Jexuxmari Zalakainen gurasoak baserritarrak ziren. Bere jaiotetxea (Txatone) Tolosak Anoeta herriarekin bat egiten duen mugan zegoen, ez zen baserria ez kalea, mendiko kale-etxea baizik. Jaiotetxea 1953ko uholde gogoangarriak eraman zuen. Jexuxmariren ibilbidea eta tankera dela-eta, Pio Barojaren Zalacaín El aventurero heldu zaigu gogora. Abenturazalea ote den galdetu diogu: "Horrela esaten didate nire izena aipatzerakoan. Nik bestea naizela esan ohi dut. Baina, egia da, nire bizitzak badu apurtxo bat abenturatik».
EHUko irakasle kaleratua da Jexuxmari Zalakain. Beste bost kideekin Historia de una pancarta liburuaren egilea da.
Historia de una pancarta gatazka baten azalpena bezala ulertu izan dugu. Auziaren funtsa gogoratuko al zeniguke?
Gorabehera askotxoko historia baten lekukotasuna da liburua. Hasieran 600 irakasle ginen eta amaieran 6. UPVn bigarren bide bat irekitzeko borroka, hala nola irakasle finko izateko borroka da gurea. Borrokaren bidean Zigor Kodearekin topo egin genuen. Guk funtzionario izan baino, irakaslearen lan kontratua finkatzeko bidea landu nahi izan dugu. Hasieran uste genuen baino borroka handiagoa bilakatu zen Estatuaren erroak ukitu genituelako. Funtsean, Estatuak hezkuntza arloan duen ardura ukitu dugu, hau da, funtzionaritza bidea. Unibertsitateko funtzionaritza Estatuko aparatuaren zati garrantzizkoa da eta ez du bere eskutik utzi nahi.
Gaur egunera etorrita, zer aurreratu duzue? Zertan dago auzia?
Borrokaren bidez auzia beste fase batera ekarri dugu. Bigarren bide bat ireki behar dela diogunean, irakasle izateko lan kontratu bat izatea nahikoa dela diogu. Zorionez hori lortuta dago. PPk egindako Unibertsitate Legeak lan kontratuaren bidea irekitzen du neurri batean. Guk, halaber, arazoa laboral huts-hutsa balitz bezala ikusi ordez, irakaslego propioaren gaia lantzen segitu nahi dugu. Hau da, erroak Euskal Herrian izango dituena, hemengo legeek kudeatua. Eusko Jaurlaritzaren azken legean osagai interesgarriak aurreikusten ditugu irakasle propioaren izaera gauzatzeko.
Pello Salaburu errektorea zela kaleratuak izan zineten. Manu Montero etorri zen ondoren. Egun Jose Ignazio Perez Iglesias errektore izaki, zer itxaron duzue? Hasteko, zuek EHU baino UPV dela diozue.
Juan Ignazio Perez errektoreak dioenez, UPV Valentziako Unibertsitatea da. Siglei begiratuta hala izan daiteke, baina gure Unibertsitateak gehiago du UPVtik EHUtik baino. Hala ere, Juan Ignazio Perez ez da Manu Montero ez Pello Salaburu. Guk Salabururekin harreman liskartsuak izan genituen. Monterorekin ezta hori ere, ez baitzuen gurekin hitz egin izan nahi. Salaburu izan zen gu kanpoan utzi gintuen arduradun nagusia, hala ere. Juan Ignazio Perezekin harremanak lantzeko aukera dagoela uste dut.
EHUko irakasleak berriz izateko esperantzarik ba al duzue?
13 urte daramatzagu borrokan, irakasle funtzionario izatera eramaten gintuen kontratua sinatu ez genuelako. Gure sarrera birnegoziatzeko bidea bilatzen ari gara, oinarri berrietan finkatuta. Oinarri berri batzuk jarrita daude eta negoziatzeko ildo berriak ireki daitezke. Gauzak ondo burutzen baditugu Kazetaritza sailera itzul gintezke.
