Juan San Martin Idazle eta euskaltzainari adio

Irakurtzeko, eta batez ere, idazteko grina laster erakutsi zuen Juan San Martinek. Mendizale amorratua zen eta Eibarko kirol aldizkarian hasi zen mendiko kontuak idazten. Baita Pirenayca aldizkarian ere. Gaztelaniaz hasi zen eta ondoren euskaraz zein gaztelaniaz segi zuen. Mendiko kontuez gain bestelakoetan ere bi hizkuntzak erabili zituen. Kultura gaiei buruz idazten hasi zen lehenengo aldiz Anaitasuna eta Euzko Gogoa aldizkarietan eta ondoren, garaiko ia hedabide guztietan idatzi zuen. Idazteaz gain zuzendari lanak ere bete zituen Egan aldizkarian 1983tik 1989. urtera arte. Artikuluak eta poesia ere idatzi zituen; 60ko hamarkadan idatzi zituen poemak Otsalar ezizena erabiliz.

Lehenengo liburua 1959an argitaratu zion Euskaltzaindiak Juan Antonio Moguel eta Urkitza: bere bizitza ta lanak izenburuarekin. Esan liteke ordea, ordurako ia liburu oso bat egina zuela, nahiz eta berak ez sinatu. Jon Etxaidek sinatu zuen Pernando Plaentxiarrari buruzko liburua, baina sarreran Etxaidek garbi adierazi zuenez, Pernando Plaentxiarraren istorioak biltzen Juan San Martin aritu zen eta Etxaidek tajutzaile lana baino ez zuen egin. Pasadizo umoretsuak beraz, San Martinek bildutakoak ziren eta umorearen hariari tiraka, 1960an eta 1965ean hurrenez hurren Zirikadak eta Eztenkadak liburuak argitaratu zituen. Pernando, Mogel, Eztenkada eta Zirikadekin hasi eta 2000. urtera arte ez zion liburuak egiteari utzi. Urte horretan Eibar eta Elgetako Toponomastika eta Giza eskubideen inguruan argitaratu zituen.

Euskaltzaindian 1957az geroztik

Tornulari hasi zen lanean San Martin Eibarren eta lantegian erabiltzen zuten tresneria eta makinen izenak euskaraz biltzen hasi zen. Bildumatxoa egin eta Euskaltzaindiara bidaltzea erabaki zuen. Euskaltzaindiak bilketa hura argitaratu egin zuen. 1957. urtean euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1964an egin zuten euskaltzain oso. Orduz geroztik idazkari, diruzain, Jagon sailburu eta euskaltzainburuorde izan zen. 1988. urtean izendatu zuten euskaltzainburuorde, baina kargua utzi zuen 1989. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko Ararteko izendatu zutelako. Lan honetan aritu zen 1995. urtera arte.

Hizkuntzalaritza, literatura, mendia... lehen ere zerrendatu ditugu bere liburu eta artikuluetako mamiak. Ez da harritzekoa gai askori buruz idaztea, horiek denak zituen gustuko-eta. Horren adierazgarri da hainbat erakundetako kide izatea, esate baterako, Donostiako San Telmo Museoko Zuzendaritzako kidea eta baita Aranzadi Natur Zientzietako Elkarteko kide ere.

Gurean esandakoak

Zeruko ARGIAn berak idazten zuen eta ARGIAn berriz, behin baino gehiagotan elkarrizketatu dugu San Martin. Elkarrizketa horietako batzuetan esandakoen entresakak dituzue segidakoak.

Idazlea sutsuki defendatzen

Joan Mari Torrealdaik 1969an dioenez, Idazleen Alkartea sortzea lehen aldiz San Martinek proposatu zuen Ermuko jardunaldi batzuetan. Proposamen horri geroago beste batzuek heldu bazioten ere, Torrealdaik berak egindako elkarrizketan garbi ikusten da eibartarrak idazlearekiko zuen sentikortasuna:

«(...) Sindikato-era batez ere interes profresionalak defenditzean eskatzen dut %-etik 10-a, gutxienik, kobratu behar du egileak. Hemengo editorialek ez dute ematen. Euskal-idazleak ez daki tutik ere. Sakrifikatzen dana idazlea da betiere, liburuak merkeago saltzea egilearen deretxoetatik hartzen dalako. Eta Alkarteak eskatu behar duana da: edo libururik ez da ateratzen edo kostatzen dana kostata atera dedila, ez merkeago jartzearren idazleari dirua kenduaz.

