Zumaia gorri, urdin, berde...


2021eko uztailaren 28an

Moila
Ibilbidea moilatik hasiko dugu, "Errotako izkina"-tik, Parrokiaren atzealdean Amaiako plaza eta Erribera kalea elkartzen diren tokitik. Bertan dago Aita Mariren bustoa, garai bateko itsas ekaitzen, urperatze tragikoen eta elkartasunezko bihotz-zabaltasunaren lekuko. Bertatik, ibaiari bizkar eman eta San Telmo kalera abiatuko gara. Estua da, antzinako kaleen estilokoa. Aldapa hasi eta berehala, santuaren irudi txiki bat ikusiko dugu, horman sartuta, ezkerraldean. Gora egin ahala, zabaldu egingo zaigu ikuspegia, batez ere ezkerraldetik: bailaraz bestaldean, Arritokieta aldeko etxe txikiak eta ermita; bidearen eskuinaldean, Larretxoko etxeak, etxegintza neurrigabearen adibideak. Aldapan gora eginda, ermitara iritsiko gara.


San Telmo

Ermita txikia da, baina berezia, batez ere ikuspegi ikusgarria daukalako itsasoaren gainera: Itzurun hondartza ezkutu bezain ederra; itsasoa eta olatuak; Algorri aldeko labar etzan bertikalak... Hemen, bereziki zoragarriak dira ilunabarrak, eguzkia Matxitxakoren ondoan etzaten denean, gorri-gorri...

Ermitaren ondoan, marka zuri-gorriak ikusiko ditugu, Gipuzkoari bira ematen diotenak, eta horiei jarraituko diegu, oraingoz, Algorrira bidean. Bidea estutu egingo da, landaretzak ezkutatuta, harik eta labarraren bizkar gainera irten arte, txabola baten ondoan. Kaxeta horretatik garai batean txapelokerrek kostaldea zaintzen zuten, kontrabandoaren peskizan. Metro gutxi batzuk aurrerago, lurrean, ikurrina bat: Xabier Kalparsoro Anuk gudariaren betiko atsedenlekua. Zenbat eta aurrerago bidean, orduan eta gorriagoak dira lurra eta haitzak.

Marka zuri-gorriek ezkerrera, behera, eraman nahi gaituzte, Algorriko senaiara, baina guk aurrera egingo dugu, labarraren gainean, muturreraino, bista zoragarriak merezi baitu: Algorriko senaia, Deba eta Bizkaia alderako kostaldea, itsaso zabala, Mariantonaitz lurmuturra -eskalada-eskola ondo ezkutatuta duela-, Talaimendi, Itzurungo hondartza, parrokia... Marea behean tokatzeko zortea izan badugu, are politagoa izango da ikuskizuna, marea arteko gune zabala ageriko baitzaigu Deba aldera.

Algorri muturretik bidexka ugari jaisten dira behealdera eta horietako bat hartuko dugu.


Algorri

Animatuz gero eta mareajea zainduta, paseo polita dago Debaraino, harraldetik -hau da, haitzetatik-: Pikotepe, Palankamugarri, Baratzazarreta, Aitzbeltz, Sakoneta, Mendata, Aitzuri... pasako ditugu. Baina gaurkoan mendialdera egin behar dugu, marka zuri-gorriei jarraituz. Langa iraganda gora egingo dugu eta laster bideak Deba alderako norabidea hartuko du, mendiari buelta emateko asmotan. Bidean gelditu beste aldera eta Algorriko lurmuturrari begiratuta, bere edertasun osoan ageriko zaigu.

Aldapa etzan egingo da, eta Pikote azpiko itsaslabar bertikalak ageriko zaizkigu. Mendi berdea kolpetik moztuta bezala ageri da, labana sartu izan baliote bezala. Eta ez da gutxiagorako: behealdean itsasoak, goialdean haizeak eta euriak, egunen joan etorrian gastatu eta gastatu ari dira etengabe… Nahi izanez gero, ausartenentzat bidexka bat doa itsaslabarraren ertz-ertzetik, Pikote baserri aldera.

