Net Hurbil: Balizko garapen fondoen misterioa


2021eko uztailaren 19an
Action Aid erakundeak eskandaluzko datuak plazaratu ditu. Britainia Handiko Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) honek estatu aberatsek herrialde txiroen garapenerako ematen dituzten diruak teoriazko beren hartzaileetara ez direla iristen erakutsi du. Kopuruak eta zehaztasunak edozein lotsarazteko modukoak dira. Asteotan G-8 taldeko herrialdeetako agintariek 18 herrialderi kanpo zorra barkatuko dietela eta, komunikabide guztiok honen inguruan berotzen dizkiegu belarriak herritarrei, eta denok kontent. Baina egia krudela dago protokoloen azpian.

Action Aiden lerroetan sistemaren iraultzarako deirik ez da aurkituko, horretan ez da susmagarria. "Sekula ezagutu den ongizate eta aurrerapen teknologiko aldi onenean bizi gara, eta aldi berean eskubide sozial eta ekonomiko oinarrizko gehienak era errutinarioan bortxatzen dira neurri masiboan. Nazioarteko laguntzak garrantzia berezia du eskubide horiek zabaltzeko. (...) Esperientziak erakusten du laguntza hori garapen zabalago baten barruan hedatzen denean, hobekuntza nabarmena markatzen duela jendeari txirotasunetik ateratzen laguntzeko. Eta egia da ere laguntza gehiago behar dela urgentziaz".

Filosofia horretatik abiatuta egin du Action Aidek ikerketa, Vietnam, Kanbodia, Uganda eta Etiopia bezalako herrialdeetara bidaltzen diren fondoetan miatuz. Eta ondorio oso latzetara iritsi da.

Hasteko, oso urrun gaude herrialde garatu bakoitzak urtero eman behar zuen Barne Produktuaren %0,7 hartatik. Helburu errealista moduan %0,25era iristea aipatzen da gaur. Baina Action Aidek argitara atera duenez, kopuru horri bidean geratzen diren diruak -phantom aid edo laguntza fantasmak, sasi-laguntzak- deskontatu behar zaizkio. Garapen fondoen bi heren gaur egun sasi-laguntzatan gastatzen dira: nazioarteko aditu eta kontsultoreentzako da diru zati bat, horien laguntza teknikoaren prezioak garestiegiak dira, fondoak askotan «oparia» egin duten herrietako enpresei lotuta daude, planifikazioa askotan gaizki koordinatzen da, antolakizun eta begirale gogaikarriak ezartzen zaizkie hartzaileei, administrazio kosteak handiegiak dira, ordainketak beranduegi eta zatika egiten dira, zorren kudeaketan kontabilitateak gaizki, sarritan fondoak herri aberatsean bertan gastatzen dira inmigrazio zerbitzuetan... Luzea da fundamenturik ezaren eta behartsuentzako limosnarekin espekulatzearen zerrenda.

Laguntza fantasma horiek kenduz gero, ikusten da herrialde aberatsek txiroei benetan ematen dieten laguntza ofizialaren zifrak oso exageratuta daudela paperetan. Propaganda direla. Bataz beste, Mendebaldeak teorian ematen dituen solidaritate fondoen herena baino ez da erreala. Helburu teorikoa %0,7an ipini eta urte honetako helburu erreala %0,25era iristea baldin bada, benetan %0,1 da aurten herrialde aberatsok emango duguna.

Badira herrialdeak beren diruak zorrotzago kontrolatzen dituztenak, eta aldiz Estatu Batuen eta Frantziaren fondoen %90a sasi-laguntza da. Action Aidek zehazki aztertu ditu G-7ko herrialdeak (uztail hasieran Eskozian bilduko den G-8a ken Errusia): Erresuma Batua, Estatu Batuak, Alemania, Italia, Frantzia, Kanada eta Japonia. Munduko aberatsenak, zekentasunean ere mediaz goiti dabiltza: hauen fondoen laguntza erreala barne produktu gordinaren %0,07an geratzen da.


