Katalana: Hizkuntza ez hain txikiaren esperantza handia

Badira aurrera egiteko arrazoiak beraz, Hizkuntza Politikaren eta estatutu berriaren aldetik, baina katalanak badu espero ez zuen mundu bat begi aurrean: inmigrazio berria. Peruarrak Madrilen espainol ez bezala, Katalunian katalan sentiaraztea lortu nahi dute, hizkuntzaren bidez. Baikor somatu ditugu elkarrizketatuak, baikortasun hori Valentziako eskuindarren artean dabilen haize boladak ahultzen badu ere.
Emili Boix-Fuster (Grup Catalá de Sociolingüística-ko lehendakaria): «Gauzak katalanez egin behar dira eta ez katalanarentzako»

Soziolinguista da Boix-Fuster eta Grup Catalá de Sociolingüístican lehendakari lanak egiteaz gain, Universitat de Barcelonako irakaslea da. Unibertsitarioak ondo ezagutzen ditu eta baita gaztetxoak ere, beraien hizkuntz erabilerari buruzko tesia egin baitzuen. Edozein hiztun gogoan, katalana erabiltzeko dela aldarrikatu du eta ez berari begira egoteko, horretarako filologoak ba omen daude. Gauza modernoak, erabilgarriak egin behar omen dira katalanez, hizkuntza erritualizatu ez dadin.

Euskal Herrian daukagun pertzepzioa da Katalunian denek ulertzen dutela katalana eta datuen arabera ia denek dakite hitz egiten.
Bai. Erroldaren %97 da. Uste dugu pixka bat jaitsi dela, batez ere Europatik kanpoko inmigrazioa dela-eta. Baina egia da ekitaldi publikoetan jendeak katalana ulertu ahal duela. Egia da, hala ere, katalan hiztunek ohitura zaharrari eusten diotela, hau da, gaztelaniara pasatzen dira gaztelania hiztunarekin. Katalunian ari gara, ez baita gauza bera Valentzian. Kataluniaz egia da zuk esandakoa. Kontuan izan behar da ordea, zona batzuetan atzera egin dutela edo egingo dutela sektore elebakarrak daudelako.

Katalunian bai, baina Herrialde Katalanetan ez.
Katalana hitz egiten den bigarren hanka handi historikoa Valentzia da eta han ulermen mailaren portzentajeak gora egin du. Valentzian ia lau milioi eta erdi katalan hiztun bizi dira eta hori ez da txantxetakoa. Katalunian berriz, 6.300.000 dira. Valentzia puzzlearen bigarren pieza da.

Katalanaren ezagutzak gora egin du, baina erabilera sozialaren alorrean balorazioak kontrajarriak dira. Batzuek diote gero eta katalan gehiago direla katalana ohiko hizkuntza dutenak, katalana bere hizkuntzatzat dutenak baino. Beste batzuek diote gehiago direla lehen katalan hiztunak zirenak eta orain gaztelania darabiltenak, berez gaztelania hiztunak izan eta katalana erabiltzen hasi direnak baino.
Datuak falta dira, niri behintzat falta zaizkit. Egia da inkestek esaten dutela hamar puntuko igoera dagoela, katalana bere hizkuntzatzat dutenen eta katalana ohiko bihurtu dutenen artean. Aurrerapen hori bikote mixtoetan ere hala gertatu dela dirudi, bikote hauen gehiengoak katalana erabiltzera jotzen du. Irabazi bat dago, txikia, baina esanguratsua. Bigarren Hezkuntzan adibidez, badaude seinaleak (kualitatiboak, ez dago azterketa serio asko) non gazteek katalana espontaneoki erabiltzeko zailtasunak agertzen dituzten. Bateren batek esan du ez ote dagoen hizkuntzarekiko arbuiorik. Hezkuntza sistema publikoan katalana hizkuntza instituzionala dela egia da, eta berriro diot hezkuntza publikoan, pribatuan gauzak beste era batekoak dira eta. Hipotesi moduan esango dut, beharbada, agintearen aurka erreakzionatuz (adin horretan oso tipikoa), katalana nolabait arbuiatu egiten dute. Nolabait diot zeren ez dut inor aztoratu nahi. Egia da, erabilerari dagokionez, katalanaren aurrerapena txikiagoa dela gaitasunarena baino. Hori horrela da, baina edozein hizkuntzatan gertatzen da hori. Ez da harritzekoa. Nik badakit gaztelania, baina, baliteke astebetez ez hitz egitea. Nik balorea ematen diot gaitasunaren eta erabileraren arteko abismoari... ez, abismoari ez, tarteari. Agian espektatiba gehiegizkoa sortu zen.

Agian tarte hori aurreikusi zitekeen, baina balorazioen tonu diferenteek harritu gaituzte. Beste datu bat bada esaten duena beti katalana erabiltzen zuten familietan orain katalana eta gaztelania, biak erabiltzen direla.
Nik ez dut hori harrapatu. Nik bikote linguistiko mixtoak gehitu izana baloratuko nuke. Oso garrantzitsua da. Bigarren Hezkuntzako ikasleei dagokienez, badira sektore batzuk mesfidatiak edo guztiz kontrako jarrera dutenak. Badira bandera katalanari barre egiten diotenak... Bada sektore bat, gutxienekoa, baina katalanaren kontrakoa dena. Catalabufo moduko hitzak dituzte, hitz negatiboak. Ez dakit gazte hauek hazten direnean egoera erradikalizatuko duten ala ez.

Familietan gehiago hitz egiten da, baina bestalde, beste erabilera esparru batzuetan, hala nola, telefonoa, ezezagunekin... erabilera indizeak 1978ko datuen antzekoak dira. Esparru batzuetan ez du gora egin katalanak?
Ez naiz harritzen. Espainolak zona metropolitanoan duen indar soziologikoa nabaria da. Botila erdi betea edo erdi hutsa ikusten duzun, hori da kontua. Baina katalan gazteak (30-35 urte) elebidundu dira. Adibide bat: Carmel-eko metroko obren kontu honetan bilerak gaztelaniaz egiten ziren, baina manifestazioetako karteletan katalana erabili dute, espontaneoki, presio partidistetatik kanpo. Katalana gora egiten ari da, gaztelania mantendu egiten da 60ko hamarkadako demografia potentziari esker.

Katalana eta klase sozialei buruz hitz egin izan duzu.
Gaztelania sektore popular urbanoetan gehiago erabiltzen da eta Kataluniako barnealdean katalana mundu guztiaren hizkuntza da, hasi langilearengandik eta gasolindegiaren jabearenganaino. Ez dauka kolorerik. Ez du zentzurik 60ko hamarkadaren bukaeran esaten zenak: katalana burgesiaren hizkuntza. Toki askotan herriko hizkuntza da, herri guztiarena. Egia da zona metropolitanoan, inmigrazio gehien sartu den tokietan, gaztelania hiztunak langile auzoetan kokatu direla. Langile klase katalanak edo hobera egin du edo gutxienekoa da. Baina ezin da esan gaztelania pobreen hizkuntza dela eta katalana aberatsena. Besteren artean, burgesia katalanaren sektore batek katalana bazterrean utzi zuen. Bartzelonako San Gervasion, San Cugaten edo Sarrián bizi denak badaki hori. Agian, esan beharko litzateke katalana Bartzelona inguruan entrepá dagoen hizkuntza dela, alegia, ogitartekoa. Sozialki erdian dagoen hizkuntza da, ezin da esan «refinatu»en, «pijo»en hizkuntza espainola ez denik. Klase ertaineko katalanarentzat pijoa espainola da, baina era berean espainola eskailera garbitzen duen emakumearen hizkuntza da. Oso zaila da sinplifikatzea Katalunian gertatzen dena. Valentziakoa diferentea da. Ogitartekoarena garrantzitsua da, baina berriro diot, Bartzelonan. Herriei buruz ari bagara galdera bera iraingarria da, katalana guztien hizkuntza da.

Euskal Herrian daukagun irudia da katalanak beti katalanez hitz egiten duela. Nahiz eta zuk gaztelaniaz galdetu beraiek katalanez erantzungo dizute. Harritzen gaitu Enric Larreulak (Dolor de llengua liburuaren egilea) esatea, katalanen jarrera koldarra eta konplexuz betea dela edo Dona corda al catalá kanpainan azpimarratzea lehenengo hitza katalanez egin behar dela.
Triar no es trair jarri nion izena nire tesiari, hau da, aukeratzea ez da traizionatzea. Katalanen gehiengoa gaztelania hiztunera egokitzen da, gaztelania aukeratzen duela, alegia. Beraien artean katalanez egiten dute, baina besteek ulertu, ulertu behar dute, bestela ez daukate berriketan segitzerik. Egia da badela sektore txiki bat, administrazioaren kanpainei esker, elebitasun pasiboa praktikatzen duena, hau da, berari gaztelaniaz egiten diotenean berak katalanez hitz egiten segitzen du. Nik neuk egiten dut, beti ere, ulertzen banaute. Uste dut gutxiengoa garela, baina kopuruak gora egin du. Bi telebista kate autonomikoek arau hau jarraitzen dute. Aurkezleak katalanez segitzen du besteak katalana ulertzen badu, bestela erabilera portzentajeak segituan behera egingo luke. Nik arau hau defendatzen dut. Azkenaldian kiroldegietara joaten naiz eta ikusten dut nola begiraleek, bezeroaren arabera, behin eta berriz hizkuntza aldatzen duten, beti aldatzen... Ez dakit zuenean ohitura hori dagoen... ia-ia promiskuitate linguistikoa da, baina hemen oso ohikoa da. Oso ohikoa da katalana ulertu egiten delako.

Erabilera informalerako nolako gaitasuna dute gazteek? Gazte hizkerarik ba al dago?
Katalanez argot oso aberatsa dugu. Materiala soberan daukagu iraintzeko, gure etsaiaren amari gaizki esaka aritzeko. Gazteek, Eukal Herrian bezala, gaztelaniako baliabideak erabiltzera jotzen dute. Agresibitatea erakusteko espainolera jotzen da: joder, cojones indarrez sartu dira. Joera horrek arriskuan jartzen du hizkuntzaren jatortasuna. Joder esaten da orain collons edo fotre esan beharrean. Agresibitatea adierazteko behintzat, badirudi estimulu, modelu gehiago daudela gaztelaniaz. Gogorraren konnotazioa badu gaztelaniak.

Ipar Kataluniako Algelers herrian hitz egiteko moduak harritu gintuen, izan ere, frantsesez ari ziren, baina irainak katalanez esaten zituzten.
Dirudienez, eta beste hizkuntza batzuetan ere gertatu izan da, bigarren hizkuntza hartzen da (kasu honetan frantsesa) eta lehenengo hizkuntza (katalana) mota horretako erabilerarako geratzen da, iraintzeko adibidez.

Ideologia linguistikoei garrantzia eman diezu zuk. Zer esan nahi du zuretzat kontzeptu horrek?
Hizkuntzaren gaitasunarekiko eta erabilerarekiko mentalitatea. Jendeak nola baloratzen du zer diren hizkuntzak eta zertarako diren? Ezinbestekoak dira pentsaera horiek, zeren horien arabera hartzen dugu jarrera bat edo beste. Kontzeptu hau interesgarria iruditzen zait, zeren gazteen esparrua lantzen aritu izan naiz eta lehen aipatu ditugun arbuio horiek agertzen dira. Unibertsitate honetan (Universitat de Barcelona) berriz, eleaniztasuna gai klasikoa da, munduko unibertsitate eleanitzenetakoari buruz ari gara hitz egiten eta egunero gogoetatzen da gelan zein hizkuntza erabili behar den. Unibertsitate honetan (65.000 ikasle) egindako azterketan konturatu ginen hainbat ikaslek katalanaren aldeko jarrera oso ahula zuela. Kezkagarria da guretzat hori. Ikasle horrek katalana Soriako edo Manchesterreko bat etorri orduko baztertuko luke, edozein modutara ere, utzi egingo luke hizkuntza. Horrekin ez dut esan nahi unibertsitateak eskaerara, hizkuntz aniztasunera egokitu behar ez duenik, baina aurkitu dugu «hizkuntzarekiko leialtasun eza» deitzen diogun jarrera. Adibidez, zer egin Erasmuseko ikasleekin? Askok ez du pentsatu norberaren erabakiek nola eragin dezaketen hizkuntzarengan. Jende askok kanpoko ikasleari mesede egin nahi ziola ikusi genuen. Baina horrek nora garamatza? Fakultate guztietan katalanaren erabilera murriztera? Ez da hori gertatu, baina denek hori egingo balute atzera egiten hasiko ginateke. Unibertsitateen arteko mugikortasunak hori dakar eta orduan nola antolatuko dugu hau? Dena bazterrean utziko dugu? Astia emango diegu ikasle hauei katalana uler dezaten? Bigarren hori egin nahi dugu.

Unibertsitateak bertako ikasleak zein atzerrikoak hartu eta katalana babesteko metodoren bat aurkitu behar du beraz.
Gure unibertsitatean sistema berezia da. Gure oinarria da adierazteko askatasuna izatea, baina ez jasotzekoa. Ikasleak zein irakasleak hizkuntza bat edo beste aukeratzeko askatasuna du, baina irakasleak ikasleari edo alderantziz ezin dio eskatu bere hizkuntza erabiltzea. Sistema horrek funtziona dezan, jendeak gutxienez katalana ulertu egin behar du eta baita gaztelania ere. Batxilerretik etorritako jendeak ez du arazorik bi hizkuntza horiekin, baina mugikortasuna dela-eta Erasmus, Socrates... programekin jendea dator. Europaren ikuspuntutik egokia ikusten dut. Estatuan hirugarrenak gara kanpoko ikasleak hartzen. Diru dezente gastatzen dugu elkarrizketetarako balio duten gidak prestatzen, katalana-portugesa, katalana-italiarra, katalana-arabiera... Lehenengo hilabeteetan doan edo ia doan izaten dituzte ikastaroak... Esfortzu kolektiboa handia da inpaktua ahalik eta gehien txikitzeko. Beste kontu bat da zer gertatuko den ingelesarekin unibertsitateetan.
Positiboena da unibertsitate honetan, unibertsitate autonomoan eta politeknikoan (Kataluniako hiru handienak) katalanezko irakasgaien portzentaje altuena zientziako fakultateetan dagoela, biologian, kimikan... Ekonomian eta Zuzenbidean berriz, arrazoi historikoak medio gaztelaniak indar handiagoa du. Katalanak balio dezala gauzak egiteko, ez berari begira egoteko. Hizkuntzari berari buruz filologoek baino ez dugu pentsatzen. Jendeak tresna moduan darabil, gauzak egiteko. Unibertsitatean hori gertatzen da.

Jendeak katalana «goikoek» sustatutakoa dela uste duela diozu.
Hezkuntza alorrean gerta daiteke hori.

Eta maila sozialean?
Kataluniako zati batentzat katalanak bizitzaren indarra dauka, Bartzelonako Grácia auzoan edo Igualadan, esate baterako. Hizkuntza helburu ez duten elkarteak, denetariko elkarteak katalanez bizi dira. Zentzu horretan badu indar soziala. Egia da, hezkuntzan, jolastokiaren eta ikasgelaren arteko kontraste ospetsua handia dela. Biak gehiegi banatzen badira arriskutsua da. Baina berriro diot, Kataluniako hainbat zonatan katalana herriko festetako hizkuntza da, pregoia katalanez egiten da, ez arrazoi politikoengatik baizik eta beti hala egin delako (Francoren garaian ez, ziurrenik). Bi muturrak badaude beraz, egon daiteke katalanaren konnotazio reglamentarioa. Udaletan, hezkuntzan, katalana erabiltzen da, eta egia da konnotazio gehiegizkoa duela jolastokian gutxi erabiltzen bada.

Zuk zein balorazio egingo zenuke gizarte mugimenduari buruz?
Badago akziorik, baina pixka bat gehiago faltako litzateke. Ez dut uste gizarteari hizkuntzaren gaineko kezka etengabea eska diezaiokegunik, nahiz eta nik hala nahi izan. Eskolako notak jartzen hasita 6 eta 7 arteko nota jarriko nioke gizarte mugimenduari. Jarrera politiko desberdinetako elkarteak daude, kolore guztietakoak daude PP albo batera utzita, kontrakoena delako.

Hizkuntzaren alde egiteko argumentu eza eta berauek zabaltzeko gabeziak aipatu izan dituzu.
Azken urteotan gehien zabaldu den planteamenduak oinarri ekologista du. Nahiko planteamendu zuzena da, munduko hizkuntza guztiak berdintasunean tratatu nahi ditu. Dena den, hizkuntzaz kanpoko ekologiaren zentzua badu gizarteak, baina hizkuntzaren alorrean poliki-poliki ari da hedatzen. Ona da planteamendu ekolinguistikoa, hizkuntza guztiek duintasun bera izan behar dutela defendatzea, baina ñabardura batekin, estatuaren planteamendu linguistikoa hor dago. Nik uste dut planteamendu ekolinguistiko hau litzatekeela ulergarriena gazteentzako.
Ideologia linguistikoen pobrezia sumatu dut katalanizazioaren ikuspegitik. Musikaren alorrean aztertu genuen kontu hau duela bi-hiru urte. Ospearen munduan sartu nahi zuten taldeak aztertu genituen eta erraztasun handiz aukeratzen zuten gaztelania edo ingelesa. Muntaia ideologikoa falta zitzaien. Prentsa katalanean rock taldeek hizkuntzari buruz zuten iritzia aztertu genuen eta talde horiek esaten zuten modernoena zela izaerak eskatzen zioten hizkuntzan abestea. Izaerak eskatutakoa ordea, ekoiztetxeak agindutakoa izaten zen. Merkatura egokitzen ziren. Merkatua ez bada erregulatzen gaztelaniara eta ingelesera jotzen da. Hemengo taldeak asko elebidunak ziren.

Hizkuntza politika orokorrean hartuta, aurrera begira zein esparrutan lan egin behar dela uste duzu?
Gauzak katalanez egin behar dira eta ez katalanarentzako. Informatika, elektronika... irakats ditzatela katalanez. Garai batean txangoak egiteko elkarteetan bizitzen zen katalana. Kiroldegietako hizkuntza izan dadila katalana eta kiroldegia aipatu dut ez delako gune politizatua. Oraindik hori lortu ez den tokietan ezinbestekoa da, maila ertaineko herrietan lortu da. Bartzelonan adibidez, lau milioi bizi diren tokian, batzuetan arazoak sortzen dira katalanez bizitzeko. Planteamendu pragmatiko honek Katalunian, Valentzian edo Mallorcan balio beharko luke. Gauza modernoak eta erabilgarriak egin behar ditugu. Programa informatikoek katalanez egon behar dute eta ez badaude diruz lagunduta bada ere itzuli egin behar dira. Gauza modernoak erabiltzen dituzte gehien gazteek. Elektronikaren esparruan adibidez, Vilaweb eredua da. Zazpi-zortzi milioi hiztun ditugu, potentzialki hamaika. Zazpi-zortzi eta hamaika horren artean tarte izugarria dago. Munduan zazpi-zortzi milioi hiztunekin maila ertaineko hizkuntza garela esan daiteke, ez txikia. Gutxienez 5.000 hizkuntza badaude gu 100.etik ez gabiltza urruti. Beraz, baliabideak ordain daitezke, diruz lagunduta. Lehentasuna litzateke hau, ekintza praktikoak egitea. Bestela, katalana erritualizatuta geratuko da, administrazioak erabiliko du... katalanak gauza bizietan egon behar du. Esate baterako, egon daitezela interposizioa saihestuko duten materialak. Hau da, beste kulturetara irits gaitezela gure hizkuntzaren bidez. Katalana-euskara, katalana-finlandiera, katalana-hungariera... hiztegiak baditugu eta horiei esker, zuzenean jartzen zara harremanetan beste hizkuntzekin inolako galbaherik pasa gabe. Adibidetxo bat besterik ez da, baina nire ustez garrantzitsua. Baita udan Londresera joateko poltsikoko hiztegitxoa ere. Niretzako horrek laburtzen ditu normalizazio politika asmo guztiak. Esparru bakarra aipatu dizut, baina lehentasuna hori da: gauza modernoak, erakargarriak, lehiakorrak, ahal bada Herrialde Katalanak biltzen dituela. Zailtasun handiak daude azken hau betetzeko, batez ere, hankarengatik, Valentziarengatik. 1996az geroztik PPk eta hainbat gizarte sektorek errezeloak dituzte, baina bananduta ari bagara indarra galtzen dugu eta galdu egingo gara. Valentziarrei ere ez die onik egingo. Gainera, beraietako askok jarrera hau defendatzen dute, baina hizkuntza ez dute erabiltzen. Kontraesan izugarria eta zoritxarrekoa da hori.

