Edorta Agirre: «Kaka jaten badugu, kaka izango gara»

  • Euskaldunon Egunkarian eta ondoren Berrian kaleratu dituen artikuluengatik egin da Edorta Agirre ezagun. ETBrentzat ere egin izan ditu gidoiak. Gainera, lau libururen egile ere badugu, Gaiak argitaletxearen eskutik plazaratu duen Euskal sukaldaritzaren antropologia azkena. Gizon zuzena bezain sakona da Edorta, eta garbi aitortzen du liburuaren izenburuarekin ez dagoela batere konforme, antropologia hitza baino, «panorama xumea» maiteago duelako. Nolanahi ere, Euskal Herrian Historiaurretik gaur arte elikadurari dagokionez egin dugun ibilaldiaz dihardu bere lanean, eta horren gainean mintzatu gara sukaldaritzaren aztertzaile porrokatu honekin.

2021eko uztailaren 28an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Zehazki, zu zer zara, sukaldaritzaren kritikoa edo gastronomoa?
Elikagaiak aztertzen ditut, gu subjektu garen aldetik eta ez objektuaren ikuspuntutik. Elikagaiak nola ematen diren, nondik ekartzen ditugun, nola transformatzen ditugun eta gero nola kontserbatzen ditugun. Osasunaren ikuspuntutik ere aztertzen dut gaia, eta gastronomiaren ikuspuntutik ere bai.
Transformazioa era orokorrean hartzen dut, bai Arzaken edo hor aurreko tabernan egiten dena, bai etxekoandreak edo gizonak etxeko zuloan egiten dutena. Horretarako erosketak egin behar dira, eta horri dagokionez kontuan hartzen ditut nola aukeratu behar den elikagaia, zein faktorek baldintzatzen duten erosketa hori, gustuak, patrika, psikologiak... Orain itsasoko arraina bukatu da, jada piszinako arraina baino ez dugu jango, medizinako oilaskoa jaten dugun bezala... Hori da gustatzen zaidana, gauza bere osotasunean ikustea. Hau nire hobby-a da, itzulpenen bitartez irabazten dut alpistea. Eta hobby-ari dagokionean, ikuslea naizela esan daiteke. Ikusle kritiko bat. Elikaduraren kritikoa. Izan ere, kaka jaten badugu, bada, kaka izango gara.

Euskaldunok jaki nazionalik ez omen dugu. Zer dugu?
Estilo bat. Beno, bi estilo. Nire iritziz, gure lurraldea bitan banatzen da: berdea da batetik, eta lehorra bestetik. Tarte berde honetan bizi izan garenok oso pobreak izan gara; baliabiderik ez geneukan; orain teknologiak eta zerak eman dizkigu, baina bestela hemen lurrak ez du apenas produzitzen. Beraz, alde berdean oso jende gutxi bizi izan da, XVI. mendera arte. Berriz, Nafarroa eta Arabako hegoaldean oso bestelakoa izan da gauza.

Itsastarrek ere pobrezia bera al zuten?
Noski. Itsasoa ez da batere erosoa. Ezagutzen ez dugun ingurunean sartzea eskatzen du. Eta horretarako txalupa egin behar da. Gaur erraza dirudi, baina orain dela berrehun urte ere, arbola bota beharrak, egurra prestatzeak eta... diru eta jakinduri asko eskatzen zuen. Gero, arrantza egiteko behar dira tresnak, sareak eta hori guztia (eta gizonak -emakumeak ez dirudi sekula ibili zirenik-)... Ezin dugu gure iragana eskuilatu. Sekula ez gara izan demokrata errubio, begi urdinak! Gure aldamenekoak bezala bizi izan gara.

Gehientsuenak pobre eta batzuk aberats?
Hori da! Normalean, jana ez dagoenean, erosi egiten da. Dirurik ez baldin badago, lapurtu egin behar. Edo bestela, baliabideak ez badaude, "soberan daudenak" etxetik bidali behar dira, Ameriketara, fraile edo moja izatera. Zera esan nahi dut, jendea alpistearen lehia horretan bizi izan dela oraintsu arte. Pobrezian hemen, hobeto hegoaldean. Gero industrializazioa etorri, eta gauzak aldatu ziren: hemen hasi ziren baporeak eta zerak egiten, eta hegoaldekoak hona etorri ziren.

Dena den, sua egiten asmatu zutenei zer edo zer zor diegu, ez da hala?
Suaren bitartez janaria egosi edo erre daiteke, haragia samurtu. Guk hitz egiten badugu, maseteroak ahuldu ditugulako da. Bestela, haragia gordinik jateko muskulatura bagenu, ez ginateke hitz egiteko gauza. Suaren eragina izugarria izan zen. Suaren bitartez ez genuen elikagaien problema bakarrik konpondu, komunikazioarena ere bai. Arzakekin-eta ari gara igandero-edo espekulazioan -espekulazio honestoan, e!- honetaz guztiaz mintzatzen. Demagun, bisonte bat gure inguruan dabilela. Harrapatu behar dugu. Gu bion artean hori harrapatzea, malo! Beste norbait ekarri beharko dugu. Eta gero jada planak egin beharko ditugu: nola harrapatu, bota, zatiak egin, kontserbatu -bisonte hori ez baitugu osorik gaur gauean jango-, bakoitzari zer zati dagokion… Horrek ekartzen du elkarren arteko komunikazioa. Espekulazio hori guztia oso polita da. Gure kultura gastronomikoa lantzea.

