Ekonomia jasangarria diseinatzera bideratzen du bere ikerlari lana Ekonomian doktore den EHUko irakasleak. 2004an aurkeztu zuen txostenak, Análisis de rentabilidad del proyecto de la «Y» vasca y bases para una estrategia ferroviaria alternativa delakoak, kritika zorrotza egiten dio AHTren proiektuari. Espainiako Auzitegi Nazionalean «Euskal Y» proiektuaren aurka hainbat udaletxek jarritako demandarako informe periziala egin zuen. Bermejoren izenak zurrumurrua zabaltzen du Jaurlaritzako Garraio sailean. Jaurlaritzaren datu eta zifrez oso bestelakoak eskaini dizkigu elkarrizketan. Bere lanak landuenetakoak eta erreferentzia dira (ikusgai helbide honetan: www.bakeaz.org/publicaciones/autores/Bermejo.htm).
AHT egiteko Jaurlaritzaren argudio nagusietakoa da Europarako garraio fluxuak galtzen ari garela, eta Europarekiko harremanetan atzera geratuko garela.
Hau 1988 inguruan Jaurlaritzak hartutako erabaki politiko bat da. Sinbolo, estandarte bat da, horregatik ateratzen da hauteskunde kanpainetako bandera gisa. Garraioetan zein arazo dugun zehaztea izan behar luke horrelako proiektu baten abiapuntua. Onartu nezake fluxuren bat galdu dezakegula, baina hori ez da txarra, N1-ean dugun ataskoa ikusita. Fluxuak beste alde batzuetatik ere badatoz, Portugal, Andaluzia, Madrildik... Linea hau ez badago lotua gainerako penintsularekin, ez du arazoa konponduko. Ez dago beste erremediorik, gobernu zentralarekin kolaboratzea baino, linea egin dezan. Konfrontaziorako eta sinbologiaz betetako beste elementu politiko bat da hau.
%2,41eko errentagarritasuna lukeela idatzi duzu, gehienez. Garraio sailburu sailak dio %8,38koa dela. Nola azaltzen da aldea?
Nik ez dakit bere kalkuluak nola atera dituen. Nik ikerketa bat azaldu dut, eurek azaldu dezatela nondik ateratzen dituzten zenbakiak. Amann prestidigitadore handia da, denetik atera eta denetik esan du urteen joanean.
Baina euren datu hori ez dator bat ez Europako Batasuneko iritziekin, errentagarritasun gutxienekotzat baitute. Gastuak izugarriak dira, lurraldearen ezaugarriengatik: proportzioan, Bilboko metroak baino tunel gehiago egin beharko ditu, metro ikaragarri bat izango da AHT.
Ez duela bideragarritasun ekonomikorik diozu, eta aldiz, Amannek beti esan izan du 2010erako eginda egongo dela eta obrak hastera doazela. Oraingoan, hasi egingo dituzte.
Hasiko dituzte, bai, baina 6 kilometro bakarrik. Eta hauteskunde kanpainan. Zentzugabekeriari eginiko monumentua izango dira, inora ez doazen 6 kilometroak. Nondik aterako ditu une honetan obra egitea kostako litzakeen 6.000 milioi euroak?
Beraz, proiektuan aurreikusten diren 3.300 milioi euroak murritz geratuko dira?
Obra denetan hazten dira kostuak. Madrid-Bartzelona arteko AVE ibilbideak jada %60ko desfasea du aurrekontuetan. Europako bataz-bestekoa baino bi aldiz gehiago gastatu du Espainiak garraio azpiegituretan: Europan BPGren %1z azpitik gastatzen dute, eta Espainiako Estatuak %1,8 inguru. Zergatik egin dira azken urteotan Espainiako Estatuan hainbeste autobia eta autopista? Europako fondoetatik hartzen duelako. Orain hori bukatu egingo da, inork ez duelako nahikoa diru. Garraioaren Liburu Zuriko finantziazio atalaren titulua ere horixe da "Finantziazioaren burukomina". Ez dago garraiorako behar beste dirurik Europan, gutxiago estatuan, eta hare gutxiago autonomia erkidegoetan.
Gainera ezegonkortasun politiko eta ekonomiko handia etorriko dela aurreikus daiteke. Petrolio barrika egun 50 dolarretan dagoen arren, hamarkada bukaerarako 150 dolar inguruan egon daiteke. Eta irakurri dudanaren arabera, AEBk Irani gerra deklaratua diote eta ekainerako erasotuko omen dute. Testuinguru horretan, zein politikok egin ditzake hamar urterako planak? Parragurea ematen dit.
Foru Aldundiek, Jaurlaritzak, eta Gobernuak dirua jarriko dutenik ez duzu sinisten.
Frogatu egin beharko dute, baina nik dakidana da Foru Aldundi denak leporaino zorpetuta daudela errepideko obrekin. Zer esanik ez Bizkaiakoa, Supersur-arentzat Europako Inbertsio Bankuari prestamoa eskatu behar izan baitio, eta Bizkaiko diputatuaren hitzetan, "gure seme-alabek eta baita bilobek ere ordainduko dute".
Hasieran bidaiarientzat bakarrik pentsatu zen AHT. Gero proiektua moldatu zen, merkantziak garraiatu ahal izateko. Eguneko 1.000 kamioi eramatea aurreikusten du proiektuak.
Sinboloak botatzen dira, analisirik egin gabe. Gero, oposiziotik proiektuari egiten dizkiogun kritikekin, argumentuak gehitzen eta proiektua moldatzen joaten dira.
Espainiako tren sarearen mapa begiratuta, kontraesanak ikusten ditut: Valladolid inguruko trenbidea linea arruntentzako da. Hortik gora abiadura handikoa dator, bidaiarientzako bakarrik dena, bide bat Galiziarantz eta bestea honantz. Beraz, nola iritsiko dira Valladolidera merkantziak? Eurak bakarrik? Printzipioz, linea abiadura handikoa bakarrik izatekoa zen, orain zer egin behar dute, merkantzientzako dena eraldatu? Sare osoaren filosofia definitzen duena, ez zati batena bakarrik, Espainiako Gobernua da.
Amannekin hamaika aldiz hitz egin dudanean esan dit, balio erantsi handiko merkantziak eramango dituela trenak. Aldiz, zein dira hemengo merkantzien fluxu handienak? Granelak, balio erantsi gutxikoak, txatarrak, siderurgiako oinarrizko produktuak... Horiek ez dira AHTz joango. Zer ekarpen egiten dio tren honek herriari? 1.000 kamioi pasako direla diote. Zer pasako dira, beraiek diotelako, ezta? Aurreikusi daitekeen bakarra da 1.000 kamioi eramateko gai izango dela, baina ea nola behartzen duzun kamioilaria trena erabiltzera.
Esana duzu garraio politika aldatu ezean kolapsora goazela. Zergatik?
Herri honek ataskorako osagai denak ditu. Txikia da, menditsua, biztanle asko ditu, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Beste edozein herrik baino industria gehiago du, gainera industria pisutsuan espezializatutakoa. Eraikuntza neurriz kanpo ari da lanean, beraz, harri asko garraiatzen du. Europako pasorik konfliktiboenean gaude. Garraioa neurrigabe hazi da, batez ere kamioiena. Pertsonako kamioi kopurua askoz altuagoa da Europakoa baino...
Azpiegiturak eginaz konpondu nahi dute arazoa. Ez dago munduan herririk azpiegitura berriak eginaz kolapsoen arazoa konpondu duenik. A8 ataskatua dagoelako Supersur-a egiten bada, jendeak hartzen duen mezua da kotxe gehiago kabituko dela, eta urrutiago iritsiko dela kotxez. Sortzen duzuna, beti eskaera handiagoa da, eta kotxearen kultura bultzatzen duzu. Hiriburu batetik bestera egiten diren desplazamenduak %7 bakarrik dira. Gainerako desplazamenduak bailara artekoak dira. Beraz, AHTk ez du arazoa konponduko.
Amannen argudioa da, hau ez dela barne arazoak konpontzeko proiektua, Europarekin lotzeko baizik.
Hori da beste mitoetako bat. Ez al gaude Europarekin lotuta? Edonork hartu dezake abioia eta Londresera joan, 30 euroren truke. Autobiekin ere lotuta gaude Europarekin.
Denek diote trena dela irtenbideetakoa. Baina zuk proposatzen duzu azpiegitura zaharra berritu eta zati berri batzuk egitea. Aldiz, Jaurlaritzak dio osorik berria egin behar dela.
Espainia da Abiaura Handiko bide gehien dituen Europako bigarren herria. Bitartean, Europa osoa azpiegitura zaharrak berritzen ari da, errentagarritasun ekonomiko eta sozialari begira. Hemen sinboloen politika egiten jarraitzen dugu. Zergatik ez ditugu lehenik arazoak aztertzen eta garraio azpiegitura eraginkorrena pentsatzen? Komentzituta nago AHTk trenaren heriotza ekarriko duela gure herrira. AHTrekin sos denak xautu ondoren, nondik aterako du Jaurlaritzak dirua azpiegitura zahartua berritzeko? Eta Euskotrenen erabiltzaile naizen aldetik, oso ondo dakit zer egoeran dagoen trenbide hau. Zati batzuetan 10 kilometro orduko doala dirudi. Nik garraio eredu oso bat planteatzen dut, herritarrak trenez mugitu daitezen eguneroko joan-etorrietan. Amann, aldiz, sinboloak planteatzen ari zaigu. Demagogia politikoa da: "Europarekin lotura", "Modernotasuna", "Aurrerapena"...
Alternatibak aztertuz, zer azpiegitura behar genituzke garraioa ordenatzeko?
1999ko Azpiegitura Planean ez dagoen edozein bide eraikuntza lan gelditu dadila eskatzen dut: Supersur-a, A8-a zabaltzea, korridoreak... Ez daitezela errepide gehiago egin, eta plan zehatz bat egin dadila tajuz, Aldundien eta Jaurlaritzaren artean erdibana finantzatuta. Hau da modu bakarra trena dimentsio denetan garatu dadin eta trenbidea izan dadin hemengo garraioaren bizkar hezurra: merkantziak eta bidaiariak eraman ditzala, bailara arteko lineekin, linea txikiak nagusiarekin lotuta egonik. Horrela, egongo dira hiriburutik hiriburua oso azkar doazen trenak, baina baita ondoko herriak lotzen dituztenak ere. AHTk poloak indartuko ditu, eta tarteko lurraldeak desertizatu.
Noski, jendea behartu egin beharko da kotxea uztera. Garraio politika berri bat behar da, trenera emana izango dena.
AHTk zer lotura du ekonomiaren garapen ereduarekin? Gero eta gehiago produzitzea bultzatzen duen garapenak, garraio gehiago eskatzen du.
Europak dioena da mugikortasuna baretu egin behar dela. Amannen diskurtsoan, aldiz, garraioa sektore ekonomiko bat da eta BPG aportatzen du, alegia, zenbat eta garraio gehiago, aberastasun handiagoa dugu. Eta hori edozein adituk ukatuko dizu. Garraioa ez da sektore bat, esparru ekonomiko bat da gainerakoak zerbitzen dituena. Kontua ez da mugikortasuna haztea, garraio eraginkorragoa egitea baizik. Hemen ez dago armoniarik ez osagarritasunik errepide sarearen eta trenaren artean.
Azpiegituretan inbertitzeak ekonomia hobetzen duela uste da, eta esperientziak erakusten du ez dela horrela. Noski, oinarrizko azpiegitura behar da, baina hortik aurrera, hipermugikortasunak arazo ekonomikoak sortzen ditu.
AHTren proiektuak kontsentsu gutxi izan duela esan izan duzu. Baina instituzioetan gehiengoa atera izan du beti, eta badirudi kalean ere jendeak hori nahi duela.
Gobernuaren erabakia izan zen, ez zen debaterik izan. Geroztik hamaika foro egin dira. Nik informea atera nuenean, argudio asko eman nituen. Zein izan zen Garraio Sailaren erantzuna? Bere indarrei deitzea eta adierazpen publikoa egitea AHTren aldeko atxikimendu erabatekoa agertuz. AHTren alde agertu ziren eminentzia haiek guztiek, ziur nago, ez zutela txostena irakurri. Zertara ari gara jolasten?
Zer probabilitate daude proiektua egiteko?
Hau luzerako doa, eta zenbat eta gehiago atzeratu AHT egiteko obrak, zailago izango da egitea, urtetik urtera presupuesto gutxiago egongo baita. Europak gero eta laguntza gutxiago emango dio Espainiari, pixkanaka alderantziz izan dadin, Espainiak eman dezan laguntza Europan. Zer beste aukera dituzte? Europako Inbertsio Bankuari prestamoa eskatu eta 50 urterako zorpetzea? Edo kupoa dela eta Gobernuari beste erkidegoek aportatzen diotena bakarrik aportatzea? Uzten badiete izango da. Komentzituta nago ez dutela AHTrik egingo.