Garapenerako gobernuz Kanpoko Erakundeen indarra handia da munduan. Nazioartean garapenerako lankidetzara bideratzen den diru guztiaren %10 maneiatzen dute eta Europan bakarrik mota horretako 4.000 erakunde inguru daude. Neoliberalismoaren eta askatasun ekonomikoaren garaian, esanguratsua da GGKEen areagotzea. Gobernuek ez dute trabarik ipintzen; alderantziz, diru-laguntzekin sustatzen dituzte. Azken finean, askoren ustez erakunde horiek gizarte politiketan estatuek betetzen ez duten beharrari erantzuten diote eta hala hiritarren kontzientziak lasai mantentzea lortzen da, gobernuak Hirugarren Munduarekiko duen erantzukizuna bere gain hartu gabe. Dudarik gabe, erakundeetako boluntarioen lanak diru asko aurrezten dio estatuari eta hiritarrari helarazten zaion irudia, gainera, hobea da: gobernuek baino sinesgarritasun handiagoa dute eta gure kontzientziak baretzen dituzte. Irakeko inbasioa hasi aurretik jada AEBetako Gobernuak GGKEak Iraken nola antolatu zituen ikustea adibide garbia izan daiteke estatuak erakunde horietaz nola baliatzen diren frogatzeko. Baina gobernuen eta herritarren limosna Hirugarren Munduari bidaltzen dion bitartekaria izateari utzi nahi diotela konturatzen hasi dira GGKEak.
Izan ere, kooperazioak edo lankidetzak Lehenengo Mundua deituriko herrien limosna itxura hartzen du gehiegitan. Iparraldeko herritarrok Hegoaldekoak nola elikatzen, laguntzen eta prestatzen dituen ikustera ohituta gaude, Iparraldekoon errukia eta solidaritatea agertuz. Baina estereotipo horietatik aldendu behar dela uste dutenak geroz eta gehiago dira. Belen Rodero GGKEen Euskadiko Koordinakundeko lehendakariak argi dauka: «Abenduko tsunamiaren antzeko gertakizunetan egiten den komunikabideen erabilera eta laguntza puntuala kritikatzen dugu, ez baitute erakusten gu ere mundu beraren zati eta han gertatzen denaren erantzule garela». Hemen hartzen ditugun erabaki politikoek, «esne, kotoi edo azukrearen kuoten inguruko erabakiek, adibidez», zuzenean hango egoeran eragiten dute. Beraz, errukia arduragatik aldatu behar da, Iparraldekoon bizi-maila Hegoaldekoen pobreziak ahalbidetzen duelako, neurri batean. «Guk ez ditugu kontzientziak arindu nahi, astindu baizik», dio Roderok.
Are gehiago, askotan konponbide egokiagoak aukeratzeko neurriak izan arren, tartean interes estrategikoak daudelako gobernuek ez dutela aproposena egiten salatu du Roderok. Merkataritza, armagintza, ekonomia eta politikarekin lotuta dauden interesengatik, askotan ez dira behar gehien duten herrialdeak laguntzen. Gainera, «gobernuek gerora itzuli beharreko kredituak diru-laguntza bezala saltzen dituzte Hirugarren Munduan, edo enpresak eta ekimenak lurralde konkretu batzuetan kokatzeko laguntzak ematen dira, industria horiek han indartzeko asmoz, baina garapenerako laguntza dela argudiatuz. Espainiako Gobernuak Marokon egin duenaren antzera». Kolonizazio garaietan bezala, behin baino gehiagotan demokrazia eta merkataritza harreman interesatuak ezartzera gerturatu izan dira gobernuak Hirugarren Mundura, komunikabideen ezinbesteko laguntzarekin. Komunikabideek lankidetzaz eta GKEez ematen (zenbaitetan saltzen) duten ikuspegia baita hiritarroi iristen zaiguna. Komunikabideek hiritarrak sentsibilizatzeko balio behar dutela uste dute boluntarioek. Behar Bidasoa GGKEko kide Agustin Ugarteren iritziz, Hirugarren Munduko irudi gordinak erakustea neurri batean beharrezkoa da jendea kontzientziatzeko, baina hondamendi eta gertakari puntualen «informazio bonbardaketek» ez dute laguntzen, denborarekin ahaztu egiten direlako.
Hain justu, hondamendi eta gertakari horiei baino ez erantzutea egotzi izan zaie GGKEei. Hau da, burokrazia hutsean erori direla eta jarraitzen den prozesua erosoa eta estatikoa dela uste du Gobernuz Kanpoko Erakundeetako korronterik kritikoenak. Larrialdietan, GGKEek segituan jana eta laguntza bideratzen dute eta uneko arazoa arintzen dute, baina normalean ez da aurreikuspen estrategiko eta teorikorik egiten eta benetako arazoa konpondu gabe geratzen da. Roderok onartu du GGKE batzuk horrelako laguntza konkretuetan zentratzen direla, baina ekimenen planteamendua aldatzen eta edukietan garatzen ari dela ziurtatu digu: «Geroz eta gehiago, Hegoaldeko gizarte zibila indartzera eta bertako ekonomia, egiturak eta erakundeak beraien kabuz sortzera orientatuta dauden proiektuak bultzatzen dira», adabakiak jarri beharrean arazoa errotik konpontzeko hango jendeari baliabideak eta prestakuntza ematea baita bidea.
Kontrakoa, arazoei uneko konponbideak ematea alegia, kaltegarria izan daitekeela uste du PTM-Mundubat GGKEko kide Iosu Peralesek. Bere esanetan, bertako ekoizpen propioa sustatu eta sakoneko arazoa konpondu beharrean denbora luzez jana eta laguntza ematen duten erakundeek lurralde horretako herritarrak ohitzera eta laguntzekiko mendekotasuna sortzera eraman ditzakete. Agian krisia arinduko dute, baina luzera ez diote inondik inora sakoneko arazoari irtenbiderik emango.
Erakundeen arteko koordinazio faltak ere kalte handiak eragin ditzake banatzen den laguntzan, ahalik eta onura handiena lortzeko gastuak banatu eta ahaleginak bateratu beharrean, hainbatek bere kabuz egiten baitu lan. GKEetan aditu Alfred Vernisen iritziz, ez da zentzuzkoa lagun gutxi batzuen artean ezerezetik GKE bat sortzea eta beste erakundeekin koordinatu gabe lanean hastea. Izan ere, planteamendu onik gabe egindako lana beti ez da lagungarria suertatzen. Hala, medikurik gabeko herri batean osasun zentroa eraiki zuen erakundearen kasua aipatu du Vernisek. Bere ustez, garapenerako lankidetzan ez dago lekurik erakunde gehiagorentzat eta batzuk ateak itxi beharko dituzte. Daudenen arteko harremanak garatzea da bidea. Belen Roderorentzat ere koordinazioa funtsezko urratsa da lankidetzan aurrera egiteko. Koordinakundeak duela urte batzuetatik sare garrantzitsua duela dio, baina parte hartzea areagotzeko oraindik aliantzak eta harremanak gehiago indartu behar dituztela onartu du.
Botere publikoaren diru-laguntzen menpe?
Aipatutako planteamenduak, erakundeetako kide kritikoenen artean geroz eta aztertuagoak, lana egiteko erari dagozkio batik bat. Baina planteamendu berrietara irekitzeko askatasun osoa al duten galde dezake baten batek. Azken finean, diru-laguntza publikoekiko mendekotasuna oso handia da gehienetan eta beraz, zein puntutaraino dira erakunde hauek ‘gobernuz kanpokoak’? Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako departamentuak, esaterako, saileko aurrekontuaren %89 baino gehiago diru-laguntzetara bideratzen du. Zehazki, aurten GGKEentzat 32.216.000 euroko aurrekontua du. Nafarroako Gobernuaren baitan ere, Nazioarteko Garapenerako Lankidetza Zerbitzuak duen 16.222.672 euroko aurrekontua ia bere osotasunean GGKEetara bideratzen da. Garapenaren arloan, gutxi da gobernuak berak zuzenean kudeatutako ekintzetara bideratzen duen dirua, gehiena GKEei ematen die, lana beraien eskuetan utziz. Hala, Euskadiko Koordinakundeko GGKEen diru sarrerarik garrantzitsuena Eusko Jaurlaritzatik dator. Erakunde horien %80k Lakuako Gobernuaren diru-laguntzak jasotzen dituzte eta %70etan, duten diruaren %26-75 artean Jaurlaritzaren diru-laguntzek osatzen dute. Mendekotasun ekonomikoa handia dela aitortu du Belen Roderok, beste hainbat erakunde publikok (EHUk, aldundiek, udalek eta abarrek) eta pribatuk ere diru-laguntzak ematen dizkieten arren.
Diru-laguntza publikoak jasotzea zilegi dela aldarrikatu du Roderok, eta mendekotasun ekonomikoa egonda ere beste motatako dependentziarik ez duela zertan egon ziurtatu digu: «Teorikoki, diru-laguntzek ez lukete eragin beharko GGKEek hartzen dituzten erabakietan edo egiten den presio politikoan. Baina egia da fondo edo ekarpen propioek gora egitea nahi dugula, erakunde publiko nahiz pribatu boteretsuekin inolako loturarik ez izateko eta horiek salatzeko garaian askatasun osoa izateko». Finantzazio modu berri horiek lortzeko, ordea, hiritarren parte hartzea eta inplikazioa handitu behar da.
Jaurlaritzarekin zenbait hitzarmen izan arren, koordinakundea ez dagoela botere publikoekin lotua eta ideologikoki independentea dela dio lehendakariak. «Oso entitate anitza da eta mota guztietako erakundeak biltzen ditugu: erlijiosoak, sindikatu edo alderdi politikoekin lotuta daudenak, guztiz independenteak diren beste asko...». Hala, Roderoren hitzetan presio politikoa koordinakundearen egiteko nagusietakoa da eta botere publikoaren jarrera salatzeko orduan ez dira kikildu. «Inbertsioak proposamen desinteresatu eta doakoekin bat ez datozela ikusi dugunean, kritikatu egin ditugu». Hala nola, nazioarteko merkataritza harremanek eta Europako babes neurriek herrialde behartsuak kanpoan uztea; armen merkataritza bultzatzea; edo kanpoko zorraren inguruan hartutako konpromisoak ez betetzea. Jaurlaritzari aurrekontuen %0,7 garapenera bideratzeko ere eskatu diote. Roderok azaldu digunez, Jaurlaritzak bi zifra erabiltzen ditu: garapenerako %0,7 ematen duela dio, baina aurrekontu operatiboekiko ematen du %0,7, langileak ordaintzeko erabiltzen den dirua kontuan hartu gabe. Gastu guztiekiko, berriz, %0,45 inguru ematen du Lakuako Gobernuak eta %0,45 horretatik %0,7ra igarotzeak esan nahi du egun bideratzen diren 32.200.000 euroak eman beharrean 50.000.000 euro ematea.
Presio politiko hori Gobernuz Kanpoko Erakundeen egiteko bat da, edo izan beharko luke, GKEen presentziak ez baitu Estatuek gizarte politiketan duten erantzukizuna ezabatzen. Lankidetzaren filosofia aldaketa prozesu honetan, dena den, beste hiru dira indartu behar diren oinarri nagusiak. Batetik, Hirugarren Munduan egiten den lana ez dadila uneko arazoa konpontzeko lana izan. Hau da, Iosu Peralesek dioen moduan, beharrezkoa da protagonismoa bertako biztanleriari eta elkarteei ematea, beraien erabakiak eta antolatzeko aukerak errespetatzea, proiektu konkretuak giza eskubide eta borroka orokorragoen baitan barneratzea, arazoaren zergatiak aztertzea, dituzten eskubideak azaltzea... Laburtuz, barne eraikuntza bultzatzea.
Funtsezko bigarren oinarria GGKEen arteko koordinazioa da, Roderoren ustez. Oraindik ere, erakunde askoren proposamenak indibidualistegiak dira eta hiritarrak sareetan parte hartzera gonbidatu behar dira, bakoitzak bere aldetik ez baitauka eragin nahikorik. Azkenik, lehendakariak dio Hegoaldean egiten den lanaz gain geroz eta gehiago garatzen ari den hirugarren ardatza Lehenengo Munduko herritarren artean garapenaren eta sentsibilizazioaren inguruko hezkuntza hedatzea dela, hemen ere egiteko asko baitago oraindik. Pobreziaren zergatiei buruzko eztabaida zabaltzea beharrezkoa ikusten dute erakundeetako kideek, Iparraldeko herritarron erantzukizuna zenbaterainokoa den ikusteko. Baina Euskal Herrian ez gara behar bezain solidarioak. Hori uste du behintzat Koordinakundeko lehendakariak. Kontatu digunez, gure gizartea munduko egoerarekin sentibera da, gertakari puntualei azkar erantzuten die eta boluntario ugari daude, «baina GKEetan parte hartzen duten lagunen kopurua txikia da, herritar guztien kopurua kontuan hartzen badugu».
Euskal Herrikoa, ordea, ez da salbuespena. «Duela urte batzuk booma eman zen bezala, egun boluntariotzak behera egin du eta puntualagoa da», dio Roderok. Gaur egungo gizarte indibidualista honetan, jendeak ekintzekin, jarrerekin eta mobilizazioekin bat egin dezala lortzea zaila dela uste du. Beherakada horretan Gobernuz Kanpoko Erakundeen inguruko irudi ezkorrak eragina izan al dezakeen galdetu diogu. «Dirua ez dela behar den lekura iristen argudiatuz ezer ematen ez duen jendeak benetan beste arrazoi batzuk dituela eta hori aitzakia baino ez dela uste dut», dio berak argi eta garbi. Erakundeek kudeatzen duten diruari buruzko informazio argia ematen dutela ziurtatu du eta badaki funtsik gabeko salaketak ekiditeko hori egiten jarraitzea garrantzitsua dela. Dena den, orokorrean ez du uste gizartean GKEen irudia txarra denik. «Zein dago Hirugarren Mundukoekin? Bada han lanean daudenak» eta jendeak irudi on hori mantentzen duela uste du.
Etorkizunerako, filosofia aldaketa eta Legea
Hala ere, koordinakundeak herritarrak erakartzeko lanean jarraitzen du. 1998an sortu zenetik, bere baitan biltzen dituen GGKEak gehituz joan dira, baina benetako igoera duela hamar urte inguru eman zen, Administrazioak zabaldutako fondoek animatuta. Egun, ez dira gehiegi sortzen ari, GKEak gehienbat indartzen eta profesionalizatzen ari dira eta hori da etorkizunerako erronketako bat. Gainera, une hauetan koordinakundea bere helburuak eta egitekoak berriz definitzeko prozesuan murgildu da. Besteak beste, partaidetza, informazioaren teknologia berriak eta presio politikoa bezalako gaien inguruko hausnarketak bultzatu nahi dituzte. «Kooperazioaren kontzeptua aldatzen ari da eta nire ustez etorkizuna erakundeen indartzean dago: ez hainbeste aspektu teknikoei dagokienez, baizik eta pentsamoldeari dagokionez, gertatzen ari denarekin kritikoa izateko gaitasuna eta azterketarako joera indartuz», dio Roderok. Bere hitzetan, Hirugarren Munduan gertatzen denarekin zerikusia duten hemengo erabakiak aztertzea da etorkizunerako bidea «eta horretarako instituzio publikoekin eta gainontzeko eragileekin geroz eta lan gehiago egin beharko da konpromisoak bete ditzaten, ez bakarrik kopuruari dagokionez (%0,7ra iristea, adibidez), baita kalitatea ere (%0,7 hori ondo bideratzea eta kudeaketa argia izatea)».
Kooperazio Legea egitea ere beharrezko ikusten dute koordinakundean. Pasa den legegintzaldian, Eusko Jaurlaritzarekin lanean aritu ziren legea sortzeko eta Gobernuak legebiltzarrean aurkeztu bazuen ere, oraindik ez da onartu. Ziurrenik, legegintzaldi honetan ekimena berreskuratuko dute eta onartzen bada, Kooperazio Legeak lankidetzaren ildo nagusiak eta hori guztia kudeatuko lukeen Kooperazio Agentzia Euskalduna arautuko ditu. Garrantzitsuena, hala ere, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen baitan egin behar da lehenengo, planteamendu berriei atea zabalduz eta gu guztion kontzientziak astintzeko lanean jarraituz.