argia.eus
INPRIMATU
Kabinan pilotu
IƱaki Mendiguren 2021eko uztailaren 28a

Hegazkineko bidaiariek oso goian daudenean kabinan inor ez dagoela ohartzean zer sentitzen duten, ba, horren antzekoa da gure esperientzia". Zygmunt Bauman-en aipu hau, itsas gainean, Loiutik Londresera bidean irakurri nuen, eta kili-kili egin zidan, noski. Joseba Azkarraga Etxegibel-en Diruak behar luke bihotzik saiakeran aurkituko duzue. Gomendatzen dizuet liburutxoa, berez Arrasateko Kooperatiba Esperientziari buruzko hausnarketa izan arren, beste arlo askotarako balio lezakeen gogoeta-material interesgarria baitago bertan: mundu zeharo aldakor honetan, nola izan leial geure jatorri eta ideiekin. A zer erronka!

Aipua baino lerro batzuk lehenago, honela dio Josebak: "Baliabidez eta bitartekoz sekula baino hornituago dagoen zibilizazioa da mendebaldekoa, baina ez dakigu nora goazen. Edo beharbada txarragoa dena, noranzko arriskutsu bat hartua dugulako susmo sendoa dugu. Eta ez dakigu ontzi hau nola geratu. Lekutan geratzen da etorkizuna esperantzaz argitzen zuen garaia...". Kultur eta balio-krisi sakon honek ekonomia eta enpresa munduari ere eragingo dio, noski, baina nik gizabanakoari dagokion nora-eza dut gaur gogoeta-gai, gure bizitzak ere askotan piloturik gabeko hegazkina dirudi eta.

Sekula ikusitako katurik lodiena ezagutu dut Ingalaterran: Holly. Kontua da etxeko beste lau katuk eta bi zakurrek bullying egiten diotela. Koitadua ez da ausartzen bere txokotik irteten, izututa bizi da, beti mesfidati, eta jan eta jan egitea du kontsolagarri bakarra. Katu-kontu txoroak? Bai zera! Oso gizakiona da arazoa! Londresen gizon-emakume lodiegien kopurua izugarria da; ez, hala ere, AEBetan baino handiagoa. Zer gertatzen ote zaie hegazkin horien pilotuei?

Igande goizean, elizara joan gara Plaxtol herritxoan. Interesa nuen anglikanoen artean emakume bat artzain-lanetan ikusteko. Elizkizun alaia, umoretsua eta parte-hartzailea izan da. Han bildu direnak zergatik joan ote diren bururatu zait. Kristau-mezuan aurkitzen ote dute hegazkinaren norabidea?

Ondoren, famili festa handia beste herrixka batean: senide eta lagun, 58 gara lorategian. Han dira hiru koinatak ere: zaharrena maitagarri dabil, eta maitasun eske... baina oso itxura txarra du, urte asko daramatza alkoholarekin borrokan, eta seme-alabak, medikuak eta gainerakoak etsita dauzka. Katolikoa da, baina ez du fedean sendabiderik. Zortzi egun geroago, gu jada Euskal Herrian, koinataren hegazkinak lur jo du; hilda aurkitu dute ohean.

Eta hemen, Errotaburu kaleko gertaera lazgarriak. Egun berean-edo Langraizko espetxean laugarren buru-hiltzea sei hilabetean; biharamunean gas-leherketa Gasteizen eta bere buruaz beste egin ote duen batek… Hauek, halere, muturreko adierazpideak baino ez dira. Agresibitatea, inkomunikazioa, gogobetetasunik eza, deshumanizazioa, kontsumismoa, antsietatea eta depresioa… sufrimendu eta atsekabe asko inguruan, neurri handi batean geuk sortua eta geuk konpon genezakeena.

Erlijio eta ideologia -"ismo"- handiekin porrot egin ondoren, eszeptizismoak, etsipenak edo pasotismoak hartu gaituenean, zer geratzen zaigu gidari? Agian, iraultza eta utopia handiekin mundua salbatzeko ametsak utzi eta eguneroko bizimodu arruntean zentzu pixka bat jartzea eta, ahal bada, ontasun eta zorion apur bat zabaltzea inguruan. Ez da gutxi. Eskuzabal, bihotz oneko, apal, barkabera -eta behar denean zorrotz-, esker oneko, bakegile -eta behar denean borrokari-, eraikitzaile, begirunetsu, eta abar izatea ez da erlijio-kontua, baizik eta gizakiak barruan daraman onena garatzea. Eta gutxi axola dio horretarako indarra nondik ateratzen duen bakoitzak.

Izan uda on, eta ea asmatzen dugun hegazkina pilotatzen!