Ramuntxo Etxeberri: «Pilotarekiko mitifikazioa haustea nahi izan dut»

  • Makina bat euskal gazte joana da munduko auskalo zein bazterretara pilotan jokatzera, han aurki dezakeenaz asko pentsatu gabe. Halere, baliteke hemendik aurrera joan aurretik hausnarketa zorrotzagorik egitea, Ramuntxo Etxeberriren Skyroom nobelan kontatzen dena irakurriz gero, hainbeste patrika husten dituen apustuen dirutza lekuz gain, heriotza, tortura eta emakumeen esklabutza-leku ere izan baitaitezke Jai alai eder horiek. Ramuntxo Etxeberrik Gazteluma lehiaketa irabazi zuen euskal pilotari batzuek, Markos diktadorearen garaian, Manilan (Filipinak) bizitutako afera zikinaren inguruan idatzitako beltz ukituko nobela kilikagarri honekin. Bide batez, Iparraldeko hiru belaunaldik Euskal Herriaz zein egungo bizimoduaz duten ikuspegia ezagutzeko parada ere eskaintzen du bertan.

2021eko uztailaren 28an

Ramuntxo Etxeberri nor dugu?
Donibane Lohizunen sortua naiz. Frantses Literatura ikasi nuen Bordele hirian, eta ikasketa horien ondotik aukera izan nuen, kooperante gisa, Asiara joateko, Manilan bi urte iragan nituelarik. Gero, handik itzuli eta Baionako ikastola batean hasi nintzen lanean.


Zein izan zen Manilan izan zenuen eginbeharra?
Nahiko sinplea zen nire lana. Frantses enbaxadan lan egiten nuen, kulturaz-edo arduratuz. Hau da, lortu behar nuen Europatik artistak haraino etor zitezen, erakusketak, musika emanaldiak, ikuskizunak eta beste antolatzeko. Eta han nintzelarik, behin ostatu batean ikusi nituen mutiko batzuk, gazteak eta ederrak, "Euskal Herria askatu" zioten kamisetak jantzita zeramatzatenak. Euskaldunak ziren! Hasi ginen, bada, euskaraz hitz egiten. Turistak zirelakoan nengoen ni, baina pilotariak ziren. Beraiek azaldu zidatenez, Manilan bazen halako kasino bat, handik bizpahiru asteetara martxan jartzekotan zutena; eta beraiek bazeramatzaten hamabost egun han, egun guziz entrenatzen, pilotaleku berri horretan antolatuko ziren partidetan parte hartu ahal izateko.

Ordura arte ez al zegoen pilotalekurik Manilan?
Une horretan ez, itxita zeuden. Orduan ez nuen ezagutzen historia hori, baina geroztik jakin dudanez, XIX. mendean nafar batzuk sortu zuten lehen aldikotz pilotalekua Manilan. Zer nahi gisaz, II. Mundu Gerratik landa geroz eta garrantzi gehiago hartu zuen pilotak han, eta hori areagotu zen duela berrogeita hamar bat urte, Ferdinand Marcos eta Imelda bikote malefiko eta hain ezagunaren diktadura zelarik Filipinetan. Diotenez, niretzat astakiloa baino ez zen gizon horrek asko maite zuen pilota. Beno, pilota baino gehiago apustuen kontua maiteko zuen, beharbada, ze han egiten den pilota jokoa ez da guk hemen ezagutzen duguna, puntu bakar bateko partidatxoak baizik. Binaka jokatzen dute, bata bestearen kontra, eta batek galtzen duelarik beste bati utzi behar dio bere lekua… Pilotazaleek ez dute maite horrelako jokoa.

