Hernani: Mendi kaskotik arima den errekara


2021eko uztailaren 16an
Autoa Udaletxe atzeko Txantxila aparkalekuan utziko dugu eta oinez jaitsiko gara Gudarien plazatik behera, kaskoa zeharkatuz, Etxeberri auzora.

Plaza nagusian bertan, udaletxea eta XVI. mendeko eliza ditugu historiaren lekuko. Oraingo udaletxea 1890ean inauguratu zen, eta estiloz eklektikoa da. Arkupean, hiribildurako sarrera nagusietakoa zen atea du. Hamaika sute eta sarraski jasan ditu Hernaniko udaletxeak. Lehenengo Karlistaldian gudatalde karlistak sartu ziren lehenik herrian, eta isabeldarrak ondoren, Udal Artxibategiari su emanaz. Bigarren Karlistaldian, berriz, Santiagomenditik karlistek botatako granada batek suntsitu zuen 1679an eraikitako udaletxe osoa, liberalek areto nagusian zeukaten bolbora lehertarazi baitzuen. 229.085 pezeta kosta zen berria eta hori ordaintzeko 500 pezetako bonoak atera eta sagardoaren eta xaboiaren gaineko zergak jarri zituzten.

Bide denek daramate Zinkoeneara

Kaskoak sorrerako egiturari eusten dio: aurrez aurreko bi kale luze zituen, Nagusia eta Kardaberaz, harresiaz babesturiko etxeekin. Eta zeharkako bat, egun Zapa izenekoa. Herrirako sarrera ate bat gorde da Zapa kantoian.

Kale Nagusian behera, etxeek historiako hainbat garaietara eramango gaituzte: Kale Nagusiko 13 zenbakiak XV-XVI. mendeko eredua irudikatzen du, sarrera nagusian arku zorrotza duela.

15 zenbakidun Aierdi jauregia eta 17 zenbakia den Eginoko jauregia, XVIII. mendekoak dira.

Kale honek ere Zinkoenea errotondara garamatza, eta hemen San Agustin Komentuaren eskuineko bidea hartuko dugu.

Bidea zuzen jarraitu aurrera, eta Etxeberri auzoan dorreak diruditen etxe-bikietara joko dugu. Etxe multzoan goraino igo, eta azken blokeen atzetik barandaila berdedun goranzko bidea hartuko dugu. Lehen bihurgunean eskuinerantz doan bidezidorra hartuko dugu. Istant batean Montebideo gainean egongo gara. Ezkerrerantz jota, kalparretik gailurrera iritsiko gara.

Montebideotik Galarretara

Montebideotik Hernani izango dugu begi-gozagarri. Goia jo dugula esateko Gipuzkoako Foru Aldundiaren geodesia ukitu eta zelaian aurrera joz eskuinera jaitsi gara, hesolak saltatuta bidera sartzeko. Maldan behera, Buskando baserria jo dugu, bidera atera zaigula dirudi ia. Aurrera jarraituz, hiru bide elkartzen dituen gurutzera iritsi gara. Han, pare-parekoa hartuko dugu Galarretara iristeko. Aldapa gora honetan Beracorte baserria agurtuko dugu eta bideari jarraiki, Ospitaleetarako errepidera aterako gara. Kontu handiz, ertzetik jaitsiko gara Galarretako errotondara. Zebrabidetik errotonda gurutzatuz, Chillida-Lekurantz joko dugu, eta 200 metrora ezkerrera sartuko gara, Jauregi aldera. Jauregi etxearen atzeko zelaian jokatzen diren sega apustuetatik ezagutuko duzue, akaso.

Santa Barbarari itzulia

Bide nagusiari jarraituz, lehen bidegurutzean ezkerrera hartuko dugu, kartelek Elutxeta sagardotegia, Saretxo golf-txikia eta Santa Barbara diotenera. Kontuz eskuineko bidetik Lasartera erori. Baina aurrera jo baino lehenago, Ingelesen Harria edo Koronelarria (ikus argazkia) eta Pitikar baserria ikusiko ditugu.

Garai batean soldaduek basetxetzat zuten Pitikarretik, Lasarte eta Hernani arteko merkatal mugimendua zaintzen zuten. Diotenez, gutxienez hogei zaindari zeuden bertan. Karlistek honen berri jakinda lortu zuten liskar odoltsuen ondoren, baserriaren jabe egitea. Etxe azpiko arkuek eta fatxadak ematen digute izan zuen garrantziaren zantzurik.

Hernaniko bidean sartu berriz eta hurrengo bidegurutzean Saretxo ezkerrera utziz, bide nagusia jarraituko dugu maldan behera. Aurrerago ura edango dugu iturrian, gaurkoz azkeneko aldiz. Santa Barbara mendiaren matrailari begira egingo dugu bide zati hau, eta hurreratuz joan ahala, konturatuko gara jendea ari dela sokatik zintzilik Santa Barbararen zimurretan gora egin nahian.

Gotorlekua

Hurrengo bidegurutzean, indarrek esango digute ezkerreko bidetik Santa Barbara puntara igo, gure norabideari eutsiz herrira jaitsi edo eskuinera dagoen Elutxeta sagardotegian indarrak hartu. Igotzeak merezi du, Bigarren Karlistaldian (1872-1876an) eraiki zen gotorlekua baitugu zain. Bertan buru den baseliza 1955ean egin zen, XVI. mendea baino lehenagokoaren ordez.

Hernanirantz jaisteko maldaren bukaeran, ezkerreko bidezidorra hartuko dugu. Erraz aurkituko dugu: Gurutzbideko VII. gurutzea dago bertan, eta eskuineko aldean dagoen geziak ere markatzen du "Hernani". Bidezidorrak Agerre baserri aurrera garamatza, eta seinaleek dioten bezala, ezkerrera joko dugu.

Santa Barbarako lakua inguratuko dugu eta malda jaitsiz, Alberro sagardotegiko bidegurutzera iritsiko gara. Galarretatik datorren errepidea kontu handiz zeharkatu, eta kotxea utzi dugun Txantxilara iritsiko gara.

Sagardotegien (txu)ruta

Gose pixka bat eginik, sagardoaren usainari segiz Osinaga bailara zeharkatzera abiatu gara. Horretarako, udaletxe atzeko eskailerak jaitsiko ditugu, Portu auzora. Eskailera atzean, Leoka labanderiak garai bateko emakumeen bizimodua ekarri digu gogora.

Portu auzoaren izenak adierazten duen bezala, ibai garraiorako kaia izandakoa da. Portuko jarduerak garrantzia itzela izan zuen XVI. mendera arte eta baita geroago ere, nahiz azken urteetan batez ere Errege Ontzitegietarako egurra garraiatzen aritu zen. Auzoaren bukaerako Shangai taberna ezkerretara utziko dugu. Kartelek ongi markatzen digute "Sagardotegiak" non dauden.

Bidean aurrera jarraitu, eta ez entretenitu lehen zubi eskegian, gerora nahikoa gozatuko dugu eta. Aurrerago Itsasburu sagardotegia ikusiko dugu. Erreka bazterreko bide honek Hernaniren kontrastea erakusten digu: Zikuñaga-Eziago-Ibarluzeko industriguneak ezkerreko aldean; baratzeak eskuinean; atzean, itzal eginez, Oindi eta Adarra mendiak ditugula. Aurrera jota, Loidi etxe pareko zubitxoa pasa orduko, eskuinera pilotariek aurten hartu duten Olaizola sagardotegia eta Otsua-Enea ditugu. Lehengo bideari eutsiz Altzueta sagardotegia, Iparragirre, eta bidearen bukaeran Elorrabi pasatuko ditugu. Badugu non bazkaldu!

Izokinen helmuga

Elorrabi etxe atarian bertan ezkerrera biratu, eta bigarren zubi esekia ikusiko dugu. Oraingoan bai, atzera-aurrera zeharkatuz sentitu dezakegu egurraren kirrinka eta soken balantza. Izokinek bezala errioan gora egin dugunez bazkaritarainoko bidea, izokinek presa nola saltatzen duten ikustera joan gaitezke. Horretarako, zubi esekiaren ezkerretara ateratzen den bidezidorra jarraituko dugu. Kontuz presa ondoko kaiolan erori gabe!

Izokinen atzetik
Gero eta izokin gehiago dago Urumea errekan, egindako berreskurapen lanei esker. Izan ere, 1942 urte inguruan erreka ertzeko industrien isurketa toxikoek desagerrarazi egin zituen izokinak. Arazoa konpondu ahala, ur kalitateak hobera egin eta arrainek ibaia hartu zuten berriro.
1993an Gipuzkoako Foru Aldundia hasi zen izokinak birpopulatzen, Bidasoatik ekarritako alebinekin. Urteekin, desagertzear zen Atlantikoko izokina berreskuratzea lortu da. Alebin horiek itsasora joan ziren eta gero berriro ere Urumeara itzuli arrautzak jarri eta ugaltzera. Orduan berreskuratu zen izokinaren ziklo naturala.
Urtero Urumeatik gora doazen izokinak kontatzen ditu Foru Aldundiak, Elorrabin duen kaiolan. Denboraldi hasieran kaiola ireki eta bertara sartzen dira izokin batzuk, errekan gora egin ahal izateko. Izokinak kontatu ondoren, kaiola ireki eta izokinak aske uzten dituzte. Egindako bilakaera bistakoa da: 1993 urtean hiru izokin heldu sartu ziren Urumean. 2004an, berriz, 64. Gehiena 2002an sartu zen, 184 izokin.
Urumean askatutako izokinak urte bat edo bi bizitzen dira itsasoan eta 3-7 kilo pisatzera iristen dira, itsasoan egindako denboraren arabera. Ondoren Urumea errekara itzultzen dira, urte hasieratik ekainera bitartean. Azaroan erruten dituzte arrautzak, eta bertan ematen diote amaiera bizitza zikloari.


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude