Erregistroaren aldeko apustu arriskutsua


2021eko uztailaren 27an
Interneten munduan murgildu eta urte batzuetara, hainbat egunkari konturatu zen paperezko aleetan irakurleak galtzen hasi zirela, eduki bera bertsio digitalean doan irakur zezaketelako. Hala, Interneteko edukiak erregistratzen eta beraiengatik kobratzen hasi zirenean, ez zuten dirua irabazteko egin, paperezko irakurleak ez galtzeko baizik. Nolanahi ere, ez gaude ohituta sareko edukiengatik ordaintzera eta erregistroa jarraitzaile leial asko dituzten komunikabideen apustu arriskutsua da. Euskal Herrian, Diario de Navarra izan zen erregistroa ipintzen lehenengoa, Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultatearen eraginez, ziurrenik. Pixkanaka, ordea, edukiak modu irekian eskaintzen joan da berriro ere eta orain berriak doan irakur daitezke bertsio digitalean. Zerbitzu bereziak, artxiboko informazioa eta beste hainbat zerbitzu eskuratzeko harpidedun egin beharra dago, urtean 50 euro ordainduz.

Bigarren saiakera duela gutxi izan dugu gure artean eta ustekabean harrapatu ditu gehienak. Deia egunkariak web gunea indartzea erabaki zuen azaroan, diseinua berrituz eta erregistroa ipiniz. Erredakzio txiki bat ere osatu dute zerbitzu digitalaz arduratzeko. Deia digitaleko kide Jon Garciak esan digunez, Internet etorkizuna dela uste dute eta horregatik bere aldeko apustu «sendoa eta ausarta» egin dute: «Orain, diseinu askoz ere modernoagoa daukagu, zerbitzu eta kanal gehiagorekin eta informazio eguneratu eta hurbilagoarekin». Jose Antonio Del Moral Interneteko aditu eta Prentsa Digitala foroko sustatzaileak ere Deiak itxura eta edukiak hobetu dituela uste du, lehen diseinua landu gabe eta informazioa ondo eguneratu gabe zutela baitio. www.deia.com-ek kazetariak Interneterako lanean jartzea eta berrikuntzak egiteko enpresa espezializatua kontratatzea baikorra dela adierazi digu Del Moralek, sareak duen garrantziaz konturatu direla esan nahi baitu.

Sistema bitxia

Baina erregistro sistemak orokorrean ez du adituen oniritzia jaso. Newmedia Publishing nafarra arduratu da sistema ezartzeaz, Diario de Navarraren erregistroa ipini zuen enpresa bera. Oraingoan, ordea, sistema desberdina probatu du eta kreditu txartelaren edo banku-helbideratzearen bidezko ohiko ordainketara jo beharrean, SMSen aldeko apustua egin du. Erregistratzeko, erabiltzaile eta pasahitza aukeratu eta klausulak onartu ondoren, SMS mezu bat bidali behar da Deiak emandako zenbakira. Egunkariak on line bertsioa irakurri ahal izateko kodea bidaliko dio bueltan telefono mugikorrera. Baina bi hilero presentzia berritu behar da eta beraz, mezu bakoitzak 0,90 + BEZ balio duela kontuan hartuz, urtebeteko harpidetza 5,40 euro kostatuko zaio internautari. Jon Garciaren esanetan, SMSaren erabilera ez da ordainketa sistema bat: «Guk ez dugu mezuekin ia ezer irabazten eta irakurleari zerbitzu berrietara sartzeko aukera ematen diogu». Baina helburua ez bada kobratzea, zergatik hartu du Deiak erregistroa ipintzeko erabakia? «Erregistroa dagoeneko ohikoa da web orrialde guztietan. Xedea Interneteko gure irakurlea hobeto ezagutzea eta zerbitzu ahalik eta pertsonalizatuenak ematea da», erantzun digu Garciak.

Baina erregistroari buruz adituek beraien teoriak dituzte. Del Moralen ustez, Newmedia Publishing enpresa, Diario de Navarraren ereduak ez duela funtzionatu ikusi ostean, Deiarekin beste zerbait probatzen saiatu da eta emaitza ez da oso argia. «Edizio digitalerako erredakzioa osatu dutenez, diru sarrerak behar dituztela ikusiko zuten, baina urtean 50 euro inguru kobratuz inor gutxik ordainduko duela jakinik, SMS bidezko mezuak aukeratu dituzte eta mezu bakoitzaren kostuaren %55 ingururekin geratuko dira. Ziurrenik, Interneten txartelarekin ordaintzea jendeak ez duela gustuko eta telefono mugikorretako mezuen bidez egiteak jendea erakarriko duela pentsatu zuten».

Internauta berriak erakarri ez, baina irakurle kopurua mantendu duela ziurtatu du duela gutxi Deiak. Jendea erregistro sistemara oso ongi moldatu dela, harrera bikaina izan duela eta benetan pozik daudela adierazi digu Garciak. SMSei esker harpidedunen kopuru zehatza jakitea orain oso erraza izanda, eta, audientzia jaitsi ez bada, datuak zergatik ez dituzten eman galdetzen dio bere buruari Internet&Euskadi elkarteko presidente Ray Fernandezek. Bere esanetan, lehen zerbait irekia eta librea zenari traba jarri eta audientzia bera mantentzea «ia ezinezkoa» da.

Are gehiago, edizio digitaleko irakurle kopurua mantenduta ere, ez dela hain berri baikorra dio Del Moralek. Bere hitzetan, Deiak azaroan erregistroa jarri zuenetik Interneteko audientzia asko igo da, %30 inguru, eta on line egunkarietan %50 inguru. «Joera orokorra jarraitu izan balu, gora egin beharko zukeen. Horri Deiako edizio digitala automatikoki bere kabuz egitetik erredakzio bat izatera pasa dela gaineratzen badiogu, emaitzak ez dira onak. Hau da, inbertsio handiagoarekin audientzia bera baldin bada, ez dago lorpenik».

Internauten ikuspegitik ere, erregistroa ez da abantaila. Hala uste du Ray Fernandezek: «Doan izanda ere, oztopoa da beti, pasahitzak asmatzen eta idazten ibili behar duzulako eta ziurrenik beste hainbat pasahitz eta erregistro dituzulako web orrialde ugaritan. Gainera egunkari digitalean sartzeko ordaindu egin behar bada, zuzenean gune hori erabiltzeari utziko dio jendeak, informazioa modu irekian eskaintzen duten egunkarietara joko du». Internautarentzat, erregistroa atzera pausoa da, zerbitzu galera, «erabil daitekeen informazio gutxiago, iritzi gutxiago eta, beraz, informatzeko askatasun gutxiago egongo delako sarean». Arrazoi horiengatik guztiengatik, www.deia.com-ek azkenean erregistroa bertan behera utzi beharko duela uste dute Del Moralek eta Fernandezek. Deiatik sistema berriarekin oso pozik daudela adierazi badigute ere, Interneten aldeko apustua ez zaiela arlo horretan ongi atera diote adituek.

Joera nagusiak

Erregistroa duten gainontzeko komunikabideen kasuan, sistema berraztertzea izan da joera ohikoena. Gehienek erregistroa mantendu dute, baina Diario de Navarraren antzera, lehen harpidedun izan gabe ikus ezin zitezkeen berriak zabaldu dituzte, soilik zenbait zerbitzu eta informazio erregistropean mantenduz. Urteko 60 euro inguruko harpidetza eskaini ohi dute. El País egunkari espainiarrak, adibidez, harpidetza doan oparitzen die paperezko prentsaren harpidedun direnei eta kioskoetako egunkarien irakurleak ez jaistea lortu du horrela. Orokorrean, komunikabideek berriro ere Internetekiko interes handia dutela adierazi digu Del Moralek. «Paperezko egunkarietako publizitateak ez du gora egiten eta handitu nahi badute, sarean egin behar dutela konturatu dira azkenean». Edizio digitaletarako erredakzio txikiak kontratatzea ere geroz eta ohikoagoa da.