Gure bidea behera doa, eta punturik beherenera iritsiko gara, langa batera, eta hortik gora hasiko gara, sakonunean. Tarteka lokaztuta ageriko zaigu bidea, eguraldirik lehorrenean ere ura baitarie inguruko iturriei. Laster errepidera irtengo gara.

Buenabistako Zabala

Mendiartetik irten eta errepidera iristearekin batera, ikuspegia zeharo zabalduko zaigu, hegoaldera eta ekialdera, batez ere: Izarraitz eta Arroa aldea, Indamendi, Pagoeta... Eskuinaldera egin behar dugu, mendebaldera; ezkerraldera hartuta, Zumaiara itzuliko ginateke.

Errepidea jarraituta, bidea bi baserriren artean pasatzen da: Andikaraberri eta Andikarazahar -jatorrizko izena "Antequera" dute-, eta Debako lurretan sartuko gara. Urrutian, itsasoarekin kukuka jolasean eta ez ikusteko makurtuta, Pikote baserria. Zenbat olagarro lehortu ote dituzte hor… Laster errepidea porlanezko pista bihurtuko da, eta gero gurdibide; marka zuri-gorriek ez ezik, orain gezi hori batzuek kostaldeko Donejakue bidean gabiltzala adierazten digute.

Gurdibideari jarraituta, gain batera iritsiko gara, Etartera, Andutz mendia aurrez aurre dugula. Egurrezko zutointxo bat dago bidearen eskuinaldean, eta ezkerretik bide bat dator, eta hortik hartu behar dugu, behera, San Martin baserrira.
San Martinen beherako errepide nagusia hartuko dugu -ez hartu Billabier aldera-, baserri batzuen aurretik: Endañeta -harri-jasotzaile ospetsuaren jaiotetxea-, Sarrondo -Goikoa eta Behekoa- eta Iparragirre. Sakonunean, eskuinaldean, Narrondo auzoa, erdia Zumaiakoa, erdia Zestoakoa, guztiena eta inorena ere ez. Ezkerraldean, Amezmendiren atzealdean ezkutatuta, Zumaia sumatzen da, eta laster agerian jarriko zaigu, batez ere zatirik berriena: Aita Mari eta Alai auzategiak, lantegiak, kirol-gunea, Puntanuetako etxeak... Hau ez da postaletakoa, baina Zumaia da; hazten ari da, gainera!

Errepidean behera jarraituko dugu, harik eta Jadarre auzoko etxeetara eta errepide nagusira iritsi arte.


Jadarre

Lehen Zumaiako auzo baztertua zena gaur egun izugarri gerturatu da, tartean etxeak egin direlako. Semaforoaren parean errepidea igaroko dugu, baita Narrondoerrekaren gaineko zubia ere, eta eskuinaldera hartuko dugu, erreka bazterreko espaloitik, burdinazko baranda bukatu arte. Bideak, ordea, aurrera darrai ibaiertzetik. Oikiara doan errepidera iritsi behar dugu, eta horretarako ezkerraldean bidezidor bat hartuko dugu (aldapatxoa). Errepidetik gora egin, Kanterako gainera, errepidea bihurgunean itotzen den lekura. Han, petriletik begiratuta, berehala konturatuko gara Urolaren gaineko balkoi eder batean gaudela.


Bedua

Zestoako lurretan gaude. Errepidetik segi eta gerturatu ahala garbiago ikusiko ditugu Beduako baserriak, ontziolaren hondakinak, kare hidraulikoaren ("hiraulika"-ren) lantegiaren arrastoak… Erraza da imajinatzea zenbateko garrantzia eta indarra izan zuen inguru honek iraganean.

Bedua pasa eta berehala, zubira iritsiko gara. Industrialdean sartuko gara, aurrealdeko mendiaren oinetara. Han, mendi barrenean, eskuinera hartuko dugu, pabiloien atzealdetik, harik eta ezkerraldean gora doan bidexka aurkitu arte. Bide horri jarraitu eta baserri huts batzuetara iritsiko gara: Txantonenea, Kaskante eta Juantonenea, eta errepide asfaltatura ere bai. Artadi auzora iritsi behar dugu, Sanmigelmendiren bizkar gainean. Bidea lehenengo zuhaitz artean doa, eta gero labore-lurren erditik. Eskuinaldean, autopistaren burrunda, eta gainaldean muino biribilak -Azkarategain, Olatxin…-; Oikia, auzo baino gehiago herri izan nahi duena. Autopista aurrera doa, Meaga aldeko tunelean ezkutatzera, suge zaratatsu izutia.

Laster Artadi ageriko zaigu aurrealdean, eta aldapa goratu egingo da. Ezkerraldera, ibai aldera, ikuspegia ireki egingo zaigu: Beduako Ihietak (Usurbiribillaga uharteak) eta lehen ibili dugun errepidea; atzerago, urrunean, ondo begiratuta, bide eta baserri ezagunak: San Martin, Endañeta, Andikarak, San Telmo ermita, Talaimendi, Paola… Ibaiaren ertzean, berriro ere harri gorria agerian, Algorriko berbera, ikusgarri landaretza artean.


Artadi

Elizaren ondoan biltzen dira etxeak eta pilotaleku txikia -nahikoa berezia, hiru horma baitauzka-. Errepideari jarraituko diogu, behera. Tartean, bideak doaz inguruko txaletetara eta baserrietara, baina guk bide nagusiari eutsiko diogu, artadi artean. Batzuetan etzanago, beste batzuetan pikoago, bidez Getariatik datorren errepidera iritsiko gara, kirol-portuaren parean.

Hemen, gogoa izanez gero, Santiago aldera ere egin dezakegu, hango dunek eta hondartzak bisitalditxoa merezi baitute. Baina bestela, Zumaia aldera egingo dugu. Urola zeharkatuko dugu Zubizaharraren gainetik eta Gernika parketik barrena moila aldera egingo dugu, abiapuntu izan dugun Aita Mariren azpialdera. Aurpegira ondo begiratuta, begia kliskatuko dizue, esanaz bezala, halako buelta eman ondoren, ondo merezia daukazuela Erribera kalean hartuko duzuen tragoa. Konbenientzia bada!

Flysch-a
Zumaiak oso natur gune interesgarriak ditu eta horietatik nagusietako bat Itzurun hondartzatik Debarainoko itsasertz liluragarri eta paregabea da, flysch-agatik eta urradura-plataformagatik.
Flysch-a historia liburu erraldoia da, liburuan orriak nola, itsaslabarretan ehunka harri-xafla dituena. Kareharriak eta material bigunak erritmikoki tartekatzen dira eta egitura geologiko tipiko hau eratzen dute. Fenomenoa nahikoa arrunta da mundu osoan, baina Zumaiakoak badauka berezitasun nabarmen bat: geruzak zutik egotea, bertikalean. Horregatik etortzen dira hainbeste geologo Zumaiako harraldera, Lurraren iragan urruna ikertzeko leku aproposa delako.
Halaber, bereziki nabarmendu beharra dago Algorriko beste altxorra: iridio-geruza. Izan ere, itsasoaren higadurak bistaratu egin du geruza hori, duela 65 milioi urte lurrean jo zuen meteorito izugarri baten ondorioz sortu omen zena. Badirudi meteorito horren eraginez desagertu zirela dinosauroak.

Aita Mari
Oso izen ezaguna eta erabilia da Zumaian: Aita Mari Arraun Elkartea, Aita Mari zinema, Aita Mari poligonoa..., eta Donostiako portuan ere badauka estatua. Bere irudia oso leku berezian dago, itsasaldera begira, nahiz eta azkenaldian, espigoi berria dela medio, itsasoa ez duen ikusten, hego haizeak olatuen gandorra altxatzen duenean ez bada...
Jose Maria Zubia Zigaran «Aita Mari», 1809an jaio zen Zumaian eta 1866 hil zen Donostian. Aita bezala, arrantzale hasi zen txikitatik. 1850 inguruan Donostian ezarri zen, txalupa batekin, patroi-lanetan, eta orduan erakutsi zuen zeinen marinel iaio eta trebea zen. Izan ere, orduan arrantzale itsasontzietan ez zegoen gaur bezalako tresneria eta ziurtasunik, eta gizon asko hiltzen zen itota itsasoan... Aita Marik askotan erabili zuen bere trebezia itsaso haserreari bere hatzaparretik arrantzaleak kentzeko. 1866ko urtarrilaren 9an ezin izan zuen, ordea. Elkano 2 izeneko itsasontzia Donostiara sartu nahian eta ezinean zebilen, ekaitza bete-betean zelako; hura ikusita, Aita Marik ez zuen zalantzarik izan: bere ontzia hartu eta laguntzera atera zen. Itsasoak erraldoiaren indarra zuen, ordea, eta denak irentsi zituen, Aita Mari barne.
Zumaiako irudiaren azpian, heriotzaren mendeurrena zela eta, hauxe jartzen du: "Mari! Aita Mari! / Hamaika bizi ostu / zuk itxasoari / itxasoak, baña, / bere amorruetan / zerorri ordaña. / Mari! Gure Mari!"

Santiagoko Divergentes
Santiago auzoak badauka, berez, zer ikusia: hondartza, dunak, Zuloaga museoa... Horrez gain, ordea, ekainaren hasieratik, beste bat ere badauka: "Divergentes". Proiektua nahikoa berezia da: mundu osotik etorritako hamar artista Euskal Herriko hamar enpresatan (ULMA, Irizar, AZTI, Tecnalia...) izan dira bi hilabetetan eta horietan ikusitakoan/ikasitakoan oinarrituta, beste hainbat artelan egin dituzte: "Sorgin-zubi", "Foro", "Quercus"... Lan horietako batzuk Zuloagaren etxe inguruan daude, eta beste batzuk Zumaiako hainbat lekutan -kirol-portuan, Inpernupen, Amaiako plazan...-.
Askotan bezala, arteaz eztabaida piztu dute lanek, zer den artea eta zer ez. Ikusitakoan, zeuk ere izango duzu zer esana, seguru...


Azkenak
Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


2025-02-14 | ARGIA
Adin txikiko beisbol jokalari bati musu emateagatik entrenatzaile bat kondenatu dute

Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta... [+]


2025-02-14 | dantzan.eus
Inauteriak 2025 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak urtarriletik dabiltza martxan, Malerrekakoak etorri dira segidan eta pixkanaka han eta hemen ospatu dira inauteri festak. Aurten, ordea, data nagusiak berandu datoz oso; Kandelaria egunean Hartza esnatu zen, baina ilargiari begiratu eta beste pixka... [+]


2025-02-14 | Euskal Irratiak
David Gramond
“Gizartea beldurrarazteko baliatu zuten tortura, militantziari uko egiteko”

Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]


2025-02-14 | Sustatu
Itzulinguru ikerketa: itzulpen automatiko aurreratuak nola eragiten dio euskarari?

Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz... [+]


2025-02-14 | Gedar
Munichen, manifestazio sindikal bat harrapatu eta gutxienez 21 pertsona zauritu ditu gizon batek

 Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.


Gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Amurrion, hildako bi agenteren kontura sare sozialetan barre egitea egotzita

"Polizia hila, baratzerako ongarririk onena" idatzi zuen atxilotuak sare sozialetan, eta lau milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere profilak, Guardia Zibilak azaldu duenez.


Iruñeko Laba, agur labur bat, irailean indarberrituta itzultzeko

Larunbat honetan itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz... [+]


Osasunbideak erizain lanpostu bat kendu du Erronkariko bailaran

Amparo Viñualesek, Erronkariko alkateak, salatu du Erronkariko, Burgiko, Gardeko eta Bidankozeko kontsultategiek arreta txikitu beharko dutenez prebentzioan eragingo duela.


Ernaik Berriozarren egingo du Gazte Topagunea, apirilaren 17tik 20ra

Berriozarren (Nafarroa) egingo da Gazteon eskutik lelopean, antolakundearen ustez gero eta gazte gehiagok egiten dutelako bat independentziaren aldeko borrokarekin. Topagunea "ekimen soil bat" baino gehiago dela aldarrikatu dute: "Euskal Herriko txoko... [+]


Eguneraketa berriak daude