Hiroshima eta Nagasaki: 300.000 pertsonako kalte kolaterala


«Hegazkin amerikar batek bonba bat jaurti berri dio etsaiari Hiroshiman. Bonba horrek 20.000 tona TNT baino indar handiagoa du. 2.000 bilioi dolar baino gehiago erabili ditugu historiako apustu zientifiko handienean. Eta irabazi dugu", iragarri zuen Harry S. Truman AEBetako presidenteak 1945eko abuztuaren 6an.

Goizeko 08:15ak ziren Japoniako hegomendebaldean dagoen Hiroshima hirian. AEBetako armadako Enola Gay hegazkina eztanda puntuan, zubi baten gainean, kokatu eta bonba atomikoa jaurti zuen. Segundu gutxitan 130.000 pertsona inguru hil ziren, gehienak emakumeak eta haurrak. Hiru egun beranduago, bigarren bonba bat leherrarazi zuten Nagasaki hiriaren gainean, Mitsubishiren fabrika jopuntu zutela. Bigarren leherketan 70.000 pertsona hil ziren. Gerora, erreduren eta erradiazioaren ondorioz, beste 100.000tik gora hil ziren Hiroshiman eta Nagasakin.


Itsaso ez hain Barea

Lau urte lehenago, japoniarrek ezusteko erasoa jo zioten Itsaso Bareko itsas armada estatubatuarrari Pearl Harbor-en. 2.000 soldadu estatubatuar hil zituzten eta AEBak Alemania eta Japoniaren aurkako gerran sartu zituen erasoak. AEBentzako humiliazio handia izan zen, estatu batuarren harrokeria eta prestakuntza falta agerian utzi zituen; munduaren aurrean lotsagarri utzi zituzten japoniarrek. Roosevelt presidenteak garaipen osoa agindu zien orduan herritarrei. Baina artean, Japoniak 3.000.000 soldaduz osatutako armada indartsua zuen. 1943an Asia ekialdeko lurralde ugari bere mendean zituen eta India zen haren hurrengo jomuga.

Bitartean, Alemaniako nazien jazarpenak Europako zientzialari atomiko onenak erbestera eraman zituen, lehenik Britainia Handira eta AEBetara ondoren. Bertako armadak egitasmo sekretu bat sortu zuen haiekin, Manhattan izenekoa. New Mexicoko mendietan, Los Alamosen, bonba atomikoa sortzeko bideari ekin zioten erbesteratutako zientzialariek.

AEBetako ejerzitoari Itsaso Barearen kontrola ederki kostatzen ari zitzaion. 1945eko apirilean Japoniara bertara iritsi baino lehen, azken gotorleku japoniarra hartu zuten, Okinawa uhartea. 60.000 marine eraman zituzten bertara eta II. Mundu Gerrako batailarik odoltsuena izan zen hura; azkenean 12.000 soldado estatubatuar hil ziren eta japoniarrei dagokienez, zibilak eta militarrak kontutan hartuta, 100.000tik gora izan ziren hildakoak. Une horretan, apirilaren 12an, baina batailatik urrun, Roosevelt presidentea hil zen eta haren presidenteorde Harry S. Trumanek hartu zuen erreleboa.


Japonia bake eske

Sobietar armada Berlinen sartu eta maiatzaren 8an gerra amaitu zen Europan. Inoizko lehergailurik indartsuena ia prest zegoen Los Alamosen. Alemania garaitua zegoen eta jatorriz haien aurka joateko garatu zuten bonba. Baina oraindik japoniarren aurka erabiltzeko aukera zuten.

Ordurako Japoniari ez zitzaion ia armarik geratzen, gizonezko guztiak gerrara joanak ziren, eta hirietan zaharrak, emakumeak eta haurrak baino ez ziren geratzen. Haurrek lanean hasi behar izan zuten. Garraio sare desegokia zuen herrialdeak, erregairik ez zuten eta ekoizpen ahalmena galdua zuten. Goseak hartu zuen Japonia.

Hirohito enperadoreak Suzuki almiranteari dei egin zion orduan, gobernu berri bat eratzeko asmotan. Japoniar militar tradizional gehienek ez bezala, Suzukik bakea lortzeko lanean hasi behar zutela uste zuen, bazekien AEBen aurka jarraitzerik ez zutela. Togo kanpo ministroa ere iritzi berekoa zen eta Moscuko enbaxadara jo zuen, bakea Sobietar Batasunaren bitartez negoziatzeko helburuarekin. Sobietarra zen oraindik Japoniaren aurkako gerran sartu ez zen potentzia bakarra.

AEBak Japoniako inbasioa prestatzen ari ziren bitartean, Trumanek bi berri jaso zituen: bata, bonba atomikoa frogarako prest egongo zen uztailean; bestea, Japonia errenditzeko prest zegoen -AEBetako kode deszifratzaileek Japonia eta atzerriko enbaxada guztien arteko komunikazioak jaso eta ulertzeko ahalmena zuten-. Beraz, herritarrei ezertxo ere esan ez bazien ere, Trumanek ederki zekien japoniarrak amore emateko prest zeudela, bakea nahi zutela.

Baina zein baldintzatan? Hirohito enperadorea giltzarria zen edozein negoziaketarako. Aliatuentzat, Mussolini eta Hitler bezala, Hirohito gerrako kriminal hutsa zen. Baina japoniarrentzat enperadorea herria bera zen, beste guztien gainetik zegoen jainkoa eta ez zuten onartuko haren tokia mehatxatuko zuen bakerik.

Trumanek, lehenago, errendizioan baldintzarik ez zuela onartuko esana zuen. Baina orain, haren aholkulariek enperadorea ez ukitzea komeni zitzaiola esaten zioten, Mikadoaren jarraipena ez bermatzeak, gerraren jarraipena ekarriko zuela. Itsaso Bareko komandante buru Douglas McArthur-ek berak "japoniarrentzat enperadorea hiltzea, mendebaldekoontzat Jesukristo gurutzera eramatea bezala" izango zela esan zuen.

Baina bazen bere inguruan bestela pentsatzen zuenik. James F. Byrnes estatu idazkariak kontzesiorik ez egiteko eskatu zion Trumani. Byrnesek Manhattan proiektuaren berri bazuen eta japoniarren aurka bonba atomikoa erabiltzearen defendatzaile sutsuena zen.


Postdam-eko mezuak

Truman eta Byrnes-ek itsasontzia hartu eta Postdamera (Alemania) jo zuten, gainerako potentziekin batera Bake Konferentzian parte hartzera. Oraindik Stalin eta bera aliatuak ziren ofizialki, baina konspirazioak hasiak ziren Gerra Hotzaren oinarriak ipintzen. Postdamera iritsi eta berehala Trumanek mezu bat jaso zuen: "The baby is born". Manhattan erditu zen azkenean, bonba atomikoaren froga arrakastatsua izan zela, alegia.

Stalinek ere mezu bat jaso zuen Bake Konferentzian zeudela: "Ezin ditut heriotzak, hondamendia, gero eta handiagoak diren sakrifizioak gehiago jasan eta gerrari lehen bait lehen amaiera ematea nahiko nuke". Mezua Hirohitorena zen.

Stalinek Trumani mezuaren berri eman eta biak ados jarri ziren: bake negoziazioak ez zuen inongo presarik. Trumani negozioazioak aurrera ez egitea komeni zitzaion, gerra amaitzeko AEBak bakarrik nahikoak zirela frogatu nahi baitzuen. Stalinen nahia, aldiz, enperadoreari gerra deklaratu eta Sobietar Batasuna ekialdean zabaltzea zen. Horrek kezkatzen zituen Truman eta Byrnes, Europan eta Asian sobietarrek gero eta kontrol handiagoa izateak. Eta ez zituzten errusiarrak Japoniaren aurkako gerran nahi, ez zuten beste okupazio indar baten konpetentziarik nahi. Horregatik, errenditurik zegoen Japoniaren aurka bonba atomikoa erabiltzea erabaki zuten Postdamen bertan.

