Orio. Historia argazkitan
Iñaki Iturain Azpiroz
Orioko Udala
197 orrialde 20 euro
Oriotarren aztarnak argazkitan
Argazkilari ezagun zein anonimo askok garai eta testuinguru ugaritan jasotako irudien bitartez osatu du Iñaki Iturain Azpirozek Orio. Historia argazkitan liburua, argazki horien aintzinatasuna, edukia eta kalitatea ezer baino gehiago balioztatuz. Era horretan eskaini ditu 12.000 urte inguru dauzkaten irudirik zaharrenak, Aita Lertxundiri 1870ean egin zioten erretratua, Orioko mendiak, baserriak, etxeak eta kaleak agertzen dituztenak, eta batik bat herri xehea, Orioko biztanleen hamaika irudi, oriotarrak bere ahalegin jarraituan azalduz, itsasoan, eskabetxerian, fabrikan, festa egiteko garaian, eskolan, arraunean, pilotan, lehen jaunartzea egin zutenekoan, ezbeharrean, gerran, pozik, goibel... Liburuko argazki bakoitzak historia oso bat dauka bere atzean.
Uztaro
Batzuen artean
Udako Euskal Unibertsitatea
122 orrialde
6 euro
Elhuyar anaiek Espainiako koroarekin zituzten harremanez
Udako Euskal Unibertsitateak plazaratzen duen Uztaro aldizkariaren 51. zenbakian, besteak beste, Fito Rodriguezek burututako Elhuyar anaiak, wolframioaren isolamendua eta espainiar koroarekin zituzten harreman sekretuak, Roldán Jimeno Arangurenen Zuzenbide penalaren bilakaera historiko-doktrinala: Hamurabiren kodetik Hugo Grotius-en teoriara; Itziar Bernaola, Ana Isabel Morales eta Irune Payrosen artean osatutako Inarra txarragaz, baztarrak lohi: internazionalizatu gabeko produktu informatikoak lokalizatzearen arazoak, Jon Murelaga Ibarraren Irrati modernoaren testuinguru teknologizatua, eta Antonio Casado eta Zigor Peralesen artean eginiko Basho-ren basora bazoaz... (renkuaz eta haikuaz) lanak aurki daitezke.
Ikuspuntu iluna
Pablo López
Ediciones beta
142 orrialde 14 euro
Egiaren atzetik, hilketa bat argitzen
Irakurle gazteei zuzendutako eleberri honetako protagonistak 1979an eraiki zuten El Sauzal herrixka aspergarrian bizi diren bi mutil dira. Asperkizun horri bizikletan ibiliz egiten diote aurre, eta horretan dihardute Mariok eta Andresek institutuak libre uzten dien denbora gehiena, harik eta Marioren neska-laguna izandakoa poliziak hilik aurkitzen duen arte. Neska hori droga gaindosi baten ondorioz hil dela diote guztiek, baina hilik dagoen arren, neskatoa Mariori agertzen zaio, norbaitek hil duela adieraziz-edo. Eta Mario Andresengana doa, neskaren hilketa argitzeko laguntza eske. Andresek ez du ezer ulertzen, baina lagunak elkarri laguntzeko daudenez, baietz erantzuten dio. Eta beste munduarekin harremanetan jartzeko gai den jendea bisitatzen hasten dira biak.
Antoloxía poética. Poesia antologia. Antología poética (1990-2003)
Batzuen artean
Pamiela
398 orrialde
19,50 euro
Galeuscakoen poesia antologia
Antoloxía poética. Poesia antologia. Antología poética (1990-2003) izenburuko liburuan, azken urteotan euskaraz, galegoz eta katalanez idatzitako obra poetikoaren lagin adierazgarria erakusten da. Lan hau Associació d’Escriptores en Llengua Catalana, Asociación de Escritores en Língua Galega eta Euskal Idazleen Elkartea 2003ko azaroan Gernikan XX. Galeusca ospatzera bildu zirenean hartutako erabakiaren ondorioz plazaratu da. Erabaki haren arabera, Galeusca osatzen duten elkarteetako bakoitzak bere herriko hamabost idazle hautatu behar zituen, eta idazle horietako bakoitzaren olerki lanetik bina poema eskaini. Horixe da, hain zuzen, liburuan jasotzen dena. Poema guztiak bere jatorrizko hizkuntzan zein Galeusca-koen beste bietan ere irakur daitezke.
Haginak eta hilobiak
Mariasun Landa, Asun Balzola
Erein
46 orrialde 10 euro
Mariasun Landaren Iholdi saila guztiz osatua
Haginak eta hilobiak izenburua duen kontakizunarekin momentuz behintzat amaiera ematen zaio Mariasun Landak sortu eta Asun Balzolak marraztutako Iholdi sailari. 1988an kaleratu zuten hasierako liburukia, hain zuzen ere Iholdi izenburua zuen hura, eta handik gutxira bigarrena, Izeba txikia. 1990. urtean ikusi zuen argia, berriz, 1991n haur eta gazte literaturako Euskadi saria jasoko zuen Alex -ek, eta ondorengo urteetan Amona, zure Iholdi eta Marina plazaratuko zituzten. Orain kaleratutako Haginak eta hilobiak kontakizunarekin, haur baten barne-ahotsa ezagutzeko aukera eskaintzen duten sei liburuki dira denera, eta nahi izanez gero seiak eskura daitezke, Ereinek plazaratutako bilduman.
Luma berrien eleak
Batzuen artean
Idazle Eskola
62 orrialde
3 euro
Idazle Eskolak plazaratutako aldizkariaren bigarren alea
Aurreneko zenbakiak izandako arrakasta ikusirik, idazle berrien lanak ezagutaraztea helburu duen Luma berrien eleak aldizkaria urtean bi edo hiru aldiz plazaratzen jarraitzeko asmoz agertzen zaizkigu Idazle Eskolakoak. Bigarren zenbaki honetan, Julen Gabiriari egiten dioten elkarrizketaz gain, idazle berri askoren narrazioak, iritziak, ipuinak, poesiak eta antzerki-lanak aurki daitezke. Baita idazle bakoitzaren berri eskaintzen duen Nor da nor saila ere, eta Idazle Eskolakoekin harremanetan jartzeko erak.
Mundu txikia
Alberto Barandiaran
Susa
129 orrialde 12 euro
Alberto Barandiaranen hamalau narrazio labur
Egun nahiz iragan hurbilean kokaturiko hamalau narrazio eskaintzen dizkigu Alberto Barandiaranek Susa argitalatxeak plazaratu duen Mundu txikia liburuan. Bizipenez betetako istorioak dira, gertaera txikiz eta lehen begirada batean xehez osatutako hamalau ipuin: Bizimodu ez oso ona ematen dion senarraren zain dagoen emakume baten gogoetak, guztiak miresten zuten anaiari muzin egin eta benetan bera aukeratu zuen pertsona bakarra galtzea egokitu zitzaion gizonaren geroa, bikote baten lehen sexu harremana, amarik gabeko haurraren aitaren kezkak, herri txiki batean bizi den margolariaren eguneroko jarduna, gurasoen zain dagoen umearen ezinegona, piano jole baten plazer ezkutua, sagarrondoa erori zeneko eguna, apaiz baten ukitu lizunak mutikotan jasan behar izan zituen gizonak elkarteko lagunei gertakizuna kontatzen dienekoa, adoptatua izan den neskatoak bizimodu berrian dituen jarrerak eta pentsamenduak, euskara gustuko ez duen mutikoaren arrazoiak, amonaren hizkera gozo haren aztarnak, irabazleekin gerran ibilitako aitonaren erretxina, eta ikurrinaren legalizazioaren alde egindako manifestazioei buruz idazteko eskatzen dioten egungo kazetariaren urratsak.