Kanpaiak: Iraganeko berri-emaileak


2021eko uztailaren 28an
Maiatzaren 13a arte egongo da ikusgai Bilbon Brontzearen soinua, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako erakusketa. "Larrialdiak eragindako erakusketa", Alberto Santana Aldundiko etnografoaren berbetan. "Denbora daramagu ahaztuta dauden gaiei buruzko erakusketak edo zerrendak egiten, eta oraingoan kanpaiei egokitu zaie. Bizkaiko ondarearen zati garrantzitsua izanagatik ere, gero eta leku txikiago daukate kanpaiek kultur-jardunean eta eguneroko usadioetan, eta horregatik heldu nahi izan diogu gaiari".

Erakusketa baino lehenago, Aldundiak Bizkaiko kanpaien zerrenda egin zuen. 1.186 zenbatu dituzte, baina gehiago daude Santanaren esanetan. Ez da kopuru makala, inondik inora. Baina, asko ala gutxi, "isilik" ditugu kanpaiok. Garai bateko dei mota ugari galduta daude, eta oraindik herri askotan jotzen direnak »hil-kanpaiak, mezarako deiak…» gero eta herritar gutxiagok ulertzen dituzte. Gazteen artetik, ia inork ez. Bestetik, ulertuak direnean ere, kanpai-hotsei ez zaie lehen bezala obeditzen. Gure bizimodua beste komunikabide batzuek arautzen dute gaur egun.

Kanpaiak historian zehar

Europan kanpaiak erlijio kristauari lotuta egon dira beti. Lehenbiziko agerpena monasterioetan egin zuten, kristautasuna legezko bihurtu eta mende gutxira. V. mendetik aurrera gutxi gorabehera, kanpaiek arautu zuten fraideen bizimodua, eta huraxe izan zen euren zeregin bakarra, edo ia, 1.000. urtera arte edo. Orduan irten ziren monasterioetatik elizetara »eta beraz herritarrengana». Prozesu hori Mediterraneo inguruan hasi bazen ere, ia aldi berean gertatu zen Europa osoan. Handik laburrera, XII. mendean, elizetatik ere egin zuten jauzi zenbait erloju zibiletara.

Hasieran, kanpaijoleak fraideak edo apaizak ziren beti, baina apurka-apurka abadeak elizatik hurbil zeuden laikoei irakasten hasi ziren: serorak, sakristauak… Ogibidea elizaren zereginak betetzea zutenei, alegia. XIX. eta XX. mendetik aurrera hasi ziren kanpaijolea herri xehean bilatzen.

Denbora guzti horretan, eguneroko bizimodu arrunta kanpai-hotsaren arabera arautzen zen, hein handi batean. "Kanpaiek agintzen zuten noiz jaiki edo noiz askatu neskalagunaren eskua etxe parean", dio Alberto Santanak, "eta ezta pentsatu ere aginduari uko egitea!". Dei desberdinez baliatuz, kanpaijoleak mezu mota asko emateko gauza ziren, batzuk erlijioarekin lotutakoak eta beste batzuk ez. Hala, edonork jakin zezakeen, norbait hiltzen zenean, hildakoa emakumea, gizona ala umea zen, eta herri batzuetan baita zein kaletan bizi izan zen ere. Zenbait lekutan, hildakoaren izena jakitea bezainbeste zen hori. Beste batzuetan, sutea zegoela esaten zuten kanpaiek, edo ekaitza zekarrela, edo norbait mendian galduta zegoela… Ulertu ez ezik, jendeak aintzakotzat hartzen zituen deiok, eta beharrezkoa zenean lagundu ere bai.

Gainbehera, 60ko hamarkadan

Kanpaien kodea orain hamarkada batzuk arte egon da indarrean. Alberto Santanak 1966an kokatzen du, hain zuzen, gainbeheraren hasiera. Urte hartan egin zen Vatikanoko II. Kontzilioa, gerora ondorio asko ekarri zituena. Konparazio baterako, abade eta abadegai kopuruak orduantxe hasi ziren murrizten, gaurko krisialdira heldu arte. Oro har, jendartea elizatik urruntzen hasi zen, hark ezarritako erritmoaren arabera dantzatzeari utziz. "Abadeak eurak ere elizaren ikurrei arreta gutxiago eskaintzen hasi ziren, eta horrek eragin zuen, besteak beste, kanpaien hizkuntza desagertuz joatea".

Ulertzekoa denez, dei zibilak galdu ziren lehenik, jendarteak bazituelako horretarako beste tresna batzuk. Erlijio-deiak gorde dira, eta ez denak. Egia esan, gaur egun alferrikakoak izango lirateke garai bateko zenbait dei mota, iragartzen zituzten egitekoak ere galdu egin baitira leku gehienetan. Dei zibilei dagokienez, oraindik ere entzun daiteke baten bat, salbuespen modura; Iurretan, esate baterako, su-kanpaiak jo zituzten iaz, baina informazio huts gisa noski. Gutxi batzuentzako informazioa, zer esanik ez.

Azken kanpaijoleak
Ezekiel zugazartaza eta Emiliano Zuazo iurretarrak Bizkaiko azken kanpaijoleetakoak dira. Esan nahi baita, garai bateko dei desberdinak egiten dakizkiten apurretakoak direla bi bizkaitarrak. Baina aspaldi utzi zioten jotzeari. Orain dela hogeita hamabost urte, Zugazartazak gogoratzen duenez: "Autopistan hasi nintzen beharrean, eta abadeari esan nion elizan laguntzen segituko nuela, baina ez kanpai jotzen". Orain ez dute lanik egin behar, baina kanpandorrera igotzeko sasoirik ere ez daukate. Gainera, urte dezente da Iurretako kanpaiak botoi bat sakatze hutsez jotzen direla, Bizkaiko herri gehienetan bezala. Joan den mendeko 70eko eta 80ko hamarkadetan, mekanizazioak hezur-haragizko kanpaijoleen lekua hartu zuen ia erabat, ia inor ez zegoelako prest lan hori egiten jarraitzeko. Kanpaijoleak desagertuz joan dira, eta gaur egun hamarren bat izango dira Bizkaia osoan. Bakanen batek jo egiten du oraindik; beste batzuk, Iurretakoak bezala, kanpaijole ohiak dira honezkero.

Emiliano Zuazok, Ezekiel Zugazartazak eta beraren anai Pedrok -orain gutxi zendua- kanpai kontzertua eskaini zuten Iurretako San Migel elizan, 1991n. Orduko hartan egindako hogeita bat toke desberdinak CD batean jaso ziren, hizkuntza hori guztiz ahaztuta daukagunerako lekuko gisa. Bestela ere, Ezekiel Zugazartazak adorea edukitzen du urtero-urtero, hutsik egin gabe, San Migeletan, kanpandorrera igo eta jotzeko. Gainerako egunetan oroitzapenekin konformatu behar. Orain, gurekin partekatu dituzte oroitzapen horiek: "Orduko denboran denek zekiten zer esan gura zuten kanpai-hots desberdinek, eta jaramon egiten zen gainera". Dei batzuk, gehienak, finkoak ziren -mezatarakoa, orduak...-, baina besteen kasuan jendeak abade edo kanpaijolearengana jotzen zuen lehenbizi, haiek informazioa lehenbailehen zabaldu zezaten. Hala jakiten zuten noiz zegoen sua, noiz hildako bat, noiz zetorren ekaitza… "Telefonoa, sasoi horretan, kanpaia zen", dioskue.

Oroitzapen guztiak ez dira atseginak, ordea: "Frankistek herri bat hartzen zutenean -dio Emiliano Zuazok-, kanpaiak jotzera behartzen zuten. Neuri egokitu zitzaidan behar hura, Iurretan sartu zirenean". Argi dago mezu desberdin asko emateko gauza zirela lehengo kanpaijoleak, baina ez beti lar gustura.

Kanpaien "alfabetoa": Soinua eragiteko hiru modu
Hiru modu daude kanpai batetik hotsa ateratzeko: jotzea, dilin-dalan aritzea eta eragitea. Bakoitzak soinu mota desberdina sortzen du, eta horiek uztartuz eta geldiuneak luzeago edo laburrago eginez lortzen da kanpaiek gauza bat ala bestea esatea. Kanpai bat baino gehiago erabiliz aldi berean, "hizkuntza" hori aberastu egiten da.

Jotzea da kanpaiari soinua eragiteko modurik errazena. Kanpaia geldi dagoela egiten da, metalezko mailu batez joz -eskuz, mailua lotuta daukan sokatik tiratuz edo, azken urteotan sarriago, mailu mekanikoaz-. Dilin-dalan aritzeko, berriz, kanpai-mihia mugitu behar da -kasu honetan ere eskuz edo sokaz-, hark kanpaia jo dezan. Azkenik, eragitea da modurik ikusgarriena eta arriskutsuena. Kanpaijoleak, hezur-haragizkoak zein mekanikoak, kanpaiari eusten dion uztarria mugitu behar du, hura biraraziz. Sistema honekin lortzen dira soinurik alaienak, eta horregatik jaietarako gordetzen da normalean. Jotzeak, aldiz, soinu ilunagoa ematen du, tristeagoa, eta heriotzarekin zerikusia daukaten deietan erabiltzen da batik bat.

Kanpai asko, baina ez oso nabarmenak
Kanpaien hizkuntza galtzeak ez du esan gura kanpaiak galdu direnik. Horiek ere ondarea dira, eta hor jarraituko dute euren kodea inork ulertzen ez duenean ere. Alberto Santana etnografoak dioenez, "Bizkaia aberatsa da kanpai kopuruari dagokionez, baina ez haien ezaugarriei erreparatzen badiegu. Ez daukagu nabarmentzeko moduko kanpairik".

Bizkaiko kanpaiak ez dira zaharrenetakoak -"500 urte inguruko batzuk daude, ez da asko"- ez eta handienetakoak ere: "Astunenek 3.500 kilo dauzkate; Iruñeko kanpai nagusiak, adibidez, 11.000 dauzka, eta Toledokoak 16.000. Europako ekialdeko eliza ortodoxoetan askoz handiagoak daude". Musika sortzeko ahalmenagatik ere ezin esan daiteke Bizkaiak sekulako ondarea daukanik, kanpaiak mezuak zabaltzeko erabili izan baitira betidanik gurean, ez musika sortzeko. Nolako doinua ematen zuten ez zen garrantzitsuegia. Azkenik, erdia baino gehiago industria-bitartekoekin eginda daude: "Artisau-produkzioko ale gehiago beharko genuke".

Asko bai, baina apalak. Edo alderantziz, baikorrentzat.


Azkenak
Jaja Wachukuk ez zuen lo hartu

New York, 1960. Nazio Batuen Erakundeko bilkura batean Nigeriako kanpo ministro eta NBEko enbaxadore Jaja Wachukuk lo hartu zuen. Nigeriak independentzia lortu berri zuen urriaren lehenean. Beraz, Wachuku NBEko Nigeriako lehen ordezkaria zen eta kargua hartu berri... [+]


Europako datu zentro handienetakoa Araban: zein dago proiektuaren atzean?

Ribabellosan 300 megawatioko gaitasuna duen eskala handiko datu zentroa eraikitzen ari da Merlin Propertiers enpresa madrildarra. Milaka milioi euro ari da gastatzen Iberiar Penintsula osoan, ustez puntako teknologia “jasangarria” duten baina elektro-intentsiboak... [+]


2024-12-12 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko murgiltze eredua duten haur eskolak ipintzeko eskatu diote udalari

Hamabi haur eskola publiko daude Iruñean, eta horretatik bakarrean dago euskarazko eredua. Protesta egin dute dozena bat eragilek, eta euskal hiztunen “egoera berezia” aintzat har dezan galdegin diote udalari.


Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak

Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.


2024-12-12 | Irutxuloko Hitza
Nola egin aurre arrazakeriari kazetaritzatik?

Irutxuloko Hitzak asteartean parte hartu zuen Hordago - El Saltok antolatutako mahai inguruan, Hibai Arbide, Lucia Mbomio, Xalba Ramirez eta Miriam Najibi kazetariekin.


2024-12-12 | Julene Flamarique
Espainiako enpresarik handienetan, zuzendari exekutiboen soldata batez bestekoa baino 118 aldiz handiagoa da

Ia 24 milioi euroko ordainsaria jaso zuen Jesús María Herrerak, CIE Automotiveko zuzendari exekutiboak, 2023an. 2022an 20 milioi euroko aparteko prima jaso, eta sei bider handitu zuen urteko soldata. Iberdrolak ere lekua hartu du podiumean, eta 2023an, energia... [+]


2024-12-12 | Leire Ibar
Palestinarekin elkartasunez, McDonald’s berriari boikota egitera deituko dute Santutxun

Abenduaren 13an mobilizazioa antolatu dute Santutxun (Bilbo), enpresa amerikarra palestinarren aurkako genozidioaren parte dela salatzeko. Auzoko kideek azpimarratu dute ez dutela nahi auzoan sarraskiari sostengua ematen dion enpresa multinazionalik.


2024-12-12 | Julene Flamarique
Greba abiatu dute Uberreko langileek Bizkaian, gutxieneko soldata baino gehiago kobratzeko

Grebak 27 egun iraungo ditu, urtarrilaren 6 arte. Gutxieneko soldata kobratzeko “365 egunez eta 24 orduz” lan-baldintza “jasanezinetan” lan egiten dutela salatu dute, eta lanaldiaren benetako zenbaketa egin dezan exijitu.


Berotegi-efektuko gas emisioen %8,8 eragiten du turismoak, eta isurketek gorantza segitzen dute

Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira.


2024-12-12 | Gedar
Europako hainbat herrialdek eten dituzte siriarren asilo-eskaerak, al-Assaden gobernua erori ondoren

HTSk boterea hartu duenetik, babes-eskaerak gelditu dituzte Mendebaldeko hainbat gobernuk. Alemaniak 47.270 eskaera utzi ditu bertan behera bat-batean, "Siriako etorkizun politikoa zalantzazkoa" dela argudiatuta.


2024-12-11 | Julene Flamarique
Lezoko eraso matxista salatu eta ekintza zuzena aldarrikatu du mugimendu feministak

Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.


Ardi moztaileak

Uharteko artzain egunean azaldu zuten Euskal Herriak nazioarteko ardi mozketa txapelketatan aritzeko onarpena lortu duela. Ofizialtasuna Eskoziako 2023ko munduko txapelketan etorri zen, euskal moztaileek aurkeztutako dosierra eta bertan egindako defentsa bikainaren ondorioz... [+]


2024-12-11 | Itxaro Borda
Opari

Segur aski, gutariko gehienek jada erosiak dituzte, han eta hemen, Eguberrikari banatzeko opariak. Olentzeroren bisita gautar hori hitzordu handia baita, bereziki haurrentzat. Denak prestatzen dira urteko garai emankor horretarako: Bilbo sutan agertzen da, Gasteiz, Iruña... [+]


Ateratzeak, elkartasunaren zirkua eta alzheimer politikoa

Zerk harritu zintuen gehien kartzelatik atera zinenean? Galdetu didate maiz azken urte eta erdian.

Bilboko kaleak turista eta bi hankadun txakurrez lepo daudela ikusteak, adibidez? Edo egoera politikoaren aldaketak? Lehenengoak akitu eta amorratu nau, badago zer borrokatzen... [+]


Eguneraketa berriak daude