Bidean borroka kideen artean urradurak izaten dira. Zuen artean ere izango ziren.
Lehenengo 10 urteetan gure borroka oso gordina izan zen. Batez ere, hainbat lagunek borroka utzi eta hasierako helburuak eta osagai nagusiak bertan behera utzi zituztelako. Jakina, ezin ikusi handiak eta ika-mika latzak sortu ziren. Bakar-bakarrik geratu ginen borrokan. Baina, poliki-poliki eta guztion borondatearekin, elementu gordin gehienak leundu dira eta gure aurka gogor jokatu zuten gutxi batzuekin izan ezik, gainerakoekin harreman onak ditugu. Giroa baretu da.
Irakasle multzo hau Euskal Herriko gatazka politikoari lotua agertu da. Nola baloratzen duzu gatazkaren inguruan Unibertsitateak egiten duen lana?
Unibertsitateko hainbat irakaslek lan egiten dute, baina Unibertsitateak -instituzio modura- ez du parte zuzena hartu Euskal Herriko gatazkaren konponbidean. Aitzitik, batzutan gehiago egin du gatazka areagotzearen alde konpontzearen alde baino. Unibertsitateak duen zor bat da eta zor hori kitatu beharko luke. Alabaina, badago zintzoki ari den irakasle multzo bat, konponbidea argitasunez bilatzen duena edo ahalegintzen dena behintzat. Hori da Unibertsitateko irakasleei eskatu behar zaien gutxiena. Batez ere, hedabide boteretsuek kontrako jarrera agertzen dutela kontuan hartuta.
Herria 2000 Elizako kideak bien bitartean, Euskal Herriaren gatazkaren inguruan buru-belarri ari zarete. Duela bi urte honela esan zenigun ARGIAn: "Herri moduan jarduten eta erantzuten ikasi behar dugu". Bi urteren ostean zerbait ikasi al du herri honek?
Ez gaude duela bi urte bezala, baina oraindik ez dugu herri modura funtzionatzen. Ari gara ikasten hala ere, eta premia bizia horren ondorioz auzia mahai gainean jartzeko bidean gaudela dirudi. Herri modura aritzeko beharra lelo modura dabil ahotik ahora. Orain arte eragile bakoitza geure aldetik ibili garenez, prozesua burutzea oso zaila bihurtu da. Azken urte honetako leloa indar politikoen arteko mahaia osatzea da. Horretarako, esertzen ikasi behar dugu, euskaldunok iaioak gara esertzen bazkaltzeko, bada gai politikoak mahai gainean jarrita ere gai izan behar dugu berauei heltzeko. Baldin eta Madril eta Parisekin akordio bat lortu nahi badugu, lehenik gure artean zerbait adostu behar dugu.
Herria 2000 Eliza taldearen azken ekarpena Soberanías y Pacto (Subiranotasunak eta Ituna) liburua izan da. Zein da ekimenaren asmoa?
Azaroan urte bat beteko da asmoa gauzatzen hasi ginela. Berau gauzatzeko hiru oinarri zabaldu ziren garai hartan: Ibarretxeren plana, lehenik. Hainbat puntu interesgarri planteatu dituena. Planak herri baten izatea agertu du, hau da, herriak subjektu izateko gogoa eta asmoa. Erakunde publikoetako buruzagi batek Estatuari hori aurrez aurre planteatzea oso interesgarria iruditu zitzaigun. Bigarrenik, Batasunak Anoetako Proposamena egin zuen. Konfrontazioaren aroa atzean utzita, adostasunera iristeko pausoak emateko borondatea erakutsi zuen. Hirugarrenik, Madrilgo Gobernua aldatu ostean kontuan hartzeko abagunea antzeman genuen: PSOE PP bezain zitala izatea zaila baita. Zapaterorekin Konstituzioaren aldaketa edo egokitzapena egingo ote den esperantza zabaldu da nolabait. Hiru elementu horiek hizpide hartuta gogoeta sakon eta luzea egiteko aukera zegoela ikusi genuen. Liburua lan eta gogoeta horren emaitza da.
Ondoriorik atera al duzue dagoeneko?
600 orrialdeko liburua da eta ederki saltzen ari da, 18 eurotan. Diru laguntzak izan ditugu -Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Euskadiko Kutxarena- liburua zabaltzeko. Gure taldea irabazkin asmorik gabekoa denez, alde horretatik arazorik ez. Euskal Herriko biblioteka guztietara zabaldu da eta hori pozgarria da oso. Kontsulta liburua da batez ere, gogoeta ezberdinak eta anitzak biltzen dituena. Hedabide gutxitan eman zen bere argitaratzearen berri, ordea. Azken hauteskundeen garaian kaleratu zen, une oso berezia agian, kazetariek beste zeregin larriagoak zituzten nonbait.
Euskarazko artikulu gutxi dago.
Horrela da. Neurri batean, gu hiper-demokratak garelako. Pertsona gehienei euskarazko eta gaztelaniazko gutuna bidali genien. Gure harridurarako, normalki euskaraz idazten dutenek gaztelaniaz erantzun ziguten. Hurrengo lan batean euskaldunei euskaraz idazteko eskatu beharko diegu zuzen-zuzen.
70 hausnarketa gatazka hizpide eta itun eske. Nola ikusten duzu itun hori?
Jarrera zital batzuk ikusten ditut oraindik ere. Itun batera iristeko bidea urratzeko aukera badago ordea, eta lehen urratsak emanda ote dauden inpresioa daukat. Zoritxarrez edo zorionez -batzuek diskrezioa aipatzen dute- ez dugu urrats horien berri zehatzik. Prozesuen hasierak horrela izaten dira ordea. Nik negoziaketetan parte hartu dudanean, aurkariak beti diskrezio osoa eskatu izan digu, eta horren berri publikora ateratzen denean edozein negoziaketa ukatu behar dela eskatu izan zaigu. Demagun lehen pausoa eman dela, eta parteen arteko erresistentzia garaian gaudela, orain arteko konfrontazioa gogorra eta luzea izan baita. Konfrontazio maila apaltzeak borondate handia eskatzen du eta pazientziaz aritu behar da egon daitezkeen oztopoak gaindituz joateko.
Demagun prozesua irekia dagoela. Zein da giltzarria prozesua iraunkor eta egonkorra izan dadin?
Nik Euskal Herria herri dela kontuan hartzea funtsezko ikusten dut. Euskal Herriak berezko nortasunak dauzka eta bere etorkizun politikoa erabaki behar du. Euskal Herrian bizi den batentzat hori litzateke logiko eta normalena. Beste batzuek nortasun partekatua ezagutarazi nahi diote herri honi. Ezagutza horren bitartez nortasuna izan dezakezu, autonomoa izan zaitezke, baina ez zara subiranoa. Hor da koska eta arazoa. Noraino eraman dezakete herri hau subiranotasun maila ezberdinek? Guk gure liburuari «subiranotasunak» jarri diogu izenburuan, subiranotasun bat baino gehiago baitago auzitan. Subiranotasun horien artean itun bat egin beharko da, elkarren errespetuz. Elkarrekin bizitzeko edo aparte bizitzeko, hori geroak esango du. Baina lehenengoz itunak norbera -eta horretan dago gakoa- norbera dela ezagutarazi behar du. Batzuek Euskal Herria konkistatua izan zela eta bere izatea indarrez kendu ziotela diote, beste batzuek borondatezko zerbait izan zela. Hola edo hala izan zela ere, Euskal Herriak erabaki eskubidea izan behar du Espainia eta Frantziarekin batera bizitzeko edo ez. Auzi historiko hori berretsi egin beharko litzateke. Berretsi edo ezetsi, pertsonen arteko bikote harremanetan legez. Gakoa hor dago. Alde batek besteari bizimodua inposatzen badio gatazka bizirik izango da beti, aitzitik, askatasun eta eskubide hori onartzen bada, aurrerapauso handia emango dugu.