% 0,7 ematekoak ginen

«Real Aid, an agenda for making aid work» (Laguntza erreala, laguntzak funtziona dezan proposamena) dokumentuko zenbakiei beren gordintasunean erreparatu bat ematea merezi du. 2003an estatu emaile guztien artean garapenerako laguntza ofizialetan 69.000 dolar enplegatu zituzten; herrialde garatu guztien artean urte horretan lortu zuten barne produktu gordinaren %0,25 gastatu zituzten garapan fondoetan. Hori teorian, zeren eta milioi horien guztien zati handiena zen laguntza fantasma.

Nola da posible herri txiroen garapen iturri honek hainbeste ur galtzea bidean? Action Aidek ikerketan honela sailkatu ditu fondo teorikoei deskontatu beharreko sasi-laguntzak:

- Helburua zehazki txirotasunaren gutxitzea ez zuten proiektuei emanak, 4.900 milioi dolar.
- Txiroen zor arintze moduan bi aldiz kontabilizatuak 9.400 milioi.
-Garestiegi ordaindutako proiektuetan eta eraginkortasunik gabeetan gastatuak 13.800 milioi.
- Fondoa ematen duen herrialde aberatsari ondasun eta zerbitzu trukean lotutakoak 2.700 milioi.
- Gaizki koordinatuak eta bidalketa gastu handiegiak dituztenak 9.000 milioi.
- Etorkinekin lotutako gaietan herrialde aberatsetan bertan gastatuak 1.500 milioi.
- Administrazio koste handiegitan xahutuak 400 milioi.

Denetara, 2003an sasi-laguntzetan alferrik galdu zen solidaritate fondo guztien %61, eta laguntza errealak 27.000 milioi dolarretan geratu ziren. Beraz, herrialde garatuek barne produktuaren %0,1 eman dute garapen fondo errealetarako. Herrialde garatuen barruan aberatsenei begiratzen badiegu, (G-7koei) hauek garapenerako laguntza ofizialean, 2003an, 50.000 milioi gastatu zuten, beren barne produktuaren %0,21, baina sasi-laguntzak deskontatzen ditugunean benetako laguntza erreala %0,07an geratu da.

Eraginkortasunari dagokionean -laguntza erreala/sasi-laguntza ratioa- Frantzia da adibiderik txarrena, garapen fondoetarako dituen ia 2.000 milioi dolarretatik %11 baino ez baita laguntza erreala. Estatu Batuak datoz ondoren: AEBek ematen duten dolar bakoitzetik 86 zentabo sasi-laguntza dira, Ipar Amerikara ondasun eta zerbitzu gisa itzuliko diren tratuen bidez lotuak gehienak. Grezia dator zerrendan hirugarren (82 zentimo) eta txarrenen zerrendan laugarren da Espainia: ematen duen dolar bakoitzeko 71 zentimo ez dira behartsuentzako baliagarri. Euskaldunok ez dugu bi estatuek gure sosak gastatzen dituzten moduarekin oso pozik egoteko motiborik. Bestalde, Action Aid estatuetan zentratu da, eta ez dakigu Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak alor honetan zein eraginkortasun maila duten. Aldiz, badakigu Irlanda (%13), Luxenburgo (%19), Danimarka (%28) eta Suedia (%29) direla bidean solidaritate gutxien alferrik galtzen dutenak.

Kalkulu horiek guztiak egin ondoren, Action Aidek beste zerrenda batean sailkatu gaitu herrialde aberatsetako kideok gure aurrekontuetatik -sasi-laguntzak kenduta- herrialde txiroentzako ematen ditugun elkartasunezko fondoetako laguntza zati errealen arabera. Horrela dakigu Luxenburgoko herritar batek bere zergetatik 357 dolar ematen dituela benetan hirugarren munduko herritarren garapenerako, Norvegiako batek 304, Danimarkakoak 232... Frantziakoak 13 dolar eta Espainiakoak beste 13!

Kapitalismoa eskuzabala ez dela bagenekien. Baina karitateari %60-%90eko komisioa ezartzea ere...

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude