Nahiz eta zenbaiten iritziz, MCC taldeak hobeto erantzuten dien interes espainolei abertzaleei baino »ez naiz uste horretakoa», kontua da, orain, Espainiako iritzi publikoaren sektore zenbaitetan, talde horretako enpresak »Eroski eta Fagor bereziki, horiek baitira merkatuko ezagunenak» nazionalista kontsideratzen direla eta boikot «nazionala» izendatzen dutenaren parte izan daitezkeela. Hori baldin eta, unea iristen denean, beharrezko gertatzen badira subiranotasunaren eta are independentismoaren balizko interesei aurre egiteko, zeren, sektore horren aburuz, Ibarretxe Plana izenekoa era horretako grinen ezkutaleku da.
Eta Ibarretxe Plana izan da, hain zuzen ere, azken hilabete hauetan begitan hartzearen arrazoia. Fronte politiko eta mediatiko espainolak, Basta Ya edota Ermuko Foroa bezalako organismoek akuilatuta, ahalegin guztia egin du eta egiten dihardu, betiere gezurra eta azpijokoa maltzurki baliatuz, plan hori plan independentista edo separatista dela ikusarazteko. Hari-mataza horretan, fronte espainol horren tesia da ezen, baldin euskal ekonomia espainoletik independizatzea gertatuko balitz, lehenak ez lukeela etorkizunik izango, Espainiako merkatua duelako merkatu naturala eta ardurakoena. Horrenbestez, euskaldunen pentsioak kinka larrian izango lirateke, Gizarte Segurantzak erreka joko lukeelako eta abar.
Subiranotasunaren «gaitzak»
Madrilgo El País egunkaria ere fronteko lagun bilakatu da, joan den martxoan, apirilaren 17ko hauteskundeak baino aste batzuk lehenago, argitara eman zuen artikulu zabal baten bitartez: «Ibarretxe Planaren negozioa» jarri zion izenburu. Egunkariko artikuluan bereziki azpimarratzen da ezen, «enpresaburuen eta ekonomisten iritziz, ondorio kaltegarriak izango lituzkeela Euskal Herriaren eta Espainiako gainerakoaren »Euskadiren merkatu nagusiaren» arteko gatazkak». Eta, «subiranotasunaren eragin ekonomikoaz» ari direla, gaineratu du «euskal enpresaburuen eta adituen sektore bat uzkur ageri dela Ibarretxe Planari buruz, ekonomiari erasaten diolako eta Euskadiko profesionalen eta enpresen gaineko mesfidantza areagotu ahal duelako. Apirilaren 17aren ondorengo garai ezegonkor batek aurrez aurre jarriko lituzke Euskal Herria eta Espainiako gainerakoa, hots, Euskal Herriaren merkatu nagusia».
Artikuluan argudiatzen da ondasunen eta zerbitzuen inportazioek eta esportazioek Euskadiko (EAEko) Barne Produktu Gordinaren %65 egiten dutela: EAEko esportazio guztien erdia baino gehiago Espainiarako izaten da, eta handik iristen dira inportazioen ia bi heren. Testuan gaineratu du «Euskadik» (EAEk) 15.412,2 milioi euroko salmenta egin zuela «Espainiako gainerakora» 2003. urtean; munduko gainerakora, aldiz, 13.352,4 milioi eurokoa. Eta, «erosketak egiterakoan daukan interdependentzia nabarmentzeko», honako hau jasotzen du: «2003. urtean, 19.998,9 milioi euroko inportazioa egin zuen Espainia osotik; beste herrialdeetatik, berriz, 10.203,5 ekoa».
