Bigarren seme-alaba bidean. Etxea txiki. Ingurukoak garesti. Lehenengo mailegua ordaintzen amaitu aurretik, bigarrenaren itoaldiak sentitzen hasita.
Egoera horretan erabaki du familia askok, hiria edo herri handia alde batera utzi eta herri txikiago batera bizitzera joatea.
Gizarteak, oro har, hiritartzeko joera hartua du. Nazio Batuen Erakundeak dituen aurrikuspenen arabera, balantza hirien aldera lerratzen ari da. Gaur egun, oraindik ere landa eremuetan jende gehiago bizi bada ere, 2007rako berdinduko da balantza eta 2030erako, munduko biztanleen %61 hirietan biziko omen da.
Hau honela izanik ere, ingurura begiratzea aski da, herri txiki askotan etxebizitza ugari egiten ari direla jabetzeko. Ondorioz, herri hauetara biztanle berri asko ari da iristen.
Herri txiki batean, Ikaztegietan (Gipuzkoa) bizi da Gloria Castaños. Irakaslea da, Gipuzkoako Eskola Txikien elkartean aritzen da gainera eta sarritan egin izan dute gogoeta joera honen inguruan. Herri batera bizitzera dihoan familia bakoitzaren atzean historia bat dagoen arren, berak inpresioa du kasurik gehientsuenetan ekonomikoa izaten dela aldaketaren arrazoia. "Herri handiagoetan edo hirietan etxebizitza erostea garestiagoa da eta herri txikietan, pisuak merkeago daude eta familiabakarreko etxebizitzak ere eskuragarriago dira", dio Castañosek.
Etxebizitza eskuragarriagoa bilatzen dutenekin batera, ezin dira ahaztu herri txikietako bizimoduak erakarrita gerturatzen diren familiak edota hiriko zurrunbilotik ihes egin eta naturarekin kontaktu zuzenagoa bilatzen dutenak.
Bizkaiko Gautegiz-Arteaga da azken urteotan dezente handitu den herria. Bertako alkate Arantza Madariagaren hitzetan, 700 biztanle izatetik, 900 biztanleren bueltan izatera pasa da herria, oso denbora gutxian. "Gernikatik oso gertu dago eta familia askok ikusi dute, prezio berdinagatik etxebizitza hobean eta ingurune atseginagoan bizitzeko aukera. Gernikako pisua saldu eta Gautegiz-Arteagan familiabakarreko etxebizitza erosi dutenak asko dira", dio Arantza Madariagak.
Integraziorako elementuak
Familia batentzat, zalaparta handia izan ohi da bizileku aldaketa eta are gehiago, ingurunea hainbeste aldatzen denean. Herri berri batera egokitzea ez da erraza eta asko dira familia berri horren herriko integrazioan eragiten duten faktoreak.
Familiak berak duen jarrerak zeresan zuzena du. Alvaro Gaston, Arabako Arraia-Maeztuko apaiza da. Herriko bizitzan buru-belarri dago sartuta eta inguru hartara bizitzera gerturatu diren familia berrien artean, oso jarrera desberdinak ikusten ditu. "Batzuk herriko bizitzan parte hartzeko asmo sendoarekin datoz eta horiek ez dute integraziorako inolako arazorik izaten. Badaude, ordea, beste asko, euren etxeko lau pareten artean isolatzen direnak eta herrian ezertarako parte hartzen ez dutenak".
Gloria Castañosek inguruan oso muturreko egoerak ikusi ditu. Etxea egin aurretik dagoeneko herriko bizitzan integratzen saiatzen den jendea ezagutzen omen du berak, eta baita denbora luzez herrian bizi arren, bertan bizitzarik egiten ez dutenak. "Ondo mugatutako partzela batean bizi den familia askori berdin zaio zein herritan bizi. Etxe batean bizi dira, berdin da non dagoen".
Muturreko jarrera hauen erdibidean geratzen dira kasurik gehienak. Integrazioa pixkanakakoa izaten da, kontuan hartu behar baita, herri berri batean integratzeak badituela zailtasunak. Pertsona eta familia bakoitzaren izaera desberdinak dira eta herriak egiten duen harrera ere, kasu guztietan ez da berdina. "Herrikook ere badugu nolabait ongi etorria egiteko ardura. Guk etxean jokatzen dugu, abantailarekin eta ongi etorria egitera joaten bagatzaizkie herrira etorri direnei, asko erraztuko diegu bidea", dio Alvaro Gastonek.
Gloria Castañosen iritziz, integrazioa errazteko bide batzuk ireki beharko lirateke. "Herrian dauden ohitura, zerbitzu edota baliabideak zeintzuk diren jakinarazteak erraztu egin dezake familia berrien partehartzea. Informazio hori eman egin behar zaie".
Herri txikietako bizimoduan integratzeko, historikoki izan dira hainbat topagune. Garai batean eliza izan zitekeen. Igandero gerturatzen zen jendea mezetara eta mezatik irteeran, harreman berriak ezartzeko aukera izaten zen. Alvaro Gastonen aburuz, "elizaz gain, bolatokia eta errekako garbilekua ere jendearen arteko loturak sortzeko gune izaten ziren". Orain horrelakorik ez dago, eta badaude, garrantzia galdu dute herriko bizitzan.
Dena den, badira guneak, herritarren arteko harremanak sortzeko baliagarri izan daitezkeenak. Gure kulturan, tabernek edo elkarteek garrantzia handia dute eta herritarren topagune bilakatzen dira. Herrira okina etortzen den unea bera ere erabakigarri izan daiteke herritarrak ezagutzeko. "Horrek, ordea, ez du ezertarako balio, ogia ere aste guztiko erosketekin batera hiriburuan erosten bada", dio Gastonek.
Eskolaren laguntza
Aurrekoei garrantziarik kendu gabe, ordea, badago beste guztien gainetik integraziorako ezinbestekoa eta erabakiorra den beste elementu bat: eskola.
"Umea daukanak ez du inolako arazorik izaten herriko bizitzan integratzeko", dio batere zalantzarik gabe Arantza Madariaga Gautegiz-Arteagako alkateak. Gainerako guztiak ere bat datoz berarekin. Familia berri bat herri batera iristean, haurrak baldin baditu, mila bider errazagoa izango da integraziorako bidea.
Guraso orok argi dauka umeak sozializatu egin behar direla, gainerako umeekin kontaktuan egon behar dutela eta berandu jota bi urterekin eskolara eramaten dira. Gloria Castañosen iritziz, "horrek berekin dakar ume hori herriko sentitzea, herriko lagunak izatea eta familia ere herriko bizitza egitera bultzatzea". Noski, familiak ordu konkretu batzuetan, eskolako sarrera eta irteeretan edo besterik ez bada asteburuan, haurren jolastokietan ibili behar du gainerako gurasoekin harremanetan sartu ahal izateko.
Herrien biziraupena eta kezkak
Herriak bizirik manten daitezen, familia hauen integrazioa ezinbestekoa da, bizilagunen araberakoak izaten baitira gehienetan herrian dauden zerbitzuak. Herritarrak herriko tabernan elkartzen badira, eta erosketak herriko bertako dendetan egiten badituzte eta herriko eskolan eskolatzen badituzte haurrak, orduan soilik da posible zerbitzu hauek guztiak mantentzea. "Herrian zerbitzuak nahi baditugu, erabili egin behar dira. Ez du balio merkatalgune handietan erosketa egiteak, eta herriko dendan ahaztu zaizkigun txikikeriak baino ez erosteak", dio Gloria Castañosek.
Familia berriak herri txikietara iristeak aldaketa handiak dakartza herriarentzat eta bertako bizimoduarentzat. Kasu batzutan onura nabarmenak; eta beste batzuetan, kezkak ere bai.
Alvaro Gastonek dio, "behar-beharrezkoa dela familia berriak iristea. Hiltzen ari gara. Zaharrak gero eta zaharrago dira, eta etorkizuna mugatua da. Jendea etortzea, aberasgarria da gizabidez, kulturalki eta baita ekonomikoki ere".
Jende berria iristeak, ordea, kasu batzuetan, bertakoak deseroso sentiaraz ditzake. "Herritar denak ezagutzetik, parkera joan eta aurpegi ezezagunez beteta ikusteak nolabaiteko ezinegona sortzen du", dio Gloria Castañosek.
Izan ere, bizilagun gutxi dituzten herrietan hiruzpalau familia berrik asko aldatzen dute panorama. Alvaro Gastonek jakin berri du 10 bizilagun besterik ez dituen Arabako Aletxa auzunera, hiru bikote gazte doazela bizitzera. Hortik atera daitezke kontuak, familia berriek zein nolako eragina duten herriaren funtzionamenduan. Baita funtzionamendu politikoan ere. Udal hauteskundeetako emaitzetan, oso familia gutxik erabat aldatu dezakete udalaren konposaketa. Gainera, herri hauetan beste inon baino gehiago parte hartzen dute herritarrek udal kudeaketan. Dela udalean erabakiak hartzea, dela ekitaldi edo festak antolatzea… Familia berriak integratu eta parte hartzeak, edo kanpoan geratzeak, oso era desberdinean eragingo du herriaren bilakaeran.
Hizkuntzaren auzia
Herriaren errealitate linguistikoan ere eraginik badu familia berriak iristeak. Oso giro euskaldunean bizi izan diren herrietan, euskaraz ez dakiten familiak iristeak aldaketak ekarri ditu. Orain arte, euskara besterik ez zen entzuten kalean, tabernan, eskolan… Baina euskaraz ez dakiten familien iritsierak, hainbat ohitura birplanteatzera behartu ditu bertakoak. "Eskolako bilerak euskara hutsean egiten genituen lehen eta orain, bi hizkuntzetan egiten ditugu. Baina eztabaidatu beharreko puntu bat iristen denean, denak pasatzen gara gaztelerara, ezinbestekoa delako elkar ulertzeko", dio Castañosek. Honek guztiak, zalantzak sortzen ditu, eta une batzutan, tentsioak ere sor ditzake. Elkarbizitza eta eskubideak bermatuko dituen irtenbide bat aurkitzeak aurretikako gogoeta sakona eskatzen du.