Azken zazpi urteotan izandako gobernu guztiei buruhauste gehien eman dien mugimendua langabetuena -hots, piketeroena- izan da: zazpi urte dira langabetuak, estatuak emandako diru laguntza urriak baliatuz (familia txiro bakoitzeko, 150 peso -45 euro inguru- hilabetero), lana eta duintasuna erdiesteko bidean lehenengo taldeak antolatzen hasi zirenetik. Argentinako hegoaldean jaio baziren ere, laster zabalduko ziren Buenos Aireseko konurbaziora: han bizi dira Argentinak dituen 14 milioi pobreetako gehienak.
Ekainaren 26 hartan, bizirik zegoen sei hilabete lehenago hiru presidente bota zituen matxinada; beheko eta ertaineko klaseak batuta, giza erasoak erakundeek artean zeukaten zilegitasun apurra erabat txikitu zuen -Denak joan daitezela, leloan islatua-. Larria, beraz, Gobernuarentzat egoera eta gutxi kinka zuzentzeko baliabideak, politika egiteko modu berriei aurre egiteko. Egun batzuk lehenago, Duhaldek esan zuen: "Ez dugu gehiagotan onartuko, ordena jarri behar da".
Buenos Aires hiriburu federaleko hegoaldeko mugan Riachuelo izeneko ibai pozoitua dago. Berak bereizten ditu hiriburua eta Buenos Aires probintzian dagoen Avellaneda udalerria. Han dago Pueyrredón zubia. Bertan elkartzear zen, besteak beste, zonaldeko talde piketero gehienak biltzen zituen Aníbal Verón koordinakundea, Gobernuaren arerio nagusienetako bat.
Protestaren egunean, zubitik oso metro gutxira zegoen Walter, garai haietan Telefonicarentzat, kabinetako dirua bilduz, lanean ziharduena: "Errepresioa egongo zen susmoa denok genuen, piketeak oztopatzeko ahal izango zuten guztia egingo zutela iragarrita baitzeukan Duhalde presidenteak", azaldu du. "Kabinetan dirua biltzerakoan babesten ninduen poliziak bazekien familiako batzuk piketeroak zirela. Erregutu zidan zubira joan ez zitezen eskatzeko; bazekien errepresioa Pueyrredón zubian izango zela, aurretiaz zegoela prestatuta. Telefonora heldu nintzenerako, hasia zen tiroketa", dio, etsipeneko keinua eginez.
Egun hartako ordu txikietan, Estatuko Inteligentzia Zerbitzuko (SIDE) kidea den Oscar Rodríguezek, Duhalderen konfiantzakoak, protestaren eta errepresioaren lekuak nahiz orduak zeintzuk izango ziren azaldu zizkien Alfredo Fanchiotti komisarioari, Néstor Benedettisi -Avellanedako lehenengo komisaldegiko buru-, Raúl Rodasi -Marea Azul taldekoa; Mitreko etorbidean errepresioa gauzatu zuena- eta Mario de la Fuente eta Alejandro Acosta poliziei .
Sarraskiaren ostean, hedabide guztietan, Gobernuak piketeroen arteko liskar bortitzak bezala aurkeztu zituen tiroketa horiek, baina ez ziren langabetuek sortuak, poliziak baizik. Zubipean, Pavón etorbidean "Verón"eko piketeroak eta isolatuta zirudien polizia talde bat aurrez aurre geratu zirela aprobetxatuz, hasi ziren tiroak, Fanchiottik zuzenduriko errepresioa hasi zen. Lau ordu iraun zuen errepresio basatiak. Egun hartan, normalean gomazko perdigoiez hornitzen dituzten poliziaren "Itaka" fusilek berunezkoak bota zituzten: erraz bereizten dira aurrenekoak berdeak eta bigarrengoak gorriak direla. Aztarnarik ez uzteko, poliziek erabilitako kartutxoak banan-banan bildu zituzten, hainbat bideo eta argazkitan ikusi den lez.
Ehunka pertsona atxilotuta, beste hainbeste bortizki kolpatuta, berunezko balek ia ehun zauritu eta hildako bi utzi zituzten: Darío Santillán eta Maximo Kosteki, Lanús eta Guernicako Verón-eko kideak zirenak.
Lehen Duhalderekin, Kirchnerrekin orain, gabineteko burua den Alfredo Atanasofek "piketeroek elkar hil dute" esan zuen berak deituriko prentsaurrekoan; segituan, hainbat agerralditan antzeko argumentuak azalduko zituzten Juanjo Alvarezek (Argentinako segurtasun idazkaria lehen, hirikoa egun), Jorge Matzkinek (Barne ministroa) eta Jorge Vanossik (Justizia ministroa). Oraindik ere Probintziaren Gobernadorea den Felipe Solák Fanchiotti komisarioa publikoki txalotu eta zoriondu zuen, baina hara non, egun bi beranduago, Página 12 egunkariak Sergio Kowalewsky argazkilariaren lana kaleratu zuen: Avellanedako tren geltokian egindako argazkiek Fanchiotti Darío Santillán tirokatzen eta, geroxeago, Darío bera hankaz gora jartzen -hobeto odolusteko- erakusten dute. Bat-batean, Solák goraipatutako hura "ero, psikopata eta hiltzaile hutsa" bihurtu zen Gobernadorearen beraren esanetan.
Piketeroak gaiztotzeko, kriminalizatzeko eta erreprimitzeko prestatutako estatu konplotak kale egin zuen. Agur piketeroen eta hiriburuko klase ertainaren arteko loturaren kontrako erasoari.
Sarraskiaren egunetik hilabete oroko 26 guztietan milaka piketerok moztu dute Pueyrredón zubia hildako kideentzat justizia eskatuz, beraientzat oso garbiak diren hilketen ardura politikoak argitzeko.
Sarraskiaren hurrengo egunean, Errepresioaren Aurkako Koordinadora (Correpi) eta Aníbal Verón mugimendua auzia prestatzen hasi ziren: hiru urteko lan erraldoia, Claudio Pandolfi abokatuak zuzendurik, lekukoak, frogak eta errudunak zeintzuk diren argi zezaketen osagaiak biltzeko.
Maiatzaren 17an hasi zen epaiketa, baina aulkian jezartzen ari direnen artean bost polizia baino ez dago; arduradun politikoak (arestian aipatutako guztiak, gehi beste batzuk, Kirchner presidentea tartean dagoela), momentuz, lekuko gisa agertuko dira, uztailean zehar.
Hernán López Echague idazle eta kazetari argentinarra, ikerketak sostengatzeko eta epaiketari jarraitzeko osatuta dagoen Nazioarteko Batzordearen partaidea da. Honela azaldu digu, epaiketa dela-eta, zer espero den: "Egungo epaiketa estatuaren aurpegi zuritze hutsa besterik ez da; aulkian jarrita daudenak hiltzaileak beraiek badira ere, ez dira sarraskia pentsatu eta gauzatu zutenak: horiek, oraindik ere, gobernuko goiko postuetan ditugu. Orain, espero dugu abian dagoen epaiketak arduradun politikoak epaitzeko bigarren auzia zabaltzeko behar den beste froga eman dezala". Hala izan dadila.
Maiatzaren 24an, Alejandro Acosta poliziak honakoa aitortu zuen Lomas de Zamorako epaitegian: "Gerra munizioak hartzen ari zela, zer egingo genuen galdetu nion Fanchiottiri. Berak beltz zikin horiek guztiak hil behar zirela erantzun zidan. Aurrera jo genuen, manifestariak tirokatzen zituela".
Aginduak nork eman zituen, benetako arduradunak nor diren egiaztatzea falta da. Argentinak justizia behar du.