Baina era berean, inbertsioa handiagoa den neurrian, sail elektronikoak berezko diru sarrerarik sortzen ez badu bere aldeko apustua justifikatzeko arazoak dituzte. Egun, estrategia desberdinak planteatu direla kontatu digu Fernandezek. Vocento taldea, esaterako, eskala ekonomian oinarritzen da, eduki asko denen artean ordainduz eta gutxi batzuk zonaldeka banatuz. Publizitateari esker irabaziak jaso ditu aurten eta edukiak ez ditu erregistratu. Britainia Handiko BBC telebistak ere edukiak modu irekian eskaintzen ditu eta etorkizunean soilik balio erantsia duten edukiak ixtearen alde agertu da.

Fernandezek begi onez ikusi du BBCk proposatutako aukera eta erregistroa ohiko bihurtzea geroz eta zailagoa izango dela uste du: «Antzeko edukia doan eskaintzen den bitartean, arraroa da jendea egunkari digitalen harpidetzagatik ordaintzeko prest egotea». Zehazki Euskal Herriko komunikabide digitalei dagokienez, informazioa erregistropean ipintzeko eragozpena handia dela dio: «Vocentok informazio guztia modu irekian dauka eta Vocentok ez badu egiten, nor ausartuko da erregistroa jartzera?».

Del Moralek argi dauka: une hauetan, erregistroa ez da jarraitu beharreko bidea. Publizitatearen diru sarrerak gorantz doaz sarean eta beraz, ahalik eta irakurle internauta gehien lortzea da hoberena. Erregistroak audientzia kendu eta egunkariaren eragina murrizten du, publizitate gutxiago erakarriz. Dena den, etorkizuna aurreikustea zaila da; urrats berriak ematea merkatuaren, lehiakortasunaren eta emaitzen esku egongo da, komunikabideetan Interneten aldeko apustua geroz eta sendoagoa den garai hauetan.

Bide egokia
Jose Antonio Del Moralek argi dauka: «Une hauetan, erregistroa ez da jarraitu beharreko bidea. Publizitatearen diru sarrerak gorantz doaz sarean eta beraz, ahalik eta irakurle internauta gehien lortzea da hoberena. Erregistroak audientzia kendu eta egunkariaren eragina murrizten du, publizitate gutxiago erakarriz».


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Internet
Teknologia
Gizakion sorkuntza agortzen?

Adimen artifiziala gizakion eremu asko ordezkatzen ari dela badakigu: erosotasuna, abiadura, efizientzia... Mundu kapitalista honen abiadura beharretan, gizakion ahalegina oztopo dela sinetsarazi digute. Gure, klase xumeen, egiteko eta sortzeko aukerak murrizteko erasoak leku... [+]


2024-11-15 | Gorka Julio
S2 - Sareak berreskuratu eta berrasmatu

Azaroaren 15ean Errenteria-Oreretan Euskal Herria Digitala osatzen dugun eragileek antolatutako hirugarren jardunaldiak egingo ditugu. Autodefentsa digital feminista lantzeko tailer bat eta digitalizazio demokratikoa oinarri izango duen hitzaldi bat izango dira... [+]


Wikipediako 2023ko argazki onenak: naturako argazki ikusgarriak nagusi

Wikimedia Commons-en biltzen dira Wikipedian erabiltzen diren lizentzia libreko fitxategiak: irudiak, argazkiak, audioak, bideoak… Une honetan 110 milioi fitxategiko bilduma erraldoia osatzen dute. 2006an hasi ziren urteko argazki onenak aukeratzen. 2023koak hautatu berri... [+]


2024-11-01 | Sustatu | Sustatu
Wikipedia AA eduki okerretik (baina ez AA orotatik) askatzeko premia eta proiektua

WikiProject AI Cleanup proiektuari ekin diote Wikipedian: "Adimen Artifizialaren garbiketa", nolabait esatearren. Wikilari boluntarioak momentuz ingelesez, frantsesez eta alemanez hasi dira adimen artifizialaren bidez sortutako materialak detektatu eta (okerrak... [+]


2024-10-30 | Axier Lopez
Marta G. Franco
“Sare sozial komertzialetan inertziaz jarraitzen dugu, baina ez gara emaitza onak lortzen ari”

Gorrotoa sustatzen duten algoritmoak, mendekotasuna sortzeko diseinatutako aplikazioak, pertsonak beharrean publizitate-hartzaileak ikusten dituzten plataformak, merkantzia gisa tratatzen gaituzten sare sozialak... Badirudi azken aldian Internetetik toxikotasuna baino ez dugula... [+]


Mugikorrak ez, baina Chromebookak bai?

“Pantaila aurrean denbora gutxiago igarotzeko esaten diegu gazteei, eta aldi berean ikastetxean derrigortzen ditugu gailu digitaletara konektatzera”. Eskoletako digitalizazio prozesuei frenoa jartzeko eta teknologiak (ez bakarrik hezkuntzan) gure gain duen kontrolaz... [+]


2024-10-08 | Sustatu
.eus domeinuetako 15 terabyte gorde dituzte artxibo publikoetarako

Espainiako Liburutegi Nazionala eta Euskariana Euskadiko Liburutegi Digitala elkarlanean aritu dira, bigarren urtez jarraian, .eus domeinuko eduki multzo handi baten bilketan. 13.000 domeinutan, orrialde sorta handiak biltegiratu dituzte, informazioko 15 terabyte guztira. Baina... [+]


Wikipediaren hizkuntza gutxituen biltzar batean bizitakoak

Lanopor egun batzuk izan nituen joan den astean. Oporrak ziren, baina ordu batzuk dedikatzen dizkiodan afizio bati emanak izan ziren, biltzar batean inbertituak: hotelean lo eta hotel bereko areto batean jardunaldiak goiz eta arratsaldez. Ordu gutxi batzuk geratzen ziren hiria... [+]


Internet demokratiko eta burujabe baten alde lanean

Internet hasieran askatasunaren espazio izan zen, baina gaur egun enpresa handien esku dagoen lurralde kontrolatu bihurtu da. Testuinguru honetan, teknologia burujabetza eta ongizate komuna lortzeko Internet berreskuratzeko beharra gero eta premiazkoagoa da. Egile eta aktibista... [+]


2024-09-17 | Sustatu
Euskal kulturari buruzko artikuluak hobetzeko lehiaketa Wikipedian

Euskarazko Wikipediaren proiektuetako bat da Ikusgela, ikus-entzunezko material didaktikoak sortzeko ekimena, eta ikasturte berria abiatzera doaz euskal kultura sailerako bideo sorta berria argitaratuz. Hori egireko orduan konturatu dira artikulu askok hobekuntza eskertuko... [+]


2024-09-16 | Sustatu
EAEko Hezkuntza Sailak datuen babesa egoki bete gabe egin zuen hitzarmena Google Workspace for Education erabiltzeko

Udako albistea da, zenbait tokitan agertu zena, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak (DBEA, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-organo bat) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari espedientea ireki ziola Googleren produktu batzuk erabiltzera behartzeagatik ikasleen... [+]


Europak 15.000 milioi euroko isuna jarri die Apple eta Google multinazionalei

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Apple eta Irlanda kasua ebatzi, eta Googleren aurkako zigorra berretsi du, nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik.


2024-09-10 | Sustatu
Kaixomaitia.eus irail amaieran itxiko da, ez badu inork erreleboa hartzen

Irail amaieran itxiko da Kaixomaitia.eus, harremanak aurkitzeko euskarazko webgunea, 17 urteko jardunaren ondoren. Hala jakinarazi du mezu batean bere sortzaileak, urteotan baliabide hau kudeatzen hainbeste lan egin duen Iñigo Arandia Galarragak. Mezuan aipatzen du... [+]


2024-08-19 | El Salto-Hordago
Amazon, Israelgo armadaren informazio biltegi amaigabea

Amazonen hodeia da AWS, eta funtsezko faktorea izaten ari da Israelen operazio militarretan.


Eguneraketa berriak daude