Nola baloratuko du euskara etorkinak guk berea baloratzen ez badugu?


2021eko uztailaren 21ean
Unibertsitateko irakasleek, halaxe baitziren lehen eguneko lau hizlariak, herri hartzaileetako eta bidaltzaileetako egoerak aztertu zituzten. Europako herrialde hartzaileetan, iparraldeko herrialdeetan eta Herbehereetan nagusiki, etorkinen integraziorako irakaskuntzan aplikatzen diren baliabide eta esperientzien berri eman zuten. Urte askotako esperientzia dute herrialde hauetan, eta baliabide ugari bideratzen dituzte zeregin honetara, kultur eta hizkuntz aniztasuna aberastasun iturri den uste osoarekin, nahiz eta azken urteotako joerek asimilaziorako gogo handiagoa erakusten duten integraziorako baino. Zalantza bera agertu dute bai Suediako irakasleak eta baita Herbehereetakoak ere.

Herrialde bidaltzaileen ordezkari, Hector Muñoz, txiletarra, Mexikotik Amerikako Estatu Batuetarako emigrazioaren garrantziaz eta honen ondorio ekonomiko, politiko nahiz hizkuntzazkoaz aritu zen. Hizkuntzari dagokionean azpimarratzekoa da egin zuen adierazpena, alegia, emigrazio honen eraginez indigenen hizkuntzak, sorterrian azpiratuak eta gutxietsiak, biziberritzen ari direla jatorrizko lurraldetik kanpo, eta, ondorioz, baita jatorrizko lurraldeetan ere. Lanak eta bizimodua atera beharrak elkartuta, talde oso egituratuak eta dinamikoak sortu dira Amerikako Estatu Batuetan eta berauek dira hizkuntza indigenak sustatzen eta indartzen ari direnak.

Mohand Tilmatine amazight etniakoa (berberea), berriz, berbereen integrazioaz eta identitateaz aritu zen. Berbereak maiz arabiartzat hartzen dira Europan eta ez zaie aitortzen beren identitate eta hizkuntza, ezagutu ere ez dugu egiten askotan, eta arabiar klasikoko eskolak ematen dizkiegu beren ama-hizkuntza arabiera delakoan. Fenomeno bera beste kultura eta herrialde askotako etorkinekin ere gertatzen da, Hego Ameriketakoekin esaterako. Ekuadortik edota Boliviatik datozkigunak gaztelaniaz mintzo direla uste dugu eta, aldiz, ketxuaz edo aimaraz ari dira. Honek erakusten du zer nolako informazio falta daukagun datozkigun pertsona hauen jatorrizko hizkuntzaz.

Informazio zuzena izatea funtsezkotzat jo zuten bigarren eguneko hizlariek ere, Kataluniatik etorriak asko, eta, berriro ere, hizlari trebeak bezain didaktikoak direla erakutsi digutenek.

Artur Noguerol irakasleak integrazioaren bidean eskolak duen zeregin garrantzitsua azpimarratu zuen eta integrazioa etorkinari bertako hizkuntza irakastea ez ezik, bertakook beraien hizkuntzak ikastea ere badela adierazi zuen. Eta hiztun eleanitzak sortzeko helburuarekin Kataluniako eskola batzuetan hizkuntzez jabetzeko duten Evlang programaren berri eman zuen. Eskola bakoitzak bere proiektu berezitua izan behar duela adierazi zuen eskola horretan irakasten diren eta presente dauden hizkuntzak kontuan hartuta. Hizkuntzak, bestalde, ez dira bakoitza bere aldetik eta aparteko moduan irakatsi behar, elkarlotuta eta harreman estuan baizik.

Helduen hizkuntz integrazioari dagokionean, Dolors Solá hizkuntz normalkuntzarako teknikariak Voluntaris per la llengua programaren berri eman zuen oso modu sutsu eta erakargarrian. Euskal Herriko mintzalaguna, berbalaguna... antzeko programa da hau.

Amaitzeko, Carme Junyent-ek hiztun anitz hauen etorrerak hilzorian dauden katalanari eta euskarari aukera berria ematen diotela adierazi zuen hizketaldi guztiz interesgarrian.

Grup d'Estudi de Llengües Amenaçades taldeko ordezkariaren esanetan, elebitasun egoerek hizkuntza gutxituaren ordezkapen prozesuan amaitzen dute, beti. Eta irauten duten hizkuntza gutxituak egoera anitzagoetan daudenak izaten dira. Horregatik, eta gure (katalana nahiz euskara) egoera elebidun hilgarritik salbatzeko aukera ikusten du berak etorkinen uholde hau. Hauek beren hizkuntza gutxituaren kontzientzia hartzen duten neurrian baloratuko dute gure hizkuntza gutxitua ere. Baina, noski, guk beraien hizkuntza gutxitua baloratu egin behar dugu horretarako. Berbereei edo aimarei gaztelaniaz hitz egiten badiegu, beraiek ere arabierara edota gaztelaniara joko dute, beren hizkuntza baztertuz, eta, orduan, akabo beraien tamazight eta aimara eta akabo gure katalana eta euskara ere.

Euskaldunon errealitateari hurbilenetik heldu zion hizlaria izan zen Carme eta entzuleok eskertu genuen hurbilpen hori. Izan ere, ez da gauza bera hizkuntza normalizatua dagoen komunitatera datozen etorkinekin sortzen den egoera eta hauen integrazioa bideratzeko egin beharreko lana edota bertako hizkuntza oraindik normalizatu gabe egonda, beste hizkuntza bat nagusi den komunitate batean sortzen den egoera, Euskal Herrikoa kasu. Aurreko etorkin uholdeak eragindako egoera normaldu gabe beste uholde bat datorkigu, lehenengoa baino ahulagoa, oraingoz, baina bigarren uholde honek badirudi batzuetan estali egiten duela lehenengoa, eta, haren balantze erabatekoa egin gabe egin nahi diogula aurre bigarren honi. Etorkinez osatutako mahai-inguruko amazight-ak gogorarazi digu: "Ni Bilbora Kataluniatik bueltan nentorren. Katalunian hasia nintzen katalana ikasten, baina Bilbora etorri beharra egokitu zitzaidan. Buruan nekarren etorri bezain laster euskara ikasten hastea, Bilbon euskaraz hitz egiten zela uste bainuen. Bilbora iritsi eta konturatu nintzen jendea gaztelaniaz bizi zela. Urte mordoxka daramat hemen eta beti buruan dut euskara ikastea, baina oraindik ez dut ikasi. Bilbon ez da beharrezkoa eta ikasteko aukerak ere ez daude oso eskura. Haurrak ere askotan gaztelaniazko irakaskuntzara biderarazten dizkiguzue..."

Euskara ikasle gutxi etorkinen artean
Euskal Herriko egoera. Nola sustatu norberaren hizkuntzari eustea euskara ikasiz? izenburuko mahai-inguruan etorkinekin lanean ari diren lau taldek (IPES, HABEren AISA Programa, AEK eta Durangoko Berritzegunea) hartu zuten parte. Mahai-inguruaren izenburuak egindako galderaz ia deus esan ez bazuten ere, etorkinen euskalduntzeari buruzko kontu interesgarriak aipatu zituzten.

Euskara ikasten duten etorkin kopurua oso murritza dela nabarmendu zuten hizlariek. AISA Programako Begoña Martinezek 100 ikasle (gehienak hegoamerikarrak) baino ez dituztela azpimarratu zuen, bederatzi hiritan banatuta. Emaitza apala, HABEren ustez. AEK-ko Iñaki Amuategik, berriz, beraiekin 300 inguru zebiltzala aipatu zuen; gehienak eskola arruntetan dabiltza, gainerako ikasleekin nahasita, Gasteizen sortu den sei laguneko taldea izan ezik. Ondarroan ere egon zen bat, baina desagertu zen. AEKren betidaniko joera ikasle guztiak elkarrekin jartzea izan bada ere -"azken batean, etorkinekin egin dugu lan beti"-, talde bereziak eratzeak nolabaiteko harrera egiteko balio duela uste dute.

"Harrera" hitza, behin baino gehiagotan aipatu zen. Etorkinei euskara irakastea ez da edozein hizkuntza irakastea bezala, han bildutakoen iritziz, Euskal Herria eta euskal kultura ezagutarazteko modua baizik. Ongi etorria egiteko modua, esan genezake. Horregatik, erabiltzen diren programetan berebiziko lekua daukate euskal gizartearen ezaugarriek. Hala da behinik behin AISAn, etorkinentzako asmatutako programan -AEK-k ere erabiltzen du-.
Carme Junyent: «Immigrazioak mesede egiten die katalana edo euskara bezalako hizkuntzei»

Hizkuntza komunitate eleanitz berriak eta hizkuntza aniztasunaren etorkizuna. Zein mezu azaldu nahi izan duzu hitzaldian?


