Net Hurbil: John Garang, Sudango gerrillaria geopolitikan igeri


2021eko uztailaren 27an
Urtarril honen 9an bake sinadurarekin eman zitzaion »teorian bederen» amaiera Sudan hamarka urtez zigortu duen gerrari. Gatazka luze honek bi milioi herritarrez goiti hil ditu, eta beste lau milioi behartu ditu gerratik ihesi deserrira alde egitera. Sudango gerraren azken kapitulua, Darfur-ekoa, ezaguna zaigu Mendebaldean, herritarren artean eragin dituen kalamitateengatik. Baina Darfurreko bonbaketa eta sarraskiak baino askoz zaharrago eta zabalagoa izan da Sudango gatazka.

Bi gizonek sinatu zuten urtarrilaren 9an bakea Kenyako Nairobin: Khartum-go erregimen islamistaren ordezkari Ali Osman Taha lehendakariordeak alde batetik, eta bestetik Sudango Herri Askapenerako Mugimenduaren (SPLA ingelesezko siglatan) buru John Garang-ek. Honen erretratua egin du Nicolas Michel kazetariak Jeune Afrique-L'Intelligent aldizkariaren web gunean.

Garangen historiak balio du azken hamarkada hauetan Afrikako eskualde horretan suertatu diren gorabehera geopolitikoak deskribatzeko.

1983tik Sudan hegoaldeko matxinadaren buru den John Garang gizon ederra dela dio Michelek. Laster 60 urte beteko ditu. Bere belaunaldiko gerrilla buruzagiak, edo boterea indarrez hartzen zuten, (Issayas Afeworki Eritrean, Laurent-Désiré Kabila Kongon...) edo balapean hiltzen ziren, Angolako Jonas Savinbi bezala. Oraingoek negoziatzea onartu ohi dute, bake itunen ondoren gobernuetan integratzen saiatzen dira. Garang belaunaldi zaharrekoa da, baina boterera sistema "modernoan" iristea lortuko duela dirudi.

Sudango Nilo Garaia eskualdean sortu zen John Garang 1945ean, dinka etniaren eskualdean. Erlijioz kristaua da. Hamar urte zituen Sudanek independentzia eskuratu zuenean, baina ordurako sutan zegoen Anyanya ("sugearen pozoia") jendearen matxinada. Gerrillariek gaztetxoak biltzen zituzten eskoletan gudara eramateko, baina aurreratuenei ikasketak egiteko agintzen omen zieten. Gerra zibiletik ihesi, Tanzanian ikasi zuen, eta 1960ko hamarkada bukaeran AEBetako Iowan lortu zuen ekonomiako diploma.

Afrikara itzulita, Tanzaniako Dar-es-Salaam-go unibertsitatean enplegua eduki zuen, baina laster itzuli zen sorterrira, Anyanya Askapen Frontearekin borroka egitera.

1972an sinatu zen Addis-Abebako bake ituna; honen bertutez, Garang Sudango armadako kapitain bihurtu zen, geroago koronel, eta berriro Estatu Batuetara joan zen. Hemen Georgiako Fort Benning-en egonaldia egin eta gero Iowako unibertsitatean nekazaritzako ekonomia doktoregoa eskuratu zuen. Ezin esan John Garang ezjakin artaburua denik.

Gerra Hotza itzali zenean

1980ko hamarkada hasieran Khartumera itzuli zenean, gauzak berriro aldatuta aurkitu zituen John Garangek: Gaafar el-Nimeiri lehendakaria komunistengandik hurbil ibilia zen baina orain islamista fundamentalisten laguntzarekin ari zen agintzen. 1972ko bake itunak bizitza laburra eduki behar zuen. 1983an hasi ziren berriro mugimenduak.

El-Nimeirik Sudan osoan lege islamiko estua ezartzea erabaki zuenean, hegoaldeko hainbat kasernatan militarrak oldartu egin ziren eta haiek bakeratzera nor eta Garang bidali zuten. Oker galanta: John Garang aste batzuetan desagertuta egon ondoren Sudango Herri Askapen Armadaren buru azaldu zen berriro. Hamaika urteko bakea etenda, joan den urtarrila arte iraun duen gerra zibila piztu zen.

SPLAk hasieran 12.500 gizon zeuzkan 12 batailoitan, gehienak soilik eskuko armaz hornituta. 1990eko hamarkadan 50.000 jendetara iritsiko zen. Borrokaren hasieran, oraindik indarrean zegoen mundu osoa hartzen zuen Gerra Hotza. John Garangen babesle handia garai hartan Mengistu Haile Mariam zen, Etiopiako gobernu komunistako buruzagia. Alde zeuzkan Muammar Kaddafi libiarra eta Ugandan agintea eskuratu berria zuen Yoweri Museveni. Aldiz Estatu Batuek El-Nimeiri eta bere islamistak babesten zituzten, Afganistanen talibanei sostengua ematen zieten moduan.

Baina Gerra Hotza bukatu egin zen, eta geopolitika aldaketa handiak jazo ziren munduan. Etiopian Mengisturen erregimen komunista hankaz gora joan zen. Mendebaldearentzako ordura arte hain praktikoak izan ziren fundamentalista islamikoak arazo bihurtu ziren, eta aldiz Sudango hegoaldeko gerrilla -»kristau» labela daukana- erakargarriago egin zen. John Garangek aliatu berriak egiteko aukera ikusi zuen. Laster hasiko zen Estatu Batuen laguntza jasotzen.

Hautu hori indartu zen 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondoren. Khartumen agintzen duen Omar el-Bechir-ek badu bekatu handi bat bere historian: Osama Ben Laden babestuta eduki zuela Sudanen. Gainera AEBentzako interes handia daukanez Sudango petrolioak, Washington kezkatuta dago hor India eta Txinako konpainiek hartu duten indarragatik.

Amerikarrek diplomazia lanean jarrita, John Danforth senatari ohia bidali zuten Sudaneko hegoaldera Garang armak uzteko konbentzitu zezan. 2002ko martxoan joan zen Garang Washingtonera, eta han Colin Powell eta Paul Wolfowitz-ekin elkarrizketatu zen. Bi urteko negoziaketen ondoren, urtarrilaren 9an sinatu zen Sudango bakea Kenyako Nairobiko Nyayo estadioan.

Bake itunean idatzita dagoenez, otsailaren 20an John Garang Sudango lehendakariorde izendatuko dute. Gobernu probisionala antolatuko da eta postuen %28 SPLAko jendeen esku egongo da. Sei urteko trantsizio aldia ireki da 2011 arte. Garai honetan, estatuko hegoaldeak jasoko du Sudanek esportatzen duen petrolioaren ordainaren %50 eta ez du lege islamikoa bete beharko. 2011n hegoaldeko biztanleek (gaur 8 milioi dira Sudanek denetara dituen 33,5 milioien artean) autodeterminazio erreferenduma edukiko dute.

Orain arte elkarrizketa gutxi emana da John Garang. Nicolas Michel kazetariak dioenez, Garangen aldekoek aipatzen omen zuten Clausewitz, Mao Zedong eta Sun Tzu irakurtzea maite zuela, Napoleon, De Gaulle eta Montgomery miresten zituela, Erromako inperioaz eta faraoien Egiptoz irakurtzea plazer zuela. Kazetariak aldiz, gizonaren umore alaia ukatu gabe, Afrikako buruzagi militar tipiko eta topikoaren ezaugarriak marraztu ditu: karismaduna, handinahia, erostezina, krudela, manipulatzailea, eztabaidarik onartzen ez duena, lotsagabe jarri zaiona erraz preso hartu edo akabatuarazten duena, haurrak soldadu hartu eta laguntza humanitarioa ostu duena, giza eskubiderik ezagutzen ez duena...

Orain ziurrenik gehiagotan ikusiko dugu komunikabideetan John Garang, Sudango lehendakariorde gisa dotore jantzita. Hori... tartean balaz akabatzen ez badute, bere belaunaldiko beste gerrillaburu batzuei gertatu zaien bezala.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren analisia aurkeztu du Gorbeialdeko Herri Unibertsitateak

EAEn, energia berriztagarriko instalazioak non jarri daitezkeen biltzen du Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS). Plana osatuta dago, eta laster onartuko dute. Alabaina, zenbait adituk hutsuneak dituela ohartarazi dute, tartean, Gorbeialdeko Herri... [+]


2025-04-09 | Sustatu
UEUk aurtengo uda ikastaroen zerrenda finkatu du

UEUren 53. Udako Ikastaroak izango dira aurtengo udakoak. Zein jardunaldi eta ikastaro izango diren jakinarazi berri dute. Matrikulazioa aurrerago, maiatzean.


ANE LABAKA MAYOZ:
“Ama izatean bizitako zurrunbiloari hitzak jartzen saiatu naiz”

Ane Labaka Mayoz bertsolari eta idazleak ‘Hezur berriak’ (SUSA, 2025) poesia liburua plazaratu berri du. Bertan, amatu aurreko eta ondorengo hilabeteetan bizitako beldurrak, ilusioak, biolentziak, presio sozialak, erruak, pozak eta nekeak bildu ditu.


“Badaude diskriminazio egoera baten zantzu nahikoak, gutxienez eskatzen dutenak Debako liburutegian ikerketa bat aurrera eramatea”

Irati Aizpurua Alquezar abokatuak zuhurtziaz erantzun ditu ARGIAren galderak, eta testuinguru juridikoa eman digu, Debako udal liburutegian gertatzen denaren inguruan. Elkarrizketa zabal batean berriki kontatu dugunez, 2 urtera arteko haurrek galarazita dute Debako haur... [+]


Lekeitioko Udalak etxebizitza turistikoen lizentziak geldiarazi ditu

HAPOn etxebizitza turistikoak arautu eta mugatzeko aldaketa puntual bat egin arte eten egingo da herrian gisa horretako etxe gehiago irekitzeko aukera. Alokabiderekin hitzarmen bat egin duela ere iragarri du udalak, etxe hutsak alokairuan jartzeko.


Israelek eginiko beste sarraski bat atera da argitara: Rafahn hamabost osasun langile hil eta ondoren hobi komun batera bota zituen

Palestinako Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuak baieztatu du gorpuei eginiko autopsiak erakusten duela soldadu israeldarrek tiro egin zietela medikuei. Hil aurretik osasun langileetako batek soldaduek eraso egin zien unea grabatu zuen mugikorrarekin, eta bideoan ikus daiteke... [+]


50.000 plakako zentral fotovoltaiko bat jartzeko proiektua aurkeztu dute Agurainen

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez ezagutarazi da Cañaveras Solar enpresak egingo duela zentrala. Cañaveras Solar enpresaren zuzendaria Rafael Benjumea da, oligarkiako Benjumea familiako kidea. 15 milioi eurotik gorako kostua izango du proiektuak... [+]


Eskola publikoarentzako lehenengo plan estrategikoa aurkeztu du Pedrosak

“Etapa berri baten hasiera” eta “historikoa” moduko hitzekin aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoa, Eusko Legebiltzarrean. Edukiak oraindik ontzeko eta zehazteko daudela, plana hamar... [+]


2025-04-08 | ARGIA
Grebara joko dute Donostiako gizarte zerbitzuetako langileek

Bost greba egun deitu dituzte apirilerako, "lanez gainezka" daudela eta giza baliabide eta material "oso murritzak" dituztela argudiatuta. ELA sindikatuaren esanetan, udalak "ez du mugimendurik egin nahi".


2025-04-08 | Bertsozale.eus
Gasteizko Pinto pintto taldea garaitu da Kuadrillartekoan
Urtarrilaren 18an hasitako 2025ko Arabako bertso Kuadrilla artekoa amaitu da, 14 bertso egun eta 4 finalerdiren ostean helmugara heldu da larunbatean ospatutako finalarekin. Bat bateko 14 talde izan dira eta talde bakoitza hamaika lagunez osatua egon da.

2025-04-08 | ELA sindikatua
Medikuen artean euskararen eskakizuna gaztelaniarena baino 47 puntu txikiagoa da Osakidetzan

Osakidetzan egun, ez dago bermatuta euskarazko zerbitzua. Zerbitzu gehienetan ez dago hizkuntza irizpiderik eta herritar euskaldunek bere burua nabarmendu beharra daukate, egoera oso zaurgarrian, euskarazko zerbitzua jaso ahal izateko.


Gaixo dagoen Gotzon Telleria euskal presoa etxeratzeko eskatu dute sindikatuek

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta ETXALDE sindikatuak, Sarek abiatutako Gotzon SOS kanpainara batu dira. 2019an antzeman zioten gaixotasun genetiko sendaezina 68 urteko preso politiko bilbotarrari. Sindikatuek gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik... [+]


Hiru eguneko greba zikloari ekin diote Bridgestoneko Basauriko langileek, eta arratsaldean mobilizazioa egingo dute

Astearteko greba egunak %100eko jarraipena izan du, sindikatuen arabera. Hilaren 11rako eta 15erako deituta daude beste bi lanuzteak. 335 langile kaleratu nahi ditu Japoniako pneumatikoen multinazionalak Basauriko (Bizkaia) plantatik.


Eguneraketa berriak daude