Lanbropeko Badaia mendikatea

Aperregiko eliza ondoko bolatoki berritutik abiatu gara oinez Lukianorantz (615 m), euri zaparrada ondorengo aterrunea baliatuz. Herrixkaren sarreran jorratutako alor artean doan pista zuzenari heldu diogu, harik eta Lukianoko herrigunean sartu arte. Eliza bera da lehenengoetako eraikuntza, bolatokia dator zertxobait aurrerago. Eskuinetik, edanlekua igaro ostean, ezkerrera igotzen den kaletik herrigunea zeharkatu eta Baias ibaiaren altzora daraman pistatik jarraitu dugu. Burdinazko langa gainditu eta berehala heldu gara ibaiertzera. Gainezka eta arre dator ibaia. Eskuin aldean, ordea, burdinolako presaren gainean egokitutako zubi esekia dugu eta horixe baliatu dugu beste ertzera igarotzeko.

Pista jarraituz, pago eta haritzek osatutako basotik irten eta belardi zabalaren beste muturrean ikusi dugu lehenengoz Encontradako baserria, Baias ibaia zeharkatzen duen zubiaren ondoan, Zuia, Urkabuztaiz eta Kuartango ibarrek bat egiten duten hartan. Egun paraje bakarti eta lasaiotan burdinolaren hondakinak, XVIII. mendeko zubia eta baserria baino topatu ez baditugu ere, behinola Gereñu dorretxea eta ermita ere izan omen ziren inguruotan. Pistan barrena goazela, ordea, bazkan ari den ganadu artetik zakur zuri handi bat agertu eta aurrez aurre jarri zaigu, adi adi zelatan. Mastina ote? Isil isilik eta astiro, badaezpada, ganadua eta zakurra atzean utzi eta baserri zaharberritura hurbildu gara, begi bakarreko zubi ederretik ibaia gurutzatu asmoz (585 m). Zubia eta inguruak erabat lokaztuta egon arren, ahal moduan gurutzatu eta eskuinera jo dugu aurrez aurre dugun burdinazko atetik igaro eta basa pistari jarraitzeko. Ibai ertzetik aldenduz, malda leunean gora, topatu bidegurutzean ezkerretik gora jo dugu eta laster muino gaineko begiratokira iritsi gara. Aterruneak dirau, Badaia nahiz Atxabaleko gainak baina, ez daude hodeiez libro. Behean aldiz, Baias ibaiaren meandroak eta zeharkatu berri dugun Encontrada paraje berde eta joria dakusagu lanbro artean.


Ganaltoko gurutzea

Badaiako goi lautadara iritsi nahian, bidean gora jarraitu dugu, zenbait bihurgune eta ataka bat gainditu ostean, Aperregitik zuzenean datorren pistarekin bat egin eta berehala Arnateko harratera irteteko (810 m). Torrogoiti eta Santa Marina ermitara doazen pistetatik begi-bistan dugun ordoki zabalean barneratu beharrean, ezkerrera biratu eta amildegi ertzetik doan bide belartsuan gora jo dugu, Ganaltoko gaina hartu asmoz. Mendi soilduan aurrera, apenas desnibelik gabe laster batean tontorreko gurutzera iritsi gara, iparretik datorren lainoak tontorra estali duen une berean (898 m). Iparraldean laino artean ezkutaturik dagoen Gorbeia mendi puskako gurutze itzelaren antzekoa du gain honek, nahiz eta txikiagoa izan, baita baserri itxurako buzoi dotorea ere. Aldameneko plakan honela dio: "Ganaltoko Gurutzea. Manuel Iradier Txangolari Elkarteak, Aperregiko administrazio batzordeak eta Badaia basa-mendizerrako elkarteak gurutze hau eraiki zuten, 1953an M. Iradier-ek jarri zuenaren ordez. 2003ko azaroan 15a. Egileak: Iñaki Elejalde Rueda jauna eta Ander Elejalde Rueda jauna".


Domaikiara doan bidearen bila

Ekarri dugun norabideari eutsiz, ekialdera abiatu gara laino hertsi trinkoan murgildurik, Olazar gainaren azpiko harratearen bila. Ezpel, ipuru eta arte zuhaixka txiki artean, zirrinda lauso bati jarraika zenbait muino gainditu ostean harrate batera jaitsi gara (820 m) eta Domaikia herritik datorren pistan behera segi dugu, laino geruza goian utziz. Gasteizko lurretatik Zuia ibarrekoetara pasa gara berriro eta bertan burutuko ditugu txango honetako gainontzeko urratsak ere. Gainbehera handirik gabe eta eskuinera irteten diren bideei jaramonik egin gabe, alboetan erkametz ale eder ugari ditugula, lokaztutako pistak bidegurutzera eraman gaitu. Burdinazko langa gainditu eta Aperregitik Domaikiara doan bidera irten gara (720 m).


Atxabal gaina eta Oroko santutegia

Zuzenean abiapuntura itzuli nahi bada, ezkerrera jo eta bidea jarraitzea besterik ez dago. Oroko santutegira eta Atxabal gainera igo nahian, bidegurutzean aurrera jo dugu ordea, Katergiko muinoa eskuinetik inguratzen duen pista lokaztuan barrena. Lepo batera heldu gara eta ezkerrera jo, Domaikiatik Orora doan bidean gora. Gain batera heldutakoan, berriz, daramagun bidea utzi eta eskuinera jo dugu, zuzenean Atxabaleko gailurrera igo ahal izateko. Malda piko batetik Orotik datorren bidera irten gara eta honek harresi harritsua igaro eta tontorreko errepikagailura zuzendu gaitu. Alboan, amildegi ertzean aurkitu dugu buzoia (896 m). Haize zakarra eta lainoa medio ikusmirarik ezean, berehala abiatu gara santutegirantz. Eskalada eskolarako erabiltzen diren haitzen azpitik igaroz instant batean heldu gara Oroko santutegira (805 m).


Aperregira buelta

Aperregira iristeko santutegitik bertatik mendebaldera jaisten den bidea hartu dugu. Laster burdinazko langa berdea topatu eta huraxe igarota ageri den bideak, basoan behera eramango gaitu, alor artetik arestiko pistarekin bat egin arte. Lasai asko burutu ditugu Aperregiko bolatokirainoko azken metroak, bustirik ez baina zeharo lokaztuta.

Badaia mendikatea arriskuan!
Zuaiako ibarra iparraldean, Kuartangokoa mendebaldean, Erribera Goitia nahiz Zadorra ibaia hegoaldean eta azkenik Gasteiz eta Arabako lautada ekialdean dituela, Badaia mendizerra ipar-hego norabidean hedatzen da, Gorbeiako mendimultzoa nolabait Gasteizko mendikatearekin lotuz. 800 eta 1.000 metro arteko garaiera duen goi lautada da eta amildegiak nahiz basoz beteriko malda leunak ditu inguratzen duten ibarretara begira. Mendi karstikoa izanik, goialdeko ordokian dolina nahiz lapiaz handiak ditu, baita artadi zabalak ere. Iparraldean Ganalto (898 m) du punturik garaiena, hegoaldean, aldiz, mendikateko gunerik altuenak diren Oteros (1034 m) eta Lorritxoko (1014 m) gainak.

Ezezaguna ia erabat, ez du izan Parke Natural izendatzeko zorterik eta hori gutxi balitz Eusko Jaurlaritzako energia berriztagarrien plana medio, ehundik gora haize-errota paratu nahi dituzte bertan. Erribera Goitia, Gasteiz, Iruña Oka eta Zuia udalerrietako 17,4 kilometrotan 110 metro garaierako 128 aerosorgailu jartzea dago aurreikusia. Arabako Foru Aldundiak Parkea eteteko eskaera egin eta bi aldeak negoziaketetan murgilduta daudenez, momentu honetan geratuta dago proiektua. Alabaina, akordio batera iritsi eta eraikiz gero Euskal Herriko parke eolikorik handienetakoa izango litzateke (32 aerosorgailu ditu Leitzakoak, 35 Oizkoak, 100 Urkilla-Elgeakoak).

Nafarroan martxan dauden parke eolikoak 28tik gora diren bitartean, iparraldean bat bera ere ez dago eta EAEn bi dira martxan daudenak, Elgea-Urkillakoa Araba eta Gipuzkoa arteko mugan, eta Oizkoa Bizkaian. Gainera, beste bik eraikuntza lanetan egon behar lukete, aurkako iritziak ez balitu geratu, Orduntekoa eta Badaiakoa alegia. Beste hainbat egitea dago aurreikusia EAEn, Ganekogorta eta Adarra-Mandoegiko mendietan esaterako. Hainbeste egitasmo aurrera bultzatu beharrean, hurrengo galderaren inguruan gogoeta egitea ez litzateke gaizki etorriko. Gure lurraldeko ibarrak, industrializatu eta gizatartu direnean, merezi al du orain gure mendiak desitxuratu eta industrializatzea, trukean, urtez urte handitzen doan kontsumo energetikoaren %10a soilik lortzeko?

Oro haitzeko santutegia
Zuia ibarreko herri nagusia den Murgiatik gora abiatzen da, Bitoriano herrixkatik pasatuz, Oroko santutegira igotzen den errepidea. Eskualdeko zaindari da Oroko Andre Maria, XII. mendetik mendi honetan ohoratua. Gotiko estiloko santutegia da, erromaniko estiloko beste baten hondakinetan eraikia, handia eta errenazimenduko koruarekin. Inguruan, gertu baina sumaezin dago, 1918an On Joxe Miel Barandiaranek aurkitutako Oro haitzetako kastroa. Bertan burututako indusketetan Brontze garaiko (2.000 urte k.a.) aztarna ugari topatu ziren bertan, koilareak, apaingarriak, lan-tresnak eta beste objektu metaliko ugari, Gasteizko museo arkeologikoan ikusi daitezkeenak.
Aurrealdean, atsedenlekutik ehunen bat metrora, haitz baten gainean Zuia eskualdeko begiratokia duzue, orientazio mahaia eta guzti. Begiraleku garaiago bat nahi izanez gero, ordea, Atxabal edo Oroko haitzetako tontorrera igotzea besterik ez duzue.


