Done Jakue bidea Euskal Herrian


2021eko uztailaren 20an

Denbora luzez Santiagorako bideek ez zituzten erromesak soilik hartu: mota guztietako pentsamendu korronte, joera artistiko eta jarduera ekonomikoak ere, galtzada zaharretan barrena, Europa sartalde osoan hedatu ziren. Gure bailara eta mendi lepoak igarotzen dituzten galtzadek hauek guztiak ikusi zituzten iragaten, era bateko eta besteko arrazoiek, Galiziako Compostelara zeramatzatenak.


Distira mendeak eta gainbehera

Erromesaldiek XI eta XII. mendeetan ezagutu zuten goren maila. Musulmanekiko muga hegoaldera mugitu zen eta garai honetan etorriko ziren, monasterio askoren kargu egingo ziren Cister eta Cluny ordenako monjeak, Done Jakue bidearen bultzatzaileak. Errege kristauak erromesaldiak ekonomiari zekarzkion onuraz jakitun, burgo berriak sortu zituen. Nafarroan, Iruñea, Lizarra, Zangoza eta Garesen burgoak sortu ziren, harresiz inguratuak, non Pirinioez haragoko frankoak biziko ziren eta beraien hizkuntza okzitaniera nagusitu zen.

Calixto II.a aita santuak Done Jakueren Urte Santua ezarri eta haren ondorengoak, Alejandro III.ak, 1179an Regis Aeterna bula eman zion. Honen bidez, barkamen osoa eskaintzen dio Konpostelako tenplua uztailaren 25a -Santiago eguna- igandea den urteetan bisitatzera doan guztiari.

XIV. mendearen hondarrean eta XV.ean Done Jakue bidearen gainbehera etorri zen. Izurri beltzak Europako populazioan sarraskia eragin zuen eta bizirik iraun zutenak amaierarik gabeko gerratan zebiltzan. Bideak jada ez ziren hain seguruak eta hain aberatsak izandako monasterioek apenas zuten behartsuei eskaintzeko ezer. XVI. mendean protestantismoa sortu eta erlijioen arteko liskarren mendea izan zen. XVIII. mendean erromesaldiek gorakada txiki bat ezagutu arren XIX. mendean, desagertu egin ziren.

Erromesaldien bigarren loraldia duela urte gutxi hasi da eta gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari da. 1993an, 99.436 pertsona izan ziren Santiagora iritsi eta Konpostela eskatu dutenak. Dokumentu honek bide osoa edo zatiren bat erromes egin duzula ziurtatzen du. Milurtekoaren azken Urte Santuan 154.613 izan ziren eskatu zutenak. Urte arruntetan ere, Konpostelara iristen direnen kopurua izugarri hazten ari da urtetik urtera.


Bide ugari aukeran

Zenbat bide dago Santiagora? «Ibiltari bezainbat», erantzun genezake. Bide hauek, sarri, erromatar eta Erdi Aroko galtzadekin, merkatari bideekin eta transhumantziako bideekin bat zetozen, beraz hauek galdu diren heinean Done Jakuerakoak ere galdu dira. Bestalde, egun dagoen bide zahar ahaztuak berreskuratzeko joera txalogarrian, gaurko errepide nagusietatik aldentzen saiatzen dira.

Erdi Aroko Aimery Picaud beilariak deskribatu bezala, gaur egungo Frantzia zeharkatzen zuten lau bide nagusi zeuden, Europa aldetik zetozen bide-adar ugari bilduz eta bide-sare zabala osatuz. Lau bide nagusi horien abiapuntuan zeuden santutegiak ere, pelegrinen helburu ziren:

1. Le Puy-tik zetorren bideak -via Podiensis deitua-, Europa ekialdetik zetozen beilariak biltzen zituen, eta Conques eta Moissac hiri historiko garrantzitsuetatik igaroz Ipar Euskal Herrira iristen zen. Bide hau, GR-65 gisa izendatua, erabat seinaleztatua dago egun eta bertatik iristen da Europatik datozen pelegrinen gehiengoa.

