Kaleko haur izatetik izar bihurtzeraino


2021eko uztailaren 27an

- Marcooo!!! Marcooo!!! Marcooo!!!

Alferrik. Marcok ez zuen joan nahi. Marcok nahi zuena banana frijitua jatea zen, la loko, gose zen.

-Marcooo!!! Marcooo!!! Ez izan tontoa! Etorri hona, zuri bat agertu da, eta jokalari onenak berekin eramaten ditu!

Baina Marcok ez zuen joan nahi. Gose zen.

Azkenean indarrez eraman zuen anaia handiak, arrastaka auzoko zelairaino. Han bazekien airean ibiltzen Marco txikiak. Baina gose zen. Banana frijitua jan nahi zuen. Eta anaiak ezetz: "Ez, ez, jolastu egin behar duzu Marco, jolastu, ziur hartuko zaituela!".

Gizon zuri bat ari zen mutikoak jokarazten. Gizon zuri bat ile zuriekin, eta Marco harrituta gelditu zen. Ez zegoen ohitua horrelako zuriak ikusten, horrelako ile zuriak batez ere. Eta berak ez zuen jolastu nahi, gose zen, eta gainera lotsa ematen zion.

Baina alferrik. Jende dena kantuan hasia zen: "Mar-co! Mar-co! Mar - co!" Ezaguna zen Marco auzoan. Auzoko begi denek eta auzoko baloi denek bazekiten Marcok futbolean nola jolasten zuen. "Mar-co! Mar-co!" ari ziren denak. "Nor da Marco?", galdetu zuen orduan gizon zuriak bere ile zuri eta guzti. "Hori da! Hori da!", behatz guztiak gainera. Eta anaiak zelaira bultza zuen, "ale, jolastu!".

Inork ez daki orduan zer gertatu zen. Ez zuen baloia bi aldiz hanketan erabili, ez zuen buruarekin behin ere jo, baina zuriak jokoa gelditu zuen. Ez zegoen ohitua horrelako beltzak ikusten, horrelako distira beltzak batez ere. Hiru hitz besterik ez zizkion esan: "Marco, zatoz nirekin".

Bazen behin Boli Kostako hiriburuan, Abidjan handian, Sol Beni izeneko leku berde bat. Leku berde bat, eguzkia egunero esnatzen zena. Eta eguzkiarekin batera izarrak. Izar txiki batzuk agertzen ziren goizero eguzkipean, eta beti berdina egiten zuten: futbolean jolastu.

Izar bakoitzak bere izena zuen, eta izarrak leku hartara bildu zituenak ere bai: Jean Marc Guillou. Jean Marcek, futbola utzi zuenetik, amets bat zerabilen buruan: eliteko futbol akademia sortzea Afrikan. 1994an Boli Kosta osoa pasa zuen baloia besapean hartuta. Besapean baloi bat, eta bekain azpitan begi bi. Begi haien aurrera azaltzen zen edozein mutil koxkorri baloia botatzen zion hanketara, "ale, jolastu!". Boli Kostan ez dago baloi bat bezalakorik hamar segundoan ehun ume elkartzeko. Eta ehun haietan beti izango da norbait "gure auzoan bada bat ona!" esango duena. "Ekarri ezazu!": Orduan ehun eta bat. Ehun eta bi, ehun eta hiru... Hiru hilabetean baloi hark milaka zango ikusi zituen. Baina talentua oso portzentaia txiki baten pribilegioa da. Afrika beltzean, zorionez, pribilegio hori zabalduagoa dago. Sekretua? Goizetan futbolean jolastea, eta arratsaldetan ere bai. Hirurogei bat izen gelditu ziren Jean Marcen paper zikinetan. Berak dozena bat behar zituen. Onen artean onenak, onenen artean hoberenak. Baina arazo bat zuen. Hamar-hamabi urte bitarteko mutikoak nahi zituen, eta izar batek zenbat urte dituen ez da beti erraza jakiten, bereziki Afrikan. Beraz, inork tranparik ez egiteko, mende batzuk lehenago kakaoaren bila joaten zirenek erabiltzen zuten tramankulu bera atera zuen: pisua. 30 kilotik gorakoak kanpora, 30 kilotik beherakoak barrura.

30 kilo. 30 kilo eskas ziren aukeratutako mutikoak. Baina 30 kilo talentu. Eta talentua, izan Boli Kostan, izan Brasilen, edo izan Txinan, eragiketa matematiko sinple baten emaitza da. Talentua = koordinazioa + inteligentzia + energia. Koordinazioa, "tik, tak", baloiarekin ongi sentitzea da, baloia ongi sentitzea zurekin, teknika ona. Eta inteligentzia, teknika hori ongi erabiltzen jakitea, ongi neurtzea denbora eta espazioa. Eta energia. Energia da bizitasuna, bizi nahia eta bizi izatea. Boli Kostako haurren urre gorria. Haur horiek auzo pobreetan haziak baitziren, haziak baino gehiago heziak, eta bazekiten ez zirela inoiz abokatu edo mediku izango. Ez argiak ez zirelako, baizik eta ez zirelako ministroen seme. Orduan, ume-umetatik lapurretan ikasi zuten, bazekiten noiz eskua erantsi, eta noiz hanka egin. Baloiarekin berdin egiten zuten: aurkariari lapurtu, korrika alde egin, eta inork ikusi aurretik lagunari eman, "tak". Energia hori da. Eta akademian horixe egin nahi zuen Jean Marcek. Haur horien energia futbolera kanalizatu. Gaizkile onak izan zitezkeenak, futbolari hobe bihurtu. Esperantza horrekin esnatzen ziren egunero akademiako izar txikiak.

Autobusa pasatzen zitzaien etxepetik. Auzo apartatuenetan bizi zirenak goizeko seietarako pronto arraio egoten ziren, lokarriak ondo estututa, espaloian eserita, zain. Autobusak banan-banan jasotzen zituen. Eta autobusetik banan-banan jaisten ziren Sol Benira iristean: Yapi Yapo, Zokora, Arouna... Tartean, txikietan txikiena, Marco. Bertan balego bezala oroitzen ditu oraindik egun haiek: "Lehenik gosaria ematen ziguten, eta gero bi taldetan banatzen ginen: erdiak futbol zelaira Jean Marcekin, eta beste erdiak eskolara. Irakasle bat izaten genuen guretzat. Irakurtzen, idazten eta kalkuluak egiten erakusten zigun. Ni nahiko ona nintzen, matematikak gustatzen zitzaizkidan. Baina baziren zenbakiekin oso onak ez zirenak...". Hamaikatik aurrera nahastu egingo ziren agian. Nahastu, denak nahasten ziren, arratsaldea iristean. Goizean futbolean jolastu zutenak eskolara, eta goizean eskolan izan zirenak zelaira. Zelaira futbolean jolastera, ez zelai inguruan korrika ibiltzera. Hiru orduko entrenamenduan dena zen jokoa, lehia, sormena. Baloia beti ibiltzen zen hara eta hona, eta hala ere bera nekatzen ez zen bakarra. "Orain atseden pixka bat hartuko dugu", agintzen zuen Jean Marcek, eta gorputzek atseden hartzen zuten artean, atsegin zuen, mutikoei burua nekaraztea. "Edozein gai proposatzen zigun »oroit da Marco» eta debateak egiten genituen, diskurtsoa lantzen genuen, kontra egiten ikasi. Gure espiritu logikoa eta kritikoa garatzen saiatzen zen. Pixkanaka konturatu ginen ikastea plazera dela, eta mundu honetan dena ez dela futbola. Hizkuntzak, filosofia, kultura, horiek ere inportanteak direla. Bestela ergela bihurtzen zara. Guri inork begiak zabaldu ez balizkigu, txita txikia arrautza barruan bezala biziko ginen". Hori zen akademiaren helburuetako bat: futbolariak baino lehen pertsonak formatzea, pertsona askeak, eta aske izateko bitartekoak eman behar zitzaizkien. Espiritu kritikotik hasi eta maitasuneraino. Konfiantza, errespetua, ondradu izatea... "Pertsona ona dena, futbolari hobea izango da". Esaldi hura gogoan hartuta sartzen ziren iluntzean izar txikiak etxerako autobusean. Lo joaten ziren askotan, nekearen loa. Zortziak jota iristen ziren etxera, ilunpetan, eta ia etxean baino lehen sartzen ziren ohean. Normala, hurrengo goizeko seiak laurden gutxitan esnatu behar zuten. "Baina lauetan esnatu behar izan bagenu ere esnatuko ginen". Ez du gezurrik esaten Marcok. Lehen hiru urtetan inork ez zuen inoiz autobusa galdu.

Barre egiten zuten

Afrikarrek badute berezko bertute bat: eskutan dutenak egiten ditu zoriontsu. Ez dira denboran urrunera begira bizi, momentuak sortzen die irribarrea. Etorkizunari hortzak erakusteko modu bat izan daiteke. Edo gozamen hutsa, gozamen betea. Akademiakoak zoriontsu ziren eskutan eta hanketan zutenarekin, irria jantzita zeramaten. Boli Kostako jendeak ere barre egiten zuen.: "Zuri hau seko jota dago! Zer ari da ume moko horiekin? Zergatik ez ditu hartzen hamabost urterekin? Zuriak ez daude burutik ondo!". Barre egiten zuten egunero. Baina barreak ez zien luze iraun. Pare bat urte pasatzerako kontua bolo-bolo zebilen Abidjan handian, nola portuan hala merkatuan: "Ikusi al dituzu akademiakoak? Beraiek baino bost urte zaharragoen aurka jokatu dute eta hamar gol sartu dizkiete! Erotu egin dituzte! Brasildarrak dirudite!" Inork ez zuen inoiz halakorik ikusi, hain joko garbirik, bizirik, begiek nahiko lan izaten zuten baloiari segitzen. Belarriek ere gozatzen zuten: "Tik-tak-pim-pam-tak-tik-pum-gol". Zazpi eta huts, hamar eta huts, hamabi... Eta beti bost, sei, zazpi urte zaharragoen kontra. Laster hasi zen Jean Marc bat gutxiagorekin jokatzen, bi gutxiagorekin, azkenean atezainik gabe. Alferrik. Bost urtean partidu bat edo bi bakarrik galdu zituzten Boli Kostako brasildarrek. Eta horrek jendea kezkatu egiten zuen, deseroso jarri, ez zuten ulertzen. Proiektu berri bati, ona bada, horixe gertatzen zaio beti: lehenik burla egiten diote, gero kezka sortzen du, eta azkenik, txoraturik, jende denak bat egiten du berekin.

1999ko abuztuaren 21eko arratsalde hartan ere Boli Kosta osoak bat egin zuen. Afrikako Kopako finala jokatzen zen Abidjanen, Afrikako Champions League nahi bada: Esperance Tunis Vs ASEC Abidjan. Esperance Afrikako talderik onena zen, lagunarteko batean Milanen aurka bat eta huts galtzetik zetozen. Baina begi guztiak ASECi begira zeuden. "Zuri hori erotuta dago! Nola atera lezake lehen mailan inoiz jokatu gabeko belaunaldi oso bat? Noiz eta final handiaren egunean? Zeinen eta Afrikako talderik onenaren kontra?". Jean Marcek hil ala biziko erabaki bat hartu zuen aste hartan. ASECeko presidente bezala, lehen talde osoa zelaitik kendu, eta akademiako mutikoekin jokatuko zuen final handia. Nolaaaa? "Hamasei hamazazpi urte besterik ez genituen, hirurogei kilo eskas, eta beldurra galanta. Galduz gero Jean Marc gurutziltzatu egingo zuten. Akabo ordura arteko gure lan guztia". Marcori oraindik dar-dar egiten diote behatzek momentu hura gogoratzean. "Baina partidua hasi zen, hartu genuen baloia gurekin, eta tak-tak-tak-tak... hamar pase eman genituen dozena bat hunkitutan. Umearoko joko alai hura azaldu zen, eta orduan ulertu genuen irabazi genezakeela". Akademiakoak ohituak zeuden, izan ere, zaharragoen kontra jolasean ibiltzen. Ordu eta erdi beranduago Abidjan osoa dantzan ari zen. Markagailuan, 3 eta 1. Urteak ziren hain emaitza esturik ez zutela izan. Baina bat, bi, hiru, edo lau gol izan, mutikoei bost. Hamasei hamazazpi urterekin Afrikako Champions League irabazi zuten. Adin horrekin, beste talde batean, infantiletan jokatzen ariko ziren.

Abidjanetik Beverenera

Izarrak Sol Benitik mundura zabaldu ziren orduan. Eta mundua afrikarrentzat Europa da. Maestro izan zen lehena, Maestro Zokora. Frantziako Saint Etiennek fitxatu zuen. Kolo joan zen gero, Kolo Toure, Arsenalera. Akademiako mutiko haiek onegiak ziren Afrikan segitzeko, beren talentuak beste lehiaketa bat eskatzen zuen, beste talde batzuk, beste maila bat. Abidjanen ez zegoen haientzat lanik. Aterabide bat behar zuten. Adibidez, Beveren.

Krisi ekonomiko larrian zegoen, desagertzekotan. Beveren talde flandriarrak lehen mailako egunak kontatuak zituen. Kontaktuak ere bazituen ordea: Jean Marc Guillou, futbolari ohi frantziarra. Guillou Abidjanetik Beverenera hegaldi batean joan zen, esku batean sosa, eta bestean proiektua. Proiektua: Belgikako lege malguak baliatuz, urtero Boli Kostatik hiruzpalau jokalari eramatea Beverenera, bertan ezagun egin, eta talde handietara zabal zitezen. Hartara, Beveren zulotik aterako zen, sailkapen zulotik, eta zorren zulotik. Hala etorri ziren Yapi Yapo, Boka, Manu Eboue, Romaric... Baita Marco ere. Baina zulo berriak ez du zaharra estaltzen. Flandriarrei kosta egin zitzaien taldearen kolore urdin horiak beltzarekin nahasten. Marcok bere larruan bizi izan zuen hori: "Arrazismoa leku guztietan dago". Batez ere etorkinak bertakoei lana kentzen dien lantegietan. Tornuan, hargintzan, edo futbol zelaian. Eta Jean Marcek esan zuenean laster hamaikako osoa beltza izango zela, Beverenen jendeak barre egin zuen: "Denak beltzak hemen? Hau ez dago burutik ondo!". Barre egin zuten denek. Seinale ona da hori.

Marxek zioen alderdi politikoak erremintak direla, ez objektiboak. Objektiboa iraultza da, eta iraultzeko lanabesak, alderdiak. Europako talde handi batzuetan hanka beltz zenbait dabiltza futbol zelaietako lurra goldetzen. Kalounho Feyenoorden, Manu Eboue Arsenalen, Yapi Yapo Naoneden... Marco oraindik Beverenen dago. Eta badaki ez duela titulurik irabaziko Beverenen, Beverenek ez duela bitrinan koparik izango. Baina Beverenen argazki bat egongo da hamaikako zahar batekoa, eta han agertuko dira, agian, 2006an Munduko Kopan ariko diren sei-zazpi mutiko. Han ageriko dira, ziur, baloiari irribarre eragiteraino futbolari beste grazia bat eman dioten hamaika mutil koskor. Hori bada nahiko titulu talde batentzat. Futbol taldeak erremintak baitira, ez objektiboak. Objektiboa futbola iraultzea da. Eta Boli Kostak futbola irauliko duenean, agintariak ohartuko dira, futbola bera ere erreminta bat zela. Erreminta bat Lurra iraultzeko.


Azkenak
Igeldoko toki entitate txikiak aldundiaren baiezkoa lortu du

Igeldok eskumen propioak bereganatuko ditu. "Pixkanaka, hurrengo lau urteetan hainbat bloketan antolatuta", azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.


Patri Urkizu euskaltzale, ikertzaile eta idazle lezoarra zendu da

78 urterekin hil da ibilbide oparoa izan duen euskaltzalea. Euskal Filologian doktore izateaz gain, hamarnaka lan argitaratu zituen, poesian, nobelan zein saiakeran, baita biografiak eta bertso bildumak ere. Lan handia egin zuen antzerkigintza ikertzen.