Azkenak
2024-08-09 | Axier Lopez
Beste milioi bat euro eman die Jaurlaritzak erdarazko hedabideei

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak nagusiki gaztelania darabilten hedabideetan "euskarazko albisteak areagotzeagatik" diru-laguntzak banatu ditu beste urte batez. Ia milioi bat euro banatu dute Noticias, Gara eta Vocento hedabide taldeen artean, artikulu batzuk... [+]


Ertzain bat atxilotu dute homizidio saiakera egotzita, lan orduetatik kanpo hiru pertsonari tiro egiteagatik

Ertzaintzak ertzain bat atxilotu du, hiru pertsona hiltzen saiatzea egotzita. Agentea lan orduetatik kanpo zegoen, eta deklaratu zuen bere buruaren defentsan egin ziela tiro furgonetan zihoazen ustezko hiru lapurri. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, gezurra da deklaratu duena.


Sardiniak ezetz esan dio kolonizazio energetikoari

Haize-erroten eta eguzki-plaken ezarpen zabalarekin kezkatuta, populazioa "espekulazio energetiko" gisa kalifikatzen duen joera bati aurre egiten ari da.


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


2024-08-08 | Sustatu
Twitterren alternatiben analisia: Bluesky, Mastodon eta Threads

Elon Musk-en jarrera ultra eta toxikoak egunetik egunera agerikoago izanik, X/Twitter noren eskutan dagoen edozeinek ikusten du. Berriz ere egunotan sare horretatik alde egiteko deiak eta agurrak ikusten ari gara, eta horren harira artikulu interesgarria irakurri dugu Electronic... [+]


Israel Donostiako Klasikotik kanporatzeko eskatu du Gernika-Palestina herri ekimenak

Larunbatean zeharkatuko ditu hiriko kaleak Donostiako Klasikoak, eta Gernika-Palestina herri ekimenak Israelek bertan duen presentzia salatu du, prentsaurreko batean. Adierazi dutenez, “genozidioa eteten ez duten bitartean” klasikoak ez luke Israel-Premier Tech... [+]


Egiazko arrazoia Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko

Israelek Hamas eta Hezbollahko buruzagiak hiltzeko helburua ez da erresistentzia ahultzea. Benetako asmoa da inteligentzian eta arlo militarrean bere nagusitasunaren irudia berrezartzea Israelgo iritzi publikoaren aurrean .


Puigdemontek esan du osteguneko inbestidura saioan izango dela

2017tik Bruselan dago Kataluniako presidente ohia, baina itzultzea erabaki du Generalitateko hurrengo presidentearen inbestidura eztabaidarako. “Normaltasun demokratikoko baldintzak ez” izatea salatu du, eta aipatu du itzultzeak suposatzen duen atxiloketa arriskua.


Donostian jarrera eta eraso arrazistak ugaritzen ari direla salatu eta borrokatzera deitu dute

Udaletxe aurrean eginiko prentsaurreko jendetsuan, Donostian gertatzen ari diren jarrera arrazista, klasista eta faxistekin kezka adierazi dute hiriko eragile sozial eta politiko ugarik. Irakurketa bateratua eskaini dute 37 eragilek, besteren artean, Ernai, GKS, Bilgune... [+]


Venezuelako oposizioak dei egin die poliziei eta militarrei gobernuaren kontra egitera

“Herriaren eta beren familien alde” jartzeko eskatu diete Edmundo Gonzálezek eta María Corina Machadok adierazpen bateratu baten bitartez. Maduroren gobernuak erantzun egin die, eta erabaki dute dokumentuaren sinatzaile biei “ikerketa penala... [+]


Israelgo armagile nagusiaren fabrika batera sartu eta gerrarako materiala suntsitu dute Erresuma Batuan

Palestine Action taldeak dio bere ekintzaileek astelehen goizean (abuztuak 6) Elbit-ek Bristolen duen fabrika "inbaditu" dutela. Ikerketa eta fabrikazio zentroa oso zainduta dago, eta espetxeko furgoneta bat erabili dute kanpoko perimetroa txikitzeko.


2024-08-07 | Euskal Irratiak
Oihana Goiriena
“Haserre gara, Polonia airos atera baita Pabloren kontrako salaketa frogatu gabe”

Osasun artak biltzen ari da Pablo Gonzalez Moskun une honetan. Joan den astean, Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera zen kazetaria bi urte eta bost hilabeteko preso egon ondoan. Poloniak leporatzen zion espioitza frogatu gabe libre atera da.


Eguneraketa berriak daude