Espainiako Gerra Zibila amaitu baino lehen, milaka soldadu errepublikanok, 1939ko urtarrilaren azken egunetan, erbesterako bidea hartu zuten Katalunian. Horiekin batera, emakume eta ume askok, mugaz bestaldera jo zuten Le Perthusetik, Bourg Madametik eta ohiko pasalekuetatik. Hori dela eta, Frantziako gobernuak, Francorena onetsi zuen egunotan, Gerra horren ondorioz suertatu zen erbesteratu uholderik handienari aurre egin behar izan zion. Argelés sur Mer eta Saint Cyprien bezalako Roussilloneko hondartzetan, hesi, itsaso eta soldaduen artean milaka errefuxiatu kokarazi zituzten, hondarraren gaineko kanpalekuetan.
Horien masifikazio ikaragarriari aurre egiteko asmoz, Espainiako mugetatik gertu izanen ziren hainbat "Harrera Zelai" eraikitzea erabaki zuten agintari frantziarrek. Horrela, Sept Fonds, Le Vernet, Agde, Rivesaltes eta Bram kontzentrazio esparruekin batera, Zuberoatik 4 kilometrora zegoen Gursekoa hasi ziren eraikitzen 1939ko martxoaren erdialdean. Azken horrentzat aukeraturiko esparruak »Prechacq-Josbaig, Dognen eta Gurseko herri lurretako 80 hektareetan zabaltzen zenak» bi muga zituen. Alde batetik, Oloruetik Baionara doan errepidea, bestetik Hôpital Saint Blaisera Prechacqtik doana. Bi bide horiei jarraituz eta laukizuzen luze bat osatuz, hesi ziztadunek, barneratuen eta libreen mundua banatzen zuten. Tartean suertatu zen orube horretan, azkar oso eraiki zituzten 382 barrakoi, errefuxiatuak aterpetzeko eta beste 46 zaintza burutu behar zuten gordetzaileentzat. Zubiak eta Bideak enpresaren ingeniaria zen Elysée Larribauren agindutara, 42 egunetan altxatu zituzten, Barcarés kontzentrazio zelaian zeuden barrakoien eredura. 428 etxola horiek egurrez eginak zeuden erabat: egitura, hormak, gapirioak, behekoa eta gainekoa. 24 metro luze eta 6 metro zabal ziren barrakoietan 60 gizaki hala edo nola laketarazten zituzten. Etxola horiek amaitu orduko, 30eko multzotan hesi ziztadunez inguratu zituzten. Horrela kontzentrazio esparru horren barruan 13 barnezelai »A-tik M-raino zihoazen hizkiekin izendatuta» sortu zituzten, errefuxiatu talde desberdinak barneratzeko. Hasierako A, B, C eta D barrutietan, esate baterako, euskaldunak kokatu zituzten, Le camp basque deitutakoari izana eta izena emanez. E eta F multzoetan espagnols sartu zituzten; G, H, I eta J-koetan Nazioarteko Brigadistak; eta azken hiruetan, K, L, M hizkiak zeramazkiten barrutietan, aviateurs direlakoak. Bistan denez, kolektibo handienak euskaldunek eta brigadistek osatu zituzten. Lehendabizikoak, beraientzat esparrua atondu zutenean, 6.555 baziren ere, laster hasi ziren Gursetik kanporatzen, inguruko herrietan eta bereziki, Ipar Euskal Herrian edo Landetan lana edo bizilekua topatu zutelako. Brigadistak, aldiz, euren herrialdeak -Alemaniara, Austria, Txekoslobakia...- nazien menpe zeudenez, bueltatu ezinik zeudelako, berehala osatu zuten iraungo zuen talderik populutsuena.
Hesi ziztadunen barruan irautea
Hesien atzeko aldean Pirinioetako ortzemuga ederra zuten gurstarrek; barrualdean berriz, bizitoki latza. Barrakoi bakoitzean 60 gizakume sartu behar izateaz gain, egoera garratza zen oso. Haizea eta hotza, egur oholek uzten zituzten zirrikituetatik, barneratzen ziren lastairen gainean zetzatenen hezurretaraino. Era berean, ura eta itokinak lagun zituzten euria egiten zuen bakoitzean. Argia eta beroa kontrajartzen ziren etxola horietako bizimoduan. Hormetan leihoak irekiz gero, hotza galanta. Irekidurarik gabe jarraituz gero, iluntasuna eta egundoko kiratsa. Barrakoietatik kanpo, lokatza nagusi. Euriak lurra ziztrinatzen zuen ibiltezin eginez. Neguko bizi baldintzek horrelako lekuetan ohikoak ziren janari gabezia eta gosea larriagotzen zituzten. Oso latzak izan ziren aro horiek Gursen, baina bereziki 1940koa. Orduko azaroan eta abenduan 470 hildako suertatu baitziren. Adineko jendea izateak, elikadura eskasak, hotzak eragin zuzena izan zuten heriotz kopuru handi horretan. Beste sasoietan, barrakoietatik kanpo jarduteak, hesien artean bazen ere, barneratuen bizimodua eramangarriago egiten zuen. Alde honetatik, ekimen kulturalek leku oso garrantzitsua izan zuten Gurseko urte horietan guztietan. Espainiako Gerraren ondorioz errefuxiatuek jardun politiko eta kultural aunitz jarri zituzten martxan. Barrakoietako kanpoko hormak arbel bilakarazi zituzten, hizkuntz ikastaroak, matematikak, historia eta antzekoak irakasteko. Bide batez, horixek izan ziren eskuz burutzen zituzten egunkari antzekoak paratzeko lekurik ohikoenak. Argelésen eta Barcarésen egindakoen antzera, orkestrak, orfeoiak, hizkuntza ikastaroak eta eztabaida politikoak antolatzeari ekin zioten. 1939an bertan, hiru orkestra txiki eratuak zituzten: euskaldunena, Nazioarteko Brigadistena eta Compagnie de Travail direlakoen partaideena. Urte horretako udan, Frantziako Iraultzaren 150. urtemuga zela eta, uztailaren 14an, beste abesti batzuen artean La Marseillaise jo zuten, milaka ahots lagun zituztelarik. Egun berean hainbat euskaldunek Ikurriñaren Dantza erakusteaz gain, Julian Ramirez errefuxiatu donostiarrak, 1789ko iraultzatik ordura arte langileek eta iraultzaileek izan zituzten borrokak hizpide izan zituen eman zuen hitzaldian. Hilabete batzuk geroxeago, Europa osotik etorri ziren juduek eta deportatuek ere ekimen kultural anitz garatu zituzten, beraien nortasunari eusteko asmoz. Claude Laharie historiagilearen arabera, beraiek eratu zuten erlijio eta kuturaz arorik aberatsena. Kultu hebraikoarekin batera, Biblia, Talmud eta hebreoen historiaz ikasketa taldeak martxan jarri zituzten. Irakaskuntza ez zen mugatzen helduen taldetara, barneratuak zeuden umeek eskola saioak izan zituzten baita ere Gurseko barrakoietan. Oinarrizko ekimen kultural horiez gain, musika eta artelan adierazpide bikainak izan zituzten, 1942-1943ko deportazioek bertako bizimodua hankaz gora jarri zuten arte.
Gurseko bilakaera: Harrera zelai izatetik Auschwitzeko beste kate maila bat izatera
Hasieran, hau da, 1939ko apirilean, kolektibo guztiek Gurseko Harrera Zelaia behin behinekotzat jotzen bazuten ere, II. Mundu Gerrak sorrarazi zituen barneratze masiboek zelai horren jarraipena ekarri zuten. Are gehiago, Harrera Zelai izatetik jite errepresibo nabarmena izatera pasatzeko urrats latzak burutu zituzten Vichyko zein Berlingo agintariek. 1939ko azaroaz geroztik, Daladier dekretuetan "nazio defentsarako gizaki arriskutsuak" errepresioaren helburu ziren bitartean, Vichyko gobernariek "arraza judutarraren etorkinak", komunistak eta "indesirables" deitutako jende sorta zabal bezain malguan sartzen ziren guztiak, atxilotzeko eta barneratzeko agindu zuten. Horren ondorioz, Espainiako Gerratik etorritako errefuxiatuez gain, Frantziatik bertatik, eta baita Alemaniatik ere, atxilotu eta deportatu ugari hasi ziren Gurseratzen. 1939ko udaz geroztik Gurseko populazioa gainbehera joan bazen ere, beste konboi asko iritsi ziren Olorueko geltokira, hortik kamioikadaka Gurseratzeko. Vichyko poliziek egindako sarekadetan harrapaturiko juduez gain, Alemaniako Badeko eskualdetik 7.000 inguru deportatu, esate baterako, ekarri zituzten, Frantzia osoa zeharkatu ondoren. Nazien eta Frantziako gobernuaren arteko lankidetza estua izan zen honetan ere. Hitler eta Petain, Montoiren biltzen ziren uneetan, esate baterako, Alemaniako hegoaldetik, Mannheimetik, Karlsruhetik, Heidelbergtik eta inguruko hirietatik, milaka judu garraiatu zituzten Gurseraino. Horiei gehitu zitzaizkien, gendarme frantziarrek Parisen bertan Vel d'hiver deitutako kiroldegian barneratu zituzten milaka atxilotu judutar, gorri, susmagarri... Le Vernet edo Gurs bezalako kontzentrazio zelaiak izan ziren horien guztien hurrengo barneratze tokiak. Hegoaldeko kontzentrazio esparru hauek batzuentzat azken maila errepresiboa izan ziren bitartean, beste askorentzat, Auschwitz aldeko konboietan sartu arteko muga besterik ez ziren izan. Izan ere, Gurs, 1940ko urriaz geroztik, naziek pixka bat beranduago martxan jarritako Behin Betiko Amaiera bide infernutarreko gune nabarmenetako bat bilakatu zen. Alde batetik, Gursen bertan 1.176 barneratu hil zirelako. Bestetik, 1942az geroztik, heriotzaren trenen bitartez, 14.000tik gora gizaki, Gursetik abiatuta, Olorueko geltokian animaliak bezala bagoietan metatuta, Drancytik barrena, Auschwitzera heriotzera eraman zituztelako. Polonian zegoen esparru latz horretan bukatzen ziren Helmuga ezezagunerako Konboiak, Gursen ere antolatu zituzten. Bertako agintariek, Wanseeko Biltzarrean Himmlerrek martxan jarritako ekimenarekin bat eginik, 1942ko abuztuan hasi ziren Auschwitzeko Heriotz Zelaira Gursen zeuden makina bat judutar bidaltzen. Urte horretako abuztuaren 6an bidali zuten lehen konboia. Barrutietan barrena aukeratutako juduen zerrendak irakurri ondoren, Frantziako gendarmeak alboan zituztela, Gursetik Olorueraino eraman zituzten kamioiez. Geltokitik Frantziako iparraldean zegoen Drancyko zelaira zihoazen eta hortik itzuli ezinezko bidaia zuten Auschwitzeraino. Horrelakoak errepikatu ziren, abuztuak 8an, 24an, irailak 1ean eta 1943ko otsailak 27an eta martxoak 3an. Guztira, 3.907 deportatu izan ziren konboi horietan. Claude Lahariren arabera, guzti-guztiak juduak, haien artean alemaniarrak, austriarrak eta poloniarrak nagusi zirelarik. Horiei gehitu beharko genizkieke, Le Vernet, Rivesaltes eta Le Récébédou bezalako beste kontzentrazio esparruetara eraman zituztenak, eta geroxeago Auschwitzera bideratuak izan zirenak ere bai. Aipaturiko ikerlari horren arabera, 14.000 inguru gurstar izanen ziren, ziur aski, heriotz zigorra gasen bitartez pairatu zuten dohagabeak. Egun Pirinioetako ortzemuga eta elurren distirekin batera, hilerri txukun bat dugu Gursen bertan izan ziren heriotza horien seinale apal eta lekuko. Barrakoiak zeuden tokietan berriz, baso sendo batek estali ditu izan zitezkeen aztarna urriak. Esparru horren bidexka, etxola eta hesiak sasiek jan dituztenean, ahanzturak ez luke, inolaz ere, irentsi behar hainbeste sufrimenduren historia, Gurstarren-Gutarren historia, hain zuzen ere.