Argitalpenak


2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Odolaren
mintzoa
Fernando Aire Xalbador
Auspoa
311 orrialde
9 euro

Odolaren mintzoa berrituta

Bertsolaritzan zein euskal olerkian gailurtzat jo ohi den Fernando Aire Xalbador zenaren Odolaren mintzoa berrargitaratu du Auspoa argitaletxeak. Liburuaren hirugarren argitalpena da hauxe: aurrenekoa 1976ko azaroan plazaratu zen, Xalbador hil baino pixka bat lehentxeago. Bigarrena, berriz, 1989an. Denak agortu ziren, ordea, eta hirugarren honetan, presaren presaz 1976koan agertu ziren okerrak zuzentzeaz gainera, Urepeleko artzain eta bertsolari handiak etxean gorderik zituen beste bertso batzuk ere gehitu dizkiote, esate baterako Intxauspe diputatuarentzat egin zituenak, hil baino zortzi egun lehenago Antton Lantzirin urepeldarraren ezkon mezan kantatzeko prestatutakoak eta euskaldun gazteriaren egutegian argitaratzeko osatu zituenak.

Euskal Herria
Batzuen artean
Sua
132 orrialde
5,15 euro

Aezkoa, Xabi Otero argazkilariaren irudi miragarrietan

Euskal Herria aldizkariaren otsaila-martxoko zenbakia irakurtzen duenak makina bat ibilaldi zoragarri egin ditzake, irudimenarekin besterik ez bada ere. Aezkoako bazterretan galdu daiteke, adibidez, Xabi Otero argazkilariaren irudi miragarriak lagun dituela. Edota Bardeetan zehar ibili, Ernio mendiko gailurrera igo, Euskal Herrian zehar zut eta babesturik dauzkagun berrogeita hamar zuhaitz paregabeen berezitasunak ikuskatu, edota Laudion aurkitzen den euskal gastronomia museoa ezagutu. Eta horiez gain, Donostiatik, Iruñeatik, Gasteiztik zein Bilbotik gehiegi urrundu gabe, hiriburu hauetatik gertu dauden natur guneetara edota menditara egin daitezkeen ibilaldi politen berri ere jasoko du irakurleak.

BetiZuok... jolasteko!
Batzuen artean
Eitb, Baleuko, Ibaizabal
24 orrialde 5,59 euro

Haurrek ikas dezaten

EITBko Betizu Klubak bereziki gomendatzen duen aldizkaritxo honen bidez, hiruzpalau urte dauzkaten umeek hainbat gauzatxo egiten ikas dezakete. Adibidez, itxuraz berdinak diren bi marrazkien artean dauden aldeak aurkitzen, koloreak bereizten, bakarrik triste aurkitzen diren lagunak elkarrekin lotzen, Artik Jupirengana joateko hartu beharreko bidea erakusten, telebista saiotik hain ezagunak zaizkien irudien izenak osatu eta faltan sumatu duten letraren bat edo beste idazten, Obadelek eta Saturrek galdu duten pilota hartzeko zer egin behar duten atzamarrarekin adierazten, hainbat irudi kolore aproposekin margotzen, aldizkarian azaltzen diren untxiei azenario bana eman eta gero soberan zenbat gelditu diren asmatzen...

Aisia Biziz
Batzuen artean
Urtxintxa Eskola
54 orrialde
5 euro

Aisialdiaz gozatzeko aldizkaria

Urtxintxa Eskolak plazaratzen duen Aisia Biziz hiru hilabetekariak aisialdiaz gozatu ahal izateko eta gizartean dauden baliabideak deskubritzeko aukera eskaini nahi die irakurleei. Bide batez, aisialdian lan egiten dutenen hausnarketak eta esperientziak ere azaltzen ditu, horretan lan egiteko beharrezkoak diren trebakuntza ikastaroen berri emanaz. Aisia Bizizen azken zenbakian, aisialdiko formazioak duen garrantziari buruz galdetu diete Gipuzkoako Urtxintxa Eskolan lanean diharduten Joxe Jimenezi eta Agurtzane Etxeberriari, eta baita Bizkaiko EDE elkarteko boluntario eskolen koordinatzailea den Jose Felix Tomasi ere. Eta gero, aisialdiko hezkuntzaren labirintoan barna abiatzeko jakitea beharrezkoa den guztiaren berri ematen ahalegindu dira.

Txikiak baina bixkorrak
Iñaki Zubeldia
Ibaizabal
79 orrialde
7,80 euro

Donostian bizi diren galtzagorri horiek

Zortzi urtetik aurrerako irakurleentzat Iñaki Zubeldiak sortu duen Txikiak baina bixkorrak kontakizunean, Donostiako Alde Zaharreko Abuztuaren 31 kalean bizi diren galtzagorriei suertatuko zaizkien gertaerarik gogoangarrienen berri ematen da. Lan eta lan aritzeaz gain jostatzen ere ederki dakiten galtzagorri horietako bat da kontalaria. Igeldon hanka-hezurrak hautsi eta hilabete pasa behar izan zuen galtzagorri gazte horrek Gorriti jaunaren, emazte Mikaelaren eta alaba Amaiaren etxean. Denbora horretan irakurtzen eta idazten ikasiko du, eta bere sendatzaileak gizakion umeentzat galtzagorrien historia konta dezan eskatzen dionean, ezin izango dio eskariari uko egin.

Juan de Landa
José Miguel de Amezketa
Euskadiko Filmategia 261 or. / 12 euro

Juan de Landa zine aktore ospetsuari buruzko lana

1894an Mutrikun sortu zen Juan Pisón Pagoaga, Juan de Landa izenarekin euskal aktore batek gaur arte zinean sekula izan duen arrakastarik handiena lortu zuen gizona. XX. mendeko 30eko hamarkadan Ameriketara joan zen operan aritzeko asmotan, baina zine izar bihurtu zen eta hogeita zazpi urtez lanbide horretan jarraitu zuen. Jose Miguel de Amezketak haren gainean egindako liburu honetan bere bizitzaren nondik norakoak eta parte hartu zuen filmen zerrenda aurki daitezke, argazkiz aberasturik.

Réquiem para sordos
Jose Mari Esparza Zabalegi
Txalaparta
276 orrialde 14 euro

Jose Mari Esparzaren artikuluen bilduma

Hamalau urteetan etengabe agertu du bere iritzia Jose Mari Esparzak Euskal Herriko hainbat egunkaritan. Eta hain zuzen ere, iritzi artikulu horien arteko hautaketa eginez osatu du Réquiem para sordos liburua Altaffaylla Kultur Taldeko sortzaileetakoa eta Txalaparta argitaletxeko zuzendaria denak. Egin egunkarian »Garzon epailearen aginduz itxi zuten arte» plazaratutakoak datoz lehenengo, eta jarraian harrezkeroztik Garan eta Diario de Noticiasen argitaratutakoak. Ironia darien idazlan horietatik gehientsuenak Espainiako komunikabide indartsuenetatik espainolkeriaz euskal gatazkaren gainean pontifikatzen aritzen direnei zuzenduak baldin badira ere, Jose Mari Esparzak ez ditu, haatik, bere herritarren, eta are ezker abertzalearen, hainbat jarrera desegoki astindu gabe utzi. Navarra 1936. De la esperanza al terror, Un camino cortado, Jotas heréticas de Navarra, íAbajo las quintas! edota Tafallaren Historia liburuen egilearen ustez, gure herriari benetako bakea ekar diezaiokeen konponbidera iristeko, ikusgune erabat aldaezinak bazterrera utzi eta nolabait elkar ulertzen saiatu beharra dugu guztiok.


Azkenak
2025-03-21 | Iñaki Lasa Nuin
Ezegonkortasuna eta desoreka

Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]


2025-03-21 | Axier Lopez
‘Pikoletoak’ ere Euskal Herrian euskaraz

Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.


Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakadak hil zuen

Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]


Oier Sanjurjo
“D eredua bultzatzen eta ikastolen nortasuna zabaltzen ahaleginduko naiz”

Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari.  Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.


2025-03-21 | ARGIA
Ertzainen %20ak eta udaltzainen %30ak ez dute euskara-eskakizunik azken deialdian

ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.


Donostiako Birunda gune autogestionatua “ilegalki” hustu dute

Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


2025-03-21 | Euskal Irratiak
Iparraldeko euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea galduko du

Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]


Euskal Herriko Filosofia Zaleen Sarea eratzeko prozesua abian da

Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute. 


Duero ibaitik gora otsoa berriz ehizatzea onartu du Espainiako Kongresuak

PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


Eguneraketa berriak daude