Kulturan merkealdirik ez. Garestia al da kultura?


2021eko uztailaren 19an
"Kultura: gogo ahalmenen lantzea" dakar hiztegiak, beraz, hertsi-hertsian hartuta, ekitaldi kulturalak gogo ahalmenak landuta egindakoak dira. Ondorengo lerroetan, baina, arte eszenikoak (batez ere antzerkia), musika, zinema, museoak eta literatura hartuko ditugu kultura ekintzatzat; gehiago izan zitezkeen arren (bertsolaritza, telebista, Internet...).

Gogo eta ahalmen hitzak erabilita, esan gabe doa kultura esfortzu eta buru-nekatzearen emaitza dela, sormen-lana hain zuzen ere. Afera mundutarragoen ondoan, balio erantsia du. Kulturari plusa eransten diote herritarrek: idazlearen izerdi eta irudimenaren emaitza dira liburuak, dramaturgian adituen, aktoreen eta beste hainbaten ahaleginaren isla dira antzezlan eta filmak, zinemagileen irudimenetik ateratako altxorrak. Kultur lan baten atzean, bada, gutxienez lagun bat edo hamaika...

Kulturaren kontzepzio erromantiko horrez gain, pagatutakoa da egun aferaren gakoa, ika-mikaren koska. Sokrates filosofoak hala esaten zuen kultura merkea ez zela entzutean: "Kultura garestia bada, esadazu zenbat balio duen ezjakintasunak".

Kultura zenbakitan

Zenbaki saltsa ikaragarrian sartu gabe, hona lau hitzetan prezioen inguruan kalean osteratxoa emanda bildutakoak: Zinemara joateak ia 6 euro balio du, ikuslearen egunean merkeago. Horrez gain, areto askok film-sorta (10) ikusteko bonoak dituzte eta gazteentzat -gazte txartela edo unibertsitate txartela dutenentzat- %30ko deskontua egiten dute. Film guztiengatik ordaintzen da gauza bera, berdin produkzio erraldoia izan edo film alternatiboa.

Arte eszenikoen mundua konplikatuxeagoa da, alegia, antzezlanaren arrakasta, aktore eta zuzendariaren prestigioa edo aretoaren arabera ezartzen da ordaindu beharreko kopurua. Dena dela, antzezlan baten prezioa, batez beste, 15-20 euroren bueltan egoten da.

Literatura munduan ere, denetik da. Poltsikoko liburuak daude, gainerakoak baino dezente merkeagoak -agian 10-15 euroko aldea egon daiteke-, baina ez besteak bezain koadernaketa txukun eta onekoak. Musika alorrean ere, disko batzuek besteek baino gehiago balio dute, gutxi gorabehera 10-20 euro bitarteko prezioa dute eta berdin edo garestiago, kontzertuek.

Museoetan ere, ez da batasunik. Bilboko Guggenheim ezagunaren sarrerak, esaterako, 10 euro -6 erretiratu eta 26 urtetik beherakoentzat- balio du, aldamenean dagoen Arte Ederren museoaren sarrera, berriz, 4,5 euroan eskura daiteke -asteazkenetan musutruk-.


Alderatzea da kontua

Prezioak zehaztuta, berehalakoan datorkigu galdera. Gogoaz eta buruaz gain, poltsikoak ere astintzen al dizkigu kulturak? Zaila da galderari erantzutea, garesti edo merke beti baita beste prezio eta produktu batzuekin alderatuta. Akaso, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) da erakusle objektiboenetako bat. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera, aisia eta kultura produktuen prezioek behera egin dute azken urteetan, %0'3 2004an eta %0'8 2003an. Are, indize honetan kontuan hartzen diren beste produktu guztiak igo egin ziren, nabarmen gainera. Hala nola, janari eta edari alkoholgabeak (%3'4), jantzi eta oinetakoak (1'6), edari alkoholdunak eta tabakoak (%4'9) eta hotelak, kafetegiak eta jatetxeak (%4'2).

Izan ere, kultura merkea-edo dela diotenek hauxe dute argudio nagusi: «Kultura garesti? Aldera dezagun beste produktu batzuekin». Horren harira, Iñaki Zubeldia idazleak aldizkari honen 1.997 zenbakian hala esaten zuen: "Testuliburuak garestiak dira. Liburuak doan behar dute izan. Eta hori horren lasai esaten duenak 1.500 edo 2.000 euro gastatu ditu oporretan. Urtean zehar markako zapatilak erosten, alternatzen, poteoan, juergan... auskalo zenbat gastatu duen. Eta 150 euro inguru kostatzen diren liburuak erosteko hainbeste negar eta kexu".

Hari beretik tira egiten zuen Federico Krutwigek ere Susa aldizkariari eskainitako elkarrizketan: "Hemen Zarautzen hamabi sozietate gastronomiko daude eta soil-soilik liburudenda bat. Eta liburu bat erosteko, euskaldunek ‘buh, oso garestia da; mila pezeta’ diote, bainan egun batetan futbolean mila pezeta pagatzea garestia ez da". Egun esandakoak diruditen arren, 80ko hamarkadan bota zituen hitzok idazle handiak.


Kulturaren prestigioa

Ez dirudi, bada, erosgai ditugun produktuen artean kulturakoak garestienak direnik. Dena dela, merkeagoak beharko lukete? Doakoak akaso?

Javier Muguruzak Nabarra hilabetekarian idatzitakoa hartu daiteke gogoeta gisa. Muguruzak Niko Etxarti egindako elkarrizketa bat hartzen zuen hizpide bere artikuluan. Iparraldeko abeslariak zioenez, "Euskal kultura zero euro ordainduz kontsumitzea ez da ona. Plazan jotzen duzu eta gutxi batzuk gelditzen dira zuri begira, ez duzu baliorik (...) Eta baloratzen direnak U2rena bezalako kontzertuak dira, jakina, 50 eurotan". Muguruzak honakoa eransten zion hausnarketari: "Ordaintzen ez dena ez da baloratzen, ezta kulturan ere (...) "Euskara eta euskal kulturarako etengabe aldarrikatzen dugun prestigioa inolaz ere ez zaigulako funtzionamendu horretatik etorriko".

Luis Eduardo Aute kantariak Consumer aldizkariari eskainitako elkarrizketa-zatia aurreko gogoetaren ñabardura gisa har daiteke. Honakoa azpimarratzen zuen Autek: "Kultura funtsezko ondasuna da eta guztion eskura izan behar du. Horrexek bereizten gaitu piztiengandik; sekula ezin da luxuzko salgaia izan. Eta, bistan denez, prezioak eragin handia du gizartearen maila kulturalean. Dohainik eman izan ditudan kontzertuetan zalapartak gertatu izan dira eta sarrera kobratzen denean, berriz, zenbat eta garestiago jarri, orduan eta jende gutxiago joaten da".

Erantzun bila abiatu ditugu lerrook, baina buruak bezainbat aburu topatu ditugu bidean. Hobe bakoitzak gogoeta egitea, hori behintzat, doan da-eta.

Koldo Almandoz: «Kultura doakoa balitz kritikarako gaitasuna galduko genuke»

Zinemagilea, The Balde aldizkariaren koordinatzailea eta kultura gizona. Koldo Almandozengana jo dugu kulturaren mundutik garesti vs merkeren eztabaidan bere iritzia jaso asmoz. Baiezkoa eman digu proposamenari, "pontifikatzeko asmorik" gabe, ordea, ohartarazi digu.

Garestia al da kultura?
Ez, baina ezin da orokortu. Tira garestia, ez behintzat beste gauza batzuk baino garestiago: praka batzuengatik 50 euro ordaintzea edo sagardotegian 60 gastatzea eta gero antzerkira joateagatik 12 euro pagatzeari garestia deitzea, bada ez da zilego. Iruditzen zait jarrera hori kulturarekiko begirune falta dela eta jarrera kontserbadore a adierazten duela, mesprezua.

Badirudi gehiago kostatzen zaigula kulturagatik ordaintzea basoerdi bategatik edo futbolagatik baino.
Bai, eta agian kulturak berak eta horren inguruan lan egiten duen jendeak du errua. Kulturak badu zerbait prestigiotsuaren kutsua, baina askotan horregatik jende asko baztertzen da. Zinemagile zarela esaten duzunean badirudi aura moduko bat duzula, hori pentsatzen du jendeak eta ez da gauza bera gertatzen, esaterako, fresadorea zarela esatean, ez da sentsazio hori sortzen.

Posea behintzat bestelakoa da: kulturak urrea balio duela diote. Baina nork erosten du?
Niri ondo iruditzen zait antzerkira joatea baino nahiago izatea 50 euro ordainduta bazkaltzea. Esan nahi dut ez dela derrigorrezkoa kultura kontsumitzea. Baina txarto iruditzen zait beste gauza batean dirutza xahutzea eta gero, esaterako, antzerkia garestia dela esatea.
Gainera, kultura baloratu behar da, mekanikoarengana noanean sekulako sustoak hartzen ditut nik faktura ikustean baina ez naiz kexuka hasten. Kulturarekin, ordea, erraza da kritikatzea. Bestalde, doako kultura asko egiten da Euskal Herrian eta hala ere, antzokietara edo kontzertu aretoetara zoaz eta hutsik daude.


Batzuek diote kulturak doakoa beharko lukeela...
Doakoa izanda ez da gehiago kontsumituko. Gainera, hein batean mesprezua erakustea ere bada kultura doakoa behar dela esatea. Antzezlan edo liburu baten atzean jendearen lana dago eta premiazkoa da hori aitortzea, ordaintzea.
Gainera, doakoa izanda beste gauza bat ere galtzen da perspektibaz gain, kritikarako gaitasuna. Jendeak esan dezake: "Filma ez da oso ona, baina doakoa denez, joan zaitez..."

Kinka horretan euskarazko kultura hutsaren hurrengo gera daiteke...
Ez dakit krisia dagoen ala ez, ez daukat daturik eta gainera, ez naiz horretan aditua baina lan kontuak direla eta agendak begiratu behar izaten ditut eta gauza asko daude: antzerkia, kontzertuak, zinema... Nik uste mugimendu handia dagoela, agian banatuagoa edo disolbatuagoa dago, ez dago ekitaldi bakan eta erraldoi bat.
Gainera, Euskal Herrian diskriminazio positiboaren kontu hori dago, kultura subentzionatuaren gizartean bizi gara, badirudi ezin dela ezer kritikatu. Gainera, errealitatea ere bada, euskaldunak garenak gara eta euskarazko produktuak kontsumitzen ditugunak ere, gutxi. Baina badakigu gure kulturari eusten eta horrez gain, beste kultura batzuetara irekitzen gara (espainiarra, frantsesa...), baina badirudi ez dugula asmatu gurea zabaltzen, gure zilborrari begiratzen diogu bakarrik eta uste dugu guri gustatzen bazaigu, nahikoa dela eta hori ez da horrela.

Kaleak dio...
ARGIA Bilboko kaleetan barna ibili da euskal herritarren kultur apeten eta iritzien berri izateko. Hona emaitza:
"Uff galdera zaila da benetan, kultura garestia ote den? Ba ez dakit, bizitza bera ere garestia da", esan digu Ferminek (Bilbo, 38 urte). Antzera erantzun digute galdetu diegun guztiek, zerekin alderatzen dugun da kontua. "Kultura motaren arabera, horren atzean dagoen esfortzu eta balioaren arabera, garestia izan daiteke" anbiguoa bota digu 30 bete berri dituen Rafak (Usansolo).

Begoñarentzat (Zierbena, 55 urte), ordea, argiago dago kontua: "Kultura ez da garestia. Batzuetan antzokietan baino gehiago gastatzen duzu -esaterako kafetegian, freskagarria eta pintxoa ordainduta- eta ez duzu esaten garestia denik. Gero, antzokira joan eta pagatutakoa ikustean kexatzen gara. Ez da bidezkoa". Maiderrek ere (Bilbo, 26 urte) antzeko iritzia du: "Beste ekintza batzuk garestiagoak dira, esaterako parrandan ateratzea". Muturreko iritzia du Itsaso gazteak (Getxo, 21 urte): "Kultura super garestia da, batez ere zinema; aurrekoan gazte txartelarekin 4'20 euro ordaindu nituen film bat ikustearren!!!".

Bitxia da, baina horretan bat egiten dute inkestatuek. Zinema da kultur ekitaldietan garestiena. "Tira, ez da gauza bera produktu independentea edo AEBetako major baten filma izatea. Buscando a Nemorengatik 800 pezeta ordaintzea garestia da baina Juanma Bajo Ulloaren azkena ikusteagatik hori bera pagatzea ez zait txarto iruditzen. Deigarria da baina liburuen edo diskoen artean prezio ezberdintasuna dago, baina zinema munduan ez", esan digu Ferminek.

Era berean, zinema da galdekatuen artean kultur ekintzarik estimatuena, gehienek astero joan nahiko lukete baina ezin. Batez beste hilabetean behin joaten dira.

Liburuak aski erosten/irakurtzen dituzte inkestari erantzun diotenek. Urtean bost-zazpi liburu eskuratzen dituztela onartu digute. Musika alorrean, kontzertuek ez dute horrenbesteko arrakastarik -urtean bakarrera joaten direla esan digute gehienek- eta disko kontuetan, pirateoa aipatu digute gehienek. "Asko pirateatzen dut, gainera ez daukat damurik, batez ere diskoen prezioengatik egiten dut. Diskoren bat erostekotan, euskarazkoak erosiko nituzke", azaldu digu Itsaso gazteak. Usansoloko Rafak ere maiz erabiltzen du, "batez ere sektore artistiko jakin batzuk zigortzearren". Gogoetarako beta izan du, bestalde, 38 urteko Ferminek: "Ezinezkoa da pirateoa ez egitea, hain da eskaintza zabala, musika nonahi dago eta oso erraz lortzen da. Iruditzen zait historian izan duen prestigio komertzialik baxuena duela egun musikak, badirudi ez duela merezi ordaintzea", esan digu.

Museoak eta batez ere, antzerkia dira kultur ekitaldien anaia pobreak. Gutxitan joaten dira gure inkestatuak bi horietara. Merkeago balitz joango ote liratekeen galdetuta, gehienek baietz esan digute. "Doan ez, baina nik uste dut kultura subentzionatuago egon beharko litzatekeela. Prezio herrikoietan jarrita, jende gehiago joango litzateke eta herritarrak kulturalki janzteko balioko luke", esan digu Rafak.


Azkenak
AEBek diote Israelek onartu duela “trantsizio proposamena”, baina Hamasek kritikatu du baldintzak aldatu dituztela

Hamasek salatu du talde islamistak aurretik onartutako akordio proposamenetan Israelgo lehen ministro Netanyahuk baldintza berriak jarri dituela. Iran su-etenaren alde agertu da, baina Israel “zigortzeko eskubidea” aipatu dute, uztailaren 31n Hamaseko buruzagi Ismail... [+]


Emazteari eraso zion ertzainak tratu txarrak ea lehenagotik ematen zizkion ikertzen ari da Fiskaltza

Ertzaina emakume bezala erregistratu zen Trans Legearen bitartez, baina inori ez zion aldaketaren berri eman. Fiskaltzak uste du indarkeria matxista leporatzetik libratzeko asmoarekin aldatu zuela sexuz.


Kongok espero du tximino baztangari aurre egiteko adina txerto emango dizkiola Mendebaldeak

Kongoko Errepublika Demokratikoa ari da gehien jasaten tximino baztanga edo mpox-en epidemia. Urtea hasi zenetik 16.700 kasu atzeman dituzte, eta ia 600 pertsona zendu dira herrialdean; gehien-gehienak, haurrak.


Hainbat gizon atxilotu dituzte asteburuan indarkeria matxistagatik

Tuteran 30 urteko gizon bati 23 urteko bikotekideari erasotzea leporatu diote, eta Ondarroan 31 urteko gizon bati lankide bati ukituak egitea, herriko osasun etxean. Bilboko jaietan bi sexu eraso salatu dituzte, eta Donostian 20 urteko gizon bat atxilotu dute, hiriaren... [+]


2024-08-20 | ARGIA
Osakidetzan tratamenduari ekin nahi dioten transek psikiatriatik pasa behar dutela salatu dute

Hainbat kolektibok salatu du Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean arreta jasotzen duten transei lehen harrera psikiatrikoko profesionalek egiten dietela, horrek transak patologizatzen dituela eta harrera endokrinoak egin beharko lukeela. Harrera endokrinoak... [+]


2024-08-20 | Euskal Irratiak
Bigarren etxebizitzen kontrako aldarria entzun da Miarritzen

Etxebizitzen %20 baino gehiago jadanik bigarren etxebizitzak dira Ipar Euskal Herrian. Larrialdi klimatikoaz sentsibilizatzeko lau hilabetez, Nantesetik abiatu Alternatiba txirrindula itzulia, kostaldean zen aste buruan.


2024-08-20 | Mikel Aramendi
‘Txina komunismoaren aurretik’ ikuskizuneko sektaren atzean dagoen kuxidadea

Iazko urtarril-otsailean izan genuen Hego Euskal Herrian bisitari, egundoko propagandaz girotuta baina aparteko arrakastarik gabe, Shen Yun izeneko antolakundearen “Txina komunismoaren aurretik” ikuskizuna. Agian neuk ere esan behar nuen zerbait orduan, haren... [+]


2024-08-20 | ARGIA
Langile bat hil da Iurretan, baso-lanetan ari zela

LAB sindikatuaren kontaketaren arabera, dagoeneko 36 dira aurten Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak.


Taser pistola Foruzaingoaren armen araudian sartu nahi du Nafarroako Gobernuak

Nahiz eta Nafarroako hainbat udalerrietako udaltzaingoek taserrak dituzten, ez dago armen araudian jasota. Azkoienen lau aldiz erabili dute, eta Iruñean aurtengo ekainean erabili zuten lehen aldiz.


2024-08-19 | ARGIA
Palestinaren alde mobilizatu dira Bilboko eta Donostiako Aste Nagusian

Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, bi hiriburuetako jaietan "Palestina presente" egoteko aldarria luzatu dute. Ostiralez Bilbon, eta larunbatez Donostian.


2024-08-19 | Behe Banda
Barra Warroak |
Soro bat, zoro bat

Testu hau goizeko ordu txikitan izaten diren hausnarketa batekin hasi da, Araba galduko herri batean zoruan jarrita, ortzimugan eguzkia ateratzen dela ikusirik. Zelai hori eta nabarren artean hegan egiten duten txoriei so eginez, mendietan dauden basoetan pentsamenduak galduta... [+]


Eguneraketa berriak daude