Beste bidaiariak


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Aireportuko argotean, 100 kiloko pisua trafiko unitate bat da. Berdin da 100 kilo horiek pertsonarenak edo merkantziarenak diren. Horregatik 100 kiloko merkantzia bidaiari baten baliokidea da. Izan ere, bidaiariak batez beste 80 kilo pisatzen duela kalkulatzen dute hegazkinak betetzerakoan, beraz, bere 80 kiloek gehi ekipajearen 20ek osatzen dute trafiko unitatea. Pisua baita hegazkinak betetzean kontuan hartzen dena. Pisua eta dirua.

Gasteizko aireportuak kontzentratzen du merkantzia garraio kopuru handiena gaur egun Euskal Herrian. Eta bertatik goizeko seirak aldera osteratxo bat eginez gero, aireportuko argota -trafiko unitatea, hub, handling... nonahi entzuten da. Ordu horretan baitago aireportua bizi-bizi. Merkantzia asko argi gutxi dagoenean atera eta iristen delako Forondara.

Hegazkinez garraiatzen den produktuak balore erantsia izaten du. «Balore hori presak eta produktuaren galkortasunak ematen diote, besteak beste», esan digu Andres Sebastianek, Forondako segurtasun arduradunak. Horrela ez balitz, ez litzateke errentagarria hegazkinez garraiatzea. «Adibidez, ordenagailuko plaka batek berez ez du garrantzirik, baina plaka hori Mercedes enpresako muntaia kateakoa bada, oso presazkoa da plaka hori nonbaitetik ekartzea. Abioian merkantzia hori ekartzea baino garestiagoa delako berez fabrikatzeari uztea». Horrelakoetan propio pieza horiek ekartzeko edo bidaltzeko hegazkinak jarri izan omen dira.

Balio erantsi hori duten produktu motak hiru dira Forondan. Curier edo paketeria garraioa merkantzia trafikoaren %50 baino gehiago da Gasteizen. Hauen artean daude, adibidez, aldizkariak, moda, material baliotsua, presazko paketeak, sinatzeko diren dokumentuak, automobiletako piezak... Enpresek egunean zehar prestatzen dituzte produktu hauek. Eta gauez, curier bidez, bezeroei bidaltzen dizkiete. Hurrengo egunean, aldizkariak kioskoan egongo dira, adibidez. Paketerian guztira 32 «mugimendu» egiten dituzte gauez: 18 hegazkin iristen dira eta beste 18 irten paketeria produktuak garraiatuz. Gauean, DHL, TNT eta FEDEX enpresetako langileek bi txandatan egiten dute lan. Gaueko bederatziak eta hamaikak bitartean egiten dute bat; eta bestea goizeko bostak eta zazpiak bitartean, gutxi gorabehera.

Geografia lezioak

Aireportuan jaso eta langileek posta kutxatilaren arabera banatzen dituzte paketeak, izango duten azken helmugaren arabera; langileak jakin behar du Koloniara (Alemania) doan hegazkin horretan jarri behar dituela ere Kanadara doazen paketeak adibidez, bertatik bideratzen baitira hauek. DHL enpresako langileek zerrenda luzea dute jarrita almazeneko paretean aireportu bakoitzak dituen kodigoekin, paketeek zein bide egingo duten jakiteko eta horren arabera non jarri behar dituzten erabakitzeko: «Hemen geografia behintzat ikasi egiten duzu», dio DHLko kide Tomas Holgadok. Ondoren paketeen kodigoak eskaneatuz, gordeta gelditzen da bakoitzak egin beharreko bidea.

Bestalde, Europako Batasunetik kanpokoa den paketeriak aduanetako prozesua jarraitu behar du. Aduana fisikoa Jundizen dagoen arren, paketeria enpresek -eta baita besteek ere- «aduanetako manifestua» igortzen diote aduanari. Aduanak ezarrita ditu filtroak: jatorriaren, pisuaren, kopuruaren, edukiaren arabera hartzen dituzte erabakiak. Tabakoa baldin bada, adibidez, Holgadok aitortu digunez, beti begiratzen dute aduanakoek. Filtro horien arabera, pakete batzuk bertan geratzen dira, aduanetako langile bat aireportura etorri eta ikuskatu arte. «Txinako torloju batzuk ez ditu aduanak geldituko; baina paketean doana Txinako galtza pare batzuk badira, gelditu egingo dute ikusteko».

Hegoafrikatik, presaka

Goizeko zazpi eta erdiak inguruan iritsi da Hegoafrikatik datorren 747 Boeing-a. Gaurkoan legatza dakar 75.000 kilo, baina Jumboak berez 100 tona garraiatzeko gaitasuna du. Abioi mota horrek 400 bidaiarirentzako lekua izan ohi du, beraz, 40.000 kilo lirateke, diosku Andres Sebastianek, dena kiloz neurtzeko obsesioan. «Bidaiariak eramaten dituzten Jumboetako bodegetan 60.000 kilotarako lekua dago. Eta bodega horiek alkilatu egiten dira merkantzia ekartzeko. Kargarako den Jumboek, ordea, ezin dituzte bidaiariak sartu kabinetan». Hegazkina iristearekin bat hasten dira langileak gurditxoekin paleak deskargatzen. Presaka egiten dute lan eta ordubetean Decoexsa enpresako almazenetan dago legatza. Bertan egurrezko paletara pasa eta kamioiak betetzen hasiko dira. Hamabiak aldera irtengo dira errepidera, legatza hurrengo egunean Iberiar Penintsulako salmenta gunetan egon dadin.

Prozesu hori bera errepikatzen da astean zenbait egunetan. Izan ere, galkorrak diren merkantziak dira balio erantsia duten bigarren produktu motak Forondan. Bertan, Decoexsa enpresa arduratzen da produktu galkorrak manipulatzeaz -handling, eta bertako sales manager Avelino Alvarezek dioenez, %90ean arrainarekin lan egiten dute. Arraina da egunerokoan ekartzen dena, eta batez ere, Hego Afrikatik eta Namibiatik ekartzen da. Decoexsak 9.500 metro koadroko azpiegitura du: jateko diren animalia edo barazkiak manipulatzeko kamerak, animalientzako hotela, kamioientzako aparkalekua... Produktuek ez dute azpiegitura hauetan denbora larregi igarotzen, hain zuzen, hegazkinez egindako garraioak hori duelako helburu: terminalean produktuak ahalik eta denbora gutxien igarotzea.

Legatzak -eta orokorrean jateko diren produktu guztiek- osasun sailekoen kontrola igarotzen dute aireportuan. Eta animaliek albaitarien probak jasaten dituzte.

Animalien pasaporteak

Osasun saileko kontrolen ondoren, aduanako kontrolak datoz. Lehenengoak igaro behar dira bigarrenetara iristeko. Pertsonak pasaportearekin, bisadoarekin eta zenbaitetan txertoekin iristen badira, animaliak liburu batekin etortzen dira. Bertan idatzita dator zein diren beraien gurasoak, zein bere albaitaria, zein txerto hartu dituen, zer jan duen... Animaliak garraiatzeko neurriak ere ugariak eta zehatzak dira. Adibidez, amek kumeekin bidaiatu behar dute estresik ez izateko; arrak eta emeak baldin badoaz hegazkin berean araldiak kontuan hartu behar dira; ezin dira jateko diren produktu galkorrak eta bizirik dauden animaliak nahastu...

Gasteiza batez ere zaldiak iristen dira. Eta Argentinatik etorri ohi dira, ondoren Cadizera (Sotogrande) eramateko poloan jolasteko. Arabiar Emirerri Batuetatik ere etorri izan dira xekeak zaldiekin. «Erresistentziako lasterketetara etortzen dira normalean Arabiar Emirerrietatik. Bertako xeke batek bost hegazkin ditu, handiak, errusiarrak, zaldiak ekartzeko. Behin, etorri zenean, ez zion albaitariari zaldiei odola ateratzen utzi. Berak atera zien», dio Alvarezek.

Garai batean ostrukak ere ekartzen ziren airez, beraien haragia saltzen hasi zen Nafarroako jatetxe baterako. Behin hegazkinaren behealdeko bodegan 400 ostruka garraiatu zituzten. «1,60 metroko altuera duen bodegan joan ziren, eta irten zirenean, erabat oker eta urduri zeuden. Batek alde egin zigun, eta pistan zehar korrika ibili zen suhiltzaile batek harrapatu zuen arte». Alpakak, krokodiloak, marrazoak... ere ekarri izan dira Gasteiza. Azken hauek Madrilgo eta Valentziako Institutu Ozeanografikoetarako ekarri ziren. Albaitari pila zituzten zain eta Donostiako Aquariuma prest zegoen, haiek ahul etorriz gero bertara bidaltzeko: «Lau marrazo airez ekarri eta hemendik Madrilera bidean hiltzen bazaizu bat, a zer gastua egin duzun», dio Alvarezek.

Animalia guztiak hala ere lasaigarriak hartuta etortzen dira eta zaintzaileak lagunduta. Normalean, ez da arazorik izaten. Sebastianek, segurtasun arduradunak, zera esan digu: aireportuetan arazoak bidaiariek ematen dituztela, pertsonek alegia, eta ez merkantziek. «Jendeak loroak, armiarmak, sugeak... ekartzen ditu. Arazoa ez da beti desagertzen ari den espezie bateko animalia ekartzea, baizik eta ekar ditzakezun izurriteak. Eta oso erraza da ekartzea, batez ere, bizirik dauden landareekin». Gasteizen, adibidez, izan dute pipi izurrite bat. «Saguzarren tamainako pipiak ziren. Gero hotzarekin hil ziren. Baina ez dakigu nondik etorri ziren». Hegazkinak, horregatik, desinfektatu egin ohi dira.

Produktu galkorren artean, fruituak ere ekartzen dira Brasiletik, papaia batez ere. Eta loreak Venezuela eta Kolonbiatik. Baina horiek gutxitan egiten diren garraioak dira.

Balio erantsia duen azken bidaiaria, aireportuko argotean bestelako merkantziek osatzen dute. Denetarik sartzen da hor, baina presa handirik ez duten produktuak dira orokorrean. Erantsitako balioa, kasu honetan, besteren bat izango da.

Kontrola
Merkantzien arloan «trapitxeo»rik ia ez dagoela esan digu Avelino Alvarezek. Eta egia da kontrola handia dela, bai produktuen jatorrian baita aireportura iritsitakoan ere. Hala ere, kasu bat aipatu digu Alvarezek. Hiru urtez Forondara automobiletako piezak ekartzen omen zituen hegazkin batek tabako kontrabandoa egiten zuela deskubritu zuten.

Modak eta urtaroak

Santu Guztien Egunean eta San Valentin egunean handitzen omen da lore inportazioa. Hala ere kopurua ez da izugarria, bidaiarien hegazkinetako bodegetako espazioarekin nahikoa da. Loreekin bezala gertatzen da paketeriarekin ere. Eguberrietan izugarrizko lana izaten omen dute, enpresetako opariak direla medio. Udan, berriz, lana asko jaisten zaie.
Esportazioa batez ere azarotik apirilera egiten da. Esportatzen dena neurri handi batean barazkiak baitira. Piparra, pepinoa eta tomatea AEBetara eta Kanadara igortzen dira. Bertan, klimagatik ez dutelako orduan barazkirik.


Azkenak
2024-11-28 | Gedar
Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek mobilizazioei ekingo diete, lanpostuen defentsan

Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


2024-11-27 | Julene Flamarique
"Euskara ez den hizkuntza bat” erabili du Barakaldoko Udalak kanpaina batean

Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]


2024-11-27 | Leire Ibar
180 eragile baino gehiagok egin dute bat etxebizitzaren eskubidea bermatzearen aldeko mobilizazioarekin

Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.


2024-11-27 | Julene Flamarique
Gutxienez 2027ra arte atzeratu dituzte berriro ere AHTren obrak EAEn

2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]


Erretiroa hartuko du Benito Lertxundik

82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.


2024-11-27 | Mati Iturralde
Gogoan ditut

2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]


Valentziako ilargia

Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]


2024-11-27 | Castillo Suárez
Pertseberantziaz

Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]


Materialismo histerikoa
Zuekin nahi dut

Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude