune garrantzitsu izan ziren lantegi asko eta asko bota dituzte azken urteotan. Zestoako Arroabehea auzoan, adibidez, herriko sinboloa izandako Rezola zementu fabrika bota zuten duela gutxi eta pasa den ekainean Boluetako (Bilbo) Santa Ana nabeak eraitsi zituzten. Santa Anakoak Bizkaiko lehenengo gune siderurgiko handiak izan ziren eta tximinia baino ez zuten utzi, ikono gisa. Iñaki Uriarte arkitektoarentzat, ordea, fabrika bota eta tximinia sinbolotzat uztea iruzurra da, tximiniak lur gutxi hartzen duelako egiten baita, ez lantegiaren oroimenez. Irungo Elgorriaga eta Palmera ezagunak, Tolosa aldeko papergintza lantegiak, Noaingo Subiza potasio fabrika edo Gernikako Toña eta Leginetxe lantegiak bota dituzten eraikinen adibide urri batzuk baino ez dira. Sestaoko Aurrera fabrika, Euskal Herriko metalurgian berebiziko garrantzia izan duena, edo Gasteizko Gabilondo, berriz, erortzear daude. Duten balio arkitektonikoagatik aintzat hartuak izan diren eraikinak ere ez direla errespetatzen kritikatu du Uriartek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arkitektura
Kexaako monumentu multzoan hotel-spa bat eraikitzea proposatu dute

Estela Roca Rom arkitekto katalanak irabazi du Arabako Foru Aldundiak abiatutako ideia lehiaketa. Foru erakundeak proiektua finantzatzeko bide publiko-pribatuak bilatzeari ekingo dio.


2024-12-04 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Sir

Londrestik iritsi da ospe handiko arkitekto bat Galiziako herri txiki batera. David Chipperfield du izena, eraikinak mundu osotik zehar ditu, Berlin, Milan eta Shangaigo bulegoetatik lanean. Arkitektura elegantea, fina, Sir batek egindakoa. Istorioa Corrubedo herrixkan hasten... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]


2024-11-20 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Datuak lurraldera

Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur... [+]


Ancorak Donostiako Arte Ederren eraikineko “ezkutuko obren” aurkako salaketa jarri du Ertzaintzan

Ancora elkarteak salaketa jarri du Ertzaintzan, Arte Ederren eraikinean egiten ari diren “ezkutuko obren” aurka. Izan ere, joan den irailaren 30ean, Ancorak idatzi bat erregistratu zuen udaletxean, Arte Ederren eraikineko inguratzaile babestua mailuka suntsitu zutela... [+]


Zaintza beharrean, kontrola lehenesten duen arkitektura dugu eskoletan

Ikastetxetako patioen eraldaketak ugaritzen ari diren arren, oraindik eraikin zaharkituak eta azpiegitura zurrunak dira nagusi hezkuntzan (barruko nahiz kanpoko espazioetan), gustura ikasi, mugitu eta harremanak izateko, pedagogia hezitzaileak garatzeko behar diren espazio,... [+]


Eneko Tuduri Zubillaga, doktorea Artearen Historian
“Donostiako ondarearen suntsiketa sistematikoa da”

Irakaskuntzan eta ikerketa historikoan dihardu Eneko Tuduri Zubillagak (Erdialdea, 1990). Doktorea da Artearen Historian, eta Nafarroako eliza zahar batzuen horma margoetan oinarrituriko tesia idatzi zuen. Ancora elkartean ibili zen denbora batez, eta gertutik erreparatu dio... [+]


2024-09-25 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Klaseko zerrenda

Irailaren lehenetan, hasierak, nobedadeak eta estreinaldiak: estutxe eta koaderno berria, izena emandako ikastaro edota ekintzetarako taldekideekin lehen enkontrua, aktibitate emanaldi eskaintza oparoa publizitate orrietan edonon, ikasturtearen agenda betetzeko, nork berea... [+]


2024-09-23 | Garazi Zabaleta
Bero latzaren aurrean hiriak birnaturalizatzeko beharra

Euskal Herriaren zatirik handiena klima zonalde epelean kokatuta egon arren, Arabako eta Nafarroako hegoaldean ez ezik, edonora hedatzen dira udako bero bolada latzak. Eta, dirudienez, klima aldaketarekin okerrera eginen du egoerak –edo egiten ari da, honezkero?–... [+]


2024-09-11 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Europa

Europar sentimendua duen lagun gutxi ditut, ez dakit europartasuna identitate bat izatera iristen ote den. Baina Europara bidaia egiten dugunean, adiskidetasun bat atera daiteke, ze gurean eta bertan gertatzen den lurraldetasun norabide nagusiak elkarbanatuak dira; bertan... [+]


2024-08-28 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Autobus geltokia

Hiri askotako tren geltokiek XIX. mendeko burdinazko egituraren edertasun gorena azaltzen dute, hiriaren epizentrora iristearen ongietorri goraldiarekin batera. Hirira ate nagusitik sartzea bezalakoa da, arkitektura eta toki perla bat. Hiri askotan, baina, birdentsifikazio edo... [+]


Eguneraketa berriak daude