Kontuan izanda munduko hizkuntzen %95 mehatxatuta dagoela eta XXI. mendean zehar desager daitezkeela, eta horren arrazoi nagusietakoak migrazioak eta hizkuntzarenganako jarrera negatiboak direla, guztiok elkarrekin konpondu beharreko arazoaren aurrean gaude. Nekez salbatuko ditugu hizkuntzak bakarka. Euskadik edo Kataluniak bezala, menpeko hizkuntza -mehatxatutako hizkuntzatzat jo dezakeguna- daukaten erkidegoetan, migrazioek dakarten hizkuntza aniztasuna egoera aldatzeko giltza izan daiteke. Badirudi orain gizarte elebidunak osatzeko joera dugula, eta horiek hilgarriak dira menpeko hizkuntzarentzat. Oraingo aniztasunari etekina ateratzen badiogu, berriz, gizarte eleanitzak sortzeko joera sor dezakegu, eta horietan, agidanez, hobeto gordetzen da hizkuntza aniztasuna.

Migrazioak etorkinek beren hizkuntzarenganako duten jarrerari ere eragiten dio, antza


Konturatu gara Kataluniako etorkinen %70ak jatorrizko lurraldeetako egoerarekin parekotasunak bilatzen dituela. Batez ere katalanez egiten den eskualdeetan, euren hizkuntzari balio handiagoa ematen diote. Adibide argia berbereena da. Katalana normaltasunez erabiltzen dela ikusten dutenean, egoera biak parekatzen dituzte eta euren hizkuntzak ere balioa daukala pentsatzen dute. Beraz, gehiago erabiltzen hasten dira. Aldiz, gaztelania erabiltzen den lekuetan, mezu koloniala indartzen ari gara, "zure herrian jazotzen dena normala da, zilegia da", eta hori guztiz suntsigarria da hizkuntzarako. Gainera, bai euskarak, bai katalanak badaukate hiztun gutxi dauzkaten hizkuntzen abantaila bat: hitz egiteak taldean sartzea ahalbidetzen du. Leku egokian jaio ez dena ez da sekulan ingelesa izango, ingelesez primeran hitz egin arren, nortasunik ematen ez duen hizkuntza delako. Beste hizkuntza batzuek, aldiz, lortu egiten dute hori. Kasu horietan, bertoko hizkuntza bereganatzen dutenek naziotasuna eskuratzen dute paperik ez eduki arren. Integratzeko aukera da eurentzat. Eta jakina, horrek lagundu egiten die egoera zailean dauden hizkuntzei.
 
Euskal Herrian behintzat etorkin gutxik ikasten du euskara. Ez dakit Katalunian gehiagok ikasten ote duten katalanaà
Ez dira asko. Baina uste dut eredu hori zabalduz doala, beraiek ohartu egiten direlako katalanez hitz egiteak abantailak dakarzkiela. Gainera, umeen kasua dago. Ume batek ez dauka arazorik etorkina izanagatik; katalan egingo da hizkuntza bereganatuko duelako eskolan.

Hori orokorra da Katalunian?


Bai. Gainera badaude adibide politak. Oloten, katalanak oraindik indar handia daukan hirian, senegaldar asko dago, eta horien umeak katalanak dira, bertan jaioak dira eta. Eskola batean gertatu zen futbol partida antolatu zutela eta berez sortu zirela talde bi, bata ume beltzek osatua eta bestea ume zuriek, modurik argienean esatearren. Epaileari ez zitzaion hura gustatu eta nahastu egin nahi izan zituen, baina beltzek ezetz erantzun zioten, besteak "pijoak" zirelako eta gaztelaniaz egiten zutelako. Hizkuntzak identifikazioa ematen du, beraz.
 


Hala ere, gaztelania ez dakiten etorkinentzat, hizkuntza bi ikastea ez da, batzutan, gehiegizko ahalegina? Eta bakarra aukeratzekotan badakigu zein aukeratuko duten


Prozesu desberdinak daude. Emakume askok, esaterako, ez dute bakar bat bera ere ikasten. Beste batzuek landan egiten dute lan, eta han daudenak katalanak badira aski dute katalanez ikastearekin. Hori bai, agiriak egiteko garaian gaztelania jakin dezaten eskatzen zaie, antza. Baina gehienentzat ez da inongo arazoa hizkuntza bi ikastea. Hona datozen afrikar gehienek bospasei hizkuntza menderatzen dituzte. Haiei nahiko sinplea iruditzen zaie hemengo egoera, euren etxeetan dagoenarekin alderatuta.

Orduan, zure ustez katalana edo euskara bezalako hizkuntzei immigrazioak ez die kalterik egiten?


Une hauetan mesede egiten die. Katalanak, adibidez, argi eta garbi agertzen ditu ordezkapena jasaten ari den hizkuntzaren sintomak. Une erabakiorrean gaude, izan ere. Orain seme-alabak dauzkaten bikoteen %40k (gutxienez) ez badute katalana transmititzen, -eta ez dirudi joera hori denik- katalanari urte gutxi geratzen zaizkio. Baina, orain, Katalunia herri eleanitza dela aitortzen badugu, egoera berpizteko aukera daukagu, zein hizkuntzetan jardun behar dugun eztabaidatzeko unea hel daitekeelako.
 
Elebitasunaz ari garen artean badakigu norantz goazen: katalana desagertzerantz. Arazoa norbanakoaren eskubideen arabera aurkezten da beti. Ederto ba, denok ditugu eskubide berak. Orain eztabaida ez da hori, zein hizkuntzetan elkar ulertu behar dugun baizik. Eta orduan bai, erabakiak hartu beharko dira. Beraz, migrazioak katalanaren alde jokatzen du.
 
Bestalde, hizkuntza bat, gure kasuan katalana, zergatik ez den berreskuratzen aztertzen denean, hizkuntza gutxituen hiztunengan ohikoa den arazoa sumatzen da: ezezagunari beti hitz egiten diogu hizkuntza menperatzailean. Katalunian, orain urte gutxi arte, espainolez egiten bazenuen ia seguru zen besteak ulertuko zizula. Baina hori aldatu egin da orain. Etorri diren etorkinetatik, baliteke heren batek espainola izatea ama-hizkuntza, baina gainerakoek ez. Berbarako, Ekuadorretik eta Perutik etorritakoen artean ketxua eta aimara hiztun asko aurkitu ditugu. Beraiek ezkutuan gorde dute hizkuntza horiek dakizkitela. Jendeari ulertarazten badiogu pertsona horiek ez dutela zertan espainolez egin, ezezagunari beti gaztelaniaz hitz egiteko joera hori alda daiteke. Eta aldaketa horrek asko lagundu lezake hizkuntza, katalana kasu honetan, berpizten, baina horretarako besteen nortasuna ezagutu behar da.


Zelan eragin aldaketa hori, nolabait bortxatu beharko litzateke?


Hara, bortxatu, bortxatu. Egoera ezagutarazi behar da. Katalunian Generalitateak arabiera itzultzaileak ipini ditu eskoletan, ume marokoarrak direlako gehien. Guztiek ematen zuten ziurtzat ume marokoarrek arabieraz egiten dutela, baina batzuk berbereak dira, eta askotan euren ama berber hiztun elebakarra da. Tutoreak gurasoekin hitz egin behar izan duen askotan, ama baino ez da joan, eta orduan konturatu dira arabierako itzultzaileak eta amak ezin dutela elkar ulertu. Grup d'Estudi de Llengües Amenaçades erakusketa bat prestatzen dabil Katalunian hitz egiten diren hizkuntzez. 250 aurkitu dira eta gehiago direla uste da. Konparazio baterako, denok pentsatzen dugu Filipinetatik datozen guztiek tagaloz hitz egiten dutela, baina guk Filipinetako dozena bat hizkuntza topatu dugu.

Azkenak
Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Estatuaren biktimek Chivite lehendakariari eskatu diote egon dadila euren aitortza ekitaldian otsailaren 13an

Estatuaren biolentziaren biktima gisa onartzeko 125 eskaera egin zaizkio Nafarroako Gobernuari 2023an eta 2024an. Horietatik 41 onartu dira. Egiari Zor eta Torturatuen Elkarteak ongi baloratu dute egiten ari den bidea.


'Arizona' antzezlana
Muturrekoa, muturreraino eramanda

Arizona
Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola..
NOIZ: urtarrilaren 26an.
NON: Berrizko Kultur Etxean. plazan.

-------------------------------------------

Arizona eta Mexiko banatzen dituen muga zaintzera abiatu da Idahotik Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon... [+]


Betiereko Wagner

'Tristan und Isolde' opera

Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Erik Nielsen.
Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin.
Eszena zuzendaria: Allex Aguilera.
Bakarlariak: R. Nicholls, G. Hughes Jones, M. Mimika, E. Silins, C. Daza, D. Barcellona, J... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Argia Sariak banatuko ditugu gaur Usurbilgo Atxega Jauregian

Usurbilgo Atxega Jauregian, urtarrilaren 31n, hedabideetako, kulturgintzako eta erakunde publikoetako ehun lagun inguru bilduko dira. Bazkariaren ondoren, 16:00etan egingo da sari banaketa. Antton Mendizabalek egingo dituen azken garaikurrak jasoko dituzte saridunek... [+]


“Yoga onkologikoa xamurtasunean eta errespetuan oinarritzen da”

Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.


Zestoan euskararen erabilera handitzea helburu, aisialdia doan baliabide urriko haurrentzat

Zestoan (Gipuzkoa), 2024ko irailaz geroztik, baliabide ekonomiko urriko haur eta gazteak bost kultur eta kirol ekintzen artean bat aukeratu, eta horretan doan aritu daitezke. Udalak dirulaguntzen araudia berritu du, haurren aisialdia eskubide bat dela argudiatuta. Aldaketarako... [+]


2025-01-31 | Euskal Irratiak
Ramuntxo Labat-Aramendi
“Duintasunez arituko gira; Ahetzeko herriko etxearen egoera egonkortu nahi dugu”

Lehen itzulitik bigarrenera, auzapezgotzara jauzi egin zuen Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalearen zerrendak. Erdiespena "xinaurri lanari esker" egin zela uste du Labat-Aramendik. Ahetzen zerrendak bozen %44,39 lortu zuen urtarrilaren 12an eginiko behin betiko bozketan... [+]


Iruñean Laba elkartearen eta Windsor tabernaren lokalak bateratuko dituzte

Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.


2025-01-31 | Uriola.eus
Sukalde eta garbiketako grebaren lehen egunak %70etik gorako jarraipena izan du ostegunean, sindikatuen arabera

Ehundaka langile elkartu ostegunean Bilbon egin den giza katean “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean.


Langile bat hil da Arbizun, lanean ari zela kamioi batetik karga gainera erorita

52 urteko altsasuar bat hil da ostegunean Arbizun lan istripua izan ostean, Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripu batean hildako laugarren langilea da. Ezbeharra herriko erdigunean dagoen etxebizitza bat zaharberritzeko lanetan... [+]


Greba Nafarroako hezkuntza publikoan
Ikasturteko hirugarren greba deialdia ere arrakastatsua izan dela diote sindikatuek

Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna izan da ostegunekoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak... [+]


Jerusalem ekialdean UNRWA debekatu izanak are gehiago zailduko du Gazarako laguntza

Urtarrilaren 30 honetan abian jarri du Israelek Jerusalem ekialderako UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren debekua. Urtarrilaren 15ean adosturiko su-etenari segi, bahituen eta presoen hirugarren trukea dute ostegun honetan.


2025-01-30 | Julene Flamarique
Erantzukizunak eskatuko dituzte Zaldibarko tragediaren bosgarren urteurrenean

Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogoratzeko eta hondamendiaren erantzukizunak eskatzeko elkarretaratzea egingo dute igandean Zaldibarko Eitzaga auzoan. Luizia “enpresarien diru goseak” eragin zuela, eta Eusko Jaurlaritzak “ardura txikiena ere ez duela... [+]


Zigor gehiago espero dituzte Zarauzko EAJko zinegotzi ohiaren etxearen auzian

EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak ez duela "zirrikiturik utzi" dio SOS Talaimendi plataformak, eta "oraindik merezi duten legezko zehapena jaso ez duten zenbait erabaki arbitrario eta ia delituzko" geratzen direla adierazi du. Besteak beste, Zarauzko Udalak... [+]


Eguneraketa berriak daude