Japoniak ez zuen Stalinen erantzunik jaso. Bake Konferentziaren amaieran, Postdameko Adierazpena sinatu zuten aliatuek eta bertan ez zen enperadorearen jarraipenik bermatzen. Isiltasuna izan zen japoniarren erantzuna. Baina berdin izango zen Adierazpena onartu izan balute ere, sinaduraren bezperan dagoeneko bonba atomikoa jaurtitzea erabakita baitzegoen.


«Biziak salbatzeko» bonbak

Trumanek komiteak sortu zituen A bonbaren erabilera zehazteko eta hauexek izan ziren ondorioak: hautatutako eremuak ordurarte ukitu gabea izan behar zuen, horrela leherketaren inpaktoa osotasunean baloratu ahal izateko; hiriak langileen etxebizitzez inguratutako arma fabrikak izan behar zituen; ez zen aurretik abisurik izango; aurretik ez zen biztanlerik gabeko zonaldeetan frogarik egingo. Garbi dago beraz, zibilekin egin nahi zutela «esperimentua». Eta Hiroshima aukeratu zuten. 1945eko abuztuaren 4an Tibbets Koronelak Little Boy bonba jaurtitzeko agindua jaso zuen. Eta halaxe egin zuen bi egun geroago, Enola Gay bere hegazkinetik -Tibbetsek bere amaren izena ipini zion B-29ari-. Aurreikusi bezala hiria suntsitu zuen Little Boyek. Berria Postdametik bueltan jaso zuten Byrnes eta Trumanek eta ontziko tripulazioarekin batera ospatu zuten "lorpena".
Hiru egun geroago Nagasakin bota zuten Fat Man, bigarren bonba. Bilatzen zutena lortu zuten AEBek: Stalinek atzera egin zuen Japonia inbaditzeko asmoetan.

Trumanek komunikabideetan zabaldu zuen bonbek gerra geratu eta "bizitza asko salbatu" zituztela. AEBetako presidentea soldadu estatubatuarren bizitzez ari zen, noski. Martin Quigley AEBetako Intelijentzia Zerbitzuko kidea zen garai hartan. Bonbak jaurti eta gero jakin zuen Japoniak lehenago errenditzeko asmoa zuela. Gerora, garbi adierazi zuen "bonba atomikoa lehertaraztea ez zela beharrezkoa, ez zirela inolaz ere biziak salbatu".

Baina AEBetako herritarrek gustura jaso zuten bonba atomikoen leherketaren berria. Egun gutxira egindako inkesta batek zioen estatubatuarren %85ak bonben erabilera onartzen zuela; Trumanen bertsioa sinistu zuen gehiengoak.

Bitartean Japonian, Hirohitok errendizio mezua grabatu zuen bere jauregian, abuztuaren 14an. Biharamunean Japoniako herritar guztiek entzun ahal izan zuten mezua. Lehen aldia zen enperadorearen ahotsa entzuten zutena. Irailaren 2an errendizioa McArthuren aurrean egin zen ofizialki, Missouri itsasontzian. Baldintzarik gabeko errendizioa izan zen iritzi publikoaren aurrean. Baina Trumanek, ezkutuan eta Suitzako enbaxadaren bidez, Hirohitok boterean jarraitzea hitzartu zuen. Keinu hori hilabete batzuk lehenago eginez gero, ez zukeen bonbak zibilen aurka frogatzeko aitzakiarik izango.


Japoniarren kontra ala sobietarren kontra?

Aitzakien atzean Pearl Harbor-en gertatutakoa mendekatzeko gogoa egongo zen neurri batean, baita esperimentatzeko nahia ere. Ez dago dudarik bonba lehertaraziz egindako inbertsio izugarria justifikatu nahi zutela eta II. Mundu Gerrako mentalitate militarizatua ere lagungarri izan zela erabakia hartzeko. Baina bereziki sobietarrei luzatutako mezua izan zen Hiroshima eta Nagasakikoa. AEBek euren botere ahalguztiduna erakutsi nahi zuten eta SESB galga sakatzera behartu. Efektua kontrakoa izan zen: lehia atomikoa azkartu egin zen. Sobietarrek 1949an egin zuten euren lehen froga atomikoa, Txinak 1964an lortu zuen bonba eta egun mundu osoko 20tik gora herrialderen esku dagoela uste da.

Krudela eta ederra

Erakargarria izan behar zuen, zinez, Manhattan egitasmoak, zientzialari bikainenek desertuan inprobisatutako herrixka hartako erosotasun falta eta lan ordu amaigabeak onartu bazituzten. Bonba erraldoi bat sortu behar zuten, uraniozko nukleoarekin, barruan kate erreakzioaren bitartez inoizko eztandarik handiena eragingo zuena. Hans Bethe Los Alamoseko zientzialarietako bat zen eta gerora Nobel saria jasoko zuen: «Erronka ederra zen edozein zentzialarirentzat, erakargarria benetan. Gainera, bonba atomikoa alemanek baino lehen lortzeak motibatzen gintuen».

Ederra zen erronka eta, paradoxikoki, ederra leherketa bera ere. Charles Sweeney generala Eraso Atomikoko Taldeko pilotu zen 1945ean. Bere hegazkinarekin Tibbetsen Enola Gayren ondoan zegoen honek bonba bota zuenean: "Eztandaren ondoren ortzadarraren kolore guztiak ikusten ziren, imagina daitezkeen kolore guztiak".

Eta ez ziren soilik airetik ikusi. Hiroshimako Suzuko Numata 8 urteko haurra zen bonba bota zuten egunean. Bizirik irten zen leherketatik: "Dena oso azkar izan zen. Koloreak benetan ederrak ziren, gorria, horia, urdina, berdea, laranja... Nik ez nuen ezer entzun. Nire aurrean zabaltzen ziren kolore haiek ikusi besterik ez nuen egiten. Ederra zen benetan». Orduan txanponaren alde gordinena ikusi zuen: «Bat batean euri tanta handiak erortzen hasi ziren, euri beltza zen, eta ez genekien erradiaktiboa zenik. Goitik behera blai nengoen... eta orduan, behera begiratu eta oin oso bat falta zitzaidala ikusi nuen".

Los Alamosen festa antolatu zuten Hiroshimakoa ospatzeko. Hans Betheren hitzetan: «Festan giro ezkorra ezin zen ezkutatu, ezin genuen horregatik harro sentitu. Nik behintzat ezin nuen inolaz ere nere buruaz harro egon». Sweeneyk, berriz, puro bat piztu zuen ospatzeko. "Ez zegoen egin genuena egiteko inolako beharrik. Krimen izugarria burutu genuen" esan zuen gerora.


Azkenak
Hamaseko buru politikoa hil dute Iranen, eta Israelek eskualde mailako gerra elikatzen jarraitzen du

Hamas, Iran eta beste hainbat eragilek Israeli egotzi diote erasoa, baina oraingoz ez du egiletza onartu. Horrez gain, Hezbollahko agintari garrantzitsu bat hil du Israelek asteazkenean Beiruten, eta ostegunean Israelgo Armadak ziurtatu du Hamaseko buru militarra hil zuela Gazan... [+]


Pistola faltsu batekin Donostian atxilotu duten pertsona migratzaile talde bat mehatxatzen ari zen, Irutxuloko Hitzaren arabera

“Haiengana zuzentzen da eta haiei soilik apuntatzen die”, informatu du Irutxuloko Hitzak. Astearte gaueko 21:30etan atxilotu zuten gizona, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.


Frantziak babestu du Marokok Mendebaldeko Sahararen soberania izatea

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Marokoko Mohamed VI erregeari gutun bat bidali dio babesa adierazteko. Pedro Sanchezek ere duela bi urte eman zion babesa Marokoren autonomia planari. Macronek deia egin du alde guztiak biltzeko konponbide politiko bat emateko gatazkari.


Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako zentroari Gasteizko Urrezko Domina ematearen aurka mobilizatuko dira oroimenaren aldeko elkarteak

Abuztuaren 5ean emango dio domina zentroari Gasteizko Udalak, eta abuztuaren 2rako elkarretaratzea eta prentsaurrekoa deitu du Memoria Osoa plataformak. Martxoak 3 elkarteak salatu du “planteamendu diskriminatzailea” eta “irakurketa partziala” egiten... [+]


2024-08-01 | Sustatu
Zer egin Elon Musken Grok adimen artifiziala ez elikatzeko (aukeran)

Elon Musken proiektuen artean bada adimen artifizialeko bat ere, Grok, eta horretarako Musken jabetzako X edo Twittereeko erabiltzaileen jarduna ari dira baliatzen, LLM edo hizkuntza eredua handitzeko eta entrenatzeko. Izatez, Twitterreko zure ezarpenetan sistema hori... [+]


2024-08-01 | Gedar
Ehunka kolono sionista oldarka sartu dira presondegi batera, hainbat torturatzaile babesteko

Bederatzi militar sionista atxilotu dituzte, Sde Teimango kartzelan preso palestinar bati egindako torturengatik; besteak beste, metalezko barrak sartu zizkioten ipurtestetik. Kolono "zibilen" eta soldaduen protestak piztu dira torturatzaileekin elkartasunez, eta... [+]


Eraso matxistak eta LGTBI+fobikoak salatzeko telefonoak aurkeztu dituzte Gasteizko jaietarako

Eraso LGTBI+fobiko eta matxistak espazio publikoan ematen direla gehien adierazi dute mugimendu hauek urtero ateratzen dituzten txostenen arabera. Gasteizko Mugimendu Feministak eta Lumagorri elkarteak guztien plazera erdigunean jarriko duen jai eredu bat nahi dute, eta neurri... [+]


Netanyahuren bisita AEB-etara
Palestinako auzia erabakigarria izan daiteke demokratentzat AEBetako hauteskunde presidentzialetan

AEBetako hauteskunde presidentzialetarako hautagaiek Israeli babesa berretsi diote Netanyahuk herrialdera egindako bisita baliatuta, Alderdi Demokratarena barne. Demokraten hautesle ugarik, ordea, genozidioaren inguruko jarrera jarri dute bozka emateko baldintza gisa.


Indusen ibaibideak

Muturreko lehorteak eta euriteak dira beroketa globalak Pakistanen duen inpaktuaren alde agerikoena. Ez dira hain ezagunak, ordea, hondamendiek piztu eta bizkortzen dituzten gaitz sozialak, eta zenbat eta nola oztopatzen duten azken horiek Asiako herrialdearen garapen oso eta... [+]


2024-07-30 | Xabier Iaben
Aragoiko Asabón errekan barna bizikletaz
Pardina eta makien arrastoan

Aragoiko Asabón errekak zeharkatzen duen lurraldeak hainbat ustekabe eder gordetzen ditu. Ez naiz historialaria, eta, hortaz, ez dut halako kronika historiko bat eginen. Bereziki mendizale gisa mintzatuko naiz, aspaldi honetan nire gogoak –nire senak– halako... [+]


2024-07-30 | ARGIA
Uda honetan irakurtzea merezi duten sei liburu

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei irakurgai proposamen.


“Musikak erroreari zor dio ondo emandako notari bezainbat”

Aspaldidanik Saran bizi den arren, goiza Bidasoaren ibarrean pasa behar zuenez gero, Hondarribiko parte zaharrean zitatu gaitu Ruper Ordorikak (Oñati, 1958). Goiz eguzkitsuan, puntual eta irribarretsu agertu da maldan gora, konsistorioaren parera, turista gazte kuadrilla... [+]


Eguneraketa berriak daude