Josu Ortuondo: "Erreferenduma ez da oso legitimoa izan, onartu nezake, baina, zer aldatzen du horrek?"


2021eko uztailaren 28an
Josu Ortuondok ibilbide profesional oso oparoa dauka. Enpresa pribatuan aritu zeneko oroitzapen onak ditu. Baina, batez ere, politikan aritua da: «Politika lanen artean udaletxekoarekin geratuko nintzateke. Herritarrengandik hurbilena izanda, presio handia sortzen dizu. Alabaina, berotasun handiena berak ematen dizu. EITBko lanaz gomuta oso ona daukat, sorkuntzaren mundua zinez mundu bizia baita. Europako Parlamentua berriz, mundua behatzeko toki ezin aproposagoa da eta ilusioz ari naiz», adierazi digu berbaldiaren hasieran. Beste euro-parlamentariekin harremanak izan ditugu hizpide segidan: «Gauza bat da ezberdintasun ideologikoa eta besterik tratu pertsonala. Bigarrena zuzena izaten da. Batzuekin hurbiltasun handiagoa duzu besteekin baino, eta txantxaren bat ere partekatzen dugu. Abertzaleen arteko harremanak onak dira. Gainerakoan, bereziki joera nazionalistako parlamentari kataluniar, galiziar edota andaluziarrekin adiskidantza bizia daukat».

Europako batasun politikoa urrun dago euskal herritarrengandik, ezta?
Ez bakarrik euskal herritarrengandik, oro har, Europako dinamikaren beraren ondorioz, urrun dago inongo herritar ororengandik. Baina arazo hau zuzentzen joango da astiro. Izan ere, lehen aldia da historian europar espazio bateratu politikoa eraikitzen ari garena, atxikimendu librean oinarrituta. Atxikimendu librean oinarritua denez, zaila da tokian tokiko herritarren ekimenen bidez egitea, hartara egileak buruzagiak dira eskuarki. Bestelakoan, historian ahalegin asko izan da baina denak inposatuak. Gogoratu ditzagun, besteak beste, Karlomagno, Napoleon, Hitler...

Hala ere, ez al da munduko interes geopolitiko eta makropolitikoei erantzuteko egitura, herritarren erakundea baino?
Bai noski! Horrela da. Baina ezin da herritarren mesederako erakunde politikorik eraiki mundua aintzat hartu gabe. Besterik pentsatzea, errakuntza, entelekia edo kimera litzateke. Herritarrok munduan bizi gara, munduan interes kontraesankorrak, tentsioak eta problemak daude. Europa herritarrekin eta munduarekin egin behar da, bien uztarketa da. Orain arte, Ikatza, Altzairua eta Erkidego Ekonomikoa erakundeek osatua izan da, hainbat arau eta itunekin. Orain laugarren erakundea integratzea falta da, Energia Atomikoarena. Europa ez da batua oraindik ere. Europako Batasun juridiko-politikoa eraikitzen ari gara eta horretarako Itunari oinarrizko eskubideak gehitu behar zaizkio, herritarren espazioa eraikitzea funtsezkoa delarik.

Itunak badira, akordioak dira beharrezkoak ordea. Espainiako Estatuko erreferendumean, Hego Euskal Herrian, herritarren %60 abstenitu egin da.
Abstentzio altua izan da, euskal herritarrek ez dutelako sentitzen Europako erabakiak euren botoaren araberakoak hartuak izango direnik. Hori da errealitatea. Etorkizunean joera hori zuzenduko delakoan ziur nago hala ere. Herritarrek oraindik honela pentsatzen dute: «Europan erabakiak estatuetako gobernuek hartzen dituzte». Beraz, axolarik ez. Oraintsu arte, egia da, Europako Parlamentuak gaien %30a estatuetako gobernuekin ebatzi du. Konstituziorako Itunarekin ordea, Parlamentuak erabakien %100a hartuko du. Hori aurrerapen demokratiko izugarria da.

Artean, zer ekar diezaioke Itunak estatu gabeko herriei?
Batez ere errespetua, baita espazio juridiko-politikoa lortzeko eskubideen bidea ere, estatuen eskubideez harago doan espazioa. Itunak edozein egitura instituzional eraikitzeko aukera ematen digu, eta hori PPk eta PSOEk -gobernuan dagoenetik apur bat aldatu dena- ez dute begi onez ikusten. Adibidez, gure Estatutu Berrirako Proposamena legez kanpokoa dela zabaldu dute alderdi biek Europan. Argudio hori erabili dute -erreferendumaren kanpainan- Ibarretxe geldiarazteko, eta gezurra da. Giscard d’Estaing-ek berak ezeztatu du gezur hori: «Konstituziorako Itunak ez du eskumenik horretan. Euskal arazoa Espainia edota Frantziako egituren barnean erabakiko dela» esan du. Itun honek ezin du estatuen egituretan erabaki, eta aldi berean, herritartasun europarra sortzen duenez, estatu gabeko herriei espazio juridikoa ematen digu, espazio espainolaz eta frantsesaz harago doana. Auzitegi batzuen bermea ematen digu, ez frantsesek edo espainolek osatua, pertsona anitzek osatua baizik.

Zein legitimitate dauka erreferendum honek horren parte-hartze apala izanda?
Galdera berebizikoa da, erreferendumeen legitimitatea zehazten duen araurik ez baita inon idatzia. Beraz, nik ez dut erantzunik. Garbi dago, erreferenduma loteslea izan ez denez gero, ez du Ituna legitimatuko, Espainiako Parlamentuak baizik. Erreferenduma ez dela oso legitimoa onartu nezake, baina, zer aldatzen du horrek?

Erreferendumari EAJren baietza ez al da gainerako abertzaleen kontrakarrean ipintzea?
Ez. Kontrakarrean ipintzea litzateke, ikusi izan bagenu Itunak egoera txartu egiten duela. Horrela balitz, Itunari ezetza emango geniokeen. Ordea, gure ikuspegi demokratiko nahiz nazionalistatik, baita herritarren ikuspegitik ere, Itun honek egungo egoera hobetzen du. Zergatik esango dugu ezetz? Idealena ez delako? Ituna bidearen bukaera dela ustea akats izugarria da. Hau ez da azkena, etorriko dira Itun berriak. Orain artekoa -Nizakoa deitua- baino hobeagoa al da? Bai. Orduan aurrera. Gauza bera gertatzen da Estatutu Berrirako Proposamenarekin. Honek Gernikako Estatutua hobetzen du? Bai. Bada aurrera. Hori al da guk nahiko genukeen guztia? Ez. Burujabetasunaren bidean harago doan Estatutua nahi dugu. 2005ean ordea, hau da lortu daitekeena.

Nola bizi izan duzu Ibarretxe Planaren onarpena Europako Parlamentutik?
Errespetu handiz, PPk eta PSOEko parlamentariek berau hiltzaileen botoekin onartu dela esan arren. Nik hauxe esan diet: «Zuen jarrera ez da zuzena ez demokratikoa. Hara -sozialistei bereziki- gobernuan zaudete, ba, hiltzaileak badira sartu itzazue espetxean». Ez, inola ere ez. Batasuneko kideak legebiltzarkideak dira, eskubide osoz. Aurrekontuak edota Lurzoruaren Legea errefusatzeko botoak behar dituztenean onak dira eta bestelakoetan hiltzaileak. Europako parlamentarien gehiengoak irtenbide demokratikoa Estatutu Berriaren bidean ikusten du eta auzia Espainiako Estatuaren baitan ebatzi behar dela.

Apur bat atzera eginez: Ibarretxe Planari Batasunaren baietzak EAJ tokiz kanpo utzi zuela esan da.
EAJko sektore txiki bat, baliteke. Nik zerbait gertatzea espero nuen, ordea. Ez dut orain esaten. Bozketaren bezperan esan nuen Deustuko Batzokian.

Orduan zu ez zara EAJn urduri ipini omen zen sektoreko kidea.
Urduri zergatik? Baten bat lekuz kanpo geratu zela? Bai. Ni ez. Aste bat lehenago Egibarri esan nion: "Joseba, plana onartua izan daiteke".


Nola ikusten duzu EAJ datorren legealdiaren aurrean?
Erabat seguru eta ausart. Legebiltzarrean onartutako Estatutu Berria bururaino eramateko prest. 2001ean proiektu hau -tren baten modukoa- aurkeztu genion gizarteari eta bertan joateko billetea eman ere. Trenak helmuga bat dauka, bidaia berean jarraitzen dugu beti ere.

Baina trena bultzatu behar da. Erritmoak eta epeek berealdiko funtsa dute. Kexu den jendea badago. Ibarretxe lehendakariak, berriz ere, erreferenduma egin ahal izateko EAJ-EAk eserlekuen gehiengoa erdiestea funtsezko jotzen du datozen hauteskundeetan. Erreferenduma aurreko legealdian burutuko zela agindu zuen Ibarretxek…
Estatutu berriaren testua onartu da eta ez da gutxi alajaina. Hasteko, testua Espainiako Kongresuan izan zen, eta Ibarretxek agerraldi distiratsua egin zuen, Europan goi-mailako kalifikazioa jaso duena. Espainiako Estatuan aro demokratikoan izan den eztabaidarik onena. Besterik da azken emaitza. Erreferenduma? Hauteskundeak erreferendumaren aurre-saioa izango dira.


Batasuna hauteskundeetan ez egoteak beste alderdien emaitzetan ondorio onuragarriak izan omen ditzake. Nola ikusten duzu afera?
Guk gauza guztien gainetik aukera guztien parte-hartzea defendatzen dugu. Alderdien Legearen aurka gara su eta gar. Batasuna ez egotea PP eta PSOEri interesatzen zaie batez ere. Haiek guri komeni zaigula diote. Baina, ez. 2001eko hauteskundeetako emaitzak kontuan hartzen baditugu, Batasunaren botoak kenduta, PP eta PSOE dira hobekien paratuta ateratzen direnak. Hor dago koska!

Ibarretxe Planak balio al du euskal arazoa gainditzeko? Alderdien arteko mahaia osatzea aipatzen ari da. Batasuna Legebiltzarrean ez badago...
Guk Batasuna Legebiltzarrean egotea eta mahaia osatu dadin nahi dugu. Azken lau urteetan Batasunak parte hartu du eta segi dezan nahi dugu. Onartezina da gizarteko zati batek besteari bere proiektua inposa diezaion. Horrek ez du etorkizunik. Iragana ikusi besterik ez dago.

Zapatero jabetu ote da horretaz? Nola ikusten duzu estatu buru bezala?
Zapatero arazoaz kontzientea da. Beste gauza bat da zein irtenbide eman nahi dion. Zapaterok Estatutu Berria errefusatua izatea nahi zuen. Legebiltzarrak atzera bota ostean «herriaren ordezkaritza demokratikoak uko egin dio» esango zuen. Batasunaren sostenguak bai harritu zuela Zapatero. Zapaterok Batasunaren erabateko ezetza nahi zuen lehenik, Kataluniako Parlament-ek bere Estatutua onartu zezan gero, ondoren Kataluniarako Estatutua guri eskaintzeko. Eskuduntza bereko Estatutua, noski.

Zapaterok Batasuna kontuan hartu behar duela dirudi. Zer diozu Batasuna eta PSOEren arteko balizko harremanez?
Ez dakit zein den Batasunaren edota bere ingurukoen jarrera. Edonola ere, nik Aukera Guztiak kandidatura onartua izan dadin eta herritar guztien eskubideak onetsiak izan daitezen nahi nuke. Baina ez ditzatela gero eserlekuak hutsik utzi…

Haiek esan dutena hori da.
Hara, errespetu guztiarekin, onena beren lekua bete eta lanari ekitea litzateke denon onerako. Legebiltzarreko eztabaida politikoari beren ekarria egin beharko liokete. Legebiltzarrean herritar guztien ordezkaritzak presente egon behar du beti. Batasunak zer egin nahi duen ez dakit ordea. Hor dago koska! Abenduaren 30ak hiru Bai eta hiru Ez eman zituen. Baietzak erreferendumaren aukera bideratzeko eta ezetzak ez dituelako bere helburu guztiak betetzen. Ez nireak ezta EAJrenak ere! Nik Estatutu Berrian nazionalista baten helburu guztiak sartuko nituzke, baina gizarte honetan ez gara euskal nazionalistak bakarrik bizi. Gizarte anitza da, elkarbizitza eredua aurkitu behar dugu. Ezin da inposaketa bitartez bizi. Ez alde batekoena ez bestekoena. Konstituzionalistek honela diote: %51 %49ari inposatuko zaio? Orain alderantziz da: %49 %51ari inposatzen ari zaio. Ereduak ez du balio beraz.


Azkenak
Immigrazioa eta sindikatuak, eskubide unibertsalak ala porrot kolektiboa

Gabezia guztiekin ere, sindikatuek gizateriaren alde inoiz egon den beste edozein giza erakundek baino gehiago egin dute. Duintasunari, zintzotasunari, hezkuntzari, ongizate kolektiboari eta giza garapenari beste edozein pertsona-elkartek baino gehiago lagundu... [+]


Harri-jasotzea
Harri eskolek emandako bultzada

Harri-jasotzearen gorakada nabaritu da azken urteetan, batez ere emakumeen artean. Gazteek harri eskoletan ikasten dute kirolean esperientzia dutenengandik. Crossfit-a, sare sozialak eta telebista faktore garrantzitsuak izan dira kirolaren piztualdian, harri eskolekin batera... [+]


Kanboko Marieneko lurrak irauli dituzte ELB, Lurzaindia eta Ostia sareak

Maiatzaren 17an bertaratu eta barazkiak landatzeko hitzordua jarri diete herritarrei. Karia horretara egun osoko egitaraua osatu dute, Marieneako lurrak laborantzarako atxikiak izatearen alde.


Itzalaldiaren biharamunean, Espainiako Gobernuaren eta Red Eléctrica de Españaren arteko tirabirak dira nagusi

Pedro Sánchezek hornitzaile pribatuei eta Red Eléctrica de Españari egotzi die itzalaldiaren inguruko informazio gutxi eskaintzea, baina azken honek jakinarazi du "gutxi gorabehera" aurkitu dutela Iberiar penintsula osoko argindarra joatearen arrazoia... [+]


Homo erectusek hitz egiten zekiten?

Rudolf Botha hizkuntzalari hegoafrikarrak hipotesi bat bota berri du Homo erectus-i buruz: espezieak ahozko komunikazio moduren bat garatu zuen duela milioi bat urte baino gehiago. Homo sapiens-a da, dakigunez, hitz egiteko gai den espezie bakarra eta, beraz, hortik... [+]


Iraultza, iraultza baino lehen

Böblingen, Germaniako Erromatar Inperio Santua, 1525eko maiatzaren 12a. Georg Truchsess von Waldburgek Wurtembergeko nekazari matxinatuak mendean hartu zituen. Handik hiru egunera, maiatzaren 15ean Filipe Hessekoak eta Saxoniako dukeak bat egin zuten errebelde turingiarrak... [+]


2025-04-30 | Jon Torner Zabala
Aramu + AimarZ
Bizirik bada, musikaren berotasunagatik da

Aramu + AimarZ
Noiz: apirilaren 26an.
Non: Zumarragako Zelai-Arizti frontoi irekian.

---------------------------------------------------------

Udalaren webguneak dio: "Bide Bizia marka turistikoa eta izen bereko jaialdia Zumarragaren arima munduari erakusteko,... [+]


Gorputz hotsak
“Oso literala naizenez, marrazten dudana ulertzea gustatzen zait”

Irudimentsua eta umoretsua da, eta marraztea bere pasioa da. Oihan Iriarte Eletxigerrak (Bilbo, 2001) Autismoa eta biok (Txalaparta, 2025) liburu ilustratua sortu du autismoa ikusarazteko. Bere bizipenetatik abiatutako liburua da. Arte figuratiboaz baliatu da batez ere:... [+]


2025-04-30 | OlatuKoop sarea
Maiatzaren Lehenerako proposamen bat: lan desiragarriak eta burujabeak denontzat

Maiatzaren Lehenaren kari, bere gogoeta partekatu nahi izan du Olatukoop Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko sareak. Langileen egunari lotuta, lanaren izaeraren eta zentzuaren inguruko gogoeta egin dute, lan burujabe eta desiragarriak denontzako garatzeak gure bizitzak eta... [+]


2025-04-30 | Estitxu Eizagirre
Zer dezake udal batek makroberriztagarrien aurrean?

Bizitza ez-berriztagarriak filma ikusentzun zuten atzo 70 inguru lagunek Villabonan. Francisco Vaquero egilea bertan izan zen eta emanaldiaren ostean hitza hartu zuten herritarrek, kargu publiko batek eta egileak berak. Hainbat gai eta ikuspegi anitzak agertu ziren, baina... [+]


2025-04-30 | Sonia González
Zaurgarritasunaren tranpa

Zenbait urtetatik hona sarri entzuten dugun kontzeptua da zaurgarritasuna. Gaur gaurkoz, diskurtso politikoetan pertsona zaurgarriez aritzea ohikoa da. Seguru nago nik ere inoiz erabili dudala berba hori Bizilan.eus webgunean, eskubide laboralak eta prestazio sozialak azaltzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude