Rafa Larreina: «Estatutu Berriaren onarpenak ETAren atentatuek baino askoz urduriago ipini du estatua»


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

EAko antolakuntza lana hizpide abiatu dugu solasaldia: «Funtzionatzen duen alderdi bat antolatzea oso konplikatua da. Gure iragan berrian alderdi asko sortu da, baina gutxik iraun du. EA da salbuespena, proiektu politiko garbia delako. 18 urte daramagu. Sozialdemokratak gara definizioz eta praktikaz. Militantzia zabala dugu. Euskal Herriko lurralde guztietako zinegotzien kopuru altuak ondo baino hobeto adierazten du hori. Gure hautesleak garbi dauka hori guztia» diosku Larreinak. EAJri bidea zuzendu edota ohea egiten dion alderdia ez ote den inpresioa azaldu diogu alabaina: «Herri normalizatu batean, alderdi eskuin kontserbadorea, aurrerakoia eta ezkerreko erradikala behar dira. Gure herriak ere normala izan behar du. EA alderdi aurrerakoia eta sozialdemokrata da, EAJtik ezberdina. EAJri bidea zuzendu baino seinalatu egiten diogu, bereziki subiranotasunaren bidea. Herri normalizatuetan aliantzak klabe ideologikoan egiten dira, gurean, tamalez, horrela ez denez, klabe nazionalean egiten dira. Horregatik, berriz ere, EAJrekin koalizioan joango gara hauteskundeetara. Oso garrantzizkoa da legealdi honetan helburu genuen jokaleku subirano zalea gauzatzea. Marko juridiko-politiko berrian lurraldetasuna eta subiranotasuna finkatu behar ditugu. EAk bi uhal ditu eskutan, batekin EAJ subiranotasun bidean ziztatu nahi du, eta bestearekin Batasuna politikaren esparruan guztiz murgil dadin gidatu».

Europako Itunari baietza atera da Hegoaldean, abstentzioa %60 izaki. EAk ezetza eskatu zuen. Egiguzu balorazioa, arren.
Zerbait lortu dugu, ez nahi genuen guztia, baina Espainiako Estatuko erreferendumak Euskal Herriko gizartea ezberdina dela baieztatu du berriz ere. Hori baieztatzea garrantzitsua zen. Sasi-itun horrek Europako estatuen mugak bermatu nahi ditu-eta. Itunak ez gaitu herri diferentziatua, errealitate kultural eta soziologikoa bezala hartzen. Jakina, ezezkoaren aldekook diferentzia hori are gehiago nabarmendu nahi genuen. EAJk ohiko jarrera kontserbadorea agertu du ordea, gehiengoan kamuflatu da. Ezetzaren alde jokatu izan balu, ezetza irabazle atera zitekeen. Errealitatea hori da ordea.

Eusko Legebiltzarreko azken osoko bilkuran ez da lur-zoruaren legea onartu. 37/37 berdinketa izan zen. Zer diozu?
Lege honek berebiziko eragina du herritarren egunerokotasunean eta zoritxarrez lege berriak ez du aurrera egin. Guk onartzen dugu Legebiltzarraren erabakia. Ez dugu gehiengoa lortu, bada kito. EAk lege horien parametroak errealitate bihur daitezen lanean segituko du hala ere. Alabaina, 37/37 berdinketaren ostean badago mamia. Gatazka politikoak eragin du erabakian, alegia, alderdien arteko harreman normalizatu ezak. Hau bezalako legeak aurrera egin dezan normaltasun politikoa lortu behar dugu. Pasadizo argigarri bat kontatuko dizut: bozketa egiteko unean SAeko Alvarez eta Permach legebiltzarkideak falta ziren, errepidean gelditu zirelako elurra zela medio. Ganberan sartu ziren, txamarrak erantsi gabe eseri ziren, azken segundoan. Ikusi behar ziren PP eta PSE-EEko legebiltzarkideen aurpegiak. Serio eta kezkatuta izatetik irribarretsu izatera pasa ziren lipar batez. Legeak ia-ia aurrera egin zuen. PP eta PSE-EEren jarrera hipokrita da erabat. Aurreko bozketan Batasuneko botoak legez kanpokoak ziren eta Estatutu Berrirako testuen aldekoak zikindu gaituzte. Orain berriz, ez. Guk argi eta garbi diogu: Batasunaren botoak baliagarriak dira beti.

Estatutu Berrirako proposamenaren bozketan EAJko kideen aurpegiak aldatu omen ziren. Batasunak esan du planari sostengua emanda EAJ lekuz kanpo utzi zuela. EA berriz?
Guk Batasunaren sostengua desiratzen genuen, baina ez genuen uste hala gertatuko zenik. Testua onartzea garrantzizkoa zen eta poztu ginen. Gainera, hasierako testua biziki hobetu da, eta EAk eragin funtsezkoa izan du horretan. Testu sarrerako autodeterminazioaren aipamena testuaren barnera pasa da. Euskal Herriaren lurraldetasuna aipatzen duen artikulua zehaztu da, baita hobetu ere bere kontzepzio soziala. 38. artikuluan printzipio sozial eta ekonomikoak zehazten dira. Testua EAren zuzenketen bidez hobetu da. Hitz batez, testuak hasieran ez zuen izaera aurrerakoia dauka orain.

Hala ere, zuk nola ikusi duzu EAJ testua onartua izan ostean?
Testua onartu izanak EAJren asmoak aldarazi zituen, EAren ikuspegitik, onerako, noski. Testua Legebiltzarrean onartu izana mugarria eta aurrerapausoa izan zen etorkizunari begira. Gertatuak EAJ bide horretan bultzatu du. EArentzat EAJrekin koalizioan joateko eta izateko klabea hori da. Guk jokaleku politiko berria finkatu nahi dugu marko juridiko-politiko berria lortzeko, horretarako erreferenduma burutzea berebiziko konpromisoa delarik. Euskal gizarteari hitza eman behar zaio. Hori da koalizioa osatzearen arrazoia.

Jone Goirizelaiak Ibarretxe harago joateko prest antzeman du. Zuk?
Nik ere hori espero dut. Gure konpromisoa lehendakariarekin da. Lehendakariak EAren laguntza jasotzekotan koordenada eta klabe horietan izan behar duela badaki. Horregatik sostengatzen dugu Ibarretxe berriz ere lehendakari izateko.

EAJn baina, ba omen daude jarrera ezberdinak.
Eta horrek kezkatzen gaitu. Nahiz alderdi politiko bakoitza librea den bere estrategia ezartzeko, herri interesetik begiratuta iraganeko jarrerak oso ezkorrak dira. Ardanza lehendakariaren garaira itzultzea atzera egitea litzateke, eta guk aurrera egiteko politika egin nahi dugu. EAJ behartu behar dugu aurrera egitera eta bide horretan ere Batasunak egon behar du. Batasuna garrantzizkoa baita aurrera egiteko.

Legez kanpo dagoen bitartean zaila. Batasuna inoiz baino garbiago mintzatu dela esan duzu zuk.
Batasunak -Anoetako proposamenaren bidez- iraganean beste batzuek esan zutena baino gehiago esan du. Polimiliek biolentziaren estrategiari uko egin ziotenean EEk ez zuen horren garbi hitz egin. Aralarrek duela bi urte antzeko erabakia hartu zuenean, biolentzia une hartan ez zela komenigarria esan zuen. Tira, beste une batean komenigarria bada erabili daitekeela ulertu dezakegu. Batasunak bide politikoen aldeko apustu sendoa egin du eta oso serio kontuan hartu behar da. EAren ustez Batasunari beste batzuei eskatu zaiena baino gehiago eskatzen ari zaio. Gainera ez da alderdiek eskatua soilik, gizarteak eskatu du eta Batasunak kontuan hartu du.

Edonola ere ETAk jarraitzen du.
Bai. ETAk aspaldiko urtetan okerretik okerrera jarraitzen du. Eta ez badu gogoeta sakona egiten euskal gizartearen aurrean -eta bereziki abertzaleen aurrean- gero eta egoera konplikatuagoan egongo da. ETAk egin dezakeen zerbitzu onena euskal gizarteari kasu egitea da, hau da, biolentziari uztea. Ekimen armatuak Batasuna ahitzen du, baita euskal gizartea ere. ETA estrategia espainolistaren aldeko ekimen onena da. Ez dut esan gura hori nahi duela, baina praktikan horrela da. Edonola ere Batasunak denbora behar du. Guk horregatik konfiantza eman nahi diogu. Gure konpromisoa klabe abertzalean lan egitea da, instituzioetan nahiz Nazio Eztabaidagunean. Nahiz eta batzuentzat foroa arriskutsua izan eta mesfidantza sorrarazten duen, oso interesgarria da herri honentzat.

Nazio Eztabaidagunearen gainean EAko Martin Aranburu eta Iñaki Galdosekin aritu ginen ARGIAn. Modu ezberdinean baloratzen dute berau. EAn barruan denok ez duzue berdin ikusten.
EA alderdi anitza da eta ildo desberdinak daude. Alabaina, EAko Batzorde Eragileak norabide horren alde apustu egin du, alderdiaren gehiengoa alde dago. Zalantzak daudela? Jakina. Batasunarekiko sinesgarritasuna falta da. EAn presente dugu Lizarrako garaia. Hainbatek arriskua ikusten du Eztabaidagunean EAJ ez dagoelako. Sektore horren erreferentea -gutxiengoa- EAJ da. Alderdiko gehiengoaren erreferentea EA da, ordea. Gure proiektua garbia da, ez gara EAJ ez Batasuna, eta ez gaituzte bereganatuko.

Nola ikusten duzu datorren legealdia?
Erabakigarria izango da. Behin jokaleku politikoa finkatutakoan EAJ-EA koalizio garaia bukatutzat eman beharko dugu. Jarraian, lehentasun politikoak -klabe nazionalak baztertu gabe- klabe ideologikoan garatu beharko ditugu. EArentzat eraikuntza nazionala ez da marko politiko berrian bukatzen. Gure helburua independentzia da Europaren baitan. Beraz, subiranotasuna sendotzen den heinean jokaleku politikoa aldatzeko aukerak izango dira.

Alderdi abertzaleek Batasunak hauteskundeetan parte hartu behar duela diote. Nola ordea?
Erantzukizun handiena legez kanpo utzi duen legea bultzatu dutenena da, PP eta PSOErena. Artean, guztiok bitarteko guztiak jarri behar ditugu Batasunak parte har dezan. Baina faktore asko dago jokoan. Batasunak ere badu bere ardura.

Aukera batzuek etekina ateratzen omen diote egoerari. EAJ-EA koalizioak, kasu.
Ni ez naiz horren ziur. Duela 4 urte Mayor Orejak Batasuna legez kanpo utzi nahi izan zuen Legebiltzarreko gehiengoa lortzeko. Orduan Batasunak parte ez hartzea PP eta PSEren aldekoa zen. Datu objektiboak hartuta eta Dont Legea aplikatuz, Batasunaren eserleku gehienak haientzako izan daitezke. Baina, finean eta funtsean, eserlekuak lortzea ez da alderdien esku herritarren esku baizik.


Ibarretxek legealdi honetan erreferenduma egingo zuela agindu zuen. Ez da egin. Datorren legealdian bai?
Erabakitzeko legealdia izango da. EAk bere esku daukan guztia egingo du erreferenduma egiteko. Biolentziarik gabe beti ere.

ETAren biolentziarik gabe eta Konstituzioaren 8. artikuluak armadaren esku-hartzea baimentzen duena gabe?
ETArena gabe eta Espainiako armadaren tankeen mehatxu gabe.

Aukera hori aurreikusten al duzu?
Ez. Alderantziz. Nahiz eta Konstituzioak hori esan, estatuak ez ditu tankeak erabiliko. Horren lekuko bere urduritasuna da. Estatutu Berrirako testuaren onarpenak ETAren atentatuek baino askoz urduriago ipini du estatua. Espainiako Estatuak arazoa eremu politikoan duela daki, herritarren erabaki demokratikoei ezin diela uko egin, horrek ematen dio izua. horrek indar espainolistak urduri, histeriko eta argudio demokratikorik gabe jartzen ditu. Nahiz eta Konstituzioak ez dituen autodeterminazioa edo independentzia onartzen, herriak alderantziz esaten badu -Quebecen bezala- estatuak negoziatu beharko du irtenbide bat aurkitzeko.


Azkenak
2024-11-20 | Sustatu
Mastodonen oinarritutako Matx.eus sare soziala abiatu da, euskal kirolaz jarduteko

Matx, tokiko kirolaren sare soziala, atzo jarri zen martxan. Urte hasieran app mugikor gisa jaio ondoren, orain Mastodon azpiegituraren gainean berregina azaldu da. Tokikom tokiko hedabideen sareko kirol albisteen biltegi gisa ageri da webgunea orain nagusiki,... [+]


“Eskolako jangela orduetan gauza asko gertatzen da, ez da bakarrik jateko leku bat”

Bi ordu edo bi ordu eta erdiz haur eta gazte andana hartzen ditu jantokiaren tarteak eskoletan. Jateko, jolasteko eta elkarbizitzeko espazio horretan jantokiko arduradunak esku hartzeko dituen mugez, jarraitzen diren irizpideez, begiraleen rolaz eta duten formazioaz arituko... [+]


2024-11-19 | Leire Ibar
Langile bat hil da Petronorren konortea galdu ostean

Astelehen honetan zendu da langilea Muskizeko enpresan, mantentze lanak egiten zituen bitartean. Zerbitzu medikuek berehala esku hartu bazuten ere, ez zuten lortu suspertzea. UGT sindikatuak lan istripu honen arrazoiak ikertzea exijitu du.


2024-11-19 | Leire Ibar
Palestinako genozidioa salatuko du ikasturte honetan ere Gure Haurrak Ere Badira mugimenduak

Azaroak 20an, Haurren Nazioarteko Eguna, ikastetxe sarreretan krespoi belzdun bandera palestinarra eta bi zapata pare jartzea proposatu du hezkuntza arloko ekimen herritarrak. Azaroaren 30etik urtarrilaren 31ra bitartean haur palestinarrentzako elkartasun mezuak jaso eta ondoren... [+]


2024-11-19 | Leire Ibar
Ijito herria ikusarazteko programazio didaktiko bat prestatu du Hezkuntza Sailak

“Te Siklârel Romanipen” ikasketa plana prestatu dute Ijito Herriaren historia eta kultura Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan txertatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sortu du proiektua, EHUrekin eta Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearekin... [+]


2024-11-19 | Leire Ibar
Nafarroako Unibertsitate Publikoak Justizia Errestauratiboko Titulua eskainiko du 2025ean

Bitartekaritzaren eta pertsonen arteko komunikazio zuzenaren bidez, izaera penaleko gatazka bati konponbidea aurkitzea da Justizia Errestauratiboaren helburua. NUPek eskainiko duen prestakuntza 100 ordukoa izango da eta ikasleei titulazioaren gastuen %90 ordainduko zaie. 


2024-11-19 | Pau Lluc i Pérez
Hainbaten artean, bat

Vicent Andrés Estellés poetaren hitzak harturik, bat naiz hainbat eta hainbat kasuren artean, eta ez kasu bakan, arraro edo ezohiko bat. Zoritxarrez, ez. Hainbaten artean, bat. Zehazki, Europako Kontseiluaren arabera, eta ibilbide handiko beste erakunde batzuen... [+]


2024-11-19 | Jon Torner Zabala
Fermin Muguruza: “Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke”

Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]


2024-11-19 | Mikel Aramendi
G20ko protokoloa eta Txinaren lau marra gorri

Argazkia bai, ala argazkia ez? Oraintxe bertan, ez dago argi Rio de Janeiron hasi berri-berria den G20aren goi bileran argazkia izango ote dugun ala ez. Bertaratu diren agintari gorenen “familia-argazkia”, alegia. Horrelakoetan arauzkoa bihurtu dena: turista... [+]


‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


2024-11-19 | Gedar
Kartzelatik irtetean ematen zen diru-laguntza apurra desagerrarazi dute Espainiako Estatuan

Nafarroako Salhaketak jakinarazi duenez, laguntza hori ezinbestekoa zen preso egondako pertsonek "gutxieneko oinarri ekonomiko bat" eduki zezaten, "askatasunean bizitzen hastera igarotzean". 480 eurokoa baino ez zen subsidioa.


Jaurlaritzak pobreenak berriro lotu ditu iruzurrarekin, dirulaguntzetan salaketak egiteko postontzi anonimoa jarrita

Duin bizi ahal izateko prestazio ekonomikoa jasotzen dutenak lupapean ditu, berriro ere, Eusko Jaurlaritzak: postontzia jarri du martxan, herritarrek modu anonimoan “jardun irregularren edozein susmo” jakinarazi dezaten, eta Lanbideko Kontrol Unitatea indartu du,... [+]


Eguneraketa berriak daude