Estatutu erreforma nola baloratuko zenuke hizkuntzaren ikuspuntua kontuan izanda?
Bi proposamen gustatu zaizkit. Bata, katalana denontzako hizkuntza moduan proposatu izana. Veu propia izeneko elkarteak egin du proposamena. Elkartekoek gaztelania dute lehen hizkuntza, baina katalana ere erabiltzen dute. Elkarte honek nahi du gaztelania hiztunen ahotsa inork ez hartzea, hau da, «gu ere gaztelania hiztunak gara, baina nahi dugu katalana». Proposamena da gaztelaniatik abiatuta edo Katalunian hitz egiten diren gainerako 200 hizkuntzetatik abiatuta katalanarekin bat egitea.
Bigarren proposamena ez dakit zertan geratuko den. Hau da, ea estatutuan jarriko den Konstituzioak ezartzen duen gaztelania ezagutzearen derrigortasuna eta honen parekoa, katalana ere derrigorrez ezagutzea. 1978ko Konstituzioak jaso zuena arraroa da munduko konstituzioak begiratzen baditugu. Baina orain dagoen bezala ez du orekarik. Madrilen neurri hori dagoen bezala, hemengoan ere neurri bera jar daiteke asimetria saihesteko. Madrilekoa egongo ez balitz... Ez naiz Konstituzioan pisu normatiboa jartzearen aldekoa. Arazoak sortuko lirateke legea zehatz-mehatz bete nahi izango balitz.

Grup Catalá de Sociolingüística-ko lehendakaria zara. Zein esparrutako datuen beharra sentitzen duzue?
Lan mundukoak. Hainbeste diru gastatzen dugu katalana ikasteko eta soziolinguistok geure buruari galdetu izan diogu: "Balio digu zerbaitetarako katalanak lan munduan, enpresa handietan?" Aurrezki Kutxetan, merkataritza txikian, herri mailako administrazioan bai, baina enpresa handietan errezeloa dugu ezetz. Esparru honek gehiago arduratzen nau biztanleen lehen hizkuntza zein den aztertzeak baino, gaztelania-katalana mugimendua handia baita.

Herrialde Katalanak kontuan hartuta ari zara hitz egiten?
Ez, ez. Azken inmigrazioen datuak beharko genituzke. Eragin negatiboa dute inmigrazio hauek, testuinguru negatibora heldu direlako. Etorkina ez da erruduna, berak ikusarazten dizkigu ditugun kontraesanak. Katalana ikasteko ikastarora joan da peruarra, baina gero gaztelaniaz egiten duen zaharra zaintzen du. Peruar honek pentsa dezake alferrikakoa dela katalana.
Balear Uharteetan adibidez, 50.000 etorkin dituzte, alemanak eta populazio iragazgaitza da. Jende heldua da eta ez dute nahi katalana. Valentziako hegoaldean ere arazo bera dute europar asko baitago.

Vicent Pitarch (Institut d"Estudis Catalans-eko kidea): «Valentziako mugen barruan mantentzen bada katalanak ez du etorkizunik»

Pitarch valentziarra da eta 1985. urteaz geroztik Institut d’Estudis Catalans-eko kidea da, katalanaren akademiakoa, alegia. Hilero biltzen dira Bartzelonan Herrialde Katalanetatik joandako akademiko guztiak. Valentziatik «igo» zen egun hartan harrapatu genuen Pitarch. Valentzian valentzierak edo katalanak edo dena delakoak PPren esku duen panoramaz aritu zaigu. Hizkuntzaren batasuna behin eta berriz ukatuko dutela dio, batasunak «indarra ematen baitu».

Katalunian ikasi duen euskaldun batek esandakoa da hau: "Valentzian ikasi duten ezagunetatik inork ez du katalana ikasi".
Bizi-bizi dugun arazoetako bat inmigrazio berria da. Ni nabilen unibertsitatean eta institutuetan harrera programak egiten ditugu. Erantzuna beti bera da: "Zergatik hitz egin behar dugu katalanez, gaztelaniarekin abiatuko bagara lan bila?". Katalana eta Valentziako lan merkatua ez datoz bat. Zergatik? Saltsa kontrolatzen dutenek, ez politikoek bakarrik, baita indar ekonomikoek ere, ez dutelako inolako interesik gai honekiko, egoera kronikoa da. Katalunian ez da hori gertatzen. Hemen (Katalunian) lan merkatuan sartzeko katalanaren beharra dago eta han ez.

1992an Toni Mollák eta zuk Valentziako Hizkuntza Politikarako oinarri batzuk zehaztu zenituzten. Hizkuntzaren egoeraren diagnosia egin zenuten eta guk hainbat sintoma azpimarratu ditugu. Bata familiako transmisioan etena egotea da.
Eten hori mantendu egin da eta badirudi handitu dela gainera. 1992an sozialistak goitik behera zetozen eta PP gora. Nahi ala ez nahi horrek beherako joera dakar. Alacanteko Unibertsitatean, kongresu batean, hezkuntza zentroetan katalanaren egoera aztertu zuten. Hor baieztatu zen transmisioa behera egiten ari dela eta ondorioz, bizindar gutxiago dagoela. Eta era berean, gaitasun teknikoa igo da, nahiz eta ez den erabiltzen. PPko jendearentzat katalana traba da. Alabaina, hezkuntzaren alorrean badago fenomeno oso garrantzitsua. Hainbeste egin zen katalanaren balore sinbolikoa indartzeko ezen orain menderaezina dela baita PPrentzat ere. Inolako alorretan ez dute ezer ukitu, baina hezkuntza pribatuan, adibidez mojetan, urtero daude katalanezko gero eta ikasgai gehiago. Egia da baita ere, inkestetan agertzen denez, ikasleek badakite irakurtzen, idazten... baina ez dute hitz egiten.

Hezkuntzaz gain beste alorretan ere hori gertatzen da?
Bai, orokorra da.

Katalana landa lurretan erabiltzen zela baieztatu zenuten 1992an.
Bai, bai. Horrela mantentzen da, nabarmen. Gizartea zenbat eta landatarragoa orduan eta bizitasun handiagoa du katalanak. Espainola hizkuntza neutroa da. Ezagutzen ez duzunari espainolez egingo diozu. Arrazoia sinplea da, ez zaude prest "Zer esan duzu?" galdera entzuteko. Hori ez da gertatzen inondik inora ere landa guneetan. Ez da batere ohikoa kanpokoren bat topatzea, ez bada zona turistikoetan. Beraz, bizitasun, leialtasun eta hizkuntza gordetzeko joera landa gunetan dago. 15.000-20.000 biztanletik gorako herriek erdalduntzen segitzen dute.

Valentziarrek nolako jarrera dute hizkuntzarekiko?
Gauza bat nabarmen aldatu da. Orain ez da uste katalana gaizki esaka aritzeko hizkuntza denik, nekazarien eta klase sozial baxuenen hizkuntza denik. Horrela hezi gaituzte, katalana baldarra, analfabetoentzakoa dela esanez. Zorionez zeharo desagertu da aurreiritzi hori. Zalantzarik gabe, unibertsitateak eragin du hori eta hezkuntzaren alorrak. PP eta PSOEren borroka eremua hori da, hezkuntza. Hor ari dira ea zuloren bat irekitzen duten, zeren zorionez alor horrek salbatzen gaitu. PPk, PSOEk ez, sistematikoki baztertzen ditu unibertsitateak. Alabaina, maila guztietako teknikariak atera dira unibertsitateetatik. Teknologia berrietan aritzen direnek, informatikariek... katalanaren aldeko jarrera dute. Hori gero gizartean nabari da eta aurreiritzi primitiboa (zein baldarra den katalanez hitz egitea) apurtzen du.
Aurreiritzi garrantzitsuagoa: hizkuntzaren batasuna, bai ala ez. Hemen bai sartu direla buruz behera, baita PSOE ere. Azken hauek ez dute sekula ezer arriskuan jarri, inoiz ez zuten planteatu borroka irekirik. PPk berriz, orain bai. PPk agintzen du blaveroak fagozitatu dituztelako.

Azal iezaguzu mesedez zer den blaverismoa.
Katalanezko blau (urdina) izenetik sortutako mugimendua da blaverismoa, zalantzarik gabe, erreakzionarioa da. Badira adar batzuk faxistak, orain arte biolentoak ere bai. Hasierako urteetan, 80-81-82 urteetan, trantsizioa deitzen zioten garai hartan, atentatuak egiten zituzten bonba txikiekin, eta noski, katalanezko liburuak-eta saltzen zituzten liburu dendak erretzen eta puskatzen zituzten. Osagai faxista izan dute beraz, diluitzen joan direna. Hauen ideologia irrazionalitatean oinarritzen da. Saiatzen bazara edozer gauza tekniko eztabaidatzen edo hitz egiten, erantzuna da ezetz. Beraien borroka eremua da hizkuntzaren identifikazioarena, aitzakia da valentziera ez dela katalana. Dena dela, bitxia da ikustea ia inoiz ez dutela erabiltzen valentziera. Bandera horren, aitzakia horren azpian, sakon-sakonean, bi zutabe nagusi dituzte. Bata: «Espainolak gara». Sare soziala ikusita arrazoia dute horretan. Gure lotsarako, Espainian inkestetan, gizarte espainiarrenetakoa garela adierazten dugunotakoak valentziarrak gara. Batetik espainoltasuna eta bestetik, ultraeskuinaren aldeko jarrera nabarmena. Hori dena janzten dute esanez valentziera hitz egiten dutela eta katalanak inperialistak direla.

Burgesia katalanak katalanaren alde egin izan du eta zuek beti esan izan duzue Valentziako burgesiak katalana gutxietsi eta manipulatu izan duela.
Gutxietsi... uko egin diote, ihes egin diote katalanari. XIX. mende bukaeran hasi eta 30-40 bat urtez Valentziako burgesiak gaztelaniara jo zuen. Haien bidea zen: "Gu espainolak gara, gaztelania erabiliko dugu, besteak ez digu ezertarako balio". Unibertsitatean sortutako mugimenduan ordea, autokritika egin zuten burgesiak zabaldutako ideien gainean. Orduan ikusi zuen burgesiak berarentzat arriskutsua zela mugimendu hori. Valentziako presidente, Francisco Camps eta konpainia, Madrilen hauteskundeak galduta, ezkerrekoek, goikoek, kanpokoek «gure hizkuntza kentzen digute, gure identitate ezaugarria» esanez ari dira. Bitxia da, sekula katalanez ez dute hitz bakar bat egiten. Esaldi hori espainolez esaten dute! Nola kenduko dizute ba hizkuntza?

Batasun linguistikoaren gaian PSOE ere zerbait mugitzen ari dela dirudi. Baina gaiak mahai gainean segitzen du. Bi hizkuntz akademien artean nolako harremana duzue?
Ez daukagu harremanik, batere ez.
Esan berri dut zein joera duten. Alabaina, ikusi dute orain dena birplanteatzen ari garela eta beste baliabide batzuen artean nabarmenena dutena da hizkuntzaren batasuna ukatzea. Hizkuntzaren batasuna mantentzeak esan nahi du hizkuntza serioa dela, sendoa... Badakite gainera, Ebrotik pixka bat gorago ere indarra dagoela... Hizkuntza Valentziako mugen barruan mantentzen bada hizkuntza horrek ez du etorkizunik. Gauza bera gertatuko zaie galiziarrei. Estrategia hori mantendu behar dute beti, alegia, hizkuntza desberdina dela. Akademia desberdina ere egin dute. Legitimitatearen ikuspegitik akademia sortzea balekoa litzateke, Hego Amerikan badira. Ongi. Baina, une zehatz bat aukeratu zuten horretarako. Herrian identitatearen gaia manipulatzeko modu bat gehiago da akademia. Horrek mina egin behar du eta egiten ari da dagoeneko. Akademikoa izateak esan nahi du hilean 300.000-400.000 pezeta jasotzen dituzula, eskandalua benetan!
Akademiakoei esan diete ezin dutela izan ez dakit nolako harremanik Kataluniakoekin... Baina negozio guztiak Kataluniaren eta Valentziaren artean egiten ditugu eta! RENFEren lineak Valentzia-Bartzelona artean du indarra! Zentzuak esaten digu hori! Gobernuak harremanak zeharo eten behar direla zabaldu du eta horrekin ulertu da inolako harremanik ez dugula izango Kataluniarekin, ez hizkuntzarekikoak ez bestelakoak. Mahai azpitik egindako harremanak nahikoa izan ez direnez, enpresariak adibidez, publikoki kexatu dira.

Ataka honetatik nola atera zaitezkete?
Hegemonia eta boterea behar ditugu.

Nazionalismoak Valentzian ez du lortzen indartzerik.
Ez. Probisionalki zegoen aukera zen arrazionalitatearen, kulturaren, alfabetizazioaren... bidea, baina aurrera egiten duzun metro bakoitzeko beraiek ahaleginik egin gabe ehun metro aurreratzen dute. Hala ere, ez dut giro beltza erakutsi nahi. Itxaropena izateko elementu asko daude, asko. Ez daukagu beste erremediorik, Bartzelonara begiratzen dugu eta batez ere Euskadira.

Herrialde Katalanen artean nolako harremanak daude mugimendu sozialei edota unibertsitateei dagokienez?
Herrialde Katalanak hartzen dituen erakunde ofizial bakarra Institut d’Estudis Catalans da. Ez dago besterik, ezta bat bera ere. Telebista programazioaren ordu kopurua berdinduko duen proiektua ere ez da gauzatu.

Zein iritzi duzu Valentziako Hizkuntza Politikaz?
Hizkuntza Politikak inertziari segi dio, hau da, PSOEk agindu zuen garaian sartutako berrikuntzak bere horretan mantendu ditu. Esate baterako, administrazioan lan egiteko hainbat mailatako agiriak zeuden valentzieraren ezagutza neurtzeko eta PSOEk horiek eskatzen zituen. Gauza txikia zen, baina lan munduan zuzen-zuzen eragiten zuen. Noski, administrazioan eragiten zuen, baina beti izan du eragina lan mundu pribatuan ere. Bestalde, hedabideetan kontuan hartzeko urratsak eman zituen PSOEk, Canal 9 telebista katea sortu zuen eta baita irratia ere. Noski, PPk ez du hori zapaldu. Zeren zorionez, mundu txiki hau ez dago beraien esku. Dena dela, beraiek interesaren arrastorik ere ez dute. Beste alorra eskolarena da, edo baita unibertsitatearena ere. Katalana badago eskoletan eta unibertsitatean, nahiz eta ez izan beste mundukoa, baina horrek jendearengan badu nolabaiteko eragina. Unibertsitatean hainbat irakasgai katalanez aurkituko ditu ikasleak. Lehen berriz, esaera zen: "Zergatik ikasi duzu valentziera ezertarako balio ez badu?". Lehen esan dut, kontua da eskoletan katalanak ez duela behera egin, nahiz eta sustatu ere ez den egin. Ezinbestekoa da katalana beste alor batzuetan ere sartzea, adibidez, merkataritzan eta presentzia publikoan.

Hizkuntzak gobernuaren babesa behar duela diozu.
Gobernuak ez badio hizkuntza bat duela, edo beste hizkuntza hori beste bat bada, kasu honetan espainola, gizarte hori manipulazio politikoaren aurrean oso-oso hauskorra da. Era berean, gizarte horretan gaztelaniara jo duten goi mailako indarrek darabilten diskurtsoa da neoliberalismo krudelarena: hizkuntzek beren kabuz funtziona dezatela. Horrekin badakigu zer dagoen. Beraz, ez gizarte hauskorretan soilik, baita gizarte egonkor eta indartsuetan ere, hizkuntzaren kontrolik, erregulaziorik ez badago, nukleo batzuen borondatea eta leialtasuna besterik ez dago, hor hizkuntzak ezin du aurrera egin. Horrelako gizarte batean liberalismoaren irizpideak ezartzeak esan nahi du hizkuntzari zeukan azkeneko muga kendu diozula eta desagertuko dela. Beraz, kontrola diodanean ez naiz ari politikoaz soilik, baizik eta kontrol teknikoaz edo faktikoaz. Ez dago beste alternatibarik. Gainera, gaur egun gizarte guztiek funtzionatzen dute kontrol linguistikoaren bidez, nahiz eta esan hizkuntzek bere kasa funtzionatu behar dutela. Nola uler daiteke bestela Espainiako Estatuak akademia espainolari, Cervantes Institutuari... ematen dizkien milaka milioiak? Espainolak estatuaren aparatu guztia dauka atzean.

Elebitasuna harakiria dela esan izan duzu.
Egunen batean, agian, elebitasuna defendatzen hasi beharko dugu. Katalana hitz egiten dutenak hain gutxi badira egunen batean, beharbada, gaztelania ikastea komenigarria izango da. Elebidunak garela onartzeak esan nahi du espainola ere gure hizkuntza dugula eta hori gezurra da saltsa honetan gabiltzanontzat behintzat. Nik gaztelania oso-oso berandu ikasi nuen, eskolan noski. Beraz, zehaztu behar da zer den elebitasuna. Funtzionaltasunari, operatibotasunari, pragmatismoari begira, bai, beste hizkuntza bat jakin behar da, baina espainola? Espainola eta ingelesa? Espainola, ingelesa eta frantsesa?

Baieztapen hori testuinguru jakin batean egin zenuen. Orain ere gauza bera esango zenuke?
70eko hamarkadan "katalana hizkuntza bakarra" moduko leloak erabiltzen genituen. Zer nahi duzu esatea, orain ezinezkoa da hori. Castell-n Errumaniatik kanpo bizi den errumaniar kopururik handiena daukagu. Benicassinen, gune turistikoenetakoan, bada eskola bat non 25 herrialdetako haurrak dauden.

Turismoak ere eragin du hizkuntzaren esparruan.
Duela gutxi prentsak ekarri du (lehendik ere bagenekien zekarrena, baina idatzita ikusita pisu gehiago du) balorazio bat zeinaren arabera, azken hamar urte hauetan Valentziako itsasertzak jasan dituen aldaketak historia guztian izan dituenak baino handiagoak izan diren. Hamar urtean lurra historian zehar baino gehiago hondatu dugu. Dinamika horretan sartu berri gara. Horrek esan nahi du gizartea beste modukoa dela. Eta ezin gara ahaztu inmigrazioarekin. Herri txikietan Guardia Zibilak berak ere katalanez egin beharra zuen eta orain gaztelania erabiltzen hasi dira herri batzuetan inmigrazioa dela medio. Egoera berri honetan ezin da esan katalana hizkuntza bakarra denik, baina identifikaziorako balio digun hizkuntza katalana dela bai.

Daniel Mundet (Plataforma per la Llengua-ko bozeramalea): «Inmigrazioa aukera bat da katalanak sekula izan ez duen dimentsioa har dezan»

Duela 11 urte sortu zen Plataforma per la Llengua elkartea eta ordudanik katalanaren normalizazioan lanean ari da. Katalunian plataforma nazionala eta tokian tokiko taldeak dauzkate. Ez dira Kataluniara mugatzen ordea, Valentzian ere bada lanean ari den taldea. Balear Uharteetan berriz, bertako elkarteekin daude harremanetan, Jóvenes de Mallorca por la Lengua elkartearekin adibidez. Ipar Katalunia korapilotsuagoa da, baina, hala ere, Perpinyako elkarteekin hartu-emanak dituzte.
Filosofia sinplea dute: helburu zehatzak emaitza zehatzak lortzeko. Kanpaina abstraktuetan ez dute sinesten.

Hizkuntza normaliza dadin jorratzen dituzuen gaien artean entzutetsuenetakoa da produktuen etiketak katalanez aldarrikatzearena.
Etiketatzearen gaiaren bidetik sortu zen plataforma, orain dela 11 urte. Egin genuen lehenengoetariko kanpaina Coca Colarena izan zen. Etiketatzea katalanez egiteko eskatu genion. Guiness errekorra jarri genuen jaso genuen Coca Cola poto kopuruagatik. Kanpaina honek sortu zuen mugimendua uste baino handiagoa izan zen eta mugimendu horri eskerrak egituratu zen plataforma. Ondoren, ur botilen eta jatorrizko izendapena duten ardo eta caven etiketak aztertu genituen eta katalanez egiteko jendea kontzientziatzen hasi ginen. Egia esan, emaitza oso ona izan da, batik bat hemen ekoizten diren ardo eta cavetan. Urte gutxitan aldaketa handia egin da.

