Itzaleko kulturgileen historia

  • Kulturaren itsasoa zabala da, zabala eta anitza. Baina historia beti erabili izan da norbere intereserako, arma garrantzitsuegia da zientzia hau. Emakumeak kulturaren itsaso horretan izan duen partehartzea, interesatuen enbatak estali izan du. Oraingo historialarien zeregina da laino ilun horiek haize freskoz uxatu eta emakume hauen historia azaltzea. Hemen adibide batzuk ipiniko ditugu, baina adibideak ez dira salbuespen izaten, ur tanta batzuk itsaso zabalean baizik.

2021eko uztailaren 28an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Euskal Herriko kulturaren historiografiari argazki bat egin eta begirada bat emanez gero, konturatuko gara irudi estatiko horretan badela zerbait azaltzen ez dena, edo beste modu batean esanda, pertsonaia garrantzitsu eta ospetsuak biltzen dituen tribuna horren atzean badira beste pertsona batzuk ezkutaturik. Badaude dirurik gabeko laborariak, kultura herrikoiaren piper eta gatza, badaude gatazka eta gerlatan galtzaile irten ziren sortzaileak, pentsaera ezberdina izanagatik isildu zituztenak eta badaude emakumeak, ohitura sozialen menpean, euren sormena etxe barruan utzi behar izan zutenak.

Emilianaren bide luzea

Gutako askok ez du jakingo Emiliana Zubeldia zein izan zen, ezta zer egin zuen ere. 1888an jaio zen Jaitzen, Nafarroan, baina urte gutxi zituela Iruñera aldatu zen bere familiarekin. Iruñea garai haietan berpizkunde musikal eta kulturalaren zurrunbiloan zegoen: txistularien banda, orfeoia edo Sarasateren udako kontzertuak dira horren lekuko. Emiliana familia "onekoa" zen, bere alabak modu egokian hezten saiatzen zen familia errespetatukoa, goi-burgesian moldatzeko kultura maila exijitzen zitzaion eta ez da zaila beraz, gure neskatilak musika ikasketak horregatik hasi zituela asmatzea. Lehenik Iruñeko Udal Musika Akademian ibili zen eta gero Madrilgo Kontserbatorioan.

XVIII. mendeko ilustrazioak aldaketak ekarri zituen emakume batzuentzat, familia aberatsetako emakumeentzat alajaina. Ordura arte emakumeak ez zuen kulturaren jabe egiteko eskubiderik, bere zeregina etxea eta familia ziren, emakumeak behe-mailako izakiak zirela uste zen, arrazoitzeko gaitasunik gabeak, adimena ez zen beraien izaera naturalean sartzen. Dena den, arlo publikoan emakumea "kultura" kontzeptuarekin bateraezina omen zen arren, pribatuan, marko mugatuan bada ere, emakume asko kulturaren hartzaile eta sortzaile izan ziren. Erdi Aroko unibertsitatean gizonezkoak bakarrik sar zitezkeen, elizgizon izatea ezinbestekoa baitzen horretarako, baina nobleziako emakumeek jauregi eta gazteluetako horma trinkoen barruan irakurmena eta idazmena jorratzen zuten eta musikagintzan ere ibiltzen ziren; komentuetan berriz, mojek latinezko irakurketa teologikoak burutzen zituzten. XV. mendeko Lizarran, emakumezko komunitate jakintsuena San Pedro auzoko juderian zegoen, emakume hauek hainbat hizkuntza zekizkiten: hebraiera, okzitaniera, euskara… Dueña izeneko judutar baten etxean, 24 liburu aurkitu zituzten, hauen artean garai haietako judutarren obra nagusiak: Pentateukoa eta Talmuda. Dueñak, liburuak etxean ezkutatzen zituen ordea, eta bere jakintza auzoko emakumeentzat eraiki zen "sinagoga txikian" lantzen zuen eta ez sinagoga nagusian.

Baina XVIII. mendetik, burgesia berrian eta baita aristokrazian ere, ikuspegi hori aldatuz joan zen, ilustrazioaren aterkipean, emakumeek sentimenduen mundu pribatuan autoritatea zutela onartu zen. Ikuspegi honek badu tranpa txiki bat noski, emakumearen kultura mailak, aristokraziaren ekitaldi eta ospakizunetan, senarra edo familia lotsagarri ez uzteko modukoa izan behar baitzuen bakarrik. Emakumearen kultur sorkuntzak, familian eta gizarte ohitura patriarkalean loturik jarraitzen zuen horrela, mundu publikoaren eta norbanakoaren eskubideetatik urrunegi.

Hegoak zabaldu zituen

Horrelako emakumea nahi zuen Iruñeko Zubeldia familiak bere alaba Emiliana: musikari bikaina bai, baina kristau ona bezala, bere familia eta senarraren esklabo. Tuterako kimiko batekin ezkondua eta ageriko kezkarik ez izateko bizimoduarekin, gure musikariak, familia burges batean pianoa jotzen zuen "señoritaren" ezaugarri guztiak zituen; baina oraindik ez zuen ama izan nahi, musikagintzan jarraitu nahi zuen eta Belle Epoque garaian Parisera joan zen ikastera. Erabaki honek bere senarra eta ingurukoekin betirako haustea ekarri zuen, bere anaiari egindako ezkutuko bisita motzak kentzen baditugu, ez zen inoiz gehiago Euskal Herrira itzuli.

1930eko hamarkadan Amerikarako jauzia eman zuen, bere iragana ezabatu eta bizitza berri bati ekiteko. Geroztik, bere izena ez da Iruñeko inongo bibliografian azaltzen, deserrotutako konpositore honek ez du kasik lekurik izan bere hiriko musikaren historian -etxetik alde egiteko erabakiaren ondorioak-. Baina Amerikan arrakasta ezagutu zuen, Brasilen, Rio de la Platako herrialdeetan, Habanan eta batez ere New York eta Mexikon, bizitza profesional meteoriko eta oparoa izan zuen Augusto Novaro mexikar musikari famatuaren ondoan. Euskal Herria ez zuen sekula ahaztu ordea, bere konposizioetan zortzikoak eta euskal kantu tradizionalak etengabe azaltzen ziren eta Amerikako euskaldunekin nahiz bertako euskal etxeekin elkarlanean jardun zuen denbora luzez. Izan ere, Emiliana abertzalea genuen, bere anai-arrebek gerra zibilean jasandako errepresioak sorturiko erremina zuen barnean, 60ko hamarkadan ETA sortu zenean ere ez zuen begi txarrez ikusi, Frankoren kontrako euskal borrokarekin bat egiten zuen seinale.

Emiliana Zubeldia 98 urterekin hil zen Hermosillon, Mexikon. Hogeita hamabost urte zituela hegoak zabaldu zituen eta baita hegan egin ere, baina gaur egunera arte ez da hemen bere hegaldiaren berri jakin. Orain berriz, enparantza, kale eta musika eskolek bere izena daramate, aldizkarietan azaldu izan da noiz edo noiz eta berari buruzko dokumentalik ere badago.

XX. mendeko bultzada

XX. mende hasieran emakumeen eskubideen aldeko borrokak bultzada handia izan zuen mundu guztian, mugimendu sufragistak eta lan arloko gatazkak dira horren lekuko. Olatu hark Euskal Herria ere zipriztindu zuen, baina bertoko egoerara moldaturiko feminismoa sortu zen hemen. Emakume Abertzale Batza garai hartako emakumezko euskal erakunde handienetakoa zen. Izaera katolikoa izanagatik, sorturiko beste emakume-talde katoliko askorekin egin bezala, Elizak feminismo aurrerakoiaren aurkako tresna moduan erabili zuela diote batzuek »Troyako zaldiarena alegia». Baina badago, talde hauetan emantzipaziorako jokabideak ikusten dituenik ere. Ez da, ordea, gure asmoa eztabaida honetan sartzea.

Nolanahi ere, abertzaletasun katolikoak eta urte haietan kaleratu zen Euskal-Esnaleak euskal emakumeei kultura garatzeko aukera bat eman zien. Euskararen aldeko aldizkari honek literatur lehiaketak eta hitzaldiak antolatzen zituen eta bertan hainbat emakumek parte hartu zuen: Marie Diharassarri, Maddi Ariztia izenez ezagunagoa, Ignazia Pradere edo Rufina Azkue bezalako idazleak aurkitzen ditugu hemen. Antzerkigintzan ere ezin dugu ahaztu Katariñe Eleizegi bezalako emakumea, Garbiñe obra idatziz arrakasta zer den ezagutu zuena.

Baina adibideak besterik ez dira hauek eta ez salbuespenak, historiografiaren akatsa izan da emakume ospetsuak salbuespen gisara azaltzea. Ez ziren bi, lau edo hamar izan, hamaika baizik. Renoko Unibertsitateko irakaslea den Linda Whitek eginiko ikerketa batek garbi utzi zuen hori. Bertan, XX. mendeko euskal emakume idazleak aztertzen ditu eta literaturan aritu ziren 121 emakume egon zirela dio, 43 gerra aurrean eta 78 gerra ostean, idazle kopuru osoaren %32. Pentsatzen dena baina askoz emakume gehiago aritu zen literaturgintzan, baina historiografiak gizonezkoak saritu izan ditu ia beti, eta emakumezkoak ez daude argazkirako tribuna gainean.

Kultura herrikoian, emakume bertsolaririk ba ote?

Garai bateko bertsolariak aipatzen ditugunean, guztion burura plaza eta tabernatan kantuan aritzen ziren gizonezko inprobisatzaileak datozkigu. Definizio motza da hori, motz inprobisazioaren aldetik, "bertso jarriak" bezala ezagutzen direnak ahazten baititugu, baina baita motz generoaren aldetik ere: ez dira gutxi bertsolari izandako emakumeak. Historian zehar emakumeek gehiago landu izan dituzte orain aipatu ditugun bertso jarriak, baina horrek badu bere zergatia, bertsoak jartzea, inprobisatzea baino askoz errazagoa baitzen garai haietako emakume batentzat, isilean egin daitekeen lana baita hori. Izan ere, gizartean gaizki ikusirik zegoen emakumea publiko aurrean inprobisatzen aritzea, egia esan, edozer ekintza publiko egitea ere gaizki ikusia zegoen, emakumea etxerako zen. Gauzak horrela, zenbat bertso anonimo idatziko ote zituzten Euskal Herriko emakumeek?

Negarra kantuz egin

Emakumeen bertsozaletasuna ez da herenegungoa ordea, XV. mendean jadanik hauek idatziriko bertsoak edo eresiak ditugu. Eresia hildakoei eginiko kantua zen, hiletetan eta belategietan erabiltzeko sortua. Erdi Aroko leinuen arteko borroketan eta zaldun giroan kokatu behar dira guregana iritsi zaizkigun eresia gehienak, oinaztar eta ganboatarren arteko desafioen eta 1448ko Arrasateko erreketaren ingurumarian. Ezagunak dira Sancha Ochoak bere senarra segada batean hil zutenean eginiko eresiak, baita Lasturko Miliaren heriotzarenak, bere ahizpak egin zizkion barruan zeraman haurra erditzerakoan hil zenean; ezagunak ere Olasoko kantua, aita hil dion gizonarekin ezkontzera doan alabarena edo Alosko Usoaren eresia, sasikume bat izan eta familiaren ohorea zikindu zuen emakumearena.

Hauek guztiak familia nobleetako emakumeak ziren, gaztelu eta dorreetan giltzapean egoten ziren horietakoak, baina kantu hauek garbi adierazten dute emakumeek orduan jasaten zuten egoera zein zen, nahiz eta maila sozial altukoak izan. Emakumeen morrontzak ez zuen mugarik, Bizkaiko Foruak debekatu egiten zien inor hiltzen zenean ilea edo aurpegia laztantzea eta "negarra kantuz egitea", mila marabediko isuna zen horren ordaineko zigorra.

Bertsolaritza modernoari ekarpena

Bilintxek zera kantatu zuen behin: "...dama bertsolari bat nola bazegoen/ zeiñak Euskalerrian parerik etzuen". Emakume bertsolari bat, noiz eta XIX. mende bete betean? Zein zen baina plazagizon guztien gainetik zegoen dama bertsolari hura? Bere izena eta sorlekua bakarrik dakizkigu: Hondarribiko Joxepa. Bilintxek Joxepari idatziriko bertsoak oso adierazgarriak dira, bertsotan aritzen ziren emakumeak bazeudela jakitera ematen baitigute. Horietako bi, Euskal Jaietako bertso lehiaketetan parte hartzen zuten Maria Etchegaray eta Marie Argain, azken honek 1895eko Ezpeletako lehiaketa irabazi zuen gainera.

Bertsolari sagak oso ezagunak dira eta horietako baten parte izan zen beste Joxepa bat, Joxepa Antoni Aranberri Petriarena, Xenpelar zenaren iloba. Joxepa Antonik txikitatik ikasketarako gogo handia erakutsi zuen, baina bertsotarako grina josteko tailer batean sortu zitzaion, bertan elkartzen ziren emakumeak kantuan aritzen ziren eta tarteka Xenpelar neskatoak bertsoak inprobisatzen zituen. Erronkak ere izan zituen, nahiz eta hauek bertso paperean izan, Errenteriako Enrique Elizetxeari adibidez erantzun zorrotza bota zion, honek neskatzarren kontrako bertso batzuk idatzi zituenean:

Ez nuben bada pentsamendurik
zuri bertsuak jartzeko,
bañan lagunak esan dirate
isilik ez egoteko;
motiborikan ez degu eman
zu horrela mintzatzeko,
ez diran gauzak esan dituzu
miña da minberatzeko.

Petriarenatarretan azkeneko bertsolaria 1943an hil zen, 78 urte zituela, minbiziak jota. Eta berarekin batera galdu ziren osabak idatziriko hainbat eta hainbat eskuizkribu, inork ez zuelako haiek guztiak jasotzen jakin.

Komentuetan moja bertsolariak ere aurkitzen ditugu, irakurtzekoak dira Aiako Sor Justina Aldalur eta Zarauzko Sor Niño Dios-ek idatzi zituztenak esaterako. Jostun taldeen artean edo komentu barrutan bertsoak egitea ohikoa zen beraz, non bestela? Azken urteetako Arozena edo Lujanbio bezalako plazandrerik kasik ez zegoen garai haietan, baina emakume bertsolariak bai, hori seguru.

Bizenta Mogel eta Elgezabal

Emakumeak, euskara eta kultura bat eginik lantzen ditugunean, ezin dezakegu inolaz ere herri honek eman duen idazle ezagun bat albora utzi, Bizenta Mogel dugu hau, mogeldarren kastari eutsiz, literatur ondare handia utzi zigun emakumea. Peru Abarka idatzi zuen Joan Antonioren iloba, Azkoitian jaio zen 1782an, baina aita medikua hil zenean osabarengana joan zen anaiarekin batera Markinara. Bertan ikasi zituzten ondo idazteko ikasi beharreko guztiak, osaba irakasle zutela, noski.

1804an, orain 200 urte justu, eta osaba hil zen urte berean, kaleratu zuen Bizentak bere lehen liburua, Ipui onac izenburupean. Hizkera eta joskeran mogeldarren ukitua duen obra da, onarpen handia izan zuen hasiera hasieratik eta hainbat berrargitarapen egin zaizkio bi mende hauetan zehar. Ipuinak, euskaraz erdaraz bezain ongi idatzi zitezkeela erakutsi nahi zuen Bizenta Mogelek eta garai haietako alegia ezagunenak gure hizkuntzan jarri zituen horretarako. Beste moduko lanak ere egin zituen bere bizitzan, esaterako, gogoangarriak dira bere eskuz sortu zituen gabon kantak; urte haietan horrelako kantuak oso modan zeuden eta aditu batzuen ustez gaur egun ezagutzen dugun bertsolaritza klasikoaren "protobertsolaritza" ziren.

Euskal emakume idazle honek harridura eragin badu, bere lanetan erakutsi zuen emakume kontzientziagatik izan da, garai hartan guztiz ezohikoa baitzen hori. Bizenta Mogelek bazekien egiten ari zena ez zela ongi ikusia izango, bera bezalako neskatxa batek ezin zuela urrutira jo horrelako lanbide batetan. Baina hala ere ez zen kikildu eta horretan tematu zen; bere ingurukoen kritika, irain eta berak aitortu zuen bezala "zigor zaurigarrien" beldurrik ez zuela, idazteari ekin zion. Ipui Onac liburuaren sarreran esaten duena benetan kontuan hartzekoa da bere pentsaera ezagutzeko:

«...Badakit, entzunaz beste gabe, neskatx gazte baten izena dagoala itxatsirik liburutxo onen aurrean, jardungo dutela siñuka ez gutxik, diotela beren artean, iñoren lumaz janzi nai dutela bela txikiak; au da, besten bearrak artu nai ditudala neretzat: ez dagokiola neskatxa bati bururik ausitze liburugiñen: asko duela gorua, naiz jostorratza zuzen erabiltzea. Nolako arrotasuna berriz latiñezko izkuntzarekin liburu onen asmoa agertzea? Orretarako bear litzake jakitea Euskera, Gaztelania, eta Latinezko iru izkuntzak. Zein gauza sinisgaitza neskatxa batengan!...»

Gauza sinesgaitza bai, baina ez "neskatxa" honek liburu bikain hori idazteagatik, baizik eta liburua ezagutarazterakoan, emakumeari zegokion jardunari muzin egin eta bere burua benetako literaturagile bezala azaltzegatik. Bizentak ez zuen obra hura nahigabean idatzi, familiaren idazle giroan hezia zegoen eta bere kalitatearen eta jakinduriaren kontzientzia osoa zuen. Baina bazekien emakume izanagatik ez zuela beste idazleen famarik izango, ez zuela bere lumaz errespetu handirik irabaziko eta esaldi paregabe honekin adierazi zuen barruan zeraman uste hori: "Berdin arteak ez du emango sagarrik", arteak adar ederrak dituela baina...

Lehen emakume feminista euskaldunak
Madame d'Abbadie d'Arrast, ezkondu aurretik Marie Coulon izenez ezaguna, Parisen jaio zen 1837an eta handik 21 urtera Charles d'Abbadie d'Arrastekin ezkondu zen, famili ospetsuko hirugarren semearekin. Hala ere, semeetan ezagunena Antoine izan zen, lore-jokoak eta euskal festak antolatu zituen aditu eta mezenasa. Charles, Marie eta euren seme-alabek Baigorrin zuten Echauz gazteluan igarotzen zuten urtearen zati luze bat eta Parisen bestea. Ordutik hona, ziurtasunez jasotako berri bakarra Mariek argitaratutako Causeries sur le Pays Basque. La femme et l'enfant (Paris 1909) liburua zen (1). Gainontzekoa haren alaba Lisette-rekin edota Antoinen emaztearekin (Virginie Vincent de Saint-Bonnet-ekin) izandako errakuntza okerrak baino ez dira. Badakigu, ordea, Marie Coulon protestantea zela eta horrek zenbait arazo eragin zizkiola bere senarraren familiarekin, seme-alabak ere protestantismoan hezi baitzituen. Frantziako Emakumeen Kontseilu Nazionalak (CNFF) eta Emakumeen Eskubideen aldeko Belgikako Ligak antolatutako Frantzia eta Belgikako lehen Kongresu feministetan parte hartu zuen, izan ere, CNFFeko kidea baitzen. Emakumeen sufragio eskubidea defendatzen zuen. Askatutako Emakumeen Patronatuaren Obra taldeko Idazkari Nagusia izan zen; taldeak espetxeratutako emakumeak bisitatzen zituen eta haietaz arduratzen zen kartzela utzi ondorenean. Era berean, alkoholismoak emakumeengan dituen eragin kaltegarrien aurka ziharduten zenbait taldetan lan egin zuen. Finean, emakumeen eskubideen aktibista sutsua izan zen eta emakumeen gizarteko egoera hobetzeko borroka egin zuen. Hainbat eta hainbat egunkari eta aldizkaritan idatzi zuen, gehienetan emakumeekin zerikusia zuten gaien inguruan, gerora Lisette haren alabak egingo zuen moduan.

Ama zein alabaren iritziz, biziki garrantzitsua zen emakumeek indar fisiko handia izatea; horretarako, gimnasia egiten zuten egunero eta Euskal Herriko mendiak oinez zeharkatu zituzten. Horrela, hainbat txokotako biztanleak ezagutu zituzten, baita haien bizimodu eta ohiturak ere, gerora horrenbeste idazki eta liburutan islatuko zituztenak. Emakume euskaldunek bazituzten eurek hainbeste estimatzen zituzten indar fisikoa, kemena eta adorea. Ama-alaben ustez, jatorrian gizon-emakumeak berdinak izan omen ziren, emakumeek mendez mende inoiz berreskuratu beharreko indarra galdu zuten arren. Halako emakume euskaldunak "Eskualdun Emazteki Azcarrak" ziren Marieren hitzetan. Horietako bat Erausoko Katalin bera zen, haren indar fisikoa, gorputz erresistentzia eta energia zirela eta, Mariek liburu orotan eredu gisa azaltzen zuena. Gogora dezagun orduko gizartearen emakume eredua andere tisiko, zurrun eta ahularena zela.

Lisette d'Abbadie d'Arrast, Pauen jaioa 1859an, Echauzen zendu zen 1902an. Hortaz, 43 urte zituenean. Ezkongabe. Bizitza emakumeen eta justizia sozialaren aldeko borrokan eman zuen. Urte bete lehenago Charles aita hil zen, hau ere Echauzen. Marie, ordea, 1913an hil zen, eta senarra eta alaba tartean hil bazitzaizkion ere, bere militantzia sekula ez zen eten. Ondorioz, esan genezake lehen emakume feminista euskaldunak izan zirela Marie eta Lisette d'Abbadie d'Arrast.

(1).- Auñamendi argitaletxeak 1959an gaztelaniaz argitara emana: Charlas sobre el Pais Vasco. La mujer y el niño (Euskal Herriari buruzko solasaldiak. Emaztea eta umea).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Foruen galera
Ez bakerik eta ez forurik Muñagorrirentzat

Eratsun (Nafarroa), 1841eko urriaren 14a. Jose Antonio Muñagorri “Bakea eta Foruak” mugimenduko bultzatzaile nagusia hil zuen Ramon Elorrio Soroeta txapelgorrien tenienteak. Duela 160 urte Euskal Herrian bizi zen giro politikoan barrena bidaiatu dugu.


Katalanismo eta euskaltzaletasun politikoen arteko begiradak (1876-1919)
Eusko-katalanismoaz Gregorio Balparda bilbotar politikariak Errores del nacionalismo vasco (1918) idatzi zuen, mugimendu politiko egituratua gorpuzturik zelakoan. Liburuko atal baten izenburua aski adierazgarria dugu: Del bizcaitarrismo fenicio al catalanista y judaico. Bere... [+]

Konstituzio Foraletik (1808) Autonomia Estatutura (1919): «Euskal Estatua, batua eta hirukoitza»
Izenburuan aipatzen den definizioa, ez da nik asmatua, XIX. mendean barrena pentsatua eta adierazia baizik: R. Ford bidaiari ingelesak 1830ean aipatu zuen lehendabizi, eta ondoren Becerro de Bengoa arabarrak, 1876an, foruen oinarrizko administrazio publikoaren aurkako legearen... [+]

Soldadutzari ez 1847ko Tafallan
Tafallako karriketan barna paseoan, jai nagusien osteko isiltasunaren babesean eta denboraren zurrunbiloan bidaiari, badirudi oraindik senti daitekeela Lau Izkinetan bilduriko hainbat gazteren haserrearen oihartzuna edo Errekoletak Komentuaren parean labana baten sastada,... [+]

Foruen monumentua: Ehun urte foru jauregiari gibela emanda
Gamazo Espainiako Ogasun ministroak prestatutako zerga-sistemaren aldaketak hautsak harrotu zituen Nafarroan 1893. urtean. Foruen aurkako neurria zela-eta, herritarrak zein erakundeak altxatu ziren. Gamazadaren (altxamenduaren) ondoren, foruen aldeko monumentua eraikitzen hasi... [+]

Sabino Aranaren itzala bere heriotzaren mendeurrenean
Ehun urte beteko dira datorren azaroaren 25ean Sabino Arana Goiri hil zela. Espainiako historiografiak gogor kritikatua, euskal nazionalismotik ere ez omen du merezitako errekonozimendua jaso. Arana bere testuinguru historikoan kokatuta aztertu nahi izan dugu mahai-inguru... [+]

Pablo Antoñana: «Idazle izateko sekretu bakarra dago: asko idatzi, eta idatzitako dena erre»
Iruñean, San Frantzisko plazako etxean hartu gaitu Antoñanak. «Ordena eta txukunkeria irudimenik ez duen jendearen kontuak dira» esanda sartu gaitu bere liburutegian.Argazkien eran oroimenean geratu zaizkion gerrako irudiak erakutsi dizkigu. Sekretario... [+]

150 urte Santa Kruz apaiz gerrillaria atxilotu eta... ihes egin zuela

1870eko urriaren 6an guardia zibilak Hernialdera atxilotzera joan zitzaizkionean, sotana kendu eta kaleko arropa jantzi zuen ihes egiteko. Horrekin, gerrillariaren “mitoa” hasi zela diote adituek. Hernialdeko udaletxean erakusketa jarri dute efemeridea probestuz.


Jose Mari Iparragirreren 200. urteurrena
Hamar eszena Iparragirreren ‘biopic’ bat filmatzeko

200 urte beteko dira abuztuan Jose Mari Iparragirre jaio zenetik eta haren bizitza kontatuko lukeen pelikula biografikorik gabe jarraitzen dugu, biopic baterako materiala soberan dagoen arren: gudari, kantari, seduktorearen historia dago, batetik, heroi nazional bihurtu zen... [+]


Gustave Flaubert Hondarribian
Kostaldeko herri suntsitu baten erretratua, turista berezi baten lumaz

Gustave Flaubertek gaztetan Euskal Herrian egindako bidaia ez da sobera ezaguna euskal irakurleentzat. Idazleak bere obra handiak izkiriatu aurretik, inguru hauetako zenbait herri ezagutu zituen eta hil ondoren publikatutako liburu batean jasota daude haren hainbat inpresio... [+]


‘Kontzertismoa’, beste behin

140 urte bete dira Kontzertu Ekonomikoa sortu zela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat. Euskal erakundeek garrantzi handiz ospatu dute teorian porrot baten emaitza dena, foruen abolizioaren ondoren, gure burujabetzaren azken hondar gisa hartu izan da zerga sistema berezia.


‘Kontzertismoa’, beste behin

140 urte bete dira Kontzertu Ekonomikoa sortu zela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat. Euskal erakundeek garrantzi handiz ospatu dute teorian porrot baten emaitza dena, foruen abolizioaren ondoren, gure burujabetzaren azken hondar gisa hartu izan da zerga sistema berezia.


2017-08-11 | Markel Ormazabal
Turismoaren festak

Ez hain antzina, hiru mende atzera gehienera, kostako herri baten ur territorialak kanoi baten tiramenaren arabera zehazten ziren: jaurtigaia noraino heldu, lehorretik harainokoa izango zen ur territoriala. Lurraldearen zedarritzeko, ordea, kanoia baino hobea da festa, eta hain... [+]


Ekonomia bertokiratzetik zonbiak hiltzerainoko planak dituzte Amikuzen otsailean

Amikuzeko Zabalik elkartearen otsail ostegunetako zita klasiko bihurtzeko bidean da. Aurten zer antolatu duten iragarri dute eta, gaien ugaritasuna eta gaurkotasuna ikusirik, emango dute zeresan franko.


Gasteiz 1813
Europaren etorkizuna erabaki zuen borrokaldia

Gasteizen edonork identifikatu dezake Andra Mari Zuriaren plazan dagoen monumentua. Bonapartistek orain 200 urte galdutako bataila oroitzen du. Nahitaezko irudia gidaliburu turistikoetan. Kale-izendegian ere presentzia nabaria duen jazoera da eta, hala ere, gasteiztarrek ez... [+]


Eguneraketa berriak daude