Argitalpenak


2021eko uztailaren 27an

Garmendia
errege
Kirmen Uribe, Mikel Valverde
Elkar
93 orrialde
9,60 euro

Adiskidetasunari eginiko kantua

Kirmen Uribek jarraipena eman dio Garmendia eta Zaldun Beltzarekin hasitako bideari, beti ere Mikel Valverdek egindako marrazki adierazkorren laguntzaz. Asko gozatu omen zuen Uribek XIX. mende bukaeran Ipar Ameriketara artzain joandako ondarrutarraren abenturak idazten, eta hori gertatzen zaion bitartean hari buruzko lan berriak sortzekotan da. Bigarren honetan, Buffalo Billen zirkuan aurkituko dugu Garmendia. Goseak bultzatuta gerturatu dira bere lagun mina den Amelio mexikarra eta biak zirkuko lanetara. Behin han, ordea, ezberdina izango da bakoitzak lortuko duena, Garmendiaren ospea lau haizetara zabaltzen den bitartean, Amalio hutsaren hurrengo besterik ez baita izango. Eta euskalduna itsutu egingo du arrakastak.

Superindarra (Naturaren teoria batu baten bila)
Paul Davies
Gaiak
338 orrialde

Kosmologia eta fisika kuantikoko fenomenoen teoria

Zientzia fisiko-matematikoen irakaslea den Paul Davies australiarrak kosmologia eta fisika kuantikoko fenomeno guztiak azaltzeko teoria bakarraren osaketaz dihardu Superindarra (Naturaren teoria batu baten bila) izenburuko lanean. Simetria matematikoen garrantzia eta elektrodinamika kuantikoan izan duten arrakasta aztertzeaz gain, indar elektroahula argitzeko liburuan garatzen dituen kapituluen artean, fisika berria eta sen onaren kolapsoa, errealitatea eta kuantua, simetria eta edertasuna, lau indarrak, partikula subatomikoen mundua, infinitua heziz, hirutasun handia, superindarraren arrastoa, fosil kosmikoak, zerk eragin zuen big banga, unibertsoaren batasuna eta plan kosmikoa daude.

Un chivo en la Corte del botellón
César López Llera
Artezblai
94 orrialde 9 euro

Serantes lehiaketako lehen saria

Un chivo en la Corte del botellón o Valle Inclán en Lavapiés izenburua duen César López Llera madrildarraren antzezlanak eskuratu zuen iaz Santurtziko Udaleko Serantes Kultur Aretoak antolatzen duen Serantes izeneko antzerki lehiaketako lehen saria. Esperpento ukitu nabarmena du On Ramon María de Valle Inclánen ohorez idatzitako egungo errealitate gordinaren ispilu mikatz honek. Eta Valle Inclán bera izango da antzezlaneko protagonistetako bat, drogaren menpe aurkitzen den gizon gazte bat, hari bezala zoritxarreko beste askori laguntzen irmoki saiatzen den emakume zaharra, honen etxeko teilatutik erortzen den gizagaixoa, haren adiskidea dela dioen morroia eta polizia batzuekin batera.

2005eko Aurrekontuak: Nora garamatzate
ELAko Azterketa Bulegoa
Manu Robles-Arangiz Institutua
76 orrialde

Aurrekontu antisozialak

ELA sindikatuko Azterketa Bulegoaren iritziz, aurrekontuak alderdi politikoek adierazten dutena baino askoz gehiago dira, haien menpe daudelako gure bizitzarekin loturiko alderdi asko, hau da, osasuna, hezkuntza, etxebizitza, gizarteratzea eta abarretan egiten den gastua; alegia, gizarte ereduarekin zerikusia eta guztion bizi-baldintzetan eragina duten gaiak. Gauzak horrela, Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroako Foru Erkidegoan 2005erako onartu diren aurrekontuen proiektuak aztertu ditu sindikatu horrek, eta ondorio tamalgarri honetara iritsi da: bai bateko zein besteko aurrekontuak atzerakoiak eta antisozialak dira. Eta, hain zuzen, horren berri ematen du, euskaraz eta gaztelaniaz, Manu Robles-Arangiz Institutuak kaleratutako liburuxka honek.

90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura
Batzuen artean
Pamiela
134 orrialde
12,50 euro

Manu Lopez eta Xabier Etxanizen lana

Pamiela argitaletxearen bidez kaleratu duten 90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura lanean gazteenei euskaraz zuzendu izan zaien literatura izan dute aztergai Manu Lopez Gasenik eta Xabier Etxaniz Erlek. Izenburuan azpimarratzen den epea bereziki arakatu badute ere, XX. mende hasieran kaleratu ziren liburuetatik hasita eman diote errepaso haur eta gazteentzat euskaraz hedatu den literaturari, 1936ko Gerraren ondorioz egondako hutsunea ahaztu gabe. Izan ere, 70eko hamarkada arte itxaron behar izan zuen euskarazko haur eta gazte literatura modernoak nekez abiatzeko eta 80ko hamarkadan bultzada instituzionalari esker indartu zen.

Las mujeres...
Manuel Jorge Mermelo
Txalaparta
175 orrialde
13 euro

Emakumezkoek eraman beharreko argibideez

Txalaparta argitaletxeak orain gaztelaniaz kaleratu duen Manuel Jorge Mermelo portugaldarraren nobela arrakastatsu bezain umoretsu honen izenburu zehatza Las mujeres deberían llevar libro de instrucciones da. Bakoitzarekin hiru seme-alaba dituen emazte biko gizona da narrazioan kontalari. Bere bigamia zorion-iturri duen arren, buru hausteak ere ematen dizkio, eta hor dabil etengabe etxez etxe konponketak egiten. Emakume ugari ezagutu ditu horrela, eta zer egingo zaio, bera ez zen fidela izateko jaio.

Odolean
neraman
Joan Mari Irigoien
Elkar
324 orrialde 18,40 euro

Euskal futbol izar baten ospea eta gainbehera

Familia futbolzale itsu baten seme bakarra izaki, txiki-txikitandik ernetu zitzaion Joan Mari Irigoienen azken nobelako protagonistari futbolerako grina. Dohain izugarriak zituen horretarako, gainera. Bere inguruko inor baino hobea zen baloi bat oin artean hartuz gero. Bestelakoan, ordea, gauzak gaizki samar zituen: ikastetxeko irakasleri ia osoa berarekin haserre zen, futbolari arrakastatsua izateko grina baino ez zeukalako buruan; eta etxean ere ez zen oso ondo konpontzen gurasoekin, semea homosexual bilakatuko ote zioten beldur bizi zen aita alkoholikoarekin eta istilu gehiagorik izateko gogorik ez zeukan ama isilarekin. Eskerrak hantxe zuela amona, mutikoaren barne oreka gordetzeko. Eta itxuraz behintzat, lortu zuen bere ametsa betetzea, berehalakoan auzoko taldetik Realera, beranduago Barçara eta handik Espainiako Selekziora jauzi eginez. Arrakastak dirua eta ospea ekarri zizkion, gaztea txoratu eta gehiegikerietan erortzeko adina loria. Baina famaren liluraren menpe egote horrek ekarriko zion, hain zuzen ere, kirolari gisa ez ezik pertsona bezala ere ezagutuko zuen porrota.


Azkenak
Euskal preso politikoei espetxe politika arrunta aplikatzeko eskatu dio Sarek Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailari

"Jarrera proaktiboagoa" eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sail berriari Sarek, abuztuaren 20an egindako prentsaurrekoan. Espetxeetako normalizazioa "oraindik urruti" dagoela salatu dute, ikusita 148 presoetatik "ehun preso baino gehiago" egon... [+]


Energia-enpresa nagusiek biodibertsitateari eragindako kalteen %47 ezkutatzen dute, EHUren ikerketa baten arabera

"Irudia zuritzeko" estrategiak erabiltzen dituzte energia arloko enpresa nagusiek. Ekintza positiboak azpimarratu eta inpaktu negatiboa "estaltzen" dutela ondorioztatu du ikerketan parte hartu duen EHUko doktoregai Goizeder Blancok.


2024-08-21 | ARGIA
Udaltzaingoak kaleko saltzaileekin duen “jarrera oldarkor eta bortitza” salatu dute Bilboko konpartsakideek

Udaltzaingoaren azken egunotako "gehiegikerien" aurrean, Bilboko Konpartsen Federazioak elkartasuna adierazi die manteroen kolektiboko lagunei, Areatzan egindako elkarretaratzean.


Eneko Etxeberria: “Hitz bakarrean, inpunitatea bilatzen du Gobernuak”

Maiatzaren 30ean Nafarroako Gobernuak zenbait biktimaren aitortza egin zuen eta senitartekoek Sekretu Ofizialen Legea bertan behera uzteko eskatu zuten. Horien artean, Mikel Zabalza eta Mikel Arregiren familiak. ‘Naparraren’ anaiak ere egina du eskaera hori. Eneko... [+]


AEBek diote Israelek onartu duela “trantsizio proposamena”, baina Hamasek kritikatu du baldintzak aldatu dituztela

Hamasek salatu du talde islamistak aurretik onartutako akordio proposamenetan Israelgo lehen ministro Netanyahuk baldintza berriak jarri dituela. Iran su-etenaren alde agertu da, baina Israel “zigortzeko eskubidea” aipatu dute, uztailaren 31n Hamaseko buruzagi Ismail... [+]


Emazteari eraso zion ertzainak tratu txarrak ea lehenagotik ematen zizkion ikertzen ari da Fiskaltza

Ertzaina emakume bezala erregistratu zen Trans Legearen bitartez, baina inori ez zion aldaketaren berri eman. Fiskaltzak uste du indarkeria matxista leporatzetik libratzeko asmoarekin aldatu zuela sexuz.


Kongok espero du tximino baztangari aurre egiteko adina txerto emango dizkiola Mendebaldeak

Kongoko Errepublika Demokratikoa ari da gehien jasaten tximino baztanga edo mpox-en epidemia. Urtea hasi zenetik 16.700 kasu atzeman dituzte, eta ia 600 pertsona zendu dira herrialdean; gehien-gehienak, haurrak.


Hainbat gizon atxilotu dituzte asteburuan indarkeria matxistagatik

Tuteran 30 urteko gizon bati 23 urteko bikotekideari erasotzea leporatu diote, eta Ondarroan 31 urteko gizon bati lankide bati ukituak egitea, herriko osasun etxean. Bilboko jaietan bi sexu eraso salatu dituzte, eta Donostian 20 urteko gizon bat atxilotu dute, hiriaren... [+]


2024-08-20 | ARGIA
Osakidetzan tratamenduari ekin nahi dioten transek psikiatriatik pasa behar dutela salatu dute

Hainbat kolektibok salatu du Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean arreta jasotzen duten transei lehen harrera psikiatrikoko profesionalek egiten dietela, horrek transak patologizatzen dituela eta harrera endokrinoak egin beharko lukeela. Harrera endokrinoak... [+]


2024-08-20 | Euskal Irratiak
Bigarren etxebizitzen kontrako aldarria entzun da Miarritzen

Etxebizitzen %20 baino gehiago jadanik bigarren etxebizitzak dira Ipar Euskal Herrian. Larrialdi klimatikoaz sentsibilizatzeko lau hilabetez, Nantesetik abiatu Alternatiba txirrindula itzulia, kostaldean zen aste buruan.


Eguneraketa berriak daude