2024-12-18 | ARGIA
Euskal Y-a ez da Ipar Euskal Herriarekin lotuko gutxienez 2042 urtera arte

Frantziako Gobernuak Espainiakoari baieztatu dionez, Abiadura Handiko Trena ez da Hego Euskal Herrira iritsiko (Irungo loturara) gutxienez 2042 urtera arte. Ez dago Parisen lehentasunen artean.


2024-12-18 | Mara Altuna Díaz
Migratzaileen Nazioarteko Eguna | Alberto Flores-Uranga, artzaina
“Amerikak asko eman dit, baina nik ere asko eman diot Amerikari”

20 urte zituela, Alberto Flores-Uranga Mutrikutik Idahora (AEB) joan zen artzain. Bakardadean, mendietan galduta, maiz koiote eta hartzak begira zituela."Berriro egingo nuke, zalantzarik gabe", dio, garai haiek gogoratuta.


Siemens Gamesak 423 langilerentzako erregulazio espedientea proposatu die sindikatuei

Aldi baterako erregulazio espedienteak aerosorgailu konpainiak Asteasun eta Zamudion dituen lantegietako langileei eragingo lieke eta batzarrean bozkatuko da aurreakordioa.


Mezu kristaurik gabeko Gabon kantak, ikastetxe ugariren aukera

Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.


2024-12-18 | Leire Ibar
Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Kontseilua sortu dute Nafarroan

Sortu berri duten organoaren eginkizun nagusien artean daude, besteak beste, diskriminazioaren aurkako politikak sortzea, migratzaileen eta gutxiengo etnikoen elkarteen parte hartzea sustatzea, Nafarroako arrazakeriaren egoera globala aztertzea, eta Arrazakeriaren eta... [+]


2024-12-18 | Julene Flamarique
BSHko langileek lantegiaren “deslokalizazioa” salatu eta manifestazioa deitu dute larunbaterako Iruñean

Alemaniatik etorritako goi kargu batek eman die 655 langileei enpresaren itxieraren berria, ohar bat "hoztasunez" irakurrita, eta langileei “lehiakortasun falta” egotzi die. Langileek presazko bilera eskatu diote BSHko operazio arduradun Pepe Justeri, eta... [+]


2024-12-17 | ARGIA
ETAren armagabetzeaz “esateko zeukan dena” esana duela adierazi du Jaurlaritzak Bakegileen salaketaren aurrean

“Jaurlaritzak esateko zeukan dena esanda dago txosten horretan” adierazi du asteartean Maria Ubarretxena bozeramaileak, Jaurlaritzak 2019an egindako txostenari erreferentzia eginez. Txosten horretan egiten den kontakizuna “faltsua eta interesatua”... [+]


2024-12-17 | Julene Flamarique
Igor Kirillov hil du Ukrainiak, Errusiako armadako babes nuklearrerako, biologikorako eta kimikorako tropen burua

Atentatua astearte goizean izan da, Kieveko auzitegi batek Kirillovi Ukrainako tropen aurka arma kimiko debekatuak erabiltzea leporatu eta hurrengo egunean. 300 gramo TNTko karga zuen lehergailuak, eta Errusiak jazotakoa argitzeko ikerketa bat jarri du abian.


2024-12-17 | Leire Ibar
Gasteizen bizi diren Gazako bost familien egonaldia era mugagabean luzatzeko eskatu dute

Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]


2024-12-17 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Autoktonoa ala inportatua da Hego Koreako krisia?

Hego Koreako presidente Yoon Suk Yeol-ek abenduaren 3ko arratsean gerra-legea ezarriz sutu zuen krisi politikoa itzaltzetik oso urruti dago oraindik. Nahiko argi badago ere kolpea sustatu zutenak ez direla irabazten ari. Oraingoz.


2024-12-17 | Leire Ibar
Urretxindorra Ikastola sexu abusuen “konplize” dela salatu dute

Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]


Eguneraketa berriak daude