Historian aurrera jarraitu beharko dugu. Finisterrera joatea edo Santiago Bidea egitea bezala ezagutzen den hori dela-eta, kanpokoek euskal jendearengan izan zuten eragina oso garrantzitsua izan omen zen.
Jende asko joaten zen Finisterrera. Aurretik erromesak, haien atzetik lapurrak, gero sendagileak, perratzaileak, arotzak, handik zebiltzanei zerbait saldu nahi zietenak... mundua! Gauza jakina da XII. mendean Igeldo eta Usurbilgo tarte horretan zegoen ospitaleko gaixoak kanpoan uzten zirela, pasabidean zihoan jendeak ikus zitzan, ea norbaitek zioen: honek duen gaixotasuna ezagutzen dut, badakit nola sendatzen den; halako sendabidea eman behar diozue... Eta elikagaien berri ere berdin jaso zen. Eta gero, Ameriketatik. Gaur gure jaki nazionalak diren marmitakoa edo babarrunak handik ekarritako produktuekin eginak dira. Izan ere, bostehun edo hirurehun urte atzera egin, eta hemen ez dago jaki nazionalik. Hizkuntzak ematen digu horren arrastoa: zein berdurak du euskal izena? Porruak? Ez. Tipulak? Ez. Marrubiak? Ezta ere. Hau da, latinetik etortzen ez diren izenak zeintzuk dira? Aza, ilarra... lau! Horixe izan zen gure panorama mendeetan.

Beraz, hasiera batean gure arbasoek zer zuten?
Sua eta gatza; eta gantza ere bazuten. Egunero ilarra jaten zen, behiek belarra bezala. Ogia bera ere gaztainekin, ezkurrekin eta horrelakoekin egiten zen. Baina hori ez zen hemengo kontua bakarrik, beste lekuetan ere berdin gertatzen zen. Izan ere, lehengo batean sukaldari famatu bati esan nion bezala, Luis XVI.ak baino hobeto jaten dugu guk gaur, edozein egunetan.

Jateko hainbeste komeri pasatako herrian, noiz hasi zen euskal sukaldaritzaren ospea?
Euskal sukaldaritza berriarekin. Aurretik zer zegoen hemengo jatetxe ospetsuenetan ere? Bada, etxean jaten ziren gauza berberak, baina garestiago. Ez zegoen aukera handiagorik. Baina 68ko maiatzak guztia eragin zuen, baita hemen ere. Zerbait berria egin behar zela eta mugimendu orokorra zabaldu zen. Ez Dok Hamairu, Gaur taldea, Oteiza, Txillida, Remigio Mendiburu, Sistiaga, Zumeta eta horien lanak... Eta Arzak hantxe zebilen aparejadore, eta norbaitek esan zion: aparejadore asko bada munduan, baina primerako sukaldaririk ez. Eta orduan hasi zen umeei-eta irakasten gauzak nola prestatu eta gastronomiako kultura eta ekonomia. Eta asmatu zuen lan hori auzolanean egiten. Elkartu zen Subijana, Roteta, Argiñano, Irizar eta horiekin, eta proposatu zien: ea egiten dugun zerbait berria. Eta beno, jendea aztoratu zuten, baina egin egin zen. Eta harrera ona izan zuten.

Zein ezaugarri zituen sukaldaritza berri horrek?
Bat, elikagai xumeenek ere merezi dute mahai dotorean agertzea. Bi, printze eta dirudunentzako sukaldaritzari buelta eman behar zaio, jende guztiak probatzeko moduko sukaldaritza on bat lortuz; horrek eskatzen du prezioak jaistea. Nola? Ikasi zen egiten, eta euskal sukaldaritza suspertzen hasi zen.

Eta zure ustez zein da euskal gastronomiaren etorkizuneko egoera? Nora goaz?
Ikuspegi sozioekonomikotik, globalizaziora. Eta globalizazio horrek gu harrapatuko gaitu, berriz ere, azpiko aldean: hanburguesa, oilasko zikin eta kaka horiez gainezka. Beharbada Europa gutxiago. Europa tente jartzen bada, Thailandiara edo Txinara bidali beharko dituzte horiek. Osasun aldetik, berriz, aurrez prestatutako jakiak duten arazo latza aditiboena da, aditiboek sorrarazten dituzten azukreak, alergiak... Hori oso kontuan hartu beharko da, eta gaixotasun horiek neutralizatuko dituzten aditiboak sortu. Gainera, liraintasunaren obsesio horrek aurrera jarraituko du, gizenok diru asko ematen dugulako paliatiboetan, terapietan eta errejimenetan. Kulturari dagokionez, berriz, nik uste dut guk Euskal Herrian jarraituko dugula gauzak asimilatzen, orain arte izan den bezala.

Gizakiaren historia, janaren historia
«Hala da oraindik, e! Irakera zergatik joan dira amerikarrak? Jana bereganatzera. Petrolioa erdiestera eta etsaiari hura kentzera. Betitik bi helburu ditu gizakiak: bata da jana bereganatzea, eta bestea etsaiari zer jan galaraztea».


Azkenak
2025-03-03 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Karbonoa ez da neutroa

Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten ari direla harro azpimarratu, eta kutsadura eta marroiz... [+]


PKK-k su-etena deklaratu du, buruzagiaren agindua onartuta

Abdullah Öcalan buruzagiak PKKri otsailaren 27an eskatu zion armak uzteko. Taldeak egin duen adierazpenean babes osoa agertu dio buruzagiari eta Öcalanek eskatutakoa betetzeko konpromisoa adierazi du.


Istiluak handiak Grezian, 57 lagun hil ziren tren istripuaren bigarren urteurrenean

Poliziaren eta manifestarien arteko talkek atxilotu eta zauritu ugari utzi dituzte ostiralean herrialdeko hiri nagusietan. Herritarrek gertatukoaren erantzuleak zigortzea eskatu diote gobernuari, ez baita oraindik istripuaren inguruko epaiketarik ireki. Greba orokorra deitu... [+]


Frantziak eta Erresuma Batuak Ukrainarako su-eten plan bat aurkeztuko diete AEBei, Trump Zelenskiri oldartu ostean Etxe Zurian

Hala iragarri du Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak Londresen eginiko goi bileran. Etxe Zurian Trumpek Zelenskiren aurka egin ostean, izandako eztabaidaren aurrean, Europako buruzagiek babesa adierazi diote Ukrainako presidenteari.


Elizako sexu abusuen biktimei kalte-ordaina emango die Iruñeko Artzapezpikutzak, “laster”

Elizak 23 kasu ditu onarturik Nafarroa Garaian. Haiek "ekonomikoki, psikologikoki eta espiritualki laguntzeko" konpromisoa adierazi du Iruñeko artzapezpikuak.


Nafarroako armarri historikoaren erabilera debekatu du Castejoneko alkateak

Karbankulu pomelatua "garai batean gure bizilagun Francisco Casanova hil zutenen ideiak babesten dituztenek erabilitako ikurra" dela, adierazi du  Noelia Guerra UPNko Castejoneko alkateak, eta sinbolo "ez ofizialak" udalaren espazioetan erabiltzea... [+]


Larhunen dabilen otsoaren presentziaren “ondorio larriak” salatu ditu ELB sindikatuak

Mendizale batek asteburuan ikusi du animalia Lapurdiko Azkaine herrian, eta otsoa dela baieztatu du Pirinio Atlantikoetako Prefeturak. ELB lurraldean "harraparien presentziaren kontra" agertu da.


Pagolarren gainean eolikoak jartzearen aurkako aldarria, plazara

Elkarretaratzea egin zuen Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak atzo Laudioko Lamuza plazan, Mugagabe Trail Lasterketaren testuinguruan. 


Erabat doan izango da Hondarribian euskara ikastea

EH Bilduk sustatuta, Hondarribiako udalak euskara sustatzeko diru-laguntzetan aldaketak egin eta laguntza-lerro berri bat sortu du. Horri esker, erabat doakoak izango dira euskalduntze ikastaroak, besteak beste.


Martxoak 3tik 49 urte
“1976ko Gasteizko greben mugimendua eskola politikoa izan zen”

Martxoak 3ko sarraskiaren 49. urteurrena beteko da astelehenean. Grebetan eta asanblada irekietan oinarritutako hilabetetako borroka gero eta eraginkorragoa zenez, odoletan itotzea erabaki zuten garaiko botereek, Trantsizioaren hastapenetan. Martxoak 3 elkartea orduan... [+]


Memoria bala bat da buruan

1976ko martxoaren 3an, Gasteizen, Poliziak ehunka tiro egin zituen asanbladan bildutako jendetzaren aurka, zabalduz eta erradikalizatuz zihoan greba mugimendua odoletan ito nahian. Bost langile hil zituzten, baina “egun hartan hildakoak gehiago ez izatea ia miraria... [+]


2025-03-03 | Jakoba Errekondo
Zakilixuten potroximela

Nori ez zaio gustatzen ahuakatea? Ia denok atsegin dugu fruitu berri hori, di-da amaren batean etxekotu zitzaigun. Zenbat urte da ba dendaero ikusten hasi garela? Gure mahaietara iritsi aurretik, historia luzea du.


Txikori-belarra udaberrian

Udaberri aurreratua ate joka dabilkigu batean eta bestean, tximeletak eta loreak indarrean dabiltza. Ez dakit onerako edo txarrerako, gure etxean otsailean tximeleta artaldean ikustea baino otsoa ikustea hobea zela esaten baitzen.


Eguneraketa berriak daude