UPN-k euskarazko telebistak itzali nahi ditu

  • Ttipi-ttapa eta Xaloa dira Nafarroako euskarazko tokiko telebista bakarrak. Orain arte, telebista lokalen inguruko legislazioaren faltan, alegaltasunean funtzionatu dute, Espainiako gainerako kate lokal guztiek bezalaxe. Iaz Tokiko Telebista Digitalen Plan Teknikoa jarri zuen abian Madrilgo Gobernuak eta autonomia erkidegoen eskutan utzi, bakoitzak bere beharren arabera gara zezan. Nafarroako Gobernuak egindako garapenaren ondorioz, Nafarroako euskal eremuko udalerri guztiak telebista lokalaren zerbitzurik izateko aukerarik gabe gelditu dira eta euskara hutsez emititzen duten bi kate bakarrak ilegal izatera kondenatuak daude, instituzioek beste irtenbide bat eskaini ezean. Itzalaldi analogikoak Nafarroako euskarazko kateak ere itzaliko al ditu?

Orain arte ezagutu dugun telebista analogikoaren amaiera gainean da. Tokiko telebistak izango dira Espainian digitalerako jauzia egingo duten lehenak. 2004ko martxoaren 12an onartu eta abenduaren 3ko Errege Dekretuaren bidez aldatu zen Espainiako Tokiko telebista Digitalen Plan Teknikoak abian jarri du prozesua, eta 2008a hasi bezain pronto, estatuko telebista lokal guztiek digitalean emititu beharko dute. Eta horretarako, beste guztiek bezalaxe, Bortziriak, Baztan eta Malerrekan emititzen duten Ttipi-ttapa eta Xaloa telebistek ere emisio digitalera egokitu beharko dute. Baina Etxalar eta Elizondoko egoitzetan inbertsio digitala ez da kezka nagusia: aipatutako Plan Teknikoari esker etorkizuneko tokiko telebista digitalen mapa osatu dute eta euskarazko bi kate nafarrak kanpoan geratu dira.

Tokiko telebisten mapan tokirik ez

Jauzi digitala bideratzeko eta tokiko telebistak erregularizatzeko Plan Teknikoa iragan urteko martxoaren 12an onartu zen Errege Dekretu bidez. Planaren arabera, estatu osoan 266 eskualde edo demarkaziok izango zuten tokiko telebista digitalak garatzeko aukera. Eta eskualde bakoitzeko batez beste lau emisio frekuentzia erabiltzeko aukera zabaldu zen. Nafarroan, ordea, bost eskualde besterik ez ziren onartu (Iruñerria, Zangoza, Tafalla, Lizarra eta Tutera) eta horietako bakoitzeko lizentzia bakarra onartu zen, gainerako autonomietan batez beste lau onartu zirenean. Plana onartu eta hurrengo egunean, PSOEk Espainiako hauteskundeak irabazi eta Gobernu aldaketarekin batera, Plan Teknikoa ere aldatzea erabaki zuten. Irailean eskaera berriak egiteko epea zabaldu zen eta azaroaren 11n Nafarroako Parlamentuak Espainiako Industria Ministerioari gutxienez bi demarkazio berri (Sakana eta Bidasoaldea) eskatzea erabaki zuen. Abenduaren 3an lege berritua onartu zen. 15 eskualde berri onartu zituzten orduan, 281 osotara. Baina Nafarroak bere bost eskualde eta bost kontzesiorekin jarraitu zuen. Aldea izugarria da EAErekin alderatuz gero, esaterako: 15 eskualde eta 60 kontzesio. Nafarroako 225 udalerritatik 47 soilik daude onartutako eskualdeen barruan. Beraz, udalerrien %83ak ez du tokiko telebista digitalik izateko aukerarik. Populazioari dagokionez, %31 geratzen da kanpo (Andaluzia osoan, adibidez, %8a soilik bizi da aukeratutako eremutik kanpo). Nafarroako kasua are larriagoa da, eremu euskaldun guztia lizentziarik gabe geratu dela, eta lehenagotik dauden euskarazko bi kate lokalak lizentziarako aukerarik ez dutela kontuan hartuz gero.

Espainiako Industria Ministerioak epe berrian jasotako eskakizun berri guztiak onartu zirela jakinarazi zuen. Zergatik ez orduan Nafarroakoak? Nafarroa Bai-ko Uxue Barcosek egindako galderari erantzunez, Jose Montilla Industria ministroak eskakizunik ez zela egin erantzun zuen. Hortaz, Nafarroako Parlamentuak hala eskatuta ere, UPNko gobernuak, Francisco Iribarren Ogasun kontseilariak hain zuzen, ez zuen berau Madrila bideratu.

Kopuru mugatua, baldintzak ere bai

Legea Espainiako Gobernuak egin du, kasu honetan Industria Ministerioak, berak markatu ditu oinarrizko arauak, baina haren garapena autonomia erkidego bakoitzeko gobernuari dagokio. Nafarroako demarkazio eta kontzesio kopuru mugatuaz jardun dugu, baina kontzesio eskaera egin nahi dutenei ezarritako baldintzak ere berak ipini ditu. Nafarroako tokiko telebistek egunero gutxienez zortzi orduz emititu behar dute, astean 56 orduz, beraz. Barne produkziori dagokionez, 20 minutuko bi tarte besterik ez ditu eskatzen egunean (%10 baino gutxiago). Euskararen erabilera ez du eskatzen eta tokiko telebista kate nazional handien parte izatea edo ez, ez du aipatu ere egiten.

Alderatu dezagun Galizian ezarri duten baldintza agiriarekin: kate nazional batek ezin du tokiko telebistaren parte izan; barne ekoizpenak %60koa izan behar du, gutxienez; astean 32 ordukoa da emisio minimoa; eta galegoaren erabilera derrigortzen du.

Joxe Manuel Irigoien Ttipi-ttapa telebistako koordinatzailearen hitzetan, «bi telebista lokal eredu daude mahai gainean. Bata, tokiari errotuta dagoena, bertako agenteek bertako merkatuari egokituta ekoizten duten produktua. Bestea: komunikazio talde handiek publizitate lokala biltzeko helburuz sortzen dutena. Nahikoa eduki badute, entretenimendu saioak berdin-berdin egiten dituztelako Almeriarako edo Nafarroarako. Gu lehenengo taldean gaude eta Nafarroako Gobernuak bigarren ereduaren aldeko apustua egin du».

Gobernuak, bere erabakiak azaltzeko, tokiko telebistak kudeatzen dituzten enpresen bideragarritasunarekin kezkatuta dagoela azaldu du. Baina, «zortzi urtez biziraun badugu -dio Joseba Igarabide, Xaloa Telebistako zuzendariak- eta bideragarriak izan bagara, ez dago zertan pentsatu hemendik aurrera ez garela izanen».

Arrazoi teknikorik ere ezin da argudiatu lizentzien kopurua murritza izateko. Egun hamar tokiko telebista daude Nafarroan eta ez da inolako saturaziorik sortu espazio erradioelektrikoan. Are gutxiago etorkizunean, sistema digitalak seinalearen igorpena askoz ere zehatzago egiteko gaitasuna daukanean.

Zer zentzu dute orduan Nafarroako Gobernuaren erabakiek? Ttipi-ttapako Joxe Manuel Irigoienen ustez, «interes politiko eta ekonomikoak daude atzean. Baldintzak ikusita, kontzesioak kate eta talde handiek eskura ditzaten pentsatuta daudela dirudi. Eta zergatik kontzesio bakarra eskualdeko? Sortuko den berri horrek konpetentziarik izan ez dezan, merkatu publizitarioa lehian jar ez dadin». Xaloako zuzendaria bat dator, eta pasa den otsailaren 7an pentsatzen dutena agerian geratu zela dio. Data horretan telebista proiektu bakoitzak bere agiriak aurkezteko epea amaitu zen eta soilik bi eskaera iritsi ziren, biak Iruñerriko eskualderako, bata Diario de Navarra editatzen duen Información S.A. enpresak eskatua eta bestea Cadena Cope-ri lotua dagoen Popular TV-k. Gainerako lau eskualdeetan ez da proiektu bat bera ere aurkeztu.

Zentzugabekeria eta lege haustea

Xaloa eta Ttipi-ttapako arduradunek, Nafarroako Gobernuak Plan teknikoaz egin duen garapena zentzuzkoa ez dela salatu dute. Baina baita, parlamentuak azaroaren 11n erabaki bezala, eskakizun berriak Espainiako Gobernuari helarazi ez izana ere. Gainera Plan teknikoak Nafarroan izan duen garapenak legea hausten du hizkuntzari dagokionez, bai Eurokartak eta bai Euskararen Legeak berak euskarazko komunikabideak bermatzea eskatzen baitu.

Argudio horiek guztiak lagun, biak hala biak ahalegin guztiak egiten ari dira euren eskakizunak bidera eta entzun daitezen. Orain arte oposizioko talde parlamentario guztiekin bildu dira eta egunotan UPNko ordezkariekin biltzekoak dira. Eta badirudi orain arte guztiek bat egiten dutela Ttipi-ttapa eta Xaloako ordezkarien iritzi eta eskakizunekin. Hala utzi zuten agerian, bederen, EAk eskatuta Nafarroako parlamentuan otsailaren 15ean burututako lan saioan. Saio horretan bi kateetako ordezkariak eta euren emisio eremuko udal eta mankomunitateetako ordezkariak bildu ziren parlamentariei irtenbide bat eskatzeko. Xaloako Joseba Igarabidek azaldu duenez, «gogor egin genuen, erran genuen gure telebistek, filosofiaz, edukiz, betetzen zutela tokiko telebistek izan behar dutena eta hori zaindu beharreko gauza dela. Hitz politak entzun genituen, badirudi entzun gintuztela, gaia sentsibilitatez hartu zutela. Talde guztiek, UPNk barne, esan zuten zazpi demarkazioak lortzeko borrokatuko zutela, salbuespena egiteko eskatuko zitzaiola Espainiako Industria Ministerioari. Baina ez dakigu esandakotik zenbat egingo duten».

Bi irtenbide

Demarkaziorik gabe eta kontzesiorik lortu ezean, Xaloa eta Ttipi-ttapa telebistak ilegal izatera pasako lirateke. Orduan Nafarroako Gobernuak bi kateen itxiera agintzeko eskubidea izango luke. «Ez dut uste Guardia Zibila ixtera etorriko zaigunik -dio Irigoienek- ez baitiogu inori trabarik egiten. Baina itotzeko modu asko daude». Batetik, orain erabiltzen dituzten frekuentziak ez dira legez eurenak, eta frekuentzia aldatzera behar ditzakete. Bestetik, legaltasunetik kanpo egonda, diru-laguntza deialditik kanpo geratuko dira printzipioz. Igarabideren ustez, «Nafarroako Gobernuak ez du diru asko ematen, baina kopuru hori beharrezkoa dugu».

Hau guztia saihesteko bi alternatiba ikusten dituzte euskarazko bi kateetako arduradunek. Batetik, Espainiako Industria Ministerioak salbuespen gisa, demarkazio berriak onartu eta kateei euren eskaera egiteko epea zabaltzea. Beste irtenbidea orain arteko alegaltasun egoera 2008a arte luzatzea litzateke. 2008ko urtarrilaren lehenean, eskakizun berrietarako epea irekiko litzateke eta Xaloak eta Ttipi-ttapak hor izango lukete aukera. Aukera eta arriskua, ederki baitakite kontzesioen lehiaketa berri batean, euren ahalegin eta borroka guztiaren ondoren, kanpoko talde handi batek eurek nahi duten lizentzia eskura dezakeela.

Euren eguneroko lanean jarraitzen dute Xaloa eta Ttipi-ttapa telebistako langileek, Baztan, Malerreka eta Bortzirietako biztanleei eduki lokalak euskaraz eskaintzen. Eta euren egoerari irtenbidea aurki emango ote dioten zain. Joxe Manuel Irigoienek esan duen bezala, «Nafarroan, euskara tartean dela, ezin duzu inoiz jakin zer gertatuko den».

Konparazio mingarriak
Nafarroan legeak izan duen garapenaren zentzugabekeria are nabarmenagoa da Espainiako gainerako autonomiekin alderatuz gero. Osotara, 2004ko martxoaren 12an onartutako plan teknikoak 266 eskualde edo demarkazio onartu zituen. Gerora, joan den abenduko Errege Dekretuak beste 15 eskualde onartu zituen. Demarkazioko lau frekuentzia emango dira batez beste eta, hortaz, estatu osoan 1.000 lizentziatik gora banatuko dira. EAEn, esaterako, 15 demarkazio onartu dira eta 60 tokiko telebista izateko aukera dago. Nafarroan, aldiz, bost eskualde eta eskualde bakoitzeko kate bakarra onartuko dira.

Itzalaldi analogikoa
Telebista analogikoaren amaierak eta digitalaren etorrerak, eskaintza zabaltzeaz gain, interaktibitaterako aukera emango dio ikusleari. Lurreko Telebista Digitala finkatzeko orduan, Espainiako Gobernuak estatuko kate handietara jo baino lehen, tokiko telebistekin «froga» egitea erabaki du. 2008rako kate lokal guztiek digitalean emititu beharko dute, horretarako beharrezkoak diren inbertsio teknologikoak egin ondoren. Baina hartzaileak ere prest egon beharko du eta egun oso gutxi dira telebista prestatua edo dekodifikatzailea duten etxeak.

Ttipi-ttapa aldizkaria eta telebista
Ttipi-ttapa aldizkaria 1982an sortu zen. Ez zuen egitura profesionalik, ez publizitaterik, ezta harpidetza sistemarik ere. 1990ean egitura profesionala finkatu zen arte. Ttipi-ttapa Kultur Elkarteak kudeatu zuen aldizkaria, 1997an Ttipi-ttapa Fundazioa sortu zen arte. Fundazioak Kulturkari izeneko enpresa sortu zuen publizitate salmenta eta lan komertzialak egiteko.

Urte berean, 1997ko azaroan hasi ziren telebistako probako emisioak eta 1998ko ekainaren 15ean programazio erregularrari ekin zioten.

Egun 10 langile ari dira lanean Etxalarren duten egoitzan eta telebistako eta aldizkariko edukiak batera lantzen dituzte. Baina bi komunikabideek ez dute eremu bera hartzen. Telebistaren emisioa Bortziriak eta Malerrekara iristen da; aldizkariak berriz, Areso, Leitza, Arano, Goizueta, Sara, Azkaine, Senpere eta Baztan ere hartzen ditu.

Ttipi ttapa hamabostekariak 6.000 harpidedun ditu egun. Zonaldeko udaletatik, Eusko Jaurlaritzatik eta Nafarroako Gobernutik jasotzen dute aldizkarirako diru-laguntza. Baina Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaisten ari da azken urteotan: 1999an 7 milioi pezeta jaso zituzten eta iaz 18.000 euro, erdia baino gutxiago, beraz. Eta aurten euskarazko komunikabideetarako partida %25 murriztuko dela jakinarazi dute. Laguntzen bidez urteko aurrekontuaren %40 inguru betetzen dute eta gainerakoa publizitate salmentatik eta harpidetzatik jasotzen dute.

Telebistaren kasuan autofinantzazioa txikiagoa da. 145.000 euroko aurrekontua du eta erdia Nafarroako Gobernutik, Eusko Jaurlaritzatik eta Udalen laguntzatik dator; bakoitzak 20.000 eta 30.000 euro bitarteko kopurua ematen die. Antzeko kopurua lortzen dute publizitateari esker eta falta dena Fundazioak hasieratik osatu duen poltsari esker lortzen da.

Barne produkzioari esker batez beste hiru orduko programazioa betetzen du egunero Ttipi-ttapak. Beste hainbat saio beste tokiko telebista batzuekin egindako truketik datoz eta ETBri erositako produktuak ere emititzen dituzte.

Iaz egindako inbertsio teknologikoari esker emisio sistema automatizatua du Ttipi-ttapa Telebistak.

Orain eta gero
Plan Teknikoaren garapenak Nafarroan ez ditu soilik euskarazko tokiko kateak kaltetuko. Egun hamar telebista lokal daude Nafarroako Ikusentzunezko Kontseiluaren arabera: Popular televisión, TafallaTV, ValtierraTV, TeleCadreita, TeleCascante, PeraltaTV, CirboneraTV, MilagroTV, Xaloa eta Ttipi-ttapa. Eskualde banaketaren arabera gehienak kanpoan geratzen dira. Eskaerak egiteko epea amaituta, Tutera, Lizarra, Zangoza eta Tafallako eskualdeetarako ez da eskaera bat bera ere jaso. Soilik Iruñeko eskualderako aurkeztu dira bi eskaera. La información S.A. (Diario de Navarra argitaratzen duen enpresa) eta Popular TV (Cadena Cope-ri lotua) lehiatuko dira demarkazioko frekuentzia bakarra lortzeko.

Xaloa telebista
Baztan eta Malerrekan zabaltzen da Xaloa Telebistaren seinalea eta Elizondon du egoitza. 1997ko ekainean jarri zen martxan lehenengoz eta programazioa emititzen urte bereko urrian hasi ziren. Zortzi langilek eta hainbat kolaboratzailek dihardute bertan lanean eta horrek eguneko batez besteko hiru orduko programazioa ekoiztea ahalbidetzen du. Gainera, Ttipi-ttaparen kasuan bezala, Urdaibai, Goiena, Goierri, Mendaro eta Zarautz telebistekin duten elkarlanari esker, hainbat saio trukatzen dituzte. Eta denen artean ETBri erosten dizkioten saioei esker astean bost ordu emititzen dituzte. Programen errepikapenari esker eguneko 24 ordutan emititzen dute. Baina produkzio propioak du pisu gehien Xaloan.

Eguneroko ordubeteko albistegiaz gain (eguerdi eta arratsero eskaintzen dutena), Xaloak nekazaritzari eta kirolari eskainitako saioak ditu astero. Haurrei, zaharrei, emakumeei eta gazteei bideratutako saioak ere badituzte. Programazio finkoaz gain, ekitaldi bereziek ere (futbol edo pilota partidak, kontzertuak...) tokia dute euskarazko tokiko kate honetan.

Bortzirietako katean bezala, Xaloan ere emisio sistema automatizatua dute eta horrek programazioa ordenatu eta zehaztasunez emititzen laguntzen die.

Sortu zenetik hona Xaloa telebistaren urteko aurrekontuak gora egin du eta 180.000 eurotara iritsi izan da. Aurten zertxobait jaitsi da eta Joseba Igarabide zuzendariak dioenez «gerrako ekonomian sartu gara berriro». Diru-laguntzen kudeaketa moduak aurreikuspenak egitea galarazten diela dio; zenbat jasoko duten ez dute urte bukaera arte jakiten eta kopurua are beranduago iristen zaie. Instituzioek euskarazko telebista lokalen lana errekonozitu eta diru-laguntza sistema finkatzea eskertuko lukete, aurreikuspenak hobeto egin ahal izateko. Gainera euren emisio esparruko udal eta mankomunitateetatik jasotako laguntza murriztu egin da azken aldian.

Xaloa telebista jaio eta lehen hiru urtetan ez zuen batere diru-laguntzarik jaso. Publizitateari esker egin behar izan zuen aurrera. Egun Nafarroako Gobernutik, Eusko Jaurlaritzatik eta mankomunitate eta udalengandik jasotzen dituzten laguntzek aurrekontuaren %60 inguru ematen die eta gainerako %40 publizitate bidez eta baliabide propioei esker autofinantzatzen dute.


Azkenak
2024-08-02 | Euskal Irratiak
Euskarabentura, 160 gazte euskaldun bildu dituen “esperientzia izugarria”

Uztaila osoan barna Euskal Herria trabeskatu duen espedizioa burutu da jada. Euskal lurraldeko eta diasporako 160 gaztek parte hartu dute aurtengo edizioan, Atharratzetik Getxora.


Inaugurazio erromantiko-berantiarra

Musika Hamabostaldiak 85. edizioari hasiera eman dio, orkestra handi batekin eta inaugurazio baten mailako programarekin.


2024-08-02 | Axier Lopez
Lizarrako alkateak (UPN) Raimundo el Canastero taldea salatu du txosnen debekuaren aurkako abesti baten harira

Udaltzaingoak ostegunean deklaratzera deitu du Raimundo el Canastero taldeko abeslaria, Lizarrako jaietan txosnak debekatzearen aurka sareratu duten abestiagatik. Ondoren, aske utzi dute, baina ikerketak aurrera jarraituko du. Sarean zentsuraren aurkako eta elkartasun mezuak... [+]


Pablo González kazetaria aske utzi dute, Polonian bi urte eta erdi kargurik gabe espetxeratuta egon ondoren

2022ko otsailaren 28an atxilotu ondoren, aske utzi dute bere aurkako frogarik eta bistako epaiketarik gabe. Bizkaiko kazetariaren talde juridikoak informatu du “preso dauden hainbat kazetari libre uzteko” Errusiak eta Poloniak adostu duten trukeagatik geratu dela... [+]


413 milioi euroko isuna jarri diote Booking multinazionalari Espainian

Booking enpresa multinazionalari "nagusitasunezko posizioan bi abusu” egitea egotzi dio Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak. Batetik, Espainiako Estatuan dauden eta erreserben bitartekotza-zerbitzuak erabiltzen dituzten hotelei ekitatezkoak ez diren... [+]


Prep, GIBaren aurkako beste hesi bat

Estrategia eta neurri ugari daude GIB birusari aurre egiteko; horien artean Prep esposizio aurreko profilaxia. Birusarekiko esposizio arrisku handia dutenek eskatu dezakete.


Hamaseko buru politikoa hil dute Iranen, eta Israelek eskualde mailako gerra elikatzen jarraitzen du

Hamas, Iran eta beste hainbat eragilek Israeli egotzi diote erasoa, baina oraingoz ez du egiletza onartu. Horrez gain, Hezbollahko agintari garrantzitsu bat hil du Israelek asteazkenean Beiruten, eta ostegunean Israelgo Armadak ziurtatu du Hamaseko buru militarra hil zuela Gazan... [+]


Frantziak Marokorekin bat egin eta Mendebaldeko Sahararen gaineko soberania aitortu dio

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Marokoko Mohamed VI erregeari gutuna bidali dio babesa adierazteko.


Pistola faltsu batekin Donostian atxilotu duten pertsona migratzaile talde bat ari zen mehatxatzen

“Haiengana zuzendu eta haiei apuntatzen die”, informatu du Irutxuloko Hitzak. Astearte gaueko 21:30etan atxilotu zuten gizona, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.


Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako zentroari Gasteizko Urrezko Domina ematearen aurka mobilizatuko dira oroimenaren aldeko elkarteak

Abuztuaren 5ean emango dio domina zentroari Gasteizko Udalak, eta abuztuaren 2rako elkarretaratzea eta prentsaurrekoa deitu du Memoria Osoa plataformak. Martxoak 3 elkarteak salatu du “planteamendu diskriminatzailea” eta “irakurketa partziala” egiten... [+]


2024-08-01 | Sustatu
Zer egin Elon Musken Grok adimen artifiziala ez elikatzeko (aukeran)

Elon Musken proiektuen artean bada adimen artifizialeko bat ere, Grok, eta horretarako Musken jabetzako X edo Twittereeko erabiltzaileen jarduna ari dira baliatzen, LLM edo hizkuntza eredua handitzeko eta entrenatzeko. Izatez, Twitterreko zure ezarpenetan sistema hori... [+]


2024-08-01 | Gedar
Ehunka kolono sionista oldarka sartu dira presondegi batera, hainbat torturatzaile babesteko

Bederatzi militar sionista atxilotu dituzte, Sde Teimango kartzelan preso palestinar bati egindako torturengatik; besteak beste, metalezko barrak sartu zizkioten ipurtestetik. Kolono "zibilen" eta soldaduen protestak piztu dira torturatzaileekin elkartasunez, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude