Net Hurbil: Baziren behin Nasser, Nehru, Zu Enlai eta Bandung


2021eko uztailaren 19an
Urteurrenak espektakuluak beharren arabera antolatzen dira. Behar izanez gero, borobiletik gutxi duten datak ere -II. Mundu Gerraren akaberaren 60. urteurrena ari gara aspalditik ospatzen, 50.a aski izan ez bazen- nola edo hala zelebrazioen egutegian koadratzeko modua egiten da.

Asia eta Afrikako herrialdeetako buruzagiak apirila bukaeran Indonesiako hiriburuan bildu ziren, duela 50 urte Bandung-en gertatu zena gogoratzeko. Baina bitxia: ez hango liderrek egin dute indar handirik oroitzeko duela mende erdiko izpiritu hura, eta ez Mendebaldean ospatu dugu urteurren borobil hau. Ez zen komeniko.
Duela 50 urte (mende erdi) Indonesiako Bandung hirian Asia eta Afrikako zenbait herrialde independizatu berrik beren bilkura edo Konferentzia famatua burutu zuten. Mugarri haren ondotik abiatuta eraikiko zen Herrialde Ez Lerratuen mugimendua. "Herrialde Ez Alineatuak" esanda hobeto gogoratuko dira 40 urtetik gora dituzten irakurleak. «PC»k ordenagailu pertsonala bakarrik esan nahi duela uste duten gazteagoek, berriz, dena dute jakingai.

Le Nouvel Afrique-Asie aldizkarian eman du horren albiste Habib Tawa batek. Orain ez da hainbeste entzuten Afrique-Asie kazeta, baina duela urte batzuk kazetari aurrerakoi askoren errefentzietako bat zen. Jakin bezate, beraz, irakurle beteranoenek 80ko hamarkadako ARGIAn Pablo Sastrek hainbatetan aipatu zuen aldizkari horrek bizirik dirauela, bere zuzendari Simon Malley-k bezala. Hilabetekariaren artikulu batzuk on-line eskaintzen ditu bere web gunean.

Honela laburbildu du Bandung-1955 haren garrantzia Habib Tawak: "Duela mende erdi, sistema kolonialaren estalki zamatsua lehertu egin zen betirako, Asia eta Afrikako hogeita bederatzi herrialdek Indonesiako Bandung hirian bilduta aldarrikatu zutenean aro berri baten hasiera zela, independentzien aroa. Gure mundua gizon adoretsu haien oinordekoa da".

Bandungen bildutako agintari haien buruetako bat Gamal Abdel Nasser, Egiptoko lehendakaria zen. Egipto gaur albiste da CIAren aginduz atxilotu islamistak torturatzen dituelako, horra zein neurritan den AEBren morroi. Baina 1952an militarrek estatu kolpea antolatu zuten han monarkia hankaz gora botatzeko, honako goiburuarekin: "Jaso ezazu burua, anaia: bukatu da umiliazioaren garaia". Tawaren iritziz, esaldi horrek jasotzen zuen Bandungen 1955ko apirilaren 18tik 24ra bildu ziren buruzagien nahia.

Bide autonomoa potentzien artean

Asia eta Afrikako herrialdeak hamarkada horretan eta hurrengoan joango ziren independentzia eskuratzen, batzuetan kolonia gisa mende luzez egon ondoren. Horretarako, iraganarekin eta kolonizatzaileekiko beldurrarekin lotzen zituzten kateak hautsi behar zituzten. Bandungo balnearioan lehenbiziko aldiz 29 herrialde horiek beren buruen arabera definituko dituzte gaiak, eta ez kolonializatzaileekin kontraste eginez. Mendebaldean ulertu zuten mezu hori -bere ifrentzuan, noski- eta hemengo komunikabideetan herrialde "koloredunen" edo "beltzaranen" bilkura aipatu zen; Bandungera bilduen artean «zur»i bakarrak kazetariak baitziren.

Baina aldarrikapen orokor hori zehazterako orduan, tirabirak ez ziren falta. Nagusiena aurrikusita zegoen: zer gertatuko ote zen Sobiet Batasunaren aipamenak iritsitakoan? Batzuek Moskuren arras kontrakoak ziren, eta beste batzuek -garai hartan Txinak eta Ipar Vietnamek nagusiki- sistema komunista zeukaten. Zeilango (Sri Lanka gaur) ordezkariak eraso gogorra egin zion Sobiet Batasunari, eta beste superpotentzia kapitalisten parean ipini zuen. "Denen artean hondamendiaren atarira eraman gaituzte (...) Gizadi osoa suntsitzeko mehatxu dira". Irakeko ordezkariak Mosku bera ere inperialista izatea salatu zuen: "Hainbat arraza zapaldu dute sobietarrek Eki Europan eta Asian, beste edozein indar kolonial baino urrunago heldu dira horretan".

Baina Txina komunistaren ordezkari joan zen Zu Enlai-k ez omen zuen salaketa horien aurrean zirkinik egin. Keinu nabarmena zen: Txinak bere bide autonomoa hartua zuen. Ondoko urteetan Bandungen sortutako elkartea garatu ahala mamituko zen Washingtonen eta Moskuren artean bere estrategia propioa eraikitzea aldarrikatzen zuen Herrialde Ez Lerratuen mugimendua. Honen historian garrantzia berezia izan zuten geroko hainbat gailurrek: El Kairon egin zen bata 1957an, Belgradon 1961ean, Aljerren 1965ean, La Habanan 1966an...

Bandungoa Pakistan, India, Zeilan, Birmania, eta Indonesia askatu berriak antolatu zuten. Afrikatik Egipto, Etiopia, Libia eta Liberia etorri ziren; Ghana eta Sudan ez ziren artean formalki independenteak, eta Afrikako beste gehienak are gutxiago. Frantziaren mende zeuden artean Tunisia, Maroko eta Aljeria, baina hauetako askapen mugimenduek baliatu zuten Bandungo konferentzia beren aldarrikapenak munduari jakinarazteko. Ekialde Hurbiletik Libano, Siria, Jordania, Irak, Saudi Arabia, Yemen, Turkia, Iran eta Afganistan joan ziren. Palestinarrak Siria eta Yemeneko ordezkaritzen barruan iritsi ziren. Asiatik bi Vietnamak, Txina, Tailandia, Filipinak, Laos eta Nepal zeuden.

Konferentzia hartan fama berezia lortu zuten ondoko urteetan eta 60ko hamarkada osoan erreferentzia izango ziren zenbait politikarik. Gamal Abdel Nasser Egiptoko buruzagia Bandungen sagaratu zen mugimendu antikolonialistaren lider moduan. India ingelesen menpekotasunetik atera zuelako iadanik ezaguna zen Jawaharlal Nehru bere alaba Indira Gandhirekin azaldu zen, Gerra Hotzean bero-bero ari ziren bi blokeetatik aparte antolatzea eta mugimendu bakezalea aldarrikatuz. Norodom Sihanouk agertu zen Kanbodiatik, eta ondorengo hamarkadetan segiko zuen batera edo bestera aktualitate izaten. U Nu etorri zen Birmaniatik: honek bere herrialdeko Rangun-en eratu zuen aurretik Bandungekoaren antolatzaile bilera.

Behatzaile askoren iritziz, Txinaren ordezkaria izan zen Bandungeko vedetea, Zu Enlai. Asko beldur ziren Sobiet Batasunaren defentsa hertsia egingo ote zuen, eta aldiz, diplomazia lana trebetasunez eginez, bera eta Mao Zedongen eredua atera ziren handik oso indartuta.

Le Nouvel Afrique-Asieko erredaktorea ziur dago Bandungeko Konferentzia ahaztu ezinezko gertakizuna izan zela. "Behar bada gaurko gazteak ez dira ohartuko konferentzia haren ondoren mamitu ziren aldaketen neurriaz. Itxuraz, arrazoirik ez dute falta, mugimendu hura antolatu zuten herrialdeetan atzerako pausoak eman dira eta. (...) Baina gaur ditugun aurrerapenak lortu badira, hori posible izan da menderatuta zeuden gizarte haiek Bandungen beren etorkizuna beren eskuetan zegoela aldarrikatu zutelako. Jakin behar da, ordea, sakoneko aldaketek hamarka urte behar dituztela gero egia bihurtzeko".

1955ean Bandungen bildu zirenen artean zegoen begirale bezala Aljeriako mugimendu independentziazalea, buru Hocine Ait-Ahmed zuela. Ordurako frantsesek gerra zikinaren bidea abiatua zuten Aljerian. 10 urte lehenago, II. Mundu Gerra bukatu zen egun beretan (1945ko maiatzaren hasieran) 15.000 herritar hil zituen harmada frantsesak Setif-en, independentzia eskatzen zuten manifestazioak itotzeko. Gezurra dirudi, baina hori ere duela 60 urte gertatu zen. Frantziak ez du egunotan barkamenik eskatu.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


ASTEKARIA
2005eko maiatzaren 22a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Bai, filosofatu dezagun heriotzaz

Zer nolako harremana dugu heriotzarekin? Zer nolakoa helduek, zer nolakoa haurrek? Adinean gora egin ahala nola aldatzen da heriotzarekiko dugun begirada? Eta nola hitz egin heriotzaz haurrekin?

Bai, gai tabua bada ere, hitz egin dezagun heriotzaz. Hirugarren saio honetan... [+]


Euskal armagintza industria eztabaidagai (II)
Itsutu nahi gaituzten gerra hotsak

Azken aste eta hilabeteetan, mota guztietako erakunde politiko eta ekonomiko eta enpresarialek etengabe altxatu dituzte gerra-hotsak. Baina zarata burrunbatsu horren asmoa argi pentsatzen ez uztea eta beldurrak gure analisia nahastea balitz? Saia gaitezen errealitate hori... [+]


Non dago palestinarren aurkako sexu-indarkeria "sistematikoaren” aurreko haserrea?

Armadak egindako genero krimenen gero eta froga gehiago dauden arren, Israelgo emakumeen kolektiboek ez dute aintzat hartu edo ukatu egin dute, neurri handi batean, NBEren gaitzespen txosten berria.


Maiatza emankorra eta oparoa: “Maiatza urteko ardatza”

Sasoitsu, osasuntsu eta bizipozez gainezka egotea dut helburu. Jaten dudanak, egiten dudanak eta pentsatzen dudanak eragina du oreka eta malgutasuna lortzeko eta tentsioa saihesteko.


Mari zuria, elurrak urtzen dituena

Anbotoko Mari ezagutzen dugu askok, Aralarko dama, Aketegiko dama eta beste izen ugariz ere ezaguna dena. Amalur izaki gorputza hartua da Mari, gure jainkosa, euskaldunon artean ezaguna. Soineko apainez jantzitako andere bezala aurkezten da herri askotan. Baina nor ote da Mari... [+]


2025-04-28 | Jakoba Errekondo
Egurra diamantea baino arraroagoa da

Egurra diamanteak baino arraroagoa, bakanagoa da. Bai, unibertsoan errazagoa da diamanteak topatzea egurra baino.


2025-04-28 | Garazi Zabaleta
Oihanartia
Alpeetako hegoaldetik Nafarroa Beherera, abeltzaintza estentsibo eta dibertsifikatuarekin

Proventza eskualdean, Alpeen hegoaldean abiatu zuten Lili Saint-Laurent euskaldunak eta Mathias Guibert proventzarrak abeltzaintza proiektua duela hamar urte pasatxo. “Ardi, ahuntz, behi, txerri eta pottokekin plantatu ginen etxalde dibertsifikatua landuz, baina laborantza... [+]


Osakidetzan euskaldunak identifikatuta: arta euskaraz bermatzeko bidean pauso bat?

Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]


“Udalak onartu duen HAPOaren ondorioz, Kabia egoera ezegonkorrean dago”

Kabia gune okupatuaren 19. urteurrena ospatzeko jarduerak egingo dituzte gaurtik domekara bitartean, apirilaren 24tik 26ra. Bi hamarkada betetzear dagoen gune autogestionatu honek hainbat gorabehera izan ditu bere ibilbidean, eta, Udala bultzatzen ari den Hiria Antolatzeko Plan... [+]


Anestesia, Delirium Tremens, Zea Mays, Talco, Zetak eta Naxker Hatortxu Rockeko iragarpen berrien artean

24 talde berri iragarri ditu Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak. 63 talde iragarri dituzte dagoeneko eta guztira, 100 talde izango dira jaialdiko bost eszenatokietan.


Izaki Gardenak
Kantuak euria atertu zuenekoa

Izaki Gardenak
Noiz: apirilaren 20an.
Non: Iruñeko Gazteluko Plazan.

-----------------------------------------------

Ordu erdia baino ez da falta Iruñeko Gazteluko Plazan kontzertua hasteko; baina erdi hutsik da oraindik, euria ari baitu. Porlanezkoa nahiz ez den,... [+]


Trumpek gelditzeko eskatu dio Putini, eta Errusiak dio bake akordiorako ia prest dagoela

Zelenskiri Ukrainako gerra amaitu behar duen bake akordioa "arriskuan" jartzea leporatu ostean, Putini egin dio errieta Trumpek bere sare sozial Truth Socialen. Sergei Lavrov Atzerri Ministroak adierazi du bake akordioa adosteko prest dagoela Errusia. Kievek jakinarazi... [+]


Eguneko zentro publiko baten beharra aldarrikatu dute Uribe Kostako herritarrek

Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.


2025-04-25 | Enbata
Herriek (ere) asko egin dezakete euskararen alde

2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbata-k. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko. Hilabete honetan, Herriko Etxeek euskararen alde egin... [+]


Eguneraketa berriak daude