Zenbat balio du musikari baten inspirazioak? Zaila da materiala ez den sorkuntzaren balioa zehaztea, baina egun egile eskudideen kudeaketak ezartzen du prezioa. Egile eskubideak musika sortzaileen «soldata» baitira, gehienetan ezarritako gutxieneko soldataren mailara iristen ez badira ere.
Norberak sortutako musikaren jabetza ofizialki onartua izatea nahi bada Eusko Jaurlaritzaren Jabego Intelektualaren Erregistrora jo behar da. Baina jabetza bermatzeaz gain, obra horrekin besteek egiten duten erabilpenari etekina atera nahi bazaio, hots, obra hori ekonomikoki ustiatu nahi izanez gero, egile eskubideak kudeatzen dituzten erakunderen batean alta eman behar du egileak. Musika sorkuntzaren kasuan, eskubideen kudeaketa SGAEk egiten du Espainian eta SACEMek Frantzian. Euskal Herrian ez dago egile eskubideak kobratzeko erakunde propiorik.
Ez erakunderik, ezta ohiturarik ere. Luzaroan, euskal musikariak ez ziren egile eskubideengatik kezkatu, ez zegoen inolako kontrolik, salbuespenak salbuespen. Ahalegin indibidualak egin ziren eta Miguel Camposek, esaterako, euskal bakarlari eta talde askoren eskubideak kudeatu zituen urtetan. Jon Maia bertsolari zumaiarrak SGAEn alta eman zuenean Campos berak egin zituen bitartekari lanak. Duela 15 bat urte izan zen, Negu Gorriak-en Gora herria diskoko 6 kantutako letrak idatzi zituenean. Handik gutxira jaso zuen SGAEren eskutik lehen likidazioa, lehen «ezusteko polita».
90eko hamarkadaren bigarren erdian SGAE euskarazko produkzioaren egile eskubideak erregularizatzeko ahaleginetan hasi zen. 1998an Eusko Jaurlaritzak zera erabaki zuen: Jaurlaritzatik dirulaguntzak jaso nahi zituzten administrazio guztiek egile eskubideak ordaindu behar zituzten. SGAEko Espainia Iparraldeko zuzendari Ignacio Casadok dioenez, «hori funtsezkoa izan zen erregularizaziorako. Egun, euskal kultur sarea oso kontzientziatua dago egile eskubideekin eta egileek ere gero eta gehiago eskatzen diote SGAEri bere lana ondo egin dezan». Gaur ia euskal diskoetxe guztiek euren editorea dute, egilea eta eskubideak kudeatzen dituen erakundearen arteko bitartekari lanak egiteko. 2003an, esaterako, Elkarlanean, Esan Ozenki eta Metak zigiluek Boza ediziogunea sortu zuten horretarako. Editoreak ere SGAEko bazkide dira eta eskubideen zati bat jasotzen dute. Portzentaje hori negoziatu egiten da, baina ezin du %50etik pasa eta horrela egileak gutxienez dagokionaren erdia jasoko duela bermatzen da. Baina dirua banatzeko, lehenago bildu egin behar da.
Eskubideen diru bilketa
Disko bat argitaratzeko orduan, fabrikatzailea kopiak egiten has dadin, egile eskubideak ordaindu behar ditu diskoetxeak: disko horren salmenta publikoko prezioaren %9,9 edo banatzailearentzako salneurriaren %7,4. Hortik jasotako dirutik, SGAEren administrazio gastuak kendu eta gainerakoa egileei emango zaie.
Horrez gain musika obren erabilera publikotik ere dirua biltzen da. Iturri honen %80 programa zehatzen gainean kobratzen da, hots, kontzertuetik eta telebistatik dator. Kontzertuetan kantuak programatuta egoten dira, eta telebistan ere programazioan sartuko den musika kontrola daiteke. Hortaz, kobraketa zehatza egin daiteke. Telebista kate guztiei ez zaie diru kopuru berdina eskatzen, bakoitzaren diru sarreren araberakoa baita ordaindu beharrekoa. Horrela Espainiako kate orokor batek diru gehiago ordaintzen du abesti bat jartzeagatik ETBk baino, eta tokiko kate batek, aldiz, gutxiago.
Egun, ETBk egile eskubideengatik egin beharreko ordainketa erregularizatua dago, baina duela urte batzuk gatazka izan zuen SGAErekin. Ordainketak diru sarrera guztien arabera eskatu zizkion SGAEk, baina ETBk publizitate sarrerak soilik kontuan hartuta ordainduko zuela esan zuen. SGAEk epaitegietara eraman zuen auzia eta epaiak azkenean egileen erakundeari eman zion arrazoia 1998an.
Baina erabiltzaileengandik jasotzen den %19 ez da horrelako zehaztasunez jasotzen. Irrati, taberna eta denden kasua da. Euren negozioetan musika erabiltzen dute, baina nola jakin zein musika ipintzen duten eta zenbat kobratu behar zaien? Tabernari batengana jo dugu erantzun bila. Duela 14 urte hartu zuen taberna eta berehala zituen SGAEkoak ate joka egile eskubideak ordaindu behar zituela eta kontratua sinatzeko esanez. Coca-cola batengatik zenbat kobratzen zuen galdetu omen zioten, eta hura izan omen zen bere tarifa ezartzeko irizpide bakarra: «Ez dute inoiz begiratu zenbat disko ditudan, zein egilerenak diren, zein maiztasunez jartzen ditudan edo musika zenbat ordutan jartzen dudan». Hilean 90 euro ordaintzen dizkio SGAEri. Kexu da kopuru altuegia iruditzen zaiolako eta kontrolik ez dagoelako: «Ura kobratzen dizutenean kontsumitu duzun kantitatea zehazten dizute, argi kontsumoarekin berdin, ez dut ulertzen zergatik uzten dioten SGAEri gauzak hain modu desordenatuan egiten». Baina bereziki ordaindutakoa nora doan ez dakielako kexatzen da: «Gutxienez nik ematen dudan dirua nik jartzen dudan musikaren egileentzat izango dela bermatuko balute, gusturago emango nuke diru hori».
Tabernarien artean gai honetan adostasuna dagoela dio, baina inork ez duela horren aurrean ezer egiten, SGAEk duen indarra dela medio. «Bi aukera dauzkazu -dio-, haiek eskatzen dizutenean ordaintzea edo epaitegietara joan, galdu eta berdin berdin ordaintzea».
SGAEko Ignacio Casadok onartu digu ia egunero dauzkatela ordaindu nahi ez dutenen aurkako epaiketak, oraindik asko eta asko direla ordaintzen ez dutenak. «Haiek musika erabiltzen dute euren negoziorako eta ordaindu egin behar dute »dio Casadok», sektorearekin adosten ditugu tarifak eta kopuru horiek ez dira inongo kasutan erabakigarriak, ez dute negozioaren funtzionamenduan eragiten».
Irrati, taberna eta dendetan jartzen den musika kontrolatu ezean, bildutako dirua banatzeko zein irizpide erabiltzen dituzten galdetuta, zera erantzun du: «Sondeo enpresa bat dugu horretarako kontratatua. Haiek egunero lan etengabea egiten dute zer entzuten den aztertzeko. Azterketa horien emaitzen arabera banatzen dugu bildutakoa».
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi falta den %1 edo %2 hori. Obren erabilera egin eta handik 5 urtera identifikatu gabe jarraitzen badute, jasotako dirua automatikoki egile bazkide guztien artean banatzen da.
Kanon famatua
Hego Euskal Herrian CD huts bat erosten dugun bakoitzean, ordaindu dugunaren zati bat SGAErentzat da. Erabaki horrek hautsak harrotu zituen kontsumitzaileen artean, egile eskubideen kobraketan urrunegi joatea zela salatu zuen hainbatek. Ignacio Casadok horrela azaldu digu CDen kanonaren afera: «Cassette eta bideoengatik dagoeneko kanona ordaintzen zen 1992an. 1996-97 inguruan CD hutsak zabaltzen hasi zirenean guk kanon berbera ezartzea besterik ez genuen proposatu, baina ezezkoa esan zitzaigun». CD grabagarrietan musika ez bestelako artxibo informatikoak ere gordetzen zirela argudiatu zuten SGAEren nahien aurka agertu zirenek. «Egia da beste gauza asko gordetzeko ere erabiltzen direla, baina ezinezkoa da jakitea bakoitzak zertarako erabiltzen duen, horregatik kanona negoziatu eta cassetteei ezarritako kanona ia erdira jaitsi genuen». Egun CDetan 13 zentimo inguru ordaintzen ditugu ordu grabagarri bakoitzeko. Casadoren hitzetan, «azkenean ordainsari konpentsatzaile moduko bat da, legez kanpo saltzen diren diskoengatik egileak galtzen dituen eskubideak berreskuratzeko bide bat».
Kobratzeko ordua
Egileek ez dute hileko «nomina» kobratzen. Kontzertuetatik datorren dirua, adibidez, hiru hilean behin iristen zaie eta diskoen ediziotik datorrena berriz, sei hilean behin. Jon Maiak esan digu berak urtean hiruzpalau aldiz jasotzen duela likidazioa. Kantuaren hitzak idazteagatik eskubideen %50 jaso ohi duela dio, baina kopuru hori aldakorra izan daiteke, kasu bakoitzean negozia daiteke. Guztira 100 kantutik gora ditu erregistratuta Maiak, beste taldeentzat egindako letrak eta Karidadeko Bentaren bi diskoetako kantuak kontuan hartuta. Horrek dirutan zenbat esan nahi duen galdetuta, neurtzen zaila dela diosku: «Talde bati 8 kantu idatzi eta guztira 75 euro jasotzen dituzu, gero beste batentzat kantu bakarra idatzi eta arrakasta izan duelako agian 600 euro ematen dizkizu». Berak suertea izan duela dio, 100 kantu horietatik batzuk arrakastatsuak izan direlako: Negu Gorriaken Gora Herria eta Lehenbiziko bala, Mikel Urdangarinen Non geratzen den denbora edo Gozategiren Musutxuek. Baina arrakasta hori erlatiboa da: «Ezin dut hortaz bizi, ezta gutxiagorik ere -dio zumaiarrak- tarteka agertzen den sorpresa on hori da, extra hori. Euskarazko musikaren zifrak oso txikiak dira».
Baina ez pentsa arazoa hizkuntza soilik denik, eta gazteleraz kantatzeak aberastea dakarrenik. SGAEko bazkide guztietatik %96ak soldata minimoa baino gutxiago jasotzen du egile eskubideetatik. Egile bakoitzak jasotzen duen kopurua datu pertsonala da eta SGAEk ez ditu jakinarazten. Baina gazteleraz kantatzen duen egile arrakastatsu batek zenbat jaso dezakeen kalkula daiteke. Disko baten milioi bat kopia salduz gero -eta kopuru hori inguru hauetan La Oreja de Van Gogh edo Alex Ubago bezalakoen eskura dago soilik-, eta ale bakoitza 16 eurotan salduz gero egileek 800.000tik ia 1.600.000 eurora bitartean jasoko lituzkete, editorearen portzentajearen arabera. 10.000 aleko edizioa eginez gero, berriz »eta hori arrakasta handia da euskarazko disko batentzat» egileek 8.000 eta 16.000 euro bitarteko ordaina jasoko lukete. Kopuru horri SGAEren administrazio gastuak kendu beharko litzaizkioke eta kontzertu, telebista, irrati eta bestelakoetatik jasotzen dena gehitu.
Eskubideen likidazioa xehetasun guztiekin jasotzen dute egileek, dirua nondik eta zein abestirengatik datorren zehaztuz. Jon Maiak dioenez, «bat batean duela 10 urte idatzitako lan batengatik dirua iristen zaizu. Hori polita da, ikusten duzulako kantuak bizirik dirauela». Gainera Negu Gorriak-entzat idatzitako kantuak mundu guztian entzun direla dio, «behin bi pezeta iritsi zitzaizkidan Singapurretik. Horrela ikusten duzu kantu bat noraino iritsi den. Baita egile eskubideen sareak nolako erro luzeak dituen ere».
Nola kontrola dezake SGAEk Singapurren Negu Gorriaken kantu bat entzun den? Egun 500 pertsonak egiten du lan SGAEn eta 300 ordezkari komertzial dituzte munduan zabalduta. Gainera enpresak kontratatzen dituzte sondeoak, ikuskaritza tekniko-musikalak, errolda lanak eta abar egiteko. Egitura hori guztia mantendu eta administrazio gastuak ordaintzeko, biltzen duten diruaren %15 erabiltzen dute, gainerako %85 egileen artean banatuz. Baina Singapurrera iristeko CISAC egile elkarteak biltzen nazioarteko konfederazioaren laguntza dute. Elkarte guztien arteko akordioak daude lana errazteko. «Horrek gure egitura mugatu egiten du eta gastuak jaitsi »dio Casadok», egitura gero eta kontzentratuagoa eta globalagoa izan, orduan eta gastu gutxiago. Kultura munduan globalizazioa gaizki ikusia badago ere, kudeaketan beharrezkoa dugu».
Euskal egileen elkartea?
Globalizazioa aipatzen du SGAEko ordezkariak, baina SGAEko bazkide Jon Maiak beste aldera jo du eta egile eskubideak kudetuko lituzkeen Euskal Herriko erakunde baten aukera aipatu. SGAE erakunde funtzionala dela onartu arren, «gure eskubideak hemendik kudeatzea ala Madrildik kudeatzea ez da berdina» zehazten du. Joan den asten Berriako zutabean Xabi Paiak ere gai bera izan zuen hizpide: «Egia da euskaldunok ez dugula autore eskubideak kobratzeko erakunde nazionalik. Eta jende askorentzat diru galera handia suposa lezakeela proiektu horretan arriskatzeak. Aitzitik, kulturaren munduko jendeari tokatzen zaigu futbolariei eskatu ezin zaizkien gauzak egitea. Ala irizpiderik gabeko gizartearen bufoiak baino ez gara? Atera ditzagun ideiak poemetatik eta ekintza bihur ditzagun», zioen Euskal autoreen elkartea izenburuko zutabean.
Duela 10-15 urte ez bezala, euskal musikarien egile eskubideen kudeaketa erregularizatuta dago egun. Euskal egileak euren obren eskubideen jabe dira dagoeneko. Eskubide horien kudeaketaren jabe izatea izango al da hurrengo erronka?