Beste fenomenu bat desterratzeko ere lan egin behar du Alkarte honek sindikato-eran: ba daude idazle onak ala ez, baina dirudunak. Argitaldariak esaten du euskal-liburuak ez duala negoziorik, eta orduan egileak aurreratzen du dirua, beharbada gero jasotzeko (edo ez). Ez dago eskubiderik, beste lan asko argitaratu gabe geratzen dira, beharbada askoz hobeak, nork diru eman ez dagoelako (...)».
Sentikortasun hori bera agertu zuen 1986an, Laura Mintegik egindako elkarrizketan:

«Gure herrian flautea jotzearekin bat egon daiteke soldatarekin horretan bizitzen, baina idaztearekin ez. (...) Euskal Herrian azkena da idazlea: hizkuntza txikia denez, idazleak ez du posibilitaterik idazle eskubidetatik bizitzea, ze bizitzea, lagungarri zerbait irabaztea... Eta hori bideratzen ez den bitartean ez dago soluziorik. (...)»

Ingelesa edo esperantoa euskararen bidelagun

Bi hizkuntza defendatzen zituen San Martinek; euskara, noski, eta denentzako baliogarri zatekeen beste bat: ingelesa? esperantoa? Alabaina, abertzaleek euskararekin ere nahikoa lan zutela azpimarratu zuen 1998an Aitor Zuberogoitiak egindako elkarrizketan:

«Ideala zera litzateke: bakoitzak berea izan eta gero guztiontzako balioko lukeen beste bat edukitzea. Esperantoa ona zen teorian, baina sozialistek ez zuten aurrera atera sozialismoa gailendu zen herritan. Dena dela, hor dugu ingelesa. Zergatik ez erakutsi eskoletan haurrei norberarena eta ingelesa? Ah, lagun, baina abertzalerik gehienek ez dakite euskaraz. (...)»

1974ko urtean ere gogoan zituen abertzaleak eta euskara, begira bestela Luis Alberto Aranberrik egindako elkarrizketan esandakoak:

«(...) Arzalluzek euskaraz ondo daki baina ez du sekula euskaraz idatzi; hori ere egin beharko du noizbait, hori egin ezean analfabetoa izango baita bere hizkuntzan. Garaikoetxeak, aldiz, ikasi egin du eta ondo hitz egiten du; horrelako pertsonak behar ditugu. Dena den, gure politikoak ez daude ondo bideratuta: transferentzietan etekin ekonomikoak baino ez dituzte bilatzen. Hori ondo dago, baina ezin dugu arima diru-truke saldu, eta gure arima hizkuntza da».

Juan San Martini egindako elkarrizketako hiru pasarte
Egan aldizkariaz
«Hau da historian fenomeno bakarra bilingue hasitako aldizkari bat euskara hutsean gelditu dena»

Autonomiaz
«(...) guk ez daukagu eskubiderik autonomia edukitzeko gure kultura desplazatzen badugu. Hori bait da arrazoia guk autonomia bat edukitzeko».

Gabriel Arestiz
«Galdera: Beraz klase borrokak kutxaturik dago poesia...
Erantzuna: Hobeto esan... jo ezazu Arestik tope bat jo zuela gai horretan. Zer gehiago dago esateko?».

