Fernando Maiora: «1815ean Artaxoako gazteria euskalduna zen»


2021eko uztailaren 28an
Zerk bultzatu zaitu historia ikertzera?
Egiazalea naiz, eta gaur egun jende askok ez du egiarik esaten. Nafarroako gezurrezko historia ari zaizkigu kontatzen; artxibategietara etorri eta benetako historia atera beharra daukagu, Artaxoako eta Nafarroako historia ez da-eta 36ko uztailaren hemezortzian hasten. Ahalegin eta dirutza handia kostatzen zait niri hau egitea, baina ahal dudan guztietan etortzen naiz; ia-ia egunero, astelehenetik ostiralera.

Artaxoan euskara aspaldi galdu zela uste izan da. Zuk ustea ustela dela frogatu duzu...
Behin batean Ramon Armendariz «Mandingo»k, herriko batek, esan zidan «bazirela gutxienez 500 urte Artaxoan euskara galdu zela». Herritar gehien-gehienek gauza bera sinesten dute. Nik esan nion «Mandingo»ri, arrazoi zuela, Artaxoan euskaraz mintzo zirela duela 500 urte, duela 1.000 urte… baina baita duela 200 urte ere.

Nola hasi zinen lanean?
Hogei-bat urte izango nituen familiako arbola genealogikoa egiten hasi nintzelarik. Elizako artxibategietan ehunka euskal ezizen topatu nituen, baita denak altxatu ere, eder askoak dira anitz: Ezkonberria, Bizargorri, Mairuburu, Urdina, Gorria, Mutil Ederra, Tripazabal, Eztigrina, Gezurti, Kaskamotz, Buruzuri, Txulufrin, Borrokaria, Ardangrina... Artaxoako zenbait familiak mendeetan mantendu izan dute goitizena, gaur arte. Gero euskararekin zerikusia duten datu ehizan hasi nintzen buru-belarri eta udal artxibategian muturra sartu nuenean euskara solasten zutela frogatzen zuten agiriak topatu nituen. Prozesu juridiko-administratibo guztiak idatziz jaso dira Nafarroan XVI. mendeaz geroztik: senar-emazteen arteko ika-mikak, auzoen artekoak, lapurretak, labankadak, mozkorrek eragindako triskantzak, erailketak… horietan ibili naiz euskararen arrastoen peskizan.

Artaxoarrek izandako tira-biretatik aipa iezaguzu bat.
Euskararen aipamena topatu nuen lehena. Egundoko poza hartu nuen, aulkitik salto eta «ostia!» oihukatu nuen. Hura zoriona! Fotokopiatu eta emazteari erakutsi nion. 1687ko gertaera bat da. Dakigunez Artaxoako ostatu bateko jabea eta bere koinatua borrokan topatu eta banandu egin zituzten ostatuan zeudenek. Ostatuan ziren kanpotarretako batek, Juan Roman aragoarrak alkateari zin egin zion berak ez zekiela zergatik ari ziren borrokan, «…por que no entiende basquenze y todo lo ablavan en esta lengua…».

Euskararen albiste berriagoak ere topatu dituzu ezta?
Bai, 1815eko abuztuan, Mendigorriako festetan liskarra izan zuten artaxoarrek bertakoekin. Hainbesteko zalaparta eta iskanbila ibili zuten, ezen batzuek zekorrek ihes egin zutela uste izan baitzuten. Artaxoarrek elkar hartu zuten eta borrokan aritu ziren Mendigorriakoen eta Ziraukiko bateon baten kontra. Hau da Mendigorriako amona baten lekukotza: «…a la salida del pueblo obserbo que un tropel de jentes hiban corriendo hablando en Bazcuen que por no entender el idioma no sabe lo que decian…y se dezia que dichos sujetos que corrian eran de Artajona que habian emprendido una camorra con los de Zirauqui». Liskarrean aritu ziren 42 artaxoarretatik gehienak hogei urteren bueltan zebiltzan gazteak ziren. 1815ean herriko gazteria euskalduna zen, eta euskaldun hil zen, gaiztakeriatan ibili zen haietako azkena 1876an.

Garaiko bizimoduaz anitz erakusten al dute prozesuek?
Dudarik-eta ez. Mendigorriako liskarren harira Gil Linares epaileak nafarroi buruz idatzi zituenak egundokoak dira. Baltasar Garzón ekartzen dit gogora. Gaur egun auto horrek barregura ematen du; orduko auzipetuei ez zien grazia zipitzik egingo.
Bestalde, agiriek erakusten dute garaiko artaxoarrek herriari eta hizkuntzari zioten maitasuna ikaragarria zela. 1790ean Artaxoako udalak, txandroek »jauntxo esaten diezue Gipuzkoan», elizak eta herriko ilustratuak bat egin eta erdi ezkutuka idatzia bidali zioten Espainiako erregeri orduko eskribaua ordezkatu ziezaieten. Eskribau berria nor nahi zuten ere jarri zuten: "…Rafael de Ororbia (…) escribano real que se alla a residencia en los valles de Amescua, es el mas proporcionado para (…) dar ebasion a las escrituras y dilixencias que ocurran a los vecinos y no puede desenpeñarlas dicho Nuin (eskribau zaharra) ya que el enunciado Ororbia como natibo de esta referida villa, posee la lengua bascongada, que es la que comunmente se usa en la misma…".

Nola liteke XIX. mendeko hondarrera arte euskaldunak izan diren herrian, jendeak euskara duela 500 urteko kontua dela pentsatzea?
Agintariek, berezko Nafarroaren aurka, sustatutako ahanztura eta baztertzeak ekarri du hori. Joan Amezkoara, han uzkurrak dira euskararekiko: eta bertako agureen aiton-amonak euskaldunak ziren.

Ikerketan zein zailtasun izan dituzu?
Milaka agiri aztertu ditut, dozena-erdi artxibategitan. Agiritegietako langile askok lagundu didate baina beste askok ahal izan duten eragozpen guztiak jarri dizkidate, alukeria mordo bat. UPNren esku dagoen Artaxoako udalak, adibidez, artxibategia ikertzeko araudi berria atera zuen. Ordurako, zorionez, han egin beharreko handi-aurkiak eginak nituen. Baina hemendik aurrera inor joan ez dadin atera dute lege berria. Gaur egun ostegunetan baino ez dute zabaltzen udal artxibategia eta gainera kobratu egiten dute.
Laguntza ere izan dut, zorretan nago Rafael Carasatorre Vidaurre etxarriarrarekin. Maisua da niretzat.

Nola izan da argitaratzea?
Iazko udaberrian hasi nintzen liburua kaleratzeko laguntza bila. Artaxoako udalak lagunduko zidala agindu eta gero gutuna bidali zidan esanaz hogeita bost liburu erosiko zizkidatela inprimategiko prezioan. Duintasunagatik, ez nien onartu eskaintza. Artaxoako Nekazal Kooperatibaren aurrezki kutxa izan da diruz pixka bat lagundu nauen erakunde bakarra. Dena dela liburua kalean bada, Nafarroa kanpoko pertsona batzuei esker da. Euren izenak ez esateko eskatu didate, baina beraiei zor diet liburua argitaratzea. Pare bat argitaletxerekin solastu nintzen baina eskatzen zizkidaten baldintzak ikusita neronek argitaratzea erabaki nuen, eta iazko abuztuaren azkenetan izan nuen esku artean.

Jose Maria Jimeno Jurio artaxoarra zen, harremanik ba al zenuten?
Izango ez nuen ba. Hark bazekien zokomiran ibiltzen nintzela baina ez askoz gehiago. Nik oso ingurukoei baino ez nien azaldu zertan ari nintzen, isilpean gorde dut egiten nuena. Izan ere artxibategietara zertara joaten nintzen jakiten bazuten lehendik jartzen zizkidaten trabak handituko zizkidaten beldur nintzen.

Letra larriz idatzitako kultura eta ingurumari akademikotik kanpokoa izan arren, euskararen historiografia goitik behera astindu duzu Artaxoan euskarak XX. mendearen atariraino iraun zuela frogatuz. Zer sentitzen duzu?
Ahal izan dudana baino ez dut egin nik. Artxibategietan paper zahar artean bila jarraituko dut, ea Nafarroako historia hobeto ezagutzeko zerbait topatzen dudan.

Artaxoako euskararen bi ezaugarri (Aitor Arana, idazlea eta hiztegigilea)

Artaxoako euskarazko zazpi esaldi dira Fernando Maiora jaunak, agiri zaharren mendeetako hauts artetik berreskuratu dituenak. Asko ez badira ere, hizkuntz balio handikoak zaizkigu, orain arte herri honek euskaraz eskain zezakeen guztia (eta ez zen gutxi) bere toponimia euskalduna eta bertako gaztelanian gordetako euskal hitzak baitziren, XX. mendearen hasieran bertako azken euskaldunak hil eta gero.

Esaldiok erakusten dituzten Artaxoako euskararen bi ezaugarri ikusiko ditugu hemen.

Aditz laguntzaileari dagokionez, NOR-NORI-NORK paradigmako forma bat irakur daiteke: "erran diaizudala", garai batean egun baino hedatuagoa zen "derauzut" formaren eratorria dena.

Erakusleen alorrean, hiketan jaso den "ator gona" aginduaren barruan "hona" erakuslea g protetikorekin ikus daiteke. Aurkikuntza honek honelako erakusleen isoglosen eremua zabaldu digu, orain arte arrastorik ere ez baikeneukan Artaxoan halakorik esaten zenik, gaur egun Aezkoan esaten den bezala, eta garai batean Itzarbeibarren, Eguesibarren, Erroibarren, eta Artzibarren esaten zela dokumentaturik dagoen bezala.


Azkenak
Bonus track: non dago saria?

Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira,... [+]


Argia Sarien kronika
Galga azkartasunari

Gauzak bizi eta azkar aldatzen badira ere, zenbait kontu ez dira aldatzen: Argia Sarien ekitaldia da horietako bat. Horixe esan dio kronikagile honi beharrera etorri den kanpoko kazetari batek, ARGIA asko aldatu dela esatearekin batera, sari-banaketa hasi aurretik. Onerako ari... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura

EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Entzunezko Argia Saria: BaDA!bil podcasta

Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak

Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.


2025-01-31 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Oroibidea

Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]


2025-01-31 | ARGIA
ARGIAko lantaldearen mezua: Mundu ilunean, ARGIA gehiago

Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:

"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Banatu ditugu euskarazko komunikazioaren 2025eko Argia Sariak

Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]


Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Estatuaren biktimek Chivite lehendakariari eskatu diote egon dadila euren aitortza ekitaldian otsailaren 13an

Estatuaren biolentziaren biktima gisa onartzeko 125 eskaera egin zaizkio Nafarroako Gobernuari 2023an eta 2024an. Horietatik 41 onartu dira. Egiari Zor eta Torturatuen Elkarteak ongi baloratu dute egiten ari den bidea.


'Arizona' antzezlana
Muturrekoa, muturreraino eramanda

Arizona
Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola..
NOIZ: urtarrilaren 26an.
NON: Berrizko Kultur Etxean. plazan.

-------------------------------------------

Arizona eta Mexiko banatzen dituen muga zaintzera abiatu da Idahotik Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon... [+]


Eguneraketa berriak daude