Cava katalanari egindako boikota gogoan
Kontuak horrela, artikuluan aitortzen da MCC taldea dela «Euskadiko talde industrial eta komertzial handiena eta nazioartean etengabe hedatzen ari dena», baina ñabartzen da «azken aspektu hori ez dela aski barruko ‘gerra’ komertzial posible bat galarazteko». Ildo horretan, artikuluan defendatu da «hori gerta daitekeela pentsatzea ez dela ausartegia». Adibide gisa, cava katalanaren kontra antolatutako boikota aipatu dute: joan den Eguberrietako kanpainan gertatu zen Madrilgo area metropolitanoan, Andaluzian eta Espainiako estatuko beste zona batzuetan, Carod Rovira ERC alderdiko ordezkariak Madril 2012 hautagaitza olinpikoaren kontra egin zituen deklarazio batzuei erantzunez. Aipatutako leku horietan %12,3 botila cava gutxiago saldu ziren, boikota zela kausa. Esan gabe doa, bazterrak erne jarrarazteko abisua da: cava katalanari boikota egitea posible izan bazen, zerk galaraziko du Eroski eta Fagor bezalako euskal enpresekin berdin jokatzea?
Madrilgo egunkariaren artikuluan, MCC taldeaz hitz egitean, Espainiako estatuan haren marka ezagunenak Eroski eta Fagor direla esaten da, eta, beharrak hartaratuz gero, plantea daitekeela horien kontrako boikota, cava katalanari egin zitzaionaren gisakoa... Bai, Eroskiren eta Fagorren kontrako boikota, eta, iturri batzuen arabera, jada abian jarria da duela hilabete batzuk. Artikuluan aipatzen diren «euskal enpresaburu» batzuek onartzen dute dagoeneko existitzen dela boikota Espainiako estatuan. Hain da hala, non, nortasuna argitu gabe bada ere, Euskal Enpresaburuen Zirkuluko kide batek defendatzen baitu Espainiako errege-erreginek joan den abenduan MCC bisitatu izanak boikot egoera horrekin duela zerikusia, dagoeneko ondorioak nabaritzen direlako. «Erregeak Arrasatera egindako bisitaren arrazoia talde horren salmentak Espainiako merkatuan nozitzen ari diren beherakada galgatzen laguntzea izan zen...»; horixe esan zuen, hitzez hitz, euskal enpresaburuen erakundeko kide horrek.
Beste euskal enpresa batzuei ere boikot egitea iradoki dute
Egiarekin bat ote dator Euskal Enpresaburuen Zirkuluko kide horren iritzia, ala abertzaleen kontrako ofentsibaren parte ote da, zeinetan, manipulazioa eta gezurrak tarteko, produktuak Espainiako estatuan saltzen dituzten euskal enpresen kontrako boikot gehiago sustatzen baitira eta horretan kolaboratzen baita, helburuak seinalatuz? Eta, hori gutxi ez dela, estrategia horretan are gehiago sakonduz, Madrilgo egunkari horren artikuluak aipatzen du, identitaterik azaldu gabe, Gamesa eta ITP enpresetako zenbait «zuzendarik» honela aitortu dutela: «Espainiako eta Europako merkatuak galtzen baditugu, itxi egingo dugu». Eta, segidan, boikoterako beste helburu posible batzuk sibilinoki aditzera emateko, Mikel Buesa katedratikoaren (Ermuko Foroko lehendakariordea eta ETAk hildako Fernando Buesaren anaia) deklarazio hau dakar: «Eta nola soluzionatuko litzateke entitate finantzarioetatik funtsak erretiratzeko mugimendu bat?».
Esan gabe doa dagoeneko ari direla esaten, modu horretan eta doakienentzako abisu gisa, unea iristerakoan, zenbait entitateren kontra plantea litekeen boikota. Bereziki, Euskadiko Kutxa, BBK eta Kutxa entitateen kontrakoa izango litzateke. Horiek Euskal Herrian ez ezik, Espainiako estatu osoan dituzte sukurtsalak. Beste entitate finantzario batzuk, egoitza soziala Euskal Herrian izan arren PPren edo PSOEren hurbilagokotzat jotzen direnak, hala nola BBVA, Vital Kutxa edo Nafarroako Aurrezki Kutxa, segur aski ez lituzke eragingo sibilinoki iradokitzen den boikot balizko horrek.