Elkarrizketatzailea: Laura Mintegi
ARGIA, 1986-07-06

Anasagastiri errieta

«Gauzak gogor esan behar dira: nik pena ikaragarria hartu nuen Blazquez apezpikua etorri eta hemengoa ez zelako mesprezatu zutenean; jokabide hori ez zaigu komeni herri txikiei. (...) Hobe izango litzatekeela hemengoa balitz? Dudarik gabe. Baina hala ez bada, gu ezin gara hor sartu. Bakoitzak bereak zaindu behar ditu, eta hori esaten duen alderdiak berak euskaraz ez dakien jendea jarri du ardura nagusietan. Blazquezek elizkizun batean euskaraz egin eta gero Anasagastik 'ahora ya es más nuestro' esan zuen. Nola esango du hori Anasagasti batek, berak bai esaten ere ez badaki? Zertan gabiltza orduan? Eroak gara ala? Abertzale denaren lehenengo ekintza zera da; kontzientzia hartu eta euskara ikastea. Eta bestela ez izan abertzale, edo alderditik bota euskararik ikasi nahi ez dutenak».

ARGIAn 1998ko irailaren 20ko zenbakian Aitor Zuberogoitiak egindako elkarrizketako zatia.

Ez zeukan Eibar saltzeko
1966ko urtarrilaren 2an, Zeruko ARGIAn sinatu gabeko artikulu bat argitaratu zuten izenburu honekin: Eibar, erri atzeratua. Azkar asko irakurriko zuen Juan San Martinek artikulu hori, bera ere Zeruko ARGIAko kolaboratzailea zelako eta batik bat, eibartarra zelako. Urtarrilaren 23koan zetorren erantzun luzea. Arrazoi eman zion ia denari, baina zirikatu eta eztena sartu gabe ez zen geratu Juan San Martin. Hona sinatu gabeko «probokazio»aren zati batzuk eta San Martinen erantzunaren laburpena.

'Eibar, erri atzeratua' (1966-01-02)
«Mutil onak jarriko zaizkigu eibartarrak idazlan onen izenburua irakurtzen digutenean. Eibar atzeratua beraz? Atzerreka al_degu aurreratua ala? Eta ala ere, esan bearrean gaude: Eibar, erri atzeratua. Zoritxarrez Eibarr'ek lagun asko ditu Euskalerrian bere atzerapen orretan. Baiña gaur Eibar aitatzen degu, erri onek 'rogresista' famia izan dualako gure artean.

Aspaldiko kanta da:

Txin, txin, txin, txin
diruaren otsa,
Orrek ematen digu, maitia,
biotzean poza.

(...) Erri bat aundi izan diteke bere lantegintza, sal_erosketa eta kirol aldetik. Eta ala ere, oso txiki, oso atzeratua izan diteke literatura, jakitez, buruko lanen aldetik.

Au da, ba, guk Eibarr'i eta Euskalerriko beste erri askori billatzen diogun atzerapena. Eibarr’en tamañako industri_erri batean, kezka geiago bear genduke gure jakintzaren sailletan. Erri aurreratu batek, aurrena aintzat artu ta landu bear duan gauza, bere izkuntza da.

Ta Eibarr'ek, orain arte gorde duan bere izkuntza, gaurko gazteetan galdu egin du. Orain arte eibartarrak, nun_nai euskeraz itzegiten zuten. Gaurko eibartar gazteak, erderaz asiak dira. Euskera gaietan ‘analfabetoak’ dira. (...)

Orra, bada, zer esan nai genduan gaurko lan onetan. Euskalerria jakintza gaietan geiago aurreratzen ez degun bitartean, erri atzeratua gera, naiz ta diruz sakelak beteak erakutsi munduaren aurrean».

'Buru ainbat aburu. Eibar, erri atzeratua' (1966-01-23)
«(...) Neretzat ez du gauza berririk ezer esaten: geien geiena egia bai da. Baiña, eibartar bezela eta ZERUKO ARGIA-ren laguntzaille bezela, izenpetu gabe etorren idazki ari erantzutera beartu naiz. Lan ori zala ta, ez zan giro zenbait eibartarren inguruan. Baita batek esan ere: 'Gu, antiklerikalak garala? Bai; ta jarraitu daigun izaten. Zer izango gaituk ba ZERUKO ARGIA be geure kontra ba jaukagu?'.

Nik badakit ori idatzi zuanak ez zuala eibartarron kontrarako egin, baizik dirura itsututa dagozenen jokera salatu nairik. Ta, gure erria artu bazuen diruzaleen ejemplutzat, ez da gaizki. Diru orrek bejondeiela! aberastu diraneri. Nere etxean asko sartu ez bada ere. Baita, bejondeiela! dirurik nai ez duteneri ere. Zoriontsuak guziak! Dirutu diranak eta dirurik nai ez dutenak.

(...) ura idatzi zuanak ez badaki, jakin beza: Eibarren, aberats berri, aberats txiki asko dira, baiña guziak bizi dira oso lanpetuak eta ez dute izaten dirua gastatzeko betarik ere. Orregaitik, noizbait or zear ateratzen diranean, botaka jardutzen dira. Ta, ori ikusirik, badira pentsatzen dutenak emen, Eibarren, zakurrak lukainka-muturrez lotuak ibiltzen dirala.

(...) Domund-egunean ere Gipuzkoan geien biltzen da Eibarren. Aspaldiko urtetan Donostian bertan baiño geiago. Ta, esaten dutenez, esku-zabalak geralako. Biotz onekoak ez. Esku-zabalak. Orrelako obrak beste erri batzuek egiten dituztenean, biotz onekoak izaten dira. Baiña, eibartarrak esku-zabalak. Ukabilla altxatzeko bakarrik estutzen degu gure esku-zabala. Ta, orregaitik ere ez dira adiskide.
(...) Euskera? A! Bai. Egia da. Nora joan zaigu Eibarko euskera? (...) Ta, zelan ez Eibarko euskerari eibartarrak gutxi-etsi? Euskera maite zutela ta, eibartarreri esanaz ari zirenak: 'no se dice telefonua, se dice urrutizkiña; no se dice kuadernua se dice ingurraztia' (...)

Esan dedan bezela, munduan bertan inpernu bat da au. Ta, ni ibiltzen naiz Euskalerrian ara ta ona, baiña ez det iñun arkitzen toki oberik. Beraz, neuk ere aitortzen det Eibar erri atzeratua dala. Baiña, mesedez, ori idatzi zuanak esango al dida, besterik ezean ixillean belarrira, ia nun dan zeru itxurazko toki obe bat, bertara bizitzera joan nadin».


Azkenak
Bonus track: non dago saria?

Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira,... [+]


Argia Sarien kronika
Galga azkartasunari

Gauzak bizi eta azkar aldatzen badira ere, zenbait kontu ez dira aldatzen: Argia Sarien ekitaldia da horietako bat. Horixe esan dio kronikagile honi beharrera etorri den kanpoko kazetari batek, ARGIA asko aldatu dela esatearekin batera, sari-banaketa hasi aurretik. Onerako ari... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura

EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Entzunezko Argia Saria: BaDA!bil podcasta

Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak

Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.


2025-01-31 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Oroibidea

Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]


2025-01-31 | ARGIA
ARGIAko lantaldearen mezua: Mundu ilunean, ARGIA gehiago

Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:

"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Banatu ditugu euskarazko komunikazioaren 2025eko Argia Sariak

Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]


Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Estatuaren biktimek Chivite lehendakariari eskatu diote egon dadila euren aitortza ekitaldian otsailaren 13an

Estatuaren biolentziaren biktima gisa onartzeko 125 eskaera egin zaizkio Nafarroako Gobernuari 2023an eta 2024an. Horietatik 41 onartu dira. Egiari Zor eta Torturatuen Elkarteak ongi baloratu dute egiten ari den bidea.


'Arizona' antzezlana
Muturrekoa, muturreraino eramanda

Arizona
Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola..
NOIZ: urtarrilaren 26an.
NON: Berrizko Kultur Etxean. plazan.

-------------------------------------------

Arizona eta Mexiko banatzen dituen muga zaintzera abiatu da Idahotik Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon... [+]


Eguneraketa berriak daude