2. Lorraina, Borgoina, Champagne eta Alemaniatik zetozen pelegrinak, Vézelay-n elkartzen ziren eta Saint Léonard, Limoges eta Périguex hirietatik barrena, Ipar Euskal Herrira ailegatzen ziren via Lemovicensis-etik barna.

3. Europa iparraldea, Danimarka, Herbehereak eta Frantzia iparraldetik zetozenak azkenik, Parisetik pasatuz, Tours hirian elkartzen ziren via Turonensis-en. Bide hau Poitiers, Saint Jean d'Angély, Saintes eta Bordeleko hirietatik barrena hegoalderan jaisten zen eta aurreko biekin -via Lemovicensis eta Podiensis- bat egiten zuen Nafarroa Behereko Donapaleu inguruan.

Hiru bideak elkarturik Izura eta Donibane Garazitik igaro ondoren, Pirinioak zeharkatzen zituzten, gure mendietako portuetatik barrena Orreagara iristeko. Iruñea zaharretik pasaz Garesera iristen zen, ondoren Lizarran barrena Logroñora eta Gaztela eta Leongo lurretatik jada, Galiziako Konpostelaraino. Bide hau, egun frantses bidea bezala ezagutua, zalantzarik gabe biderik erabiliena da.

4. Italia, Suitza eta Europa erdialdetik zetozen beilariek eta Erromara joan ondoren Santiagorako bidea hartzen zuten erromeroek Arles zuten elkargune eta Montpellier, Castres eta Tolosatik barrena- hortik datorkio via tolosana izena- Euskal Herrirantz hurbiltzen ziren. Olorue eta Aspe bailaran barrena Somporteko mendatea gainditzen zuten, Aragoiko lurretatik, Nafarroara Zangozan sartu eta Elomendi eta Alaitz mendien oinetik, Garesen frantses bidearekin bat egin arte. Bide honen azken zatia, Aragoiko bidea bezala ezagutzen da.

Baina Pirinioak ez zituzten bi gune hauetatik bakarrik zeharkatzen, Hendaia eta Irunetik ere barneratzen ziren penintsulan. Bi aukera zituzten; kostaldetik jarraitu, itsasertzeko bidea deritzonetik, edo barrualdeko bidetik joan, Ozkabarten edo Burgosen frantses bidearekin bat egiteko. Kantauri itsasoarekiko paralelo doan itsasertzeko bidea, Gipuzkoako kostaldetik barrena Debaraino iristen zen, Arno mendian barrena, Bizkaiko barnealdeko bailaretatik Ziortza eta Gernikara heltzeko. Bilbo igarota, Castro, Laredo, Santander eta Oviedorantz jotzen zuen, handik Konpostelarantz zuzentzeko. Gogorra omen zen, ibai bokaleak zeharkatu ahal izateko altuera galdu behar baitzuten erromesek etengabe eta bokale hauek gainera, garai hartan padurez beteak zeudenez, txalupetan gurutzatu behar izaten zituzten. Bide zaharrenetakoa litzateke, historiak jatortzat bilakatu dituen zenbait baino lehenagokoa; izan ere, deboziozko lehenengo mendeetan, IX. eta X. mendeetan, bai Nafarroako lurrak eta bai Gaztelakoak musulmanen mehatxupean zeuden uneoro eta Kantauri itsasertza askoz seguruagoa zen.

XIII. mendetik aitzina, Gaztelak ordura arte Nafarroakoa izan zen Gipuzkoa konkistatu zuenean, Gipuzkoako barrualderantz zihoan komunikazio ardatza indarra hartuz joan zen, Alfontso X.a monarka gaztelauak hiribildu gotortuak sortu baitzituen bide honetan zehar, merkataritzako ibilbide garrantzitsua baldintza onenetan mantendu ahal izateko, hala nola, Tolosa, Ordizia eta Segura. Barrualdeko bide honi Oria bailarako bidea deritzo eta hiribildu hauen sorrera baino lehen erabiltzen zen goialdetik zihoan bideari Saiatz bidea -izan ere, Andatza eta Erniotik barrena Saiatzeko alkatetza nagusiko lurretara iristen zen-, ondoren Murumendi eta Mandubiatik barrena jarraitzeko. Bi aldaera hauek elkarturik, San Adriango igarobidetik Arabako lautadara igarotzen ziren eta Gasteiz eta Argantzun pasa ondoren, frantses bidearekin bat egiten zuten, Miranda eta Briviescatik barrena joanez Burgosen, edo Haro eta Naiaratik barrena Ozkabarten.

Aipatu beharreko beste bide bat Baztangoa dugu, garai batean garrantzia eduki arren, XVI. mendean erabilpenik gabe geratu zena, nahiz eta Orreagako portuak baino altuera baxuagoa izan. Baionatik Uztaritzera zihoan, Urdazubitik, Otsondoko portua gainditu eta Baztango bailara zeharkatuz Iruñeara iristeko, Belateko portua gainditu ostean.

XII. mendeko nafarren argazkia
Parthenay-le-Vieux-ko (Poitou) Aimery Picaud erromesa dugu, irudiz, Santiagorako Erromesentzako Gidaren egilea. 1132 eta 1135 urteen artean idatzitako Liber Sancti Jacobi edo Codex Calixtinus izeneko bost liburuko bildumako azken alea da gida hau, latinez idatzia, eta bertan, igarotako bidearen eta herrien deskribapena egiten du. Hor aurkitu dezakegu, beraz, garai hartako nafarren erretratu bat. Gogoratu, orduan gipuzkoar, bizkaitar eta arabarrak nafarrak ginela.
Bertan kontatzen du Iruñeko erresumara sartu zenean, gehiegizko ordainsaria kobratu ziotela eta, ez gaitu leku onean jartzen, zernahi esaten du gutaz. Nafar eta baskoiak bereizten ditu, lehenak Iruñeko erregearen menpekoak direla esanez eta bigarrenak Pirinioez bestaldekoak, baina guztiak berdinak izanik, hizkuntza basati eta ulergaitz bera hitz egiten dutela. Ardozale eta bizio atseginzaleak ditugula dio eta aldi berean erlijiosoak garela eta zintzotasunez ordaintzen dugula hamarrekoa. Etxeko jaun eta morroi nahiz neskameek plater beretik jaten dutela eta, egoskorrak eta gerretan ausartak garela azaltzen du. Euskararen hiztegitxo bat, dugun lehenengoa, utzi zigun honako hitz hauekin »eskerrak emateko moduan gaude, beraz»: Urcia, Andre Maria, orgui, ardum, aragui, araign, echea, iaona, andrea, elicera, belaterra, gari, uric, ereguia, Jaona domne Jacue.

Sorrerako mitoa
IX. menderako penintsula ia osoa musulmanen esku zegoen. Iparraldean, ordea, orografia menditsua baliatuz, erresuma eta konderri kristau txiki batzuk sortu ziren: Asturias eta Leongo erresuma, Gaztelako konderria eta Eneko Arista errege zuela sortu berri zen Iruñeko erresuma. Hauek denek indarrak batuko zituen buruzagiaren beharra zuten. Orduan sortu zen Santiago apostoluaren hilobiaren aurkikuntzaren mitoa.
813. urtean, Gaelliciako Pelayo artzainak, hilobi bat seinalatuz izar baten argia ikusi omen zuen Libradón mendian, gerora Konpostela sortuko zen gunean. Teodomirok, Iria Flavia elizbarrutiko gotzainak, jainkotiar agerkundeaz, hondakin haiek Santiago apostoluarenak zirela iragarri zuen. Santiago Nagusiari, Zebedeoren semeari, Herodes Agriparen aginduz burua moztu zioten, 42. urtean, Jerusalemen. Bere ikasleek gorpua lapurtu omen zuten eta zazpi eguneko itsas bidaian Galiziara eraman, predikatzen ibili zen lurrean lurperatzeko. Santiago Hispanian predikatzen ibili ote zen, eta aurkitutako gorpuaren hondakinak bereak ote ziren baieztatu ezin izan arren, gune sakratua jaio zen eta kristautasuna, musulmanen aurka ekiteko irudi berriaz baliatu zen. Alfontso II. erregeak eliza xumea eraiki arazi zuen, gerora handitzen joango zena. Horrela, apostoluaren hilobira lehen bisitariak iristen hasi ziren.
844an, beste gertaera batek Done Jakueren mitoa Europa osora zabaldu zuen. Logroñotik gertu, Clavijoko lautadetan gertatu omen zen. Birkonkistako guduan, Asturiar erresumako Ramiro I.ak aurrez aurre zituen Abderramán II.aren gerlariak, nabarmen gehiago zirenak. Borrokan ari zirela, ezpata eta lantza harrabots tartean, zaldi zuriaren gainean Santiago apostolua agertu zen. Ezustean garaipena lortu zuten kristauek.


Azkenak
Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


Urtebete baino gehiago greban, Elon Musken enpresaren aurka
“Teslak ez du nahi langileek iritzia emateko eskubidea izaterik”

Teslaren aurkako lehen greba –eta bakarra– da munduan, Suedian 2023ko urritik aurrera egiten ari direna. Duela mende batetik hona Suedian egindako grebarik luzeena bihurtu da. IF Metall sindikatua bultzatu du protesta, Elon Musken autogintza enpresak hitzarmen... [+]


Politono bat entzun nahi?

PLEIBAK
Miren Amuriza Plaza
Susa, 2024

--------------------------------------------------

Miren Amurizaren bigarren eleberria argitaratu du Susak Durangoko azokaren atarian: Pleibak. Aurretik egindako grabazio baten gainean kantatzen ari zarelako antzerkia egitea da... [+]


2024-12-20 | Xalba Ramirez
Xabier Badiolaren gitarra: zaharra zena, berri

Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023

-------------------------------------------------

Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

------------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


2024-12-20 | Hiruki Larroxa
Irribarre egin, murtxikatu eta isildu

Askok, Gabonetan, ilusioa baino alferkeria handiagoa sentitzen dugu familia-otordu eta -topaketetan pentsatzean. Baina aurreratzen dizuegu ez dela otordua bera kolektiboki deseroso sentiarazten gaituena, familia tradizionala definitzen duen normatibitatea baizik. Are gehiago,... [+]


2024-12-20 | Sonia González
DSBEren ‘humilladeroa’

Betidanik begitandu zait esanguratsuagoa han-hemenka topa daitezkeen guruztokiei gazteleraz esaten zaien modua: humilladero. Ez al da guruztoki edo santutxo izen nahiko light, zuri edo haragoko konnotaziorik gabekoa? Azken batez, bertatik pasatzen zen oro umiliatu behar zen... [+]


Siriako Arabiar Errepublikaren amaiera

Siriako Arabiar Errepublikaren amaierak harridura handia sortu du, gertatu den moduagatik: azkar eta ia erresistentziarik gabe. Halere, ez da hain arraroa herrialdea suntsituta, pobretuta eta zatitua zegoela kontutan hartzen badugu. Aspalditik siriar gehienen ardura ez zen nor... [+]


“Jadanik ez gara zuen tximinoak”

Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]


Kongo eta kobaltoa
Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?

Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]


Peio Berterretxe
“Tresna sozial izatetik, produktu kultural izatera pasatu dira plaza antzerkiak”

Master Amaierako lan sendoa aurkeztu berri du Peio Berterretxek. Urte luzetan antzerkian ikasia eta aritua, plaza antzerkien jatorriaz eta gaur egun dituzten funtzioez aritu gara harekin, Lekorneko Kabalkadan oinarrituta egin duen ikerketaren aitzakian.


Eguneraketa berriak daude