Kanona liburutegietan bai ala ez


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

4.620. Horixe «egile eskubideak» itema Googlen, sareko orojakilean, sakatuz gero bistarazi ahal ditugun webguneak. Euskarazko hitz bilatuen unibertsoan dezente direla pentsa dezakete askok, ez dira gutxi, ezta urrik eman ere; jabego intelektualaren auzia pil-pilean baitago egun. Sortzaileak loalditik esnatu dira eta "halabeharrez" tokatu zaien bizimodu "buhamea" alde batera uzteko diru apurtxoa -merezi dutena, bestalde- eskatzen ari dira.

Sugetzar onenen tankeran, auziak atal asko izan ditu: Napster eta tankerakoen kontrako gurutzada Interneten, erabili gabeko CDei eta DVDei ezarritako kanona, eskubide erreprografikoen ingurukoak eta orain, liburutegiei ezarri nahi dieten kanona. Egia esan, azken honen ingurukoak orain urtebete sortu ziren. Ika-mikaren metxa hain gertu eta, era berean, hain urrun dugun Europa horren aginduz piztu zen. Izan ere, Europako Batasunak (EB) egile eskubideak ordaintzeko bidean, liburutegiei kanon berezia ezartzea adostu zuen 1992an. Xedea, idazleek egindako lanaren ordain, mailegu publiko bakoitzeko dirutxoa pagatzea zen. Sosak nork eta zenbat ordaindu, nola eta noren bidez kudeatu behar ziren herrialdeen esku utzi zuen Europako Batasunak.

Dena dela, direktiba horrek kanon hori ordaintzeaz libre egon zitezkeen erakundeak aukeratzea ere bazegoela zehaztu zuen. Hala, herrialde batzuek (Espainiako Estatua kasu) udal-liburutegiei zerga hori ez pagatzea baimendu zieten. Frantzian, eskola-liburutegiak dira salbu dauden bakarrak eta, beraz, Ipar Euskal Herriko liburutegi publikoek kanona ordaindu behar dute -liburuaren salneurriaren %6 mailegu bakoitzeko-.
Orain, orduko hartan adostutako akordio hori haustear dagoela diote askok; sokatiran baitabiltza kanonaren defendatzaile eta kontrakoak, nork bere interesen alde. Nolanahi ere, informazio gutxi dago eta balizko aditzak erabiltzen dituzte denek ala denek, zer gerta zain. Askatuko al dugu korapiloa?

Kultura ez da errenta

Gai honen inguruan hitz egiteko liburuzain bat, Fernando Juarez Muskizko Udal Liburutegiko arduraduna eta EAEn kanonaren kontra egin zen kanpainaren partaidetako bat, idazle bat, Tere Irastorza Euskal Idazleen Elkarteko presidentea, eta bi editore, Eider Rodriguez (Txalaparta) eta Jorge Gimenez (Alberdania), bildu ditugu eztabaidara.

Guztiek euskarazko literaturaren alde lan egiten dutela berretsi digute, hori bai, euren jarduna duintasunez egin nahi dutela azpimarratu. Bostetako inor ez da aberastu liburugintzaren kontura, gehienentzat kultura ez baita errenta. Denek dituzte, ordea, hobekuntzak amets: liburuzainak zerbitzu hobea eskaini ahal izatea, editoreak euskarazko liburu gehiago argitaratu ahal izatea eta idazleak, profesionaltasunaren bidean, lansari duina jasotzea. Kanonaren kontura bat egitea? Hori ez da ezpal bereko zura!

Liburutegiak arrisku gorrian

Arestian aipatu bezala, zehazteke dago kanona ezartzekotan, dirutxo hori nork ordaindu beharko lukeen baina litekeena da erakunde publikoek pagatu behar izatea.

Jorge Gimenez Alberdaniako editore eta Euskal Editoreen Elkarteko presidenteak ez du aukera erabat baztertzen: "Guk kultur salbuespen kontzeptua defendatu badugu ere, azkenean irizpide ekonomikoa nagusitzen bada agian instituzioek pagatu beharko lukete. Bidezkoa den ala ez? Tira, injustuagoa da kostuak argitaletxeen eta egileen esku uztea. Halere, ez dut defendatzen dirua guretzat izatea ezinbestean. Alor asko dago diru hori enplegatzeko: irakurzaletasuna bultzatzeko kanpainak, publizitate tarifak merkatzeko, bekak emateko..."

Tere Irastorza Euskal Idazleen Elkarteko presidente eta idazleak ez du Gimenezen proposamena erabat arbuiatzen baina arazoaren muinera jo du: "Zergatik gara idazleak kobratu behar ez dugun bakarrak? Ondo dago kulturaren demokratizazioa aldarrikatzea baina nire alaba musika eskolara doa eta, nahiz eta publikoa izan, berdin-berdin pagatu behar dugu. Sormen lan baten abiapuntua gara baina kobratzen ez dugun bakarrak gara".

Liburuzainen ustez, ordea, erakundeek kanona ordaindu behar izatekotan, liburutegiak arriskuan egon litezke, zentroetako aurrekontuak murriztuko lituzketelako, hala esan digu bederen Fernando Juarez liburuzainak. Hori horrela, liburutegien eros-ahalmena ez ezik, zerbitzu publiko duina eskaintzeko aukera txikituko litzateke.

Horretan bat datoz bi editoreak; Txalapartan lanean dabilen Eider Rodriguezen aburuz, "liburutegiak independentea izan behar du, ezin da moztu liburuak erosteko irizpide kultural hori, kanona ezartzeak etekin handiena ematen duten liburu komertzialak bakarrik erostea ekartzen badu, liburutegiek balioa galduko lukete. Liburutegiek liburu guztiak erosi behar dituzte: onak, txarrak, best sellerrak, marjinalak, gogoetazkoak..."

Liburuzainek inoren alde egitekotan, egile eta idazleen alde egiten dutela azpimarratzen dute. Hala azaldu digu Fernando Juarez Muskizko liburutegiko arduradunak: "Idazleak egindako lanari plus bat eransten diogu guk. Hau da, aukeraketa egiten dugu erosi behar diren liburuen inguruan, liburu-dendetan batez ere nobedadeak eta best-sellerrak aurkituko dituzue; liburutegietan horiek eta askozaz gehiago ditugu. Idazle bati jarraipena egin nahi izatekotan ezingo duzu liburu-dendetan egin, liburu zaharrak aurkitzeko liburutegietara jotzea duzu onena".

Bitartekariak, hitz gakoa

Kanona ezartzearen aldekoek arrazoi zenbait eman dituzte zergaren beharra argudiatzeko; besteak beste, maileguek liburuen salmentak gutxitzen dituztela eta egile eskubideak behar bezala ordainduta jasotzen ez dituela idazleak.

Bi argudioekin zuzendu gara gure solaskideengana. "Astakeria da idazleak liburuaren salmenten %10 besterik ez jasotzea baina hori ez da liburutegien akatsa, ez dago haien esku. Eurek on egiten digute" adierazi du Rodriguezek sinetsita.

Tere Irastorzak bere jarduna liburuzainen kontrakoa ez dela nabarmendu du. "Beharrezkoak iruditzen zaizkit baina horrek ez du ezer ere justifikatzen. Ezagutzaren gizartean bizi omen garen honetan, teknologiek sekulako indarra hartu dute eta sortzaileek garrantzia galdu. Sortzeko mekanismoak indartu beharko lirateke eta nik uste, sormena errebindikatzeko sikiera, kanona bultzatu behar dela. Kulturari aurrekontuen %0'35 eskaintzen zaio, ziur naiz horretatik gutxiago jasotzen dutela sormena bultzatzen dutenek liburutegi eta museoek baino" erantsi du.

Juarezek lehenengo lepotik du burua; "arazoa ez dugu liburuzainok piztu, hori saldu nahi digute baina ez da hala. Arazoa bitartekariek sortu dute, dirua airean ikusi dute eta hori eskuratu nahian dabiltza". Egile eskubideak kudeatzeko ardura duten erakundeez ari da Juarez, SGAE edo CEDRO bezalakoez.

Eider Rodriguezek eman digu ondorengo arrastoa: "Kanonaren bultzatzaile nagusiak bitartekariak izan dira. Dirutza handia poltsikoratu dute, 16'19 milioi euro, eskubide erreprografikoen kontura eta dena egilearen izenean egin dute. Nik behintzat ez ditut gorbatadun hauek liburuen eta idazleen defendatzaile erromantikoak bezala ikusten".

Erakunde honen harira, argazki hurbilagoa eman digu Tere Irastorzak, Euskal Idazleen Elkartea CEDROko kidea baita. "CEDROri esker azpiegituretarako diru-laguntzak jasotzen ditugula? Ba, primeran. Azkenaldian, gainera, idazleei diru-laguntzak ematen ibili da erakunde hau. Tira, beharbada aberastuko dira, baina besteak ez al dira aberasten? Beti besteen aberastasunak kritikatzen gabiltza gureari erreparatu gabe. Ba al da liburugintzaren alorrean hileko soldata finkaturik ez duenik?".

Etorkizunari begira

Aferak luze joko duela dirudi. Eider Rodriguez idazle eta editoreak argi du norantz mugituko den balantza: "Lobby inportantea dago horren atzean eta CEDRO egitea lortu zuten bezala, suposatzen dut hau ere lortuko dutela. Denbora beharko dugu galerak zertan diren ikusteko. Europa izan nahi horretan, onartuko da, kazikismoaren izenean kasik".

Fernando Juarez liburuzaina itxaropentsuago da agian: "Espainiako Estatuan berriz ekin behar diote kanonaren kontrako kanpainari, Euskadin ez gaude hain antolatuta, baina borrokan jarraituko dugu. Ezartzekotan guk bete beharko dugu, ezin gara legearen kontra joan. Dena dela, arazoa ez da Euskal Herrikoa bakarrik, Europa osokoa baizik; EBn nahiko orekatuta omen daude-eta aldekoen eta kontrakoen kopuruak".

Haratago doa Tere Irastorza EIEko presidentea: "Euskal liburugintzak egitasmo orokorra behar du: liburuak arinago heldu beharko lirateke liburutegietara, kanpainak bultzatu, euskarazko produkzioarentzat diru gehiago bideratu... Eztabaida ez da kanona ezarri edo ez, sormena bultzatzea da gakoa".

Jorge Gimenez Euskal Editoreen Elkarteko presidenteak ere ildo beretik heldu dio auziari eta erregua egin die afera darabiltenei: "Denbora har dezatela honi buruz pentsatzeko eta eztabaidatzeko, kanonarena ez da hil ala biziko kontua, baditugu arazo larriagoak. Kontraesana bada azter dezatela, patxadaz. Adostea da garrantzitsuena, gauzak era gerrileroan egiten badira liburuaren eta egileen ondra kaltetu eta denen kalterako izango da". Argiago ezin.

Hain urrun dugun Europa
Bai behintzat liburutegi publikoek egindako mailegu kopuruari dagokionez. Europako Batasunean, 2000 urtean, urtean 4'93 liburu eman zituzten maileguan, batez beste. Espainiako Estatuan, berriz, 0'77 nimiñoa, Danimarkan erdietsi zuten 15'2tik urrun, oso urrun.

Nor da nor auzi honetan

Idazleak: Euskal Herria lurralde emankorra da literatura sortzaileei dagokionez, molde, adin eta estilo guztietakoak daude. Horietatik 285 Euskal Idazleen Elkartearen babespean bildu dira. Elkartearen zeregin nagusia euskal idazleen eskubide moral eta profesionalak defendatzea da. Liburugintzaren katebegi ahulena direla azpimarratu digu elkarteko presidente Tere Irastorzak, jasotzekotan liburuaren irabazien %10 besterik hartzen ez dutelako. Hori horrela, begi onez hartu dute kanona ezartzearen berria.

Liburuzainak: "Irakurle eta idazleen artean zubi-lana" egiten duten profesionalak Juarez liburuzainaren esanetan. Hego Euskal Herrian liburutegi bakoitzeko liburuzain bat dago batez beste (1'26 EAEn eta 0'85 Nafarroan), estatistiken arabera. Espainiako Hezkuntza Ministerioak orain lau urte kaleratu zuen txostenaren arabera, 2000 urtean Hego Euskal Herrian 379 liburutegi publiko zeuden (10 urte lehenago, 214). Biztanleko Estatuko batez bestekoa baino liburu gehiago zituzten gureek: 1'26 EAEn eta 1'67 Nafarroan. Kanonaren kontra, erabat.

Egile eskubideen kudeatzaileak: Estatuko Egile eta Editoreen Elkartea (SGAE) da ezagunena. Irabazi asmorik gabeko elkarte honek bere bazkideen (77.000 Espainiako Estatuan) sormen-lanen egile eskubideak kudeatzen ditu. Egilea ez den norbaitek lan hori erabiltzekotan, elkarteak zerga ezarriko dio. Erabili gabeko CDei eta DVDei ezarritako kanonarengatik ia bost milioi euro irabazi omen zituen 2004an. Bestalde, CEDRO (Eskubide Erreprografikoen Espainiako Zentroa) Espainiako Estatuan idazleen, itzultzaileen, kazetarien eta argitaratzaileen jabetza intelektualaren eskubideak era kolektiboan defendatzen eta kudeatzen dituen elkartea da. Kanonaren alde.

Editoreak: Argitaletxeetako profesionalak, horietako 20 bat Euskal Editoreen Elkartearen baitan bildu dira. Elkarteak euskarazko liburuen produkzioaren alde egiten du lan eta oraindik ez du kanona ezartzearen inguruko jarrera bateraturik adostu.


ASTEKARIA
2005eko martxoaren 20a
Azoka
Azkenak
Zestoako Gaztetxearen desalojoa geratzea lortu dute

Uztailaren 19an, 8:00etan zegoen gaztetxea husteko agindua emanda. Momentuz, lortu dute desalojoa atzera botatzea. Zestoako Gazte Asanbladak Bilboko Aresti Zentro Sozialistaren desaloa jasan zutenei elkartasun osoa adierazi die.


Yael Braun-Pivet izango da berriz Frantziako Asanbleako lehendakaria

Frantziako Asanbleak Yael Brau-Pivet hautatu du legebiltzarreko presidente. Lehia aurreikusten zen FHB eta Macronisten artean, eta azkenean, gutxigatik bada ere, lehendakariaren alderdikoak gailendu dira.


Margolan figuratibo zaharrena

Sulawesi (Indonesia) uhartearen hegoaldean, Leang Karampuang kobazuloan hiru irudi antropomorfoz eta basurde batez osatutako margolana aurkitu dute Griffith eta Southern Cross unibertsitateetako eta Indonesiako Agentzia Nazionaleko arkeologoek. Nature aldizkarian argitaratutako... [+]


Leonard Peltierren ihes ukatua

Lompoc (Kalifornia, AEB), 1979ko uztailaren 20a. Leonard Peltier ekintzaile indigenak eta beste bi presok espetxe federaletik ihes egin zuten. Iheskideetako bat kartzelaren kanpoaldean bertan tirokatuta hil zuten; bestea ordu eta erdi geroago atzeman zuten handik milia batera... [+]


Adin txikiko neska baten erasotzaileari jarritako epaia salatu du Gasteziko Mugimendu Feministak

Gasteizko adin txikiko neska bati sexu erasoa egin zion adin txikiko mutil batek, 2023ko ekainean. Gasteizko Mugimendu Feministak ez ditu bidezkoak ikusten epaileak erasotzaileari ezarri dizkion neurriak. Uste du erasoa jasan duenaren birbiktimizazioa bultzatzen dutela... [+]


Donostiako udaltzainek Parte Zaharreko hainbat gazte “jipoitu eta zauritu” dituztela salatu dute

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) salatu du Donostiako Udaltzaingoak auzoko hainbat gazteren aurka astelehen gauean egindakoa: “Auzoko hainbat gazte futbolean jokatzen ari ziren Trinitate enparantzan, Udaltzaingoa hurbildu eta mehatxuka guztiak identifikatzeko agindua... [+]


Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatu dute

401 aldeko boto eta 284 kontrako jaso ditu, baina gehiengoa lortu du 41 botogatik. Hurrengo bost urteetan berriro ere presidente izango da, popularren, sozialdemokraten, liberalen eta berdeen babesa jasota. EH Bilduk kontra bozkatu du, eta EAJk alde.


Hamabost urte beharko dira Gazako genozidioan Israelek sortutako 40 milioi tona hondakin jasotzeko

NBEren ikerketa baten arabera, lehertu gabeko artilleria, substantzia kaltegarriak eta palestinarren gorpuak daude hondakin artean. 50.000 bonba baino gehiago bota ditu Israelek urritik, eta 40 milioi tona hondakin sortu dituzte.


1.200 soldadu israeldarrek baino gehiagok egin dute beren buruaz beste azken 50 urteetan

Genozidioarekin lotutako suizidio ugari identifikatu dira, armada sionistak datuak ezkutatzen baditu ere.


Eguneraketa berriak daude