jorge oteiza eskultore eta idazle ezagunaren inguruan makina bat lan egin da azken aldian. Maisuak arte adierazpen ugari landu zuen barreneko sentimenduak askatzeko eta orain, dantzara egokitu dituzte euskal artistaren ekarpen eta bizipenak. Hari horretatik tiraka dator Otehitzari biraka. Oteiza poliedriko eta polemikoaren obran murgildu eta maisuak landutako gaiak oinarri hartuta osatu dute ikuskizuna Kukaik eta Tanttakak. Kukaiko dantzarien esanetan, «Oteitzari biraka ez da obra biografiko bat, Oteizaren unibertsoaren eta lan poetikoaren azalpen bat baizik». Oteizak hezkuntzari, hizkuntzari eta aberriari buruz esandakoak jaso dituzte, Itziar emaztea hil zenean idatzitako poemak, haserre aldiak eta bizi-pozak. Eskultorearen unibertsoari eta atmosferari bide emateko hainbat lengoaia baliatu dituzte: dantza, musika, jantziak, eszenografia eta bideo-proiekzioa, besteak beste.
Mireia Gabilondok egin du zuzendari lana. Joxerra Gartziaren Itsasoan Euri liburua irakurtzen ari zela bururatu zitzaion bergarar antzezleari Jorge Oteiza taulara eramatea. Gartziaren liburuan Oteizaren pentsamendu honek piztu zion arreta: "Globalizazio hitza artean asmatzeko zegoela, inork baino lehenago aldarrikatu zuen Oteizak, geurea onartu, geurean sakontzea dugula unibertsal izateko bide bakarra". Joxe Angel Irigarayren laguntzaz Oteizaren iragana aztertu zuen sei hilabetean, euskal eskultorearen gaineko omenaldi dantzatua aurkezteko.
Oteizaren ideiekin dantzan
Goiburuak dioen bezala, Oteizaren hitzak dantzatu dituzte Kukaiko zazpi dantzariek; Jon eta Alain Maya, Urko Mitxelena, Ibon Huarte, Eneko Gil, Nerea Vesga eta Vanesa Castañok. Jon Mayak egin du koreografia eta horretarako, tradiziozko euskal dantzak izan ditu oinarrian. Oteizaren gogoetekin tartekatu eta horiek azaldu ditu. Ez da beraz, tradiziozko euskal dantzen ikuskizun bat, eta ikusleak dantzen moldaketak aurkituko ditu Otehitzari biraka lanean. Zati batean dantzak diren-direnean jaso dira ia, Gipuzkoako soinu zahar eta Durango aldeko erregelak, esaterako. Baina oro har, ohiturazko dantza kontestu berrietara eraman dute. Egungo aurreskulariak beti berdin dantzatzen direla kritikatu zuen Oteizak, eta horri erantzuteko, aurreskuaren hiru moldaketa egin dituzte, koreografia eta melodia ezberdinekin. Lehenengoan Oteiza sasoi betean dagoen unea islatzen da, bigarrenean Itziar emaztea hiltzen denekoa eta hirugarrenean artistaren bizitzako azken garaia. Baztango mutil-dantza, kaxarranka, banakoa, agurra, zortzikoa, Gipuzkoako soinu zaharrak eta erregelak daude; Zuberoako urratsak ere bai. Mayak esan digu, dantzak aukeratzerakoan halabeharrezko zenbait faktore eta gertakarik eragina izan dutela. Ez dok amairu taldearen ikuskizun bat esaterako, Otehitzari biraka ikuskizunean antzera hasten da. Kaxarrankan ere, Ibon Ugarte txapelarekin jolasten da. Oteizak askotan esan zuen txapela nola jarri, halakoa edo bestelakoa dela pertsona. Horri jarraiki asmatu zuten jolas hori. Gainerako dantzak, gehienetan, gidoiaren arabera bilatu dituzte.
Musika eta jantziak
Hasieran Iñaki Salvadorrek eta Mikel Laboak egindako kantu eta olerki bat entzungo dira eta bukaeran, Antton Valverdek eta Xabier Letek egindako beste bat. Gainerakoan, musika ere propio sortu dute dantzarako, Mikel Urdangarinek, Bingen Mendizabalek eta Rafa Ruedak. Dantzari eta gidoiari atxikitako musika da, nabarmendu gabe iradokizunari bide ematen diona. Biolina, gitarra, ahotsa eta elementu elektro-akustikoak urratsen erritmoaren mende. Irakurritako poesia zatiak ere tartekatu dituzte eta horretarako, Nestor Basterretxea, Pello Zabala eta Joxe Angel Irigarayren laguntza ere izan dute. Jantzietan, tradiziozko gona gorririk ez dugu aurkitu, baina ezta dantzatzen denaren harmonia haustera datorren soinekorik ere. Txapelarekin jolastuko dira dantzariak, abarketa beltzekin eta oin hutsik dantzatzen. Claude Iruretagoienak diseinatu ditu jantziak, sotilak, lirainak, unearen arabera koloreztatuak. Oro har kolore iluneko jantziak aukeratu ditu diseinatzaileak, baina haurtzaroko ideiei bide emateko, bi neskatila soineko zuriekin dantzatuko dira ilunpean dagoen agertokian, purutasunaren adierazgarri.
Arbela eta klariona
Otehitzari biraka Fernando Bernuések diseinaturiko eszenografian janzten da. Agertokiari giro ilun berezia emandio eta horretarako Oteizaren museoan nagusi diren bi elementu jaso ditu: arbelak eta klariona. Lan berrien zirriborroak egiteko erabiltzen zituen horiek maisuak eta horregatik ekarri ditu Bernuések ikuskizunera. Agertokiaren sakonean, klarionazko paretan Oteizaren bideo-proiekzioak jantziko du ikuskizuna. Haren irudiak, haren hitzek, aurpegi keinu eta algarek osoki inguratzen dute ikusleak begi aurrean duena. Mireia Gabilondok aukeratu ditu irudiak, ETBn eta Artelekun jasotako bideoetatik.
Muntaian esku hartu duten elementu guztiak ondo josita daude, elkarreraginean. Musika espresuki sortu dute dantzarako eta ikuskizunari batasuna eman dio horrek. Gainerakoan, agertokira atera eta dantzarien arteko irribarre eta elkar-hartzeek eman dute arreta.