Baina apustuen gorabeherak zuzentzen dituztenek agian bai! Zergatik gelditu zen bertan behera horrelako negozioa?
Diktadura amaitu zenean, 1986an, Cori Aquinok debekatu zituen halako diru-lekuak bere iraultza baketsuaren bidez, argudiatuz aberatsak aberatsago egiteko eta pobreei ebasteko tresna besterik ez zirela; korrupzioa eta ustelkeria baino ez zela haietan, eta diru-zikina garbitzeko leku baino ez zirela. Eta itxi zituen. Hamabost bat urte geroxeago, ordea, ni han nintzelarik -1998an joan nintzen eta 2000n itzuli- presidente populista batek irabazi zituen hauteskundeak. Morroi horrek bazituen harremanak lehengo diktadurarekin, eta nahi izan zituen Jai alaiak berriro martxan jarri. Legez kanpoko erabakia zen -Kongresuak ezetz esan zuen-, baina berak aurrera egin zuen, egitura pribatu bat antolatuz. Eta Manilan bizi ziren euskaldun batzuk bidali zituen Euskal Herrirat, hemengo pilotari gazte batzuk hartu eta harantz eraman zitzaten. Hain zuzen ere, nik ostatuan ikusi nituen mutilak!

Eta pilotari horiek zer zioten horrez guztiaz?
Biziki mutil jatorrak ziren, eh! Sistema oso bitxia zela irizten zioten. Gainera -hori ez zidaten garbi aitortu, baina-, iduriz, ez zuten nahi zuten guzia egiten ahal: behin baino gehiagotan pasaportea atxiki zieten, hiritik ateratzeko eskubiderik ere ez zuten... Egia esan, lagunak egin nituen, eta joan izan nintzen pilotalekura, ea zer gertatzen zen. Alimalekoa zen! Bazituen 4.000-5.000 eserleku, pantailak, dirudunentzat beirateez babestutako halako palko batzuk berorik pasa ez zezaten -Filipinetako presidentea horrelakoetara etortzekotan omen zen-... Hori guztia ikusita artikulu bat idatzi nuen, "Pilota Filipinetan, pobreak ebasteko tresna bat ote?" izenburuarekin, eta Egunkarian argitaratu zidaten.

Eta nobela idazteko asmoa noiz piztu zitzaizun?
Hango nire lana amaitu nuelarik, itzuli nintzen Euskal Herrira, eta historia hori pixka bat baztertu nuen. Nik euskara kiskun-kaskun ikasia nuen etxean, eskolan ez genuen euskaraz deus ikasteko aukerarik izan eta, beraz, euskara ez nuen nik biziki ongi landua -unibertsitate garaian pixka bat, euskal literatura ikasi bainuen Aurelia Arkotxarekin-. Orduan, etxera itzuli eta nire euskara sakontzeko Maiatz aldizkariari buruzko ikerketa lan bat egitea erabaki nuen; biziki eraginkorra izan zen lan hura niretzat, euskara irakurri eta lantzeko aukera eman baitzidan. Bada, handik denboraldi batera ikusi nuen Mattin liburu-dendan Gazteluma lehiaketarako iragarkia: "Hogeita hamar urte baino guttiago baldin badituzu, eta euskaraz zerbait idatzi nahi baduzu, igorri zure proiektua". Nik kasik 30 urte nituen, eta pentsatu nuen: bo! Zergatik ez zerbait idatzi? Lehen aldia da, jende asko aurkeztuko da, baina seguruenik esango dizute: hau eta hau gaizki idatzia dago, baina beste hori lan dezakezu, segi horrela, beste aldi bat artio! Nirekin bizi den neskak euskara biziki ongi daki, eta animatu nuen zer edo zer aurkeztera. Baina hark ez zeukan gogorik: ez dut ideiarik, esaten zidan. Nik, berriz, ez nekien ondo euskaraz, baina ideiak banituen, eta azkenean proiektu bat bidali nuen.

Eta?
Sei hilabete pasa ziren, eta halako batean dei bat ukan nuen. "Bi berri dauzkat zuretzat. Bat ona, bestea txarra". Aipa zezala berri ona aurretik. "Zure proiektua atxikia izan da". Ahhh! Egundoko poza. Baina, zein ote berri txarra? "Lehiakide bakarra izan zara". Ostia…! Iparralde osoan lehiaketara aurkeztutako bakarra nintzen, beste inork ez zuen parte hartu nahi izan! Horrek beldurtu ninduen, baina halere aurrera jarraitu nuen liburuarekin.

Filipinetako gertakizunak al zenituen buruan?
Bai. Pentsatu nuen izan zitekeela eleberri baten mamia. Bazuen Euskal Herriarekin lotura, eta aldi berean bazituen nobela beltzaren osagai guziak.

Zer agertu zenuen Gaztelumarako proiektuan?
Hamar orrialde behar ziren idatzi, eta nobelaren hasieran agertzen den aita-alabaren arteko elkarrizketarekin hasi nintzen. Pertsonaiek erabiltzen duten hizkuntzaren doinua ez da batere akademikoa, baina gaur egun Iparraldeko kostaldean erabiltzen denarekin pareka daiteke. Ez dut nik asmatu, nire ikasleak horrela mintzo dira. Bestalde, hastapenetik bazen hilzorian zegoen pilotari izandako aitaren irudia, eta haren bizitza zela-eta ikerketa bat egiteko asmoz Iparraldetik munduko beste puntara joango zirela ere.

Ez al zizun beldur pixka bat eman pilotarien mundua nobela beltz baten barruan sartzeak? Zerorrek idatzia da euskaldunok pilotaria mitifikaturik daukagula…
Nola erran... Guk euskaldunok biziki maite dugu geure burua goraipatua izatea, baina nik ezagutu dudanaren arabera, euskaldunak ez gara hain ongi ikusiak. Filipinetan ikusten dute euskal izen bat, eta beraientzat kolonizatzaileen izena da. Eta bestalde, pilotariak oso ospetsuak ziren Filipinetan, baina gehienetan heien lantokia ez zen hain garbia, ustelkeria usaina zuen. Liburuan aipatzen dut hori, pilotariekiko dugun mitifikazioa haustea nahi izan dut. Nire aitatxi pilotaria zen, eta pilotariak maite ditut biziki, baina gogoa nuen istorio hori kontatzeko.

Pilota jokoa eta apustuak loturik daudela ematen du. Munduko edozein pilotalekutan gerta al daiteke zuk salatzen duzunaren antzekoa?
Hemengo pilota mundua ez dut batere ezagutzen, ez dut esan nahi hemengoa ere ustela dela. Europan gaude, eta gauzak nahiko kontrolatuak egongo direlakoan nago. Espero dut hala izatea, bederen kontrol fiskal edo horrelakorik egotea. Filipinetan, aldiz, oligarkia da nagusi, hamar bat familiek kontrolatzen dute boterea: familia batek estatu osoko elektrizitatea kontrolatzen du; beste batek, uraren baliatzea; hurrengoak, energia… Ez dago inongo demokraziarik. Hemengo edonork pilotaleku bat ireki nahiko balu Filipinetan, beharko du diru ustela erabili, familia handiei opariak egiteko, funtzionarioak mahai azpitik pagatzeko, komunikabideei eta politikariei beste hainbeste… Ongi dakit hori, antzerki emanaldi bat antolatzeko azpijoko hori egin behar izaten bainuen. Neure maila apalean hori egin behar banuen, pentsa zer ez den egin behar izango diru asko tartean delarik!


Azkenak
Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


Teknologia
Oinak lurrean

Interneten Willow hitza bilatzerakoan oraindik txikitan ikusi nuen pelikula baten izenburua agertzen da. Fantasiaz beteriko pelikula hartan, Willow izeneko gizon txiki batek, protagonistak, mundua eraldatu zuen, erresuma zapaltzaile batetik herritarrak askatuta. Google-k Willow... [+]


Materialismo histerikoa
Zuentzat

Araiak esan dit zuei idazteko. Esan dit, utzi baino lehen (aurten egingo dut), nire testu bat eraman nahi dizuela, nik ez dizuedala inoiz eraman, eta merezi duzuela, harro sentituko zaretela nitaz. Ezin da horrelako aukera bat galtzen utzi. Ez dakit jada esan ez dizuedan zer... [+]


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


Alerta laranjak

Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]


Jendetasun zolatik, Kittof gogoan

Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]


2024-12-18 | Jesús Rodríguez
Borroka aro berria Herrialde Katalanetan

2011. urtean M-15eko mugimendu indartsua lehertu zen, Kataluniako Gobernua ataka estuan jarri zuena. Besteak beste, orduko hartan Polizia Bartzelonako Katalunia plazako kanpaldi suminduari oldartu zitzaion, eta parlamentua setiatu zuten ekintzaileek, Artur Mas presidentearen... [+]


Izar Mendiguren. Saltsa berrietan beti
“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]


Eguneraketa berriak daude