Enpresek ondo erreakzionatu dute beraz.
Egia esan, enpresa gehienei ez zitzaien burutik pasa ere egin produktuei etiketak katalanez jartzea. Eskaera egindakoan harritu egiten ziren lehenbizi, eta gero, ez zekiten zer egin. Konturatu ziren ordea, ez zeukatela inolako arrazoirik katalanez ez etiketatzeko. Enpresa handiek konpromisoa hartu zuten eta jarraipena izan du.
Alde batetik enpresekin aritzen gara, baina bestetik unibertsitate, eskola, administrazio publiko eta udalei eskatzen diegu katalanez etiketatutako produktuak erosteko. Beraz, batetik enpresei eskatzen diegu katalana erabiltzeko, baina bestetik, eskaria egon dadin sustatzen saiatzen gara, horrela zirkulua ixten dugu. Estrategia hau eraginkorra izan da eta nahiko genuke gai honek balio izatea enpresetako beste alorretan ere eragiteko, hala nola, katalogoetan eta publizitatean.

Zein produktu motekin ari zarete orain buru-belarri?
Ardo eta caven kanpaina bukatzen ari gara. Hurrengo, multinazional handiei heldu nahi genieke. Erakusketa bat egin berri dugu eta bertan eguneroko erabilerakoak diren hainbat produktu hartu eta hizkuntzen erabilera nolakoa den aztertu dugu. Esate baterako, Heineken garagardoa eta Kellog's zerealak hartu ditugu. Multinazioalek produktu horiek gure hiztun kopuru bera edo txikiagoa duten herrialdeetan nola etiketatzen dituzten ikusi dugu. Emaitzak harrigarriak dira. Danimarkan adibidez, (daniera konparagarria da gure hizkuntzarekin), multinazionalek lasai asko etiketatzen dituzte produktu horiek danieraz. Beraz, badago tartea, eta handia gainera, egoera alda dadin.

Katalanek badute hizkuntzaren kontzientzia? Nola erreakzionatzen dute kanpainen aurrean?
Esate baterako, cavaren kasuan, batak bestea ekarri zuen. Jende askok inoiz ez zuen arretarik jarri botiletan, uste zuelako katalanez zeudela. Bertan egindako produktuak dira eta jendeari esan genion enpresa batzuek ez zutela katalanez etiketatzen eta ondo legokeela hala egitea. Jendearen erreakzioa zen: "Ez dago katalanez?". Orduan esnatu zen jendea.
Filmeen bikoizketan ere jendeak badu interesa. Polemika zehatzak daudenean jendeak badu mugitzeko gaitasuna. Gure asmoa da batetik, norbanakoaren jarrera sustatzea, hau da, film bera gaztelaniaz eta katalanez bikoiztuta baldin badago bigarrena aukera dezala edo cava erosi behar duenean katalanez etiketatutakoa aukera dezala. Aukera egiterakoan hizkuntza irizpidea ere erabil dezala lortu nahi dugu. Bestetik, konpromisorako ekintza kolektiboak daude. Biak konbinatzen saiatzen gara.

Erasoei erantzun publikoa emateko ere lan egiten duzue.
Duela hilabete batzuk alarma publikoa eta indignazioa eragin zuen gertaera bat izan genuen. 15 urteko mutil batek posta elektroniko bana bidali zien Día eta Agua Brava enpresei katalanez etiketatzeko eskatzeko. Harry Potter-en liburuetatik ateratako zita bat erabili zuen. Guardia Zibilak etxean atxilotu zuen ustezko terrorista moduan. Ordenadoreak ikertu zizkioten eta Madrila eraman zuten. Harrigarria izan zen. Gure ustea da eskaera guztiz zibikoa eta linguistikoa kriminalizatu zutela. Babesa eman genion mutilari eta gertatutakoa publiko egin genuen jendeari azaltzeko zer edo zer gaizki zihoala. Hau adibide bat baino ez da. Beste gaia betiko eztabaidarena da, hizkuntza banaketarena, katalana valentzieratik banatzearena. Norbaitek proposatu du adibidez, liburutegietan liburuen katalogazioa banatuta egitea... banaketa linguistikoa instituzionalizatu nahi dute horrela. Gizarteak garbi jokatu behar du egoera hauetan esanez gauza asko ari direla egiten, baina hizkuntzari, behinik behin, inolako mesederik ez diotela egiten. Hizkuntza bera da, jarri iezaiozu nahi diozun izena, baina ez saiatu banatzen. Politikoren batek karrera egin nahi badu edo argazkian atera, bila ditzala beste estrategia batzuk. Jendeak gai hau asko bizi du eta edozein gertaerak pasioa sortzen du.

Filmak katalanera bikoiztearen gaia aipatu duzu lehen. Zer eskatzen duzue?
Guk nahi duguna da katalanerako bikoizketak gaztelaniakoaren baldintza berberak izatea: areto kopuru bera izatea, aretoak herri eta hiri guneetan egotea eta emanaldien ordutegiak egokiak izatea. Dena den, egoera oso konplexua da. Banatzaileekin hasi ginen hitz egiten eta hauek aretoetara bidali gintuzten. Gero berriz, banatzaileengana itzuli ginen. Gero Amerikako Estatu Batuetako zinema industria nagusiekin jarri ginen harremanetan, hauek areto guztiak oso ondo kontrolatzen dituzte. Egia esan, egoera konplexua da. Alabaina, ez dugu gaia alboratuko. Batetik, multiaretoen fenomenoa daukagu, baina bestetik, gero eta indar gehiago hartzen ari den DVDen merkatua dago. Jendeak nahiz eta filmak zinean gaztelaniaz ikusi dituen, ikus ditzala orain katalanez DVDen eta ondorioz, errazago eskatuko du zinera doanean katalanez ikustea filma.

Jendeak ba al du ohitura filmak katalanez ikusteko?
Bai, telebistaz. Ez da ohartzen zinean ere aukera bera izan dezakeela. Erosotasunagatik alboko zinera doa nahiz eta jakin filma gaztelaniaz emango dutela eta hiriko beste toki batean katalanez emango duten film bera ikustera ez da joango. Katalanera bikoiztutako filmeek denbora gutxi eta leku gutxitan irauten dute eta zaila da jakitea ikusle potentziala zenbatekoa den. Ohitura badago, baina baldintza egokiagoak eskaini behar zaizkio ikusleari. Batzuetan, filma katalanez ikus dezan ahalegina egiteko eskatzen diogu ikusleari eta jatorrizko bertsioan ikusteko ere ez du egin behar ahalegin berbera. Egoera paradoxikoak dira. Adibidez, badakigu zenbait herritan areto guztietako film guztiak gaztelaniaz eman beharrean katalanez emango balituzte ere, ikusle bat bera ere ez luketela galduko. Beraz, tekla asko ukitu behar dira batera gai honi heltzeko. Zaila da, baina lehentasunetako bat da guretzat.

Etorkin gero eta gehiago duzue Katalunian. Inmigrazioa arazoa da katalanarentzat ala aukera?
Guretzat aukera da. Katalana azken urteotan etorri diren eta hemen geratu nahi duten hainbat kulturentzat harrera hizkuntza moduan eta integratzaile moduan ikus dadin nahi dugu. Inmigrazioaren fenomenoa ez da berria, Katalunian beti izan dugu inmigrazio handia.

Oraingoa beste molde batekoa da ordea.
Bai, oraingoa adinako anitza ez da izan inoiz. Jaiotze tasa beti izan da baxua eta industriarako, lanerako jendea behar izan denean inmigrazioa gertatzen zen. Orain gertatzen dena da kultura, hizkuntza eta erlijio aniztasuna aurreko inmigrazioetan baino askoz ere nabarmenagoa dela. Guk uste dugu kolektibo berri hauek Kataluniako gizartean integratzeko aukera dugula. Elkartekook adibide bat jarri ohi dugu: Madrilen edo Valladoliden hamar urtez bizi izan den Ekuadorkoak segituko du ekuadortarra izaten. Aldiz, Katalunian beste hainbeste urte bizi eta katalana ikasi eta hitz egiten badu askoz ere azkarrago egingo da katalan. Katalana erabiliko ez balu, agian, ez litzateke hori gertatuko. Beraz, hemen hizkuntzak potentziala du eta ustiatu eta ondo landu behar da. Etorkinek ikus dezatela katalana berea izan daitekeela, ez dela gauza arrotza. Beraz, batetik, katalana zer den azaldu behar diegu eta bestetik, lortu hizkuntza bereganatzea. Gaia zaila da, hala ere. Kanpotik datozenak lanera datoz, bizi maila hobea nahi dute, baliabide ekonomikoen bila datoz, dirua behar dute senideei bidaltzeko... Horrek ez du esan nahi ordea, diskriminatu behar direnik eta onartu behar denik beraiek katalana ikasi beharrik ez dutela. Katalan hiztunei mezu hori bidali nahi diegu, zeren ohikoena da etorkinari zuzenean gaztelaniaz egitea. Egin lehenengo hitza katalanez.

Katalanaren normalizazioak zein esparrutan egin du aurrera eta zeinetan egin du atzera edo mantendu da berdin?
Aurrera egin du unibertsitatearen alorrean, eskolan eta administrazio publikoko hainbat esparrutan. Justiziaren alorra dago hankamotz eta alor hau oso garrantzitsua da, baina zailena. Telebista kate eta irrati kate propioak izatea ere aurrerapauso handia izan da. Gainera, horrek eraginda beste hainbat telebista eta irrati ere katalana erabiltzen hasi dira. Esparru hauetan egindako aurrerapausoa duela urte batzuk inork ez zuen espero. Katalanaren normalizazioaren bidean egiteke dagoenaren artean, prentsa idatzian bada egunkari solteren bat oraindik katalanez egiten ez duena eta ez egiteko inolako arrazoirik ez duena. Erabilera sozialaren esparruan ere badago zeregina, batik bat, aisialdian. Lehen aipatu dugu filmeen bikoizketarena. Etiketatzean ere oraindik egiteko dezente dago. Bada esparru berri bat ere, teknologia berriena. Hor dira sakelako telefonoen industria eta Internet. Esate baterako, sakelakoen telefoniako operadore eta fabrikatzaileekin ari gara lanean eta batzuk hasi dira katalana erabiltzen, baina beste asko ez. Esparru hau duela urte batzuk ez zen existitzen eta eragin duen inpaktua izugarria izan da. Lan egin behar da gaztelaniak edo ingelesak aurrea har ez dezaten.

Katalunian mugimendu zibikoa handia dela uste duzue?
Mobilizazioa badago gai zehatzak ukitzen direnean. Modu abstraktuan iritzi asko daude. Mahai gainean jartzen direnean gai zehatzak, hala nola, etiketatzearena edo bikoizketarena, jendeari esaten diozunean posta elektroniko bat edo eskutitz bat bidali behar duela... orduan jendeak erantzuten du. Eztabaida dago gai honetan. Jendeari esaten diogu hainbat eskaera egiteko, baina eskaera horiek gobernuak berak ez ditu egin. Jendeak dio: "Zergatik ez dago lege bat filmeen bikoizketa bermatzeko? Eta etiketatzea derrigortzeko? Edo Kataluniako funtzionario guztiak katalana ikastera derrigortzeko?". Gizarteari eskatzen zaio ekiteko, baina horrek botere publiko eta politikoen laguntza behar du beti. Guk jorratzen ditugun bideak horiek dira, batetik jendeak eguneroko eskaera txikiak egin ditzala (jatetxean katalanez ez dagoen menua hala jartzeko eskatzea, adibidez) eta bestetik, administrazioak egoera horiek babes ditzala ausardia gehiagorekin.

Estatutu berriarengandik zer espero duzue?
Talde parlamentario guztiei bidali genien hainbat proposamen. Orain ea zein gogoeta edo aurre-akordio ateratzen diren estatututik. Orduan ikusiko dugu noraino iristeko prest dauden. Aurrera egingo duten itxaropena badugu, baina noraino iristeko prest egongo diren ez dakigu. Dena den, espero dugu gai batzuetan jarrera garbia izango dutela, adibidez, izendapen linguistikoaren gaian. Guretzako gai hau oso garrantzitsua da. Bestetik, espero dugu Katalunian katalanaren koofizialtasuna indartuko dutela. Hizkuntza ofizialaren kategoria eman diezaiotela eta esparru sozial eta komertzial guztietan izan dezala eragina. Uste dugu gai hauetan egongo dela aldaketaren bat eta gu hor eragiten saiatuko gara.

Gobernu berria, Hizkuntza Politikako Idazkaritza berria. Ez daramate denbora asko lanean, baina zein iritzi duzue egindako lanaz eta egitekoaz?
Denbora gutxi da lanean ari direla, baina harremana joan-etorri nahiko errazekoa da eta hori ona da. Gobernu berriak hizkuntza lehentasunen artean kokatu du eta guk hori oso ontzat hartu dugu. Guk zentzu horretan emango dituzten pausoak babestuko ditugu, hau da, dauden legeak betearazi eta hizkuntza gehiago erabiltzeko erraztasunak jarri. Orain arte hartutako neurriak begi onez ikusi ditugu, guk aspalditik eskatutakoak baitira. Legeak ez daude beraiei begira egoteko, betetzeko baizik. Legea betetzen den edo ez ikusteko ikerketak egiten hasi dira eta zigorrak ere jarri dituzte, hori da guretzat egoera normala. Oraingoz ireki duten bidea interesgarria da eta espero dugu bide horretan jarraituko dutela. Guk beti nahi dugu urrutirago joatea, baina bidea egokia da.

Hizkuntzaren batasuna dela eta ez dela polemika bizi-bizi dago.
Erabilera instrumentala egiten da, gaia oso-oso politizatuta dago. Alabaina, gauza horietako asko desaktiba daitezke, beren pisuz erortzen baitira. Hizkuntza normalizatzeko dago, beste izen bat jar diezaiotela, baina hizkuntza bera da. Gauza praktikoak eginez saiatzen gara zentzurik ez duten egoerak indargabetzen. Kezkatzen gaitu gaiak, hedabideetan ere pisu handia hartu dutelako gai batzuek, baina ekintza praktikoekin gaizkiulertu asko indargabetu daitezkeela uste dugu.

XXI. mende honetarako zein panorama du katalanak? Zein da erakargarritasuna?
Egoera ona da. Katalana legalizatuta dago orain. Gutxitan izan du oraingo aukera: tresneria badugu, mekanismoak... esperientzia. Baditu zailtasunak ere, teknologia berrien esparrua hor dago, baita inmigrazio berria ere. Azken hau aukera bat da katalanak sekula izan ez duen dimentsioa har dezan. Potentzial hau ondo kudeatzen badugu egoera oso onean kokatuko gara.

Miquel Pueyo (Kataluniako Hizkuntza Politikako idazkari nagusia): «Generalitateak harremanak hobeak ditu Perpinyako alkatearekin Valentziarekin baino»

2003ko azaroaren 16ko Parlamenturako hauteskundeen ondoren hasi zuten agintaldia ERCk, PSCk eta ICVk. Ez dute lan gehiegi egiteko astia izan, baina zerbait kontatzeko badu Hizkuntza Politikako idazkari nagusiak, Esquerra Republicanako Miquel Pueyok. Hizkuntzaren normalizazioan kezka sortzen dioten hiru gai behintzat badira: gazteak, Tarragona eta Bartzelonako metropoliak eta inmigrazio berria.

Nola baloratuko zenuke orain arte Hizkuntza Politikak egin duen bidea? Zertan hobetu duzue eta zertan ez?
Kataluniako Hizkuntza Politikan adostasun nahiko handia dago. Batzuetan PP bera ere barruan sartzen da. PPko zinegotziekin lan egiterakoan adibidez, zigorren gaia negatiboa iruditzen zaie, toleranteagoak izan behar dugula diote... baina esan dezagun gerra linguistikorik ez dagoela eta hori oso inportantea da guretzat. Aurreko urteetan, CIUk agindu duen garaian, eta bereziki Zuzendaritza Orokorra sortuta, asko aurreratu dute lehengo gobernuak eta baita gizarteak berak ere. Aurrerapena, batik bat, bi adarretan egin da. Batetik, okerrago edo hobeto, katalanaren ezagutza bermatu da hezkuntzan. Derrigorrezko hezkuntza bukatzen dutenean ikasleek badute gaitasun maila bat. Bestetik, prestigioaren erronkan aurreratu dugu. Trantsizio garaian, Adolfo Suarezek egunkari frantses batean egindako elkarrizketan esan zuen ea nola zitekeen fisika katalanez irakastea. Orain ez dut uste inork zalantzan jarriko lukeenik edozein aktibitate katalanez egin daitekeenik. Parlamentuan, gaur egun, inork ez du gaztelaniaz egiten interbentzioetan. Gogoratzen dudan neurrian, legegintzaldi honetan diputatu guztiek hitz egin dute katalanez. Beraz, esan dezakegu katalanaren ezagutza maila handia dagoela modu pasiboan eta aktiboan, eta nahiko prestigio duela. Erronka zein den? Erabilera. Erabileraren paradoxarekin eztabaida dago eta zera dio hainbatek: "Agian, ezagutza modu pasiboan zein aktiboan handitzea lortu duzue, baina benetako erabilerak behera egin du". Eskolan ere gai horrekin dabiltza: katalana ikasgelako hizkuntza da, baina ez jolastokikoa. Ez nago ados ondorio arin eta globalekin, baina ados nago beste honetan: erabilera sustatzea lehentasuna da. Erabilera sustatze horretan bada esparru bat Katalunian non Hizkuntza Politika inoiz sartu ez dena: pertsona arteko harremanak.

Badirudi katalana gero eta gehiago erabiltzen dutela berez gaztelania hiztun diren familiek, eta aldiz, katalana baino hitz egiten ez zuten edo ia-ia beti katalanez aritzen ziren familiek gutxiago erabiltzen dutela. Irabazitakoa baino galdutakoa ez al da gehiago?
Hizkuntzaren etorkizunari buruzko eztabaidak oilo ipurdia jartzen dit. Saiatzen naiz ez joaten katalanaren etorkizunari buruzko eztabaidetara. Eztabaida hori oso emotiboa eta subjektiboa bihurtzen da eta katalanaren etorkizuna hiztunek egiten dutenaren baitan baino ez dago. Esate baterako, badago joera hizkuntzaren egoera baloratzeko azken egunetan izandako espektatiba, esperientzia eta emozioen arabera. Taxia hartu eta gidaria gaitzesgarria bada irratian COPE lehertu arte daukalako, Bartzelonako taxi gidari guztiak gaitzesgarriak dira. Balorazio horietan emozio gradua badago.
Erabilerari buruz, 2003an egindako ikerketatik zera nabarmendu nahi nuke: katalana hizkuntza propiotzat (bere hizkuntza zein den galdetu zaio biztanleari) du populazioaren %48,8ak eta gaztelania %44,3ak. Bi hizkuntzak bere sentitzen dituela diotenak %5,2 dira. Uste dut portzentaje txiki horrek gora egingo duela. Bestalde, baikorra da ikustea nola katalana ohiko hizkuntza dutenak gehiago direla beren hizkuntzatzat dutenak baino: %50,1. Interesgarria da beste datu hau guretzat: katalanen %43,2ak etxean lehenengo ikasi zuen hizkuntzatzat du katalana eta %53,4ak gaztelania. 2.210.000 katalanek lehen hizkuntzatzat (etxean lehenengo zein hizkuntza erabiltzen duen galdetu zaio) dute katalana, 2.670.000 katalanek hizkuntza propiotzat dute katalana eta 2.740.000 biztanlek ohiko hizkuntzatzat du. Horrek esan nahi du gaztelania lehenengo hizkuntza moduan ikasi eta seme-alabei katalana transmititzen ari den jendearen kopuruak gora egin duela hamar puntu. Norbaitek esan dezake: «Gizarte normala bazinate igoera ez zen hamar puntukoa izango 90ekoa baizik. Bai, noski. Baina igoera hori ere izango ez bagenu, egoera kezkagarriagoa litzateke.

Bai, baina badirudi gaztelania gehiago sartu dela ohiko erabileran berez katalanez egiten zutenen artean eta gaztelania hitz egiten zutenen artean ez dela hainbeste sartu katalana.
Bai, ziurrenik hala da.
Katalanaren erabilera informalaren aurka dauden hainbat faktore hartu behar da kontuan. Dóna corda al catalá (eragiozu katalanari) kanpainak, hain zuzen, faktore hauetan oinarritu nahi zuen. Zer gertatzen da? Bada katalanen %94,5ek ulertzen duela hizkuntza, baina harremanetarako hizkuntza neutro moduan ez duela asko funtzionatzen. Alegia, hiztunak ezezagun bati edo batzuei lehen hitza egiterakoan, batzuetan irizpide oso subjektiboak kontuan hartuta, erabakitzen du gaztelaniaz egitea, badakielako horrela ulertzeko arazorik ez duela izango ezezagunak. Kanpainaren leloetako bat hauxe zen: Per començar, parla en catalá (lehenengo hitza egin katalanez). Gehienek ulertuko dizute nahiz eta beraiek gaztelaniaz hitz egiten segi. 35 urtetik beherakoekin, hezkuntza sistematik igaro direnekin, proba egiten baduzu katalanez hitz eginez, bigarren edo hirugarren saioan ohikoena katalanera igarotzea da. Badira 1.300.000 pertsona katalana badakitela diotenak, baina erabili ohi ez dutenak. Horiek ingurua dela-eta, lanean, kalean, lagun artean... zaila daukate katalana erabiltzea. Batzuetan gainera, hizkuntza aldatu behar izaten dute, katalana erabiltzen hasi dira, baina beraien lagunek txikitatik ezagutzen dituzte eta izugarri kostatzen zaie pertsona horiei katalanez hitz egitea.

Kanpainako Per començar, parla en catalá leloa aipatu duzu. Harritu gaitu mezuak. Euskaldunok uste genuen alderantziz zela, katalanek lehenengo hitza eta baita bigarrena eta hirugarrena ere katalanez egiteko erreparorik ez zenutela.
Saiatuko gara ideologia gutxiko kanpainak egiten. Parla amb llibertad adibidez, anbiguoa da. Gobernuaren konpromisoa da katalanez egiteagatik inork arazorik izango balu babestea. Adibidez, jatetxeren batean onartzen ez badute katalanez egin diolako. Internet bidez kexak eta galderak ari gara jasotzen.

Horrelako kanpainak egiten aspaldi hasi ginen Euskal Herrian, Tolosan adibidez.
Eta zer moduz?

Mezu moduan barneratu zuen jendeak, baina ez eguneroko jarrera moduan.
Nik ere ezin dut bermatu jarrera moduan barneratua izatea. Dena den, gaia jendearengana heldu dela uste dut, horri buruz eztabaidatu dute. Aspaldiko partez ez gara ari eztabaidatzen katalanaren etorkizunari buruz baizik eta jendearen jarrerari buruz.

Gazteek gaztelania hartu dute ohiko hizkuntzatzat, batez ere metropolian.
Gazteekin, eta batez ere, Bartzelona eta Tarragonako metropolietakoekin kezkatuta gaude. Nik uste dut, datorren urtean, Kataluniako Hizkuntza Politikaren ardatz nagusia nerabeek eta gazteriak katalana erabil dezaten sustatzea izango dela.

Hizkuntza Politikako Idazkaritza sortu duzue. Lehen Kulturako Sailaren barruan zegoen Hizkuntza Politika.
Hizkuntza Politikako Idazkaritza sortuta, Lehendakaritzan kokatzen gara. Hizkuntza Politikako Zuzendaritza Orokorra Kulturaren barruan zegoen eta horrek, neurri batean, marginatu egiten zuen. Orain, ez dugu bultzatzen sail bakoitzean dauden teknikarien sarea soilik, baita Hizkuntza Politikako batzorde teknikoa ere. Azken hau zazpi urtean ez da elkartu. Guk bildu dugu eta hor daude sail guztietako idazkari nagusiak eta Hizkuntza Politikako idazkari nagusia. Politika transbertsalak bultzatzen saiatuko gara; hemen, Bartzelona futbol taldeko boluntario linguistikoen gaiari buruz hitz egiten dugu edo produktu informatikoei buruz. Dena sartzen bada, ez du zentzurik Gobernuaren Hizkuntza Politikako Idazkaritza batean egitea dena. Gobernuaren Hizkuntza Politikak gobernu osoarena izan behar du. Erronka politiko garrantzitsua da hori. Ez diot ondo eta zeharo konponduta daukagunik, baina lehendakariaren espazio politikoan egonda aukera garrantzitsua daukagu.

Zentralitate politikoan irabazi duzuela esango zenuke?
Bai, garbi. Adibidez, Kulturako sailburuak Kulturako zuzendari orokorra oso mediatizatua zuen. Nik, Idazkaritzaren egoeragatik, ez ni naizelako, harreman nahiko normala daukat Hezkuntzako sailburuarekin edo bere lan-taldearekin, edo Kulturako sailburuarekin, Merkataritzakoarekin... Nik uste dut konpromiso maila estuagoa dagoela orain. Adibidez, Hizkuntza Politikako batzorde teknikoan onartu zenaren arabera, erosketetaz arduratzen den alorra konprometituta dago erosketa politikan hizkuntza baldintzak kontuan hartzera. Generalitateak ondasun eta zerbitzuetan duen erosketa ahalmena ikusita, udaletan, diputazioetan eragin dezakegu, egitura sozioekonomikoan eragin garrantzitsua izan dezakegu. Barçak ere publikoki baietz esan dio aipatu dugun akordio horri eta horren arabera hornitzaileei eskatuko die, adibidez, palkoan zerbitzatuko diren produktuak katalanez etiketatuta egotea.

Hizkuntza Normalizazioaren Legearen arabera...
1998ko lege hori intentzio onen sorta bat da.

Baina 2003an, produktuak katalanez etiketatzearen gaia pil-pilean egon zen. Katalanaren aldeko hainbat elkartek, horien artean Plataforma per la Llenguak, zigorrak betearaztea eskatzen zuten, hau da, legea betetzea.
Legearen arabera, jatorrizko izendapena duten ardo eta caven sektoreko produktuen katalanizazioa jazarri daiteke. Asko aurreratu da, baina oso puntuala da. Kontuan izan Idazkaritza honek ez daukala hizkuntza poliziarik eta zigorrak ezartzeko zuzeneko eskuduntzarik, Correos-i adibidez, zigorra Kontsumo eta Turismo Sailaren bitartez jarri zaio. Hiritarren salaketak direla medio eta beraiek egindako azterketei esker abian jarri dituzte prozesu zigortzaileak. Aurreko Gobernuan prozedimenduak jarri ziren abian, baina kajoian geratu ziren. Orain aurrera segitzen dute. Orain arteko zigorrik famatuena Correosi jarritakoa da, zigor horrek ez dio kezka handirik sortuko baina... Ez digu ilusio berezirik egiten zigorrak ezartzeak, nahiz eta batzuetan, hori egitea eskatzen zaigun. Alabaina, legeak uzten duen neurrian, legea betearaziko dugu.
1998ko Hizkuntza Politikako Legeari dagokionez, (bultza-sustatu-bultza-sustatuz betea dago) erreformatu edo ez, ez dugu planteatu ere egin beharko, epe labur edo ertainean estatutu berria izango badugu.

Iruñeko Adierazpena sinatu zuenetako bat izan zinen 1983. urtean. Adierazpen hura oso kritikoa zen lantzen ari ziren marko legalarekin. Orain daukagu, daukagun marko legala eta estatutua berritzeko aukera mahai gainean dago. Hizkuntzaren ikuspegitik nora heldu nahi duzue? Hizkuntz subiranotasuna aipatzen da, Ipar Irlandako eredua...
Estatutu berriaren proiektua eztabaidatzen ari dira. Garai aktiboan gaude. Balizko oasi katalanera (ez dut uste hain oasia denik) haize bolada etorri da. Esanguratsua da ponentziarako bilerek aurrera jarraitzea, hau da, orain alderdi politikoren bat estatutu berria idazteko proiektutik etenda geratuko balitz, hiritarren aurrean garesti ordainduko luke. Ez dut uste inork atzerapausorik emango duenik. Estatutu berrirako proiektuan badira berrikuntza batzuk oso arrazoizkoak izan daitezkeenak. Esate baterako, kolokialki «katalana derrigortzea» moduan ezagutzen dena ezartzea. Ez du hori esan nahi hitzetik hortzera. Eskatu nahi dena da, simetriari jarraituz, inork ezin badezake argudiatu gaztelania ez duela ezagutzen, Katalunia bizileku dutenek ezin arrazoitu izatea ez dakitela katalana. Hezkuntzak katalanaren ezagutza oinarrizkoa bermatzen du eta hedabideetan ere badago. Oraindik ere asko egiteko daukagun hainbat alorretan ere berrikuntza esanguratsuak egon daitezke, hala nola, alor sozioekonomikoan, etiketazioan... Ez dakit nola geratuko den ponentziatik aterako den idatzia, baina zinez diot asko hobetuko dela. Horregatik ez dugu beharrik izango dagoen legea berritu behar den edo ez erabakitzeko, estatutu berriak Hizkuntza Politikako lege berria onartuko du eta marko horretara egokituko diren beste hainbat lege ere bai.

Jose Luis Rodriguez Zapatero, Espainiako presidenteak katalanaren alde hitz egin du, Manuel Marinek, Espainiako kongresuko presidenteak berriz, tira-birak izan ditu kongresuan katalanez hitz egin duten diputatuekin...
PSCk beti izango du posizio deserosoa Madrilen. Ez dut ukatuko Aznarren garai itogarriaren eta ia antidemokratikoaren ondoren, Zapateroren talante famatuarekin, nolabait arnasa hartu ez dugunik. Nik ez dut ezagutzen bera, baina Carod-Rovirak bai eta baietz dio, badituela bestelako erreferente pertsonalak ere, aniztasunarena, adibidez. ERC alderdi independentista da, nazionalista gisa ere ez nuke definituko, eta, horrela jarraitzen dugun bitartean, Estatuko markoan errespetu handiagoko elkarbizitza egiten saiatuko gara. Estatuko Gobernuak batean muxu eta bestean ostiko eman digu. Hizkuntzaren alorreko auziak dauzkagu. Hor dago hizkuntzaren batasunarena. Valentzian garbi dago hizkuntzaren batasunaren gaia arma politiko gisa erabili dutela sektore kontserbadoreenek.

Baduzue harremanik Valentziako Gobernuarekin?
Zuzenekorik ez. Generalitateak berak ere ezin izan du, nahiz eta badakidan presidentea bera eta sailburuak saiatu direla. Valentzia eta Katalunia, gobernu guztietako kolore politikoen diferentziak albo batera utzita, muga autonomikoak hainbeste banandutako bi komunitate izatea ezohikoa da. Ez luke horrela behar gertutasun geografikoagatik baino ez bada ere, ekonomian osagarri direlako... Kataluniako Generalitateak harreman hobeak eta erosoagoak ditu Ipar Kataluniako Perpinyako alkatearekin edo Ipar Kataluniako departamendukoekin beraiekin.
Aurreko Gobernuarekin zeuden hitzarmenak mantentzen ditugu. Adibidez, zinean guk bikoiztuta ditugun filmak pasatzen dizkiegu. Esan dezagun beraiek ez dutela aurreko etapan zegoen berotasuna. Guk ez dugu aterik itxiko, alderantziz. Beste lurraldeetako egoera politikoetara egokitu behar dugu, noski. Administrazioaren ikuspegitik, Hizkuntza Politikako Idazkaritzaren eskuduntza Kataluniako lurraldea da, baina hizkuntz komunitatearen ikuspegitik, ez Idazkaritzak eta ezta Gobernuak ere, ezin dute sentsibilitaterik gabe jokatu Perpinyan edo Valentzian gertatzen denarekiko. Mugek pisu txikiagoa izango duten Europan, harritzekoa da nola batzuetan Espainiako Estatuko komunitate autonomoen arteko mugak gaindiezinagoak diren estatuen artekoak baino. Generalitateko Hezkuntza Sailekoak Italiako udal agintariekin harremanetan daude Sardiniako L’Alguer herrian, eskolan, haurrek katalana ere ikas dezaten. Ez da ezer gertatzen. Ipar Kataluniaren eta Printzerriaren arteko zonan akordioak daude alde bateko edo besteko ospitaletara eramateko jendea... Harreman horrek indarra hartuko du eta iritsiko da egoera jasangaitza izango den garaia, zeren Perpinya eta Figueresen arteko harremana handiagoa izango da Castell- eta Tortosaren artekoa baino. Derrigorrez, denok neurtu beharko dugu urruntze hori zenbateraino den arrazoizkoa. Arrazoiz kanpokoa eta daukagun marko politikoan zentzugabea.

Katalanaren normalizazioan lehentasunak aipatu dituzunean Tarragona eta Bartzelonako metropoliak eta gazteak aipatu dituzu, besteak beste. Epe motzera eta ertainera zein dira lehentasunak?
Beste lehentasun bat ez dut aipatu lehen. Gure kanpainako leloetako bat hau da: Parlo sense vergonya, parlo amb llibertat i si m'equivoco torno a començar (Lotsarik gabe hitz egiten dut, askatasunez hitz egiten dut eta hanka sartzen badut berriz hasiko naiz). Inmigrazio kopuru oso handia daukagu, 800.000 pertsona iritsi dira azken urteotan; Espainiako Estatuan, portzentajea kontuan hartuta inmigrazio gehien duena da Katalunia. Ni Bartzelonako Raval auzoan bizi naiz, Ramblen beste aldean eta auzoko populazioaren %48 inmigrazioak osatzen du, gehienak Pakistanetik etorritakoak dira. Horrek paisaia eta behar oso diferenteak eragiten ditu. 50eko eta 70eko hamarkadetako Estatuko inmigrazioarekin gertatu ez zen bezala, oraingo hau lurralde osoan zabaldu da eta, beraz, herri txiki eta ertainek %30eko inmigrazioa izan dezakete. Aurten zazpi plan pilotu jarri ditugu abian Hezkuntza, Gazteria, Kirol Sailekin eta udalekin zazpi herritan (Reus, Banyoles, Vic-Manlleu, Uldecona, Lleida, Badalona...). Kontsorzioa (700 lagun) ari da ikastaroak ematen. Ikastaroak baino harrera saioak dira. Vicen, esate baterako, etorkin gehienak Magrebekoak dira eta adibidez emakumeek haurrak eskolan uzten dituztenean bertan gera daitezen nahi izaten dugu. Bartzelonara bidaiak egiten dituzte adibidez. Harrerari buruz hitz egiten dugu asko eta guk uste dugu harrerarik ezin dela egin hizkuntzari buruz hitz egiten ez badugu. Gaztelania ikasiko dute nahigabe, baina katalanaren harrera ez badugu prestatzen bizkarra eman diezaiokete. Gure gizartea hizkuntz anitza da, zenbait herritan 50 hizkuntza hitz egiten dira. Katalanak kohesio sozialerako balio behar digu eta baita identifikaziorako ere.

Zein emaitza jaso duzue?
Plan pilotuak urte bukaera arte izango dira abian. Oso gustura gaude Voluntari per la llengua (hemengo mintzalaguna) saioarekin. Iniziatiba administrazioarena izan zen, baina herri mugimendu bilakatu da eta mintzalagun boluntario gehiago ditugu ikasleak baino. Zergatik? Eduki linguistikoa eta baita soziala ere baduelako eta jendea oso gustura dago. Nik zifrak ikusi aurretik zaila ikusten nuen, adibidez, Hego Amerikakoak hurbiltzea, gaztelania badakitelako. Alabaina, ikastaro hauetara datozenen erdiak dira Hego Amerikakoak. Hauek diote esfortzuaren zati bat egina dutela eta beste zatia falta zaiela. Saharatik beherako Afrikako jendeak hizkuntz esperientzia oso anitza du. Ez zaie hain arraroa egiten hemen bi hizkuntza hitz egitea, gutxi ere iruditzen zaie. Badago jarrera paternalista esanez: "Gizagaixoak, badaukate nahikoa eta ez iezaiezue bizitza konplikatu katalanarekin". Hori ezin dugu horrela utzi. Inmigrazio hori aukera bat izan daiteke, (ez soziala eta humanoa soilik, linguistikoa ere bai) edo izan daiteke presio faktore bat. Guk aukera izan dadin egingo dugu apustu.

Boluntarioak hartzaileak baino gehiago direla esan duzu. Hizkuntzaren aldeko gainerako gizarte mugimenduetan beste hainbeste gertatzen al da? Gizarte mobilizazioak ez al du behera egin?
Ez dakit, beraiei galdetu beharko zeniekete. Panorama bariatua da. Gertatzen ari da eta gertatuko dena da taldeak espezializatu egingo direla. Batzuk gizarte eta ekonomia alorrean arituko dira, beste batzuk ez dira hizkuntzari soilik atxikiak, baina inpaktu oso positiboa dutenak dira, Softcatalá elkartea adibidez (teknologia berrietan katalana gehiago erabil dadin ahalegintzen dena) .

Hizkuntza irizpideak jarraituta katalana eta gaztelania oso gertu daude. Katalanarentzat gertutasuna onerako da ala txarrerako?
Zuek bidalitako gidoian irakurri nuen galdera hori eta hausnarketa hori egitera behartu nauzue. Bi hizkuntzak hain gertukoak izanda katalanak diluitzeko arriskua du, noski. Nik uste dut badituela abantaila batzuk. Gaitasun pasiboa eskuratzeko zailtasuna txikiagoa da. Gaztelania eta frantsesa dakizkienak, idatzitakoa ulertzeko, adibidez, maila har dezake. Gero, daukagun eztabaida da ea hizkuntz baliabideak galtzen ari garen ala ez. Ramon Llull edo Erdi Aroko idazleren batek entzungo baligu esango luke hizkuntza hondatu dugula. Hizkuntzaren kalitate mailak erlatiboak dira neurri batean. Nik uste dut adierazteko gaitasun arazoak daudela, batez ere gazteek dituzte eta bai katalanez eta baita gaztelaniaz ere. Bestalde, ohitu beharko dugu katalana azentu argentinarrarekin entzutera. Nik uste dut abantailak eta desabantailak daudela. Guk egin behar duguna da beharra bertute egin eta saiatu positiboak indartzen eta negatiboak mugatzen.

Zenbait aditu edukien eskuragarritasunaz ari da hitz egiten.
Teknologia berrien trena badoa eta euskarak zein katalanak ezin diote alde egiten utzi. Gainera, hizkuntz aniztasunaren kudeaketa merkeago egingo dute hainbat elementuk, hala nola, zuzentzaile automatikoek, ahots ezagutzaileek... Uste dut gizarte zibil katalana abilagoa izan dela horretan Gobernua bera baino; Vilaweb eta Softcatalá ditut gogoan.

Filmen bikoizketaren gaia izan da beharbada presio sozial handienetakoa eragin duena. Zein emaitza lortu duzue?
Kontsortzioaren aurrekontuaren erdia baino gehiago eta gainerako aurrekontuaren ia laurdena filmak bikoiztea bultzatzeko erabiltzen dugu, batez ere, haurrentzako filmak. Ez gaude oso gustura. Egindako esfortzuak ezin dio eskaerari erantzun. Zinea industria da eta hiru protagonista daude: banatzailea, aretoa eta DVD edo bideoa ekoizten duena. Aurten bikoiztutako filmak merkaturatzeko ahaleginean egingo dugu apustua; oso garestia da. Bestalde, banatzaileak derrigortu nahi ditugu bikoiztutako film hori gero DVD edo bideo bihurtzera. Kultura Sailarekin batera nahi dugu bultzatu katalanez egindako zinea ere, baina guretzako oso inportantea da Shin Chan katalanez izatea.

Disney ere bai.
Baita, baina bada jendea esaten diguna: "Zuek katalanez egiten den zinema bultzatu behar duzue. Zer ari zarete film amerikarrak bikoizten?". Gure egitekoa normalizazioa da eta batzuetan ezin dugu egin estetikoki edo kulturalki gehiago gustatzen zaigun horren alde.

Zer diozu prentsa katalanaren egoerari buruz?
Merkatuan (eta ez zait asko gustatzen termino hau) jarri behar diren produktuak ez dira izan behar hizkuntzarekiko sentsibilitatea duten horientzat, hau da, hiritarra ez dadila aldizkaria erostera joan katalanez dagoela dakielako. Etorkizunari begira oso inportantea da hizkuntzarekiko horrelako gertutasunik sentitzen ez duten horientzako produktuak egitea edota katalanez hitz egiten ez duen horrentzako, baizik eta edukia gustatzen zaionarentzat. Hor dago Nat aldizkaria, irakurleak ditu eta ez katalanez delako, aldizkaria bera gustatzen zaielako baizik. Presentzia sozial inportantea nahi badugu, katalanarekiko militantea den horrengandik urrunago joan behar dugu.


Azkenak
LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


Segi dezala akelarre antifaxistak

FERMIN MUGURUZA  40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.

-------------------------------------------

Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]


Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz

NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Eguneraketa berriak daude