Net Hurbil: Maliko kotoia, ikusi labore lehiakor bat ihartzeko formula


2021eko uztailaren 27an
Frantzian eta bereziki Paris inguruan bizi den afrikar diasporakoak dira «Afrikara» gunea egiten dutenak. Interneten duten presentziaz gain musika eta liburuak argitaratzen ditu, artisautzako produktuak saltzen eta hainbat ekitaldi antolatzen. Afrikara-k web gunean duela gutxi Maliko kotoi sektoreak aurrean duen itoaldiari buruzko artikulu interesgarria plazaratu du.

Kako Nubukpo ekonomialari ezaguna da eskualde horretan. Afrikako Mendebaldeko Bankuan (BCEAO frantsesezko siglatan) analisi makroekonomiko lanetan aritua da, eta ezagutza ona aitortzen zaio laboreen eta kotoien merkatuetan. Bere karguek erakusten dutenez, ez gara globalizazioaren kontrako militante batez ari, ekonomiaren mundu mailako garapenak itotze bidean jarri duen burgesia lokal bateko edo egitura estatal bateko goi kargu ezagunaz baizik.

Kako Nubukpo harro dago Malin kotoiaren inguruan eraikita dagoen sektorearekin, eta honek herrialdeari ekarri dion garapenarekin. «Maliko kotoi sektorea Afrika osoan lehiakortasunari dagokionez lortu den success story edo arrakasta bakarretakoa da», idatzi du. Malik Afrikako kotoi ekoizle nagusi postua kendu dio Egiptori. Nola lortu den hori nekazariei subentziorik eman gabe?

Lehen mekanismoa: kotoia lantzen duten laborariei sektoreak prezio minimo bat bermatu die azken urteotan. Lehen mailako kotoi alea kiloko 210 CFA libera pagatu zaio iaz (0,31 euro). Bigarren mekanismoa: prezio hori Compagnie Malienne de Developpement des Textiles erakundeak ezarri eta garantizatu du, Maliko estatuak berari eman baitio kotoiaren salerosketa guztiaren monopolioa. Horrekin batera, Nubukpok uste du lan ona egin duela Mendebaldeko Afrikako bankuek osatutako pool-ak, kotoiaren produkzio eta komertzializazioan beharrezkoa den finantzaketa ahalbideratuz.

Baina ekonomialariak dioenez «kotoi malitarraren berezitasun bikoitz hau »hau da, nekazariei prezio minimo bat bermatzea eta sektorea era bertikalean integraturik egotea» ez da ezkontzen azken hogeita bost urteotan Hegoaldeko nekazaritza gainbehera daramaten printzipio neoliberalekin, hau da, 'benetako merkatu prezioak' ezarri behar direla eta monopolio publikoak desegin behar direla agintzen duten printzipioekin».

Zorretan izanik ere kotoia behar

Munduko herrialderik txiroenetakoa da Mali. 12 milioi biztanleetatik %60a pobreziarik gorrienean bizi da. Urteko eta buruko errenta 900 dolarretan dabil. Malitarren bizi itxaropena 45 urte artekoa da. Panorama horrekin, Maliko gobernuak orain dela gutxi erabaki zuen 2008ra atzeratzea bere jarduera ekonomiko txukun bakarra den kotoiaren monopolioaren pribatizazioa, Munduko Bankuak ipinia zion 2004ko data alde batera utzita.

Munduko Bankuak azkar hartu du mendekua. Iazko azaroan Bamako hiriburura iritsi ziren Munduko Bankuko eta Nazioarteko Moneta Funtsako ordezkariak gobernuari jakinaraztera honen finantza estuasunetarako gehiago ez zela dirurik izango... neurri zorrotz batzuk hartu arte. Lehenengo neurri zorrotza zera zen: baserritarrei bermatzen zaien prezio minimoa kotoi kiloko 0,31 euroetatik 0,24-0,26ra jaistea 2005 honetan bertan. Eta horrekin batera, prezio minimoa pagatzeko diru ere bermerik gabe geratu zen. Beraz, prezio minimo txikiagotu hori teorikoa da, Maliko estatuak nonbaitetik diruak eskuratu ezean.

Gauza da ikertzaile independienteek behin eta berriro utzi dutela argi gaur Malin kalitate oneko kotoi kilo bat ekoizteak 0,30 euroko kostea duela laborariarentzako. Beraz, orain ezarri diren prezio minimo berriak kosteen azpitik dabiltza, askogatik gainera. Aldiz, kotoia ekoizteko nekazariak erabili behar dituen lehengaiak (haziak, pozoiak, ongarriak, tresneria...) etengabe ari dira garestitzen, eta are gehiago sektoreko atal osoak pribatizatzen hasi zirenetik. Ondorioz, kotoiaren salmenta prezioak hondoratuta eta kostuak etengabe gorantz doazela, Maliko eta Hegoalde osoko kotoiaren lehiakortasuna faktore bakar batean oinarrituko da hemendik aurrera: eskulanari gutxiago eta okerrago pagatuta. Honek sektore osoa hauts bihurtuko du urte gutxitan.

Iruzur handi batek esplikatzen du Malin eta Mendebaldeko Afrikan gure begien aurrean gertatzen ari den hondamendi hau. «Subentzioak» du izena iruzurrak: Hegoalde behartsuari erabateko liberalizazioa eskatzen diogun bitartean, Iparraldeko kotoi ekoizleek subentzio handiak eskuratzen dituzte, AEBetan «Farm Bill» legearen babesean eta Europar Batasunean PAC famatuen bitartez.

Bortxaz liberalizatutako afrikarrei (eta orokorrean Hegoaldeko nekazariei) subentzionatutako gure ekoizleekin nola konpetituarazten diegun ondo deskribatzen du garapenerako laguntzetan ikertzen duen AidTransparency weg guneak: «2001ean mundu osoko kotoi produkzioaren %73ak zuzeneko subentzioak zituen. 2001/02an Espainiako ekoizleek merkatuko prezioaren %180 jaso dute subentziotan, %160 greziarrek eta %60 AEBetakoek. «Farm Bill» legearen arabera amerikarrek %70 gehiago jasoko dute. Honek Afrikako sektorea kaltetuko du gehienik, subentziorik jaso gabe ere orain arte mundu mailan lehiakorra zelako. 2006a artean kotoi ekoizle amerikarrek 4.000 milioi dolar jasoko dituzte subentzioetan. Dirutza hori handiagoa da Burkina Fasoko Barne Produktu Gordina baino».

Mendebaldeko Afrikako herrialdeetan nekazari produktuen esportazioen erdia baino gehiago kotoiak eta bere produktuek osatzen dute, 10 milioi pertsonaz goiti bizi dira bere inguruan eta Mali bezalako herrialde batean Barne Produktu Gordinaren %10 baino gehiago osatzen du. Nekazari askorentzako diru sarrerak bermatzen dituen produktu bakarra da, gainerako produktuak familia barruan kontsumitzeko mailan lantzen direlako.

Horrengatik guztiarengatik saminez betetako hitzekin bukatu du Afrikara gunean bere idatzia Kako Nubukpo ekonomialariak: «Ekonomiaren aldetik efikaziarik gabea da eta gizarte ikuspegitik bidegabea da Maliko kotoi ekoizleen bizkar bakarrik uztea munduko merkatu ez bidezko baten ondorioak, merkatu hori Iparraldeko subentzioek desestabilizatuta daukatenean. Hala salatu zen Cancun-go bileran 2003ko irailean (...). Tartean dago mundu mailako ekonomi erakundeen egoskorkeria, zeren eta beren errezeta ideologikoen aplikazioa ondo ezkontzen ez denean lekuko errealitatearekin, beti uste baitute errealitatearen erruz dela. Horrela jarri dute martxan sektore ekonomiko oso baten kontrako herio kondena, berriro ere behartsuenek sufrituko duten katastrofe ekonomikoa eta soziala».

Ondoko hilabete eta urteetan izango dugu Mali eta Mendebaldeko Afrikako nekazarien berri. Etorkizuna iluna izanagatik, kotoiari lotuta baitaude beren bizitzak. Oxfam erakundeak Maliko nekazari bat elkarrizketatu zuen berrikitan, Keffa Diarra izenekoa, eta honek argi esan zuen: «Begira, kotoia da hemen dirua ematen duen labore bakarra, eta hori lantzera behartuta zaude baita zorretan sartu behar baduzu ere. Beraz, jendeek segitzen dute kotoia lantzen, bere prezioa noizbait igoko den itxaropenean». Aterabide bakarra eduki, eta bertan zepoa.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude