Erabilaldia


2021eko uztailaren 19an

1978an egin zen lehenengo Ibilaldia Uribe Kostan eta 1980tik aurrera 100.000 lagun baino gehiago batzen dituen jaialdia urteroko hitzordu bihurtu da. Bizkaiko Ikastolen jaialdia 1992an egin zuten lehenengoz Durangon. Ikastolaren hezkuntza proiektuaren berri eman nahi du eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea du helburu. Aurten, Durangoko Kurutziaga eta Ibaizabal Ikastolek antolatu dute maiatzaren 29an egingo den jai handia.

Ibilaldia, erabilaldia

Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek Durangaldeko ikastolen hezkuntza ereduaren ezaugarriak azaldu dituzte: hezkuntza euskalduna, berezko ikasmateriala, ikerketa eta garapena, kudeaketa autonomoa, ikastolen arteko lankidetza eta ekonomia nahiz izaera herritarra. Ikasketa tarte osoa eskaini nahi dute bi ikastolek, Haur Hezkuntzatik hasi eta batxilergo ostera arte. Ibilaldia Erabilaldi bihurtu nahi dute, euskara eta Durangaldeko hizkera bultzatzeko. Horretara, Ibilaldiaren ibilbide osoan euskara lantzeko jarduerak izango dira, ahoz nahiz idatziz parte hartzeko. Bestalde, euskal herritarrei Durangaldea erakutsi nahi diete, Anbotoko magalean paraje ikusgarriez gozatzeko bide izan dezaten.

Leloa eta abestia, uztarturik

2005eko Ibialdiak bostekoa eman nahi dio euskal gizarte osoari eta ideia hori gogoan egin dute aurtengo leloa antolatzaileek: Emon bostekoa. Di-da diseinu kooperatibak sortu du marrazkia, bostekoa emateko esku batena. Abestiak ere leloarekin egingo du bat maiatzaren 29an. Pop-rock erritmoz Ander Ertzilla durangarrak egin du doinua eta hitzak Unai Iturriaga bertsolariarenak dira. Han eta hemen entzungo den kanta, berriz, Ken Zazpi musika taldeko Eñaut Elorrieta abeslariak, Anderren alabak, Jone Ertzillak eta Ikastolako ikasle eta guraso talde batek abestu dute. Kanta sortzen parte hartu duten guztiek dute lotura Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolekin. Eñaut Ibaizabal, esaterako, ikastolako irakaslea da, Unai Iturriaga Kurutziagako ikasle ohia eta Ander Ertzilla Ibilaldia 2005 antolaketa taldeko kidea. Abesti bizia da, ikastolen eta euskararen jaiaren giro alaiaren adierazgarri.

Bizkaiko Ikastolen Elkartea

Bizkaiko Ikastolen Elkartea (BIE) Bizkaiko ikastolek sorturiko hezkuntza kooperatiba da. Sorreratik gaur arte, helburu jakin bati jarraitu dio, alegia, kalitatezko euskal eskola elkarrekin garatzeari. Lan horretan eginkizun bikoitza du Bizkaiko Ikastolen Elkarteak; batetik, ikastolei kalitatezko zerbitzu pedagogikoak eskaintzea, haurrak eta gazteak hezten laguntzeko. Bestetik, euskara eta euskal kultura garatzeko bidea lantzea.

2004-2005 ikasturtean 21 Ikastola dira Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bazkide eta orotara 13.400 ikasle inguru dituzte.

Proiektu bikoitza: Ibaizabal eta Kurutziaga ikastolak, bat eginik

Ibaizabal ikastola 1999an sortu zen, gurasoen ekimenez eta ikasleei DBHren osteko ikasketak eman ahal izateko. Egun 163 ikasle daude eta kooperatiba bat da, guraso-ikasle eta ikastetxe-irakasle arteko harremana zuzenean bideratzeko. Ibaizabalen Batxilergoa eskaintzen dute, Giza-gizarte, Teknologia eta Osasun-Natur Zientzien arlokoa. Honako bost ikastola hauek osatzen dute Ibaizabal: Durango, Elorrio, Zornotza, Ondarroa eta Lekeitio ikastolek. Horiez gain, harreman estua du Galdakao eta Ermuko Anaitasuna ikastetxeekin.

Irakasle taldea gaztea da Ibaizabalen eta horrek eragin handia izan du zentroaren funtzionamenduan. Ikasleei arreta berezia ematen zaie eta euren parte-hartzea sustatu asmoz, makina bat irteera antolatzen dute ikasturtean zehar: eskiatzera, Euskal Herriko herriak bisitatzera, eta abar. Jaialdiak ere antolatzen dituzte, Gabon jaien inguruan esaterako.

Ikastola berezia da Ibaizabal, hezteko ez ezik, Partaideren Zuzendarien Mintegia, Pedagogia arduradunen Mintegia, administrariena eta bestelakoena ere hartzen baititu bere instalazioetan. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak ere hainbat bilera antolatzen du Ibaizabalen. Asteburuetan ere ez da atsedenik Ibaizabalen, EITB-k ematen duen Betizu saioa bertan grabatzen dute-eta.

«Eroriz ikasten da oinez» dio esaera zaharrak eta Ibaizabalen ere garai gogorrak igaro dituzte. Baina bertakoen lan onak eta gogoak fruitu aberats eta emankorrak eman ditu eta egoera ekonomiko gogorrak atzean utzita, etorkizunari gogotsu begiratzen diote. Hari horretatik, Ibaizabalek sendo finkaturik du batxilergo eskaintza eta orain beste helburu bat du: Prestakuntza Zikloak eskaintzea. Ibaizabal helburu horrekin sortu zen, Prestakuntza Zikloen eskaintza euskalduna oso urria delako Euskal Autonomia Erkidegoan. Hori lortzeko, Markinako Lea Artibai ikastetxearekin elkarlanean jardutea aztertzen ari dira. Erronka gogorra jo dute, eta oro har ikastolen mugimenduari egingo dio mesede.

Kurutziaga ikastola 1967an sortu zen. «Aurtxoa» ikastolak 24 neska-mutilekin ireki zituen lehenengoz ateak. 1972an kooperatiba bihurtu zen. Egun Durangaldeko ikastola handiena da eta 700 ikasletik gora ditu: haurtzaindegia, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBH hezkuntza zikloak eskaintzen dituzte bertan.

Kurutziaga Ikastola Guraso Kooperatiba bat da, irabazteko asmorik gabea eta kudeaketa autonomokoa. Pertsonak prestatu eta horiei euskal kultura transmititzea du helburu nagusi eta horretarako, Durango eta inguruetako ikasleak hartzen ditu. Helburu horiek lortzeko bidean, hainbat mugarri azpimarratzen dituzte Kurutziagan, hala nola, eleaniztasuna, Euskaraz Bizi programa, euskal kultura eta teknologia berriak.

Eleaniztasuna

Euskarari lehentasun erabatekoa ematen diote Kurutziagan. Hala ere, gizarteari ezin bizkar egin eta horretara, haurrek txikitatik ikasten dituzte erdarak. Horregatik, euskararen nagusitasunaren ondoan, inguruko hizkuntzak jakitea ere ezinbesteko jo dute Kurutziagan. Ikastola ele askotan ontzen da beraz, ikasleen sormena eta adimena aberasteko, komunikatzeko gaitasuna errazteko. Ikasleek lehenengo egunetik ikasiko dute euskaraz Kurutziagan, baina lau urte dituztelarik hasiko dira ingelesa ere lantzen. Lehen Hezkuntzan gaztelania dute ikasgai eta hamabi urterekin alemana edo frantsesa izango dituzte aukeran. Hamalau urterekin ikasgai bat osorik emango dute ingelesez 2005-2006 ikasturtean. Ikastolen Eleanitz Proiektuak europar saria jaso du.

«Euskaraz Bizi»

Inguru erdaldunean euskara nola irakasten eta zaintzen den ezinbesteko giltza da Kurutziagakoen ustez, ikasle diren haurrek beren jatorrizko hizkuntza maita eta erabil dezaten. Baina hizkuntzak funtzionala izan behar du, eta horregatik, gizarte arlo orotan, politikan, kulturan eta ekonomian, euskaraz bizi behar dutela irakasten diete ikasleei Kurutziagan. Aspalditik daude ikastola asko «Euskaraz Bizi» proiektuan murgilduta. Proiektu horren xedea da euskararen erabilera, gelan nahiz etxean sustatzea, euskara jatorra eta zuzena bultzatuta. «Euskaraz Bizi» programa haurrengana hurbiltzeko bidea Argitxo iratxoa da, umeen laguna eta euskara ondare aberats eta preziatu gisa haurrei helarazten diena. Horrez gain, DBHko ikasleek Euskara Elkartea sortu dute ikasleengan euskararen erabilera sustatzeko. Horretarako hainbat ekintza antolatu dute: sentsibilizazio kanpainak, lehiaketak, bertso-askaria, hitzaldiak, Bertotik-bertora aldizkaria, eta abar.

Teknologia berriak

Aurrerapen etengabeak ikastolak ere hartu ditu eta Kurutziagan bitarteko berriak prestatu dituzte heziketa aberats, gaurkotu eta jarraitua egiteko. Informatikak garrantzia handia hartu du azken denboretan eta ikasle guztiei ematen zaie baliabide horiek erabiltzeko aukera. Bide horretan, urrats sendoak egiten ari dira urtez urte Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak garatzeko plana diseinatu eta gauzatuta. Azpiegiturak -ikastola barneko sare bat prestatu eta ikasleen Internet erabiltzeko bide izan dezaten-, baliabideak -Ikastolen Elkarteak sorturiko materiala aztertu eta erabiltzea: proiektuak, IKASDAT softwarea, eta abar- eta prestakuntza -multimedia, informatika aplikazioak, eta abar- dira helburu eta aztergai nagusiak.

Idurre Maortua (Ibaizabal Ikastolako zuzendaria): «Aukerako ikasgai batzuk ingelesez eskaintzen ditugu, Euskal Herriko Historia esaterako»

Ibaizabal ikastolako hezkuntza eskaintzaren berri eman digu Idurre Maortuak, zentroko zuzendariak. Horrez gain, etorkizuneko erronkak eta maiatzaren 29an egingo den Ibilaldian eskuraturiko irabaziak zertarako erabiliko dituzten ere azaldu digu.

Zer eskaintzen duzue Ibaizabalen?
Batxilergoa, DBH ondorengoa. Batxilergoko hiru modalitate ditugu, Teknologia, Zientzia eta Giza-Gizarte arloak. Asmoa baina datorren urtean bertan goi mailako prestakuntza ziklo bat eskaintzea da. Ibaizabal ikastola hiru lerroko ikastetxea da, baina batxilergo arlokoa. Bi maila daude eta maila bakoitzean hiruna gela ditugu, guztira sei. Horrez gain, gure proiektua edo erronka da Lanbide Heziketako eskaintza martxan jartzea. Berezia da Ibaizabal, beste zerbitzu batzuk ere baditugulako: ostatua daukagu, gimnasioa eta taberna ere bai.

Ibilaldiaren irabaziak horretara bideratuko dituzue, beraz?
Bai, hain zuzen ere hori da datorren urtean egingo duguna, Galdaketa eta Pulbimetalurgia Bidezko Produkzioa izeneko zikloa jarriko dugu martxan. Horretarako eraikin berria egin beharko dugu. Apurka-apurka Lanbide Heziketako eskaintza garatzea da gure asmoa eta horretarako eraikin berria behar dugu, zortzi gela berri eraiki behar ditugu-eta. Horretara bideratuko ditugu Ibilaldiko etekinak.

Euskarak nolako garrantzia du Ibaizabalen?
Ibaizabalen D eredua bakarrik dugu eta horretara, euskara nagusi da gure zentroan. Baina Ikastolok eleaniztasunaren aldeko apustua egiten dugunez, ingelesa ikasgai izateaz gain, beste ikasgai batzuk ere, aukerakoak, ingelesez eskaintzen ditugu, Euskal Herriko Historia esaterako. Baina horiek guztiak D ereduan ematen dira. Hain zuzen ere Lanbide Heziketa martxan jarri eta bide horretan ere euskarazko eskaintza egitea da gure asmoa, D ereduan eskaintzea, alegia. Horregatik sartu nahi dugu Lanbide Heziketaren bidean, orain eskaintzen dena oso eredu erdalduna dela uste dugulako. Horiek horrela, arlo horretan gure ekarpena egitea erabaki genuen, ez Ibaizabal ikastolak bakarrik, Ikastolen mugimenduak oro har hartu du bere plangintzaren barruan Lanbide Heziketa euskaraz eskaintzeko zeregina.

Amaia Gutierrez (Bizkaiko Ikastolen Elkarteko idazkari teknikoa eta komunikazio arduraduna): «Ibilbidea euskara erabiltzeko aukeraz josiko dugu»

Durangaldeko euskararen gainean mintzatu zaigu Bizkaiko Ikastolen Elkarteko kidea. Etorkizunari erronka bota eta gogotsu erantzuteko prest dira Bizkaian.

Nolakoa da euskararen egoera Durangaldean?
Durangaldean gero eta gehiago hitz egiten da euskaraz baina oraindik lanean jarraitu behar dugu, batez ere erabilera indartzeko. Horregatik, aurtengo Ibilaldia erabilaldi bihurtu nahi dugu, gure berbeta erabili eraginez. Horretarako, ibilbide osoa euskara erabiltzeko aukeraz josiko dugu, ahozko eta idatzizko parte-hartzea bultzatzeko ekitaldiak izango dira nonahi.

Zein xede du aurtengo Ibilaldiak?
Alde batetik heziketa-tarte osorako proiektua osatu nahi da. Kurutziagan Haur Hezkuntzatik hasi eta hirugarren lerroa ere ezarri nahi da, ikastolan hasi eta hezi nahi duten ikasle guztiak hartzeko eta horiei ikasketak osorik Ikastolan egiteko bide emateko. Bide batez, ikastolen mugimendua eskualdean sendotzeko ere erabiliko da. Beste alde batetik, Ibaizabalen, Lanbide Heziketaren proiektua martxan jartzeko erabiliko dira irabaziak, euskaraz eskaintzen den eskaintza hori areagotzeko.


Azkenak
Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


2025-01-17 | Antxeta Irratia
Dagoeneko 1.000 autoinkulpaziotik gora bildu ditu J’accuse kanpainak

Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika... [+]


2025-01-17 | Gedar
Soraluzen ‘desokupei’ aurre egiteagatik deklaratu beharko du lagun batek

 Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.


Tokiko espezieekin osatutako basoa landatzeari ekingo diote igandean Arrankudiaga-Zollon

Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.


Ezezkoa eman dio Eskoriatza eta Aramaio arteko parke eolikoari Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoari.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


2025-01-16 | Euskal Irratiak
Laborantzari buruzko ikuspegi desberdinak agerian, Departamenduko Laborantza Ganbararako bozetan

Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeen kanpaina abiatu da. Urtarrilaren 14an bozetara aurkezten diren hiru sindikatuen ordezkariekin bi oreneko eztabaida sakona antolatu zuten Euskal Hedabideek, osoki euskaraz.


Montanako (AEB) Auzitegi Nagusiko epaile anderea... euskaraz

Irulegi irratiak elkarrizketatu du AEBetako Montana estatuko Auzitegi Nagusiko epaile Katherine Bidegaray. Gurasoak behe nafartarrak zituen, aita Mendibekoa eta ama Ahatsakoa.


2025-01-16 | Leire Ibar
Osakidetzako zuzendari ohi Mikel Sánchezek Mutualiarekin fitxatu du

Sánchez, 2019tik 2024ra Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria izan zena, azaroan hasi zen Mutualia enpresako mediku-zuzendari gisa. 2024ko udan kargua utzi eta hiru hilabete eskasera egin zuen jauzia enpresa pribatura, Jaurlaritzaren oniritziarekin.


Gazarako su-etena adostu arren, akordioaren bozketa gibelatu du Israelek

Adosturiko puntu batzuk aldatzen saiatzea leporatu dio Benjamin Netanyahuk Hamasi, baina azken honek informazioa gezurtatu egin du berehala. Urtarrilaren 15eko arratsaldean adostutakoaren arabera, hiru fase lituzke meniak eta igandean abiatzekoa dute. Bizkitartean, erasoekin... [+]


Militantzia politikoaren debekurik ez!

Asteartean eman zuten jakitera bost gazte lapurtarren kontrako sententzia. Hamabost hilabeteko espetxe zigorra gibelapenaz bi gazteri, 500 euroko isun banarekin; 140 orduko lan behartua eta 500 euroko isun bana beste bi gazteri; eta, azkenik, 1.700 euroko isuna beste... [+]


Adingabeak babesteko Foru Legea behingoz praktikara eramatea eskatu diote Nafarroako Gobernuari NUPeko ikertzaileek

Sandra Siria Mendaza eta Hodei Sarasa Camacho Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko irakasleek haien ikerlanen ondorioak azaldu dituzte Nafarroako Legebiltzarrean. 2022Ko legean “komunitateko tutore” figura berria sortzea eskatu dute, harrera baliabidetan... [+]


“More with less”

Lehengo batean, The Wire telesail sonatua berrikusten ari nintzela, etsipena gogora ekarri zidan eszena bat heldu zen. Bertan, The Baltimore Sun egunkariaren zuzendaritzak langileak bildu eta datozen aldaketei buruz ohartarazten die; hau da, kaleratzeez eta distira gutxiagoko... [+]


Eguneraketa berriak daude